2017(e)ko abenduaren 1(a), ostirala

Ardatzean jartzeko garaia


Euskararen Herria kudeatzen duten hiru herri-erakundeek —Euskal Erakunde Publikoak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak— non jarri behar dute hizkuntza politikaren ardatza?


Hiztunak dira hizkuntza politika guztien lehen jomuga. Hiztunak ugaritzea, hiztunak irabaztea, berbadunen multzoa zabaltzea eta trinkotzea da mintzaira indarberritzeko hizkuntza politika ororen lehen tokian jarri ohi den eginkizuna. Izan ere, hizkuntzak hiztunengan bizi dira eta, bizirik irauteko, nahitaezko dituzte mintzodunak. Zenbat eta hiztun gehiago, hobeto. Baina hizkuntza politika horiek ez dute bururik nekatzen mintzaira bat gero eta indartsuagoa izateko hiztunik hoberenak zein ote diren hausnartzen.

Nolakoak dira hizkuntza bati bizi-indarra ematen dioten hiztunak? Nolakoak dira hizkuntza batek bere-bereak dituen hiztunak? Zein ezaugarri dituzte hizkuntza baten berezko hiztun horiek?

Munduan mintzo diren hizkuntzen bizi-indarraren neurgailurik baldin bada, neurgailu hori, zalantza izpirik gabe, berezko hiztunek osatzen dute.

Har dezagun munduko edozein hizkuntzatako berezko hiztun bat, zein ezaugarri dituen aztertzeko. Esate baterako, urrutira joan gabe, har dezagun gaztelaniaren berezko hiztun bat eta frantsesaren beste bat: Espainiako Gaztela eta Leongo Pedro eta Frantziako Périgordeko Pierre.


Erraztasuna:

Has gaitezen elkarrekin dituzten ezaugarriak aletzen. Ezaugarri guztien artetik bada bat bereziki gailentzen dena: hiztun horiek, berezkoa duten hizkuntza hori munduko beste edozein hizkuntza baino hobeto eta errazago hitz egiten dute, alegia, hizkuntza horretan beste edozeinetan baino erosotasun eta trebezia handiagoz komunikatzen dira. Hori litzateke berezko hiztunen bereizgarririk nabarmenena. Hiztun horiek, gainera, bere-berea duten hizkuntza hori dute beren kolkorako barne-mintzo eta gogoetarako tresna.

2016an egindako azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Euskal Herrian bizi diren 16 urtetik gorako 751.500 euskaldunen artean, euskaraz beste edozein erdaratan baino errazago egiten duten euskaldunak % 26 dira, eta erdaraz errazago egiten duten euskaldunak, aldiz, % 44,5.

Azken 25 urteotan, euskaldunen artean, pisu eta trinkotasun demografikoa galtzen ari dira euskaraz errazago egiten duten berezko hiztunak. Duela 25 urte euskararen berezko hiztunen ehunekoa eta erdaraz hobeto moldatzen ziren elebidunena nahikoa parekatuta zegoen: elkarren artean % 2,4ko aldea besterik ez zegoen (% 34,6 ziren euskararen berezko hiztunak eta, aldiz, % 37 ziren erdaraz errazago moldatzen ziren euskaldunak). Gaur egun, ordea, elkarren arteko aldea, % 18,5 puntukoa da (arestian esan bezala, gaur egun, % 44,5 dira erdaraz erraztasun handiagoa duten euskaldunak eta, aldiz, % 26 dira euskaraz errazago moldatzen diren berezko hiztunak).

2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, azken 25 urteotan euskarak Euskal Herrian sekula ez bezalako irabaziak izan ditu: 223.000 euskaldun gehiago irabazi ditu. Irabazi dituen hiztun horietatik % 60,4 erdaraz erraztasun handiagoa duten hiztunak dira eta % 5,7 besterik ez dira euskaraz erraztasun handiagoa duten berezko hiztunak. Beraz, laburbilduz, azken 25 urteotan, euskaldunen artean, erdaraz hobeto eta errazago egiten duten euskaldunak gero eta gehiago dira, baina proportzioan euskaraz hobeto eta errazago egiten duten berezko hiztunak gero eta gutxiago.

Oso kontuan hartzekoa da azken Inkesta Soziolinguistikoak erakusten digun joera: Euskal Herriko biztanleria adinean zenbat eta gazteago, orduan eta euskaldunago, baina, aldi berean, euskararen berezko hiztunen proportzioa gero eta txikiagoa da eta erdaraz errazago egiten duten euskaldunena, berriz, beste edozein adin tartetan baino handiagoa gertatzen da gazteenen artean (% 57). Beste era batera esanda, euskaraz errazago egiten duten berezko hiztunen proportzioa adinean behera egin ahala txikiagoa da, nahiz eta, gazteen artean, gehiengo zabala euskalduna izan. Zalantzarik gabe, euskara gorabidean jarri nahi badugu, joera hori irauli beharra dago, gazteenen artean berezko hiztunak ugaritzeko plangintza zehatzak hezurmamituz.

Erdaraz erraztasun handiagoa duten euskaldunek nekez egiten dute euskaraz. Horregatik, erdaraz egiteko joera dute, beraien hizkuntza jokabidea erdararen aldekoa da eta euskarari dagokionez hiztun pasiboak dira (ezinbesteko egoeretan bakarrik egingo dute euskaraz). Euskararen berezko hiztunek, aldiz, euskararen aldeko jokabidea dute eta euskaraz mintzatzeko aukera duten komunikazio egoera guztietan euskaraz egiten duten hiztun aktiboak dira. Beraz, erraztasunak eragin zuzena du erabileran: zenbat eta erraztasun handiagoa, orduan eta erabilera handiagoa.


Lehenengo hizkuntza:

Jarrai dezagun berezko hiztunen ezaugarriak aletzen, jarrai dezagun Gaztela eta Leongo Pedro eta Périgordeko Pierreren arteko alderaketa egiten. Pedrok eta Pierrek, biak ala biak, jaioberritan ikasi zuten berezkoa duten hizkuntza. Ikasitako lehen hizkuntza hori modu naturalean, bere kabuz, ikasi zuten, nagusiki guraso eta senideekin jaiotzatik bertatik izandako etxeko harremanen bidez.

Jaioberritan gizakiak ezin du bere kasa iraun eta, oinarrizko premia fisiologikoak asetzeko, hil ala bizikoa du ama duenarekin komunikatzea. Hain zuzen ere, haur jaioberriak gizaki eta izaki ororen funtsezko behar natural horiek asebetetzeko ikasten du amaren hizkuntza. Lehenengo hizkuntzaren ikasketa naturala da, berezkoa; izan ere, gizakiek bere kabuz bereganatzen dute lehenengo hizkuntza, giza harremanek eragiten dituzten elkarrekintzen bidez. Haurrak jaio aurretik, amaren sabelean dagoenetik, du estreinako harremana amaren hizkuntzarekin.

Hizkuntza hiztunen buruan gertatzen den sorkuntza da. Lehenengo hizkuntza da pentsamendua egituratzeko berezko hiztunen ardatz-hizkuntza. Munduaren ezagutza eraikitzeko, garatzeko eta adierazteko tresna; baita bizipenak antolatzeko eta adierazteko ere. Lehenengo hizkuntza da berezko hiztunek jaiotzen direnetik erraztasun handienarekin hitz egiten duten mintzoa. Lehenengo hizkuntza da berezko hiztunek hil artean inoiz ahaztuko ez duten hizkuntza.

Lehenengo hizkuntzak ordenagailu batean sistema eragileak egiten duen lan berbera eragiten du hiztunaren burmuinean. Hizkuntzaren sistema antolatu eta egituratu egiten du garunean. Lehenengo hizkuntzarekin antolatutako egitura horretan, sartzen den informazioarentzat, ulerbideak eta azterbideak sortzen dira. Lehenengo hizkuntzarekin ardaztutako sistema horretara iristen den informazioa kultura eta mundu ikuskera baten galbahetik iragazten da. Gerora bigarren, hirugarren edo nahi beste hizkuntza ikasiko balira, lehenengo hizkuntzak informazioa antolatzeko eta egituratzeko ezarritako oinarrizko ildoak bihurtzen dira ezinbesteko jarraibide.

Gaur egun euskaraz mintzatzeko erraztasun eta gaitasun erabatekoa bermatzen duen bereizgarri ia bakarra euskaldunaren lehen hizkuntza euskara izatea da.

Orain 25 urte euskara lehen hizkuntza zeukaten euskaldunak ia % 80 ziren; gaur egun, aldiz, % 50 dira. Beraz, % 30eko galera gertatu da. Euskarak azken 25 urteotan inoiz ez bezalako hiztun kopurua irabazi du: 223.000 hiztun. Azken 25 urteotan euskarak ez du lehen hizkuntza duen hiztunik irabazi: 25 urte atzera baino 42.000 euskaldun gutxiagok dauka gaur egun euskara lehenengo hizkuntza moduan. Euskal Herriko azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskaldun direnen artean, adinean zenbat eta beherago orduan eta gutxiago dira lehenengo hizkuntza euskara dutenak.


Gaur egun bi gurasoek lehenengo hizkuntza euskara dutenean, seme-alaben % 93k euskara bakarrik jasotzen du etxean. Guraso biak euskaldunak izanda, batak euskara duenean lehen hizkuntza eta besteak erdara, seme-alaben % 70ek euskara bakarrik jasotzen du etxean. Azkenik, guraso biak euskaldunak izaki, biak lehen hizkuntza erdara dutenean, seme-alaben % 44k euskara bakarrik jasotzen du etxean. Azken 25 urteotan euskararen etxeko erabilerak bere horretan dirau, ez gora, ez behera, ez atzera, ez aurrera.

Beraz, euskararen berezko hiztunak ugaritzeko, ezinbestekoa izango da lehen hizkuntza euskara izango duten euskaldunen multzoa handitzeko estrategiak eta lan-ildoak zabaltzea.

Euskararen hiztun berriek, euskara etxetik kanpo eskolan eta euskaltegian ikasitakoek, berebiziko garrantzia dute euskararen berezko hiztunak ugaritzeko estrategian: seme-alaben lehen hizkuntza euskara izaten ahalegintzen dira. Erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoa duten arren, euskara etxeko hizkuntza bihurtzen dute eta euskara hutsezko irakaskuntza hautatzen dute seme-alabentzat. Zalantzarik gabe, hiztun berriak garrantzi handikoak dira euskararen berezko hiztunak irabazteko. Hiztun berriak euskararen zubigileak dira, belaunaldien arteko zubi naturalen eraikitzaileak.


Erabilera:

Hel diezaiegun berriro Gaztela eta Leongo Pedrori eta Périgordeko Pierreri. Eguneroko bizimodua berezkoa duten hizkuntzaren bidez egiten dute Pedrok eta Pierrek. Berezko hizkuntzak bizi ditu eta berezko hizkuntza bizi dute eguneroko gizarte harreman orotarako. Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak arrazoitzeko mintzabide. Berezko hizkuntzaren betaurrekoetatik ikusten eta hausnartzen dute bizi duten mundua. Egunerokoan elebakar funtzionalak dira Pedro eta Pierre. Bigarren hizkuntza bat eskola garaitik ikasita badute ere, egunerokoan darabilten berezko hizkuntza dute mintzabide bakar.

Hizkuntza oro erabileraren bizilegeari lotuta dago: erabilerarik gabe, ez dago erraztasunik, eta gaitasunean erraztasunik gabe, ez dago erabilerarik. Hain zuzen ere, hizkuntzaren Gurdiaren Paradigma (Saez, 2016) bi gurpil horien gainean dabil: gaitasuna eta erabilera. Eta hizkuntzaren gurdia mugiarazten duen indarra, berriz, hizkuntza horrek gizarte harremanetarako duen behar naturala da, behar soziala. Hain zuzen ere, behar natural horren eragile garrantzitsu ditugu berezko hiztunak.

Euskararen berezko hiztunak ugariak dira Amezketa, Leitza, Areso, Eratsun eta Azpeitia bezalako euskararen iturburuetan. Berezko hiztunak ere izan badira eremu erdaldunetan bizi diren familia euskaldunetan, Gasteiz, Bilbo, Iruñean, Hendaian eta Miarritzen, besteak beste. Eremu erdaldun horietan bizi diren euskararen berezko hiztun horiek lehen sozializazioa, familiaren bidezkoa, euskara hutsean egiten dute eta 3-6 urte bitartean etxeko euskarazko sare elebakarretik atera gabe bizi dira, eskolara joaten diren arte. Euskarazko ereduan eskolatu arren, eskolak elebidun eta, aldi berean, erdaldun bihurtzen ditu. Izan ere, ikaskideen inguru erdaldun oztopatzaileak euskara egunerokoan ez erabiltzea eragiten die eta euskara etxekoekin bakarrik erabiltzera mugatzen dira. Adinean aurrera egin bezala, euskara etxetik kanpo ez erabiltzearen poderioz, erdaraz egiteko erraztasuna irabazi ahala, euskaraz egiteko jaiotzetik dakarten ahalmena garatu gabe uzten dute, elebidun ziklikoak bihurtuz. Elebidun ziklikoek beren bizitzaren beste aldi batean, beste ziklo batean, identitate gorabeherak dituztenean edo guraso bihurtzen direnean, esate baterako, hel diezaiokete beren ama hizkuntzari berriro.

Eremu erdaldunetako berezko hiztun euskaldunen galera hori gerta ez dadin euskarazko gizarte sare sendoak osatzeko estrategiak eraiki behar dira, bi norabidetan bereziki: lagunartean eta lan-munduan. Familiaz gain, bi esparru horietan baitaude gizakiaren oinarri sozialik funtsezkoenak. Oso kontuan izan behar da, gainera, lagunarteko harreman gehienak lankide eta ikaskideen artekoak ditugula gaur egungo gizartean; izan ere, maiztasunari dagokionez, laneko esparruetan gertatzen baitira gizakien arteko elkarrekintza gehienak. Horrez gain, lan esparruko harremanek familia girokoetan ere eragin nabarmena dute, bikote harreman askoren sorlekua lantokian dagoelako. Beraz, lan-mundua garrantzi handiko esparrua dugu gizakien arteko harremanetan eta hizkuntza ohituretan. Zalantzarik gabe, orain arte jarritako arreta baino handiagoa beharko du hemendik aitzina.

Euskararen erabilera ezinezkoa bihurtzen duten oztopo estrukturalak gainditzeko pauso argiak eta eraginkorrak eman behar dira gizartearen egituretatik, batik bat aginte egituretatik, euskara erabiltzeko aukerak benetakoak izan daitezen eta, gaur ez bezala, euskara gizartearen ardatz-hizkuntza izan dadin. Horretarako, murrizketarik gabeko ofizialtasunak gizarte aginte eta egituren babes eta lanabes izan behar du Euskararen Herriaren luze-zabalean.


Hizkuntza sorberritu:

Hizkuntzaren jatortasuna, bizitasuna eta esanindarra, bere betean, berezko hiztunengan dago. Berezko hiztunek eguneroko erabileraren bizilegetik sorberritzen dute hizkuntza. Nola zuhaitzetan hostoek, hala arnasberritzen dute hizkuntza berezko hiztunek, esan modu berriak eta adieraz molde berriak hizkuntzaren sustraietako izerdiarekin kimu berrituz.

Hizkuntzen etengabeko aldaketen eragile garrantzitsuak dira berezko hiztunak, ardatz duten hizkuntza garaian garaiko gizarteen eta hiztunen komunikazio beharretara etengabe moldatzen baitute. Berezkoa duten hizkuntzaren senetik eta muinetik egokitzen dira etengabe, bizi duten gizartetik sortzen zaizkien komunikazio behar berrietara.

Berezko hiztunak dira hizkuntza guztien euskarri eta zimentarri. Berezko hiztunak galbidean dauzkan hizkuntzak bere biziraupena du galbidean. Azken batean, hizkuntza da kultura baten sorkuntzarik handiena, eta berezko hiztunak dira kultura horren jasotzaile, garatzaile eta hedatzaile. Horregatik, hizkuntza oro indarberritzeko politikek, eraginkor izatekotan, ezinbestekoa dute berezko hiztunak ardatzean jartzea.


(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

 

  • Estreinakoz Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 57. zenbakian argitaratua, 130-133 orr., 2017ko azaroan. 
  •  
https://drive.google.com/file/d/1Rmw8zSxQMqp0CPzH8leIauR82PHasxtX/view




Artikulu honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak



Hausnarketa hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:





9 iruzkin:

pedro erabiltzaileak esan du...

Egun on Patxi,

beste askotan legez, artikulu interesgarria ekarri diguzu oraingoan ere. Irakurtaldiak bi galdera eragin dizkit:
1. Zergatik diozu ama-hizkuntza(k) ez dela inoiz ahazten? Gurean bertan adibide ugari daude...
2. Zergatik erabiltzen dituzu Euskararen eremu osoa eta Euskararen herria terminoak Euskal Herriaren ordez?

Eskerrik asko eta ondo-ondo segi

pedro

Patxi Saez erabiltzaileak esan du...

Aupa, Pedro:

Lehenik eta behin bene-benetan eskertu egin nahi dizut artikulua irakurri izana: Mila esker!

Egia da badirela, ez erabiltzearen poderioz, ama-hizkuntza komunikaziorako ezgauza bihurtu zaien hiztun asko. Baina, hondoratzen diren itsasontzietan bezala, naufragioetan bezala, lehenego hizkuntza horren arrastoak beti aurkitzen dira hiztun horiengan: txikitan amak kantatutako abestiak, bizipenei lotutako esaldi esanguratsuak, hitzak... Beti daude lehen hizkuntza horren arrastoak.

Euskararen Herria terminoa, berriz, ez dut lurraldetasunarekin lotzen, hiztunekin baizik. Izan ere, Euskal Herritik kapo baditugu makina bat euskaldun munduan barreiatuta.

Izan uros!

Patxi

Beñat Castorene erabiltzaileak esan du...

Hobeki ulertzen dugu nola gure euskarak iraun ahal izan zuen mendeetan barna baserrietan eta auzoetan.

Izan ere, baserria zen familia, lan esparrua eta lagun artea ere bai, hein batean. Baserria zen hau guzia dena batera.

Berdin hobeki ulertzen da euskararen derrota Iparraldean: baserri gehienak desagertu zirenean, lantegiak euskaldunen artean bertan sortu beharrean, joan ginen lerroka lan bila hiri arrotzetara.

Beñat Castorene

Patxi Saez erabiltzaileak esan du...

Kaixo, Beñat:

Ongi diozun bezala mendeetan barna baserria izan zen familia, lan esparrua eta lagunartea ere bai, batik bat, XVI. eta XVII. mendeetan baserriak adina dolare eraiki zirenean. Garai hartan ia baserri guztiek zuten sagar patsa estutzeko dolare bana eta dolarearen azpiko upategian elkartzen ziren garai hartako laborariak lagunarteko giroan sagardoa ziritik edatera, mokadu bat jatera eta kantuan eta bertsotan aritzera. Orduan ere, gaur egun bezalaxe, familiaz gain, lana eta lagunartea ziren gizakiaren oinarri sozialik funtsezkoenak. Baina, hori bai, gaur egun ez bezala, euskararenak ziren ehuneko ehunean esparru horiek guztiak. Horregatik, euskara aurrerabidean jarri nahi badugu, nahitaezkoa dugu esparru horiek euskararentzat berreskuratzea.

Nola? erabiltzaileak esan du...

Euskaldunok komunitate nazional (eta ez soilik linguistiko) minorizatua gara eta gure herria asmilatu egin nahi gaituzten bi estatu inperialisten menpe dago. Hortaz haien menpeko erakundeen kudeaketa gaindituz botere politikoa gure gain hartzeko urratsa ezinbesteko dugu. Baina botere hartze hortarako beharrezko indarra nekez lortuko dugu herri-nazio gisa indartu ordez ahultzen bagoaz.

Zentzu hortan artikulua oso interesgarria da. Azken urteetan eskola eta euskaltegietan jende askok ikasi du euskara, baina horietako askok euskara ikasi du guk ingelesa edo alemaniera ikasiko bagenu bezalatsu, hau da, nazio atxikimendurik gabe. Eta herri-nazio atxikimendu hori funtsezkoa da euskalduntasunarentzat.

Baina gainera urte luzez euskaldun herria ugaritzeko lerro bakartzat erdaldunak euskaradun bilakatzeko ahalegina izan da eta erabat gutxietsi da familia-trasmisioaren garrantzia. Bi modu besterik ez daude euskaldunok gehiago izan gaitezen. Bata, erdaldunak euskalduntzen saiatzea, oso garrantzitsua zalantzarik gabe. Eta bestea, guk geuk euskaldunak sortzea. Alegia umeak egitea eta ume horiek gure hizkuntza eta kulturan hazitzea. Eta hau lehena bezain garrantzitsua da gutxienez.

Beñat Castorene erabiltzaileak esan du...

Bai erabat ados: euskarak bizirauteko, behar du “familiaz gain, lana eta lagunartea ziren gizakiaren oinarri sozialik funtsezkoenak” beretu eta herrikotu eta ahal den neurrian gizatiartu ere.

Bainan, programa itzela da! eta betiko galdera da: nola egin?

Izan ere, gaur hiruak, familia, lana, lagun artea alegia, daude estatuen eta mundu deologia totalitarioen eragin itogarriaren pean.

Indar erraldoi horien kontra zer kontrajarri zapalduak gaudeno? nola jokatu erresiztentzia antolatzeko eta indarrak metatzen berriz hasteko?

Kapaz izanen ote gara Herri osoaren mailan “Conseil National de Resistance” bezalako zerbait eraikitzea frantsesek egin zuten bezala erresiztentziaren hasieran? eta obeditzea? eskuin-esker zatiketaren gainetik bainan beti gure kontzientziak baimentzen dizkigun limetetan araiz.

Alta, horrela jokatu gabe ez dut ikusten den mendreneko etorkizunik euskararentzat: Iparraldean bederen.

pedro erabiltzaileak esan du...

Egun on Patxi,

lehenengo galdera dela eta, ados, beti geratzen da arrastoren bat.Bigarrenari dagokionez,
ez dut batere argi ikusten Euskal Herria baztertzearena. Orain arte soziolinguistika esparruan horixe izan da erabili den terminoa hiztunak eta hiztunek halabeharrez behar duten lurraldea izendatzeko. Esan barik doa terminoak munduko hamaika bazterretan bizi diren euskaldunak ere hartzen dituela bere baitan. Beraz, zergatik ez eutsi? Nire ustez lurraldearen eta nazioaren oinarria onuragarria da euskararen biziberritzerako. Egin duzun hautuan, ordea, horiek gainditzeko asmoa ea ete dagoen begitandu zait...

Tira bada, hauexek dira nire gaurko kezkak

Ondo izan

p

Patxi Saez erabiltzaileak esan du...

Egun on, Pedro:

Zalantzarik gabe hizkuntza natural guztiek behar dute lurralde bat baina, era berean, hiztun herri bat ere bai, bestela, esperantoa bezalakoxeak lirateke. Esperatoa bigarren hizkuntza izateko sortua izan zen, horregatik ez du lurralde jakinik. Nire ustez lurraldea eta hiztun herria ez dira elkarren etsai, elkarren osagarri baizik, Euskal Herria eta euskararen herria diren bezalaxe.

pedro erabiltzaileak esan du...

Guztiz ados. Ea aurrerantzean ikusten ditugun bi terminoak elkarren ondoan. Gazteek EAE (Euskadi?), Nafarroa eta Ipar Euskal Herria gero eta bereiziago ikusten duten garaiotan
funtsezkoa da euskalgintzatik batasun hori azalaraztea.