Artikulu honekin, eta ondorengoekin, gaur egun azpilanean, pipia egurrezko habean bezala, dabilen ideologia bat jarri nahi dut begi-bistan, hizkuntzakeriaren ideologia, Espainiako botere guneetan oso zabaldua dagoena. Pentsamolde hori ideia oker eta faltsu batean dago oinarrituta: gaztelania inguruan dituen hizkuntzak baino hobea dela komunikaziorako, bizikidetzarako, gizartearen aurrerabiderako eta norberaren garapenerako. Eta hobea delako, nagusitu egin behar duela.
Tamalez, ideologia hori ez da gaztelaniaren gaitza bakarrik, gainontzeko hizkuntza hegemonikoak ere hizkuntzakeriak jota daude. Euskarari dagokionez etxe barruan dituen frantsesa eta gaztelania hizkuntzakeriak erasanda ditu, baita etxeko ate-ateraino iritsita daukan ingelesa ere.
Gaurko Espainiatik datorkigun hizkuntzakeriak gaztelania euskarari eraso egiteko erabiltzen du, euskararen errepresiorako, euskararen zabalkundea mugatzeko eta oztopatzeko. Euskararekin bezalaxe jokatzen du Espainiako lurraldeetako gainontzeko hizkuntzekin, katalana, aranera, aragoiera, asturiera eta galizierarekin, besteak beste.
Espainiako hizkuntzakeria horrek euskaldunaren eredu bakarra onartzen du: gaztelaniaren kultura guztiz barneratuta duen euskaldunarena, euskararen arrastorik gabeko euskaldunarena; azken batean, gaztelaniaren berezko hiztuna den euskaldun asimilatua bakarrik onartzen du Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak. Eta, bestela, burla eta barrea, adar jotzea eta umiliazioa: txisteak, karikaturak eta, besteak beste, «Ocho apellidos vascos» filmaren estereotipoak «gaztelania garbian» mintzo ez den euskararen berezko hiztun «astakirtenarentzat». Euskararen ahoskera eta esaldi antolaketaren zantzuak dituen gaztelaniatik mintzo denarentzat, halakoxea izaten da hizkuntzakeriatik emandako epaia: «paleto», «cateto», «palurdo», «aldeano», «casero» . Eta horra paradoxa: hizkuntzak jakitea aberastasun intelektual handia den gizartean, erdaldun elebakarrak baino hizkuntza gehiago dakizkien arren, euskaldun peto-petoa «ezjakin» bihurtzen dute hizkuntzakeriatik.
Espainiako aginte guneetatik datorkigun hizkuntzakeriak gaztelaniaren hegemonia babesteko eta indartzeko diskurtsoa egiten du. Diskurtso hegemoniko hori ideia monolitiko batean dago ardaztuta: gaztelania da herritar guztiak elkartzen dituen hizkuntza bakarra, eta euskarak, Espainiako lurraldeetako gainerako hizkuntzek bezalaxe, herritarrak elkartu beharrean, banandu eta baztertu egiten ditu. Eta ideia horri, gainera, lege oinarria eman dio Espainiako nazionalismo linguistikoak: gaztelania inolaz ere ez da baztertzailea, Espainiako herritar guztiek jakiteko obligazioa dutelako, Espainiako lege gorenak, Konstituzioak, hala agintzen duelako. Okupazio linguistikoa lege bihurtu du Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak gaztelaniaren nagusitasuna eta jakiteko obligazioaren monopolioa betikotzeko. Esaerak dioen bezala: «Handia, beti legez; txikia, behin ere ez».
Gainera, ez da egia, inondik ere, gazteleraz hitz egiten duten hiztun guztiak elkartzen dituela gaztelaniak. Euskaldunoi bezalaxe gertatzen zaie kolonizazio linguistikoa jasan duten gainontzeko hiztun guztiei ere, besteak beste, Kolonbiako, Peruko, Bolibiako, Mexikoko, Txileko, Ekuadorko eta Argentinako espainieraz mintzo direnei. Izan ere, horiek guztiek, Espainiako nazionalismo linguistikoaren erdeinua eta ezinikusia jaso ohi dute, hitz egiten duten gaztelaniari mespretxua erakutsiz eta guztiak gutxiesteko hitz berberak erabiliz: «sudaca», «panchito» eta «machu pichu». Gaztelaniaren 400 milioi hiztunetatik % 90 Amerikan bizi den arren, Espainiako Gaztelan egiten den gaztelania ezarri zaie batasunaren eredu. Hitz egiten duten gaztelaniaren arabera sailkatzen eta mailakatzen ditu hiztunak Espainiako inperialismo linguistikoaren hizkuntzakeriak. Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak Cervantesen hizkuntza hiztunak jatorriaren arabera bereizteko erabiltzen du, ez elkartzeko. Espainiako hizkuntzakeriari legetxe Frantziakoari ere erabat okerra, barregarria eta jasanezina iruditzen zaio Quebec, Algeria edo Senegalgo frantsesa. Eta azpitituluak ere ezartzen dizkiete herrialde horietako frantses hiztunei telebistan agertzen direnean.
Besterik gertatzen da euskara ikasitakoekin, izan ere, euskaraz mintzo diren une beretik dira euskaldun, beste edozein euskaldunen pareko, ez gehiago, baina, batez ere, ez gutxiago. Maiz, gainera, gainontzeko euskaldunen esker ona eta miresmena jasotzen dute euskaraz egiteagatik. Euskarak bere hiztunak «egiazko» euskaldun bihurtzen ditu; ez, ordea, gaztelaniak eta frantsesak bereak. Horrek Espainiako eta Frantziako hizkuntzakerian du sorburua.
Gaztelaniak Espainian duen monopolio linguistikoa babestu eta indartu nahi dutenek zera diote: bere hiztunek eragindako egoera duela euskarak. Alegia, bere hiztunek erabiltzen ez dutelako, bizkar eman diotelako, iritsi dela abelera horretara. Eta, dagoen egoera horretara bere hiztunek eraman baldin badute, zertarako «xahutu» behar den herritar guztien dirua gutxiengo batek sortutako egoera aldatzeko. Maiz, gainera, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin, hizkuntza sustapenean herri-diruak «harrika botatzea» gaitzesten dute. Baina horrela hitz egiten dutenek ezkutatu egiten dute gaztelaniaren sustapenerako Cervantes Institutuak urtero 115 milioi euroko aurrekontua daukala, Euskararen Etxepare Institutuak milioi eskaseko aurrekontua duen bitartean.
Baina euskararen egoera bere hiztunek eragindakoa dela dioen diskurtso horrek ere egi-egia ezkutatu nahi du: Espainiako inperialismoaren hizkuntzakeriak, historiaren sokan, Colon jauna Ameriketara iritsi zenetik, etnozidio linguistikoa eragin duela armen bidez mendean hartu dituen hiztun-herri guztietan. Eta, itsasoz haraindiko herri haietan bezala, hemen ere, Espainiako estatuaren hizkuntzakeriak euskararen etnozidio linguistikoa eragin eta bultzatu duela euskararen herrian. Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak ezkutatu egiten du Estatuak gaztelania Espainiako lurralde osoan bortxakeriaz eta armen bidez inposatu zuela gerra zibil batek ekarritako diktadura baten bidez. Eta diktadura horren ondoren ere, demokrazia izeneko —baina ez izaneko— garai honetan, gaztelaniaren eta Espainiako lurraldeetako gainontzeko hizkuntzen arteko desoreka iraunarazteko, diskurtso eta lege baztertzaileak dituela gaur egun. Diskurtso eta lege horiek, euskararen zabalkundea oztopatzea dute helburu, Espainiako estatuko gainontzeko hizkuntzena bezalaxe. Adibide baterako, Nafarroako kasua dugu: Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak Nafarroan euskararen aurkako diskurtso oldarkorra dauka, batetik, eta, bestetik, euskararen ofizialtasuna eta zabalkundea Nafarroa osoan mugatzen eta oztopatzen duen Foru lege bat ere bai.
Espainiako estatua ez dugu sekula ikusi euskarak egindako aurrerapausoak txalotzen; bai, ordea, aurrerapauso horiek ezbaian jartzen, oztopatzen eta baita desegiten ere. Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeria erasotzaile bihurtzen da, batik bat, gaztelaniak esklusiban dauzkan esparruak euskarak ere modu berean jorratu nahi dituenean. Espainiako estatuko botereetatik ez da sekula eragozpenik jartzen Espainiako edozein udalerritan gaztelania hutsezko eskolak zabaltzeko, bai, ordea, euskara berezko hizkuntza den lurraldean euskara hutsezko eskolak zabaltzeko, orain azkena Iruñean gertatu den bezalaxe. Inork ez du zalantzan jartzen Valladoliden gaztelania hutsezko eskolak zabaldu behar direla eta, orduan, zergatik jartzen da zalantzan Iruñean euskara hutsezko eskolak zabaltzea?
Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak kate motzean eta larre motzean nahi du euskara. Nafarroan dugu adibiderik argiena: euskara erabiltzeko aurrerapausorik txikiena egin nahi denean, beti da «bidegabekeria», «diskriminazioa» eta «inposizioa». Gaztelaniaren aldeko nazionalismoak zapalkuntza linguistikoaren ekaitz politiko eta mediatikoa leherrarazten du han-hemengo gizartea, batik bat nagusi diren erdaldunak, euskararen aurka jartzeko. Orain hurrena, horrela zioen Nafarroako PPko legebiltzarkide batek: «Euskara erabilita, nazionalistez bete nahi diguzue administrazioa». Espainiako nazionalistek, hizkuntza kontuetan, ez dagoenean ere, besteen buruan beti ikusten dute bartza, baina norberaren buruko zorria sekula ez.
- Artikulu honen PDF fitxategia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.
Hausnarketa honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak.
Hausnarketa hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:
- Berria: Hizkuntzakeria
- Deia: Hizkuntzakeria
- Noticias de Gipuzkoa: Hizkuntzakeria
- Noticias de Navarra: Hizkuntzakeria (I)
- Noticias de Alava: Hizkuntzakeria
- Irutxuloko Hitza: Hizkuntzakeria
- Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza: Hizkuntzakeria (I)
- Busturialdeko Hitza: Hizkuntzakeria (I)
- Puntua: Hizkuntzakeria (I)
- Gara: Hizkuntzakeria
- Sustatu: Hizkuntzakeria (I)
- Uztarria: Hizkuntzakeria (I)
- Zuzeu: Hizkuntzakeria (I)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina