2016(e)ko otsaila 27, larunbata

Euskarak arnas berria har dezan.

Erramun Osa Ibarloza
Begiak itxi daitezke, errealitateari bizkarra erakutsi... baina geroz eta zabalduago dago, indartsuago ageri da. Batzuentzat geldialdia, besteentzat paradigma berri baten beharrean, urrats kualitatibo sendo baten premian. Oinarrian dagoena, ordea, azken hamarkadetan euskararen biziberritzea gidatu duten ildoek dezaketena eman dutela uste izatea da. Ez dago, beraz, errapetik esne are gehiago ateratzeko modurik baldin XXI. mendean gure hizkuntza indarberritzen segitu gura badugu.


Pasa den mendean, diktaduraren ukazio eta ezarpenei aurre eginez, euskarari geroa ziurtatu ahal izateko, gizarte zibilak berebiziko ahalegina egin zuen. Ahalegin horren altzoan daude ikastolak, euskaltegiak, askotariko kultur jarduerak, elkarteak eta erakundeak, argitalpenak, bai eta Euskaltzaindia gidari euskararen batasunari emaniko bultzada erabakigarria ere. Diktaduraren ostean, euskararen eta euskal kulturaren loraldia ahalbidetu zuen ehun soziala, askotariko pertsonek osatzen zutena, sakabanatu, ahuldu eta zartatu zen.

Batzuek berreskuratu berriak ziren autogobernu erakundeen alde egin zuten, beste batzuek haustura bilatzen, herri erakundeei zilegitasuna kentzen eta gizarte zibilak eraturiko elkarteak eta erakundeak herri erakundeen kontrako dinamikara eramaten saiatzen ziren bitartean. Euskalgintzan ez zegoen ia arnasgunerik -euskara lehentasun nagusitzat, ia bakartzat, hartuko zuena-. Adostasunik eta egitasmo partekaturik izan gabe, aurreko hamarkadetan pilaturiko indarraren zati handi bat galdu genuen bidean. Ondorioz, aitor dezagun behingoz! Ez dugu genezakeen guztia lortu eta denok dugu erantzukizunaren zati bat gure bizkar. Ezinbestean gure hizkuntzari arnas berria eman nahi badiogu oinarrizkoa den horretatik abiatu beharko dugu.

Hasteko diagnostiko partekatu bat egin beharko dugu: non gauden, indarguneak eta ahuleziak non dauden... bakoitzak egin duen bideari zilegitasuna ematen saiatu gabe, eginikoa zuritzeko, bai eta egin den guztia desegiteko, gutxiesteko joeretatik ihesi. Paradigma berri batek behar baitu gure ideiak gordetzen dituen biltegia eraberritzea, aurreiritziak gainditzea, lagun hurkoari kontuak eskatzen etengabe ibili gabe. Adostasun sozial eta politiko berri bat, zoru berri bat behar dugu euskarak XXI. mendean abian jarri beharreko politikak eraikitzeko... eta zeregin horretan inor ez dago soberan -egotekotan protagonismo antzuak eta kontrol-gose aseezinak dira alboratu beharrekoak-, den-denok beharrezkoak gara. Guztiok bat eginez gero, arrakasta ez daukagu ziurtaturik... baina bat egiten ez badugu ez dugu, ezbairik gabe, etorkizunik!

Euskarari jarraikortasun geografikoa eta trinkotasun funtzionala emateko, une erabakigarrian gaude: indarkeriaren zikloa ia itxita -ondorioak erabat gainditzea falta badugu ere-; iraganeko ajeak astinduz, urrats berriak emateko asmoz, gizarte zibilean han-hemenka geroz eta zabalduago dagoen diskurtsoa -ezaugarri diferenteekin baina funtsean oinarri komunak dituena- eta ibilbide berri bati ekiteko borondatea; euskararen aldeko jarduna indarberritzeko gehiengo politikoa -betiere zuhurtziaz eta inor alboratu gabe baliatu behar dena-... Alderdikeriak gaindituz, aldarte zabalarekin, eskuak elkarri luzatzeko gogo biziarekin herri gisa pentsatzen hasteko unea iritsi zaigu, ez dugulako tupust eginez iraun nahi, euskaraz erabat bizitzea baizik.

(ERRAMUN OSA IBARLOZA Euskaltzaindiko idazkari orde eta euskaltzain urgazlea da)
  • Estreinakoz, Deia egunkaria  argitaratua, 2016-02-23an.

iruzkinik ez: