2016(e)ko otsaila 24, asteazkena

«Aurrera atera nahi badugu, hor egon behar dute euskalgintzako beste taldeek»

Euskara biziberritzeari buruzko jardunaldien ostean, jarraipena nola eman aztertzen ari da Euskaltzaindia. Eragile guztiek parte hartzea nahitaezko jo du Sustapen Batzordeko buruak.

Sagrario Aleman, Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko burua. Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS


Orain bi aste, Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldia antolatu zuen Euskaltzaindiak, Patxi Saez soziolinguistaren eskari bati jarraiturik. Segitzeko asmoa dutela iragarri du Sagrario Alemanek (Etxaleku, Nafarroa, 1952), Sustapen Batzordeko buruak. Gainerako eragileek parte hartzea ezinbestekotzat jotzen du.

Jardunaldiak «hasiera» zirela aipatu zenuten. Zer asmo duzue?

Sustapen Batzordea bildu behar da, balantzea egin beharko du, eta aurrera begira nola segitu ikusi. Gure asmoa da lehen harremana izatea hori. Ikusi beharko da bai gure aldetik, bai eskatu zigunarenetik, bai beste eragile batzuen aldetik nola ikusten duten eta zer jarraipen ematen ahal zaion. Sustapen Batzordeak antolatu ditu jardunaldiak urtero, eta saiatu gara euskalgintzako beste talde batzuekin antolatzen. Honetan ere beharrezkoa dugu: ez gu bakarrik, baizik eta beste batzuekin kontatzea. Hau eskaera baten harira etorri zen: Patxi Saezek Euskaltzaindiari eskatu zion eztabaida edo gogoeta egiteko. Hortik etorri da, eta segida beharko du.

Euskaltzaindiak gogoetarako plaza jarri nahi du, edo erabakietan ere parte hartu nahiko luke?

Urtero egiten ditugu jardunaldiak. Saiatu izan gara euskalgintzan ari diren taldeak aintzat hartzen eta haiekin batera antolatzen. Zerbait aurrera atera nahi badugu, Euskaltzaindiak egon behar du, baina euskalgintzako beste taldeek ere hor ari behar dute: bai beren eguneroko lanean, bai gogoeta indartzen. Guziok batera ez badugu jokatzen... Euskaltzaindiak, jardunaldietan, herri erakundeak ere aintzat hartu ditu. Gonbidapena beti egin zaie.

Azken jardunaldian ez dugu ikusi erakundeetako ordezkaririk, eta euskalgintzako talde askotako ordezkariak ere falta ziren.

Eskari batetik etorri da hau. Beste jardunaldietan, guk eskatzen ditugu lanak. Oraingoa diferentea izan da: ez diogu inori eskatu txosten bat, ez dugu bereziki inor gonbidatu; pertsona batzuek ekarpen bat egin nahi izan dute, eta aurkeztu dute. Nahi zuena etorri da. Herrialde guzietatik bazen jendea, euskalgintzan oso arlo diferenteetan ari den jendea. Ordezkari gisa, ez zegoen euskalgintzako, herri erakundeetako edo alderdietako halako edo besteko.

«Lidergoa» aipatu du Saezek. Euskaltzaindia prest al dago?

Beharbada aspaldiko garaietara joko dugu, baina Euskaltzaindiak ikusi izan du zerbait sortzeko beharra, eta gero herri ekimeneko taldeen esku utzi du: helduen euskalduntzea, bertso txapelketak... Beste batzuetan, babesa eman behar izan die talde batzuei. Kasu honetan, ikusiko dugu nora jotzen duen. Euskaltzaindia Euskal Herri osoan ari den taldea da, eta horrek beste batzuek ez duten zerbait ematen dio. Bestalde, Saezek aipatzen zuen nolabaiteko onarpen bat baduela, bai erakundeen aldetik, bai euskalgintzako hainbat taldetatik. Horiek guziak aldeko faktoreak ditu. Baina beti esaten dugu elkarrekin egin behar direla gauzak. Lidergo hori ez dakit Euskaltzaindiarena izanen den, edo hainbat jenderen artekoa. Azken batean, euskalgintzak bere orokorrean joan behar du aurrera. Guziek markatu behar dute. Egunerokoan lanean ari diren hainbat talde daude, eta ezin da gutxietsi haiek egiten duten lana.

Euskaltzaindiak lan hori hartzearen aurkako iritzirik jaso duzu?

Badago. Bakar batzuk izan daitezke. Ez dut sumatu kontrako aldarri handirik. Bakar batzuei aditu diet. Orokorrean ez dut sumatu.

Euskaltzaindian, osoko bilkurak erabaki du jardunaldia egitea?

Zuzendaritzara etorri da gaia, eta, sustapenari dagokionez, Sustapen Batzordearen esku utzi du. Osoko bilkuran ikusten dira erabakiak. Guzien oniritziarekin antolatutako jardunaldiak izan dira.

Osoko bilkuran aztertu da gaia?

Bai, komentatu izan da. Eta aurretik ere, Patxi Saezek idatzitako artikuluaren inguruan zenbait euskaltzainek iritzia eman zuten.

Osoko bilkuran adostasuna erabatekoa zen funtzio horri buruz?

Bai. Ez dut, behintzat, kontrako iritzirik aditu. Beharbada, gero eta gehiago ikusten dugu sustapenean egin beharra. Orain arte ere egin da hainbat lan. Adierazpenak ere egin behar izan dira hainbatetan; nahiz eta gehienetan Sustapen Batzordetik etorri horiek egiteko beharra, beti osoko bilkurak onartzen ditu. Beharbada, sustapena ez da hainbeste ikusten kanpora begira, baina kezka hori barnean oso indartsua da. Beharra ikusten da horretan eragiteko.

Adostasunak lortzeko, sukalde lana falta da eragileen artean?

Urte luzez, euskalgintzako taldeak —eta ni hainbatetan egon naiz— eta herri erakundeak neurri batean bizkarra emanda egon dira. Batzuetan ez da erraza, ez batzuendako eta ez besteendako, elkarrekin jokatzea. Euskalgintza aurretik joan da; herri erakundeak etorri dira euskalgintzak edo jendarteak egiten zuen presioaren atzetik. Presioa behar da, baina elkarrekin ere ari behar dugu.

  • Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2016-02-24an.

iruzkinik ez: