Euskararen azken pizkunde aldia
Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra. Pizkunde aldi horrek euskararen corpus plangintzan du abiaburua. Pizkunde aldi horren lehenengo mugarria euskararen batasuna dugu. Ondoren, euskarazko irakaskuntza antolatzea etorri zen. Euskara batuaren sorrerak eskolaren lana ikaragarri erraztu zuen euskara bat eta bakarra irakastea ahalbidetu zuelako. Gure hizkuntzan ardaztutako irakaskuntza hutsetik abiatu zen, euskararen irakaskuntza debekatuta baitzegoen XVIII. mendetik. 1976-77an, Euskal Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzaren sektore publikoan, irakasleen %5 bakarrik zen euskalduna, gaur egun, %85. Lehen hezkuntzan, gaur egun, erabatekoa da euskararen zabalkundea. Eskola libururik ere ez zegoen orain 50 urte, gaur egun, euskarazko 17.500 ikasmaterial daude katalogatuta (2).
Azken bost hamarkadetan euskararen kulturgintzak ere loraldia ezagutu du: liburugintzak, antzerkigintzak, diskogintzak, bertsolaritzak... Kulturgintzarena bezalaxe, azken mende erdian, hedabideen kimatzea eta ernetzea ezagutu dugu: irrati, telebista, prentsa eta, bereziki, sareen sarean euskararen hedapena eredugarria izan da. Munduko hizkuntzen %5 besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da. Sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. posizioa du euskarak. Wikipedian 204.000 artikulutik gora daude euskaraz, eta 34. postuan dago euskara sareko entziklopedia horretan, Europako Batasunean ofizialak diren 11 estatu hizkuntzek baino artikulu gehiago ditu euskarak (3).
Baina, zalantzarik gabe, euskarazko irakaskuntza izan da azken 50 urteotan euskararen berreskurapenaren tresnarik garrantzitsuena. Azken 30 urteotan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu. Horietatik guztietatik eskolak 200.000 lortu ditu, gainontzeko 100.000ak helduen euskalduntzetik etorri dira. Gaur egun, EAEn 20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak, eta duela 30 urte ez ziren %20ra iristen (4). Euskarazko eskola etorri arte, euskaradunen aurreko belaunaldiek, ahoz ahoko katean ikasten zuten gure hizkuntza, baina ez ziren gai euskaraz irakurtzeko eta idazteko. Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu azken 50 urteotan: euskararen historian beste mugarri bat jarri du euskarazko eskolak.
Euskararen ajeak
Pauso asko eta handiak eman ditu euskarak azken 50 urteotan baina oraindik aje asko dauzka, hutsune ugari. Euskara, gaur egun, 800.000 hiztun izatera iritsi da. Sekula baino hiztun gehiago ditu baina erabileran herren egiten du. Euskara euskal gizartearen bigarren hizkuntza bihurtu da.
EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Eta bidegurutze horretan gaude: erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez. Beste aukera bat da euskara belaunalditik belaunaldira bigarren hizkuntza bezala iragan dadila.
Gaur egungo belaunaldi gazteek, batik bat inguru zeharo erdaldunduetan euskara bigarren hizkuntza gisa dutenek, euskara eskolako hizkuntza nagusi gisa ikusten dute baina eskolatik kanpo, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskara desagertu egiten da/dute bere eguneroko bizimodutik, salbuespenak salbuespen. Euskara bigarren hizkuntza duten euskaldunen erdiak (%49,3) EAEko sei udalerri handienetan bizi dira, hots, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldon. Lau euskaldunetatik hiru baino gehiago euskaldun berriak dira Barakaldon eta Gasteizen, eta erdia baino gehiago Bilbon, Getxon eta Irunen. Donostian euskaldunen %41,9 dira euskaldun berriak (5). Bilbo dugu, esate baterako, kopuruari dagokionez, munduan euskaldun gehien bizi den hiria (78.727 euskaldun) (6), baina euskararen kale erabilera %3,2koa da, atzerriko beste hizkuntzen kale erabilera, aldiz, euskararena baino handiagoa da Bilboko kaleetan: %3,7 (7). Orain urte bi, Bilboko kale batetik aita-alabak elkarrekin zihoazen eta aita alaba txikiarekin euskaraz ari zen. Haien ondotik neskatila bat igaro zen orduan. Neskato hark, nonbait, eskolako irakasleei bakarrik entzuten zien euskaraz egiten eta, aita hori, aita ez, baizik eta, irakaslea izango zela pentsatuz, horrela esan zion: “Eskolan ez bagaude zergatik hitz egiten diozu euskaraz?” (8).
Euskaraz bizi
Egunak dituen 24 orduak bana ditzagun hiru zortzikotan: zortzi ordu lo egiteko, zortzi lanerako eta zortzi ordu otordu, familia eta lagunarterako. Euskaraz bizitzea baldin badugu azken helburua ezinbestean lantokiei erreparatu behar diegu, izan ere, esna egiten ditugun orduen erdiak lanean egiten baititugu. Euskaraz bizi nahi badugu lan mundua irabazi beharra dugu euskararentzat.
Gaur egun euskararen historiako gazteriarik prestatuena eta euskaldunena iristen ari da Euskal Herriko lantokietara eta, tamalez, eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten du. Gazte euskaldun horiek erabat erdaraz funtzionatzen duen lan munduarekin egiten dute topo eta egokitu egiten dira erdal mundu horretan aurrera egiteko, ordura arte euskaraz egindako ibilbide guztia alde batera utzita. Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia.
XXI. mendearen hasiera honetan euskarak lanerako hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan 177.000 enpresa edo lan-erakunde daude (09). Horietatik guztietatik, azken 17 urteetan, %0,2k, 386 entitate ezberdinek, jaso dute, 1997-2014 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza lantokietako euskararen erabilera-planak garatzeko (10). Beste datu bat emate aldera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak 2008. urtetik kudeatzen duten Bikain ziurtagiria jasotako erakundeak, guztira, 188 (%0,1) dira eta horietatik lana euskaraz egiten dutela egiaztatzen duen goi mailako edo urrezko egiaztagiria 78k (%0,04) daukate (11). Beste horrenbeste gertatzen da Kontseiluak 2000. urtean sortu eta 2007tik Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen duen Bai Euskarari Ziurtagiriarekin: guztira, ziurtagiridun erakundeak, 1.355 dira Euskal Herri osoan, Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, 839 (%0,4) eta, horietatik, Zerbitzua eta lana euskaraz maila daukatenak 152 (0,08) (12). Beraz, datuek begi bistan uzten dute euskarak, laneko hizkuntza gisa, estimazio eta balio eskasa duela euskararen lurraldeko enpresa edo lan-erakundeetan.
Euskara, eskolan ez bezala, lantokietan nagusi ez izateak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du gizartearentzat. Familiek seme-alabak, txiki-txikitatik, etorkizunerako prestatzeko bidean jartzen dituzte, seme-alaba horiek handitzen direnean bizimodurik bikainena eta lanposturik onena izan dezaten nahi dutelako. Etengabeko prestakuntza horretan euskarak garrantzi txikia du, prestigio txikia du, izan ere, herri-administrazioetako lanpostu batzuetan izan ezik, euskarak ia presentziarik ez duelako, edo oso presentzia eta garrantzi txikia duelako, ekonomiako sektore gehientsuenek sortzen dituzten lanpostuetan. Beste kontu bat izango litzateke, lanpostu bat lortzeko euskara behar-beharrezkoa balitz. Orduan, bai, gizarteak arreta osoa jarriko luke euskara ikasteko eta erabiltzeko, ahalik eta ondoen ikasi eta erabiltzeko, gainera. Baina nola lortu hori?
Hizkuntza plangintzarik eraginkorrena
Hizkuntza plangintzarik eraginkorrena egiteko aukeraren jabe da euskara, herri eraketa duelako. Herri egiturak eta erakundeak dituelako eta, neurri txikiagoan edo handiagoan, herri egitura eta erakunde horien aginpidea ere hiztun komunitatearen kideengan dagoelako. Hala ere, maila horretako hizkuntza plangintzak, abian jarri baino lehen, botere-egituren erabakiak behar ditu. Agintariek erabakiak hartu behar dituzte. Joshua A. Fishman-ek esan bezala, “Akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe; agintariek ez dutelako zehazki definitu problema zein den edo lehentasuna zeri eman. Zenbat eta adostasun falta handiagoa agintari politikoen artean, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak” (13).
Ados baldin bagaude, euskararen “elefantea” edo problema nagusia sektore ekonomikoan dagoela, lehen-lehenik, zera hartu behar dugu kontuan: sektore ekonomiko guztien motorra, hemen eta munduko beste edozein bazterretan, dirua dela. Enpresek dirua dute bere jardueraren arrazoi eta helburu bakarra. Hortaz, enpresak limurtu nahi baditugu dirua erabili beharrean izango gara, gure hizkuntza politika eraginkorra izatea nahi badugu. Euskarari lantokietan sarbidea eman nahi baldin badiogu, agintari politikoek enpresei diru-pizgarriak (14) emateko erabakia hartu behar dute. Eta, horrekin batera, jakina, lan munduko eragile guztiak ere artikulatu egin beharko dira euskararen norabidean jartzeko (sindikatuak, patronala, langileria, euskalgintza eta gizartea bera). Diru gehiago irabazteko aukeraren aurrean bakarrik mugituko dira enpresen botere egituretatik euskarari sarbidea ematera, beraz, diru-pizgarri horiek enpresak euskarari sarbidea ematera mugiarazteko adinakoak izan beharko dute, bestela, kale egingo dugu gure azken helburuan, alegia, erranairuak dioen bezala, “xuhurraren patrikak bi zulo”. Kontu honetan ere, gero eta hobari handiagoak enpresarentzat, orduan eta akuilu handiagoa eta zorrotzagoa euskara azkarrago txertatzeko enpresaren egituran.
Zalantzarik ez dago ikerketak egin beharko direla jakiteko hizkuntza plangintza eraginkorra izate aldera diru-pizgarriak nolakoak eta norainokoak izan behar ote duten enpresentzat. Eta ez hori bakarrik: ikertu, aztertu eta erabaki egin beharko da zeren truke emango diren diru-pizgarri horiek. Euskararen Bikaintasunaren Goi Mailako agiri ofiziala, edo besteren bat, lortu behar ote den; eta agiri horren lorpenerako zein baldintza bete behar dituzten enpresek diru-pizgarrien jabe egiteko. Nere iritzi apalean, bat eta bakarra izan beharko luke baldintzak: enpresak, goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatzea, lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izanda, gaur egun, gaztelaniarekin gertatzen den bezalaxe.
Aldaketarako erresistentziak
Irudika dezagun hizkuntza planifikazioan asmatu egiten dugula eta enpresek, dituzten lanpostuetarako, euskara derrigorrez eskatzen hasten direla. Horrek gizarte aldaketa erabatekoa ekarriko luke. Euskara gaur egun gaztelania dagoen gizarte bizitzaren erdigunera ekarriko luke, lehen mailako gizarte hizkuntza bihurtuko luke. Baina, jakina, gizarte aldaketa guztiek erresistentziak dituzte, gizatalde batzuek beren estatusa aldatu nahi ez dutelako. Joshua A. Fishman-ek esanda utzi digun bezalaxe: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako. Beren bizimodua espainolez zertu da eta beren nortasuna gaztelania da; gaztelaniaren erabilera zehatzean oinarritzen da. Orduan, eliteen aldatzeak erresistentzia ekarriko du, eta erresistentzia hori gatazkaren arrazoia izango da” (15).
Diru-pizgarriak emateko neurri horiek, gainera, goiz edo berandu, euskararen egoera “horrela” normalizatzearen aurkakoen mamuak haizatuko dituzte. Batik bat erabiliko duten argudio nagusia dirua harrika botatzearena izango da: nola litekeen horrelako diru-zakukadak xahutzea, diru horri beste probetxu bat atera dakiokeenean?. Horrelakoei Anjel Lertxundiren hausnarketa jar dakieke mahai gainean: “Nola berdintzen da hizkuntza baten debekuak eragindako kaltea? Deskalabroak badu erreparaziorik? Euskarara nator: esan liteke, esan ohi den bezala, administrazioak diru gehiegi gastatzen duela hizkuntzaren sustapenean, hizkuntza horri inolako erreparaziorik egin ez zaionean mendetan, erregimen desberdinetan, diktaduran sufritutako debeku eta pertsekuzioarengatik?” (16).
Eskolarik gabe ezinezkoa dugu euskararen berreskurapen osoa lortzea, baina eskolarekin bakarrik ere guztiz ezinezkoa izango dugu. Eskola bezalaxe lan mundua ere giltzarri dugu euskararen berreskurapen osorako. Askori, beharbada, burugabea eta egin gaitza irudituko zaio lantokietan euskarari sarbidea ematea diru-pizgarrien bidez. «Ideia sorburuan zentzugabea ez bada, ez du merezi» esan zigun Albert Einsteinek. Thomas Fuller Ingalaterrako erregearen kapilauak ere hala ziotsan: «Erraza izan aurretik dena oso zaila da». Ez dezagun ahaztu euskal eskolarekin ere berdin gertatu zitzaigula, baina, euskal eskolatik sortutako erranairuak dion bezalaxe, «ezina ekinez egina», izan ohi da.
Kontua ez da zer gertatzen zaigun, bai, ordea, gertatzen zaigunarekin zer egiteko gai garen: Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?. Orain 50 urte euskarak Euskara Batuaren atea zabaltzea lortu zuen, besteak beste, Txillardegi izeneko gazte ausart bat ate joka ibili zelako. 50 urte geroago Euskarak lantokietako atea irekitzeko premia gorria du. Artikulu honek, ate horretan kas-kas egin nahi du ausardiaz, baina, irekitzekotan, euskaltzaleen ekimen sutsua eta gizartearen onarpen zabala ez ezik, botere egituren erabakiak ere beharko dira, ate hori euskararentzat irekiko bada.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria da)
- Estreinakoz erabili.eus agerkarian argitaratua, 2015-10-13an.
Oin-oharrak:
(1) ZUTABE 15 (1987), Joshua Fishman, 85-101 orr.
(2) Mikel Zalbide (2014), Tribuaren Berbak, ETB.
(3) Patxi Baztarrika, Euskarazko IKTak Mintegia. Bilbo, 2014ko abenduaren 17an.
(4) V. Mapa Soziolinguistikoa (2011), Eusko Jaurlaritza, 91. or.
(5) V. Mapa Soziolinguistikoa (2011), Eusko Jaurlaritza, 65. or.
(6) EUSTAT, 2011ko erroldako datuak.
(7) Euskal Herriko Kale Erabileraren VI. Neurketa (2011), Soziolinguistika Klusterra.
(8) Jabi Zabala, @sarean, 2013-04-05.
(09) EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen 2014-01-01eko datuen arabera, EAEn, 176.879 enpresa edo lan-erakunde daude.
(10) Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 2015eko martxoa.
(11) Euskalit, 2015eko martxoa.
(12) Bai Euskarari Ziurtagiria Elkartea, 2015eko martxoa.
(13) Zutabe 15 (1987), Joshua Fishman, 85-101 orr.
(14) Diru-pizgarriak diodanean, uler bedi hitzaren adieraren luze-zabalean. Zaku handi horretan sar bedi gizarte-egiturek ahalbidetzen dituzte baliabide guztiak: zergak, diru-laguntzak, hobariak... eta hori guztia ahalbidetzeko, herri-antolaketaren baitako legeak, araudiak eta abarrak.
(15) Zutabe 15 (1987), Joshua Fishman, 85-101 orr.
(16) Anjel Lertxundi, Kalte-ordainak, Berria, 2015-02-25.
Aitormena
2015-03-22 / 11:36 / Patxi Saez BelokiEz dut uste artikulu hau idatziko nukeenik nire bizitzaren bidegurutze honetan aurkituko ez banintz. Medikuek sistema endokrinoaren tiroide guruinaren minbizia dudala esan didate. Ataka estu honetan, barrenak aginduta idatzi dut artikulu hau, euskararen aurrerabidean, nire aletxoa jarri nahian. Ez naiz jendaurrean azaldu zale, baina oraingo honetan, aspaldi idatzita utzi nuen bezala, azaltzeko garaia dudala iruditu zait.
Azken aldi honetan, han-hemenka, eztabaida edo hizpidea sortu da, euskararen berreskurapenaren hemendik aurrerako nondik norakoei buruz. Euskaltzaleen artean galdea dabil, ondorengo urteetan-hamarkadetan hizkuntza politikak nondik jo behar ote duen, euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskura dezan. Nire asmoa eztabaida horretara argi pixka bat ekartzea baino ez da izan.
Beste alde batetik, artikulua idazteko asmoari lotu natzaionean, beste nahimen bat ere sortu zait, Joshua A. Fishman soziolinguista zendu berriari omenalditxo bat egitea. Horregatik txertatu ditut, nagusiki, berari ikasitakoak testuan barrena. Artikuluaren titulua ere bere pentsaeraren ardatza da: hizkuntza planifikazioan, beti, garrantzitsuenetik hasi behar da.
Artikulua idatzi eta gero sinbolismoz inguratuta dagoela/nagoela ere ohartu naiz:
Euskara Batuaren erditze neketsu eta luze hartako 1964ko Baionako biltzarraren urtean jaiotakoa naiz. Ikastolek sortutako euskaldun osoen lehen belaunaldikoa ere banaiz. Gainera, euskararentzat erabat sinbolikoa den herri batean, Azpeitian, dut euskararekin estuki lotutako lanbidea:
- Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian egindako azken Mapa Soziolinguistikoaren arabera, Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herrien artean batez beste munduan euskaldun gehien dituen herria.
- Euskaldunen artean, euskararekin lotutako erakunde sinbolikorik baldin badago, zalantzarik gabe, Euskaltzaindia jarriko genuke lehenengo ilaran. Azpeitia da Euskaltzaindiaren historian hiru euskaltzain izan dituen herri bakarra: Karmelo Etxegarai, Patxi Altuna eta Patxi Goenaga.
- 1965ean, orain 50 urte, Euskaltzaindiaren eskutik lehenengo alfabetatze taldeak sortu ziren bezalaxe (geroko euskaltegien aitzindari bihurtu zirenak), orain ia 10 urte, Euskaltzaindia ere bidelagun zela, Azpeitian zabaldu zen ELEGUNE izeneko lehenengo zentro teknikoa, enpresetan hizkuntza plangintzak bultzatzeko lehenengo zentro publikoa.
Beraz, ikusten duzuen bezala, euskararentzat sinbolismoz inguratutako Azpeitiko herritik idatzitako artikulua duzue.
Niretzat, pozik handiena, zuen iruzkinak jasotzea litzateke. Ea denon artean oihartzun pixka bat sortzen dugun eta euskararen ahotsa iritsi behar den tokira iristen den. Aldez aurretik, MILA ESKER.
Irakurlearentzat ohar eta jakingarriak
2015-10-13 / 07:00 / Patxi Saez Beloki
Artikuluaren idazketa aurtengo, 2015eko, San Jose egunez, martxoaren 19an, amaitu dut, arratsaldeko 18:45ean. Ondoren, soziolinguistikan aditu diren 20 euskaltzaleei igorri diet beraien iritzi-iruzkinak jaso eta artikuluarekin batera argitaratzeko asmoz, baina ez ditut 20 iruzkin jaso, mordoska bat gehiago baizik. Artikulua eskuz esku, ordenagailuz ordenagailu nahiz telefonoz telefono ibili da eta, handik eta hemendik, eskatu gabeko makina bat iruzkin eta iritzi iritsi zaizkit nire postontzi elektronikora. Erabili.eus agerkari digitalaren sorreratik, orain dela 12 urteko sorrera hartatik, sekula artikulu batek ez du horrenbeste iritzi emaile izan. Iruzkin guztiak jasotako hurrenkeran daude ikusgai, iritsi diren egunaren data eta orduarekin.
Iritzi emaile eta iruzkingileak euskaltzale peto-petoak ditugu guztiak, kastakoak, euskara bihotz-erraietaraino maite duten euskaltzale ekintzaileak. Ez nolanahikoak, gainera, hizkuntza gizarteratzeko kontuetan jantziak. Euskarak ez du sekula izan horrelako euskaltzale jende jantzia. Egin dituzten hausnarketa zorrotzek beraien gaitasunaren berri ematen dute: artikulua aberastu eta borobildu egin dute, artikuluan aipatzen diren hainbat alderdi sakonduz eta argituz. Baina, orotan garrantzitsuenak euskararen aurrerabiderako egiten dituzten proposamenak dira. Beraz, artikulua ez ezik iruzkinak ere irakurri beharrekoak dira elkarren osagarri direlako. Nire artikuluak puntua jartzen du eta iruzkingileek, berriz, bertso bikainak borobildu dituzte.
Euskararen hizkuntza planifikazioak bene-benetako ardura sotzen du euskaltzaleen artean eta ardura hori agerian geratu da, berriz ere, oraingo honetan. Euskararen berreskuratzeak hemendik aurrera egin beharreko ziklo luzeak zein bide-mapa jarraitu behar duen da kezka iturri euskaltzaleen artean. Hemen jorratutako gaiak euskararen aurrerabiderako duen garrantzia eta euskaltzaleen artean sortu duen arreta ikusita, denon aurrean, hemen eta orain, publikoki, konpromisoa hartzen dut, beste pauso bat emateko bide horretan. Nik, nagoen tokitik, dezakedantxoa egin dut, hemendik aurrerakoak, berriz, ur handitako lanak dira, ni bezalako arrain txikiarentzat ezinezkoak. Horregatik arrain handiagoei emango diet euskaltzaleen artean hemen sortutako eztabaida bideratzeko eginkizuna. Nik, berriz, egoki ikusten badute, beraien aginduetara jarriko naiz, nolabaiteko laguntza eskain niezaiekeela uste badute. Euskaltzaindia da euskarak duen erakunde garrantzitsuena, horregatik, bere 100. urteurrenaren atarian Biltzar edo Kongresua antolatzeko eskaria doakio hemendik, ondorengo 30-50 urteetako euskararen estatusaren plangintzaren oinarri eta jarraibideak finka eta proposa ditzan.
Honaino iritsita azken eskari bat besterik ez Euskaltzaindiari: Arantzazuko 1968ko Biltzarra antolatzeko Txillardegiri emandakoak baino «luzamendu eta neke» gutxiago emateko oraingo honetan. Txillardegiri, berriz, hauxe esango nioke: «katea ez da eten, zure izpirituak, euskaltzaleen artean, bizirik dirau».
Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia
2015-09-10 / 09:00 / Patxi Saez Beloki
Andres Urrutia, euskaltzainburu jaun agurgarria:
Zuregana zuzentzen naiz, Andres, Euskararen Akademiaren aginte makilaren jabe zarelako eta Zuzendaritza Batzordearen buruzagitza duzulako. Lehenik eta behin, bihotz bihotzez eskertu nahi dizut zure astia eskutitz hau irakurtzen erabiltzea, izan ere, denbora eta osasuna baitira, bizi artean, ezari-ezarian, ohartzeke, urritu eta murriztu ohi zaizkigun ondasunik preziatuenak.
Badirudi, euskarak egin beharreko bideari dagokionez, euskaltzale jendearen artean kezka handia dagoela nondik jo behar ote dugun horretan. Euskaltzale mordoska bat gara euskararen berreskuratzeak ondorengo urte-hamarkadetan egin beharreko ziklo luzearen nondik norakoak kezkatuta gaudenak eta uste dugunak oraintxe dela unea eztabaida hori hauspotzeko eta gizarteratzeko.
Oraintxe dugu une historiko egokia euskararentzat dinamika berri bat sortarazteko. Azken helburua euskararekin gaur egun dauden inertziak aldatzea eta iraultzea litzateke, Euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekartzea litzateke, euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko dinamika berria abian jartzea proposatu nahi dizut.
Euskara da euskaldunon aberria. Euskarak egiten gaitu: dagiguna gara. Euskarak elkartu egiten gaitu. Euskara oso elementu trinkotzaile eta indartsua da euskaldunon artean. Euskal Herriko gizarteak, nire ustez, aisa bultzatuko luke Euskararen Herrian euskaraz bizi nahi duten herritarrak bereizkeriaz diskriminaturik dituen inertzia hausteko dinamika berri bat abian jartzea.
Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena.
Ondo baino hobeto dakizun bezala, Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen Euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia, eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat.
Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko, alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, beti ere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa, 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke.
Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko.
Euskaltzaindiak hizkuntza akademia klasikoen Corpus Plangintza lantzeaz eta garatzeaz gain Status Plangintza lantzeari ekin beharko lioke bere lan esparrua zabalduz eta berrituz, beti ere, euskararen etorkizunaren mesederako, izan ere, Albert Einsteinek ziotsan bezala «Emaitza aldatzea ezinezkoa da beti berdina eginda». Berrikuntza eta garapenerako beldur guztiak uxatu behar direla ere zioen Einstein jaunak:«Inoiz hutsik egin ez duenak, ez du sekula ezer berririk egiteko ahaleginik egin».
Etxekalte jokatuko genuke euskarari mesede egiteko aukera esku-eskura izan eta ausardia faltaz helduko ez bagenio. Eutsi diezaiogun Txillardegiren espirituari!
Hauxe eskatu nahi dizut, Andres: mesedez, eraman ezazu proposamen hau Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurara sakonetik aztertua izan dadin eta euskaren etorkizuna irabazteko bide berriak zabal daitezen.
Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu. Lehen egin zuen eta orain ere egingo duela ez dugu zalantzarik.
Aldez aurretik, esker mila, bihotz bihotzez.
Patxi Saez Beloki
Soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria.
Funtsean ados
2015-03-25 / 17:21 / Iñaki Martínez de Luna
Arretaz irakurri dut eta funtsean ados nago. Adostasun horren barruan bi ideiak ez ditut ongi kokatzen; horietako batek, gainera, artikuluaren tesia airean jartzen du:
- 1) Hauxe diozu: "Gaur egungo belaunaldi gazteek, batik bat batik bat inguru zeharo erdaldunduetan euskara bigarren hizkuntza gisa dutenek, euskara eskolako hizkuntza nagusi gisa ikusten dute baina eskolatik kanpo, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskara desagertu egiten da/dute bere eguneroko bizimodutik, salbuespenak salbuespen." Hori, egia izanda ere, irakurketa mugatua da, nire ustez. Adibidez, Iñaki Iurrebasok idatzitako artikuluko 112. orrialdean ikus daiteke gazteak direla, aintzat hartutako eremuetan, erabilera altuena dutenak. Zergatik zigortu -gazteak eta geure burua- gutxi egiten dutela hainbat lekutan errepikatuz? Zergatik ez gehitu gazteek, mugak muga, belaunaldi helduek baino gehiago erabiltzen dutela? Egia da, adibidez, unibertsitateko euskal adarreko askok gehienbat erdaraz ari direla, baina horien guztien gurasoek eta izeba-osabek? Beti egoeraren alderik ilunena azpimarratu beharra dago? Beldur naiz, martxa honetan bat baino gehiago frustrazio betean bukatuko ez ote duen, "hainbat ahalegin eta alferrik" edo halako zerbait pentsatuz. Bestalde, euskalduna izatea maila kognitiboko (ezagutza) gertaera hutsa ulertu partez, sozializazio zabalagoa bezala ulertzen badugu, "euskaraz jakiteak ez luke berez ekarriko euskalduna izatea". Izan ere, hizkuntza komunitate bateko kide izateko ezagutza ez ezik, behar da ere balioak, portaerak, jokamoldeak, atxikimendua, identifikazioa eta abarrak barneratua izatea. Ideia hori ondorioztatu zen, adibidez, Arrue ikerlerroan, 2011ko neurketan: "7. ondorioa: Hipotesia bete da. Arestian mahaigaineratu den Zenbat eta osatuagoa euskararen sozializazioa ikasleengan, hainbat eta handiagoa hizkuntza horren erabilera hipotesia egoki gertatu da ikerlan honen datuen argira. Hortaz, eskolako euskararen erabilera areagotzeko hizkuntza-sozializazioaren baitako funtzio edo dimentsioak euskararentzako egokiago bihurtzea da gakoa. Bide horretan eskolako, familiako eta gizarte hurbileko eragileak funtsezkoak dira, horiek ezarritako sozializazio-baldintzak direla medio. Hizkuntza-sozializazioa indartuz gero, baliteke euskararen erabilera eskolako eremuan ez ezik beste gizarte arlotan ere handitzea. Horrela gertatuz gero, hizkuntza horren normalizazioan beste pauso bat gehiago emango litzateke." ( Martínez de Luna, I. (2014)). Euskara EAEko hezkuntza sisteman: irakurketa soziologikoa. Ikasleak Hiztun. 2011ko Arrue Proiektua. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza eta Soziolinguistika Klusterra (121-133). Alegia, gehienak sozializatu diren baldintza erdaldunetan, atipikoa eta ulertezina litzateke euskararako joera nagusi izatea haiengan. Bestela, ados nago: gazte jendeari gizarte baldintza euskaldunagoak eskaini behar dizkiegu, euskaraz erdizka sozializatuta izanik, hezkuntzan lortu dutena galdu ez, baizik eta aurrerapausoak ematen jarrai dezaten.
- 2)Hauxe da kezka piztu didan beste ideia: "Beste kontu bat izango litzateke, lanpostu bat lortzeko euskara behar-beharrezkoa balitz. Orduan, bai, gizarteak arreta osoa jarriko luke euskara ikasteko eta erabiltzeko, ahalik eta ondoen ikasi eta erabiltzeko, gainera. Baina nola lortu hori?" NOLA LORTU HORI da gakoa, nire ustez. Erantzuna zure artikuluan bertan dago: "Joshua A. Fishman-ek esan bezala, “Akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe; agintariek ez dutelako zehazki definitu problema zein den edo lehentasuna zeri eman. Zenbat eta adostasun falta handiagoa agintari politikoen artean, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak” Beraz, lan-munduak duen erabateko garrantzia onartuta, horretan eragiteko behar den palanka oinarrizko adostasun politikoan bilatu behar da.
(IÑAKI MARTÍNEZ DE LUNA soziolinguista da)
Gazteenak dira, beti, euskararen erabilerarik altuena dutenak
2015-03-26 / 10:28 / Patxi Saez Beloki
Iñaki, bene-benetan estimatzen dizut artikulua irakurri eta zure iruzkina bidali izana. Mila esker hartutako lanarengatik.
Nire artikuluan azaltzen diren bi ideai horien inguruan zera adierazi nahi dizut:
- 1) Arrazoi osoa ematen dizut: Orain arte egindako neurketa guztietan gazteenak dira, beti, euskararen erabilerarik altuena dutenak, hori ukaezina da. Beharbada (eta zure iruzkina irakurrita, "seguru" esango nuke) ez dut asmatu esan nahi nuena ongi adierazten. Gazte guztiengana orokortzeko asmorik gabe nik artikuluaren harira zera ekarri nahi izan dut: euskara bigarren hizkuntza edukita, oso eremu eta inguru erdaldunetan sozializatuta dauden gazteek, euskara, maiz aski, eskolan bakarrik entzuten dutela eta erdararako joera dutela nagusiki (Jakina, hori datuetan oinarritu gabeko tesia da). Eta gazte horiek, erdararako joera hori izanda, erabat erdaraz funtzionatzen duen lan-mundura iristen direnean, euskararen bidera ekartzeko gazte horiekin eskolaren bidez egindako diru-inbertsio eta ahalegin guztiak hutsaren hurrengo gelditzen direla adierazi nahi nuen.
- 2) Nik ere, zuk bezalaxe, gakoa hortxe dagoela uste dut: akordio eta adostasun politikoan. Hain zuzen ere Joshua A. Fishman-en aipua erabili dut ideia hori indartzeko.
Esandakoa, Iñaki, mila esker zure begirada zorrotzarengatik.
Multifaktoriala da gure ajeen panorama soziologikoa
2015-03-26 / 11:10 / Mikel ZalbideEgun on, Patxi:
Erantzun laburra doakizu baina, ustez, oinarritua eta, nolanahi ere, izkutagarririk gabea.
Axaletik hasiko naiz: oro har argia eta zehatza da zure artikulua, bere laburrean. Horrelako artikulu gehien-gehienak baino argiagoa eta zehatzagoa. Ziplo batean irakurtzekoa, gainera. Alde horretatik, erabat azpimarragarria. Azalpenez eta formaz baiezko epaia da beraz nirea. Gatozen mamira.
Konforme nago artikuluan esaten dituzun gauza askorekin: seguruenik gehienekin. Konforme nago, funtsean, eskola-munduaren garrantziaz, bere ahalmen-mugez eta bere lekuaz, egiten duzun azalpen argi bezain sarkorrarekin. Ez nago konforme, aldiz, artikuluan lan-munduari ematen diozun erabatekotasun horrekin. Gauzak ez dira, nire ustez, horrela. Multifaktoriala da gure ajeen panorama soziologikoa, ez monofaktoriala. Behin baino gehiagotan sartu dugu hanka, Patxi, gure gaitz guztien iturri bakarra (suabeago: gaitz gehienen iturri nagusia) elementu bakar batean identifikatu izan dugunean eta gure ahaleginak, gorputz eta anima, gaitz hori konpontzen xahutu izan ditugunean. Are gehiago, panorama multifaktorial horretan gaixotasun-iturri garrantzitsuen ranking bat egin nahi bagenu ere, larrienetik abiatuz, ez nuke nik lan-mundua lehen postuan jarriko. Etxean, auzoan, lagunarte hurbilean, kafetegian eta taberna-zuloan, jolasean eta kirolean, berri-emankizunetan eta astialdiko eskaintzan,.. horietan dauka euskarak, gaur egun, bere aje edo herren nagusia. Baita Azpeitian ere (zer esanik ez, askoz motibo sendoagoz, hortik kanpora). Hor ari gara atzeraka, askok uste baino txistu biziagoan. Baliteke artikulua arinegi irakurri izana eta oker ibiltzea. Zuzen ulertu badut bertan esaten duzuna, zure artikuluak ez dio funtsezko gertaera horri erreparatu ere egiten: ez asko eta ez gutxi. Gabezia larria da hori, nire ustez: oker zabiltza, horra labur esan, "arazo nagusi" delakoaren planteamenduan.
Ez daukat dudarik zipitzena, lan-mundua beti egongo dela heldu euskaldunen hiruzpalau gaitz-iturri nagusien hit-paradeko zerrendan. Ez, aldiz, 25 urtera arte lan-mundutik deskonektaturik bizi diren eta beren sozializazio-atal nagusia tarte horretan gorpuzten duten haurren, neska-mutilen, gaztetxoen eta gazteen artean. Horiek euskal bizibidera ekarriko balira, hein batez, asko aurreratuko litzateke euskara indarberritzeko saioan: baita lan-munduan ere.
Hogeita bost urte arteko (nolahalako) euskaldun horiek euskal bizibidera ezin dira berdin ekarri Azpeitian, Tolosan, Gernikan eta Lizarran. Lehentasuna ere ez da guztietan berdina: ingurumen-giro sanotik hasi behar da, ez harjoa dagoenetik. Perspektiba errealista batek, euskal arnasguneen belaunez belauneko jarraipen-oinarriak segurtatzea eskatzen du. Helduak eta gazte-gaztetxoak eguneroko bizimodu arruntean euskaraz funtzionatzen jarraituko duten baldintzak indartzea: baldintza soziokulturalak, ekonomikoak, urbanistikoak eta abar. Hori buruan sartzen ez zaigun artean, jai dugu.
Labur: perspektiba multifaktorialera ekarri behar zenuke zure artikuluaren ardatza eta, hor bai, helduei (batez ere arnasguneetako eta Azpeitia moduko herriburu zoritxarrez bakanetako helduei) lan-mundu (partez) euskalduna eskaintzearen garrantzi handia (ez bakarra eta ez, seguruenik, lehenengo-lehenengoa) azpimarratu. Ez gaude partida osoa karta bakarrera jokatzeko moduan, Patxi, eta zure artikuluaren formulazioak arrisku hori du berekin.
Egia aurretik, lagun. Bihotzetik txalotzen dut zure saio zintzo bezain pizgarria: ez naiz loxintxan ari. Ea nire ohartxo horiek ezertarako balio dizuten.
Hurrengo arte, Patxi.
(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO soziolinguista eta euskaltzaina da)
Lan-munduari merezi duen arreta jarri behar zaio
2015-03-26 / 20:03 / Patxi Saez Beloki
Mikel, adiskidea:
Bene-benetan estimatzen dizut nire artikuluarekin hartutako lana eta hain zintzo, argi eta tolesik gabe azaltzea zure arrazoiak. Ni ere ilunetan gelditu direnak argitara ekartzeko lanari lotuko natzaio:
Soziolinguistikaren arlo honetan gabiltzanok jakin badakigu, oinarrizko jakin beharrekoa baita, multifaktoriala dela ahuldutako gure hizkuntzaren aje eta hutsuneen jatorria. Beharbada (zure arrazoien argitara hala dirudi), nire aldetik ez dago ongi adierazia elefantearen metafora. Ez dut inolaz ere esan nahi gure gaitz guztien iturri bakarra lan-mundua denik, ez eta egin ditugunak eta egiten ari garen guztiak dauden daudenean utzi eta gure indar eta ahalegin guztiak, gorputz eta arima, lan-mundura bideratu behar ditugunik. Inola ere ez naiz hori planteatzen ari. Adierazten ari naizena zera da: gure hizkuntzaren berreskuratzean, azken 50 urteotan, ibilbide bat egina dugula eta iritsi dela ordua lan-munduko atea zabaltzeko. Lan-munduaren atea zabaltzeak ez du esan nahi etxea, auzoa eta lagunarte hurbila, kafetegia eta tabernazuloa, kirola eta astialdiko eskaintza ahaztu behar ditugunik, lan-munduan euskara berreskuratzeko egin beharreko lanekin itsututa.
Zuk ongi adierazten duzun bezala, orain arteko eskuhartze gehienak, neurri handi batean, 25 urte arteko hizkuntza sozializaziora bideratu ditugu. Nire uste apalez, bada garaia, orain arteko eskuhartzeei eutsiz, heldu aroko jardun esparrurik nagusienean ere, lan-munduan hain zuzen ere, eraginkortasunez jarduteko. Izan ere, orain arte, jaio eta lehen 25 urte horietan jarria baitugu arreta osoa eta ez gara ohartzen, gaur egun, euskararen historiako gazteriarik euskaldunena iristen ari dela lan-mundura eta erdera hutsean antolatua dagoen lan-mundu horrek erdararen uztarripean jartzen dituela gazte horiek guztiak. Hain zuzen ere, lehen 25 urte horietan gizarte egituretatik gazte horiek euskalduntzeko egindako ahaleginak eta erabilitako baliabide guztiak zapuztu eta galbidean jartzen ditu lan-munduak.
Ukaezina da lan-munduak erabateko garrantzia duela pertsona ororen bizitzan. Heldu aroa lan-munduan ardaztuta dago eta, neurri batean, gure bizitzako lehen 25 urteak ere lan-munduari begirakoak dira. Eguneko ordurik gehienak lanean egiten ditugu eta bizitzako urterik gehienak (40-45 urte) ere bai.
Gainera, lan-munduak, gero eta eragin handiagoa du etxean, familian eta lagunartean. Gaur egungo gizarte antolaketa dela eta, etatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanean eta elkarbitzitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere.
Lan-mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie.
Nire ustez, Mikel, lan-munduari merezi duen arreta jarri behar zaio.
Bene-benetan estimatzen dizkizut zure aholku eta iruzkinak. MILA ESKER.
lan-munduan egin litekeena ez da makala
2015-03-26 / 20:29 / Mikel Zalbide
Zoragarri azaldu dituzu, Patxi, azaldu beharrekoak. Goizekoan ere halaxe zeuden esanak agian baina, arinegi eta axalegitik irakurri ditudalako-edo, bestelako enfasi puntua ikusten nuen.
Zer nahi duzu esatea: oso argi eta oso zentzuz esanak daude oraingo guztiak. argi dago lan-munduan egin litekeena ez dela makala, nahiz eta interbentzio-bide konkreturik zehaztera iritsi ez garen. Ez da hori, urrundik ere, zureganako kritika, guztion ahuldadearen aitorpen xotila baizik.
Segi aurrera, Patxi, eta eutsi goiari.
(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO soziolinguista eta euskaltzaina da)
Elefantea hortxe, eta ikusi ez
2015-03-28 / 12:32 / Dabid AnautKaixo, Patxi:
Hire artikulua irakurri diat, eta holaxeko bat pentsaratu zidak: "jode, horixe egia handia, elefantea hortxe zegok eta ematen dik ikusi ere egiten ez dugula". Oso kontuan hartzeko moduko ideia nabarmendu duk, oso zentzuzkoa. Eskerrik asko hire ekarpenagatik.
(DABID ANAUT Goizueta, Leitza, Areso eta Aranoko Euskara Zerbitzuko arduradun-teknikoa da)
Aurrera! ez zaitez isilik geratu, mesedez!
2015-03-30 / 13:40 / Pruden Gartzia
Adiskidea,
Di-da batean irakurtzea otu zait izango zela onena, bestela, gero-gero-gero...
Eta irakurrita ere, erantzuna di-da batean:
1) Ausarta. Banuen gogoa horrelako zerbait irakurtzeko. Edo, horrelakoak irakurtzea oso atsegingarria da. Zerbait berria irakurtzea.
2) Eta ondo idatzia. Argia.
3) Ados nago? Partez bakarrik. Diagnositikoa zuzena izan daiteke, lan-mundua elefantea ez bada, gutxienez tamaina handiko aberea bai. Beraz, diagnostikoarekin ados.
4) Erremedioa: okerra guztiz. Lan-mundua bitan banatzen da gaur egun, sektore publikoa eta pribatua. Sektore publikoa euskalduntzeko eman diren pauso GUZTIZ GEHIENAK porrot hutsa izan dira orain arte (Hezkuntza edo zenbait udalerri aparte utzita, gero esango dut zergatik), eta porrota izan dira dirua ERRUZ erabili den arren. Sektore publikoaren porrotaren arrazoia ez da diru-falta izan, beste zerbait izan da. Eta sektore publikoan urratsik ematen ez badira, guztiz okerra da porrot egin duen errezeta bera sektore pribatura trasladatzea (hots, askoz ere diru gutxiagorekin).
5) Dirua ez da arazo nagusia. Diru barik ez dago ezer, jakina, baina porrotaren arrazoia ez da izan dirua. Beraz, diru gehiago injektatzeak berez ez du hobekuntza nabarmenik ekarriko.
6) Akatsa hau izan da: euskalduntzea indibiduoak (norbanakoak) eta ez zerbitzuak (lan-unitateak). Euskalduntzea dimentsio indibidualean preso uztea. Alegia, zergatik egin du aurrera Hezkuntza sarearen euskalduntzeak? Bada, euskara ikasi eta gero LANEAN ERABILI BEHAR ZELAKO HALABEHARREZ, eta lan-unitateak (eskolak) osorik euskalduntzera jo delako (zehaztapenak zehaztapen), delibero argiz. Zergatik egin du porrot Jaurlaritzaren euskalduntzeak? Bada, euskara ikasi eta lana gaztelaniaz egin behar zelako. Horregatik, zehatz-mehatz esanda, ez beste ezerengatik. Euskara ikasi eta lana gaztelaniaz egin. Zertarako balio du euskarak hor? Ezertarako ere ez.
7) Beraz, lehen urratsa beharko luke izan, adibidez, Jaurlaritzaren berrantolaketa osoa. Erabaki bedi, adibidez, Hezkuntza eta Kultura sailak bi urteko epean euskaraz funtzionatu behar dutela, oso-osorik euskaraz, gaztelaniazko itzulpen-zerbitzu baten laguntzaz (hau da, gaur egun egiten denaren guztiz kontrakoa). Egin bitez horretarako beharrezko leku-aldatze guztiak funtzionarioen artean (beste sail batzuetatik ekarri batzuk eta bertako batzuk beste sail batzuetara eraman). Horrek, jakina, dirua eskatuko luke, baina ez horrenbeste. Hortaz gain, jakina, akordio politikoa eta goi-funtzionarioen estamenduari aurre egitea (batzuen botere faktikoa desegitea). Eta sindikatuekin negoziatu. Eta gaitzeko ikastaro bereziak. Eta abar. Ez da erraza izango.
8) Esperimentu horren ondorioz... agian pentsa daiteke nola euskaldundu enpresak. Bitartean, enpresa pribatuekin orain bezala segitu. Esperimentu bat nahiko, ez dago dirurik danontzako.
Horra nire iritzia.
Baina zure artikuluari dagokionez, kasu guztietan AURRERA! Ea hasten garen gauzak diren bezala esaten, beti zurikerietan ibili barik! Beraz, zure proposamenarekin bat ez banator ere, EZ ZAITEZ ISILIK GERATU, MESEDEZ.
Ondo esanak hartu, gaizki esanak barkatu,
(PRUDEN GARTZIA ISASTI Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendaria eta euskaltzain urgazlea da)
Erremedioan sakontzen
2015-03-30 / 15:37 / Patxi Saez Beloki
Kaixo, Pruden:
Nik egindako diagnostikoa zuzena izan daitekeela diozu baina erremedioa guztiz okerra. Lehenik eta behin aitortu behar dizut artikulua hezur-mamitu dudanean arreta handiagoa jarri diodala diagnostikoari eta erremedioa ez dudala neurri berean jorratu. Garrantzia handiagoa eman diot arazoa mugatzeari eta azaleratzeari konponbidean sakontzeari baino. Dena dela, sar gaitezen xehetasunetan:
1)Nik ez dut dirua, edo diru-falta, erremedioaren arazo nagusitzat jotzen. Nik diru-pizgarriak aipatzen ditut artikuluan. Dirua enpresetan euskara txertatzeko gogo-pizgarri izatea da nire planteamenduaren helburua, dirua "amu" izatea enpresak euskararen bidera ekartzeko.
2)Nire proposamenaren arabera, enpresek ez dute txanponik jasoko, goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatu arte, beraz, dirua jaso baino lehen, enpresek euskaraz funtzionatu beharko dute, bestela, zimikorik ez dute jasoko. Alde horretatik, dirua euskaraz funtzionatzearen truke jasoko dute enpresek, ez bestela. Beste era batera esanda, enpresak guztiz behartuta daude euskaraz lan egitera diru-pizgarriak jaso ahal izateko.
3)Enpresak guztiz euskaraz funtzionatzen hasten direnean jasoko dute diru ordaina. Beraz, administrazioarentzat “diru arazoa” euskaraz funtzionatzen duen enpresa multzo handi bat dagoenean hasiko da. Orduan beste neurri batzuk har daitezke diru zuloa sakonagoa ez egiteko, diru-pizgarriak mugatuz. Horretarako, administrazioak ekonomia eta enpresa gaietan gu baino gaitasun handiagoa duten adituak ditu horrelako diru arazoei konponbidea aurkitzeko.
4)Enpresek guztiz euskaraz funtzionatu arte, helburu hori lortu artean, herri-administrazioaren laguntza jaso dezakete euskara planak garatzeko. Laguntza hori, gaur gaurkoz, dirutan jasotzen dute enpresek Jaurlaritzatik eta foru aldundietatik. Beste aukera bat, enpresei laguntza dirutan eman beharrean, baliabide teknikoak eskeintzea da enpresetan euskara planak garatzeko zentro tekniko eta publikoen bidez, garai batean euskalduntze lanetarako euskaltegi publikoak sortu ziren bezalaxe. Azpeitiko Udalaren ELEGUNE erakunde publikoa da, enpresentzat antolatutako laguntza tekniko horren adibide. Zentro tekniko hauek euskaldunen dentsitate handiena duten eskualdeetan jar daitezke. Eskualde bakoitzean bana. Zentro tekniko hauek, batetik, enpresen euskara planen jarraipen estuagoa egiteko aukera emango lukete eta, bestetik, administrazioak enpresen garapen linguistikoaren informazioa lehenengo eskutik izango luke.
Pruden, zure arrazoiak ez dira makalak eta zure iritzia erabat aberasgarria da euskararen arrerabiderako sortu nahi dudan eztabaidarako. Mila esker zure ekarpenarengatik, bene-benetan.
Elite ekonomikoa euskalduntzea behar-beharrezkoa da
2015-03-31 / 19:44 / Urtzi Urrutikoetxea
Kaixo, Patxi:
Barkatuko didazu ziur aski horren denbora luzea eman dizun artikuluari horren bizkor erantzutea, baina askotan lehen irakurraldi bizkorrean datozen gogoetei jarraitu behar zaie. Hortik abiatuta, iruzkin pare bat datozkit:
Hasteko, erabat ados, aipatzen duzun elefantearekin. Elite ekonomikoa euskalduntzea behar-beharrezkoa da. Nik gehiegi ikertu ez dudan elementua da, hala ere. Zuk egindako 8-8-8 orduko atalean, nik azken 8etako 4 telebistari ematen dizkiogula aztertu dut, gehiago erreparatu diot hezkuntza araututik kanpo ume, gazte zein helduek dituzten beharrei. Badakit "aisialdia euskaldundu" aspaldi esan zela, baina beti elementu subordinatu gisa egiten da, euskarazko ekimenak antolatzen, eta ez ekimenak euskaraz antolatzen sistematikoki. Adibidea: Bilduk Sopelako udala eskuratu eta mezu positibo gisa saldu zuen kiroldegian lehen aldiz euskarazko ikastaroren bat emango zutela. Zalantzarik ez, inoiz egin ez bada, positiboa da behingoan egiten hastea, baina erreparatu beharreko auzia da udal independentista batek sopeloztar euskaldunei erdaldunei baino zerbitzu gutxiago ematen dizkiela. Eta inork ez diola erreparatzen aisialdi hori etxean telebista aurrean gertatzen dela neurri handian, eta etxeko supazterra espainolez dela gaur egun Barakaldon zein Azpeitian. Alde horretan, susmoa dut arnasguneetan ez ote den lasaitze moduko bat gertatzen, Tuterakoak inoiz izan ez dezakeena: zer behar dute Lekeitioko, Bergarako, Azpeitiko, Bermeoko zinema-aretoek espainolez proiektatzeari uzteko? Bestela esanda, ia euskara hutsez bizi direnek nola lortuko dute "ia" horiek kentzea?
Adibide txiki bat baino ez, esateko giltza boterea bera euskalduntzean dagoela. Eta horrek eremu ekonomikoan ere badu eraginik. Baina gaia aurkezteko eran, hankamotz ikusten dut zerbait. Adibidez, hau diozunean:
bat eta bakarra izan beharko luke baldintzak: enpresak, goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatzea, lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izanda, gaur egun, gaztelaniarekin gertatzen den bezalaxe
Arazoa hori da, enpresetan inon ez da ageri espainola jakin beharra. Administrazioan ere ez. Euskaltzaleok baino ez dugu nabari espainola inposatuta dagoela; gehienentzat, egoera naturala da. Legez eskatzen den gauza bakarra euskara da. Eta horri buelta eman behar diogu. Agian filosofikoa dirudi auziak, baina utz diezaiogun euskara(ren ezagutza) eskatzeari, baina egin diezaiogun euskaraz. Hautu pertsonaletan erreparatu ordez, eremu praktikora eraman dezagun: ez dizut ezer eskatzen, baina gu euskaraz bizi gara, eta gurekin lana euskaraz egiten da. Zeuk ikusi badakizun ala ez, baina nirekin egin euskaraz. Hau da, botereak euskaraz egin(araz) dezala. Enpresa batek Parisera zerbait bidaltzen badu, frantsesez egiten du. Tira bada, Euskal Herrian diharduenak euskaraz egingo du. Enpresa guztiek baitituzte harremanak administrazioarekin. Aldez edo moldez, denek egiten dituzte negozioak administrazioarekin. Eta uste dut eremu horretan jotzea ez dela erraza: Kataluniako klabeetako bat, historikoki, burgesiak katalanez egitea izan da. Enpresaburuak katalanez egiten zuen, eta langile askok espainolez. Geroz eta gorago enpresan, katalana gehiago entzuten zen. Gurean, baina, badago mekanismo psikologiko interesgarri bezain kezkagarria: orain, enpresaburu asko euskaldunak dira, enpresa askotako goi-karguetan euskaldunak daude... hau da, gure amama Bilbora neskame etortzean, berehala ikasi zuen espainola, baina gaur sarritan euskalduna egon arren klase ertain zein altuan, hizkuntzaz azpiratuta dago oraindik, etxea garbitzen dionari ere ezin badio euskara "inposatu", nola lortuko dugu enpresa pribatuan urratsik? Zenbat baserri abertzaletan ari dira latin amerikarrak ia espainolik ez dakiten adineko jendea zaintzen, euskaltzale independentistek kontratatuta?
Tira, gaitik urrundu naiz. Esanak esan, horrek ez du kentzen hobari fiskalak eta abar ezartzeko aukera. Anekdota bat: lehengo baten, Bilboko multinazional baten lanean ari den lehengusinak kontatu zigun, enpresako lunch edo antzeko oturuntza batean nagusiak esandakoa, nonbait gin-tonic pare bat hartuta: itxuraz, azken hiletan murrizketa ugari egon arren eta lankide batzuk kaleratu, lehengusina botatzea burutik ere ez zitzaien pasa... EGA daukalako. Enpresan sekula ez du erabiltzen euskara, baina nonbait, enpresak badauka hobariren bat, ez dakit Ogasunaren aurrean edo Jaurlaritzan, EGA duten langile kopuruagatik.
Honaino hiruzpalau ñabardura, agian lartxo luzatuta. Berriz irakurritakoan besterik badatorkit, helararaziko di(zki)zut (eta laburrago egiten saiatuko naiz).
Ondo izan,
(URTZI URRUTIKOETXEA VACAS idazle eta kazetaria da)
Ezinezkoa da gaitasun komunikatiborik garatzea hiztun-komunitaterik gabe
2015-04-01 / 10:02 / Joxe Manuel Odriozola
1.- “Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu azken 50 urteetan”.
Txepetxek esaten zuen euskara normalizatzen hasiko dela belaunaldi berriak eskolako transmisio kulturalean eta komunitateko transmisio naturalean sozializatzen direnean. Ni ere iritzi berekoa naiz: UEMAko herrixketan izan ezik, ez dut uste hezkuntza-sistemak sortzen dituen euskaldun berriak gaitasun “betea” eduki dezaketenik. Ezta etxeko hizkuntza praktika euskalduna denean ere, alegia, guraso euskaltzaleak dituztenean ere. Ezinezkoa baita gaitasun komunikatiborik garatzea komunitaterik gabeko eskolako sozializazioaren bidez solik. Bai, D ereduan eskura dezakete gaitasun linguistiko edo akademiko “on” bat, baina gaitasun hori oso urrun dago gaitasun komunikatibotik. Gaitasun komunikatiboa duen hiztun bat edozein komunikazio-esparrutan moldatzen da; aldiz, transmisio kulturala bakarrik jaso duena komunikazio-gai akademikoetan moldatzen da ondo batez ere.
2.- Lan mundua: “horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”.
Quebecen ondo asko ohartu ziren horretaz: 101. legea batez ere lan mundua frantsesteko jarri zuten indarrean. Mundu horretan ingelesaren ezarpena gero eta handiagoa zenez, erabaki zuten lan esparruko hizkuntza frantsesa bihurtu ezean, gizartearen gainegituran (hezkuntza, eskola…) frantsesa nagusiaraztea erabat lan antzua zela. Zuk diozun gauza bera: alegia, “egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak”.
Kontua da euskaldunok ez daukagula Quebecko komunitate frantsesak zeukan indar politikorik botere ekonomikoaren sisteman bere interesen araberako hizkuntza plangintzarik ezartzeko. Zure proposamenak egokiak dira horretarako borondaterik eta ahalmenik bageneuka. Ez dut uste euskaldunok neurri horiek hartzeko komunitate eta klase politikorik daukagunik.
3.- “Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?”.
Arrazoi duzu: hizkuntza minorizatu baten komunitateak ez du bururik jasoko bere hizkuntzak “balio” sozial eta komunikatiborik eskuratzen ez duen bitartean. Mundu ekonomikoaren interesak eta komunitate minorizatu batenak hurbiltzea oraingoz euskaldunon esku ez daudenez, beharbada hobe izango dugu lehendabizi euskara eskolaren eremutik atera eta komunitate-hizkuntza bihurtzen saiatzea. Horrek ez du esan nahi eskualde batzuetan (UEMA: Tolosaldea, Urola…) lan mundua euskalduntzeko plangintzarik indarrean jarri behar ez litzakeenik. Horretan ere Txepetxekin bat nator; oker ez banago, eskualde horietan euskarari funtzio komunikatibo guztiak esleitzeko politikak egitetik hasi behar genuela baitzioen.
(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR gizarte-hizkuntzalaria da)
Gizarte euskaldun gero eta indartsuago batek bakarrik lortu lezake lan esparrua (ere) euskalduntzea
2015-04-02 / 13:33 / Bittor Hidalgo
Atzo leittu nian artikulua, eta oso argia iruditu zitzaitean, oso irakurgarria eta oso ondo garatua esan nahi dekana esateko.
Beste gauza bat dek hik jartzen diokan lehentasuna jarri nahi izatea lan mundua euskalduntzeari. Noski, lan munduak euskaraz egingo balu lan, askoz ere errazago genikek euskaldunok gure biziraupen euskalduna.
Eta noski, garrantzizkoa diagu hor ere eragitea, eta erakustea euskeraz ere garatu litekeela lana/ekonomia, lehenago erakutsi degun bezela kimika nuklearra ere ondo asko irakatsi litekeela euskeraz.
Baina iruditzen zaidak, hik ere aitortu bezela, hain zuzen lan esparrua dela / izan litekeela zailen(etako)a euskalduntzen, hain zuzen borondateak, nahiak, gogoak, ideologiak, oro har, beste esparru askotan baino pisu gutxiago duela enpresen errentagarritasunean, zein dan enpresaren irauteko modu bakarra (helburu bakarra ez bada ere, eta are gutxiago gu bezelako herri txiki batentzako). Eta beti erakutsi zezakeagu euskeraz jardunda, eta bertan sortu litezkeen herri senidetasun sentimentuei esker, hobeto ere, solidarioago eta beraz are errentagarriago egin lezaketela dalako enpresa edo bestea. Baina, halako
inposizio/dekretu/nahi
bat lortu litekeela amestea balizko
gobernu baten subentzioei esker, etzaidak erreala iruditzen. Are
gutxiago jakinda subentzioen bultzada oso epe motzekoa baino ezin
litekeela izan, eta jakinda ekonomia (lan esparrua), zientzia eta
aurrerapenak bezala gero eta lotuago datozela munduko esparru
globalizatuari. Hau da, ingelesez. Eta zuzenean ingelesari heldu nahi ez
badiogu (gure arteko anti-inperialista
askok nahi ez duen
bezela), horrek ezinbestean derrigortzen gaituela ingelesezko itzulpenak
jasotzea espainolaren eta frantsesaren bidetik, eta hizkuntza hauen are
mendekoago.Garraintzizkoa dek lan esparrua euskalduntzea, baina nire ustea dek gizarte euskaldun gero eta indartsuago batek bakarrik lortu lezakeela lan esparrua (ere) euskalduntzea, eta hori beti, ingelesari heltzen badiogu gainetik ezin kenduz gabiltzan espainolaren eta frantsesaren mendetik libratzen hasteko.
Artikuluaren hasiera asko gustatu zitzaitean, orain arte egindakoaren balorazioa nahiko zuzena eta objektiboa iruditu zitzaitean, eta ikaragarri gustatu zitzaitean hire lehendabiziko ondorioa, lan esparruaren kontuari heldu aurretik, eta pena handia eman zidakean gero ez jarraitzea ondorio horren lortzeko bideetan sakozduz. Diokanean: "EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Eta bidegurutze horretan gaude: erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez. Beste aukera bat da euskara belaunalditik belaunaldira bigarren hizkuntza bezala iragan dadila."
Ze nire ustez hori dek gure gaur eguneko EAEko eta Nafarroa Garaiko behuintzat eremu
euskalduneko
erronka (Nafarroa Garaiko eta areago Iparraldeko gure erronka da,
gutxieneko, euskaldunon (ko-)ofizialtasuna lortzea gure lurrean, eta
gutxieneko EAEn lortu dugun neurrian): Nola bihurtu ondoko
belaunaldiarentzako AMA/LEHEN HIZKUNTZA izatea, gaur egun askorentzat,
gehienentzat BIGARREN HIZKUNTZA baino eztana.Eta galdera hori bideratu eta publizitatu behar diagu belaunaldi euskaldun berri horietan.
EAEn 2011n datuetan oinarrituta 40 urtetik azpiko %62,49 da EUSKAL HIZTUN, eta beste %32,16 EUSKARAZ, GUTXIENEZ, ULERTZEN DUENA -%5,36 'ERDALDUN ELEBAKAR'-, behin azken etorkin berrien ekarria zuzendua -125.000 baino, biztanleriaren %14 baino gehiago- (2016an datu haek 7-44 urte bitartekoenak izango dira, eta 2-39 bitartekoen datuak hauek baino hobeak izanen dira); etorkin berrion emana zuzendu gabe eta 2011ko dautuetan oinarrituta 40 urtetik azpiko %54,15 dela EUSKAL HIZTUN, eta beste %27,87 EUSKARAZ, GUTXIENEZ ULERTZEN DUENA -%17,98
ERDALDUN ELEBAKAR
(2016an datu haek 7-44 urte bitartekoenak izango dira, eta 2-39
bitartekoen datuak hauek baino hobeak izanen dira) (ni ari nauk orain
datu hauek ateratzen erroldetako emaitzetatik eta ez zeudek inun
argitaratuak).Eta bikote umegile guztiei eragin behar diegun galdera/hausnarketa horrelako zerbait behar likek (komunikatiboago esanda, noski):
Zer nahi duzu(e),
- Zuen seme-alabak etxean
espainol
hazi datezen, etxeko hizkuntza, zuen (eta bere) hizkuntza espainola izanik, eta euskara, zuetako askorentzat bezela, bigarren hizkuntza baino ez? - Ala zuen sema-alabak
euskaldun
hazi daitezen, etxeko hizkuntza (eta hala, bere) hizkuntza euskara izanik, eta noski, espainola, eta oso bereziki ingelesa izanik bigarren hizkuntza?
Zuen esku dago.
- Zuen arteko hizkuntza espainola izaten segiten badu, nahiz eta haurrari tarteka euskaraz esan gauzak, bere hizkuntza
espainola
izango da, etaespainol
haziko da. - Edota zuen arteko etxeko hizkuntza aurrerantzean (eta haurrarena beraz)
euskara
izatea, eta euskaldunmundutar
haztea, bigarren hizkuntza bezala ondo ezagutu eta erabili ahal izango dituena gainera espainola eta ingelesa?
Ni halako hausnarketatan nebilek, eta horregatik gustatuko zitzaitean gehiago hortik jo bahu, baina norbera dek norbera…
Animo eta segi lanean, zeregine bazeukeagu eta…
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakaslea da)
Zergatik ez ahalegindu? Zaila delako?
2015-04-02 / 23:24 / Patxi Saez Beloki
Kaixo Bittor:
Lehenik eta behin, nire eskerrona azaldu nahi diat hartutako lanarengatik.
Heuk aitortzen duk euskararentzat berebiziko mesedea litzatekeela lan-munduak euskaraz egitea. Orduan, zergatik ez diagu ahalegindu behar? Zaila delako? Hobe duk egin eta damutzea, ez egin eta damutzea baino. Gainera, noizean behin ez badiagu porrotik egiten seinale ez dugula ezer berritzailerik egiten. Huts egiteak beti zekarrek aldaketa eta, hori, berrikuntza duk. Ez diagu porrotaren beldur izan behar, beldurra duk porrota.
Beste alde batetik, egia duk euskararen lurraldearen luze-zabalean behar asko daudela, oinarri-oinarrizkoak ere bai toki askotan. Ni ez nauk ari esaten hizkuntzaren biziraupenerako behar oinarrizko horiei lehentasunik eman behar ez zaienik eta erantzun gabe utzi behar ditugunik, baizik eta, azken 50 urte hauetan ibilbide bat egina dugula, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ibilbide horretatik gaur egungo egoera honetara iritsi garela: EAEko 20 urtez azpiko gazteen %70a euskalduna duk. Hori bai, gazte horiek guztiak ez zeudek neurri eta gradu berean euskaldunduak. Eremu erdaldunetako gazteak batez ere, komunikazio gaitasunean oso kamutsak dituk, hain zuzen ere, bete-beteko komunikaziorako funtzio guztiak osotasunean garatzeko hiztun-komunitaterik ez daukatelako, neurri handi batean, linguistikoki isolatuta daudelako eta eskolatik bakarrik jasotzen dutelako jasotzen duten apurra. Hain zuzen ere, horixe nabarmendu nahi izan diat: gazte horiek erdarazko lan-mundura iristen direnean, aurretik gizarte-egituretatik euskalduntzeko eta euskarazko bizibidera ekartzeko egindako ahalegin guztiak zapuztuta geratzen direla. Alegia, egindako lan guztia ezertarako ere ez duk, harrika botatzen diagu. Eta, ez diagu ahaztu behar, bigarren hizkuntza euskara duten gazte horiek, 30 urtez azpiko euskaldunen %58 direla. Beraz, behar gorria diagu, gazte horiei, eskolan bezala, lan-munduan ere, euskarazko bizibidean jarraipena emateko.
Gainera, lan-mundua gizarte bizitzaren erdigunean, bihotz-bihotzean dagoen harreman esparrua duk. Laneko giroan kolkoratutako erdal hizkuntza ohiturekin makina bat bikote eta lagun arteko harreman sortzen dituk enpresetan. Heldu aroan, gutako edozeinen bizimodua, lan-munduaren jira-bueltan zegok ardaztuta eta bertan egiten diagu bizitzako denbora-tarterik handiena.
Gaur egun, euskarak EAEn duen egoeratik abiatuta, herri-erakundeek (Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek, batik bat) euskararen berreskurapenaren gurdia, nire ustez, bi gurpilen gainean ardaztu behar diate: eskola eta lan-mundua. Bi gurpil horiekin lortuko diagu euskarak tajuz aurrera egitea, bestela, gurdia, gaur egun gertatzen zaigun bezalatsu, herrenaren herrenez, arrastaka eraman beharko diagu, horrek sortzen dituen neke eta ezinekin.
Diagnostikoan arrazoi
2015-04-05 / 08:34 / Bittor Hidalgo
Eskerrik asko erantzunagatik ere, ze arrazoi guztia dek diagnostikoan. Nik ez diat oraingoz modurik ikusten lan-mundua "orotara" euskaratzeko, aurretik beste gizarte esparru batzuk geureganatu gabe (familia, zerbitzuak, euskaldun "bihotzekook" euskara nonahi erabiltzearen harrotasun hedatua…). Hortik nire bildurre dagoeneko guztiz tematzeko "elefantearen" ehizatzearekin… Hor ere pausoka egingo dugulako bidea… Baina noski hik garbi daukekan bezela, bide egiten hasi beharra zeok, aurrez aurre ez bada ere, azpiak janez, lan munduan ere gure aldeko birusak zabalduz…
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakaslea da)
Patxi Saezen elefantea
2015-04-03 / 09:03 / Itziar Idiazabal
Patxi Saez Belokiren azken artikuluak nirea baino gogoeta sakonagoa mereziko luke, baina nik bat-bateko erantzuna besterik ez dakart. Uste dut merezi duela egin duen lanak, eta bizi duen momentuak.
Ez dut nire burua inoiz euskararen hizkuntza politikaren arazo nagusiena zein den pentsatzen jarri. Nire ibilbide pertsonala eta profesionala euskararen jabekuntza-irakaskuntzari eskaini diot, eta zerbait esaten ausartzen banaiz beti eremu horretara mugatu izan naiz. Orain ere argudioak eremu horretatik datoz Patxiren lanak emandako hizpideari heltzeko. Era oso laburrean esanda, Patxik proposatzen duena euskararen aje nagusiei/nagusiari? aurre egiteko lan-mundua euskalduntzea litzateke, eta hartarako pizgarri bezala diru laguntzak (eta haiek bideratzeko behar den plangintza, jakina) ikusten ditu irtenbide nagusi modura.
Edozein proposamen egiteko diagnostikoa ezinbestekoa da eta hor, ez nator erabat bat Patxirekin. Batetik irakaskuntzaren lorpenak aipazten dira, eta egia da izugarri aurreratu dugula, baina hor ere aje handiak ditugu. Esaterako lanbide heziketan dauden hutsueneak nabarmenak dira. Beste ikasmailetan ere kontua ez da amaitu, kuantitatiboki maila gorena lortu dela dirudien arren. Euskal irakaskuntzari asko falta zaio Finlandiakoaren pareko izateko. Izugarri daukagu egiteko eskola den euskalduntzearen eremu garratzitsu horri askoz etekin hobea atera ahal izateko.
Aje bezala eta hasiera hasieratik euskaldun berrien pisua aipatzen da artikuluan. Horrela esaten ez den arren, euskaldun berri izatea aje bezala ageri da, edo horrela irakurri dut nik. Kontuz! Euskadun berria zer den ere garbi ez dagoenean (1), euskaldunen erdia baino gehiago zaku horretan sartzen da, eta arazo bezala ageri dira euskararen erabilerarako. Kontraesana dagoela iruditzen zait hemen. Eskolak izugarrizko lana egin du baina euskaldun berriak sortu dituenez orain lan mundua behar da erdi-euskaldun guzti horiek ekinean jartzeko. Eskolak euskaldundutako euskaldunez ari bagara ezin dugu arazo bezala hitz egin, edo hartarako susmoa sortu. Nire uste apalean gure eskolaren arrakastarik handiena dira, hain zuzen ere, euskaldun hauek. Eta erabilera kontuan, etxetik euskaldun direnen arazo edo arrisku antzekoak dituzte.
Lan-munduan euskararekin lotutako pizgarriak jartzeari ez diot arazorik ikusten hartarako dirua eta borondate politikoa egonez gero. Baina ez nuke lanaren mundua orokorrean aipatuko. Uste dut, gaurko gazteen lan-mundua begiratu behar dela lehentasunez, asko, izugarri direlako lanik ez duten eta ondo prestatuako gazte euskaldunak. Eta lanik izan gabe erdarara jotzeko arrazoi gisa lan mundua ezin erabili.
Euskararen lorpenetan internetekoak ere ageri dira artikuluan; komunikabideetan ere asko egiten da, telebistan esaterako. Halere, dirudienez gazteek telebista gutxi ikusten dute, irratia ez dakit, eta egunkariak zer esanik ez; batez ere interneten bidez elikatzen den bideo mundua omen da alorrik erakargarriena gazteentzat. Zaharragoentzat ez dakit. Eta hor zer dago euskaraz?
Dirua zertan gastatu badago, eta aipatu dudan mundu horretan asko gastatu daiteke. Badakigu gazte euskaldun asko daudela alor horretan ere gaituak direnak (marrazkilari, argazkilari, bideo egile eta informatika teknikariak), baina ez daukate lanik. Agian, euskarazko sorkuntza beharrezkoa den eremuetan eta gainera erabilera bereziki erakargarria duen horietan gastatu behar da diru gehiago. Gazte euskaldun ondo prestatutako asko dago internet bidez eragin izugarria duen mundu “izkutu” horretan dabilena, non irudiarekin batera hizkuntza ere erabiltzen den. Ingelesa beharrean, edo harekin batera nahi bada, euskara erabiltzeko ziztagarriak jartzea ezinbestekoa iruditzen zait.
Seguruenik, nik ere ez dut asmatu elefantea zein den, baina behar bada, batetik eta bestetik elefante-kumeak ikusiko ditugu, eta ez dugu zorriekin dirurik eta denborarik galduko. Nolanahi ere, eskerrik asko Patxiri gogoetarako aukera emateagatik.
(ITZIAR IDIAZABAL GORROTXATEGI Euskal Filologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea)
Oin-oharrak:
(1) ikus ortega, a. eta beste, hiztun berrien hizkuntza-identitatea, nolako euskalduna naiz? bat soziolinguitika aldizkaria 87-88, 2013 (2-3) | 151-170.Euskararen urre gorri
2015-04-03 / 22:33 / Patxi Saez Beloki
Kaixo Itziar:
Lehenik eta behin, esker mila hartu duzun lantegiarengatik.
Nik ez ditut inola ere «aje» edo «arazotzat» hartzen eskolaren bidez euskaldundu diren gazteak, alderantziz, nire ustez, euskarak duen altxorrik handiena dira: urre gorria. Hain zuzen ere, euskarentzat urre gorri direlako ez ditugu galdu behar. Eta, gaur egun, lan-munduak galbidean jartzen du gazte horien euskalduntasuna. Eskolaren bidez euskaldundutako gazteak dira eta, eremu erdaldunetan, ez dute hiztun komunitaterik izan hiztun oso baten gaitasun linguistiko guztiak garatzeko (hori da daukaten ajea). Euskara bigarren hizkuntza dute eta gaitasun komunikatibo mugatua lortu dute eskola izan dutelako beraien euskalduntasuna garatzeko iturri ia bakarra. Gazte horiek, heldu aroan, lan-mundu erabat erdaldunduan murgiltzen direnean kamustu egiten da beraien euskalduntasuna ia desagertzeraino. Horregatik eragin beharra dago lan-munduan, besteak beste, gazte horientzat euskarazko bizibideak jarraipena izan dezan, bestela, euskararen aurrerabiderako ezinbestekoak diren gazte horiek galdu egingo ditugu erdararen atzaparretan.
Hurrengo 30 urteetarako hizkuntza plan sendo eta zehatz bat behar dugu
2015-04-04 / 10:22 / Mikel Irizar Intxausti
Oso bat nator artikuluaren hizkera eta diagnosiarekin. Ondo deritzot azpimarra enpresan jartzeari, esperientziaz bai dakit euskarak hor zenbat daukan irabazteko. Kutxan hizkuntza kudeaketaren arduradun izan nintzenean urrats esanguratsuak eta sistemikoak egin genituen, eta esperientzia bikainak metatu.
Eskarmentu horretatik erantsiko nioke proposamenari lehen hedadura. Diru-pizgarriak, zentzu zabalenean hartuta ere, diruarekin lotzen dira zuzenean. Eta badira enpresarentzat beste mota batzuetako irabaziak ere.
Dirua eskaintzea bezain eraginkorra izan daiteke, kasuan kasu, enpresari beste irabazi horiek aurkitzen laguntzea, analisi eta diagnosi egokien bidez (Ikus nire aspaldiko artikulu hau). Giltzarria da hizkuntzaren kudeaketaz ari garenean ere, enpresari hitz egitea bere parametroetan, erabakiguneetan daudenek ulertuko duten maneran. Horretan asmatuz gero, enpresak bilakaera oso azkarra izan lezake hizkuntzaren gaian, dirua tarteko izan gabe ere.
Bigarren hedadura kontzeptualagoa da. Egia da euskara eskolan ikasi duen gazteak motibazio erantsia behar duela hizkuntza berria bere hautu nagusi bihurtzeko. Eta lan esparruan aurkituko duenak neurri handian baldintzatuko duela hautu hori. Onartzen dut, beraz, artikuluan duen lehentasuna aitortzea enpresetan eragiteari.
Baina uste dut euskarak bizi duen unea –neurri batean artikuluak berak ere adierazten du- ez dela normalizazio prozesuan hobekuntzak egitekoa, baizik eta prozesu osoa berrikustekoa. Eta berrikuspen horretatik atera behar dela prozesu berri bat, beste 30 urtetarako ibilbidea markatuko diguna.
Hain zuzen, honaino ekarri gaituen bidean hiztun berriak egitea izan da helburu nagusia. Eta helburu hori neurri batean lortu da. Eta hiztun berriak lortu ahala, funtzio eta esparru berriak irabazi dira euskararentzat. Gaur posible da ingurune batzuetan ehuneko handian euskaraz bizitzea, bizimodu oso irekia eginda ere. Baina hori lortu den neurri berean, egonkortu dira poltsa handiak –geografikoak eta funtzionalak- euskararik gabekoak.
Hurrengo ziklo luzearen helburua izango da gaur egun ingurune batzuetan dugun aukera hori orokortzea eta eskubide bihurtzea. Eta horretarako beharko dugu hizkuntza plan sendo eta zehatz bat. Hain zuzen enpresa edo erakunde batzuk euskalduntzeko erabili diren tresnak eta hartu den eskarmentua erabilita.
Nire ustez, normalizazioa teknifikatu egin behar da eta egungo eztabaida subjektiboetatik aldendu. Indar izugarria xahutzen dugu iritzi eta usteen gaineko liskarretan; objektibatu dezagun analisia eta datuen gainean hitz egin. Eta horrekin batera, normalizazioa politizatu egin behar da eta ‘estatu arazo’ bihurtu, hau da, alderdien interes legitimoen gainetik kokatu behar da hiztun komunitatearen gidaritzapean.
Gizarteari azaltzen bazaio badagoela epe luzeko plan bat hiztun bakoitzaren hizkuntza hautua eta eskubideak bermatzeko, eta alderdi nahiz eragileak ados jarri direla plan hori bultzatzeko, orduan bai emango diegula herritar guztiei motibo bat pisu handikoa elkarbizitza marko horretarantz jotzeko, bakoitza dagoen lekutik.
(MIKEL IRIZAR INTXAUSTI euskaltzale ekintzailea da)
Gaia estrategikoa zaigu
2015-04-08 / 14:45 / Paula Kasares
Patxi, agur,
Zure artikulua irakurri dut, gogo onez gainera. Lehenik, esker mila nirekin parkekatzeagatik. Halako hausnarketak beharrezkoak ditugu. Egunerokoak dakarren abiada zorotik ezin atera gabiltzala sentitzen dut anitzetan.
Orokorrenetik xeheagora eginik, iruzkin hauek:
- Gaia, ezin uka, estrategikoa zaigu, euskarak gizartean duen lekua bete-betean ukitzen duena. Zure tesia, testuan letra lodiz emana, hau da: Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Hala irakurrita, esaldia biribilegia egiten zait, lan mundua eta bertze munduak (aisi mundua, kultura mundua, familia mundua…) bereiz balihoaz bezala, eta lan mundu hori bat bakarra, bera eta beti-batekoa balitz bezala agertzen baita. Nago, aldiz, buruan enpresa mundua duzula gehiago, lan mundua oro harturik baino. Edonola ere, xehetasun batzuk eginik zer nola hartzen duzun azal zenezake eta zure tesia zehaztuxea eman.
- Bertzalde, hizkuntzaren geroa sektore ekonomikoari lotzen diozu. Horretan ere, ez dakit iragarpen biribilik egiterik dagoen. Kultura-materialismo handiegia akaso. Nik dakidala, literatura soziolinguistikoak ez du argi frogatu arlo ekonomikoan eraginik bakarrik hizkuntzaren egoera braustakoan irauliko denik. Arlo sozioekonomikoan euskara beharrezkoa izatea hizkuntzaren gizarte irudian, balioan eta erabileran aldaketak ekarriko lituzkeela, ados, baina bertze munduez ahaztea ez da komeni. Ñabardura kontua izan liteke.
- Proposamenei oharturik, euskarari gizarte-balioa emateko enpresetarako diru-pizgarriak ez ezik euskarari tokia egiteko dauden arrazoiak eta abantailak enpresek ikus ditzaten estrategiak ere aipa zenitzake. Ikus Kataluinian egin berri dutena
Buruenik, ados zurekin, errealitatearen aitzinean utopiak sortzeko ahalmena inoiz baino (edo beti izan duzun bezain) bizirik behar dugu.
Besarkada, Patxi, eta zure ataka horretan zaudela, kemen eta gogoa.
Segi fin,
(PAULA KASARES CORRALES Nafarroako Unibertsitate Publikoan Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakaslea da)
Lan munduari merezi duen garrantzia
2015-04-08 / 16:51 / Patxi Saez Beloki
Kaixo, Paula:
Bene-benetan estimatzen dizut nire artikulua irakurtzen eta iruzkintzen hartutako lana. Zuk egin dizkidazun antzeko oharrak egin dizkit Mikel Zalbidek ere nire artikuluaren gainean. Eta honako argibideak eman dizkiot idatzi dudanaren argigarri:
"Soziolinguistikaren arlo honetan gabiltzanok jakin badakigu, oinarrizko jakin beharrekoa baita, multifaktoriala dela ahuldutako gure hizkuntzaren aje eta hutsuneen jatorria. Beharbada (zure arrazoien argitara hala dirudi), nire aldetik ez dago ongi adierazia elefantearen metafora. Ez dut inolaz ere esan nahi gure gaitz guztien iturri bakarra lan-mundua denik, ez eta egin ditugunak eta egiten ari garen guztiak dauden daudenean utzi eta gure indar eta ahalegin guztiak, gorputz eta arima, lan-mundura bideratu behar ditugunik. Inola ere ez naiz hori planteatzen ari. Adierazten ari naizena zera da: gure hizkuntzaren berreskuratzean, azken 50 urteotan, ibilbide bat egina dugula eta iritsi dela ordua lan-munduko atea zabaltzeko. Lan-munduaren atea zabaltzeak ez du esan nahi etxea, auzoa eta lagunarte hurbila, kafetegia eta tabernazuloa, kirola eta astialdiko eskaintza ahaztu behar ditugunik, lan-munduan euskara berreskuratzeko egin beharreko lanekin itsututa.
Zuk ongi adierazten duzun bezala, orain arteko eskuhartze gehienak, neurri handi batean, 25 urte arteko hizkuntza sozializaziora bideratu ditugu. Nire uste apalez, bada garaia, orain arteko eskuhartzeei eutsiz, heldu aroko jardun esparrurik nagusienean ere, lan-munduan hain zuzen ere, eraginkortasunez jarduteko. Izan ere, orain arte, jaio eta lehen 25 urte horietan jarria baitugu arreta osoa eta ez gara ohartzen, gaur egun, euskararen historiako gazteriarik euskaldunena iristen ari dela lan-mundura eta erdera hutsean antolatua dagoen lan-mundu horrek erdararen uztarripean jartzen dituela gazte horiek guztiak. Hain zuzen ere, lehen 25 urte horietan gizarte egituretatik gazte horiek euskalduntzeko egindako ahaleginak eta erabilitako baliabide guztiak zapuztu eta galbidean jartzen ditu lan-munduak.
Ukaezina da lan-munduak erabateko garrantzia duela pertsona ororen bizitzan. Heldu aroa lan-munduan ardaztuta dago eta, neurri batean, gure bizitzako lehen 25 urteak ere lan-munduari begirakoak dira. Eguneko ordurik gehienak lanean egiten ditugu eta bizitzako urterik gehienak (40-45 urte) ere bai.
Gainera, lan-munduak, gero eta eragin handiagoa du etxean, familian eta lagunartean. Gaur egungo gizarte antolaketa dela eta, etatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanean eta elkarbitzitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere.
Lan-mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie".
Nire ustez, Paula, lan munduari merezi duen garrantzia eman behar diogu, izan ere, maiz, begibistan dugun "elefantea" den arren nekeza egiten baitzaigu behar bezala neurtzea gure gizarte bizitzan duen benetako eragina.
Mila esker, berriz ere.
Lan-mundua euskalduntzea problema nagusietako bat
2015-04-08 / 15:38 / Zigor Etxeburua
Epa, Patxi Eskertzen dizut konfidantza, benetan. Tira, egin dituzun baieztapenak, denak, nire egiten ditut. Hori bai, horiez gain ere beste batzuk behar direla uste dut. Hau da, zure lehen aipamenak (“Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe”, Fishman) dioena hartuz,
problema-elefante
nagusia dela lan mundua euskalduntzea diozu, baina problema-elefante
NAGUSIETAKOA dela esango nuke. Besteak:Hezkuntza
A eredua baztertu behar da, hezkuntzaren derrigorrezko maila guztietan. Euskalduntzen duen hezkuntza behar dugu, eta hori oraindik ez dago ziurtatuta. Pentsa, euskaraz nahikotasunez jakingo ez duten belaunaldi berriak ari gara fabrikatzen, oraindik. Noiz eta zergatik euskaldunduko dira ez-euskaldun horiek? eta euskalduntzen ez badira, 80 urterako (bizi esperantza) arazoa dugu, ziur. Horrekin batera, helduen euskalduntzea doan behar du. Ezagutzen duzu horren inguruan dudan iritzia, gaztelaniaz jaso nuen iritzi artikulu honetan
Estatusa
Lan mundua euskalduntzea nola? une batean aipatu duzu
lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izanda
,
baina ez duzu zehazten enpresen-langileen borondatez izango den hori,
legez behartu beharko den... Argi dago LEGEZ egiten ez bada, gaurkoan jarraituko dugula
. Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua bide bat da,
gutxieneko demokratiko bat bermatu behar duena: euskaraz artatua izateko
eskubidea. Lan mundua euskalduntzeko bidean, ZERBITZUAK EUSKARAZ ematea
inflexio puntua da, legea betetzea esan nahi duelako (justifikatua,
eztabaidaezina), zerbitzuen arloak langile asko dituelako eta zerbitzuen
arloa indartzen ari delako. Gainera, lana euskaraz egitera iristeko
palanka bikaina da, urrats asko aurreratzen eta behartzen dizkie
enpresei.Edonola, kanpoan behartzearekin batera, administrazioak berak eredu behar du, eta horri dagokionez, KONTRAESAN betean bizi da EAEko administrazioa. Ez ditu bermatzen euskaldunon hizkuntza eskubide aitortuak, ez ditu zerbitzu guztiak euskaraz ematen. Euskararen legearekin batera jaiotako gazteei zer esango die bere zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gai ez den administrazioak? Are okerragoa da ordutik aurrera jaiotako gzteei (nire alaba gazteena 2010koa da, eta bere pediatrak hortxe hortxe daki euskaraz). Administrazio guztiek BATERA ezarri behar dituzte neurri eragingarriak, aldaketa benetan eta bizkor gerta dadin. Hain zuzen ere, Gipuzkoan abiatu dugun bidea helburu horrekin hasi dugu.
Sentiberatzea
Horrek guztiak behar du erdaldunak ENPATIZATZEA euskaraz bizizalearekin. Ezin du jarraitu euskaraz bizizaleak izateko baimena eskatu beharrean. Estres linguistikoa, benetakoa, mingarria, larria, ez euskaldun berriak bizi duena (ez diot garrantzirik kentzen, erlatibizatzen baizik), euskaraz bizizaleak bizi du.
Edonola, euskaraz bizi nahiko duten euskaldunak behar ditugu, eta horretan ere insistitu behar dugu. Ildo horretan aspalditik/dagoeneko ari gara erakunde eta elkarte askotatik, eta ondo ari gara, hobeto egin daitekeen arren (mezua sektorializatuz, adibidez).
tira, baliagarri bazaizu, on egin!
(ZIGOR ETXEBURUA URBIZU Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararako zuzendari nagusia da)
Unea dugu 35 urteko eskarmentua bildu, aztertu eta aldatzeko
2015-04-09 / 14:34 / Roberto Manjon Lozoya
Kaixo Patxi.
Iruditzen zait euskararen normalizazioaren gainean maila batean ari diren testu gehien-gehienak ezintasuna saihesten dabiltzala, begiak ixten, eta horretarako alboratzen dugula diagnostiko benetako bat egiteko aukera, kontzienteki nahiz konturatu gabe. Horrela, idealismoaren bidetik zein anbiguetate eta kontzeptu lausoen eremuan bilatzen dugu abaroa. Bizkar ematen diogu azterketa naturalista bati, hots, egitateei estuki loturik hausnartzeari. Horrela, batetik, analisiaren oinarrizko langaiak alboratzen ditugu, eta bestetik, esangura lausoko kontzeptuak -edo esangura gabekoak- erabiltzen ditugu, gure aurreiritziekin bat datozen ideietara heltzeko.
Adibidez, euskaldun, hiztun, ezagutza erabiltzen ditugunean, zer esan nahi dugu? Edo zein da hitz horien esangura? Benetan "800.000 hiztun izatera iritsi da" euskara? Benetan Bilbo da "euskaldun gehien bizi den hiria"? Ez dut uste. Euskara-agiri bat eskuratu duena euskalduna da? Zein da euskaldunaren baliokide homologagarri bat? Anglono? Ingeles? Euskalduna izateko euskal hiztun-herriko kide izan behar da? Hizkuntza ezagut daiteke erabili gabe? Ez dut uste, are gehiago, eguneroko bizitzak erakusten digu ez dela horrela. Adibide bat jarriko dizut: Bilbo-Basurtuko osasun-erakundearen euskara-zerbitzura hurbiltzen diren hamar euskaldunetatik zortzi erdaraz zuzentzen zaizkigu, eta jarrera alde batera, utzita, nolanahi ere den, sarritan ez dute euskaraz jarduteko gaitasunik, ezta EGA agirian eskuan dutela ere.
Horretaz gainera, euskararen erabilera diogunean, argitu beharko genuke erabilera zer den, erabilera ez baita gauza bat eta bakarra anizkuna baino, nahiz erabilera-mailak desberdinak direla, nahiz erabilera-eremuak, nahiz gaitasunak diferenteak. Adibide diakroniko bat, konparazione. Euskal herri hagitz euskaldun bateko etxe oso euskaldun batean, duela hamarkada batzuk erabilerak bazuen sendotasun bat, trinkotasun bat, kutur batasun bat, bizitzaren alderdi ia guztiak besarkatzen zituena: denak ziren euskararen arnasguneak. Egun, ondikoz, euskaldun horien hizkuntza-jarduera zulatuta dago, mehetuta, zatituta beste hizkuntza eta segmentu kultural batzuek zeharkatuta, partekatuta, nahastuta. Baiki, badakit, ez gara itsuak, eta zeu, neu eta gehienok arazo kontzeptual hauetaz kargututa gaude, alta, ez gara koherente izaten ezagutzen dugunarekin, ez dugu jakin nahi. Agian, aldez, positiboa da jokabide hori, kemen apur bat eskuratzen dugunez geroztik ezjakintasun horretatik. Egiak ez dira berez onuragarriagoak ideia faltsuak baino: zertan laguntzen duten da gakoa.
Zorrotzagoak izan nahian, euskaldun kontzeptua euskal hiztun-herriko kide esangurara mugatzen badugu -komeriak edukiko genituzke hiztun-herri hori ere zedarritzeko-, zehaztu beharko genuke maila soziopolitiko, sozioekonomiko, soziokulturalean balizko herri hori zer den, zer mami duen. Arazo horretaz ohartarazi nahi izan nuen "Etxean nagusi artikuluan" (Berria) eta, berriki, "Euskalgintzatik euskal gizartegintzara" artikuluan. Hala da; alferrik dihardugu euskal herria materialki zer den kontuan hartzen ez badugu. Euskal hiztun-herria maila horietan ezer ez bada, ezin izango da biziberritu, suspertu, eta halatan, plan guztiak lasto fits izango dira, hutsaren hurrengoa.
Gure buruaren egitura linguistikoak ere tronpatzen gaitu, filosofatzen du, oker, gure ordez: subjektua+objektua+aditza. Hizkuntza subjektutzat edo objektutzat hartzen dugunean - "euskarak aurrera egin", "euskara biziberritu", "normalizatu" -, ez gara konturatzen metaforaz hitz egiten ari garela, hobeto esanda, metonimia batez, berez, hizkuntza ez baita ezer, ez du gorputzik: hiztunak daude, hiztun-erkidegoak, giza taldeak, eta hiztun horien jokabide linguistikoak, sozialak, politikoak, ekonomikoak ... Beraz, euskararen arazorik ez dago, edo bestela esanda, zorrozki, ez dago arazo linguistikorik, soziokulturala baizik, eta soziopolitiko, sozioekonomiko. Gure arazoa poliedro bat da, eta aurpegi horiek ditu batasun batean. Azken finean, eskematismo osoz, esan dezadan botere-arazo bat dugula (botere soziala, ekonomikoa, politikoa, kulturala, linguistikoa).
Zeuk egiten duzun bezala, zilegi da geure buruari itauntzea ea euskara bigarren hizkuntza izatea nahi dugun, alegia, ez ama-hizkuntza bat, edo lehen hizkuntza. Bestela esanda, ea nahi dugun euskaldunak -hiztun-herria- bigarren mailako gizarte-jarduera batzuetarako bildutako erkidegoa izatea, adibidez, Euskararen Eguna eta zenbait kultur ekitaldi erdi erritualizatu batzuetarako. Nire iritziz, euskarak bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa ez du etorkizunik, ezin baita herri edo erkidego izan, ez behintzat horren gaineko lotura sendoagorik ez badago, esate baterako, erlijiozkoa (juduak), kulturazkoa (ijitoak) eta horien eratorriak eta nahasketak. Denok ezin gaitezke hiztun-herri baten periferiko, norbaitek izan beharko du guneko kide. Zeren, berez, zer eskaini ahal dio balizko euskal hiztun-herri aizun horrek herritarrari? Euskalduntasuna kultur izariz gabeturik badago, izari sozialik ez badu, orduan, zer du? Hain interesgarria ote da euskararen inguruko kultura gero eta arruntagoa? Euskarak bakarrik egingo du interesgarri? Nolako euskara da kultura globalizatu bat adierazten duena, berezko mundurik ez duena?
Horiek horrela, gaia perspektibaz ikus dezagun: euskal herria gizartean gora ez badoa, ez ekonomian, ez kulturan, ez politikan...., alderantziz, menderik mende behera badator eremu horietan guztietan, orduan, nekez ondoriozta genezake mundua irabazteko moduan gaudenik, ezta gure txokotxoaren ondoko kaletxoa ere. Eta guztiarekin ere, euskalgintzak, sozialak nahiz instituzionalak, buruan daroa ardatz estrategiko nagusia euskal herriaren hedapenak izan behar duela, handituz joateak, gizartea azpiratzeari buruz goazelarik. Eta, halarik ere, inork ez du azaltzen, argitzen, zehazten, zentzuz bederen, zabalkunde hori nola egiten den, zertan oinarritzen den. Ardatz nagusi gisa, ez ote da hiztun-herria trinkotuz joateko xedea zentzuzkoagoa? Behinola horixe proposatua izan zen, hots, geure burua defendatzean datzala gure lantegirik behinena, nahiz eta hedapenari bekozkoa ez jarri, ez erabat behinik behin.
Aitzitik, bide galduetan gabiltzalarik, iparrorratza magnetizaturik (imantaturik), atzerantz goaz oinarrizkoenean, nola arnasgunetan hala euskaldunen familia-erabileran ere. Trinkotzearen gaia behin baino gehiagotan jorratu dut, iragaitzez batzuetan, zuzenki noizbait; interesik baduzu, irakurri "Euskararen jarraipena eta azpiegitura handiak Euskal Herrian" (Bat, 72, 2009-3). Zerbait argi daukat hamaika zalantzen artean: gizartearen norabidean aldaketa sakonak gertatu behar dira euskal hiztun-herriak bere burua aurrera aterako badu, orain arteko norabidea aldatu gabe, lehengo bidetik gabiltzalarik, hodeiertzean dakusagun tokira helduko baikara, Hadesen erresumara.
Ez naiz baikorra, ez baitut ikusten bidetik datozen aldaketak gure alde daudenik, ez behintzat gehienak ez eragingarrienak. Are gehiago, guk geuk ez dugu aldaketa sakonik nahi, gure garaiko gizakumeak baikara, gure garaiko gauzak baititugu gustuko, ez ordea gure bizimodua eta sinesmenak inarrosi ahal dituzten aldaketak. Izaki bizidun guztion inertzia naturalaren eskutik, segurtasuna nahi dugu, eta gure gorputzeko fluidoek behartzen gaituzte pentsatzera historiaren gailurrean gaudela, iragana iluna, odoltsua, ankerra, jasanezina izan dela: vade retro, utikan! Amaginarrebak esaten zuenez, Koru ta altari alda batera ezin leike (korua eta aldarea ezin daitezke aldi berean izan), baina geuk bietan nahi dugu aldi berean egon. Barkatu berriro nire burua aipatzen badut, baina artikulu batean espekulatu nuen euskal hiztun-herriak izan lezakeen balizko irtenbide bati buruz, zientzia-fikziotik hurbil, baina golkoan darabilgunak ez zidan ematen beste aukerarik: "Bigarren globalizazioa: amaieraren hasiera?" (Uztaro 74, 2010).
Horrenbestez, hezkuntza da gure aitzakia nagusi, ihesbide eta itxaropena. Nire aburuz, eskolak ez du euskalduntzen -gure baldintzetan, oro har, ezinezkoa da, J.Fishmanen teoriaren arabera -. Beraz, ezin dugu pentsatu, ez bete-betean behintzat, "eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten du". Jakina, diozunez, argi dago euskarak -hiztun herriak- gizartean inoiz aurrera egingo balu, alegia, boterea berreskuratuko balu, lan-mundura zabaldu eta hein batean bederen menderatu beharko lukeela. Baina nago une honetan Euskal Herriko inguru gehienetan antzua litzatekeela esfortzu hori, eta arrazoia arestian esana da: ez dugu horretarako gizarte-oinarririk; lekutan gaude, oro har, inflexio-puntu horretatik. Noski, baldintza egokiak daudenean, gakizkion, ekin, lan-munduari, baina ez gaitezen lehentasunetan tronpatu, arrunt egiten dugun bezala. Bestalde, diozunaz oso bestera, euskararen ezagutza giltzarria da Administrazioko hainbat lanpostuz jabetzeko, gehienetan oso atarramentu apalarekin edo bat ere gabe. Zergatiak ez ditut berriro hona ekarriko.
Azken finean, lan-mundua euskalduntzea ez da berez burugabekeria, alabaina, burugabekeria abiaburua bera da, hots, abiaburu eza. Noraino ote da bideragarria gaur egun lan-munduak euskaraz funtzionatzea? Noraino da bideragarria administrazio publiko, gobernu, osasungintzarentzat? Zein dira jarduera-eremu horiek guztiak zeharkatzen dituzten sare juridikoak, ekonomikoak, politikoak ...., eta linguistikoak? Non dituzte sareok botere-guneak? Zein dira gure giza oinarriak eta oinarri materialak, gune ekonomikoak, botere-guneak, gizatalde teknikoak, langileria ..., euskaraz lan-munduan jardutea erakarria izan dadin edo, areago, ahalbidetzeko modukoa izan dadin? Nork erabaki behar du enpresak euskaraz funtzionatzeagatik diruz laguntzea? Erdal munduko agintariek apika? Badago edo egon daitezke bestelako agintaririk? Zein gizartek onartu eta sustatu behar du inbertsio eskerga hori? Menturaz, erdal gizarte honek?
Amaitzeko azpimarratu nahi nuke ez dagoela konponbide magikorik, eta horien artean sartzen ditut normalean proposatzen ditugun aterabide idealista horiek, kasu, itxaropena hezkuntzan jartzen dutenak, edo funtsean berdina dena, kulturaren aldaketan eta antzeko sasi konponketetan. Ohituta gaude arazo gehienen iturria eta irtenbidea eskolan ikustera. Orobat, sarritan entzuten dugu ardatza euskarazko (kultur) ekoizpen erakarriak sortzea dela; hori ere zerbait magikoa da, zeren, zerk egiten du produktu bat erakargarri? Gaurko gizartearen balioetan, nekez izango da euskal hiztun-herriari loturiko zerbait, eta oso erraz EEBBetako auzo zikin, satsu, kirastu, lizuntsu eta erdi hondatu bateko gaizkile beltz batek sortutako ia edozer. Esan gabe doa ezen txalogarriak direla euskal ekoizpen onak sortzeko ahaleginak, behar ditugu-eta, noski, eta halaber, nire mirespena merezi dute euskara lan-munduan sustatzeko ekimenek ere. Arazo ez datza hor: arazoa balioespen, itxaropen, lehentasun, eta estrategia oker edo egokiak asmatzean datza. Eta ez dugu denbora luzerik ez sobera baliabiderik xahutzen ibiltzeko.
Hala, bada, nire uste apalez, ahalegindu gaitezen burua lepo gainean izaten eta eskarmenturik ikasten, izan ere, unea dugu 35 urteko eskarmentua bildu, aztertu eta aldatzeko. Eta uneak ez dira itzultzen, ez bada filosofoak aurreikusi zuen zer beraren betiereko itzuleran. Kontsolamendu zoroa (eta agian horregatik, mistikoki, beharrezkoa).
Ondo izan eta gora bihotza, zure liburuan esaten zenuen bezala, gure borondatea behintzat hor da, eta funtsezkoa da, guretzat behinik behin.
(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da)
Etorkizuneko erronka nagusiak finkatzeko ekarpen kualifikatua
2015-04-14 / 08:52 / Iñaki Iurrebaso Biteri
Oso gustura irakurri dut Patxi Saezen artikulua. Bereziki interesgarriak iruditu zaizkit gogoetaren tonua, argudiatze moldea eta egileak erakusten duen inplikazioa.
Azken urteotan euskalgintzaren inguruko gogoetetan aipatzen den bezala, ziklo luze baten bukaeran eta beste bat hasi nahian gaude euskaldunak. Patxiren artikuluak testuinguru horren usaina du nabarmen: eguneroko lanetik burua altxatu, eta epe luzeko ikuspegiz etorkizuneko erronka nagusiak zein diren finkatzerakoan ekarpen kualifikatua egin digu artikulu honen bidez. Izan ere, euskararen berreskuratze bidean proposamen argia planteatzen du Patxik hurrengo hamarkadetarako: lan mundua euskalduntzea da euskarak EAEn duen erronka nagusia.
Bereziki baloratzekoa iruditzen zait Patxiren inplikazioa. Nabarmen busti baita artikulu honetan. Euskararen inguruan ari garenean, dezente hedatutako joera baita “guztia da garrantzitsua” pentsatzekoa eta “lehentasun” anitz finkatzekoa, praktikan hainbatetan lehentasunik batere ezarri gabe. Patxik, ordea, argi eta garbi egiten du apustu: lan mundua da lehentasuna. Ausarta iruditu zait, gainera, lehentasuna hor ezarrita, aurrera egiteko garaian ere bidea zein den argi proposatzea: diru pizgarriak behar dira enpresak euskalduntzeko. Asko gustatu zait, halaber, artikulua osatzeko Patxik darabilen argudiatze moldea, iritzi subjektiboetan baino gehiago egoera soziolinguistikoari buruzko datu objektibagarrien gainean sendo eraikia.
Patxiren tesi nagusiari helduz, lan munduarena al da euskararen “elefantea”, etorkizunean landu beharreko jardun-gune nagusia? Patxik dioen bezala, gure egunerokotasunaren zati handi bat lanean pasatzen dugula kontuan hartuta, eta lan munduak berez duen “prestigioa” aintzat hartuta, ukaezina iruditzen zait lan munduak duen garrantzia. Neroni, hala ere, zaila egiten zait beste hainbat eremu “lehentasunezko” ez izendatzea. Nire iritziz, etorkizuneko erronkak finkatzerakoan garrantzi berezia izan beharko lukete, batetik, azken hamarkadetan ziurrenik gutxien aurreratu izan diren alorretako bik: familiako transmisioa eta erabilera babestea eta indartzea batetik eta lagun arteko harreman informaletan euskara sendotzea bestetik. Eragiten zailagoak diren alorrak izanik ere, funtsezkoak iruditzen zaizkit euskara etorkizunean osasuntsu gara dadin. Oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, halaber, hedabideen eta teknologia berrien alorrak, non, Patxik dioen bezala, euskarazko eskaintza minimo bat bermatua egon arren gaur egun, euskarazko kontsumo mailak bereziki apalak diren oraindik.
Bukatzeko, eta lan munduari dagokionez, Patxik iradokitako bideari ekarpen bat egingo diot: euskara sustatzeko Patxik proposatzen duen bidean aurrera egingo balitz, interesgarria litzateke politika publikoek udalerri euskaldunenetako enpresetan eragiteari lehentasun argia ematea, euskararen etorkizuna bermatzeko hil edo bizikoa baita euskal guneak trinkotzea eta arnasguneak babestea. Ikuspegi praktikoago batetik, gainera, errazagoa eta eraginkorragoa izango da udalerri euskaldunagoetan eragiten hastea zonalde erdaldunagoetan eragitea baino.
Hurrengo hamarkadetarako norabidea finkatzeko ahaleginean, ongi etorria izan bedi Patxiren azterketa ausarta, eta etor bitez proposamen konprometitu gehiago.
(IÑAKI IURREBASO BITERI soziologoa da)
Eztabaidarako dokumentua
2015-04-16 / 07:00 / Imanol Esnaola
Arratsalde on, Patxi:
Ohiturak eraginda artikuluaren amaierara jo dut (erreferentzietara) artikulua generoaren ikuspegi teknikotik aztertu nahian. Hantxe topatu dut zure osasun egoerari buruzko aipamena. Zer esan? Ezagun zaizkit halakoak eta eutsi larruari tinko!
Hori esanda, zure lana iritzi artikulu jasoen eremuan kokatuko nuke, tesi baten oinarriak jarri eta iritzi edo proposamen bat gorpuzteko egiten ditugun horietakoa, ez genuke “literatura grisa” deitzen den horren eremuan edo lan dibulgatiboen eremuan kokatuko. Eztabaidarako dokumentua da. Hel diezaiogun hortik.
Hortik begiratuta, nire iritziz baliatzen dituzun erreferentziak (eta falta diren beste zenbait, besteak beste eremu geografiko desberdinetako problematikari dagozkionak) lan munduak duen garrantzia azpimarratzeko baliatzen dituzu. Neuk ez nuke eremu propositiboa horrenbeste mugatuko. Zabalago hartuko nuke kontuan izanik adin-talde, lurrade-eremu eta bestelako zirkunstantzia sozialek hizkuntzaren inguruan dinamika desberdinak sortzen dituztela. Esaterako, lan-mundua esatean hainbat eremu daude eta bakoitzari eginkizun bat eman behar, alegia, tailerrean lan egin, administrazioan, gerentzian edo salmentan, ez da gauza bera eta kasu bakoitzaren gaitasun “birtuala” zehaztu beharko genuke plangintza helburuz aplikatu ahal izateko. “Donuts” saltzaileen kasuan banatzaileak berebiziko eragina du, Panda Softwareren kasuan zer axola dio kontseilari ordezkaria nongoa den programatzaileek euskaraz egiten badute… Baina horrezaz gain, kultur ekoizpenetan hizkuntza aldetik eragileak zein diren zehaztu behar genuke mundu sinbolikoaren eragina baldintzatzeko (Katalanaren legean berebiziko garrantzia eman zioten orain 15 urte) eta horrela lan munduarekin batera hainbat esparru, formalenetatik intimoenetaraino. Tesia hauxe izan zitekeen, erabilera esparruen kategorizazio berri baten beharra eta horren araberako plangintza baten garapena.
Edonola nire ikuspegitik gakoa ez dago “planifikazioa” erdigunean jartzean. Planifikazioa kontzeptu lausoa da, planfika daiteke goizago iristeko, beranduago, elkartuago, zatituago. Planifikazioa ez da bakarra, eta kontraplanifikazioaren eragina ez dugu gutxietsi behar. Beraz, planifikazioa baino kontzeptu sendoago bat behar dugu artikuluaren haria (iparrorratza)bideratzeko, esaterako: Normalizazioaren hurrengo helburuak eta bideak, berreuskalduntzea xede. Badakit “berreuskalduntze” kontzeptua eremu politikoan minbera gerta daitekeela, baina euskaltzaleon eremuan… Gure garapen intelektuala ez luke baldintzatu behar euskararen kontra dihardutenen aldarteak. Besterik da gero nola sozializatu.
Euskara lanbide dutenen nahigabe eta ezinak aipatzen dituzu. Ederki ezagutzen ditut, baina, demagun euskararen berreskuratze eta normalizazio teoria baten arabera, lanpostu eta eginkizun sozial desberdinak kategorizaturik ditugula. Kasu horretan, udal teknikarien xedea, eginkizuna eta espero zaizkion emaitzak tasaturik izango genituzke, baina halako sailkapena egin gabe dugun aldetik hizkuntza teknikaria uholdearen aurrean dagoen suhiltzailearen modukoa da, ari eta ari eta ezin bustialdia eragotzi, gehienez, eremu bat babestu eta bestea xukatu. Gainera, teknikari askok arazo hori gabezia pertsonal moduan bizi dute eta gainerakoen gabeziak (profesional eta arduradunenak) bere egiten dituzte, baina ez da egia, tresna bakoitzak bere eraginkortasuna du eta konbinazioz bakarrik lor daitezke emaitzak.
Fishmanek dionarekin ere ez nator guztiz bat, txiki eta handiaren arteko diferentzia nondik begiratzen den da, euskararen kasuan berebiziko garrantzia izan du eta du txikizkako normalizazio lanak, hor ulertu behar da plangintza oro, ekintza desberdinen arteko uztarketak
Azken 50 urteak, euskararen pizkundearenak direla diozu. Ados! Baina zein da xedea, egiten ari denaren xedea, euskara bera ala euskalduna / euskal hiztun taldea? Euskal hiztun taldea da hizkuntzari eutsi eta geroratzen duena. Ikuspegi horretatik azken 50 urteak gazi-gozoak izan dira. Esaterako euskal hiztun taldeak nozitu duena Ipar Euskal Herrian edo Nafarroa Garaian, udalerri euskaldunek bizi izan dutena… gure oraingo balantzea ez da egin behar 1970ean zegoenaren arabera, gaur egun behar-beharrezkoak ditugun baldintza eta elementuen arabera baizik. Eta horretan ez naiz zeu bezain baikor.
Azken batean euskararen arrakastak aipatzen dituzu, baina nik euskarak eta euskaldunek kristalezko sabai ugari topatzen dutela esango nuke hainbat esparrutan, horren arabera plangintzari oinarriak emateko.
Azken aipamen bat, adostasun politikoaren osagaiak bere baitan osagai distortsionante bat du, adostasuna ez da hizkuntzaren gainean ehuntzen, paktu orokorragoen gainean baizik, horrela, adostasunaren helburuak beste nonbait jarri ondoren eraikitzen da hizkuntza politika, besteak beste, ez baitira euskal hiztunen eskubideak erdian jartzen.
Tira esandakoak ez dakit askorik balio duen, baina iritzi trukerako aberasgarria gertatu zait, zeuri ere hala izatea espero dut.
Animo zailtasun berrien aurrean!
(IMANOL ESNAOLA Gaindegia behategiko koordinatzailea da)
Aldi aldaketa alde izan dezagun
2015-04-19 / 23:33 / Kike Amonarriz
Ongi definitu du unea Patxi Saez adiskideak: “Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra”. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan etapa aldaketa baten erdian gaudela esango nuke, eta horren adierazpiderik nagusiena “lehendabiziko hiztun osoen belaunaldia” da. Gazte hauetako gehienek D ereduan ikasi dute, jatorriz erdaldunak dira, euskara batuarekin eta euskal telebistarekin jaio dira, euskararen erabilera ofiziala ezagutu dute (hala den eremuetan), sare sozialak eta Internet euskaraz erabiltzeko aukera izan dute…
Belaunaldi hau da urteotan lan munduan sartzen eta guraso izaten hasi dena. Eta beraien hizkuntza portaerak eta praktikak erabakiko dute hein handi batean euskararen garapena eta norabidea: estatu-hizkuntza normalizatuen egoerara hurbilduko gara edo Irlandako gaelikoaren bidea hartuko dugu?
Hizkuntza egoera guztiak dinamikoak dira. Horregatik da kezkagarria hainbat esparrutan euskararen bilakaerak ageri duen “impasse” moduko egoera: kale neuketetan edo etxeko erabileran hobekuntza nabarmenik ez, euskarazko hedabideen kontsumo datuak, hainbat ikastetxe eta unibertsitateren ezintasuna erabilera sustatzeko, herrietan dinamika indartsu berri gutxi, etab. Jon Sarasuak “Hiztunpolisa” liburuan dioen bezala, euskararen “botilak zuloak ditu, betetze-erritmo jakin batetik behera ibiliz gero gehiago hustera egiten dutenak”. Alarmarik ez, baina kasu, beraz!
Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zait hurrengo 25-30 urteetara begira, euskararen normalizazio prozesuari bulkada estrategiko berri bat ematea eta urte hauetan guztietan administrazioan eta euskalgintzan sortu diren inertziak astintzea. Euskarak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak behar ditu: ezagupenetik erabilerara, periferiatik erdigunera, irakaskuntzatik lan mundura, gelatik kalera, ohikotik berrira, 2. hizkuntzatik 1. hizkuntzara, gune euskaltzaletatik gizarte osora. Zentralitatea eta lehentasuna behar ditu, bai agenda politikoetan eta baita eragile desberdinen egitasmoetan.
Horretarako klabe nagusi batzuk aipatzen ditu Patxik: ”botere-egituren erabakiak, agintari politikoen arteko adostasuna, eliteen aldaketa...” Eta lan-munduan jartzen du arreta nagusia “horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”.
Problema nagusia baino, nagusietakoa dela esango nuke. Irakaskuntzarekin batera, 3 eremu estrategiko ikusten ditut: erabilera ez formalari dagokion eremu zabala (etxea, eskolorduz kanpoko jarduerak, aisia…), kulturgintza eta hedabideak (sorkuntza, eskaintza, kontsumoa, sare-sozialak…) eta Patxik dioen bezala lan-mundua.
Aipatu dituen puntu gehienekin ados banator ere, ñabardura garrantzitsu bat egingo nuke lan-munduan euskara txertatzera eramango duen arrazoi nagusiaren inguruan. Garbi dago, era honetako egiturazko aldaketa bat gauzatu ahal izateko diru-pizgarriak eta laguntza instituzionalak ezinbestekoak izango direla, baina horiek baino garrantzitsuagoa iruditzen zait lan-munduan parte hartzen duten eragileen motibazioa, inplikazioa eta ekimena. Enpresari, arduradun edo/eta langile eta sindikatuen kontzientzia aktiboak bermatuko du, nire ustez, euskararen erabilera lan-munduan. Eta hori bultzatzeko lagungarriak izango dira diru-pizgarriak, baina baita administrazioaren eta bestelako eragileen eskaera enpresei: esleipenetan, ahoz nahiz idatzizko harremanetan, produktu eta zerbitzuetan erabili beharreko hizkuntzetan, baldintzetan, etab. Nire ustez, kontzientzia aktiboa eta euskararen eskaera hori zabaltzen diren neurrian euskaldunduko da lan mundua.
Azken batean, artikuluaren amaieran esaten den bezala “euskaltzaleen ekimen sutsua, gizartearen onarpen zabala eta botere egituren erabakiak” beharko ditugu lan-mundua euskararen erabilerarako gune bilakatu eta bertan euskara beharrezkoa bihurtzeko.
(KIKE AMONARRIZ GORRIA soziolinguista eta komunikatzailea da)
Euskara erdigunean jarrita: sinple bezain gaitz.
2015-04-21 / 16:59 / Txerra Rodriguez
Zorriak
Ez dakit Patxi Saezek artikuluan dioena hala den, ez dakit, baina gustatuko litzaidake jakitea. Elefantea zein dugu? Zeintzuk zorriak? Eta zeintzuk elefanteari buelta emateko egin beharrekoak?
Izan ere, Patxik aipatutakoa ez dakit elefante nagusiena den, baina argi dago elefantea dela. Lanean ematen ditugun orduak aintzat hartuta, argi dago etorkizunean orain arte baino garrantzi gehiago eman behar diogula euskaldunok lanari. Jakina.
Datuak datu eta iritziak iritzi, horri oratu behar diogu orain arte baino gehiago. Eta, agian, errazenetik hasita. Zerbitzugintzatik, hain zuzen ere. Izan ere, euskara kudeatzeko plana duten enpresa asko gaur eta hemen industrialak dira. Baina jendartean duten eragina ez da oso handia. Zerbitzuetan, aldiz, eragina handiagoa da (biderkatzaileagoa behintzat).
Eta haiei zelan eman aurrerabidea? Argi dago legeek (dekretuek, arauek edo dena delakoek) eragina dutela eta orain arte baino indartsuagoak eta xeheagoak behar ditugula. Eta bete beharrekoak, beste edozein lege bezala.
Baina ezin dugu ahaztu behar kontsumitzaile gisa dugun indarra. Eta hori ere baliatu behar dugu. Gero eta gehiago kontsumitzen (ei) ditugu bertako produktuak, ekologikoak eta abar. Eta hizkuntzaren aldagaia ere sartu behar dugu hor, indartsu, antolatu eta egituratu.
Beste elefanteak
Gaitasunak eta praktikak (edo ezagutza eta erabilera). Praktikak eta gaitasunak. Eta aukeratu. Troinu horretan ere dantza egin behar dugu sokasaltoan estrapozu egin barik. Eta orekatu, eta oreka lortu eta aurrera jo.
Zerk bultzatzen du pertsona bat euskararen aldeko hautua egitera egunerokoan? Zerk ez? Zerk oztopatu? Jirabira horretan aritu beharko dugu aurrerantzean orain baino finago, dezente finago (h)aritu.
Soziolinguistika horrexegatik existitzen da: pertsonok (elebidunok behinik behin) aukeratu ahal dugulako. Alde batera edo bestera, euskara edo erdarak, gure kasuan. Eta aukera horiek egiteko arrazoiak elikatu behar ditugu azken finean: zerk eramaten du pertsona bat hizkuntza bat hautatzera? Zerk ez? Orain eta hemen.
Nik uste dut galdera hori egon beharko litzatekeela egiten dugun ororen atzean. Honek laguntzen du pertsona bat(zuk) euskara aukeratzera? Eta lanak laguntzen du, noski laguntzen duela, baina beste gauza askok ere laguntzen dute.
Eta horiek, agian, gure komunitateak dituen beste elefanteak dira: hezkuntza, lagunarteak, administrazioa, komunikabideak, kulturgintza, herri-giroa, …
Elefanteak elefante, integralago eta osoago jokatu behar dugu aurrerantzean, nitik eta gutik, haiek ahaztu barik, arnasguneetan eta “itoguneetan”. Goitik behera eta behetik gora, ezker-eskuma, traganarruen antzera, zintzoago eta biluziago. Eta zelan egin hori? Ez dakit, baina barruntatu dezaket: euskara (euskaldunok!) erdigunean jarrita eta bestelakoak kenduta (alderdikeriak eta enparauak). Sinple bezain gaitz.
(TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ soziolinguista da)
Elefantea familia barneko hizkuntza-transmisioa da
2015-04-22 / 16:00 / Nick Gardner
Nire aburuz zentzuzko asko esaten dituzu, kazetari batek dakien goxotasunarekin gainera. Irakurritakoan arrapaladan sortu zaizkidan burutazio nagusiak honako hauek dira:
Elefantea ala elefantearen hanketariko bat?
Errazago esango nuke honela: elefantea familia barneko hizkuntza-transmisioa dela. Elefante hori ongi ibil dadin, hanketariko bat, zuk ongi azpimarratutakoa, lan-mundua (edo behintzat horren zati bat) da. Familia barneko hizkuntza-transmisioa justifikatzen duen giroa, partez behintzat (baina ez kasu guzti-guztietan), lan-munduak sortzen duena da.
Elefantea, bere osotasunean, niretzat bestea da, beraz: belaunez belauneko geroratzea. Transmisio-tasak altuak omen dira, baina zalantzak ditut transmisio horren kalitateaz, sarritan familia barnean gaztelania (edo frantsesa) ere aldi berean eta, akaso, are indartsuago transmititzen delako, zenbaitetan albo-hizkuntza nagusi horiek familian ere nagusitzen direlako eta, itxuraz, euskarari lehen urteetan sarritan ematen zaion lehentasunari ez zaiolako gero familia guztietan eusten. Askok itxuraz uste duten baino ahulxeago da belaunez belauneko transmisio hori, nire ustez.
Euskaldunberriak eta euskaldun zaharrak?
"Erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez." Ados.
Baina berehala egiten dut (Fishmani, nire ustez, jarraiki) euskaldun zaharren alde. Euskararen bizi-iraupenari dagokionez kasu kontatuetan irits daiteke euskaldunberria euskaldun zaharra bezain garrantzitsua izatera (Txillardegi bat, adibide?): batez ere, bere seme-alabak, baldin baditu, etxetik euskaldun heztera iritsiz.
Hizkuntzak bizirik jarraituko badu, euskaldun zaharrak mimatu behar dira, batez ere. Haiek baitira hizkuntzaren iraupenaren muina. Bestetik, aurrerapen handi bat azpimarratzen duzu, niretzako arrazoi osoz: euskaldun zahar belaunaldi berriek, oro har, euskaraz ere dakite irakurtzen eta idazten. Horietako batzuek, gainera, neurri xume edo handiagoan, irakurri eta idatzi ere egiten dute!
Enpresa guztiak?
Asko eztabaidatzen ez duzun puntu bat enpresen artean ezarri beharreko lehentasuna da. Pizgarriak, praktikan, nekez iritsiko zaizkie denei eta are gutxiago enpresok nahi luketen neurrian. Lehentasun-sistema bat beharko da, beraz.
Nire lehen puntuaren arabera zera esango nuke: bertako hizkuntza-transmisioan gehien eragin dezaketen horiei eman behar zaiela lehentasuna: agian, berriro Fishman-i jarraiki, herri edo auzo bakoitzeko hurbileko zerbitzuetan (demagun eguneko erosketak egiteko dendak, etxean konponketak egiten dituzten enpresek/banakoek (igeltserua, linterneroa, arotza, argiketaria..., zerbitzu pertsonalak (masaia, ile-apaindegia, eguzki-kabinak...). Sarritan, beraz, Lanbide Heziketan prestatu diren eta txikitako ingurunean geratzen diren pertsonak inplikatzen dituena.
Ez hainbat, atzerrian bere salmenta nagusia egiten duten nazioarteko koperatiba horietako goi-mailako teknikariak, sarritan kanpotarrekin atzerri-hizkuntzetan aritu behar dutenak, lanean bertan behintzat ia euskara hutsez aritzeko aukerarik ez bada. Ez dut esan nahi beste arloetan ezer egin ezin daiteekeenik, bakar-bakarrik belaunez belauneko transmisio horretatik hurbilen diren enpresei lehentasuna eman behar zaiela.
Edozein modutan ere, enpresa gehien-gehienetan, euskal arnasgune bakanetatik kanpora, langileek, euskara bertan erabiltzerik baldin badago ere, gutxienez bi hizkuntzarekin jokatu behar dute, nazioartean salmentarik ez badute egiten behintzat. Enpresa baten hizkuntza-trataera finkatzean bertako hizkuntza guztiak kontuan hartu behar dira, beraz: enpresa batek jatorrizko fabrika Euskal Herrian badu, baina geroztik Errepublika txekiarrean eta Mexikon eraiki baditu hurrengoak, fabriken arteko hizkuntza-beharrak ere kontuan hartu beharko dira, adibidez. Hitz batean, euskara hutsezko planteamendua kasu jakinetatik kanpora arras zaila gerta daiteke.
Dirua irabaztea helburu, huts-hutsean?
Egia da enpresa-mundutik kanpora gabiltzanon artean zabalduta dagoela uste hori, hots, soilik dirua irabaztea baloratzen dela. Eta ez dut zalantzarik arlo horretako (eta, seguru asko, arlo horretaz kanpoko) batzuek termino horietan funtzionatzen dutela.
Dena den, enpresa-munduan badaude bestelako iritziak: horren isla dira gizarte-erantzukizun korporatiboa bezalako kontzeptuak edo EFQM bezalako proposamenak, non emaitzak neurtzean ez dira diruz bakarrik ari, dirua irabazteak leku handia hartzen badu ere. Euskarari begirako adibide konkretua Enpresa Kudeaketarako Ezagutzaren Cluster Elkarteak ?2005ean argitara emandako Euskara enpresaren kudeaketan izeneko txostena izan daiteke.
Ikuspegi horretatik badago gaiari heltzeko bestelako abiapunturik. Perspektiba horretatik lortu nahi den aurrerapena ez nuke diruzko pizgarrien esku soilik utziko, beraz. Enpresaren ikuspegi- eta misio-dokumentuetan, adibidez, baloreen artean euskaraz (partez behintzat) funtzionatzeko irizpidea txertatzea guztiz desiragarria izan daiteke, jarraian oinarri sendoz hizkuntza-praktika eta hizkuntza-kudeaketa aldarazteko. Urrats hori eta beste asko eman behar baitira. Hori guztia, dena den, ez da pizgarri hutsez lortuko. Aldaketa hori lortzeko, inposaketa hutsez funtzionatzen duten enpresak alde batera utzita, enpresa barnean askok (eta, bereziki, lidergoak) egon behar du alde eta bertako kudeaketa-prozesu (motel)en bidez oinarrizko adostasuna lortu (1).
Ez nago pizgarri horien kontra, inola ere. Baina ez dira nahikoa. Horiek indartzea edota euskara lanpostuetan derrigortzea enpresak hizkuntza-kontua duen borondatea argitu eta finkatu ondoko urratsak dira: lehen urratsek bestelakoak behar dute izan, beraz. Enpresa oso baten hizkuntza-jokaera iraultzeko (bere baitan horretarako gogorik badago eta, hainbat kasutan, gaur gaurkoz ez dago) normalean kudeaketa-jokabide aski sofistikatuak beharko dira (enpresa barneko erabaki "politikoak", egoeraren diagnostikoa, helburuak finkatzea, plangintza xehea egitea, emaitzak neurtzea, enpresa-arduradunen edo -liderren goi-jarraipena...), enpresaren kulturan beste edozein aldaketa txertatzeko egin behar den bezala.
Hoberenean, aldaketa pixkanakakoa izango da eta erritmo desberdinen araberakoa. Horretan hezkuntza-mundua eredutzat har genezake – hasierako urteetan sakabanatutako ikastolen esku joan zen nagusiki mundu horren birmoldaketa. Gero bakarrik hasi zen bihurtzen eginkizun zabal eta masiboa eta, aldaketa horretan ere, urte luzeak joan zitzaizkigun. Enpresa-mundua, niretzat, oraindik lehenaldi apal horretan dago.
(NICK GARDNER BRIDGER soziolinguista da)
Oin-oharrak:
(1) Eusko Jaurlaritzaren deialdiak, hain zuzen, enpresei halako zerbait eskatzen die (zien, behintzat, azkenekoz begiratu nuenean), diru-laguntzak eskaini aurretik: eskaeraz gain konpromisoak ere argitzea eskatuz.
Elefantea ikusi barik, "elefantea entzun" egin behar da
2015-04-26 / 18:47 / Ana Urkiza
Patxi estimatua,
Tentuz irakurri dut zure artikulua. Gustura irakurri ere, ausardia handiz eta bihotzak agindu bezala proposatzen baituzu euskararen erabilera sustatzeko ideia.
Azken 40 urteotako euskararen bilakaera aztertu ondoren, erabileran egiten dugula herren diozu. Eta euskaraz bizi ahal izateko, lan mundua irabazi behar dugula.
Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten dituela diozu lan munduak. Horixe dela, gaur gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe dela gaur egun euskarak duen arazo nagusia.
Ni ez nintzateke halako baieztapen biribila jaurtitzera ausartuko. Euskaldun berri asko baitago lanean aurkitzen dutenak euskaraz egiteko gune bakarra, eta gazte asko sartzen baitira lanera B1 edo B2 titulua besapean dutelarik baina lana euskaraz egiteko gai ez direnak. Hau da, denetik dago.
Egia da euskarak ez duela lanerako hizkuntza gisa prestigiorik. “Txostenak eta eskuliburuak gaztelaniaz badaude eta denok ulertzen baditugu, zertarako euskaraz jarri? Zeinek hartuko du lan hori? Aurrez aurre euskaraz hitz egitea kontu bat da baina zenbakietara jotzen dugunean, nork daki hainbeste? Txosten luzeak euskaraz norentzat?”. Hauek eta beste galdera asko dira lanean euskarak aurre egin behar dien errealitateak.
Lan munduaren errealitatea oso bestelakoa da ingurunearen eta langileen profilaren arabera. Ez da gauza bera Azpeitiko enpresa baten errealitatea, zeinetan langileen gehiengoa euskaraduna izango den, edota Gasteizko beste lantegi batekoa, zeinetan, segur aski, euskaldungoaren portzentajea % 10era ez den iritsiko.
Euskaldunon ikuspegitik, “Elefantea ikusi” artikuluan proposatzen den antzeko erabakiak hartzeko premia ikusten dugu. Legez arautu eta kitto. Gure eskubideak urratuta ikusten ditugunean, legea erabiltzeko gogoa eta beharra sumatzen dugu. Baina, nago, hizkuntzak ez direla legez irabazten. Bai, zalantza gabe, zaintzen eta babesten. Baina ez, irabazten. Hau da, euskarari ez dut uste prestigioa emango dionik, ez eta erabilera sustatuko duenik, legez araututako erabaki batek.
Bestalde, artikuluan bertan aipatzen da ikastolen ibilbide arrakastatsua. 40 urteren buruan, duela 40 urte hasitako lanaren emaitza positiboak gaude orain jasotzen.
Bada, lan munduari dagokionean ere, antzeko helburu bat jar genezakeela uste dut: 40 urtean euskalduntzekoa, adibidez.
Lan mundua euskalduntzeko bi bide ikusten ditut:
- Batetik, kontsumitzaileen dekretua: laneko hizkuntza beharbada ezin da dekretu bidez arautu (batez ere, enpresa pribatuetan) baina bai enpresek eskaintzen duten zerbitzua bi eletan izan dadin. Kontsumitzailearen eskubideetan oinarrituta.
- Bestetik, instituzio publikoak, komunikabideak, politikariak, kirola… beste hainbat eta hainbat esparru daude, egunero hiritarrarekin harremanetan dagoena, eta lan esparruak besteko eragina izan dezakeena euskararen prestigioa irabazten.
Beraz, lan munduan halako eraldaketak egiten hasi aurretik, uste dut badirela beste hainbat eta hainbat esparru, zeinetan euskararen prestigioa irabazteko ahalegina (eta lehenetsi) egin behar den. Adibidez, politikarien komunikazioak bi eletan egitea lortuko bagenu, bozkatu behar duen jende orok ez al luke pentsatuko euskaraz aritzea beharrezkoa dela? Garrantzitsua dela? Herri honetako politikagintzarentzako benetan esanguratsua dela? Politika egiteko balio duela?
Enpresei lan kontratu elebidunak egiteagatik pizgarriak ematearen ideia ona da eta egin beharrekoa (aztertu egin behar zer eta nola) baina elebitasunaren aldeko sustapen gisa ulertzen dut. Ez, horrela, botere-gunearen aldaketa ekarriko lukeen erabaki edo tresna gisa. Ez baitago ekonomiarik, hizkuntza politika bat abian jartzeko ekonomiaren sostengu nagusi diren enpresen egiturak gauetik goizera kolokan jarriko dituenik.
Uste dut argi daukagula ez ditugula mediku onak aldarrikatu nahi, baizik eta euskaraz dakiten mediku onak. Bada, lan munduan ere, berdin.
Elefantea ikusi barik, uste dut "elefantea entzun" egin behar dela. Elefantea entzuteko estrategiak jarri behar direla abian.
Besarkada handi bat,
(ANA URKIZA IBAIBARRIAGA Deustuko Unibertsitateko irakaslea da eta enpresa komunikazioan aditua)
Iraultzailea da enpresei pizgarriak eta hobariak ematea
2015-05-04 / 12:45 / Miren Azkarate
Egun on, Patxi:
Azkenean hartu dut patxadazko tartea zuk idatzitakoa irakurtzeko. Oso gogoeta interesgarria da eta oso ona, nire iritziz, lehen parteko labur bilduma, euskararen lorpenak eta ajeak kontatzen dituzun partea; baita euskarak enpresa-munduan nolako egoera duen azaltzen duena ere. Baina ez nago erabat ados lan-munduaz diozunarekin: "Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia."
Ez dut ukatuko lan-munduarena badela problema, eta ez txikia. Baina gehiegizkoa iruditzen zait esatea eskolak egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten dituela lan munduak. Hara iritsi aurretik ere, nahiko atzendua izaten dute gazte askok eta askok euskara, batez ere gune soziolinguistiko erdaldunenetan bizi direnek. Urtero izaten dut Bilbo inguruko ikasleren bat (edo gehiago) euskaraz oso halamoduz moldatzen direnak. Besterik da esatea -eta horretan bat nentorke- ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzten gazteen euskara-maila zapuzten duela lan munduak. Egia biribila da hori, nire ustez. Baina horiek gazte guztien zati bat baino ez dira.
Nolanahi ere, dudarik gabe, iraultzailea da enpresei pizgarriak eta hobariak ematearen kontu hori. Foru Diputazioen esku dago horrelako erabakiak hartzea eta ez dakit erraza izango litzatekeen horren gaineko akordioetara iristea. Ziurrenik ez. Baina, kulturan eta beste arlo batzuetan ere fiskalizazio-neurriak aipatu eta landu nahi diren garaiotan, agian merezi luke horrelako proposamen bat egiteak.
Eskerrik asko artikulua irakurtzeko aukera emateagatik eta zaindu!
Agur bero bat
(MIREN AZKARATE VILLAR hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Norbanakoen motibazioan eragiten asmatzea
2015-05-06 / 13:00 / Aitor Esteban Etxebarria
Eguerdi on, Patxi!
Elefanteari ekin baino lehen, utzidazu arren neure burua aurkezten: Aitor Esteban Etxebarria nauzu, hamar urte pasatxo euskalgintzan langile, eta horietariko akabuko seiak Herri Administrazioetan Normalizazioko teknikari. Zelaik aurreratu lez, hiru urte beteko ditut laster HPSn eta HHAAetan ibili naizen sei urteko tartean beti izan dut lan-eremu bera: Jaurlaritzaren sailak euskalduntzea Erabilera Planen bidez, alegia, euskara zerbitzu-hizkuntza ez ezik, ohiko lan-hizkuntza ere izan dadin eraldaketa sustatzea Jaurlaritzaren erakundeetan.
Zure jatorriaz eta ibilbide pertsonalaz ere jaso ditut zertzelada batzuk helarazi didaten artikulu bikainean, eta zeure moduan, neuk ere uste dut norberaren jatorriaz eta euskalgintzara ailegatzeko eraz zantzu batzuk ematea oso argigarria dela curriculumean kabitu ez, baina oso esanguratsuak diren bestearen euskaltasunaren ezaugarriez ohartzeko. Labur-labur: 36 urteko gizona, famili erdaldundu baten baitan jaioa eta A ereduko ikasle ohia. Barre gehiago egin nahi baduzu, aitortuko dizut umetan ikasle arrunta izan banintzen ere, sistematikoki beti suspenditzen nituela irakasgai berberak: erlijioa eta euskara. Egun, ama dut gaztelaniazko solaskide bakarra nire harremanen unibertsoan, non gehien bat tokiko bizkaieraz funtzionatzen dudan eta sarri, lagun artean bada ere, bertsotan ere banabilen.
Asko gustatu zait zure artikulua, eta bistan da, ofizioz eta afizioz gertu zaitudala. Nik baino urte gehiago badituzu ere, euskalgintzako beste “iturgin” bat zarela irakurri dizut zeharka, eta zelanbait esatearren, zerbait mugitu duzu nigan: zu izan nintekeen sentipena, eta horrelako osasun-atakan izanik, nik ere agertuko nukeela bulegoko kristal lohitik dakusadana. Bi mailatako ekarpenak egin gura nizkizuke, apal oso, intuizioz ikasi baitut ikasitako apurra eta oraindik ere, senez eta bihotzez funtzionatzen baitut normalkuntzaren abangoardia izan beharko lukeen honetan. Alde batetik, zure baimenez, osatu nahiko nuke zeure lehenengo paragrafo bietan egiten duzun diagnosia, hirugarrenaren muinera, “euskaraz bizi”, ailegatzeko. Kasu honetan, milaka norbanakok osatutako gizataldeaz jarduten ahaleginduko naiz. Beste alde batetik, elefanteari tronpatik oratzen ahaleginduko naiz, erakundeen hizkuntza-eraldaketaz jarduten saiatzeko; horixe baita apuntatzen duzun norabidea.
Azkeneko 50 urtean euskararen alde asko egin dela askori entzun izan diot beti. Batez ere, edade batetik gorakoei. Ez naiz ni nor hori ukatzeko, baina behintzat, ohartu beharko gara “asko” eta “gutxi” termino subjektiboak direla, eta hortaz, zerekin alderatzen dugun neurtu nahi dugunaren dimentsionamendua aldatuko da. Ipar Euskal Herrian egin denaren aldean, lan handia egin da EAEn euskararen alde, askoz gutxiago Nafarroan. Baina estatu bako beste hizkuntza gutxituekin aldean, zenbat egin da? Ba al dago alderatzerik hemengo Hizkuntza Politika Katalunyakoarekin? Flandriakoarekin? Laponiakoarekin? Ba al dago hemengo eta hango aurrekontu partidak alderatzea? Ba al dago neurtzerik benetako borondate politikoak? Horien benetakotasuna? Eta estatu burujabea izan dutenek nola jokatu dute? Finlandiak? Israelek? Holandak? Ia noiz edo noiz norbait animatzen den doktore tesi bat egiten horren gainean. Uste dut, egun 60 urteren bueltan dabiltzan euskaltzale aritu askok zapore gazi-gozoa dutela errealitatea behatzean. Sarasua hasi da aipatzen ametsak doitzeko sasoia dela, nonbait, aitortuaz, 60ko hamarkadan amesten zen euskarazko gizartea ez dela sekula lortuko, eta horrek ez du esan nahi gutxi egin denik, baina asko egin dela esatean gure txikertasunaz baino ez gara ohartzen. Izan ere, egiteke dagoenaz jabetzen gara eta azkeneko 50 urteko ibilbidea bidearen herena baino gutxiago den susmoak akitu egiten gaitu.
Hezkuntza sisteman egin dira, zalantza barik, aurrerapen handienak, eta horretan arrazoia duzu. Baina ni behintzat, ezin naiteke bat etorri esaten duzunean akabuko 50 urtean ikastolek eta D ereduko hezkuntza sistemak euskaldun osoen lehenengo belaunaldiak ekarri dituztela. Nire begi eta belarriek behintzat ez dute hori aditzen. Gaztelania ama hizkuntza dutenen kasuan, gehiengoa azkeneko 50 urtean, euskara gaitasunak ez du gainditzen erdara gaitasuna hezkuntza ibilbidearen momentu batean ere, nire ustez. Eta euskara ama hizkuntza daramatenen kasuan, ordezkapena 14 urte bete baino lehen suertatzen da kasu gehienetan. Bi zertzelada baino ez dira, nahiz luza gintezkeen honetan gura beste. Badira zorionez, elebitasun orekatua garatu dutenak, gaitasunez eta erabileraz, baita euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak; baina ez dira hezkuntza sistema euskaldunetik ondorioztatutako gehienak, ezta askoz gutxiago ere, baizik eta aurreko horien artean berezko motibazioa izan dutenak horretarako. Edozelan ere, ikastola eta D ereduko ikastetxeri ezin dakieke askoz gehiago eskatu, ez bada, irakaslegoaren hizkuntza gaitasuna eten barik zorrozten segitzea, eta ikasleen euskara gaitasuna garatuko duten metodologiak erabiltzea. Izan ere, ikas-geletan irakasleek egiten dute berba eta ikasleek ez dute izaten mintzamena non landu.
Kontua zein da, ba? Zergatik dira erdarak nagusi Euskal Herriko ikastoletako jolastoki gehien-gehienetan? Zergatik guraso berriek, D ereduko ikasle ohiak kasu, agintzen diete umeei euskaraz egiteko eurek erdaraz diharduten bitartean? Bada, halako galderak egitean beti egiten dut topo Txepetxen eskema klasikoarekin: MOTIBAZIOA-GAITASUNA-ERABILERA.
Euskara gaitasuna garatu dutenek berezko motibazioa izan dute horretarako, horrek bultzatu ditu euskarazko espazioak bilatzera eta jakina, gaitasuna eta erabilera elkar elikatuz joan direnez, egun, euskaldun osoak dira. Baina euskarazko hezkuntza sistemaren gehiengoa ez da kokatzen multzo horretan. Hori horrela, benetako motorra motibazioa dela ondoriozta dezakegu, eta euskara kontuetan gabiltzala, motibazioari euskaltzaletasuna deritzogu. Sarasuak horri, sua, etxeko beheko sua deritzo, eta funtsean, hor kokatzen du hiztunaren hezur-mamia. Nik are gehiago esango nuke, hizkuntza gutxituen kasuan, non sarri, motibazio praktikoa hutsaren hurrengoa den, bestelako motibazioek hartzen dute pisu gehien, identitarioek kasu. Edozelan ere, azter genezake zer euskal-hiztun mota sortzen den hezkuntza sisteman. Ondo diozun bezala, euskarazko hezkuntzatik irtendako gehienek euskara bigarren hizkuntza dute, gaitasunez eta erabileraz; eta hortaz, esan genezake motibazioz ere, euskara bigarren dutela. Horrek ez du esan nahi, hainbat ekimen euskaltzaleren ondorioz, egun, gizartearen gehiengoak lotura afektibo handia ez duenik euskararekiko. Horra hor IBILALDIA, KILOMETROAK, KORRIKA eta horrelakoak, urterik urte geroz eta jendetsuagoak direnak. Azken finean, sustatu dugun euskaltasuna horixe baita: egun bateko jaia urtean behin eta listo! Halakoetan ere, erdara nagusi noski, nahiz honetaz gutxik egiten duten berba.
Irudi lezake, hizkuntzaren transmisiorako tresna egokiak ditugula ikastolak eta euskaltegiak, betiere hizkuntzaren kontzeptua gramatika arau-multzo, lexiko, esapide jator eta aditz-sistemetara mugatzen badugu. Zer hobetua badugun ere, arestikoa belaunaldiz-belaunaldi transmititzeko metodologia, ikasgu, epe eta plangintza garatuak baditugu. Edozelan ere, argi dugu hizkuntza hori baino askoz gehiago dela; are gehiago, hizkuntza gutxitu eta biziberritze prozesuan dagoen euskararen kasuan. Beraz, ondoriozta genezake, euskara gaitasuna garatzeko baliabideak baditugula, baina motibazioan kale egiten dugula sistematikoki, eta geroz eta gehiago esango nuke nik: zergatik ez dugu asmatzen euskararekiko ardura transmititzen? Euskararekiko fideltasuna eta militantzia hedatzen? Hizkuntz jarrera eta portaera aktiboak sustatzen? Bada, horiek dute berebiziko garrantzia, baita Azpeitian ere. Izan ere, Euskal Herri osoa euskalduna eta burujabea balitz ere, euskaren aldeko hautua beti izango litzateke militante, eta hautazkoa noski. Munduak ele aniztunak izaten behartzen gaitu eta kasurik onenean 3 milioi euskal hiztun baino ez gara izango 5000 milioiren artean. Argi dago giroak eta inguru soziolinguistikoak itzelezko garrantzia dutela, eta errazagoa dela euskaraz bizitzea Azpeitian Tuteran baino, baina testuinguru ele aniztun batean hizkuntza hautu bat da, eta hautatzeko zelai jokoa da eta izango da epe ertainean behintzat erderen aldekoa bi arrazoi nagusiengatik: juridikoki euskara ahulagoa delako, eta erdaren ezagutza unibertsala den bitartean euskararena oraindik ere hautazkoa delako. Hortaz, lotzen zaigun aurrerabide bakarra da irabazten ditugun hiztunek aktibo jokatzea, euskaltzale jokatzea alegia, euskaraz bizitzeko hautua egitea. Hor ikusten dut behintzat elefante handi bat, baita isiltasun deseroso ugari ere. Lortuko bagenu euskaraz dakiten guztiek euskaraz bizitzeko hautua egitea irauliko genituzke euskal soziolinguistikaren datu guztiak, eta erdaldun asko euskarara erakarriko genituzke presio-soziolinguistikoaz bada ere.
Argi dago, belaunaldi euskaldundu berriak lan-merkatura txertatu ahala oso erakunde erdaldunak topatzen dituztela, non euskara hutsaren hurrengoa den. Baina sektore publikoan, informalki bada ere, euskaraz lan egiteko baldintza guztiak bermatuta daude, eta sarri, 30 urteren bueltakoak, euskaldun, ikasketa ibilbide osoa euskaraz eginda eta hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar izan dutelarik lanean hasteko, erdaraz dabiltza euren artean lasai asko. Euskaraz funtzionatzeko baldintza guztiak dituzte EAEko HHAA askotan: udalak, aldundiak, Jaurlaritza; baina, ez dute horren aldeko hautua egiten. D ereduko eta ikastoletako irakasle guztiek egin al dute euskaraz bizitzeko hautua? Hau da, gelaz haratago ba al daramate euskaltzaletasuna euren bizitzaren esparru guztietara? Biok dakigu ezetz. Eta horrek sinesgarritasuna kentzen dio euren jardunari ikasleen aurrean, edo behintzat euskararen balio-sistemari; eta kasu askotan gainera, kamustuko die hizkuntza gaitasuna.
Hots: gaitasuna badute (neurrikoa), motibaziorik ez, edo neurrikoa; eta hortaz, erabilera ere horren arabarekoa. Motibazioa da beste biak aktibatu ditzakeena eta era berean beste biak kamustu ditzakeena. Zer egin behar dugu?
Lan-merkatua esku-hartzeko esaten duzunean, ni ados egoteaz gain, uste dut badela hortaz non hausnartu, egun badagoelako horren abangoardia txiki bat, eta ez soilik HHAAen eremuan, baizik eta kooperatiba eta zenbait enpresen Erabilera Planetan. Edonola ere, gune horien errealitatea izaten da arestian deskribatu dizudana; zuk ondo jakingo duzun moduan, non tokiko euskara teknikaria ibili behar izaten den jendea euskaraz egin dezan eskatzen, tamalez, erregutu egiten ere bagabiltza tarteka, eta horixe izaten da gure lanaren alderdirik esker txarrekoena. Halere, badira erakunde gutxi batzuen esperientziak hor, zeintzuetan kostata bada ere, lortu duten euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain ohiko lan-hizkuntza ere izatea; baina honetara heltzeko borondate handia behar da: lehenengoz bermatu behar da erakundearen hizkuntza gaitasuna (Hizkuntza Eskakizunen sistemak, bere akats eta guzti, bete lezake funtzio hau); gero erakundearen eginkizunen mapa eta solaskideen mapa egin behar da, zehaztu ahal izateko nork egiten duen zer eta norekiko; azkenik, behin lan zirkuituak aztertu direla, Hizkuntza Irizpideak diseinatu eta betearazi behar dira. Noski, gure kasuan, irizpideok lehentasuna eman beharko liokete euskararen erabilerari helburua baita erakundearen jarduna euskaratzea. Hala ere, erdaratik euskara pasatzean, hau da, lehen erdaraz egiten zen hori euskaraz egiten hasteko, beti ez da nahiko goitik beherako agindua; jendea trebatu behar izaten da konplexutasun batetik gorako testuak eta jardunak modu autonomoan egiteko kapaza izan arte. Horrezaz gainera, itzulpengintzaren bidea ere da askok jorratzen dutena, nire ustez normalizazioaren antipodetan dagoena ez baitu erakundea euskalduntzerik eskatzen… eta hortik hasita, hamaika alderdi eta kontu azter genitzake, oztopoz beteriko bidea izaten baita erakunde bat linguistikoki eraldatzearena.
Baina zelan erakarriko ditugu Euskal Herriko enpresak honetara? Ez dut uste plangintzak, epeak, metodologiak, diagnosiak, tresnak eta abarrekoak arazoa direnik; lehen esan lez, hainbat jende baitabil horretan daborduko. Baina, zer motibazio izan lezakete euskara lan-gaia eta lan-tresna ez duten enpresek halako eraldatze prozesu batean enbarkatzeko? Hor dugu, lagun, elefante handi bat; orain arteko idatzitakoan behin eta berriro lotzen baita agerian motibazioaren garrantzia. Bada, seguru asko, unibertso handi hori erakarri gura badugu gurera ertz askotako legediak, argudioak, politikak eta baliabideak erabili beharko dira; azken finean, eskatzen ari gatzaizkielako euskalgintza, hezkuntza sistema eta HHAAekin batera eragile aktiboak izateko euskararen normalizazioan.
Euskara koofiziala den lur zatian akaso, beste hizkuntza batzuen (estatudun zein estatubakoak) marko juridikoak erabil genitzake inspirazio bila; baina gure egoera gatazkatsuak atzera egiten die hizkuntza politikaren hainbat karguri. Bestalde, aspalditxoan eta hizkuntza-eskubideak oinarri, asko hasita dira zerbitzu-hizkuntza eta kalitatearen kontzeptuak lotzen, horixe baita erakundeei ardura dien elementu garrantzitsu bat. Noski, zertifikazio sistemak ere hor daude eta egun nahiko aurreratuta daude, kalitatearekin egin bezala, zerbiztu-hizkuntzaren betetze maila neurtzeko erakundez erakunde. Hori horrela, gure argumentarioan geroz eta lotuago eroan beharko ditugu kalitatea eta hizkuntza kudeaketaren binomioa, betiere hornitzaile-enpresa-bezero ekuazioan eragin ahal izateko.
Aurrekoaz gainera, euskararen lurraldean kokatzen diren enpresei zelanbaiteko ardura soziokulturala exijitu beharko zaie, nonbait, aktiboki har dezaten parte gutxitua izan den euskara bere onera ekartzeko ahaleginean; baina hemen ere, gure herriaren hizkuntza-politikaren gorabeherak ikusita, erabat irauli beharko genituzke gure argudioak euskararen biziberritzea gizabidezko hautua dela uler dezaten orain arte kexu izan direnek. Ni neu oso eszeptikoa naiz honetan, gehien bat ikusten dudalako hizkuntza-politikaren lan-ildoak ezartzerakoan euskaratik larregizko errespetu, beldurra ia; eta gutxiagotasun-konplexuz beterik dihardugula. Txarrena da, gutxiagotasun-konplexu hori erabat barneratuta dugula hiztun gehienok eta ez dakit ze edukazio klaseren izenean, euskarari eustea erdaldunen aurrean erradikalismotzat jotzen da. Katalunyan adibidez, hau guztiz normalizatuta dago; baina gurean erraz lerratzen gara erdarara euskal hiztun guztiok eta hori konplexu horren seinalea da, noski, gerora euskararen inguruko politiketan isla duena.
Bestalde, hemengo enpresek euskaraz funtzionatzeak, eta gure lan-merkatua euskarazkoa izateak zer abantaila eta zer eragin ekar liezaieketen hartu-eman komertzialei eta ekonomiaren bilakaerari aztertu beharko litzateke. Sasoi batean euskaraz sortutako produktuen balio erantsia aipatzen zen horrelako esku-hartzeak “saltzen” zirenean, eta argi dago, horrelako argudioak beharko ditugula enpresaburuak gureganatu gura baditugu.
Azkenik, diruz laguntzea halako prozesuak ezinbestekoa izango da eta horrek ekarri beharko du zalantza barik, euskararen aurrekontu partidak handitzea: prefosta! Baina hemen ere, ez zaigu saltsarik faltako eta egoera ekonomiko latza aipatuko digute behin eta berriro. Seguru asko, diru-laguntzen sistema zertifikazio-sistema garatu eta bateratu batekin inplementatu beharko da, eta horrelako proiektuak biderkatu ahala euskalgintzak, sektore publikokoak zein pribatukoak, giza-baliabide gehiago, prestakuntza eta metodologiak garatu beharko dituzte. Hainbat hobeto modu koordinatuan bada! Egia esan Patxi, ez dakit merezi duen ekarpenik egin dizudan; baina saiatu natzaizuna adierazten zera da: goitik-beherako esku-hartzeak bezain beharrezkoa dela norbanakoen motibazioan eragiten asmatzea. Ni neu ez nau ikaratzen plangintzak, metodologiak, tresnak eta horrelakoak sortu beharrak, lan nekeza bada ere; ostera, kezkatzen nau izugarri euskaraz funtzionatzeko baldintzak daudenean euskaldun askok erdara hautatzen dutela ikusteak; kezkatzen nau euskararen aldeko lana defendatzeko argudio-multzoa herren ikusteak, eta kezkatzen nau euskararen aldeko hizkuntza-jarrera aktiboak sustatzeko metodologiak eta dinamikak zokoratuta ikusteak.
Beste barik, zeure osasun afera ahalik eta ondoen konpondu dadin opa dizut; eta eskerrak eman gura dizkizut eztabaida hau plazaratu eta aukera ematearren bertan parte-hartzeko. Jaso aupada bero bat!
(AITOR ESTEBAN ETXEBARRIA hizkuntza normalizatzeko teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)
Euskara eta lan mundua. Bost ondorio eta ohar bat.
2015-05-07 / 19:00 / Kamelo Ayesta
Gazteleraz esan ohi da zuhaitzek ez dutela basoa ikusten uzten, hau da, ñabarduretan eta xehetasunetan galtzen garela batzuetan, eta horrexegatik ezin dugula gaia edo egoera bere osotasunean ulertu. Basoa ikusteko, urrundu eta altxatu egin behar da ikuspegia. Horregatik erabaki nuen hausnarketa hau etxetik urrun egitea, Alemanian, hain zuzen ere.
Austrian egun batzuk pasatu ondoren, Alemaniatik Bilborako hegaldian nago idazten. Goizean, hotelean, gosaltzeko eta kontua ordaintzeko, bertako langileekin izan ditut lehen hitzak; haiek lanean ari ziren. Gero, aireportuan, FC Bayern taldeko kamiseta erosi dut semearentzat; dendako saltzailea ere lanean aritu da. Abioira sartzean, Lufthansako azafatak agurtu nau; hari ere lan egitea tokatu zaio gaur. Lanean ari ziren pertsona horiek izugarrizko eragina izan dute nire hizkuntza-portaeran: ingelesa, gaztelera eta alemana erabili ditut, baina ez dut euskaraz berbarik egin. Aisialdian egon arren, lan-munduko hizkuntza-politikek erabaki dute nire aisialdiko hizkuntza.
Lehen ondorioa: nik uste nuena baino eragin zabalagoa dauka lan-munduak hizkuntzen erabileran. Izan ere, batzuen lan-munduko hizkuntza-politikak eragin zuzena dauka beste batzuen aisialdiko hizkuntza-portaeran. Hau da, lan-mundua eta gainerako hizkuntza-eremuak banaezinak dira, gehienetan. Aisialdian edo etxean egon arren, inguruan beti aurkituko dugu lanean ari den norbait; baita logelako intimitatean ere, telebista iziotuta badugu.
Abioia aireratzeko itxaroten nago eta ezusteko handia hartu dut: norbait euskaraz ari da! Euskaraz entzun ditudan lehen hitzak ahots grabatu batek oparitu dizkit. Hegaldirako argibideak izan dira. Antza, informazioa euskaraz (ere) emateko erabakia hartu du Lufthansa enpresa alemanak. Apaingarri ñimiñoa da, egia esan; baina Euskal Herriko enpresa askok ez dute horrelakorik ere egiten.
Zergatik grabatu du, bada, euskaraz mezua Lufthansak? -pentsatu dut. Ziur aski, Bilbora goazen bezero batzuk euskaldunak garelako eta Lufthansak badakielako euskaldunok eskertu egiten dugula euskaraz egitea: “customer satisfaction” esaten zaio horri. Pentsa daiteke Lufthansaren arrazoitze hori ez dela sekretua eta Euskal Herrian dauden enpresa gehienek ezagutzen dutela; baina askok ez dute informazioa euskaraz eskaintzen. Bi arrazoi ikusten ditut horretarako: edo bezero euskaldunok bost axola gatzaizkie, hau da, ez gara haien lehentasuna, edo, bestela, “customer satisfaction” delakoa – bezeroa pozik uztea - ez da haien lehentasuna. Kasu bietan, erosle profesional batek honako aholku hau emango liguke bezero euskaldunoi: aldatu ezazue zerbitzu-hornitzailea.
Bigarren ondorioa: enpresaren hizkuntza-politikak asko dio haren profesionaltasunaren gainean, eta guri -euskal bezeroei- dagokigu hizkuntza-eskakizunak azaltzea eta zerbitzu profesionala exijitzea.
Burura etorri zait beste multinazional baten kasua. Jatorriz ingelesa da, eta hainbat herrialdetan ditu produkzio-fabrikak, besteak beste Euskal Herrian. Orain dela urte asko erabaki zuen informazioa euskaraz (ere) jartzea EHko enpresetan. Nire iritzian, bi arrazoi nagusi egon ziren horretarako: bertako langileen eskaria, eta enpresaren Corporate Social Responsibility (CSR) – erantzukizun sozial korporatiboa -delakoarekiko konpromisoa. Konpromiso honek eskatzen du, alde batetik, tokiko legearen espiritua (izpiritua) eta nazioarteko estandar etikoak eta arauak betetzea; eta, bestetik, komunitatearen eta ingurumenean onerako lan egitea. Euskara hizkuntza ofiziala da EAEn eta baita enpresa horretako langile batzuen ama-hizkuntza ere. Beraz, nire iritzian, multinazionalak ondorioztatu zuen CSR konpromisoak euskara zabaltzea eskatzen zuela Euskal Herriko enpresetan.
Hirugarren konklusioa: enpresa-arrazoi asko daude euskara lan-munduan zabaltzeko. Bezeroen eskakizuna ez da zergatiko bakarra. Egungo kudeaketa-eredu aurreratuenek eskatzen dute tokiko komunitatearen garapenean laguntzea eta bertako ingurunea babestea, kultura barne.
Multinazional horretan, langileek eskatu zuten euskara erabiltzea. Ez da hori beti kasua. Duela pare bat urte, Deustuko taberna batean kafea hartzen ari nintzela, negoziazio bat entzun nuen alboan, administrazioko ordezkari baten eta bi langile-ordezkariren artean (sindikatua %100 basque). Betetzeko postuak kontratatzeko orduan, euskararen ezagutza kontuan hartzea proposatu zuen Administrazioko ordezkariak. Erantzuna, berriz, xelebrea izan zen: ez zela bidezkoa langileei exijentzia gehiago jartzea. Oraindik xelebreagoa egin zitzaidan administrazio-ordezkariaren arrazoibidea: “A ver, que a mí lo del euskara ni me va ni me viene, pero los jefes quieren que se ponga algo, aunque sea simbólico”. Pentsatu nahi dut pasadizo hori ez zela benetan gertatu eta bizitza errealera ekarri nuela nik aurreko gauean izaniko amesgaiztoa. Edonola ere, interesgarria litzateke jakitea zenbat lan-hitzarmenetan proposatu eta negoziatu den euskararen erabilera zabaltzea.
Laugarren ondorioa: ezinbestekoa da enpresako langileen, sindikatuen, eta arduradunen konpromisoa bene-benetakoa izatea euskara lan-mundura zabaldu nahi bada.
Jakina, administrazioaren ardura da euskararen erabilera indartzea enpresa publikoetan, eta horretarako ezinbestekoa da langileen laguntza. Baina administrazioak badu beste erantzukizun bat euskararekiko: arauak eta legeak onartzea eta betearaztea. Joan den hilean, Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideen Legearen gaineko berriak eta eztabaidak irakurri nituen Berria egunkarian. Harrituta geratu nintzen, enpresen %22k bakarrik betetzen baitute 2008an onartutako araudia. Zerbait oso gaizki egin da.
Enpresak izugarri pragmatikoak dira. Automobilgintzan, esaterako, Europako legediak murriztu egin ditu etorkizuneko CO2 igorpenak, derrigorrez. Ondorioz, automobilak egiteko materialak aldatu egin dira, pisua kentzeko; motor txikiagoak eta eraginkorragoak diseinatu dira, gutxiago kontsumitzeko; eta motor elektrikoak eta hibridoak garatu dira, petrolio gutxiago erretzeko. Milaka milioi euro inbertitu dituzte automobilgintza-enpresek legedia betetzeko. Bestela, ezin izango lukete etorkizunean automobilik saldu Europan.
Gurean, berriz, ez gara gauza izan hizkuntza-eskubideen dekretua betearazteko. Enpresek egin behar dituzten inbertsioak barregarriak dira, aurreko adibidearekin alderatuz gero, baina, hala ere, enpresek ez dute dekretua bete. Nire hipotesia botako dut: euskararen kasuan, legedia ez da derrigorrez bete behar ( ezin omen da inposatu ) eta enpresek, oso pragmatikoak direnez, ez dute betetzen. Hipotesi hau frogatzeko esperimentu bat proposatzen dut: administrazioak ez dezala araudi fiskala inposatu (bete ezean, ez dadila isunik egon), eta baietz araudi fiskalaren betetze-maila %22tik jaitsi.
Bosgarren ondorioa: batzuen eskubideak bermatzeko, beste batzuek arauak eta legeak bete behar dituzte, derrigorrez; eta, legea betetzen ez dutenek ondorioak jasan behar dituzte. Hori da gizartearen funtzionatzeko modua: horregatik errespetatzen dira legeak. Ez da hautazkoa benetako legeak betetzea. Euskararekin loturiko legeak, ostera, benetako al dira edo lege itxurako iradokizunak?
Azken ohar bat: nire iritzian, euskara hutsean aritzea ezinezkoa da enpresa gehienetan. Jeneralean, enpresek bezero ez-euskaldunak dituzte, edo langile ez-euskaldunak, edo kanpoko hornitzaileak. Egun, hainbat hizkuntza erabiltzen dira enpresa gehienetan. Hortaz, gure benetako erronka da euskarari bere lekua bermatzea, egungo lan-mundu eleaniztunean.
(KARMELO AYESTA ingeniaria eta euskaltzalea da)
- Kamelo Ayesta «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuaren egilea da. Ikus, HEMEN
Lan mundua
2015-05-11 / 11:05 / Txerra Rodriguez
Lana euskalduntzeko beharrean urte batzuk daramatzagu aholkularitza enpresa batzuek. Inertziak hartaratuta, zatitxo batean ari gara, bezeroak lortzeko ahaleginak norabidetuta. Baina, nire ustez, hausnarketa estrategikoa falta da: nork izan behar du lan mundua euskalduntzearen gidaritza? Aholkularitza enpresek? Euskalgintza antolatuak? Gobernuak? Patronalak? Langileek? Zer enpresa edo erakundek du lehentasuna? Enpresa handiek ala txikiek? Industria enpresek ala zerbitzu enpresek? Herrietako denda txikiek ala azalera handiek? Zer lan ildo bultzatu beharko litzateke? Euskara lan hizkuntza izatea ala zerbitzu hizkuntza izatea?
Izan ere, lan mundua baztertu samar dago ohiko diskurtsoetatik. Eta, nire ustez, egunerokotasunean duen pisua aintzat hartuta, garrantzi txikiegia ematen zaio. Eta hori diskurtsoetan agerikoa da. Diskurtso bateratu baten falta sumatzen da han eta hemen.
Gainera, diskurtso horrek zenbait korapilo askatu beharko luke nire ustez: elebitasuna izan beharko luke helburu lan munduan ala euskarari funtzio propioak ematea? Lan munduan arnasguneak beharrezkoak al dira? Elebitasun orekatua egingarria al da enpresetan? Funtzio banaketa egin liteke lan munduan?
(TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ soziolinguista da)
Lan mundua "elefantearen" ondorioa da
2015-05-11 / 14:22 / Xamar
Igorri didazun artikuluari buruz gogoeta ugari bururatzen zaizkit, egia esateko sobera email batean adierazteko. Nik uste gaiaren inguruan jadanik (eta aspaldidanik) sakon ikertu dela eta asko idatzi. Arazoetariko bat da ea gai garen irakurtzeko eta ulertzeko, beldur naiz ezetz.
Artikuluan oso ongi garatu duzu egoeraren azalpena, azken urtetako garapena etab. baina ez nator bat egiten duzun diagnostikoarekin. Lan mundua ez da "elefantea", ene ustetan, "elefantearen" ondorioa baizik.
Lan munduan enpresaburu handienetariko bat (hadiena ez bada) administrazioa da eta hor bederen, EAEn, ez zen printzipioz zaila izan behar lan eremu zabal horietan (ETBn, Osakidetzan, Ogasunean, administrazioetan, irakaskuntzan…) euskararen aldeko politika plangintza eraginkorra, erabilera bermatuko zukeena. Hasiera batean zaila zen baina, 35 urte ondorean, ez dago aitzakirik. Beraz, alde batetik politiko (omen) abertzaleen borondate (ala ez jakintasun) epelak eta, bestetik, espainol abertzaleen frogatutako borondate ezak ez dute orain arte subentzio banaketa politika bat baizik bideratu.
Azken hauendako, gainera, hizkuntzaren aldeko zernahi neurri serio "inposaketa" onartezina da (eta errekurritu egiten da epaitegietan). Lan munduan lanpostu baterako ingelesa beharrezkoa bada, ikasi egiten da borondatez. Euskara eskatzen bada (hizkuntza bera lanaren "helburua" ez bada) inposaketa. Bilboko El Corte Inglesen saltzaile izateko ingelesa maila bat eskatzea ongi da, euskara inposaketa… esan gabe doa espainolaren ezagutza BETI dela beharrezko, hain da beharrezko ez dela inposaketa gisa ikusten, hala bada ere.
Garbi dagoena da hizkuntza ofizial bakarra espainola dela hegoaldean eta euskara ez dela hura bezain ofiziala. Panorama hontaz bai eta haurrak ere ohartzen dira intuitiboki (“Eskolan ez bagaude zergatik hitz egiten diozu euskaraz?”). Euskara beti hautazkoa da, erdara ez; nik ezin dut espainola ez jakin, euskara bai. Hemen beharrezko, sustatuta, motibatuta, plangintza on batekin dagoen mintzaira bakarra erdara da.
Ez, ez dago, ez ta izanen ere, Fishmanek eskatzen zuen akordio politikoa. Suntsitu nahi zaituenarekin nekez lortuko da. Baina hau guztia aspaldidanik dakigu, edo jakin behar bederen.
Analisi zuzena egindakoan bakarrik ekin diezaiokegu gaiari behar den bezala, botere esparru txikietatik (Jaurlaritza) eta, ongi diozun bezala herrietatik: "Herri egiturak eta erakundeak dituelako eta, neurri txikiagoan edo handiagoan, herri egitura eta erakunde horien aginpidea ere hiztun komunitatearen kideengan dagoelako."
Aipatu bezala luze joko luke dena azaltzea eta, gainera, azken honetan zioaren diagnosi interesgarria egin duena (barne begira gehiago, kanpora baino) Jon Sarasua izan da bere Hiztunpolisarekin. Liburu honek ez badu eztabaida pizten…
Lehenbailehen senda zaitezen desiran (zu bezalako langileak behar baititu euskarak) har ezazu nere besarkada beroa.
(JUAN CARLOS ETXEGOIEN JUANARENA "XAMAR" irakaslea eta euskararen historiari buruzko erreferentziazko hainbat libururen egilea da)
Aro berri bat bere protagonisten bila
2015-05-11 / 15:46 / Jone M. Hernández García
Gogoan dut 80. hamarkadaren bukaeran, unibertsitatera iritsi nintzean, bertan ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera ez egoteak sortu zidan harridura. Orduan, euskalduntzen ari nintzen eta ametsa nuen unibertsitatean noizbait euskaraz egiteko aukera izatea. Ametsa erdizka bete nuen, izan ere, burutu nuen bigarren lizentziaturaren kurtso pare bat euskaraz egitea lortu nuen. Nire ikaskide batzuk ez zuten aukera hori izan eta protesta eta aldarrikapenak egin bazituzten ere, ez ziren iritsi unibertsitatea euskaraz ezagutzera. Eskolan euskaldundutako lehenego gazteak ziren eta ordurako zentzugabekeria zirudien ikasketa guztiak euskaraz eginda azken urratsak gazteleraz eman behar izatea. Egoera azaltzeko erabiltzen ziren argudioak zentzua zuten, agian, testuinguru zehatz horretan, gizarte arlo ezberdinetan abian zen euskalduntze prozesua burutu gabe zegoelako oraindik unibertsitatean: irakasle euskaldun falta, materialaren gabezia, etabar.
Hamarkada pare bat beranduago ni neuk, urtero, jasotzen ditut euskaraz institututik datozen ikasle euskaldunak. Unibertsitateko euskalduntze prozesua amaitutzat ez badut ematen ere, aurrerapauso nabarmenak antzematen direla iruditzen zait. Halere, ikasleak euskaldunak izateko aukera emateaz gain, profesional eta langile euskaldunak izaten ere lagundu behar diegula iruditzen zait, eta horretan lan handia dago oraindik. Norbaiti irudituko zaio ikasle izatetik profesionala izatera dagoen jauzia ñabardura txiki bat dela, baina nire ustez koska nimiño horretan elementu garrantzitsu asko daude.
Koska horretan, gainera, eztabaidarako elementu ugari ikusten ditut, etorkizunari begira landu beharrekoak, baina momentuz, pausu bat atzera eman beharko dugu, Patxi Saezek idatzitako artikuluan ondo islatzen den moduan, oraindik beste fase batean gaudelako. Eztabaida hasi baino ez da egin eta nire aldetik, Saezek egindako ekarpena osatu asmoz edo, bide horretan beste harri koskor bat jarri nahiko nuke, hausnarketak jarrai dezan. Besterik ez. Hori dela eta, Saezek irudikatutako hizkuntz politikarako norabide horrek eragindako zalantzak plazaratu nahiko nituzke ondoren aipatzen diren hiru elementuren bidez. Hirurak egungo euskararen egoera ulertzeko baliagarriak direla uste dut, eta horregatik norabide berri horretan kontuan hartzekoak direla deritzot.
1.- Euskara eta gure kultura emozionala
Beste nonbait aipatu izan dudan moduan, nago euskararen pizkundearen oinarrian hizkuntzak gure kultura emozionalarekin duen loturan egongo litzatekeela. Pragmatismoak eta kultura ekintzaileak protagonismoa izan badute ere, jarrera hauen azpian euskal hiztunak (eta hiztun ez zirenak) hizkuntzarekin izandako lotura identitarioa topatu daiteke, bihotza eta emozioak erdigunea betez. Beste gauza bat da horiek publikoki agertu diren ala ez, edo, horien kudeaketa hiztun zehatz batzuen eskuetan geratu diren (emakumeen eskuetan esate baterako, euskararen transmisore gisa).
Kultura emozional hori ikastolen sorreran aurkitzen dugu inon baino argiago, eta orokorrean diktadura zein trantsizio garaian emandako ekimen ezberdinetan puri-purian topatu daitekeela uste dut. Garai luze eta gogor horretan sortutako proiektuak euskararen kultura emozional jakin baten ikurtzat jo ditzakegu: ikastolak aipatu ditugu, baina hor dago ere euskal musika. Baliabide urriak zeuden garaian bihotzak, balioak, sormena, sentimenduak, … edozein traba gainditzeko gai ziren. Geroago legeak, erakundeak, plangintza, edo normalizazioa bezalako hiztegia garatzen joan zen eta planteamendu zein ikuspegi berri bat nagusitu zen.
Lehenengoz aipatutako kultura emozionala kultur eta hezkuntza arloarekin lotuta zegoen bitartean, bigarren fasean garatzen ari zen terminologia edo diskurtso berria politika eta instituzioekin identifikatu daiteke (euskara zerbitzuekin esate baterako). Neutroa izan nahian arrazoiari (planak, adierazleak, portzentaiak…) eman zitzaion protagonismoa. Baina ez hori bakarrik, askotan dikurtsoak oso modu abstraktoan plazaratu dira. Zaila izan da euskararen gaineako irudiak zein diskurtsoak egunerokotasunera jaistea eta gertuko eremuan kokatzea: tokian tokiko errealitatetik, testuinguru bakoitzaren errealitatetik, bertan dauden indarguneak garatuz eta egon daitezkeen ahulguneak aztertuz. Ikastolen sorreraren garaia atzean geratu zen.
Egun, zer geratzen da kultura emozional horretatik? Euskararen inguruan egiten diren festa erraldoiak (Kilometroak, Herri Urrats, Korrika….) eta BEC. Festa eta euskara. Talde handia, komunitatea, babesa. Egun pasa, kontsumoa, aldarrikapena. “Selfiak“, argazki asko, agerpen mediatikoak eta sare sozialak.
Horrek egiten gaitu egun euskaldun eta mundu globalizatuaren kide.
2.- Euskara eta haurren unibertso paregabea
Helduok gauza serioetan ibiltzen gara, oso lanpetuta eta estresatuta. Guk aldatu ezin duguna hurrengo belaunaldiek egingo dute. Ume eta haur euskaldunak nahi ditugu, baina beste gauza asko ere izan behar dute, besteak beste futbol izarrak (mutilak) eta abeslari edo modelo arrakastatsuak (neskak).
Eta oso adibide gutxi kenduta, ez futbol izarrek ezta modelo arrakastatsuek, ez dira euskaldunak eta ez dute asmorik euskaren alde egiteko. Horregatik umeak txikiak diren bitartean euskarazko eremuetan murgiltzen ditugu euskal kantuz eta irribarrez blai egin daitezen, baina hazten doazen heinean, gauzak serio jartzen direnean, ereduak, unibertsoak eta hizkuntzak beste batzuk dira.
Konturatzerako ume edo nerabe horietako askok euskara erdi galdua izango dute eta hasiko gara pentsatzen, belaunaldi honetan lortu ez duguna agian hurrengo belaunaldiak lortuko duela. Umeak euskalduntzearekin (euskaradun egitearekin) konformatu gara. Bide batez, euskara umetu dugu. Eta hori aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke, baina soka motza duena.
Emakume eta gizonen arteko berdintasunaz ari nintzela ezagun batekin, (gizonezko batek) zera esan zidan: baina neskak jada futbolean ari dira, ezta? Zer gehiago behar da? Bai, futbola feminizatu dela entzungo dugu, baina zein dira horrek eragin dituen aldaketak? Ezta bat bera ere. Izan ere, munduan zehar dauden txapelketa nagusi guzti-guztiak gizonezkoenak bakarrik dira. Emakumeak futbolean sartu badira ere, futbolaren mundua ez da ezertan aldatu. Ezertan. Futbol serioa gizonezkoena da.
Umeak euskaldundu ditugu, baina zer aldatu da gure hizkuntz eta kultur unibertsoan? Agian futbolean genero berdintasuna baino gehiago, baina hala ere oso gutxi.
3.- Lan mundua eta gizarte egitura
Aipatua geratu da. Gure belaunaldiko batzuk gazte ginela euskaldundu ginen. Askorentzat bizimodu bat bilakatu zen euskalduntze prozesua. Gozamena askotan eta tarteka une gogor batzuk ere (motibazioa batzuetan jaisten zelako), baina sinetsita egin genuen euskalduna ez zela jaio egiten, egin egiten zela baizik. Bidea intentsua izan zen eta horrek eman zigun aukera bizipen horiek barruraino sartzeko eta hizkuntzarekin bat egiteko. Gehienetan guztiz esperientziazkoa eta emozionala izan zen. Euskalhaldundu ginen. Kasu askotan bitarteko gutxirekin eta testuinguru epel batean.
Eta gure testuingurua aldatu genuen, erdaldun izatetik euskaldun izatera. Eta guraso bilakatu garenok haur euskaldunak hezten ari gara. Bizitzak guretzako aurreikusita zuen patua eraldatu egin genuen.
Batzuk uste izan genuen gauza bera gertatuko zela bizitzako beste esparru batzuekin. Esate baterako, emakume eta berdintasunaren aldekoa izanda, unibertsitatera iristeko aukera iraultzailea iruditu zitzaidan, ez nire amonak, ez nire amak ez baitzuten horrelako aukerarik izan. Horrela nire adineko neska guztiak hezkuntza sisteman txertatu ginen eta gutako asko eta askok goi mailako ikasketak burutu genituen.
Aldaketa horrek lan mudurako sarbidea irekiko zigulakoan nintzen, titulua nahikoa izango zela.
Ba ez! Denborarekin eta egoera barrutik ezagututa (hau da lan munduaren egoera ezagututa) segituan konturatu nintzen emakumeak lan mundura iristeak ezer gutxi aldatuko zuela, lan munduak berak emakumeak jasotzeko aldaketarik ez bazuen egiten. Eta hori da gertatu dena, lan mundua antolatzen eta arautzen duen sistema ez dela aldatu. Horregatik langabezia tasa igotzen denean edota emakumeak ama bilakatzen direnen kanporatuak izaten dira. Lan munduak eta genero sistemak kanporatzen ditu.
Zer gertatzen ari da euskararekin? Eta zer gertatuko da hurrengo belaunaldi euskaldunekin? Zer gertatuko da, zehazki, lan munduan sartzen diren ikasle euskaldun belaunaldi berriekin?
Argi dago urte hauetan lan munduari begira jartzeko oinarriak jarri direla, gurasoek euskara aukeratu dutelako euren seme-alabentzako. Horrek presioa suposa dezake, baina agerian da lan munduan ez dela inongo aldaketarik egin hizkuntz aldaketa gauzatu ahal izateko (esate baterako hezkuntzak bere momentuan egin zuen moduan), kontrakoa aldiz. Emakumeen kasuarekin alderatu daiteke egoera: emakumeak formatu egiten dira, baina gero gizarte aldaketak ez dio formazio horri lekua eskaintzen.
Hizkuntzaren kasuan, ez da soilik euskara kontuan hartzea, berau garatzeko egin beharreko moldaketa eta aldaketei ere lekua egin behar zaie. Eta horretarako, lan mundua euskalduntzeko, beharrezkoak direnak zeintzuk diren jakitea zaila da: baliabideak, harremanen konfigurazio berria, material berriak, enpresetako dinamika berriak,… Ia guztia dago egin gabe. Dena dela, horretarako lehengai nagusia badugu: gazte euskaradunak.
Gazte horiek profesional edo langile euskaldunak izateko prestatu behar dira. Euskara lantresna izan behar dute. Erabileraz haratago lana euskaraz egingo dutela barneratu behar dute (beste hizkuntza batzuk ere lagun izango dituztela jakinda). Bestela euskararen alde ahalegin handiak egiteko prest ez daudenak beti izango dute aitzaki on bat euskararen garapena moteltzeko: gazteek ez omen dute –eskolatik kanpo- euskara erabiltzen. Orduan zertarako bultzatu euskara ondorengo urratsetan alegia, lan munduan-?
Aro berri baten gaude murgilduta aspalditik. Baina gutxi hitz egiten da gizarte aldaketaz. Eztabaida edo hausnarketa horri heltzen ez zaion bitartean, denak nostalgiaren itxura izango du: beste garai batean entzundako diskurtsoak eta leloak, aldiro-aldiro, makillatuta, behin eta berriro bueltan.
Lan munduaren inguruan eztabaidatzen hastea aro berri bati ekiteko modu bat izan daiteke, gizarte aldaketa nagusienetarikoak hor ernaltzen direlako. 60. hamarkadatik aurrera, euskararen egoerak aldaketa ikaragarriak ezagutu zituen, eta horrek eszenatoki berriak ondorioztatu zituen. Eraldaketa hori, neurri handi batean, hezkuntzan emandako aldaketaren ondorioa izan zen. Aro berri honetan protagonista berriak behar dira, prest al dago lan mundua erronka horri aurre egiteko?
(JONE M. HERNÁNDEZ GARCÍA antropologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)
Euskalgintzaren 3. pizkundea nork piztuko du?
2015-05-13 / 17:06 / Patxi Alaña
Patxi, Zuk bidalitako artikuluari buruz iritzia emango nizula esan nizun eta gauza askotan ados nago:
- Arlo sozioekonomikoa arlo nagusienetakoa da
- Ziurtagiri hiperrindartsua behar da
- Hori erabat zabaldu behar da gizarte osora
Beste gauza asko ere bai:
- Adostasun politikoa, estrategia bateratzea, jaiotza politika, ingurune euskaldunen indartze sozioekonomikoa...
Orain urte bat bidalitako eta zuek argitaratuko artikulu honetan horiei buruz hitz egin nuen. Zure gaiarekin lotuta beheko zati hauek kopiatu ditut, hemen behean, gogoratzeko.
Arazoa da nola jarri abian ganorazko hizkuntza politika. Eusko Ikaskuntzara honekin batera atxikita duzun proposamena bidali genuen eta hitz egin dugu baina hor geldirik dago. Kontseiluan ere proposatu genuen 2. Euskararen Unibertsio bat ea ziklo berri bati hasiera ematen genion, plan estrategiko berria aztertu zutenean baina ez genuen ezer atera. Euskalgintzaren 3. pizkundea nork piztuko du??????
HPS eta Kontseilua errezeta zaharrekin dabiltzan bidartean, txarto gabiltza. Agian beste batzuek antolatu beharko dugu Euskararen Unibertsioa 2. Prest bazaude bagara bi.
Agian, handi mandi batzuek idazki bat plazaratu beharko lukete: ASKI DA, HIZKUNTZA POLITIKO BERRIA ELKARLANEAN BEHAR DUGU, ea bazterrak inarrosten hasten ditugun. Txarto gabiltza, zuk eta Eustatek diozuen euskaldun erdia ez dira euskaldunak, euskalgungaiak izaten jarraitzen dute, eguneroko praxian euskaradun bihurtzen ez diren bitartean.
b) Estrategia berrirako gakoetako batzuk
Erabileraren ziurtagiri bakarra. Bai Euskarari ziurtagiria egonda, Bikain ziurtagiria sortzea ez zen erabaki egokia izan. Ziurtagiri bakarra behar dugu, oraingo Bai Euskararik eta administrazioek (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EEP) kudeatuta eta Euskal Herri osorako. Ziurtagiri bakar horrek bi maila egiaztatu beharko lituzke: batetik zerbitzua euskaraz ematen dela ziurtatzea eta, bestetik, zerbitzua eta lana geure hizkuntzan egiten dela. Ziurtagiri hori doakoa izateaz gain, lehenengo mailakoa eremu guztietara zabaldu beharko genuke: udalak, aldundi eta gobernuetako sailak, enpresa publikoak, ikastetxeak, elkarteak, kirol jarduerak, dirulaguntzak jasotzen dituzten eta administrazioetako hornitzaileak diren enpresa eta erakunde guztiak... Bestetik, administrazio atal askotan, ingurune euskaldunetan eta hainbat sektoretan, arnasguneak sortzeko, bigarren maila zabaldu beharko litzateke.
Lurralde politika. Herrialdeetako hiriburuak eta eskualdeetako hiri nagusiak historikoki erdalduntze prozesuaren indarguneak izan dira. Azken urteotan, inbertsio gehienak hiriburuetan egin direnez, metropolizazio prozesua areagotu da, euskara gehiago zokoratuz eta ingurune euskaldunen arnasguneak desegituratuz, baliabide eta proiektu berririk ez edukitzeagatik. Mondragon Taldearen deszentzalizazio ikuspegiari esker (lantegiak, unibertsitatea… eskualde desberdinetan kokatuz) prozesu hau nolabait leundu da. Roberto Manjonek dioen moduan, lurralde politika hizkuntz politikaren eragile nagusia da eta, zoritxarrez, erabat kontra dugu, AHT esaterako. Lurralde politika errotik aldatu behar dugu eta egitura eta enpresa berriak ingurune euskaldunetan kokatu behar dira, euskara normalizatu nahi badugu. Beste adibide bat: gure herri txiki askotan, 20-30 etxebizitza berri egin, herritik kanpoko jendea etorri eta giroa erabat erdalduntzen da. Horrelako gauzak zaindu behar ditugu erdaldunak integratzeko dugun gaitasuna baxu-baxua delako.
(...)
Arlo sozio-ekonomikoa. Enpresetan, merkataritzan eta zerbitzuetan euskaraz bizitzeko, Ibarretxeren garaiko Jaurlaritzak urrats handia eman zuen: Hizkuntz Eskubideen Dekretua. Lehenengo aldiz, enpresa handiei kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko ibilbide orria jarri zitzaien: eskubideak eta epeak zehaztu, isunak aurreikusi. Zoritxarrez ondoren isunak kendu egin ziren eta, horrekin, Dekretuak balio handia galdu zuen. Gainera, dekretua ez da erabiltzen establezimendu berriei hizkuntza eskakizunak ezartzeko ere, beste lege eta arauak exijitzen zaizkien moduan. Dekretu hau bere osotasunean berreskuratzea ezinbestekoa da eta horrekin batera, gauza gehiago egin daitezke euskara alor honetan bultzatzeko: administrazioek eta enpresek beren hornitzaileei eskakizunak egitea, enpresak sortzean hasierako doako hizkuntz laguntza eskaintzea, hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten enpresei zergak murriztea…
Horrez gain, gune euskaldunak ekonomikoki indartu behar ditugu: administrazioaren zerbitzu batzuk hor kokatut negozio maileguetan baldintza hobeak eskaini, enpresa euskaldunak kokatzeko eraikin eskaintza egin… Azkenik, elkargo profesionalek, enpresari elkarteek eta sindikatuek ere zeresan handia dute gai honetan baina egindako urratsak apalegiak izan dira. Denak zuzenean inplikatzeko prozesu bat zabalduko beharko litzateke.
(PATXI ALAÑA ARRINDA Iberba Hizkuntza Zerbitzuko arduraduna da)
Etorkizun-ikuspegiaren aldetik ilunaldi moduko batean gaude
2015-05-19 / 21:54 / Jon Sarasua
Zure artikuluaz iruzkin labur batzuk, eskematikoki:
- Atsegin dut artikuluaren indarra, eta lehentasun-ariketa egiteko deia. Idazki argia da, eta eragilea.
- Euskararen biziberritzean etorkizun-ikuspegiaren aldetik ilunaldi moduko batean gaudela iruditzen zait, eta estrategiak etorkizun-ikuspegiaren alaba direnez, estrategien mailan ere lausoaldian gaudela. Trazo txikian gauza asko esaten da, baina trazo handian hurrengo pausuak zein diren ikusteko gaitasun falta moduko bat ikusten da euskalgileen pelotoian. Badut konfiantzatxoa, hala ere, horretarako zumitzak bilduko ditugula. Zorriak ikustetik elefantea ikustera pasa behar dugula diozu. Ados nago. Beldur naiz, ordea, elefanteaz gain jirafa, zebra, lehoia, orangutana eta beste batzuk ere ba ote diren zoo honetan. Arlo sozioekonomikoa elefante handi zaigu, baina beste desafio batzuk ere hor dabiltza lau hanketan. Baten garrantzia nabarmendu dezakegu besteak gutxietsi gabe, eta fauna honi jaten batera eman beharko diogula ahaztu gabe. Gogoan izango duzula pentsatzen dut, baina ohar hori eranstea ez legoke soberan.
- Diru pizgarriena aukera egokia iruditzen zait. Ona litzateke aukera horren ahalbideak esploratzea, eragile mota guztiekin. Ideia horren garapenari temati eustera animatzen zaitut. Bestetik, komeni da aipatzea enpresen euskalduntzeak dirua baino gehiago eskatzen duela. Duela hamabost urte hasierako kooperatibetan lan horretan jardutea tokatu zitzaidan apur batean; gaiaren konplexutasunaz jabetzeko adina. Motibazioak usaintzea, erritmoetan asmatzea, erresistentziak kudeatzea, espektatibak doitzea, erretzeak saihestea, neke-kontuei antzematea, ezagutza, erabilera, kanpo eskari makala, eleaniztasunaren konplikazioa... ez da "esan eta egin", asko jakin behar da, eta hala ere ez da beti asmatzen. Nora noa honekin: hamabost-hogei urteotan esperientzia dexentea pilatu da enpresetako euskara-planetan. Eta plan horiek garatzeko teknikari bataloi bat formatu da. Teknikari batailoi hori (gai honetan ari diren aholkularitza-enpresa eskukada batean ari dena) euskalgintzaren armada koxkorrean batailoi garrantzitsuenetako bat da. Pilatutako esperientzia horrek eta giza-baliabideen multzo horrek ematen digu bermetxo bat hurrengo pausuak "asmoz adina jakitez" emateko. Diru pizgarrien bidea sortzeaz gainera, hamar-hamabost urterako plana diseina litzateke, enpresen euskalduntzean nora eta nola iritsi nahi dugun mailakatzeko.
Bi kontu horiexek sortu dizkit zure artikuluaren irakurketak. Ezertarako balio badizute, ondo, eta bestela, segiko dugu hurrengo batean.
(JON SARASUA MARITXALAR Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea da)
Ez dute inoiz utziko euskarak lehentasuna izatea
2015-05-25 / 16:22 / Pako Aristi
Patxi, asko gustatu zait zure testua, diagnostikoa egokia iruditzen zait, zorrotza, abiapuntu gisa balio handikoa. Hiru jakintza daude herri batek bere egoera alda dezan: historia, ulertzeko nola iritsi garen egoera honetara; diagnostikoa, gure egoera zehatz-mehatz zein den jakiteko; eta estrategia politikoa, gauzak eraldatzeko. Eta zuk ongi diozun bezala, gizatalde batek gauzak aldatu nahi dituenean, beti agertzen da beste gizatalde bat gauzak bere horretan mantendu nahi dituena, hor sortzen da talka, gatazka. Gatazka hori funtsezko bizikizun bilakatzen da horrela gizarte baten bihotzean, eta gehiago gizatalde batek bestea menderatzen duenean, gurean gertatzen den bezala. Euskararen aldeko legeak eta ekimenak goiko botere batek baliogabetzen dituenean… hori da menderakuntza detektatzeko tresnarik onena.
Bukatzeko, ipiniko dizut testu bat, hitzaldietan erabiltzea gustatzen zaidana. Pau Vidal filologo kataluniarrak esana da, Berria egunkariko elkarrizketa batean, ea Katalunian hizkuntza eta estatuaren eztabaida nola dagoen galdeturik:
"Izpiritu zientifikoak behartzen zaitu gauzak objektibotasunez esatera. Legeak aldatzeaz ari naizenean, noski, pentsatzen ari naiz estatu berri batean. Espainiakoarekin ezinezkoa da akordioa. Ahalegina egin da, eta oso ameslaria edo hipokrita izan behar da pentsatzeko espainiarraren gisako nazionalismo hegemoniko baztertzaile batekin akordioa lor daitekeela indar harremanak aldatzea ahalbidetuko luketen legeak egiteko. Sinpleago esan liteke: Espainiako estatuak ez du inoiz utziko Katalunian katalanak, Euskal Herrian euskarak edo Galizian galegoak lehentasuna izatea gazteleraren gainetik. Legea soilik aldatu liteke estatu berri batetik. Hizkuntzak, bizirik irauteko, beharrezkoa du estatu bat. Hori ez da unibertsala, baina Espainiako estatuan hala da".
Zorionak testuagatik, eta animo zure bizitzako egoera berezi honetan!!!!
(PAKO ARISTI URTUZAGA idazlea da)
Euskararen minbizia: euskaldun gehienak erdaltzaleak dira
2015-05-26 / 12:37 / Juan Inazio Hartsuaga
Euskararen egoerari buruz idatzi ditudanak ikusiak badituk, jakingo duk nire oinarrizko kezka euskaltzaletasuna dela. Gure aurrekoek eraiki zituzten mitoek fin zarraitek lanean eta gaurdaino arrakasta handi samarrez lortu ditek ezkutatzea gure drama eta gaitz nagusia: euskaldun gehienak ez dituk euskaltzaleak; euskaldun gehienak erdaltzaleak dituk. Elebakartasunak zekarren ezinbesteko euskaltzaletasuna amaitu denean, hautazko euskaltzaletasunaren aulezia azaldu duk argi eta garbi (Axularrek jada aipatzen zuena, bide batez), mitoek itsututa bizi ez garenon begietan bai behinik behin.
Oinarri-oinarrizko gaitz horri heldu gabe, gainerako lanetan saiatzen garen artean, sendotasunik gabeko obrak osatuko ditiagu ezin bestean. Sarritan erabili ohi dudan metafora berriro aipatuz, bizkotxo trinko bat egin beharrean, soufflé harroa egiten ari gareneko inpresioa ezin diat burutik kendu. Eta badakik zer gertatzen zaion souffleari: Orratz alu batez ziztatu eta kitto haren trinkotasunik gabeko handitasuna. Putza besterik ez zela erakutsiko ziguk berehala.
Azken garaiotan, disimulurik gabe eta "gure" erakundeetatik zabaltzen ari diren mezu subliminalek erakusten dutenez, posible duk eta areago, ohiko duk euskaldun jator petoa izatea erabat edo nagusiki erdaraz jardunez. Tesi mardula egin zitekek euskaldunen erdaltzaletasunaren zergatiak eta nondik-norakoak aztertzen. Mardula, interesgarria eta premia-larrizkoa, gertatzen ari zaiguna ulertzeko. Halere, -aipatzen nituen mitoen indarraren erakusgarri, nonbait,- ez duk horrelakorik inoiz egin, aspaldian euskal filologo eta soziolinguista ugari gure artean bizi den arren.
Erraiak minbiziak janda ditudala baneki, ez nindukek sobera luzatuko eztabaidan, buruko minerako parazetamol ala ibuprofeno, zer komeni zaidan gehiago. Minbizia nola gelditu izango zuke nire lehentasuna. Lehentasuna eta, areago, kezka bakarra.
Sentitzen diat, agian hik espero huen kritika egiten ez diodalako hire lanari. Eta benetan esaten diat sentitzen dudala, badakitelako zenbat gogoeta ordu eskatzen dituen egin duan bezalako lan bat prestatzeak. Baina bazekiat hik ere, neronek bezala, iritzi zintzoa estimatuko duala beste ezeren gainetik, eta hori eskaini diat, ahal izan dudan modurik egokienean. Izan ondo eta eutsi goiari.
(JUAN INAZIO HARTSUAGA URANGA antropologoa da)
Erdatzaletasunaren iturriak
2015-05-26 / 14:58 / Patxi Saez Beloki
Kaixo, Juan Inazio:
Hire hausnarketa ez zegok nire artikuluaren tesietatik oso apartean. Hain zuzen ere, euskaltzaletasunarekin azaltzen duan oinarrizko kezka horrek lotura zuzena dik artikuluan aipatutako datu honekin: «EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute».
Euskara bigarren hizkuntza duten herritarrek, neurri handiagoan edo txikiagoan, erraztasun handiagoa diate beren burua erdaraz azaltzeko, erdaraz bizitzeko. Nork bere izana erraztasun handiena duen hizkuntzan garatzen dik. Gure bakarrizketak eta gogoetak nekez garatzen dizkiagu gure bigarren hizkuntzan. Horretarako erraztasun handieneko hizkuntza erabiltzen diagu gure baitako elkarrizketak eta bizikizunak eraikitzeko. Hain zuzen ere, geure nortasuna eraikitzeko hizkuntza hori, normalean, gure ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza izan ohi duk.
Beraz, euskaldun erdaltzaleez osatutako gizartearen hizkuntza joerari buruz, badiagu hor zer hausnartua.
Gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea
2015-05-28 / 17:34 / Rober Gutierrez
Zure artikuluan pasarte ugari azpimarratu ditut. Iritzi batzuei ñabardurak erantsiko nizkieke. Esate baterako:
"Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu…". Noski, hezkuntza sistemari aitortu behar zaio azken urte hauetan egindakoa. Baina… Horretaz ere idatzi nuen: "Hezkuntza sistemaren ekarpenaren ondorioz, (gasteizko) gaztetxo horientzat guztientzat, euskara ez da arrotza, euskaraz aritzeko gaitasuna badute, eta ez da gutxi, baina hortik hizkuntza erabilera-ohiturak errotik aldatzeko urratsa egiteko funtsezkoa izango da alor eta estamentu guztiak inplikatzea, bai eta hauen arteko koordinazioa, elkarlana eta osagarritasuna ere". Benetan eskolak (bakarrik) euskalduntzen al du? Hori aberasteko, ikus HEMEN edo, baita, HEMEN ere, etab.
"Sekula baino hiztun gehiago ditu baina erabileran herren egiten du…". Lehen aipatu dizudan artikuluan ere esana nuen: “Gasteizko gaztetxo gehienentzat gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea, normala dena. Esfortzu apartekoa egin behar dute gaztelera ez den hizkuntza bat erabiltzeko, eta horretarako motibazio berezirik ez badute, ez dute erabiliko”. Pertsonak eta ESPAZIOAK euskaldundu behar dira. Hizkuntzaren erabilerarako ezinbestekoa da espazioak irabaztea eta horren garrantzia azpimarratu ohi da behin eta berriz.
“Lan mundua irabazi beharra dago euskararentzat”. Ados. Zuk diozun bezala, “lan munduko eragile guztiak ere artikulatu behar dira euskararen norabidean jartzeko…”. Azken urteotan lan handia egiten ari da alor horretan eragiteari begira. Lan Mundua euskalduntzeko konferentzia nabarmenduko nuke eta ondoren egiten ari den lan guztia. Enpresariekin, sindikatuekin, kontsumitzaileen elkarteekin zein administrazioko ordezkariekin hitz egin da egoeraren gainean. Lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurrien inguruan aritu gara eragile horiekin guztiekin:
- Normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz
- Hizkuntza-politiken eta arauaren funtzioaz
- Enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez edota laguntzez
- Bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz…
Elkarlana bideratu beharko litzateke baina, zoritxarrez, zailtasunak egon ohi dira hori bideratzeko.
Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du arlo sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.
"Erraza izan aurretik dena oso zaila da"… horren inguruan neuk ere idatzi nuen.
…
Segi bizkor!
Besarkada bat,
(ROBER GUTIÉRREZ Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria da)
Iruzkinak elefanteari begira
2015-05-31 / 10:36 / Iñaki Arruti Landa
Lehendabizi, eskerrik asko Patxi, indarrak hartzeagatik eta indarrak emateagatik, pentsatzeagatik eta pentsarazteagatik ere bai. Badugu premia.
Elefantea. Halaxe izendatu duzu lan-mundua. Ez dago gaizki esana, handia da eta. Handia betetzen digun bizi-denboraren tamainan, zenbatekotasunean alegia eta handia baita ere, batez ere, betetzen digun bizi-moduaren nolakotasunean, garrantzian. Oso handia.
Gauza asko esaten dituzu artikuluan eta ezin denak banan-banan aletu. Gehienekin bat egiten dut nik ere eta horiek errepikatu ordez, soilik beste modu batera ikusi ditudanak edo beste galdera batzuetara eraman nautenak erantsiko dizkizut:
a) Belaunaldi berrien errauskailu?
Eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten du, diozu. Bai, baina ez beti eta ez denak. Gazte azpeitiar gehienentzat hala izango da seguruenik, baina eibartar gutxiagorentzat igual eta basauriar zenbatentzat?
Lan-mundura iritsi aurretik, zenbat gazte erretzen zaizkigu bidean? Herriko futbol-taldean, adibidez?
Ondo dakizun modura, omenaldia egin nahi diozun Fishmanek berak ere, herri-mailako lan-munduan eragitea irakaskuntzaren ondorengo urrats modura planteatzen du, baldin eta oinarrizko urratsa (etxeko giroa, auzo-ingurua eta bizi-esparru komunak, gertuko komunitatea) indartu bada eta hori indartzeko baldin bada. Nazio-mailako lan-mundua, berriz, urratsen hurrenkeran azkena da.
b) Nola egin beharrezkoa (ia) beharrezkoa ez dena?
Aspaldi iltzatuta geratu zitzaidan Fer que el català sigui útil i necessari és la clau per a la seva normalització efectiva esaldia. Eta horretan sozio-ekonomiak, elefanteak, duen garrantzia eztabaida ezina da. Kontua da, zuk diozun modura, nola lortu “útil i necessari” hori?
Eta Coca Colari galdetzen badiogu? Edo Microsofti? Igual ez liguke balioko erantzunak. Merkatu-kontu bat da bai, baina ez da merkatu kontu bat soilik.
Gauza delikatua eta garrantzitsua da inondik ere beharraren kontu hori. Eta, beharra, ideia linguistikoen logikatik, beharretik, begiratzea komeni zaigu (ez aldian aldiko ideologietatik). Begiratu, sinetsi eta praktikatu. Txepetxen teoria ezagutzen duenak, badaki hizkuntzaren normalizazioaren lehendabiziko axioma beharrarena dela. Arin eta argi, Andoni Egañak ere idatzita dauka axioma bera (Berria, 2012/10/06): “…Batek baino gehiagok esango du herritarrak «behartzen» ari garela. Nik esango nuke «beharra sortzen» ari garela eta aldi berean gure beharrak bistan ipintzen. Alde handia dago.”
c) Diru gehiago, pizgarri?
Baliabideez hitz egiten duzunean, berriz, pizgarriez eta bereziki diruaz hitz egiten duzu. Bistan da egun darabilzkigun diruak (eta legeak…) baino gehiago behar direla euskara lan-munduan txertatzeko (edozein kopuru [eta lege…], ordea, huskeria litzateke erdarak behartzeko erabilitakoen ondoan), baina ez nuke esango garrantzitsuena, eta batez ere, lehendabizikoa denik.
Dirua (administrazioak emana ulertzen dut), ziurtagiriekin lotzen duzu eta agiri horiek euskaraz funtzionatzearekin, goitik behera eta behetik gora, diozu.
Iruditzen al zaizu dauzkagun administrazioek enpresei hori eskatzeko (eta eskaintzeko) tenplean ditugula? Eta sinesgarritasunean? Diruak diru eta hizkuntza-eskakizunak eskakizun, euskaraz funtzionatzeak oso-oso administrazio gutxitan funtzionatzen duenean, ezta?
d) Nola aldatu statusa, statusa aldatu gabe?
Fishmanen beraren zita mamitsua ekarri duzu zerorrek tamainako gizarte aldaketek sortzen dituzten erresistentziak deskribatzeko: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako…”. Ez da nolanahiko esaldia eta ez dut uste Txepetxek dioen Redistribución del poder lingüístico kontzeptuaz ere oso urruti dagoenik.
Lurralde-eremu honetan berezkoa eta laster 40 urtez ofiziala ere baden hizkuntza hau ezagutzea lehendakari, ararteko, kontseilari, zuzendari edota alkate izateko beharrezko jo ez duen eta beharrezko hartu ez duen hori, deitu elitea nahi baldin baduzu, ikusten duzu enpresariei statusa aldatzeko eskatzen, berea aldatzeko gorputzik izan ez duenean?
e) Anabasa eta sabana
Antzekoak dirudite, baina norabideak desberdintzen ditu. Ikusi, ikusten dut elefantea, eta begiratu ere begiratzen diot elefanteari. Elefanteak, ordea, sabanan eta beste animalia batzuekin batera bizi dira eta sabana guztiak ere ez dira berdinak. Batzuk anabasa (linguistikoak) dira eta besteak sabana.
Ekosistema bakoitzak topatu behar du bere oreka eta horretarako une eta gune batzuetan txingurriei eman beharko zaie bide eta beste batzuetan, berriz, elefanteei.
Edozein kasutan, ekosistemak oreka hori topa dezan, bilatu egin behar da, dugu, bakarrik ez baitu aurkituko. Gezurra, aurkituko du oreka berri bat, baina bestelakoa izango da. Eta horretarako, zuk nahi duzun sabanako bidea egiteko, zuk egin duzun modura, anabasan ateak jo eta ireki egin behar dira.
(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako euskara zerbitzuko arduraduna da)
Ausartegia litzateke arazo nagusia lan munduan dagoela esatea
2015-06-05 / 10:06 / Miren Segurola
Artikuluan esaten diren gauza askorekin erabat ados egon arren, funtsean, baditut artikulua irakurri eta kopeta zimurrarazten didaten zalantza batzuk. Eta ez dira nolanahiko zalantzak, artikuluaren teoria baita zalantzan jartzen dudan lehenengo puntua, eta arazoaren soluziobidean zehazten den estrategia bigarrena.
Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, lan munduaren inguruan egiten diren afirmazio askorekin bat egiten dut: “euskaraz biziko bagara lan mundua euskaldundu behar da”, “gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzeko egindako saiakera guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak”, “lantokian euskara nagusi ez izateak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du gizartearentzat”...
Baina zalantzak ditut hori ote den gaur egun euskarak duen problemarik handiena. Egia da soldataren truke lan egiten dugunok esna gauden denboraren erdia lanean pasatzen dugula, baina Euskal Herrian 15-65 urte bitarteko biztaleriaren %60,8k egiten du lan, horietatik %20 administrazio publikoan, eta beste ehuneko batek hezkuntza sistema pribatuan, eta %70ek zerbitzuetan. Oraindik euskal gizartearen %70tik gora erdaldun elebakarra da, badaude D eredu ikastetxeak non ikasleek atetik atera bezain pronto gaztelaniaz egiten duten, udalerri euskaldun askotako arazo bihurtzen ari da guraso euskaldunak gaztelaniaz aritzea parkean, administrazioa ez da gai bere zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko, hedabideen kontsumorako aukeren artean euskararena ez da %5era ere iristen... Horien guztien jakitun izanda, ausartegia litzatekeela uste dut arazo nagusia lan munduan dagoela esatea. Agian ados egon ninteke arazo nagusienetako dela esatearekin.
Baina arazoaren nagusitasunaren inguruko zalantza izanagatik ere, nik ere lan munduan eragitea garrantzitsua dela uste dut. Hala ere, beste hainbat zalantza sortzen zaizkit artikuluak lan mundua euskalduntzeko planteatzen duen estrategiaren inguruan. Ez dut uste lan mundua euskalduntzeko estrategia egokiena enpresei pizgarri ekonomikoak ematea denik. Eta ez estrategia desegokia bakarrik, estrategia hori gizartearentzat justua ez litzatekeela izango esatera ere ausartuko naiz. Gaur gaurkoz, herritarrek bertako hizkuntza ikasteko ordaindu egin behar dutenean, administrazioek ez dutelako nahikoa bitartekorik jartzen euskararen lurraldean bertan herritar guztiak euskaldun izateko, herritar ororen eskubidea izan arren.
Gainera, uste dut administrazioak badituela bestelako baliabide batzuk, bertako lantokiak euskaraz funtzionatzen jartzeko. Zalantza dudana da, ba ote dagoen nahikoa borondate enpresa edo industria sareari erantzukizun horiek jartzeko. Zergatik bestela sustatzen dira bi ziurtagiri enpresa eta erakundeentzako, bata kalitatearen A ziurtagiria, eta beste bat Bikain ziurtagiria, euskara gaitasunari dagokiona? Ez al litzateke dezente eraginkorragoa Euskal Herrian kalitatearen ziurtagiria eskuratu nahi duen edonori euskara ezinbesteko baldintza bezala jartzea? Ez al lituzke horrek testuan aipatzen diren ziurtagirien datuak eraldatuko? Ez al luke enpresa askotan euskalduntzea bizkortuko?
Beste bidea administrazioak egiten dituen lege edo arauena litzake, nik uste dut lan munduan urrats asko egin daitezkeela. Zer izango litzateke kontsumitzaileen legea bera betearazteko neurriak jarriko balituzte? Edo administrazioak berak egiten dituen kontratazioetan enpresei hizkuntza exigentziak jarriko balizkie beti?
Ziurrenik estrategia ezberdinak erabilita ere lan handia egin beharko dugu lan mundua euskalduntzeko, baina euskararen normalizaziorako estrategia ezberdinetan sakontu eta adostasunak biltzea ezinbestekoa izango dugu, aurrera egin nahi badugu.
(MIREN SEGUROLA LARRAÑAGA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko -UEMA- koordinatzailea da).
Orain arteko paradigmari begiratu kritiko bat emateko garaia
2015-06-10 / 09:47 / Joxean Amundarain
Ez dakit lan munduarena den euskararen elefantea, elefante bakarra, alegia (izan ere urliak arnasguneei buruz hitz egingo du, sandiak erabilera eskasaz, berendiak Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako lege egoeraz …) ; baina bai, begi aurrean dugu eta ez da nolanahiko pakidermoa. EAEri buruz ari gara, jakina; artikuluaren haritik Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan eskola munduan eta, lana franko egin behar baita, oraindik.
Sentsazioa daukat, EAEn, Normalizazio Legea onartu zenetik 33 urte pasa ondoren, tokatzen dela orain arteko paradigmari begiratu kritiko bat ematea eta etorkizunari begira beste oinarri batzuk jartzea.
Espainia aldean, boladan dago Podemos (Ahal Dugu) alderdia. Batzuek diote alderdi horren arrakastaren gakoetako bat dela egungo egoera politikoari buruz egin duten diagnostiko argia. Ezaguna da alderdi horretako zenbait agintarik nolako ikuspegi kritikoa duten hainbestetan loriatu den Espainiako trantsizioari buruz.
Esango nuke, ez hain modu esplizituan, baina Euskal Herrian zenbait jende hasi dela iragan hurbil hori ere begi kritikoekin begiratzen. Nik behinik behin horrela ulertzen dut Ruper Ordorikaren Haizea Garizumakoa abestiaren ahapaldi hau:
Hemen okerreko belaunaldikook, ezertan asmatu ez dugunok, norbere lotsaz ardura dadila gu geureaz arduratzen bezala |
Bada, iruditzen zait Euskararen Legearen inguruan antzeko zerbait egin beharko litzatekeela. Asko dira legeak ekarri dituen onurak; baina badira hutsuneak eta horiei buruz ere hitz egin beharko genuke, modu lasaian. Eta hutsune horien artean, lan munduaren hizkuntza normalizazioarena izan da nagusietako bat, dudarik gabe.
Bestetik, Espainiako trantsizioan bezala, komeniko litzateke mitifikazio maila apur bat jaistea. Izan ere, zaila da sinistea garai batean halako adostasunezko giro miragarri bat zegoenik, geroko gertakari eta adierazpen batzuk ikusita. Ramon Labaieni Jakinen egin zioten elkarrizketa irakurrita, ematen du garai hartako giroa ez zela gaur azaldu nahi zaigun bezalakoa (ikus, HEMEN).
Berrikuspen orokor honen barruan kokatuko nituzke lan munduan euskararen erabilera suspertzeko abian jarri diran politika eta ahaleginei buruzko hausnarketa.
Esaterako galdera batzuk datozkit burura:
Hala, gogoan dut EHUren udako ikastaroetan Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik izeneko ikastaro bat antolatu zuela Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiak. Joan Pujolar irakasle katalana izan zen hizlarietako bat eta halako batean aipatu zigun zein garrantzitsua izan zen katalanaren hizkuntza normalizaziorako Generalitateak katalana hartu izana laneko hizkuntza nagusi. Inportantea izan omen zen ez bakarrik Kataluniako erakunde nagusiak katalana hartu zuelako lan tresna, baizik eta administrazioarekin lan egin nahi zuten enpresei mezu argi bat bidali zitzaielako.
Orain galdera, zein da EAEko administrazio nagusiaren eta administrazio nagusien lan hizkuntza (erakunde autonomoena, mundu parapubliko horrena)? Ze mezu banatzen dute inguruko enpresetan? Lan munduan? Eustaten arabera, administrazioak %15,35eko pisua izan zuen 2014ean EAEko Barne Produktu Gordinean. Kataluniako ereduari jarraituz gero izango litzateke eragiteko modua, ezta?
Bestetik, 2005-2009 legealdian Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa 123/2008 DEKRETUA onetsi zuen. Euskaldunen artean eta kontsumitzaile elkarteen artean harrera ona izan zuena, hizkuntza bazterkeriako hainbat egoera saihesteko aukera ematen zuena eta, horretaz gain, zerbitzu sektorearen euskalduntzean eragina izan zezakeena. Aurreko gobernuak bertan behera utzi zuen dekretu hau, baina oraingo gobernuaren ildo politikoa 2005-2009koaren antzekoa da. Hala ere, zergatik ez da eguneratu dekretu hori? Zergatik ez da apenas hitz egiten kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza eskubideei buruz?
Galderen ondoren baieztapen pare bat ere egin beharko lirateke, nire ustez, lan munduaren euskalduntzeari buruz ari bagara:
Lanbide Heziketan euskal ereduek gainerako zikloetan baino pisu nabarmen baxuagoa dute EAEn (zer esanik ez Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian). Nekez egingo dugu aurrera lan munduan Lanbide Heziketari arreta berezia eskaintzen ez badiogu.
Hizkuntza formalaren aldetik inoizko belaunaldi prestatuena dugu Euskal Herrian. Paradoxikoki lan mundura doazenean, eta oraingoan administrazio publikoari buruz idatziko dut, gazteleraz jartzen ditugu lanean. Kontua da lanean 5-10 urte pasa eta gero primeran egiten dutela lan gazteleraz eta ihartuta dutela euskal sena. Orduan bai, orduan okurritzen zaigu trebakuntza, prestakuntza, erabilera … planen bat eta urteetako sorgin gurpilean sartzen gara. Disonantzia nabarmena dago heziketaren eta lan munduaren artean, haundia, haundiegia .. eta galdera da zenbat denboran eutsiko diogun irlandizazio prozesu batean sartu arte. Neronek, arrisku bizia ikusten dut.
Zurearekin bukatzeko, arrazoi duzu neurri batean, lan munduaren da begi aurrean dugun elefanteetako bat eta eragiten hasteko gainerako politiketan egindakoa egin beharko dugu: estrategiak asmatu, arautu, bultzatu, eragin , zigortu, seduzitu… ez da bide bat bakarrik egongo.
(JOXEAN AMUNDARAIN ITURRIOZ Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntz Normalizazio Programetako atal-burua da)
Lan-mundua euskararen historia sozialaren mugarri bat
2015-06-11 / 20:37 / Alex Vadillo
Kaixo, Patxi
Hainbat ideia zure artikuluaren inguruan:
ADOS NAGO hizkuntzak biziberritzeko prozesuak ez direla linealak. Inflexio puntuak daude, diskontinuitateak; une kritikoak, gradu batetik bestera igarotzeko aukera ematen dutenak. Aldaketa kuantitatiboak eta aldaketa kualitatiboak dira… eta hizkuntzaren historia sozialean mugarri gisa finkatzen dira. Euskararen batasuna da bat, euskal eskolak beste bat. Gaizki ulertu ez badizut, LAN MUNDUA da, zure ustez, beste eszenatoki batera igarotzeko ezinbestean eman behar dugun hurrengo jauzia. Arrazoi duzu, ziur aski.
Halere, ni neu TOKIAN TOKIKO planifikazioaren aldekoa naiz. Azpeitiko talaiatik begiratu eta erronka garbi ikusi duzu. Eskerrak horrelako talaiak ditugun! Behetik begira ari garenok, sarri, ezin izaten diogu basoari tamaina hartu. Behar primarioagoak atzematen ditugu: eskoletan edota aisialdian ditugun zuloetan trabatuta gaude, ontzia hortik husten ari zaigula somatzen dugulako. Begiak arlo sozioekonomikoan jartzen ditugunean ere, lehentasunak beste nonbait jartzen ditugu: komertzioa, ostalaritza, zerbitzuak... hiriko bizitza sozialean eragin beharra dago.
Hortaz, zuei dagokizue bidea egitea. Ez da lehendabiziko aldia izango.
Pizgarriak proposatzen dituzu. Pizgarriak? Sustapena? SUSTATU ala ARAUTU? Alferrikako dilema, ez zaizu iruditzen? Biak ala biak dira beharrezko. Kontseiluak esan ohi du Euskal Herriko hizkuntza politikak araugintzatik gutxitxo duela, eta sustapenetik elikatzen dela. Baliteke arrazoia izatea. Kontsumitzaileen legea adibide paradigmatikotzat jo daiteke. Hutsuneak zituen, baina irudipena dut betebehar batzuk estrainekoz era operatibo samarrean arautzen zituela. Zertan geratu dira, ordea?
Susmoa dut, bide honetatik jarraituz gero, lehenago edo beranduago, PROGRESITIBITATEAren idearekin topo egingo dugula: arian-arian, emeki-emeki. Iñaki Urrutiak esan ohi du progresibitatea -egun- sustapen-politika neutralizatzeko faktorea dela. Arrazoi du. Xabier Mendigurenek ere zeozertxo esan izan du horretaz. Akordatzen? "Eztabaida liteke bi puntuen arteko denbora-tartea txikia ala handia den, baina hori zilegi da. Baina ez da zilegi bukaera-datarik gabeko plangintza baten barruan progresibitatea argudiatzea egiten denaren inguruko kritika sortzen denean".
Iruditzen zait progresibitatea hizkuntza politikan beste modu batean ulertu izan dela. Progresibitatea ez da izan urrats bat beste baten atzean ematea. Progresibitatea gizartearen nahimenarekin lotuta ulertu dute: urratsak eman, gizartea (edo iritzi publikoa) urrats horiek onartzeko prestatua dagoen neurrian, eta soilik neurri horretan. Jauziak emateko ausardia gehixeago behar dela iruditzen zait.
Oraingoz aski da honaino. Eztabaida interesgarria piztu duzu eta arretaz jarraituko dugu. Emango du zeresana!
Hurrengora arte!
(ALEX VADILLO OTXOA Euskara teknikaria eta Allartean soziolinguistika blogaren sortzailea da)
Elefanteak ere mugitzen dira
2015-06-15 / 18:33 / Paul Bilbao
Artikulu interesgarria Patxi Saezek idatzitakoa, eta lehenbizi, eskerrak eman nahi dizkiot artikulu horri oharrak edota iruzkinak egiteko eskaini didan aukerarengatik. Saia gaitezen, beraz, zorriak ez ezik, elefantea ere ikusten, eta ahal dela, mugiarazten.
Erabat ados Patxik egiten duen planteamendu nagusiarekin, hain zuzen ere, belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten dituela, neurri batean, lan-munduak. Inbertsio handiak egin dira pertsonak edo norbanakoak euskalduntzeko, eta horrek uzta oparoa eman digu. Halere, hor badugu zer hobetu. Izan ere, gaur egun, oraindik, euskara gaitasun egokirik gabe amaitzen dute derrigorrezko hezkuntza milaka ikaslek. Eta hor ere Patxik ,argiro adierazten du zein jauzi dagoen ezagutzaren era erabileraren artean. Halere, ezagutzaren/erabileraren gai horrek ere hari-mutur asko duela iruditzen zait, eta hurrengo baterako utziko dut.
Lehenik eta behin. gogoratu nahiko nuke maiz sinetsi eta sinestarazi dela pertsonak euskalduntzea nahikoa zela gizartea bera euskalduntzeko. Urteek erakutsi digute hori ez dela horrela; alegia, pertsonak euskalduntzearekin bakarrik ez dugula gizartea euskaldunduko, eta ondorioz, espazioak euskalduntzea ere estrategikoa dela.
Eta, noski, Patxik artikuluan aipatzen duen lan mundua espazio horietan kokatzen da neurri handi batean. Izan ere, ezin da ahaztu lan munduaren euskalduntzeak herritarron eguneroko bizitzan duen eragin luze-zabala. Bertan langile bezala igarotako orduengatik edota lan mundutik datozkigun zerbitzu eta produktuen kontsumitzaile izateagatik, sakoneko eragina du lan munduak gu guztion eguneroko bizitzan eta hizkuntza jardunean. Halaber, eta Saezen artikuluan jaso bezala, inoiz baino euskaldun gehiago eta prestuagoak daude gure herrian.
Ondorioz, lan munduaren euskalduntzeaz ari garenean euskaraz bizitzeko nahiaz ere ari gara, euskaraz saldu, erosi edota lan egitea euskaraz bizitzea baita.
Patxik aukera bat aurkezten digu lan munduaren euskalduntzean eraginkorki jokatzeko, instituzioen politikarekin lotutakoa. Halaber, lan munduko eragileak bide horretan jarri beharra ere azpimarratzen du. Honatx, gure ustez, artikuluan aipatzen diren eragile horiek bete ditzaketen funtzioak.
Enpresak: Enpresa guztiek kudeatzen dituzte hizkuntzak inplizituki edo esplizituki. Lan-tresna izaki enpresek ezinbesteko dute hizkuntzen kudeaketa. Kudeaketa hori egiteko modurik egokiena enpresen baitan hizkuntzen kudeaketa ere kokatzea da. Horretarako, beharrezkoa da enpresek beren hizkuntza-politika propioa lantzea eta adostea. Horren baitan, langileei ordutegi eta egutegi aldetik erraztasunak eskainiko dizkiete euskaraz lan egiteko gaitasuna eskura dezaten. Aldi berean, enpresei dagokie beren bezeroekin eta langileekin dituzten hartu-eman guztiak euskaraz garatu ahal izateko baldintzak bermatzea
Langileak: Langileei dagokienez, euskaraz lan egiteko eskubidea lankide guztiek gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da lehen-lehenik beraien burua euskalduntzea. Lanbide-jarduna euskaraz garatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, langileek euskaraz bizi nahi horri eutsi behar diote eta praktikara eraman. Bide horretan, beharrezkoa da sindikatu edo langileen ordezkariek sektoreka edota enpresekin negoziatzen dituzten lan-hitzarmenetan lan-jarduera euskaraz garatzeko eskubidea gauza dadin urratsak jasotzea.
Herritarrak: Herritarrei dagokienez, eremu honetan ere geure burua euskahaldundu behar dugu. Egungo gizarte-moldeak bezeroa erdigunean jarri eta boteretzen du. Eskubide eta botere guztiek bezala, ordea, kontsumitzeak ere erantzukizuna dakar. Horrela, kontsumitzeko moduak bizi kalitatea hobetzen eta mundu justuago bat bultzatzen lagun dezake, beren kontsumo-ohituren bidez, enpresek dituzten jokabide egokiak sarituz eta desegokiak zigortuz. Horrela, beharrezkoa da, herritarrek kontsumo arduratsua garatzea eta hizkuntzekin ere erantzukizun sozialez jokatzen duten enpresak lehenestea.
Instituzioak: Hizkuntza-politika bat egiteko bi modu nagusi dago: laguntzen bidez edo arauen bidez. Biak ala biak dira beharrezkoak, baina nahitaezkoa ere bada bi bideak erabiltzea. Administrazioari dagokio herritarren eskubideen bermatzailea izatea, bai eta bide horretan eredugarria ere. Horrela, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea, enpresen euskaraz saltzeko eskubidea eta kontsumitzaileen euskaraz erosteko eskubidea bermatzea izango du zeregin nagusia. Horretarako, beharrezko hizkuntza-politika garatu beharko du. Esan bezala, hizkuntza-politika honek bi jardunbide garatu beharko ditu modu koordinatu eta eraginkorrean: diru-laguntza bidezko sustapen-bidea eta corpus juridikoa garatuz jorratu beharreko araubidea. Biak ala biak dira beharrezkoak eta eraginkortu beharrekoak gaur-gaurkoz. Hor kokatu nuke Patxik egiten duen proposamen nagusia, baina nire ustez, beste neurri batzuekin osatu beharrekoa.
Eta, bai, erresistentziak izango dira. EAEn ikusi izan dugu araubidean aldaketaren bat egin nahi izan dutenean zer nolako altxamenduak izan diren. Hor ere, inteligentziaz jokatu behar dugu, baina ezin dugu inolaz ere atzera egin. Hor kokatu behar dugu euskalgintzaren lana, hor kokatu behar ditugu euskahaldunak. Azken finean, eta lehen esan bezala, lan munduaren euskalduntzeak ahalbidetuko digu euskaraz bizitzea, eta beraz, euskaraz bizitzeko milaka hauturen determinazioak aldaketarako erresistentziak neutralizatzeko gai izan behar dira. Euskaraz bizitzeko nahiaren bermeak aldaketa eragingarria behar du.
(PAUL BILBAO SARRIA Kontseiluaren idazkari nagusia da)
- Oharra: Artikuluaren ideia nagusiak KONTSEILUAk, aholkularitza-sektorea osatzen duten Elhuyar, Artez, Iberba, Ahize-AEK, Emun eta Bai Euskarari Ziurtagiria bazkideekin batera, 2013ko ekainaren 13an Arrasaten aurkeztutako Lan mundua euskalduntzeko adierazpena izeneko dokumentuan jasotzen dira
Euskara normaltasunez eta baikortasunez bizitzea funtsezkoa
2015-06-15 / 22:03 / Lionel Joly
Egun on Patxi,
Oso interesgarria eta egokia iruditu zait zure artikulua, eskertzen dizut nire iritzia eskatu izana. Sentitzen dut hain berandu erantzutea baina tira hementxe dator... Ez dakit nire ohar xume horiek lagungarriak izango diren baina tira hementxe datoz. Euskaraz idazteko dudan gaitasuna oso mugatua da beraz zer edo zer ez bada ulertzen esan lasai eta beste modu batean adierazten saiatuko naiz.
Artikuluaren hasieran plangintza egokia egiteko euskararen arazo nagusia zein den zehaztu behar dela aipatzen duzu. Ados nago, zalantzarik gabe, dena den batzuetan zalantza dut ea euskara “problema” bezala planteatzea egokia den. Nire ustez plangintzan dihardugunontzat egokia izan liteke baina publiko zabal bati begira euskara lexiko baikor batekin lotzea garrantzitsua iruditzen zait. Euskal hiztun guztiak soziolinguistak izateko beharrik ez dute eta beraz modu normalean bizi behar dute haien hizkuntza erabiliz. Plangintzan dihardutenen ardura da aukera horiek ematea euskaldunei. Beti daude eta egongo dira talkak eta gatazkak, soziolinguiston ardura litzateke gatazka horiek (batzuetan ezkutukoak dira, Bourdieuk behin eta berriz aipatu izan duen bezala) agerian uztea eta euskaldunei tresna batzuk ematea gatazka horiek xuabizatzeko edo behintzat egoera horien aurrean ahalik eta irtenbide egokiena topatzen laguntzeko (ikus TELP-en aukerak adibidez). Hizkuntza normal erabiltzea aipatzen dudanean, Jakoba Errekondoren liburuaren arrakasta datorkit burura (Bizi baratzea. Garaian garaikoa garaiz. 2015). Sekulako arrakasta izaten ari da, euskarazko liburua da gai praktiko bati buruz, horrek ematen dio euskarari normaltasuna eta hiztunari bere hizkuntzan bizitzeko aukera. Normaltasunez bizitzea (ahal den neurrian) eta baikortasunez ikustea euskararen gaia funtsezkoa iruditzen zait. Euskarak ez du balio behar euskarari buruz hitz egiteko nagusiki, gai arruntak aipatzeko erabili behar da. Okzitaniarraren kasuan oso ezkorrak izan ziren soziolinguistak eta ezkortasun horrengatik azkartu egin zen hizkuntzaren gainbehera: etorkizunik gabeko gai batean jendeak ez du emozionalki konprometitu nahi izaten. Are gutxiago gaur eguneko gizartean, hainbeste egonezin eta frustrazio sortzen duen honetan. Frustrazio tasa oso altu du jendeak eta ez du arazo gehigarri bat nahi normalean, gutxiago etorkizun onik ez badu.
Mezu ezkorrek normalean kontzientziazio bat lortu nahi izaten dute, baina aipatu dizudan moduan okzitaniarraren kasuarekin askotan kontrakoa lortu izan da, aipatu dizudan fenomenoari, gainera, beldurra eransten bazaio (galtzeko beldurra etab.), okerrago: gizakiak bere beldurrak egia bihurtzeko joera du. Bikoteetan asko gertatzen da: Nire bikotea baino gutxiago sentitzen banaiz (itxusiagoa, tontoagoa etab.) bikotea alde egingo duelaren beldur izango naiz. Egoera horrek hainbat ondorio izan dezake: gutxietsi egingo dut nire bikotea, ni baino gutxiago dela sentiarazteko (ni gehiago sentitzeko), etengabe maite nauelaren frogak exijituko dizkiot (alde egingo ez duela seguru sentitzeko) edota beste ohiko kasua da nik neuk harremana etetea. Hori da, nire beldurrari aurre egiteko beldur hori nik bultzatu eta egia bihurtuko dut. Alegia, zerbaiten beldur gaudenean batzuetan mekanismo inkontzienteen bitartez gure beldurraren objektua probokatzen dugu (emozionalki sufrituaraziko gaituen arazoari aurre hartu nahian, hainbeste ez sufritzeko). Beraz euskara galtzeko beldurra obsesio bihurtzen bada aukera handia izango da gure beldurraren objektua guk geuk bultzatzeko eta probokatzeko. Sentitzen dut... urruti xamar joan naiz... ea berriz zentratzen naizen... Laburbilduz, gauzak modu baikorrean ikusi behar dira, eta diozun moduan azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat bizi ari gara. Zure artikuluaren aurreneko zati hori oso egokia iruditu zait.
Euskararen ajeei dagokienez, belaunalditik belaunaldira euskara bigarren hizkuntza bezala irautea ez dirudi oso errealista: ez dut ezagutzen kasurik zeinean tokiko hizkuntza bigarren hizkuntza gisa irauteko asmorik dagoen. Ez da izan Israelgo kasua, okzitanistek okzitanoa berreskuratzeko bidea proposatu izan zutenean aipatzen duzun kasua pausu bat baino ez zen berreskurapenaren bidean, halaxe da Fishmanen RLS-en ere. Zalantza dut, again, latinarekin Vaticano-n baina noski kasu berezia da hori.
Atal honetan aipatzen duzuna egia da, zalantzarik gabe, datu makro horiek egia dira baina euskararen etorkizunari begira baikortasuna maila kualitatiboan aurkitu behar da eta hori da landu behar dena. Maila hori lantzeko maila kuantitatiboa, makro maila ere landu behar da, baina itsutu gabe azken maila horrek eman ditzakeen datu baikorrekin.
Hirugarren atalean (Euskaraz bizi) lan-munduaren gaiaz aipatzen duzunarekin erabat ados nago, beti ere kontuan hartu behar da hori egia dela gizarte aktiboarentzat bereziki. Enpresa guzti horiek erdaldun izanak ondorioak ditu bezeroarentzat ere. Hori da, lan-mundua funtsezkoa da gizarte-aktiboarentzat alde batetik, eta lan-munduak funtsezko papera du tokiko egoera soziolinguistikoetan bestetik.
Laugarren atalean planteatzen duzun ondorioa interesgarria da. Orokorrean ezin da arbuiatu, dena den soziolinguistika sozio- da eta ezaugarri hori azpimarratu behar da. Erabilera edo planak egitera derrigortzea testuinguru soziala kontuan hartu gabe alferrikakoa litzateke. Argi adierazten duzun moduan, derrigortzea askotan kontrako ondorioak lortzen ditu, aldiz diru-pizgarriak askoz aukera egokiagoa dirudite. Hala eta guztiz ere, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu behar da, ezinbestean, eta enpresa bakoitzaren errealitate eta inguru soziolinguistikoa ondo ezagutu behar da hizkuntza-plangintza egokia egiteko.
Azken atalean erresistentziak aipatzen dituzu. Aurreneko axioma da plangintza eraginkorra eginez gero enpresek euskara derrigorrez eskatzen hasiko direla eta ondorioa da horrek euskara bizi ekonomikoaren zentro zentroan kokatuko duela. Egia izan liteke baina kontrako efektua ere lor liteke: hainbat hiztunak euskararen aldeko jarrera epela du, euskararen alde dago baina berari, hiztun moduan, konpromiso praktiko gehiegi eskatzen ez bazaio. Hiztun horientzat, euskara ezagutzea derrigorrez eskatzeak again jarreraz aldatuarazi egingo du. 80. hamarkadan Itziar Basterretxeak gai honi lotutako doktore-tesia aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, ondorioa argia zen: helduek euskararekiko duten konpromisoa eskolaren gain uzten dutenean, azken finean hurrengo belaunaldien gain uzten dute erantzukizuna. Beraiek ez dute inongo esfortzu gehigarririk egin behar euskararen alde. Esfuertzu gehigarria eskatzen bazaie, ikusteko dago ea aldeko jarrerak ez diren jaisten eta ondorioz plangintzak duen gizarte-babesa eta legitimitatea ez den galtzen.
Eaba, eskerrik asko zure artikuluagatik eta egiten duzun lanagatik orokorrean!
Egun on ona pasa!
(LIONEL JOLY CHARRASSE soziolinguista da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoaren irakasle)
Dugun egoera "defizitario" hori ez da monolitikoa, pitzadurak ditu
2015-06-16 / 13:22 / Nora Palmitano Rossi
Irakurri dut artikulua. Behin, birritan eta, beste behin ere gaur. Zintzo-zintzoa izango naiz nire iritziarekin:
Artikuluaren egituraz:
1- Min egiten didan arren, ezin dut ukatu esaten duzun guztia egia dela.
2- Hizkuntza politikak eraginkorra, eraldaltzailea izateko, arazo nagusiari heldu behar diola... garbi. Hori lan mundua den... edo lan munduari heldu baino lehen aurrelan batzuk egin behar diren... Pentsatzen dut nagusiki ados gaudela.
3- Ados egonda ere, egiten duzun diagnostikoaren aurkezpena oso ezkorra iruditzen zait, "apaga-y-vamos" bat. Dugun egoera "defizitario" hori ez da monolitikoa, pitzadurak ditu (txikiak, meheak, baina baditu). Korrontearen kontra doazen batzuk badaude..., bide paralelo batzuetatik doazenak ere bai.
"Irudika dezagun hizkuntza planifikazioan asmatu egiten dugula eta enpresek, dituzten lanpostuetarako euskara ezinbestez(*) eskatzen hasten direla..." Paragrafo horrekin hasiko nuke nik artikulua eta tonua koordenada horietara egokitu. Eta horrek zuk deskribatutako egungo egoera nola eraldatuko lukeen azalduko nuke ondoren.
(*) Badago alderik "derrigorrez" eta "ezinbestez" formen artean ala nik neuk asmatu egin dut? Lehengoan, norbaitek, zerbaitek derrigortzen du. Bigarrenean, aldiz, bestela jokatzeko aukerarik ez dago...
Diruaz:
4- Dirua izan bada sektore ekonomikoaren gakoa. Baina ez motorra, motorra martxan jartzen duena, azkartu, moteldu egiten duena baizik. Dirua da helburu eta zio nagusia. Eta, bihotzik ez duenez, botere ekonomikoa edozer egiteko, edozer prezio oraintzeko eta ordainarazteko prest egoten da gero eta gehiago lortzeko. Eta horixe bera da, aldi berean, botere ekonomikoak dituen indargune eta ahulgune nagusia.
Eliteez:
5- Eliteen erresistentziak hor daude. Baina eliteak beti daude arriskuan, eta etengabe beren burua birkokatu, birdefinitu behar izaten dute elite izaten jarraitu ahal izateko. Hizkuntzaren gaineko presioak ez dira eta ez dira izango aurre egin behar dieten bakarrak. Zeintzuk dira eliteak, egun, aurre egiten dien arriskuak eta onartu dituen erronkak?
6- Uste dut EHko elite ekonomikoan eta ideologikoan badaudela euskaldunak (bertakoak, euskal hiztunak, euskal zaleak). Zer paper jokatzen dute, zer pisu dute egungo botere hegemonia ez-egonkor eta hauskor horretan?
7- Eliteengan eta botere korrelazioan badago gakoa, zer da egin beharrekoa: elitea eraldatzera, egokitzera (euskaldun jokatzera) behartu ala elite berria eratu? Bietarako aukerak al daude?
Galdera gehiago iruzkinak baino...
Berriz eskertu nahi dizut nirekin gogoratu izana; eta, orain, nire burutazioak eta hausnarketatxoak irakurtzeagatik ere eskerrik asko.
Laster arte, Patxi.
(NORA PALMITANO ROSSI Zestoako Udalaren Euskara Zerbitzuko arduradun teknikoa da)
Lan-munduak du hizkuntza-boterea: alferrik gabiltza hezkuntzan bakarrik indarrak ipintzen
2015-06-18 / 15:57 / Edurne Bilbao Maiza (IMH)
Orain irakurri dut zuk bidalitakoa. Zein arrazoi duzun! Hain zuzen aste honetan bertan Nerea Azurmendik (DV) deitu zidan lanbide heziketa eta lan munduaren iritzi bila eta zuk hemen idatzitakoak aipatu nizkion, pizgarriak behar ditugula lan munduan euskara erabiltzeko eta alferrik gabiltzala alde batetan (hezkuntzan) bakarrik indarrak ipintzen, lan mundua baita boterea duena eta bertan ere eragin beharra dagoela. Zein ondo idatzi duzun!!
Ez etsi, Patxi, zuk bezalakoak behar ditugu!
(EDURNE BILBAO MAIZA Elgoibarko IMH - Makina Erremintaren Institutuko hizkuntza koordinatzailea eta komunikazio arduraduna da)
Elefanteak non diren
2015-06-22 / 17:38 / Pello Salaburu
Patxi Saezek elkarrizketa piztu nahi du. Euskararekin aurrera egin dugu, baina euskaldun berri anitzek ezin gaindituzko oztopo baten kontra egiten dute, lanera joan bezain laster: “euskarak lanerako hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa da”. Euskararekin aitzinat egin nahi badugu ezinbertzez irabazi behar dugu lan mundua. Inoiz baino hobeki prestatuago eta euskaldunago ditugun gazteen aukera guztiak hankaz goiti gelditzen baitira lanean hasi bezain laster: “Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Horixe da denek ikusi behar dugun elefantea, ez gaitezen zorrien artean gal, garrantzi handiago duten alimaleko animaliak ikusi gabe.
Eta nola konpon daiteke egoera hori? Bada, “sektore ekonomiko guztien motorra, hemen eta munduko beste edozein bazterretan, dirua dela” onartzen badugu, konponketak hortik jo behar luke. Euskararen erabilera bultzatzeko diru-pizgarriak eman behar zaizkie enpresei.
Esaldi horietan saiatu naiz biltzen, ez dakit zuzen, Patxik egiten duen proposamena. Eta proposamen horren gaineko iritzia eskatzen du. Kostatu zait erantzunaren nondik norakoa bideratzea. Arrazoi bategatik: euskara kontuetan ari garenok badirudi denetarik jakin behar dugula, aski da euskara jartzea goian, eta orduan gai gara, antza denez, horren azpian dagoen edozer konturi buruz hitz egiteko, eta hitz egiteko, gainera, interesa izan dezakeen zerbait erranez. Ez da, ordea, nire kasua. Arazo horrek, hau da, euskara eta lan munduaren arteko harremanen kontu horrek, kezkatzen nau, baina ez dut argi ikusten ba ote dudan nik deus horren gainean errateko. Batez ere, badelako jende anitz (Patxi bera, ikusten dudanez, eta gobernuko ardura dutenak, administrazioetan erantzukizuna dutenak, eta abar) kontu honi itzuli bat baino gehiago eman diotenak. Hortaz, nire iritzi hau “cum mica salis” hartu behar da, behar bezala funtsatu gabeko iritzi gisa, erran nahi dut.
Ez dakit hori den euskarak duen elefantea. Ez da, bederen, bakarra, horretan seguru naiz. Hasteko, ez dakit gure animale handiena ere hori ote den. Bestetik, beti izan naiz pizgarrien aldekoago, gauzak bortxaz edo debekuen bidez betearaztearen aldeko baino. Hirugarrenik, ez dakit abiapuntua bera egokia den: gure gazteek badute lanik? Anitzek ez. Anitzek ez dakite zer den hori. Eta lana dutenek, maiz, lan bat baino gehiago dute edo lanez aldatzen ibiltzen dira, orain hau eta gero bertzea. Hori ere kontuan izan behar da. Gazteen egoera ez da homogeneoa alde horretatik. Proposatzen den bideak, diru-pizgarrien emateak, zerbait arinduko luke kontua, nahiz ez dakidan zenbateraino.
Eguneko 24 orduak hirutan banatzen ditugu, omen: 8 lanean (lana dutenen kasuan, jakina), 8 familian edo lagun artean, eta bertze 8 lo egiten ematen ditugu. Lo gaudelarik ezer guti egin daitekeenez, bertze hamasei orduak hartu beharko dira kontuan: nire ustez, elefante handiaren itzala kezkagarriagoa ikusten dut familian eta lagunarteko zortzi ordu horietan, laneko bertze zortzietan baino. Lan batzuetan, administrazio lanetan (eta gure kasuan ez da hori guti inondik ere) adibidez, nahiz ez den arlo bakarra, badira dagoeneko pizgarriak euskara ibiltzeko. Unibertsitatean ere puntuazio gehiago ematen barneko balorazioetan lana euskaraz egiten bada, eta ikasketak euskaraz egin dituenak ere agiri bat eskuratzen du, gero lana aurkitzeko balioko dionak. Zehatz dezadan hau: laguntza horiek ez dute berez eta oroz gain langilearen euskararen erabilera saritzen, baizik langile edo ikasle horrek duen euskararen ezagutza formala (ezagutza horren neurtzea zuzen egiten den edo ez bertze eztabaida bat da). Ez dute segurtatzen euskara jakinik ere benetan hizkuntza hori ibiliko dutela eguneroko jardunean, inguruneko egoera bera aldekoa izanik ere. Lan batzuetan (irakaskuntzan milaka dira) euskaraz ez badakizu ez duzu lanik izanen. Hori baino diru-pizgarri handiagorik nekez aurkitzen ahal da. Hala ere, horrek ez du segurtatzen batere euskarari esker lanpostua eskuratzen duten horiek guziek euskaraz eginen dutenik. Eguneroko lan jardueratik ateraz gero, eta lanean ere maizkara, anitzek ez baitute euskara ibiltzen eta erdarara jotzen baitute berehala.
Horrekin oroitarazi nahi dut non duen euskarak elefante handiena. Ez dut gutxietsiko, ez eta ametsetan ere, lan munduaren eta lan orduen garrantzia. Ez dut gutxietsiko Patxiren proposamena. Gainera, hartara, uste dut lan batzuetan egokia litzatekeela diru-pizgarri horien kontua ikertu eta bultzatzea. Hau ongi egin behar litzateke, zuzen aztertuz zein izan daitezkeen arlo egokienak, nola egin behar litzatekeen hori, zeri eman lehentasuna, eta abar. Hori elefante kozkorra da, handia, ikaragarria, nahi bada. Baina ttipia bertzearen ondoan.
Niretako aise kezkagarriagoa da bertze hau: zergatik anitz jendek, euskara jakinik, nahiago dute sistematikoki erdara ibili? Zergatik ikusten ditugu bikote anitz erdaraz haien artean, euskaraz hasteko umearekin zerbait erraten dioten bezain laster? Zergatik euskaldun garbi batzuek erdara nahiago dute ibili eguneroko jardueran? Zergatik batzuek, euskaraz ari direla, hizkuntzarekin ñabardura bat egin nahi badute, eta ideia bat indarrez azpimarratu, zergatik, diot, jotzen dute erdarara? Zergatik botatzen da erramolde bat, txiste bat, iruzkin bitxi bat erdaraz, euskaraz eman beharrean?
Berriki egin dira berriz ere unibertsitatean sartzeko probak. Ikasle gehienek proba horiek euskaraz egitea erabaki dute, beren borondatez. Bi herenak egin du aurten euskaraz. Hori izugarria da, ez genuen holakorik amestuko... orain dela hamar urte. Nik neronek, orduan eskribitu liburu batean, holako zerbait gertatuko zela nioen, garai hartako datuak kontuan harturik estatistikek hori aitzinatzen zutelako. Baina barnean ez nuen sobera sinesten hori azkenean hala gertatuko zenik. Zernahi gisaz ez nuen uste, inondik ere, aurten ikusi kopuruetan gertatuko zenik. Baina, zoritxarrez beti badira “bainak”, ikasle horien artean gehienak (ez naiz oroitzen salbuespenik entzun nuen, ez dut bat bakarrik ere gogoan) erdaraz ari ziren. Ez hori bakarrik. Irakasle euskaldun boluntarioak eskatzen dira epaimahaietan parte hartzeko. Badakite euskaraz egiteko lana dela, eta borondatezkoa gainera. Bada, horien artean ere ez ziren guti, aitzineko urteetan baino gehiago eta dismulu gutiagorekin, erdaraz ari zirenak. Haien erdal hizkera entzuten zuten gainerako irakasleak ez ziren, gainera, sobera kezkatzen, eta prest ziren euskaratik erdarara pasatzeko. Nik ez dut dudarik hori dela kezkarik handiena sortzen didan elefantea. Euskaraz dakitenek, inguruko egoera euskalduna izanik, euskaraz egiten ez badute, nork eginen du? Nola nahi dugu ikasleek euskaraz egitea irakasleak ere erdaraz ikusten badituzte eskolatik kanpo? Kasu horietan nori eman beharko genioke diru-pizgarririk?
Gai honetaz jardun nuen hemen berean orain dela hilabete batzuk, uste dut iaz izan zen. Baten batek erantzun zidan: egoera soziolinguistikoak bultzatzen du jendea, euskaraz jakinik ere, erdaraz egitera. Nik ez dut uste hala den inondik ere. Zeren egoera larriagoa baita: ez dira gutxi etxean euskara ikasirik eta euskaraz eginik, ikastolan edo D ereduan erdaraz hasi eta elkarren artean erdaraz egiten dutenak, ikaskideak euskaldunak badira ere. Horrek guztiak kezkatzen nau.
Har dezagun kontuan, gainera, beste zerbait ere: batzuek pentsatzen dute hizkuntzak bulego batean aldatzen direla. Hola, askiko litzateke, haien ustez, aditza erraztea (sobran ditugun adizkiak kentzea) eta hizkuntza “erraztea” (ergatiboa kenduz, konparazione), jende guztia lasterka hasteko bulegoan aldatutako hizkuntza erraztua ibiltzen egun horretatik aitzinat. Horrek ez du ez bururik ez hankarik, hizkuntzak ez dira hola aldatzen. Hizkuntzak hiztunek aldatzen dituzte, ez bulegoek. Ez da munduan adibide bat ere aurkituko kontrakoa erakusten duenik. Eta erabilerarekin ere berdintsu gertatzen da: erabilerak diseina daitezke, eta presioia egin jendeak hizkuntza hau edo bertzea ibil dezan, baina hiztunaren borondatea ez da hola –ez hola bakarrik-, aldatzen, diktadura batean ez bada. Diktadura batean, bai: aski da hizkuntza baten erabilera debekatzea, hemen ere leku anitzetan egin den gisan. Baina demokrazia batean hiztunarena da azken erabakia. Hori dela eta, kontuan har dezagun bertze gauza bat ere, maizkara atzentzen duguna: euskaldun batzuek uste dute berek ibiltzen duten hizkuntza dela munduan hiztunen aldetik maitasuna har dezakeen bakarra. Baina hori ez da hola. Euskaldunberri anitz dago gure artean, eta D ereduetan ume anitzek ikasten dute euskara bigarren hizkuntza gisan. Zer pentsatzen dugu? Erdaldunek gorroto diotela etxean ikasi hizkuntzari? Ez, haiek ere maite dute beren hizkuntza, nola guk gurea maite baitugu.
Uste dut euskararen erabilerarekin aitzinat joateko hemendik joan beharko genukeela. Hori prestigioarekin lotua da, jakina. Ez da inor ere ohartu nola badiren, adibidez, “agur” edo “egun on” errateko gai ez diren zerbitzari batzuk, baina ingeles bat esertzen den bezain laster, ingelesez ideiarik izan gabe, bortxaka hasten diren gauzen azaltzen, bertzeak “hori zer da” galdetzen badu? Euskarak ere behar du bere tornua, hala nahi dugu euskaldunok, eta beti aldarrikatu dugu hori: lehenbiziko liburua euskaraz argitaratu zenetik gutienez. Baina tornua hiztunen borondateak bakarrik emanen dio. Badut uste oraindik ere euskara sobera aldiz lotzen den arazoekin, kezkekin, erreibindikazioekin, gure herria ikusteko modu batekin, tristurarekin eta kexuekin. Egin saio bat: ikusi “erabili” honetan jendeak egunero ateratzen dituen berriak. Ikusi horietarik zenbat diren baikorrak eta zenbatek duten ezezko mezua. Badakit erantzuna erraza dela: ez du batek berdin hitz egiten gaixo bati buruz edo kirolari bati buruz, ezinbertzez mezua desberdina izanen da. Euskara osasuntsu ez izanik, pentsatzekoa da euskararekin lotu mezuak ere ez direla hain baikorrak izanen. Baina horrek ez du batere erakargarri egiten gure hizkuntza. Hori guztia beharrezkoa da, ez dut nik zalantzarik, gure hizkuntzak duen egoera ikusirik. Baina beldur naiz horrek ez ote duen asetzen gehiago garai bateko euskaldun militantea gure belaunaldi berriak osatzen dituzten euskaldun gazteen gogo eta nahiak baino. Euskara hola janzten dugun bitartean ez dugu erakargarri egiten, eta belaunaldi berriek nekez aurkituko dituzte arrazoiak erakargarria ikusten ez duten zerbait maitatu eta bere egiteko. Azken berrogei urte honetan aldaketa handiak gertatu dira hizkuntzaren pertzepzioarekin.
Diru pizgarririk enpresetan? Beharbada bai, nahiz gure burua aski irristakorra den zerbaitean sartzeko arriskua ikusten dudan. Aukeran, ahaleginak bertze nonbait jarriko nituzke: zergatik ez du euskaraz dakienak euskaraz egiten, inork ere trabarik jartzen ez badio? Ingurunea dela errateak, egoera soziolinguistikoa dela errateak, ez du deus konpontzen, ingurune hori ezin baita bortxaz aldatu. Zerbait sakonagoa da, zerbait pertsonalagoa. Ez, lan munduak ez ditu “Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak” zapuzten edo, zapuzten dituela onartuz gero ere, ez da eragile bakarra, eta ez garrantzizkoena. Aise sakonagoa den zerbaiten aitzinean gaude, eta hori hartu behar genuke kontuan. Euskarak aitzinat egiteko dirua behar da, legeak behar dira, baina, oroz gain, hiztunaren borondatea behar da. jakin nahi nuke zerk eragiten dien batzuei erdara ibiltzera, euskara ere erdara bezain eskura baldin badute.
(PELLO SALABURU ETXEBERRIA hizkuntzalaria, euskaltzaina eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Institutuko zuzendaria da)
Begirada eta itaun berria
2015-06-29 / 00:51 / Iñaki Marko Juanikorena
Elefantea jarri digu Patxi Saez-ek begi aurrean, bere tamainarengatik begi-bistakoa dena, baina agian orain arte inor gutxik hain modu gordinean izendatu ez duenez, bere neurrian hain garbi ikusi ez duguna.
Patxiren esanetan, gaur egun euskararen "elefantea" edo problema nagusia sektore ekonomikoan dago; eskolak euskaldundu duena lan munduak erdalduntzen duelako; euskara, eskolan ez bezala, lantokian nagusi ez izateak gizartearentzat bigarren mailako hizkuntza bihurtzen duelako; eta Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako dirua eta egindako ahaleginak zapuztu egiten dituelako. Eta horren aurrean, ausardiaz jokatzea eta lan-mundua hizkuntza politikari buruzko erabakien erdigunean jartzea proposatzen digu. Berak bere artikuluan horrela jokatzen du eta proposamen ausarta luzatzen du.
Azken hamarkadetan urrats garrantzitsuak eman dira, bereziki EAEn, arlo sozioekonomikoan edota lan-munduan euskararen normalkuntzan aurrera egiteko (1). Administrazioen euskara politika eta planetan berezko lan-ildo gisa lekua hartu du esparru honek, enpresetako euskara planak abiatu eta garatu dira, aurrekontuetan laguntza lerroak ireki dira, esku-hartzearen inguruko ikerketa egin da eta ezagutza aplikatuan aurreratu da, ziurtagiri espezifikoak sortu dira, … Baina, nahikoa al da? Datuek panorama gordina erakusten dute, eta agian, Patxi Saez-ekin batera, etorkizunari begirako aldaketa kualitatibo batean pentsatzen hasi beharra dago.
Zein da lan-munduaren esparruari egungo hizkuntza politika ofizialaren dokumentuetan ematen zaion lekua?
Euskara XXI (2) dokumentuan ez da esparru sozioekonomikoa aipatzen, ez bada ondorengo balorazioa egiteko: «Abiapuntua ez dugu aldekoa: euskarak ez du sekula izango beste hizkuntza batzuek duten barne indarra hainbat alorretan (aisialdia, lana, posizio soziala…); gurean, bizi-indar afektiboa da balio nagusia, eta balio horretaz jabetzeko gakoa, borondatea eta barne motibazioa dira ..» (36. or.). Mende hasierako hizkuntza politikarentzat finkatzen dituen lehentasunezko 14 ildoen artean ere ez da lan-mundua aipatzen.
ESEP (3) eta Euskararen Agenda Estrategikoa (4) dokumentuetan, berriz, bai, arlo sozioekonomikoa agertzen da lan-ildo espezifiko moduan edota jorratu beharreko ekintzen artean. ESEPek hamasei ildo nagusi zehazten zituen euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura hiru atal nagusiren baitan, eta espezifikoki izendatzen zuen “arlo sozioekonomikoa”ren ildoa euskararen erabileraren atalaren barruan. Beste egitura batekin, Agenda Estrategikoak hamahiru lan-ildo nagusi zehazten ditu, baina arlo sozioekonomikoa ez dago horien artean, bai ordean bigarren mailan, ekintzen artean. Esparru sozioekonomikoarekin zer ikusia duten ekintzak hainbat ildotan agertzen dira, 3.9 "hizkuntza eskubideak" ildoan, 3.10 "erakarmena eta prestigioa" ildoan, eta, berezki, 3.1 "ezagutza eta erabilera"ri buruzko ildoaren 3.1.1 “erabileraren arloa”n. Agenda Estrategikoaren eduki nagusiak azaltzerakoan, horrela dio dokumentuak: «Erabilerari dagokionez, eta euskara bizia lortzeko helburuarekin, aisialdia, kirola, kultura eta bereziki gazte munduko komunikazioa hartu behar dugu kontuan, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko ekimen planifikatua eta hedabideen funtsezko zeregina inola ere ahaztu gabe» (21. or.). Aurrerago, "ezagutza eta erabilera"ri buruzko ildoaren sarreran, horrela azaltzen du Agenda Estrategikoaren dokumentuak arlo sozioekonomikoari buruz duen ikuspegia: «Esan dugun moduan, arlo sozioekonomikoa ere euskararen erabilera sustatzeko esparru garrantzitsua da. Izan ere, euskararen erabilerari bultzada bat eman nahi badiogu, euskarak enpresa-munduan presentzia handiagoa lortu behar du, hizkuntza erabilgarria dela ikusarazi behar da, lan-hizkuntza izan daitekeela frogatu. Horretarako, datozen urteetan enpresetako Erabilera Planak sustatzen jarraituko dugu, gainerako herri-administrazioekin elkarlanean, EBPN eta ESEP planen garapenaren baitan. Era berean, arlo sozioekonomikoko eragile nagusiekin (enpresari elkarte, langileen sindikatu eta abarrekin) enpresa munduan euskarak presentzia eta erabilera handitzeko bideak landuko ditugu: akordioak, hizkuntza-irizpideak… Orobat, merkataritzaren arloan herritarren hizkuntza eskubideak gauzatzeko araudia egokitzen eta garatzen jarraituko dugu» (46. or.). Hori horrela, dokumentu honek arlo sozioekonomikoan jarduteko finkatzen dituen ekintzak honako hauek dira:
3.1.2 Erabileraren arloan:
- Lan munduan euskararen erabilera sustatzea.
- Hezkuntza esparruaren eta lan-munduarekiko zubiak eraikitzea, euskarazko praktikak areagotuz eta lankidetza proiektuak bultzatuz.
- Enpresetan euskararen erabilera planen ezarpena bultzatzea, LanHitz egitasmoa garatuz.
- Enpresen euskara planetara bideratzen diren diru-laguntzen inguruko herri-aginteen koordinazioa indartu eta hobetzea.
- Arlo sozioekonomikoarentzako diru-laguntza lerroetan hizkuntza irizpideak txertatzea.
- Lan eta enpresa munduko eragileen arteko elkarlana sustatzea.
- Ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzetan eta programetan hizkuntza irizpideak txertatzea.
- Lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek lan-mundura hurbiltzean egin ohi dituzten praktikak euskaraz ere egiteko aukera izan dezaten bultzatzea.
- Bizialdi osoko ikaskuntzaren lege-esparruan langabetuentzat eskainiko den prestakuntza euskaraz ere jasotzeko aukera bermatzea.
3.9 Hizkuntza eskubideak ildoan:
- Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak babestea.
- Gizarte arlo ezberdinetan (kulturgintza, arlo sozioekonomikoa…) euskara erabiltzeko aukerak sustatzea.
3.10 Erakarmena eta prestigioa ildoan:
- Gizarte bizitzaren alor guztietan, bereziki lan-munduan, kirolean, kulturan eta komunikazioan euskararen erabileraren prestigioa indartzea.
- BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria garatzen jarraitzea, hizkuntza kudea- ketak kalitate prozesuarekin duen lotura gizarteratuz.
- Sustapen eta komunikazio ekintzak lantzea (kanpainak, esku-orriak, bisitak, hitzaldiak) hizkuntza kudeaketa egoki batek dakartzan onurak nabarmentzeko eta euskara kalitatearekin, lehiakortasunarekin eta ongizatearekin identifikatzeko.
Ikus daiteke, beraz, esparru sozioekonomikoak baduela lekua hizkuntza politika ofizialean, baina aldi berean Ikus daiteke ez dela nabarmentzen definitutako lehentasunen artean. Aldiz, Patxi Saez-ek bere artikuluan baieztapen sendoa egiten du. Bere esanetan, beste arloetan egindako ahaleginak zapuztu egiten ditu lan-munduak, eta zentzu horretan, arlo sozioekonomikoa da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia. Asko dira, noski, arazoak, eta gehiago oraindik landu beharreko arloak; baina ziur aski orain arte ez du inork lan-mundua problema nagusi gisa aldarrikatu. Eta agian badu bere logika, kontuan hartzen badugu lan-mundua eta sozioekonomia gizartearen erdigunean kokatzen direla eta berau egituratzeko faktore baldintzatzaileak ere badirela. Zentzu horretan, euskarak euskal gizarteko esparru sozioekonomikoan hegemonia maila bat eskuratuko balu, ez al luke horrek eragin biderkatzailea eta positiboa izango beste arlo guztietan? Eta hori horrela bada, ezin al da agian planteatu, edota gutxienez hausnartu, pasatako hamarkadetan eskola hizkuntza normalkuntzarako politika eta ekinbidearen esparru zentrala izan den bezalaxe, datozen hamarkadetan lan-mundua izan daitekeela erdigune eta zentralidade hori hartu beharko lukeen esparru nagusia? Pentsa al daiteke horretaz?
Bide horretan erabaki dezente hartu beharko lirateke eta ekinbide asko jorratu. Patxi Saez-ek proposamena egin eta bat azpimarratu du, bere esanetan agintari politikoek enpresari diru-pizgarriek emateko erabakia hartu beharko lukete, diru gehiago irabazteko aukeraren aurrean bakarrik mugituko direlakoan enpresen botere egituretatik euskarari sarbidea ematera. Hori horrela denik eztabaidagarria da, baina bestalde, diru-laguntzak eman eta inbertsioak egin behar direla begi-bistakoa da. Zein neurritan ordea? Dena den, laguntzarako inbertsioak ez du zergatik izan behar soilik euskara izenburua daramana, sozioekonomiaren arloan sustapenerako diru-laguntza asko ematen dira, eta ulertu beharko genuke erdaraz funtzionatzen duten egiturak indartzeko emandako diru-laguntzak azkenean erdararen aldeko laguntza dela (zentzu horretan, horrela identifikatzen ez diren baina de fakto erdararen aldeko diskriminazio neurri positiboak kontsidera daitezke horiek guztiak). Beraz, administrazioetatik laguntza publikoak jasotzen dituzten erakundeei eska dakieke hizkuntza alorreko konpromisoak hartzea beren gizarte erantzukizunean, euskara planak garatzea edota ziurtagiriak eskuratzea, eta berdin kontratu publikoak bereganatu nahi dituztenei. Badirudi zentzu horretan doazela biziki interesgarri diren Agenda Estrategikoan jasotako ekintzetako bi, arlo sozioekonomikoarentzako diru-laguntza lerroetan, eta ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzetan eta programetan hizkuntza irizpideak txertatzea planteatzen baitute. Begi-bistakoa da era honetako planteamenduek eduki dezaketen indar biderkatzailea.
Ikerketa ere aipatzen du Patxi Saez-ek, eta horretan bat gatoz erabat. Benjamin Tejerinak artikulu batean (5) dioen moduan, gutxi dira hizkuntza-identitatea-merkatua edota hizkuntza eta ekonomiaren inguruan Euskal Herrian egin diren ikerketa sistematikoak. Eta horren beharra dago, asko baitira mahai gainean jar daitezkeen galderak, hala nola: zein da euskararen arloko esku-hartzeen eta euskarazko produkzioaren inpaktu eta balio ekonomikoa Euskal Herriko garapen ekonomikoaren baitan? Zein da esparru honen potentzial ekonomikoa etorkizunean? Izan al daiteke euskara tokiko kalitatearen identitate eta "marka" gisa euskal enpresak nazioartekotzen lagunduko duen elementu adierazgarria? Izan al daiteke euskara bertakotasunaren adierazgarri gisa kalitatezko turismoa sustatzen lagunduko duen elementua? Erabileraz bakarrik hitz egin beharrean, has al gaitezke lan eta merkatu kontestu jakinetan euskararen erabilera-balioaz hitz egiten eta aztertzen? …
Amaitzeko, Patxi Saez-ek begirada eta itaun berria jarri du gaiaren inguruan, agian enfoke ezberdin bat, lan-mundua euskalduntzeko eragitearen planteamendutik, euskalduntzeko lan-munduan eragitearen planteamendura eramaten gaituena. Eta horretaz, gutxienez, hausnartzeak mereziko luke. Zeren eta, berak dioen moduan, nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?
(IÑAKI MARKO JUANIKORENA Hobekuntza eta Berrikuntza Dekanordea Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean)
Oin-oharrak:
(1) Euskararen Aholku Batzordea (2005). Esparru sozioekonomikoan euskara biziberritu eta hizkuntza-normalizaziorako hurbilpen sistematikoagoa eta eraginkorragoa izateko irizpideak eta estrategiak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.(2) Euskararen Aholku Batzordea (2009). XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak. Itun Berritu Baterantz. Gogoeta irekiaren ondorengo txostena. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.
(3) Euskararen Aholku Batzordea (2012). ESEP. Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.
(4) Eusko Jaurlaritza (2014). Euskararen Agenda Estrategikoa 2013-2016. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.
(5) Tejerina, B. (2005). Lengua y economía. Mercado de intercambios sinbólicos y consumo de productos lingüísticos en euskara. Noves SL. Revista de Sociolingüística. Hivern 2005.
Elefantea mugituko duen palankaren bila
2015-07-02 / 17:48 / Belen Uranga
Iruzkin honek duen muga kontuan hartuta, aipa litezkeen hainbat gaietatik aukera bat egin behar izan dut, halabeharrez. Hala, soilik, bi gai hartuko ditut aintzakotzat; artikuluaren zentralitatea hartzen duen “elefantea”, alegia, euskarak lan-munduan duen presentzia edo ausentzia, eta gaia kokatzeko aipatzen den gaur egungo euskaldunen profil berria.
Lehen gaia “elefante” bezala aurkezteak, aitortzen dut, deserosotasun bat sortu dit. Ez naiz ni, sententzia finkoegien zale, eta aurrera dezadan abiapuntutik bertatik, ez dudala inolaz ere, terminoak biltzen duen lan-esparruko euskararen presentzia, erabilera eta hitz batean, betetzen dituen funtzioen eskasia gutxietsiko. Alabaina, abiapuntuko artikuluan planteatzen den “gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia” izan bainoago problema nagusienetakoa delakoan nago.
Izan ere, nahiago dut hizkuntzaren/hizkuntzen bilakaera prozesua ikuspegi ekosistemikotik aztertzea, lagungarri izan ohi baita, hizkuntza horren iraunkortasuna (euskararen iraunkortasuna, alegia, terminoaren zentzu zabalenean hartuta) azaltzeko eta bermatzeko. Hizkuntzak ekosistema osasuntsua behar du; hiztun komunitate osasuntsua, funtzio aniztunak dituena eta horiek elkar eraginez hurrengo belaunaldiei erabilera erraztuan eskainiko diena. Izan ere, hizkuntzaren iraunkortasuna horretan datza, hurrengo belaunaldiei gaurko euskaldunek egingo dieten transmisioan. Eta ekosistema horretan, lan-munduan euskaralk duen funtzioaren garrantzia gutxietsi gabe besteekin harremanetan aztertzea egokiagoa delakoan nago.
Nor gara, ordea, gaur egungo euskaldunak?. Artikuluan bertan aipatzen denez, gaurko euskaldunen tipologia erabat aldatu da, euskal hiztun berrien pisu demografikoa eta ezaugarri soziolinguistikoak irauli egin baitira. Honakoa da, beraz, iruzkin honetan ukituko dugun bigarren gaia, esparru hori baita, artikuluan dionez, euskararen etorkizunarentzat lehentasunezko erronka, eta honetatik hasita, gainera.
1. EAEn 30 urtetik beherako gazte euskaldunen artean ia sei euskaldun berriak dira. Hurrengo belaunaldian ere bigarren hizkuntza ala lehen hizkuntza izango dute?
Euskararen transmisioan parte hartu eta hartuko dutenen artean, merezi du hiztun berriengan arreta jartzea, nire iritziz, hor egon dagoelako –lehen hizkuntza euskara duten berraktibazioarekin batera- ondo asmatu edo egin beharreko hausnarketa, lanketa eta eragin-esparrua.
Horrela dio abiapuntuko artikuluak:
“EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Eta bidegurutze horretan gaude: erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez. Beste aukera bat da euskara belaunalditik belaunaldira bigarren hizkuntza bezala iragan dadila.”
Ez dakit ez ote dugun planteamendua beste termino batzuetan egin beharko. Alegia, esan daiteke euskal hiztun sektore handi batek, batez ere Euskal Autonomi Erkidegoan euskararen transmisioa lehen hizkuntza bezala bermatu duela, guraso euskaldunen kasuetan (%90etik gora V. Inkesta Soziologikoaren arabera) eta neurri ez baztergarrian gurasoetako bat erdalduna den kasuetan (Nafarroan eta Ipar aldean kontuak beste modu batean doaz, jakina). Ez da ahaztekoa, bestalde, duela 30 urte transmisio hori galtzen hasia zegoela. Beraz, pentsatzekoa da, gauzak asko okertzen ez badira behintzat, kasu horietan euskararen transmisioak lehen hizkuntza modura jarraituko duela. Gakoetako bat, ordea, aipatzen den bezala, euskara bigarren hizkuntza bezala ikasi dutenen arteko transmisioa da. Izan ere, gaur egun, euskaldunen artean orain arte ezagutu ez den proportzio banaketa irauli egin da, eta inork gutxik izan dezake ausardia gerta daitekeena iragartzeko. Eta ez nuke esango ziur, erabaki kolektibo baten ondorioz, modu batean edo bestean, gertatuko denik. Beraz, egokiagoa dirudi planteatzea, nola lor daitekeen euskara bigarren hizkuntza duten euskaldunen artean ahalik eta hiztun gehienek euskararen transmisioan parte izatea.
Gai hori ulertzeko, hau da, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza (ere) izatera pasa daitezkeen prozesuak ezagutzeko eta azaltzeko helburuarekin, hainbat ikerketa abian jarri dira azken urteotan, bai Euskal Herrian eta baita gure lurretatik harago ere (1). Ikerketa horiek lagun dezakete gerta litekeenaren berri aurreikusten edo komenigarri izan daitezkeen neurriak hartzen. Hemen aipatuko ditut Euskal Herrian burutzen ari diren bi ikerketa argigarri. Alde batetik, Esti Amorrortu eta bere taldeak (2) euskal hiztun berrien inguruan daramatena, eta oraindik azken emaitzak argitaratu gabe dauden arren, lehen emaitzetan hainbat ideia plazaratzen dituena. Eta bigarrena, ARRUE ikerketa (3), zeinak 12 eta 14 urteko ikasleen eskolako erabilera aztertzerakoan hainbat datu argigarri ematen dituen, besteak beste, nerabe euskaldun berrien inguruan.
Tradiziozko euskaldunen tipologiaren araberako banaketa da aipatzen ari garena: euskaldun zaharrak (lehen hizkuntza euskara dutenak, etxe giroan ikasi dutenak, alegia) eta euskaldun berriak (bigarren hizkuntza modura ikasi dutenak, eskolan edo heldu aroan). Gai horren inguruan, Amorrortuk eta bestek euskara bigarren hizkuntza modura ikasi dutenen artean euskaldun legitimoa izatearen kontzeptua landu dute. Izan ere, euskararen erabilerarako, erabilera espontaneorako, nolabaiteko hizkuntza identitatea definitua izatea betebeharreko baldintzatzat jotzen da, baita euskaldun “legitimotzat” hartzeko euren burua ere. Ikerketa horretan, legitimotasuna aztertzeko, honela formulatzen da galdera “Zein dira eragile gakoak euskaraz egiten duen pertsona batek bere burua euskaldun, benetako euskaldun modura hautemateko?”
Ikerketaren lehen datuen arabera honakoak dira euren burua euskaldun modura definitzen dituztenen ezaugarriak:
- “Euskaraz hitz egiteko aukera handiak ohi dituzte. Euskara presente dute etengabe euren bizitza sozialean, batez ere familia inguruan eta lagun artean; eta horien artean askok euskaraz bizitzeko aukera dute.
- Komunikazio-gaitasun handia dute, batez ere, ahozkoari eta esparru informalari dagokionean. Gainera, euskalkia erabiltzeko aukera ere badute.”
- Gainera euskaldun modura definitzen diren euskaldun hiztun berriek horiek honelako ezaugarriak bete ohi dituzte, oro har: “Euskara erabiltzea, euskaraz pentsatzea, eta euskarari atxikimendu argia dion pertsona izatea” (Ortega et al. 2013,168).
Jakina, hori guztia baldin eta betetzen bada “euskaldun legitimotzat” sentitzea lagungarri izango dela euskara lehen hizkuntza bezala transmititzeko orduan. Horra hor, beste hainbat ikerketek erakutsi eta erakutsi dutena alboratu gabe, azpimarra daitekeena: euskal hiztun berrien legitimotasuna eta erabilera naturala ingurune hurbilean eta sozialean duen presentziarekin lotura zuzena du; sareak behar dira, hurbilekoak eta distantzia ertainekoak. Eta horrez gain, garrantzizkoa da komunikazio-gaitasuna eta ahozko jardunaren kalitateari erreparatzea. Beraz, ezaugarri horiek betetzen ez diren artean, zaila dirudi, edo ausartegia agian, hiztun horien transmisioa erabatekoa izateko helburua planteatzea. Ziur asko, ezaugarri horiek lortzen diren heinean joango da hizkuntza-identitatea edota erabilera espontaneoa zabaltzen, eta, ondorioz, transmisioa sendotzen.
Ikus ditzagun ondoren, osagarri modura, aipatu den Arrue ikerketaren hainbat emaitza. Iñaki Martinez de Lunak ikerketa horren harira egindako artikulutik ekarritako hainbat ideia jarriko ditugu hemen aurrekoarekin kontrastean (4).
Martinez de Lunak beste ikerlari hainbatek egin duen modura (Paula Kasaresek edo Jone Miren Hernandezek, esate baterako) hizkuntzaren transmisioan baino gehiago sozializazioan jarri du azentua. Bere artikuluan planteatzen duen hipotesia honakoa da: haur nerabeen kasuan (12 eta 14 urteko ikasleen eskolako hizkuntzen erabileraren datuak aztertu ditu Arrue proiektuak) “Zenbat eta osatuagoa euskararen sozializazioa ikasleengan, hainbat eta handiagoa hizkuntza horren erabilera”. Sozializazioaren prozesuan, bere esanetan, hizkuntzaren alderdi kognitiboa, identifikazioarena eta afektiboa uztartzen dira, eta hiru motatako sozializazioak bereizten ditu: lehen sozializazioa (haurtzaroa gertatzen dena: familia, haurtzaindegia eta eskolan burutzen da); bigarren sozializazioa familiaz aparte burutzen dena, eta hezkuntza sisteman, lagun artean eta komunikabideen bitartez bereziki (nerabezaroan). Hirugarren sozializazioa transkulturazioan datza, alegia “pertsona sortua eta hezia den gizartearen oso bestelako gizarte edo erreferentzia sistemetan murgiltzean datza (etorkinek, esate baterako)” (Martinez de Luna 2013, 123). Eta jarraitzen du: “Hizkuntzaren osagai eta ezaugarri horien elkar eragitetik hiztun bakar eta errepika ezina sortzen da: euskaldun jakin bat […]. Gaia da, gaur egungo euskaldun tipologia berriaren arabera, nerabeen gehiengo zabal baten hizkuntza-identifikazioa euskaraz ez beste hizkuntza batekin dela, nahiz eta D eredukoentzat zifrak kolektibo horren erdira jaisten diren. Baldintza horietan, asko dira euskararekiko identifikazio funtziotan ongi sozializatuak izatetik lekutan egongo diren ikasleak.” (Ibidem, 124).
Nire ustez, gakoetako bat hor dago. Nola lortu hiztun berriek euskara identifikazio-hizkuntza (ere, gutxienez) izan dezaten. Gaur egungo gizarte aniztunean akaso hizkuntza identitate bakarreko lagunak egon dauden eta egongo diren arren, hizkuntza-identitate aniztunak ziurtatzean. Eta horretarako, Martinez de Lunak iradokitzen duen bezala, alderdi kognitiboa (zeinak komunikazio-gaitasuna egokiagoa ziurtatu beharko lukeen), identifikazioarena (lehen hizkuntzarekiko ez baztertzailea) eta afektiboa (hurbileko komunitatearekin bat egingo duena) indartuko duen. Nire irudiko, horiek osatzen dute, aurreko atalean esandakoekin konbinatuz, hiztun berrien artean euskararen erabilera naturala eta transmisioa sendotu dezaketen faktoreak.
2. Euskara lan munduan
Horrela dio abiapuntuko artikuluak:
“Euskaraz bizitzea baldin badugu azken helburua ezinbestean lantokiei erreparatu behar diegu… Euskaraz bizi nahi badugu lan mundua irabazi beharra dugu euskararentzat.”
“Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz euskarak duen problema nagusia.”
Aitortzekoa da neurri batean, artikuluak dioen modura, “XXI mendearen hasiera honetan euskarak lanerako hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa dela”. Neurri batean diot, aitortzekoa delako aldi berean, hainbat esparrutan, bereziki herri administrazioaren esparruan hartu diren hainbat erabakik eragin nabarmena izan dutela bai gizartean bere osotasunean euskarak duen presentzia handitzeko, erabilera sustatzeko, eta maila bateko ospea emateko (kontsulta daitezke horretarako Inkesta soziolinguistikoak). Era berean, esan daiteke, orain artean EAEko hezkuntza sisteman D ereduak izan duen populazioan onartze ia erabatekoa oso lotua dagoela, hain zuzen, esparru honetako lan-munduaren inguruan sortutako espektatiben tamainarekin (esan bezala, Nafarroan eta Iparraldean beste modu batera doaz gauzak).
Esate baterako, erratzeko beldur handirik gabe esan daiteke, administrazio publikoan ezarritako neurrien eragina, berak betetzen duen espaziotik harago joan dela. Hau da, administrazio publikoko lan munduan integratzeko gizarte honek erakutsi duen nahia akuilu izan da haur eta gazteen euskalduntzean. Esate baterako, horrela diote Amorrortu eta Ortegak euren ikerketaren baitan:
"Orokorrean euskarak berezko tresna-baliorik ez daukala uste da, euskaraz jakitea ez baita beharrezko antzematen lanean aritzeko edo eguneroko bizitzan konpontzeko, salbu eta eremu zehatzetan […] Baina euskararen balio instrumentala lehen baino handiagoa dela eta eremu batzuetan (hezkutan eta administrazio publikoa zehatz esanda) badagoelako pertzepzioa, euskara lana bilatzeko beharrezkoa baita edo gutxienez laguntze baitu. […] Seme-alabak hizkuntza-eredu elebidunetan (B eta batez ere D eredutan) eskolatzea erabakitzen duten guraso askoren arrazoi nagusia euskararen balio instrumentala da, eta, horietan askorena, baita bakarra ere) Amorrortu et al 2010, 122-123).
Jakina, horrek ez luke, inolaz ere, lan-mundu pribatuan gertatzen dena estali behar. Are gehiago, pentsa daiteke garaia heldu dela esparru horretan pausu kualitatibo eta kuantitatibo sendoagoak ematen hasteko. Era berean, ezinbestekoa izan beharko du eragile guztiek euskara sustatzearen aldeko norabidean jartzea; adostasunez jokatzea. Akaso, artikuluan aipatzen diren administrazioak emaniko diru-pizgarriez gain, beharrezkoa izango da euskararen merkatu-balioa indartzea (hori gizarteak aitortu beharko lioke demandaren bitartez, adibidez), eta enpresen ardura soziala hedatzea (hori komunitateak demandatu beharko luke). Hirurak konbinatu beharko lirateke ziur asko.
Ez dira gutxi, gainera, lan-giroko euskararen erabileran eragina duten aldagaiak aztertzen dituzten ikerketak (EraLAn proiektuak, esate baterako, identifikatzen ditu besteak beste, klima psikologikoa, motibazioa, konpromisoa, hizkuntza-gaitasuna, ohiturak edo lidergoa). Ez da ahaztu behar, ezta ere, euskara-planak diseinatzen eta aplikatzen hasi zirenetik pasa direla jada 10 urtetik gora, eta esparru horretan ere, irakaspenak baliatu beharrean gaudela. Beraz, badirudi gaia konplexua izanik, hobetzeko proposamenak konplexutasun horretatik planteatu beharko liratekeela. Eta ikuspegi horretatik, adostu beharko liratekeela helburuak, epeak, eta baliabideak. Eta zer esanik diru-baliabide publiko eta pribatuak. Zalantza handia dut adostasun hori lortzeko gaitasuna izango duen gizarteak helburua bada (artikuluan esaten den moduan) pizgarriak lortzeko bide izatea “goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatzea, lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izatea”, nahiz eta gaur egun gaztelaniarekin horixe gertatzen den. Gaur egungo Euskal Herriko soziologiak hori ahalbidetuko duelako ustea ez ote den hori, ustea, iritzi diot. Eraginkorragoa dirudi, ordea, helburu zehatz eta lorgarriak planteatzea, eremu eta ezaugarri soziolinguistikoaren arabera banatuta eta gutxieneko konpromiso eta betebeharrak ezarrita. Zerk oztopatzen du (gai errazenak planteatuz), esate baterako, produktuetan euskararen presentzia ziurtatzea, enpresetako paisaian eta oinarrizko komunikaziotan euskararen presentzia ziurtatzea? Baliabide ekonomiko oso jasangarriak dirudite, baldin eta proiektu konpartitu batean kolokatzen badira eragile guztiak. Zerk oztopatzen du bezero euskaldunei, zerbitzu hobea izatearen mesedetan izateko bada soilik, arreta euskaraz eskaintzeko aukera lantzea? Horrek baliabide jasangarriak eskatuko lituzke, eta, ziur asko onura biderkatuak. Non kokatzen da enpresetako ardura soziala?
Baina horrek erantzun zentzuzkoa eskatzen du. Zentzuzkoa, Herri Administrazioak finantzazioak errazten, pizgarriak eskaintzen, eta baita, konpromisoak eskatzen ere. Onurak errazten baina komunitatearengan konfiantza izaten. Eskola euskalduntzean izan zuen gizartearenganako konfiantza lan-munduan ere neurri irudikorrak asmatu beharra dago. Iruditzen zait badaudela datuak erakusten dutenak gizarteak lan-munduaren euskararen presentzia eta bizitza handiagoa izan dadin eskatzen ari dela. Lurralde batzuetan besteetan bainoago. Hor eskatu behar zaie ardura zehatza enpresei. Nolanahi ere, egia da hizkuntza planifikazioaren bitartez enpresek dituzten lanpostuetarako euskara derrigorrez eskatuko balute gizarte aldaketa erabatekoa ekarriko lukeela, artikuluan aipatzen den bezala. Baina, gaia, nire iritziz, alderantzizkoa da. Enpresek lanpostu guztietarako euskara eskatu aurretik gizartea bera aldatu beharko litzateke.
Eta gai honetan, emandako pausu bakoitza seguruak izan behar du, ziurtatuz atzera bueltarik ez duela izango, eta horrek akaso zailtzen du neurriak nahi edo desiragarriak diren abiaduran ematea.
(BELEN URANGA ARAKISTAIN gizarte hizkuntzalaria eta Soziolinguistika Klusterreko teknikaria da)
Oin-oharrak:
(1) New speakers proiektu europarra kasuko.
(2) Estibaliz Amorrortu, Ane Ortega, Jacqueline Urla eta Jone Goirigolzarrik osaten dute Deustuko Unibertsitatean hiztun berrien inguruko ikerketa-taldea.
(3) Ikus Martinez de Luna et al 2013: Ikasleak hiztun 2011ko Arrue proiektua. Ikerketaren emaitza. Adituen iritzi-azalpenak. Eusko Jaurlaritza.
(4) Iñaki Martinez de Luna 2013.
Bibliografia
Amorrortu E, A. Ortega 2010. “Euskararen balioak eta gazteen erabilera: heldu erdaldunen pertzepzioak”. BAT Soziolinguistika aldizkaria 77 2010 (4), 117-134.
Eusko Jaurlaritza 2013. V. Inkesta Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.
Marko, J. I. (zuz), Lujanbio (koord) 2008. Eralan ikerketa-proiektua. EPEsA metodologia. Lan giroko hizkuntza erabileran eragiten duten aldagaietan oinarrituta. Soziolinguistika Klusterra.
Martinez de Luna, I. 2013. “Euskara EAEko hezkuntza sisteman: irakurketa soziologikoa” in Ikasleak hiztun – 2011ko Arrue proiektua. Ikerketaren emaitza. Adituen azalpena. Eusko Jaurlaritza.
Ortega O., E. Amorrortu, J. Goirigolzarri, J. Urla eta B.Uranga 2013: “Hiztun berrien hizkuntza-identitatea: “nolako euskalduna naiz?” BAT Soziolinguistika aldizkaria 87-88 2013(2-3), 151-170.
Hizkuntza Politika eraginkorra behar da Euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskura dezan
2015-07-02 / 23:47 / Maria Jose Azurmendi
Elefantea ikusi izeneko artikulua interesgarria iruditu zait, egiten duen azpimarratzeengatik, naiz eta askoren kezkari buruz mintzatzen den. Artikulu honi buruz adieraziko ditut, ondoren, nire iritziak.
Sarrera modukoan esaten direnak erabiliz, azpimarratu nahi dut horixe dela gertatzen zaiguna, nire iritziz ere: nola jakin zergatik gabiltzan, oraindik, iritsi ezinik Euskararen normalizaziora?, problema txikietan galduta eta problema nagusian sartu gabe?, baietz esango nuke.
Azken 50 urteko Euskararen Pizkundea aberatsa eta emankorra izan dela esaten da, hori adierazteko zenbait adibide emanez, eta horrela dela dirudi, euskal-soziolinguistikan aditu gehienen artean ere. Nire ustez, epealdi hau interesgarria da, bertan bi azpi-aldi bereizten badira:
- (1) 1960-1978, franquismo garaian bertan lehen azpi-aldia, gai izan ginenean legeak jarraitu gabe eta esaten zigutena jarraitu gabe ere, mundu ofiziala aldamenean utzita, neurri batean behintzat, ahal izan genuelako: ikastolak sortzea, Euskarari indar berezia ematea Euskara Batua proiektua sortuz, literatura berria sortuz (Txillardegi, Saizarbitoria, …), eta abar;
- (2) 1978-gaurdaino bestea, Autonomia epealdia deitzen dena, baina niretzat (eta beste batzuentzat ere) frankismoaren bigarren epealdia dena, eta gauza asko egin badira ere, artikuluan aipatzen direnak bezalakoak, hasierako ausardia gutxiagotuz joan zaigu, berriro ere bir-menperatutako bidea onartuz eta erabiliz, obedituz, eta abar; adibidez, egunean Hezkuntzan Wert lege berriari baiezkoa emanez, naiz eta Autonomiaren Estatutuaren kontra joan, beti ere disimulu handienarekin aplikatu nahian. Horrela ba, “buruz gain lan egiten, denak emanda, eta, hala ere, iritsi ezinik” gaude.
Bereizketa hau: aukeratu, erabaki, ausartak izan, ekin, …/obeditu, besteei jarraitu, engainatuak izan, …, garrantzia duela iruditzen zait, antzekoa gertatu zaigulako lehenago eta gehiagotan ere. Adibidez, 1920 hamarkadan bizitakoa: orduko Euskararen Pizkundean, Euskaltzaindia sortu zen, Eusko Ikaskuntza ere ikerketarako, …; orduan ere, indarrarekin hasi, baina berehala mugimendua pixkanaka apalduz joan zena. Horrela ba, nolakoa da egungo egoera Euskararekiko?, Pizkundearen indarrezko + sortzailezko lehen epealdian?, moduren bateko mantentze + errepikatze epealdian? (neri iruditzen zaidan bezala), edo galtzeko bidean jadanik sartuta?
Nire ustetan ere, “Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu azken 50 urteotan: euskararen historian beste mugarri bat jarri du euskarazko eskolak”, artikuluak dion bezala. Hala ere, ondo ebaluatzeko, jakin beharko genituzke gauza gehiago, Euskararen historiari buruz, adibidez, egungo EAEn:
- (1) 1900ean, populazioaren %80 inguru euskalduna zen, eta hauen artean erdiak (%40) euskaldun elebakarrak, erdaldun elebakarrak %20 zirelarik, gutxi gora-behera;
- (2) 1970ean, euskaldun elebakarrak desagertu dira, euskaldunak elebidunak bihurtu dira, eta bakarrik populazioaren %24 inguru dira, erdaldun elebakarrak %75 direlarik (nolako aldaketa 70 urteetan bakarrik!, inposizioaren ondorioa);
- (3) 2006ean (EJ/GV, 2008), 16 urte eta gehiagokoen artean, elebidunak (aktiboak) populazioaren %30,1 dira, elebidun pasiboak beste %18,3, eta erdaldunak %51,5 dira (hau da bakarrik 35 urtetan lortu dena, inposiziorik gabe noski, baina zergatik horrela?);
- (4) artikuluaren arabera, gaur “20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak”. Hau da, nola interpretatu behar dira datu hauek?, pozik egoteko modukoak al dira?, zergatik horren tratamendu ezberdinak ukipenezko bi hizkuntzeekiko?. Eta guzti hau Euskara ikazterakoan, baina zer gertatzen da Euskara erabiltzerakoan?
Euskararen erabilerak ez du jarraitzen ezagutzari, geroz eta gutxiago gainera dirudienez; eskola barruan eta irakasleekin gehien erabiltzen da, beti ere ez ordea, eta bestelako gune edo eremutan ia ezer-ez. Lan munduaren eremua da gehien aipatzen dena artikuluan, eta ondo aipatua gainera, Euskarak ez duela ia inongo balio praktikorik, askotan beste edozein hizkuntza baino (ingelesa, alemana, frantsesa, txinoa, …) gutxiago oraindik. Baina antzean gertatzen da bestelako eremuetan ere. Kalean, adibidez (paisaia linguistikoan, jendearen artean, dendetan, tabernetan, …), ia desagertu zaigu Euskara; artikuluan esaten den moduan: “Bilbo dugu, esate baterako, kopuruari dagokionez, munduan euskaldun gehien bizi den hiria (78.727 euskaldun), baina euskararen kale erabilera %3,2koa da, atzerriko beste hizkuntzen kale erabilera, aldiz, euskararena baino handiagoa da Bilboko kaleetan %3,7”, datu kezkagarria dena nire ustez. Saizarbitoria idazleak dion bezala, “… Uste dut (Euskararen) salbazioa Bilbon dagoela: Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko… handiagoa delako”, eta konplexuagoa ere delako gehituko nuke. Beste eremu garrantzizkoa da mundu ofizialean gertatzen dena, non ez bakarrik ez da betetzen derrigorrez Euskara jakin beharra, baizik ez jakitea publikoki defendatzeraino iritsi direla zenbait politiko, adibidez oraingo hauteskundeetan, EAEn bertan, ikusi dugun bezala: PSOEko alderdiak Donostian, edo PPko alderdiak Gasteizen. “Euskara euskal gizartearen bigarren hizkuntza bihurtu da”, esaten da artikuluan, baina ez orain, baizik frankismoaren aurretik jadanik, esango nuke; ama-hizkuntza edo lehen-hizkuntza izatetik, bigarren/hirugarren/laugarren…-hizkuntza izatera pasatu da Euskara; Espainierarentzat izan dira derrigortasun guztiak, Euskararekiko berriz edo debekua edo aukera izan ditu bakarrik, orain ere oraindik: nola onartu egoera hau? Horren azkar behartuz ia desagertzeraino lortu dutena Euskararekiko, gure jatorrizko eta berezko hizkuntza dena, ezin errekuperatuz gaude oraindik. Baina zer da Euskal Herria Euskararik Gabe?, edo alderantziz ere, nola Euskara, euskaldunak izan, Euskal Herri gabe?, askotan galdetzen dugun bezala!; edo posible al da biak, Euskal Herria eta Euskara, banantzea eta horrela jarraitzea?
Arrazoi asko erabili izan dira egungo egoera hau ulertzeko. Neronek ere eman ditut zenbaitzuk, adibidez lan hauetan:
- (1) “XXI. Mendeko Euskal Herria euskaldun!: Eta horretan, nik zer?” (BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 87-88, 2013 (2-3), 235-252 or.);
- (2) “Euskara erabiltzearen erraztasunaren/zailtasunaren eragin emozionala eta horren ondorioak” (Uztaro, 64, 2008, 83-97 or.);
- (3) “Nazio Identitateaz: Hizkuntzak zer nolako garrantzia dauka herriaren nortasuna osatzeko orduan?”.
Baina Euskararekiko aditu eta ikerketa asko ditugu, zori onez, askok erakunde eta aldizkaritan; hauen artean, adibidez: BAT Soziolinguistika Aldizkaria, Jakin, Hizpide, … Euskara ikertzean, denetatik ditugu: historia adierazten dutenak, ezagutza eta erabilera deskribatzen dutenak (sinkronikoki eta diakronikoki), emaitzen zergatiak edo arrazoiak ematen dituztenak, eta abar; gehienak agertzen dira optimistak, baina batzuk nahiko pesimistak, nik neoni bezala. Artikuluaren egileak, lan edo enpresa munduan Euskarak ia lekurik ez izatearen arrazoia diruarekin lotzen du, baina galdetuko nuke ea nahikoa den hori esatea, zeren niretzat uste dut ezez. Arrazoiak aurkitzeko, zenbait galdera egin behar diran jakin beharrean gaude, Euskarari buruz, adibidez: zer da?, zergatik?, zertarako?, nola?, zeinekin?, non?, …; badakigu ere egiten direnak, portaerak, Euskara ikasi eta erabiltzea orain, prozesu psikosozialen bitartez ulertzen direla: usteak, motibazioak, interesak, …, eta identitatea gehienbat; horregatik ikertu ditugu nahiko hauek denak, identitateari garrantzi berezia emanez.
Hala ere, esango nuke azken arrazoia, Euskararekin gertatzen zaiguna ulertzeko, dagoela BOTEREAN, lortu beharrekoa abertzaleak + euskaldunak geran aldetik, gure Euskal Herria guk nahi bezala antolatzeko, adibidez gure Euskara benetan normala izatera irizteko ere. Hau erabat lortzeko, gure independentzia lortu beharko dugu lehenbizi, Euskara den jatorrizko eta berezko hizkuntzari bere lekuan jartzeko. Baina bitartean, bide berriak ere erabili beharko ditugu, adibidez: ABERTZALEEN-ARTEKOTASUNA lortu. Nola da posible, oraindik, ez konturatzea abertzaleen artean bakarrik ahal dugula zerbait berria eta garrantzitsua egin eta lortu?; hauteskunde hauetan, adibidez, nola ez dira elkartu PNV eta EH-Bildu alderdi abertzaleak?, gainera gehiengoa osatzen zutelarik?, nola ulertu hauetako bakoitzak abertzaleak-ez diren alderdiekin elkartu eta itunduko duten?, nola ulertu berriz ere alderdien artean ezker/ezkubi ereduari garrantzi handiagoa ematea, abertzale/ez-abertzale ereduari baino?, jakinda hori dela modu errazena Espainiarako eta espainieradun direnentzat gu engainatzeko? Horregatik, nik erreibindikatuko nuke POLITIKA gehiago egitea gure artean, ausartagoak izatea, zer obeditu eta zer desobeditu erabakitzea, eta abar. Bukatuko nuke, artikuluaren bukaeran jartzen duenarekin: “… euskaltzaleen ekimen sutsua eta gizartearen onarpen zabala ezezik, botere egituren erabakiak ere beharko dira, ate hori (Euskarak lantokietako atea irekitzeko premia gorria) euskararentzat irekiko bada”. Honi emango nioke, dudarik gabe, ELEFANTEA duen sinboloa artikuluan.
Bukatzeko, asko eskertzen ditut artikuluaren egileak, zu Azpeitiko Patxi Saez Beloki zerana, zuri buruz esaten dituzunak, gertutasuna sentiarazi didalako, nik ere, nire bizitza osoan, Euskal Herria eta Euskara izan ditudalako erdigune, hasi 1960 hamarkadan, Madrileko Universidad Complutense-ko ikaslea nitzenean euskal-taldean sartuz, bertan Euskara ikasi eta erakutsi nituelarik, nire abertzaletasuna piztu zen, eta handitzen joan da ordutik gauraino. Esan behar dizut, nik ere asko ikasi dudala J.A. Fishman autorearekin, eta kolaboratu dudala bere argitalpen batzuetan, hemen esan ditudan zenbait gauza adierazten duten bezala. Mila esker ere soziolinguistikan aditu bezala eskaini didazulako zure artikuluari buruz nire iritziak ematea, nire asmoa ere delako “hizkuntza politikak nondik jo behar ote duen, Euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskuratu dezan” gaiaren eztabaidan parte hartzea. Minbizia duzula ere jakinda: nire animuak, Patxi, Aurrera jarraitzeko!
(MARIA JOSE AZURMENDI AYERBE soziolinguista eta Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko katedraduna da)
Euskararen garapen iraunkorraren bila
2015-07-21 / 18:26 / Patxi Baztarrika
“Euskararen azken pizkunde aldia” izenburu eman dion artikulua idatzi eta iruzkin eskaera egin digu hainbati Patxi Saezek. Eskaera horri erantzutera datoz ondorengo lerrook. Ezertan hasi aurretik, ordea, bihoazkio zorion agurra eta esker ona azpeitiarrari. Zorion-agurra, egin duen artikuluaren ekarpenaren aitormen moduan; eta esker ona, nola ez, iruzkina idazteko aukera eman izanagatik.
Artikulu betea eta aberatsa da Patxi Saezena, hari-mutur asko dituena eta beste horrenbeste gogoetatarako bide ematen duena. Esaten dituen hainbat gauzarekin, ez ordea guztiekin, bat nator, noski. Badira, nire iritzian, era bateko eta besteko ñabardurak beharko lituzketen esanak ere. Adibidez, lehentasunez hitz egiterakoan nik argi eta garbi gazteak jarriko nituzke lehen lerroan. Baina, tira, iruzkin bat denez eskatu zaiguna, jira-buelta asko eman ondoren erabaki dut, Saezen artikuluaren irakurketa pausatuak eragin dizkidan gogoeta puntu batzuk adieraztea eta ez, beraz, artikuluko pasarte ezberdinekiko adostasunak, ezadostasunak eta ñabardurak azaltzea. Artikuluaren gainean bainoago artikulua aitzakiatzat egindako iruzkina da honakoa.
“Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra”, esanez ematen dio hasiera Saezek bere artikuluari, eta ematen ditu baieztapen horren egiatasuna nabarmen asko agerian uzten duten datu batzuk, euskararen biziberritze prozesuan mugarri garrantzizkoetako bat izan den euskararen batasuna bera edo hiztunen bilakaera, hezkuntza edo IKTei buruzko datuak, beste zenbaiten artean. XX. mendearen erdialdetik aurrerako bulkada abiapuntuan izanda, demokrazia aldiko hogeita hamabost urteotan egin du euskarak aurrerapen eskerga Euskadiko Autonomia Erkidegoan, hiru hamarkadotan izan baitu euskarak historian sekula izan ez duen faktore kopurua bere alde. Hainbat adituren esanetan, EAEko hiru hamarkadotakoa da munduko hizkuntza berreskurapen eredurik aurreratuenetakoa eta onarpen sozial zabalenetakoa duena.
Nolanahi ere, kaltegarria genuke aurrerapen horren epelean lozorroan geratzea, luzea baita oraindik urratzeke geratzen zaigun euskararen normalizaziorako bidea. Euskararen arrasto sozialak inoizko datu onenak baditu ere, gaur egun duen baino irismen sozial handiagoa nahi dugu askok eta askok euskararentzat. Eta gehiago nahi eta behar izate horretan, nolabaiteko bidegurutze batean gauden sentsazioa zabalduta dago euskaltzale aktiboenen artean (ez nuke inondik ere gauza bera esango herritar guztiez edo gehienez ariko banintz).
Oinak lurrean, denbora horretan nekez eman genezakeen eman dugun jauzia baino handiagorik. Batzuetan, ordea, ez da onena asmatu, batzuetan egin dena baino gehiago eta hobeto ere egin zitekeen. Beraz, ondo egindakoari eusten, orain arte lortutakoa –ikaragarria- finkatzen eta atzera bueltarik gabe sendotzen, hobetu beharrekoak hobetzen, galdera berriei erantzun berriak aurkitzen, eta erronka berriei eraginkortasunez erantzuten asmatu beharko dugu aurrerantzean. Bertsolariak kantatuko lukeena parafraseatuz, etorkizunak kezkatzen eta arduratzen gaituen arren, baditugu mila motibo etorkizunari begiratzeko alai, baikor eta itxaropentsu.
Azken hiru hamarkadotako aurrerapen itzela ahalbidetu duten faktoreen artean hizkuntza plangintza dugu, noski. Hizkuntza plangintzarik gabe ezinezkoa zatekeen urratu dugun bidea egitea (urteotako hizkuntza plangintzak Euskararen Legean du abiaburua, eta, EBPN edo ESEP bezalako plan estrategikoen ondoan, hainbat plangintza gauzatu dira eremuz eremu, intentsitate eta irismen eta eraginkortasun ezberdinetako plangintzak, hezkuntzan, helduen euskalduntzean, administrazioan, hedabideetan, kulturgintzan, arlo sozioekonomikoan edo IKTetan).
Asmatu behar dugu hizkuntza plangintzaren eraginkortasuna hobetzen, nahitaez. Patxi Saezek garbi dauka kontua: hizkuntza plangintzaren lehentasun nagusia lan mundua izan behar da, “eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten baitu”. Eta proposatzen du arlo horretako plangintza eraginkorra izateko bidea ere: diru pizgarriak. Azaltzen du, halaber, proposamen horren zergatia: “sektore ekonomiko guztien motorra (…) dirua da. Enpresek dirua dute bere jardueraren arrazoi eta helburu bakarra”. Arlo sozioekonomikoa da, nire iritzian, egindako ahalegin ekonomikoari (hogeita bost milioi eurotik gora azken hamabost urteotan) behar beste etekin ateratzen asmatu ez dugun arlo bat. Badugu hor ere zer hobeturik. Euskara bigarren mailako hizkuntza ez baizik eta adin nagusikoa izatearen ikuspegitik begiratuta, arloaren garrantzia ukaezina da, lehen mailakoa zalantzarik gabe. Beldur naiz, ordea, diru-pizgarriena baino konplexuagoa eta korapilatsuagoa ez ote den auzia, dimentsio ezberdinetako faktore ugari baitira lan munduko hizkuntza erabileretan ere eragiten dutenak: ugazaben eta langileen hizkuntza jarrera eta prestakuntza, hizkuntzaren pisu soziala enpresaren kokagunean, enpresaren jardueran parte hartzen duten askotariko eragileen hizkuntza portaerak, herritarren hizkuntza jarrera eta ohiturak edo hizkuntzaren prestigioa, beste zenbaiten artean.
Hogeita hamabost urteotan izan duen hazkunde jarraitua hazkunde iraunkor bihurtzeko, euskarak nahitaezkoa du gizartean garrantzizkoak diren jardueratan gutxieneko funtzio batzuk betetzen dituen hizkuntza izatea. Beste hitzetan esanda, behar bestekotasun funtzionala duen hizkuntza izatea, alegia. Lan mundua euskararentzat horma bihurtzen denean, euskarari bizitzarako hizkuntza bizia izan dadin garrantzi betea duen funtzionaltasun bat oztopatzen zaio. Oztopo horrek era guztietako euskaldunengan eragiten du, modu negatiboan beti: etxetik euskaldun izanik euskaraz eskolatu direnei bezala etxetik erdaldun izanik eskolan euskaraz jabetu direnei, auzo giro euskalduna dutenei nahiz besteei, denei, oztopatzen die euskarazko jarduna lantokian, norbanakoaren egunerokoan leku handia betetzen duen aktibitatean. Euskarak ondoan duen hizkuntza indartsuarekin –eta kasu askotan neurri batean baita ere beste hizkuntza batzuekin- partekatu beharko du lan mundua; eremuz eremu eta gunez gune diferentea izango da partekatze hori. Askotarikoa baina nolanahi ere behar bestekoa izango den funtzionaltasun partekatuaren bila jotzea dagokio, bada, hizkuntza plangintzari.
Ukaezina dela uste dut aipatutako plangintzaren arrakastarako jarraitu behar dela diruak eta askotariko bitartekoak baliatzen, eraginkortasun handiagoz gainera. Baina, arestian esan bezala, aldi berean uste dut halako plangintzaren arrakastaren giltzarri nagusia dirua baino askoz konplexuagoa eta sakonagoa den beste zerbaitetan datzala. Nire iritzian, garbi esanda, giltzarri nagusiak dira, lan munduan protagonista diren askotariko eragileen gogoa eta jarrera, eta adostasun sozial eta politiko sendoa. Komeni zaigu ez ahaztea hizkuntza status-aren plangintzaz ari garenean –eta hori da bete-betean lan munduari dagokiona- status sozialaren aldaketaz ari garela, hots, hizkuntzaren status plangintzaren erdigunean dagoena ez dela hizkuntza, baizik eta erdigunean daudenak direla hiztuna, hiztunen komunitatea, hiztun ez diren herritarrak eta gizartea bere osotasunean. Beste era batera ere esan liteke: hizkuntza plangintzan hizkuntza ez dela helburu, bide baizik. Eta horrexegatik guztiagatik dira giltzari nagusi lan munduko askotariko eragile naturalen jarrera eta gogoa, eta adostasun sozial eta politiko ahalik eta sendoena.
Ikerketetako emaitzen arabera, euskara lan munduan eta kontsumoarenean gaur baino askoz ere presenteago egotearen alde dago herritarren gehiengo zabala. Hori aukera on bat da arlo horretako hizkuntza plangintzarako, baina beldur naiz ez garela denok neurri eta intentsitate berarekin egongo “alde”, “bai baina” ugari izango direla tartean, normala denez. Hori ere kontuan izan behar du hizkuntza plangintzak arrakasta izateko, eta horregatik da gako garrantzizkoa ikuspuntu ezberdinen arteko adostasun politiko eta soziala.
Bizi-indarraren dema erabileran jokatzen dugu. Paradoxikoa dirudien arren, inoiz baino aukera handiagoa dugu seguruenik ere erabileran aurrera egiteko, inoiz baino hiztun gehiago baititu euskarak, eta inoiz izan ez duena: euskaraz hazi eta hezitako belaunaldiak, etorkizuneko “eliteak”. Baina lan mundua euskararentzat “mutua” baldin bada, aurreratu lezakeena aurreratu gabe geratzeko arriskua edo atzerantz egitekoa areagotu egin liteke, batez ere euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu duten euskaldunen kasuan. Hor badu zereginik hizkuntza plangintzak, badute zereginik –zeregin mugatua- arauek eta diruak. Baina, berriro esanda, nahia da giltzarri nagusia. Enpresetako ugazaba eta langileek, sindikatuek eta enpresarien elkargoek, kontsumitzaileok… bere/geure egin behar dute/dugu euskara egunerokotasun horretan jarduteko “bide” izatea. Euskararen etorkizuna herritarron esku dago, inoiz baino neurri handiagoan. Batik bat euskal hiztunon esku, baina baita egun oraindik elebakar direnen esku ere, horiek hartzen duten euskararekiko jarrerak ere baldintzatu egingo baitu euskararen behin betiko indarberritzea. Ausardia behar dugu onartzeko euskararen etorkizun oparo eta sasoizkoa eskuratzeko bermerik handiena dela, hain zuzen ere, guk geuk (herritarrok, enpresek, hedabideek, sindikatuek, alderdi politikoek, arte langileek, gurasoek, irakasleek, kirolariek…) egunerokoan, naturaltasunez, gero eta gehiago erabiltzeko jarrera izatea.
Gizarte aldaketak beti dira zailak eta konplexuak, baina egingarriak dira, segun eta gauzak nola egiten diren. Euskararena da horren lekuko. Aurrerantz are eraginkorrago jarraitzeko, ordea, beharrezkoa da errealitatea den horretan ulertzea etsipenean erori gabe. Bestela, segur da positiboki kudeatu ezin den angustia antzua. “Nahia” eta “ahala” bereizezinak behar ditugu, jakinda belaunaldi berriek eta etorkizunekoek erabakiko dutela euskara erabili edo ez edo zein neurritan erabili, eta neutralak ez garenez, hots, euskara biziago eta erabiliago ikusi nahi dugunez, belaunaldi berrientzat prestakuntza hobetzera (lanbide heziketan euskarazko jarduera derrigor indartu behar da), erabilera aukerak sortzera eta haien erabilera gogoa piztera eta elikatzera zuzendu beharko da lan munduan ere hizkuntza plangintza.
Horra hiru faktore nire ustez garrantzi gero eta handiagoa dutenak euskara hizkuntza bizia eta subordinaziorik gabeko adin nagusikoa izateko bidean: atxikimendua, kontsentsu sozial eta politikoa, eta euskarazko jardunaren erakargarritasuna. Euskarazko jardunaren prestigioa eta erakarmena areagotzeko garaia dugu, bereziki arlo sozioekonomikoan, non erakarmen handiko hizkuntzekin –gaztelania eta beste batzuekin- partekatu beharko duen joko-zelaia euskarak. Arauak bai, erabilera aukerak bai, erabaki estrukturalak bai, zalantzarik gabe; baina motibaziorik gabe alferrik dira arauak eta diruak. Gertuko etorkizunean oso garrantzitsua izango da motibazioak eragitea, euskaraz jakitea ez ezik euskara erabiltzea gizartearen iruditeria edo imajinarioan balio positibo eta prestigio bide gisa atxiki eta finkatu dadin.
Hogeita hamabost urteotako bide gorabeheratsu baina arrakastatsua egiterakoan, giltzarri izan da lehenik Estatutuaren inguruan eta ondoren Euskararen Legearen eta beronen garapenean lorturiko adostasun sozial eta politikoa. Itun politiko-soziala da euskararen biziberritze prozesuaren gainean hiru hamarkadotan gauzaturiko kontsentsua. Itun politiko-sozial hori sendotzea, zabaltzea eta indarberritzea komenigarria da etorkizuneko bidean eraginkorragoak izateko; eta bai, lan-mundurako hizkuntza plangintzak behar luke hor toki garrantzitsua. Betiere ahantzi gabe eraginkortasunerako baldintza dela egingarritasuna. Xabier Lete poeta handiak idatzi eta kantatu zuen bezala:
“Eguneroko fruituaz // eskuak bete ditzagun: // alferrik da bihozkadaz /egoerari erantzun”.
(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
Suak du burdina frogatzen….
2015-08-04 / 15:45 / Andres Urrutia Badiola
… eta mintzatzaileek mintzaira baten bizitasuna eta indarra. Askotan esan denez, eta berriro errepikatu behar bada ere, oraindik euskararena ez da aise eta behar bezala bizi eta zirkulatu gure artean.
Horrexegatik dator harira, oso harira, Patxi Saez Belokiren artikulua, elefantea ikusi izenekoa, horrek argi erakutsi baitu, haren ustez, zein den euskararen mentsik nabarmenena, alegia, euskararen elefantea. Areago, hitzez hitz esanda “horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”.
Izan ere, hortxe dago koxka eta kezka, lan munduak euskaraz bizitzeko ekar dezakeena. Koxka ez hain berria, jakina, historian zehar, euskaraz lan egiteko aukerak izan baitira. Alajaina! Esango dit norbaitek. Bene-benetakoa esango diot nik beldurrik gabe, Ondarroako arrantzaleen eta Eibarko armagileen hizkuntza zein izan den horri erreparatuz gero; baserritar eta nekazariak ere horretara jarrita gizaldi eta gizaldietan.
Eta orain, zer? Orain konturatu gara gizarte modernoetan bizi dugun ingurutik eta barrunbetik euskarak ihes egin digula, kultura idatziaren zirrikituetatik, eguneroko bizimoduetatik.
Jokoa ez da errenta, ezta lan mundua ere erraza
Irakaskuntza euskaldundu dugunean, lan munduak zapuztu digu euskararena, hortxe, beraz, Patxi Saez Belokiren esamoldean, gure elefantea, euskarak duen problema nagusia.Ez dut nik halakorik ukatuko. Bai, ordea, ñabarduraz beteko, uste izan baita, besterik gabe, diru-laguntzak direla biderik errazenak euskara sustatzeko eta nonbait, lan mundua euskalduntzeko. Usteak, alabaina, ustel, behin eta berriro, errealitateak erakutsi duelako diru-laguntza agortu bezain laster akitu dela euskararen normalizazioa hainbat enpresa eta lan tokitan.
Halaber, uste izan da euskararen ofizialtasunak konponduko zituela arazo guztiak, goitik behera jarritako agindua, alegia, euskara ofiziala dela eta horrekin berez sortuko liratekeela esparru euskaldunak eta lanpostu egokiak, horien bidez euskararen eguneroko erabilera bermaturik egongo zela besterik gabe.
Hainbatez, hiru horiek, hots, ofizialtasuna, diru-laguntza, eta aurreko biak lotzeko hizkuntza plangintza izan dira gidari eta lerroburu gure. Hala ere, berehala konturatu gara hiru hauekin ere aski ez dugula gizartearen eragina eskuratzeko euskararen alde.
Zer falta zaigu, beraz, eragile izateko?
Hasteko, egoeraren diagnosi egokia. Urteetan izan gara eta bagara egun ere, soziolinguistikaren morroi. Zientzia berrienetan kokatu eta diziplinartekotasuna bermaturik, ez diot nik bertuterik ukatuko delako horri. Egoera linguistiko guztiei aurre egiteko nahikoa den, ostera, zalantzan jartzeko abagunea heldu dela ere esan daiteke.
Besteak beste, luze-zabal ari gara ekinean, hur-hurrean dugunari so egin gabe. Alegia deus ez, urruneko esperientzietan jarri ditugu gure kemena eta indarrak eta bazterretan utzi ditugu bestelako eta hurbilagoko errealitateak.
Bat aipatzearren, horra legearena. Ez lege hertsia, ofizialtasunaren aldarrikapenarekin kontuak bideratu omen dituena. Bestelako legeaz jardun behar da, hain zuzen ere, pertsonen arteko zuzenbide pribatuaz, halako harremanak bideratzen baititu horrek, nahiz kontsumo, nahiz merkataritza, nahiz lan-harremanen alorretan.
Usu ahazten dira halakoak aginte publikoari egiten zaion ofizialtasunaren aldarriarekin. Saihetsean geratzen dira horiek, hala nahita edo nahigabe, gizarte baten egunerokotasun linguistikoan erabateko pisua izan arren.
Azterketa ere modu aski ezean egiten da. Hortaz, ofizialtasuna adierazita, alboan uzten da pertsonen arteko harreman juridikoen muina, borondatearen jokoa eta autonomia. Hitz batez esateko, alderdien arteko askatasuna, euren harreman juridikoak bideratzeko, hizkuntza barne. Noizbait euskal zuzenbide zibilak moldatu duen askatasun zibila eta Nafarroako Lege zibilean egoki esanda dagoena, paramiento fuero vienze, hau da, alderdien arteko paramentua edo hitzarmena da nagusi eta legea bigarren mailan geratzen da.
Askatasun zibila, askatasun linguistikoa
Askatasun zibil hori da, izan ere, ezinbesteko oinarria askatasun linguistikoa ontzeko, askatasun hori ez baita funtsik gabeko askatasuna, ezpada zin-zinezko askatasuna, eta berori aurrera eramateko legeak, baliabideak eta marko egokia osatu behar dira.Hartara, arlo publikoarena bada ofizialtasunean zimentarri hartu eta euskararentzat esparru egokia garatzea, arlo publikoarena da esparru horren barnean gertatzen diren harreman juridiko pribatuak euskaraz ere gauzatzea. Hori, zorionez ala zori txarrez, ez da bakarrik diru-laguntzekin erdiesten. Horretarako, zalantzarik ez dago, guztion ahaleginak behar dira, herri agintariena zein herritarrena.
Badago langintza horretan zer bete eta zer asma. Horietan ez dira txikienak eta laburrenak gizarte zibilean ari diren hainbat elkargo lanbide, aholkulari eta bitartekaritza lana egiten duten horiengan euskararekiko garra sortzea eta umotzea.
Horixe da, beste ekimen askoren artean, euskarak behar duena eta egun premian duena, gizarteratze oso baten peskizan. Ofizialtasunaren porasuz eskutik joan zaigu bestelako hori, askatasun zibilarena eta horren ondorioa den askatasun linguistikoa ondo estekaturik joan daitezen.
Horrek eskatzen du, besteak beste, diagnostiko egokia, bertara bilduz diziplina anitzetako jakituriak; horrek eskatzen du, era berean, sakon aztertu eta ikertzea egoera hori eta diru-laguntzak eta plangintzak bideratzea, ez horrenbeste goitik beherako ezarpena egiteko, ezpada gizartean bertan berez sortzen den eguneroko erabilera sustatzeko.
Halakorik ikusi ote dugun galdetzen badit inork, erantzuna ezin guztizkoa izan. Bidean gaudela esan daiteke, eta leku desberdinetatik arazoaren ertzak ikusten ari dira, oraindik erpina jo ez bada ere.
Horrexegatik, euskararen elefantea nabarmena bada ere gure artean, elefantea bera nola euskararen mundura erakarri asmatu beharra dago. Dema argia da, edo elefantea hil eta museo batera eraman, edo elefantea hezi, bizirik atera eta euskararen mesederako lanean jarri. Nik, Patxi Saez Belokiren antzera, aspalditik egin nuen bigarrenaren aldeko apustua.
(ANDRES URRUTIA BADIOLA euskaltzainburua da)
Zirt edo zart egiteko garaia heldu da
2015-08-06 / 14:56 / ELA-Autonomako Euskara Lantaldea
Bat. Euskaldunen erdiak EAEko sei udalerri handienetan bizi dira eta euskara bigarren hizkuntzatzat dute. EAEn, 30 urtetik beherakoen hamarretik seik (%58) bigarren hizkuntza euskara dute… |
Eta galdera da, bigarren hizkuntza bezala belaunaldiz belaunaldi transmitituko da euskara?
Zertarako transmititu erabiltzen ez den, edo oso gutxi erabiltzen den hizkuntza bat? Egungo gazteek oso argi daukate: “zergatik (zer dela eta) egin behar dugu euskaraz?”. Izan ere, transmisio modu oso ohikoa da, guraso biek euskaraz jakinik ere, haurrei euskaraz egitea baina gurasoek euren artean eta beste heldu batzuekin erdaraz jardutea. Transmisio modu horrek (ezaugarri horiekin) noiz arte iraun dezake? Egungo belaunaldi gazteentzat, batik bat inguru erdaldunduetan, euskara gelako hizkuntza baino ez da, eta eskolan bertan ere, gehienek ez dute erabiltzen irakasleei zuzentzeko ez bada.
Udalerri handienetan, eta erdaldundutako beste guztietan, euskaldun berriek ez dute euskaraz bizi ahal izateko heldulekurik apenas. Euskaraz egitea bitxikeria moduko bat da euren artean. Are gordinagoa da Joxe Manuel Odriozola irakaslearen hausnarketa:
“… D ereduko ikasleen belaunaldiak gehienbat belaunaldi galduak dira euskararentzat… soilik eskola bidez euskaldundu diren belaunaldiak, ahozko gaitasun komunikatiborik gabeko ikasleak dira gehienbat. Eskolak soilik ezin du gaitasun komunikatiboaren alderdi hori garatu eta bermatu.”
Bi. Zortzi ordu lo, zortzi lan, eta zortzi ordu otordu, familia, lagunarte, aisialdi, eta hedabide-kontsumorako. Euskaraz bizi nahi badugu lan mundua irabazi beharra dugu euskararentzat. |
Gure ustez, lur-eremukako planteamenduak egin beharra dago, soilik funtzio-eremuka jardun ordez.
Bestela esanda: Sakanan, Goierrin, Urola bailaran, Uribe Butroen, etab… bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzea posible izan dadin lortu behar dugu, beste lur-eremu batzuk irabazi nahi baditugu ondotik.
Hezkuntza arloko urte luzeotako prozesuaren emaitzek erakutsi digute, ikastetxera mugatutako ahaleginek ez dutela lortzen euskal hiztunak sortzea (ahaleginak ez duelako jarraipenik ikastetxetik at).
Gizarte arauaren indarrak jan egiten du esparru txikian egindako ahalegina.
Funtziorik estrategikoenetan: aisialdia, lan mundua, osasun zerbitzua, hedabideak… herri handietan eta hiriburuetan indarrak metatzea beharrezkoa da, populazio bilgune garrantzitsuak direlako.
Horien inguruko biztanleak ere bertara joaten direlako denbora pasa, ikastera, erostera, lanera… baina euskararen normalizazioari ezin zaio soilik “funtzio eremuka” heldu.
Administrazioaren eta erakunde gehienen diskurtso politikoki zuzenek ezkutatzen duten Hezkuntza sistemako porrotak ondorioak ateratzeko balio behar liguke. Ikusi dugu, D ereduko / ikastoletako haurrek euskaraz jardun dezaten nahi badugu, herriko / eskualdeko aisialdia, hizkuntza paisaia, euskararen inguruko diskurtsoa, merkataritza, eta abar landu beharra dagoela, baina inoiz gutxitan gertatzen da hori. Hortik emaitza urriak. Altsasuko, Bilboko, Irungo edo Berriozarko, D ereduko edota ikastoletako haurrak erdaraz bizi dira, euren ingurua bezalaxe, ikastetxerik euskaltzaleenetan ibilita ere eta guraso euskaltzaleak eduki arren askotan.
Lan munduan eragiteko ere, herri eta eskualde mailako egitasmoak jarri beharko dira abian, gizarte bizitzako alor gehienak aintzat hartuz, eta lan munduko balizko ahaleginari jarraipena eta koherentzia emateko.
Hiru.
Belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru eta ahalegin guztiak
zapuztu egiten ditu lan munduak… Gaur egun, euskarak lan-hizkuntza gisa
duen balioa hutsaren parekoa baita.
EAEn 177.000 lan-erakunde daude . Bada, horietatik %0,1 ere ez dira euskaraz lan egiten dutenak. Adibidez, 1997-2014 urteen artean, soilik %0,2k (386 lan erakundek) jaso dute Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza euskararen erabilera-planak garatzeko. Bikain ziurtagiria 2008. urtetik jasotako erakundeak %0,1 dira (188 lan erakunde), baina lana euskaraz egiten dutela egiaztatzen duen egiaztagiria dutenak %0,04 dira (78 lan erakunde). Bai Euskarari Ziurtagiria: guztira, ziurtagiridun erakundeak, 1.355 dira Euskal Herri osoan, alabaina, Zerbitzua eta lana euskaraz egiten dutela egiaztatu daukatenak %0,08 dira (152 lan erakunde). |
Belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru eta ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak bai, baina hedabideek, politikagintzak, aisialdiko baliabideek, eta gure gizarteari inposatutako hizkuntza ohiturek ere bai: ordezkapen planifikatu prozesu luzeak, finean. Alabaina, azpimarratu behar da euskara planak egiteko deialdira eta Bikainera aurkezten diren enpresak, dinamikoenak, internazionalizatuenak eta kalitate parametroen arabera puntakoak direla.
Lan munduan euskararen sustapena ez aurrera, ez atzera dago. Bada garaia politikak aldatzeko, emaitzak oso argigarriak dira eta. Izan ere, gizartearekin harreman handiena duten sektoreetatik hasi behar litzateke, sentsibilizazioa landuz lehenik eta behin. Iraingarria gertatzen da, egunero-egunero ikusi behar izatea merkataritza arloko (eta bestelako) establezimenduetan, euskaldunoi ezikusiarena egiten ez zaigunean, bigarren mailako herritarren tratua nola ematen zaigun. Sikiera ageriko diskriminazio horri azkena emateko, ez da borondate politikoa baino asko gehiago behar.
Lau. Euskara lantokietan nagusi ez izateak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du gizartearentzat. |
Areago, egunetik egunera, euskara nagusi izan deneko lan eremuak ari da galtzen (nekazaritza edota arrantza). Lan mundua ia zeharo erdaldunduta, eta aisialdian, hedabideetan, edota administrazio publikoetan euskara eta euskaldunak bigarren mailaratuta (kasurik onenean), ez dirudi hizkuntza berreskuratzeko abiapuntu ona.
Bost. Neurri batean, herri erakundeen aginpidea euskal hiztun komunitatearen kideengan dago. |
Baina erakunde gehientsuenak erdaldun funtzionalen esku daude, euskaraz jakin zein ez. Begiratu besterik ez dago erakunde nagusietako jardunari horretaz jabetzeko. Eta are okerragoa dena, errealitate hori estaltzen saiatzen dira abertzaleen agintepean dauden erakundeak, oro har.
Sei. Fishman-ek esana da, “Akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe; agintariek ez dutelako zehazki definitu problema zein den edo lehentasuna zeri eman. Zenbat eta adostasun falta handiagoa agintari politikoen artean, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak” |
Baina adostasunak, euskararen aldeko hizkuntza politika garatu nahi dutenen artean behar du, aurrera pausurik emango bada. EAEn adibidez, PSErekin (eta PPrekin) bilatu du adostasuna Eusko Jaurlaritzak. Euskara museoan nahi dutenekin, alegia. Baina aitortu beharko da, erakunde politiko eta sindikal abertzale nagusiek ere, ez daukatela, ez daukagula alternatiba sendorik gaur gaurkoz. Izan ere, euskara ez dago erakundeon lehentasunen artean, eta arazo edo zama balitz bezala aztertu ohi da, eta ez herri honi izaera eta nortasuna ematen dion ardatz bezala.
Zazpi. Sektore ekonomiko guztien motorra, hemen eta munduko beste edozein bazterretan, dirua da. |
Euskarari lantokietan sarbidea eman nahi baldin badiogu, lan-erakundeek igarri behar dute euskara erabiltzea errentagarria zaiela… edota euskaldunak aintzat ez hartzea zama bilakatzen zaiela.
Dena ez da pizgarri ekonomikoa. Dirua zuzenean eman baino gehiago, prestigiatu eta goraipatu behar dira euskaldunak aintzat hartzen dituzten lan-erakundeak. Horrexek berak ekarriko ditu atzetik beste asko ere.
Pentsaezina da, egungo errealitateari erreparatuta, gizartea osoa euskararen berreskurapenaren norabidean jartzea, baina alderdi eta sindikatu abertzaleek behintzat, benetako konpromisoa agertu behar genuke, hitzetatik ekintzetara sarriago eta eraginkorrago igarota. Euskaltzaletasun ordezkazale batetik (besteek egingo omen dute: gazteek…), euskaltzaletasun arduratsu eta koherente batera igaroz.
Zortzi. Fishman-ek esana da hau ere: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako. Beren bizimodua espainolez zertu da eta beren nortasuna gaztelania da; gaztelaniaren erabilera zehatzean oinarritzen da. Orduan, eliteen aldatzeak erresistentzia ekarriko du, eta erresistentzia hori gatazkaren arrazoia izango da” |
Erresistentzia horiek gainditzea behar du lehen helburua. Borroka ideologikoa irabazi, alegia… oso aintzat hartuz, lehen oztopoak “etxean” bertan aurkituko ditugula gainera. Sindikatuok, eta beraz ELAk ere bai, erantzukizun zuzena daukagu planteatzen zaigun erronka zail baina ezinbesteko honetan. Badagu garaia hizkuntzaren auziari adarretatik heltzeko. Ardura zuzena daukagu ordezkatzen milaka eta milaka ditugun afiliatu eta jarraitzaileekiko, eta barne hartzen gaituen euskal gizartearekiko.
Zirt edo zart egiteko garaia heldu da.
(ELA-Autonomako Euskara Lantaldearen erantzuna)
Erabakiaren aroa ireki da
2015-09-14 / 14:36 / Zelai Nikolas Ezkurdia
Kaixo Patxi:
Zorionak eman nahi dizkizut zure artikuluan egiten duzun gogoeta interesgarri eta sakonagatik batetik, eta eztabaida hain aberats zein beharrezko hau zabaltzeagatik.
Gustatu zait zure abiapuntua: asko egin da, baina horrenbeste edo gehiago falta zaigu euskaraz bizi gaitezen bai gaurko euskaldunak bai biharkoak.
Bat nator zurekin esaten duzunean euskararen hutsune handi bat lan munduan dagoela. Baita prestigio falta duela eta botereari lotutako elite parte handi batek ez duela euskararen aldeko jarrerarik izan. Horrek guztiak eragiten du, nola ez, euskara dakiten baina erabiltzea falta zaien herritarrengan (gazteeengan, besteak beste) eta euskara ez dakiten eta ikasteko ahalegina egin behar dutenengan. Gasolina horrekin nekez emango dugu jauzia euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusia (ez bakarra) izan dadin.
Nire uste apalean, euskararen biziberritzeko prozesuan ere “erabakiaren aroa ireki da”. Gure Esku Dagok ekainaren 21ean erabakitzeko eskubideari dagokionez aldarrikatu zuen moduan, euskararen eta euskaldunon etorkizunari dagokionez ere “gure esku dagoela” aldarrikatu behar dugu. Hau da, borondatezko osagaia oso garrantzitsua da prozesuan. Baina , nola eragin pertsonen borondatean euskararen alde egin dezaten, dakienak erabiliz eta ez dakienak ikasiz?
Euskararen aldeko borondatea sendotzen jarraitu behar dugu. Hor dago, nire ustez, benetako elefantea eta tresna egokiak behar ditugu elefante horri jaten emateko.
Tresnei dagokienez, ados nago lan munduari bereziki erreparatu behar zaiola eta euskarak prestigioa lortu behar duela eremu horretan, eta baita botere egituretan ere. Baina, borondatea elementu subjektiboa dela kontuan izanda, zure gogoetan kontzeptu bat faltan bota dut: maitasuna.
Dirua eta pizgarriak aipatzen dituzu borondate hori elikatzeko tresna gisa eta dudarik gabe lagundu egingo lukete, baina, nire ustez, ez da nahikoa, ezta funtsezkoa ere. Euskararen alde egiten dugun ahalegin guztia gure hizkuntzarekiko amodio istorio bat bezala irudikatzen dut nik eta maitasuna ikaragarri hori, belaunaldiz belaunaldi pasatzeko gai garena, euskara biziberritzeko dugun motore indartsuena da nire ustez.
Maitasuna galduz gero, ez dut uste lan mundua ez beste ezer euskaratzeko gai izango garenik. Horregatik, bada, nire ustez, euskararen prestigioa maitasunarekin eta ondo bizitzearekin lotu behar dugu. Sentimendu indartsu horiek behar bezala landuta indar nahikoa emango ligukete egin behar dugun jauzia egiteko. Lan munduan, zein transmisioan, zein euskara biziberritu behar dugun gainontzeko arloetan bi elementu horiek oso presente izan beharko genituzke, dena delako plangintzari heltzerakoan.
Bukatzeko, gatazkarekin lotutako ideia bat. Zure artikuluan aipatzen duzu botereari lotutako elite botereduna euskara gure berezko/ohiko hizkuntza izatearen kontrako jarrera azal dezakeela/baduela. Hala da, elite hori ez haserraraztea izan da orain arteko hizkuntza politikaren galga bat.
Baina gizartean gatazkak eguneroko ogia dira eta gakoa ez da gatazkak saihestea –orain arte bezala-, baizik eta horiei heltzea, xehe-xehe aztertu eta behar bezala kudeatzea, besterik ez. Gaur egun, tresna gehiago ditugu gatazkak bideratzen asmatzeko eta nola ez demokrazian sakontzea dugu horien artean indartsuena. Beraz, jarrera demokratikoak elikatu behar ditugu gizartean eta eremu boteredun horri inteligentziaz aurre egin. Hain zuzen ere, horregatik da horren garrantzitsua “ondo bizitzearekin” lotzea euskararen erabilera.
Elite horren kontrako jarrera neutralizatu behar da eta hori egiteko hainbat modu daude: bat da elite boteredun euskalduna elikatzea. Horrekin ez dut esan nahi klasismora jo behar dugunik, baizik eta euskaldunak (gure elite berria) gai izan behar dugula “ondo bizitzearen” kontzeptu hori euskaraz bizitzea ematen digun zoriontasunarekin lotzeko eta gure balore kooperatibo, alternatibo eta propioekin elikatu. Zoriontasuna eta jarrera positiboak oso kutsagarriak dira,beraz, euskararen zoriontasunaren izurritea zabaldu behar dugu gizartean. Euskara erresistentziatik atera eta gizartea elikatzeko elementu izatera pasa, bizitza beteago eta zoriontsuagoa dakarrelako.
Segi horren fin Patxi eta laster arte.
(ZELA NIKOLAS EZKURDIA legelaria da eta Gure Esku Dago herri ekimenaren bozeramailea)
Elefante ugari eta kapital gutxi
2015-09-22 / 10:21 / Lorea Agirre Dorronsoro
Patxi,
Elefanteak ugari ditugu hemen. Etxea elefantez josia dugu eta, askok ikusi bai, baina ez ikusiarena egiten dugu. Lehentasun gehiegiren beharra du euskararen normalizazioak lehentasunak lehentasun izan daitezen, dena baita garrantzitsua. Egia da eremuak eta ekimenak lehenetsi beharra dagoela, eta, datozen urteetan non eta nola jokatu, non jarri indarrak ebatzi beharra dagoela. Zergatik hori? Bada asko egin delako, ados, baina ez aski. Eta gutxi asko izan daitekeen moduan, asko ez da beti aski. Eta horrelaxe azal liteke azken 60 urtetan egin denaren auzia. Kontua da, sarritan, ordukoak eta oraingoak absolutoki eta modu isolatuan konparatzen ditugula, eta horren arabera zenbat aurreratu dugun geure buruari esanez kontsolatzen garela. Eta ez da gezurra aurrera egin dugunik, baina tranpa ere badu horrek, ze gaurko errealitateak markatzen dizkio euskarari gaurko beharrak, eta ez errealitatea eta ez beharrak ez dira berdinak 70eko hamakardan eta gaur egun. Gizartea aldatu da, jendea aldatu da, gu aldatu gara, eta garaian garaiko ingurumaria horren baitan neurtu behar da euskararen borrokan egin den lanaren emaitza, eta, areago, egin beharrekoa. Aldaketen argitan pentsatu behar ditugu bide berriak. Arazoa zaharra da, baina galdera berriak ditugu. Eta honenbestez, lan-tresna berriak behar ditugu.
Lan mundua jartzen duzu datozen urteetako erronka modura. Ez dakit erabateko lehentasuna den, baina argi dago landu beharrekoa dela. Ez naiz aditua eremu horretan, baina boteprontoan otutzen zait zentzuzkoa dela esatea administrazio publikoan jauzi kualitatiko eta kantitatibo handi bat behartu behar dela. Hiru urrats oinarrizko marka litezke. Bata, gurean, enpresarik handienetako bat administrazio publikoa den heinean, bere burua, bere jarduna –kanpo eta barru– eta bere lan harremanak erabat euskalduntzea epe jakin baten barruan. Bestea: administrazio publikoa zerbitzu eta enpresen kontratatzaile, hitzarmen egile eta dirulaguntzen emaile nagusienetako bat den heinean, esleitu, kontratatu, hitzartu edo diruz laguntzen duen enpresa horrek euskaraz funtzionatzea, zerbitzu oro euskaraz ematea, eta, euskararen irizpidea kontutan hartzea legez galdegitea, nola egun ingurugiro irizpideak obra publikoak esleitzeko erabiltzen diren gisan. Eta hirugarrena: administrazio publikoak adierazpen publiko guztiak euskara lehenetsiz egitea, idatziz eta ahoz. Hiru neurri hauekin administrazio publikoan eragiten da, eta hori da enpresa pribatuan eragiteko eman beharreko lehen urratsa. Hortik aurrera, bada, euskaldunon eskubideak bermatu aldera, enpresa pribatuei zerbitzuak euskaraz ere eman ditzaten galdegitea etorri beharko da.
Botereak bi bide ditu eraldaketak bideratzeko, hemen eta munduan, eta biak batera egin ohi dira: legeen bidez behartu, eta laguntzen bidez aldaketa erraztu, epeak eta nuerriak egutegian jarriz, malgu izanez nahi bada, baina epeak eta helburuak bete araziz. Eta horixe da egin beharrekoa hemen ere. Ez da erraza izango, baina lan mundua euskaratzen eskarmentua duen aditu talde handi samar bat badago, eta esperientzia metatu nahikoa ere bada, horrelakoak abian jartzeko. Legea ere alde dago. Borondate politikoa eta ausardia behar dira. Demokrazia aplikatzeko ausardia, alegia.
Horrek guztiak ere emango lioke euskarari beharrezko izateko beharra. Alegia, kasu honetan, kapital ekonomikoa. Hau da, diru iturri izango litzateke enpresan pribatuentzat langile euskaldunak kontratatzea. Kapitala aipatu dugu, kasu honetan zentzurik literalenean, ekonomikoan. Baina hizkuntzek bestelako kapitala ere behar dute izango badira. Demagun, kapital kulturala eta linguistikoa. EAEn, euskarazko hezkuntzak lortu du kapital linguistiko eta kulturala izatea, ikasketak euskaraz egiteak kapital kultural bat ematen diolako ikasleari, ez horrela gaztelera hutsez ikasteak. Alegia, gurasoen euskalduntasuna, are euskaltzaletasuna gora behera, haurrak euskarazko lerroan martrikulatzearen arrazoietako bat bada ikasketak euskaraz egiteak, gazteleraz ez bezala, kapital linguistiko-kulturala dakarrela berarekin.
Kapital gehiago ere badira, kapital emozionala, demagun. Eta hori gehiagoa da euskararen aldeko kontzientzia. Baina kontzientziak bere mugak ditu, euskalzaletasunak dituen bezala. Denok ez gara euskaltzale, eta zail da euskaldun guztiak –eta ez-euskaldunak– euskaltzale izatera irits daitezkeela sinestea. Hori beti izan da horrela. Joandako garaien mitifikazioan erortzea ez da komeni, eta orduko hartan, 60ko hamarkadako berpizkundean, kontzientziadunak, militanteak, euskaltzaleak gutxiengo ziren. Besterik da euskarak lortu zuela kapital sinbolikoa bereganatzea, besteak beste, euskararen borrokak asmatu zuelako orduko gizarteak bizitzeko behar zituen balio eraldatzaileak euskararen sinonimo egiten: askatasuna, demokrazia, kultura, modernitatea, berdintasuna.
Kapital sinbolikoa non du zertan du euskarak gaur? Uste dut galdera hori ere egin beharra dugula. Euskarak ze kapital dakar bere baitan? Ekonomiko, linguistiko, kultural, sozial eta sinboliko? Zer eskaintzen du? Jendeak, eguneroko bizitzan, eta euren seme-alaben edo ondorengoentzat desio duten gizarte horretan non dago euskara? Euskarak eskaintzen du mundu hobeago baten ikusmira? Nola egingo dugu euskara kapitalez janzteko?
Estutu bat!
(LOREA AGIRRE DORRONSORO kazetaria, antropologoa eta Jakin aldizkariaren zuzendaria da)
Euskara eta kapitalismoa
2015-10-14 / 00:43 / Gilen MejutoKaixo, Patxi. Gaiaren gainean ezer gutxi dakidala, baina arazoak barruan pizten didan grinak bultzatuta, agertu nahi dut beste ikuspegi bat ez dudana aurkitu ez zure artikuluan, ez iruzkinetan (agian gaingiroki eta ez osorik irakurri ditudalako).
Atentzioa eman dit ekarri diguzun Fishmanen aipu honek:
“Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako. Beren bizimodua espainolez zertu da eta beren nortasuna gaztelania da; gaztelaniaren erabilera zehatzean oinarritzen da. Orduan, eliteen aldatzeak erresistentzia ekarriko du, eta erresistentzia hori gatazkaren arrazoia izango da”.
Horren harira, hainbat galdera bururatu zaizkit:
- Existitu al daiteke "elite ekonomiko euskalduna" bezalakorik, ala terminoa oximoron bat da?
- Kontua zein da, beraz, eliteak aldatzea edo eliteak desagerraraztea?
- Benetan uste ote dugu euskara --hau da, 500 mila hiztun oso baino gutxiago duen hizkuntza bat-- izan daitekeela aintzat hartzekoa etekin eta hazkunde etengabearen zibilizazio honetan?
- Topatu ote du azkenean euskarak, kapitalismoaren fase honetan, bere akabuko etsaia?
(GILEN MEJUTO itzultzailea da)
Elefanteak eta bestelako fauna
2015-10-14 / 12:51 / Jasone Mendizabal
Irakurketa luze, zabal eta sakona egin du Patxi Saezek bere artikuluan, eta proposamen zehatza egin digu euskaltzaleoi: zorriei begira gelditu gabe, hel diezaiogun elefanteari! Lan mundua euskaldundu beharra dugula iradoki digu, hezkuntzan inbertitutako ahalegin eta baliabide guztiak alferrik gal ez daitezen eta euskarak garabide indartsuagoa izan dezan.
Ukaezina da Patxi Saezek egiten duen gogoetak baduela egiatik asko eta lan mundua euskalduntzea lortuz gero euskararen garapen bidean jauzi kualitatibo handia emango genukeela. Hortxe dago elefantea eta ez ditut berriro hona ekarriko Patxi Saezek bere lanean ondo aletutako datuak. Euskal enpresa sarearen gorputz osotik, euskara planak dituztenen proportzioa txikiegia da eta lana eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai direnen kopurua, berriz anekdotikoa. Horixe da errealitatea.
Bi hari muturri heldu nahi nieke, ezer berririk gehitzeko baino zenbait ideia azpimarratzeko:
- Lehenik eta behin elefante horri heltzeko ditugun tresnei erreparatu nahi nieke. Zein baldintza ditugu elefanteari heltzeko? Zein indar dugu?
- Bigarrenik, zoologikoan zorri artean beste elefanteren bat, errinozeroren bat edota lehoiren ba egon ote daitekeen aztertu nahiko nuke.
Lehenengo puntuari helduta, argi dago, gure haur eta gazteen lan aukerak nagusiki gazteleraz gauzatzen badira, gazteok euskalduntzen inbertitutako baliabideak zulo beltzean galtzen direla. Oro har, albokoa da euskara lan munduan, are, eremu zabal batetan ikusezina. Lan munduan erdarenak dira boterea eta prestijioa. Hezkuntza munduan belaunaldi berriak euskalduntzeko ahaleginak deskonektatuta daude, gazteek beraien eskolaz kanpoko bizipen hurbilenekoekin, zein etorkizunerako izan ditzaketen bizi proiektuekin. Beraien eredu diren helduak maizegi erdaraz mintzatzen dira eta lanerako ez dute euskararik behar kasu gehienetan.
Azken hamarkadatan era berean, lan mundua euskalduntzeko metodologian eskarmentu polita metatu da, gizartetik bultzatutako ekimenei esker alde batetik eta bestetik instituzioek emandako babesari esker. Lan munduan eragiteko profesional sare zabala dugu eta nondik eragin daitekeen pista garrantzitsuak eman ahal dizkigute hauek guztiek. Baina oso mugatua da eragin eremua. Patxi Saezen lanean haragoko lana proposatzen da eta horretarako baliabide gehiagoren beharra aldarrikatzen du: enpresengan benetako eragina izango duten pizgarriak martxan jartzea.
Esango nuke, enpresa gehienek ez dutela beraien burua behartuta ikusten euskara planak martxan jartzera. Enpresa gutxi batzuek beraien borondatez abiatzen dituzte plan hauek; enpresen borondatea da bide urratzaile, baina haragoko obligaziorik ez da somatzen. Patxi Saezek aipatutako pizgarriak ez ezik, obligazioak ere ezarri litezkeelakoan nago. Eusko Jaurlaritzako industria sailak enpresa sektoreen dinamizaziorako bideratzen dituzten dirutzatan ezartzen al da hizkuntzaren ikuspegitik baldintzarik? Ingurunea zaintzeko baldintzak dauden moduan, gizarte erantzukizunak hizkuntzaren gaia ere hartu beharko luke kontuan. Kalitateari erantzuten dio hizkuntza kudeaketak eta kontsiderazio hau orokortzea garrantzitsua litzateke. Bestalde, instituzioen enpresa hornitzaileei ere baldintzak eskatzea ez legoke sobran. Enpresekiko harremanetan ditugun araudiak berrikusteak eman liezaioke euskalduntze prozesuari bultzada bat. Honetaz guztiaz, sektorean eragiteko lanen dabiltzan profesionalek pista asko eman liezazkigute.
Aukerak baditugu, baina Patxi Saezek ondo jaso dun bezala badugu korapilorik ere: erresistentzia handiak izango lituzke honelako politika ausart bat abian jartzeak. Eliteen aldatzeko dinamika ekarri zaigu gogora Joshua A. Fishman-en aipuarekin. Eta nago erresistentzia hauek momentu honetan oso handiak izan daitezkeela. Hizkuntza politika eraginkorragoa izango badugu, politikarien arteko adostasun zabalago eta indartsuagoak ez ezik, gizarte giro aldekoagoa eta konpromiso maila altuagoa hartzeko prest dagoena ere beharko ditugu. Nago, horrek prozesu sakon bat eskatzen duela neurriak hartzearekin batera. Gizarte eztabaida sakon batetatik abiatu beharko genuke, honelako neurriek bidea egingo badute. Badugu hau guztia aurrera eramateko estrategiarik?
Bigarren puntuari helduta, gogora ekarriko dut gure haur eta gazteek lo zein eskolan igarotzen dituzten zortzina ordu horiez gain, eremu librean beste hainbeste ordu igarotzen dituztela. Euskaraz funtzionatuko duen lan munduaren etorkizuneko perspektiba, izan liteke gure gazteentzat gai motibagarri bat, zalantzarik gabe. Gazteengan euskara menperatu beharra ekarriko lukeen trakzio eremu funtsezkoa izango litzateke lan munduarena, bai horixe. Aurrez aipatu dut etorkizun hori lortzeko prozesu sakon baten beharra irudikatzen dudala eta beraz, goizetik gauera nekez ikusiko dugula eskenatoki hori. Esan beharra daukat, nahiago nukeela honetan okertuko banintz.
Nago lan mundua euskalduntzeko beharko dugun estrategien bateria prestatu beharko dugula eta prozesu honek bere denbora eramango duela. Baina bitartean eta paraleloan, gure haur eta gazteen etorkizuneko perspektiban ez ezik, beraien orainean ere kokatu beharrean gaudela uste dut. "Orain eta hemen" da haurtzaro eta gaztaroko bizipenen helduleku nagusia eta "orain" horri edukia ematen dion momentuko bizipenak eraikitzen du pertsonon nortasun eta ohitura multzoa hein handi batetan. Esango nuke hemen badagoela elefantearen beste bikotea edo lehoia, edo fauna esanguratsu honetan arreta berezia eskatzen duen animalia: Eskolaz kanpoko eremu libre gertukoenean eragin beharra. Arrue proiektuaren ondorioetako bat honakoa da: 8-12 urte bitartean aldatzen direla haurren hizkuntza ohiturak. Interesgarria litzateke aztertzea eskolaz kanpoko jardueren artean zenbat diren euskaraz eskaintzen direnak. Zenbat musika eskola, kirol jarduera, aisialdiko eskaintza, kultur emanaldi, bideo joko,... eta abar diren haur eta gazteek euskaraz jasotzen dituztenak eta zenbat ditugun euskalduntzeko. Eremu honetan ere hizkuntza politikan aurrera pausu handiak eman genitzakeela uste dut eta ziurrenik erresistentziak txikiagoak izango genituzke. Hel diezaiogun bada!
Bukatzeko eskerrak eman nai dizkiot hemendik Patxi Saezi egindako proposamen ausartagatik, etorkizunerako helburu berri partekatuak behar ditugu, lehentasunak adostu eta horietan indarrak batu. Ekarpen ederra izan da Patxi Saezek oparitu diguna. Eztabaidarako oinarri polita eskaini digu, bai bere artikuluan jasotako edukiekin eta baita horrenbeste lagun gogoetan dantzan jartzearekin. Mila esker eta segi fin!
(JASONE MENDIZABAL ALTUNA Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendaria da)
Garia eta garagarra
2015-10-15 / 17:18 / Juan Inazio Hartsuaga
Eman dezagun gari soro bat lortu nahi dugula. Lurra prestatu ondoren hazia eskuratzen dugu eta hortxe hasten da kalapita: Batzuk hura garia dela, eta beste batzuk berriz, ezetz, hura garagarra dela. Ez eta bai, ezin ados jarri, azkenean hazi hura ereitea erabakitzen dugu eta zain geratzen gara lurrak zer emango duen, eztabaida zaharra behingoz epaitzeko. Udaberriarekin, laboreak garagarra ematen duela ikusten da eta uzta biltzeko garaian ez dago zalantza izpirik, ez eta eztabaidarako zirrikiturik: garagarra da.
Garia zelakoan erein zutenek bi aukera dituzte orduan: oker zebiltzela eta erein zutena garagar hazia zela aitortu, ala, haiek gari hazia erein zutela tematu eta errua aldaketa klimatikoari, erradioaktibitateari edo ozono geruzaren mehetzeari egotzi. Parregarri, ezta?
Patxi Saez-ek berriki, erabili.eus orrian euskararen etorkizunari buruz argitaratutako artikulu bikainean, garia eta garagarraren kontua gogora arazi didan zerbait sumatu dut, bai bere planteamenduan, bai eta bertan jaso dituen ekarpen gehienetan ere. Euskararen alde egundaino burututako ahaleginen balantzea egiterakoan, honelako mezua jaso dut nahiz garbi, nahiz lauso: Asko aurreratu dugu hainbat arlotan (irakaskuntzan) eta orain arazo berriak sortu dira eta horientzat errezeta berriak asmatu behar ditugu, arlo berrietan aplikatzeko (lan mundua, eliteak, e.a.). Ez dut topatu, ez aski esplizituki adierazita behinik behin, arazo “berri” horiek, aurrerapen handiak bezalaxe, orain arte egindako ahaleginen frutua direla. Alegia, garagarra eman badigu lurrak, garagar hazia erein genuelako izan dela.Alegia, gaurko ajeak ez direla zerutik etorri, garatutako politiken eta hartutako erabakien ondorio direla, lorpenak ere halaxe diren neurri berean. Gari uztarik ez badugu bildu, garagar hazia erein genuelako izan dela, alegia. Ez ozonoaren geruza edo aldaketa klimatikoagatik.
Auzia ez da broma. Eta helburua ez da zor zaharrak kobratu eta erruak banatzen hastea. Kontua da sorojabeak oraindik ez dituela agian labore haziak ongi bereizten eta hurrengoan zekalea edo oloa biltzeko arrisku larria dagoela, garian zain gaudelarik. Okerrean tematzea, aldez aurretik uste daitekeena baino askoz ere sarriago gertatu ohi da eta autokritika hotsik hain gutxi entzutea ez da iragargarri lasaigarria.
Gaizki zer egin den (nire iritziz, noski) ez dut orain eta hemen aipatuko, alferrekoa delako entzuteko prest ez dagoenari ezer esatea. Hasierako gogoeta aldarrikatuko dut besterik gabe: Gaurko ajeak, hartutako erabakien ondorio dira, gaurko lorpenak diren bezalaxe. Ez dezagun bakarrik pentsatu zer utzi dugun egin gabe. Pentsa dezagun baita ere zer egin dugun gaizki. Jarrera horretan egonez gero, askoz emaitza hobeak lortuko ditugu eta.
(JUAN INAZIO HARTSUAGA URANGA antropologoa da)
Urrats garrantzitsuak emateko gogoa badago
2015-10-22 / 13:57 / Arkaitz Zarraga
Ederra egin du Patxi Saezek artikulu bakar batekin!! Fauna osoa bildu du bere inguruan eta gainera ia denak ados daudela esateko. Artikuluaren beraren dohainak ugariak dira: ekarpengile guztiek onartua da argia, indartsua eta zuzena dela. Ahalegina egiten duela lehentasunak markatzeko, edo behintzat lehentasunak markatu beharra mahai gainean jartzen duela…. Adostasun handia lortu da ardatz nagusien inguruan aspaldiko partez. Seguruenik sakontzen hasiko bagina, desadostasun ugari ere agertuko lirateke, baina hainbat konturen inguruan ados gaudela ikusi ahal izan dugu eta hori, berez, gauza handia da!
Argi geratu da, besteak beste, urrats garrantzitsuak emateko gogoa badagoela. 50 ekarpenetatik gehienek azpimarratu dute salto bat emateko unea dela. Lortuko bagenu inertzia egokiak sortzea, diskurtso sendo eta erakargarriak eratzea eta zabaltzea, gidari aproposak topatzea, arlo guztietako euskaltzaleak ildo honetan lerratzea eta euren ekarpenak egitea… Nik neuk ere nire ekarpena egin nahi dut plaza honetan.
Eztabaida gaietako bat izan da lana arlorik garrantzitsuena den ala ez. Batzuek garrantzi handiagoa ematen diete hurbileko funtzioak betetzen dituzten esparruei, baina gehienek pisu handia onartzen diote lan-munduari, eta gehienek onartzen dute euskararen normalizazioa multifaktoriala dela. Hizkuntza nagusiak ez dira arlo hurbilenetatik desagertzen hasten, “goi mailakoetatik” baino. Izan ere, arlo horiek besteengan eragin handiagoa dute alderantziz baino. Berreskurapenean ere, beraz, berebiziko garrantzia eman beharko litzaieke. Dena dela, arlo horiei indartsuago eragiteak ez du esan nahi beste arloak aparkatu behar direnik. Patxik esan bezala, “bada garaia orain arteko esku-hartzeei eutsiz, heldu aroko jardun esparrurik nagusienean ere, lan-munduan hain zuzen ere, eraginkortasunez jarduteko”. Mikel Zalbideri emandako erantzunean ederto azaltzen du Patxik lan-munduak bestelako esparruetan duen eragina. Izan ere, kirol monitoreak langileak dira, dendariak langileak dira, aisialdiko arduradunak langileak dira, administrazioetakoak, komunikabideetakoak... Zonalde euskaldunetako langileak gehienetan lanean dira erdaldun inon badira, eta erdara hori herrira eramaten dute.
Nik esango nuke arlorik garrantzitsuenetakoak direla hezkuntza, lan-mundua eta komunikabideak, duten izaera irradiatzaileagatik eta egunean eskaintzen dizkiegun ordu kopuruagatik besterik ez bada. Gainera, duten egituraketagatik, plangintzak eratzeko aukera handiak dituzten arloak dira.
Baina, arloak bezala, lurraldeak ere eztabaidagai izan dira. Batzuek zonalde euskaldunak bereziki zaindu beharra lehenesten dute; arnasguneak babestu beharra. Beste batzuk “euskara salbatuko bada Bilbon salbatuko da” esalditik hurbilago sentitzen dira. Arloekin gertatu bezala, batak ez du bestea kentzen. Baina nik hutsune handia ikusten dut zonalde “ez-euskaldunetan” eta, zalantzarik gabe, horietan asko dugu irabazteko. Eta hor irabazitakoak eragin zuzena izango du nagusiki euskaraz bizi diren herrietan.
Gazteak eta zaharrak ere aztergai izan dira ekarpen-idazlan batzuetan. Nik argi ikusten dut gazteei begira politika berezia sortu behar dela, euren interesak kontuan hartuta, hizkerak errespetatuta, liderrak sustatuta... baina ez da egia lan-mundutik deskonektatuta bizi direnik. Argi eta garbi gazteei zuzenki eragiten die lan-munduak.
Hizkeraren kalitateari lotutako kontuak ere hausnarketa-gai dira. Zenbait zonaldetako euskaldunen gaitasun komunikatiborik ezak, euskaldunberri/euskaldunzahar binomioa… Euskara mehea ote den, aberastasuna galtzen ari ote den kezka agerikoa da. Hala ere, “zuzentasunari” eta “jatortasunari” erreparatu beharrean “egokitasunaren” aldeko joerak nagusitzen ari dira azken aldian. Gainera, gaitasun komunikatiboa deskribatzeko egiten ari diren ikerketak ere lagungarri ditugu afera horri subjektibotasunetik barik zientifikotasun apur batez begiratzeko. Gai horri zuzenean loturik dago, nire ustez, Patxik Euskaltzaindiari egindako deia. Euskaltzaindiaren lehen aldia corpusari begira egon da, eta lan hori beharrezkoa zen. Baina Patxik proposatzen duen bigarren aldi horretan estatusari eta erabilerari begira egongo da Euskaltzaindia. Horrek bidea emango digu corpusaren lanketan egindako bideaz hausnartzeko. Zuzentasunak eta arauek protagonismo handiegia izan badute, corsea apur bat askatzeko aukera ere izango dugu. Hiztun tipologia berrien ahotan eta testuinguru berrietan, hizkuntza-aldaera berriak sortuko dira, hizkera berriak, testuinguru bakoitzerako egokiak, nahiz eta batzuetan guztiz zuzenak izan ez.
Beste Bai Euskarari antzeko bat behar dugu zalantzarik gabe, inflexio puntu berria. Eta, Erabiliko idazki hauei begiratuta, esan daiteke badirela gogoa eta gaitasuna horretarako. Egia esan, faltan ikusten dudana ilusioa da. Bai, arraroa da baina hori esango nuke, alegia, gogoa bai, baina ilusioa eta ausardia falta direla.
Seguruenik aurreko porrotek eragin dute ausardia falta hau. Baina, zergatik irten zen txarto 98ko saiakera? Labur-labur esango nuke ilusioa bai baina behar besteko gaitasuna eta gogoa faltatu izan zirela. Ilusoen ilusioa izan zen. Euskaltegiak, adibidez, futbol zelaietako jaira eta bai, baina benetako plangintzen egituraketara ez ziren bildu. Ikastolak eta ikastetxeak ere berdintsu. Esango nuke, diagnostiko bat egitetik haratago, sektore eta zonalde gutxik erantzun ziotela behar bezala jarritako demari. Plangintza eraginkorrak egiten ez dugu asmatu oro har.
Pruden Gartziak esaten du norbanakoak euskalduntzean egon dela akats nagusia, zerbitzuak euskalduntzera jo behar genuela. Gainera, sektore publikoan izandako porrota pribatuan errepikatzeko arriskuaz ohartarazi du. Baina, zergatik izan da ba porrot hori? Ba euskalduntzeko erabilitako metodologiek ez dutelako emaitza onik eman. Hizkuntza eskakizunen inguruan ardaztutako prozesuak izan dira eta horrek, zalantzarik gabe, ez du funtzionatzen. Euskaltegien jardunbidea erabat baldintzatu dute eta, ondorioz, euskaltegiak tortura-gelak bilakatu dira jende askorentzat. Euskaltegira joatea ez da batere erakargarria. Eta , jakina, emaitzak ez dira onak izan. Eskola mundua euskaldundu dela esaten da, baina nola? Zer irakatsi diegu IRALEtik euskaltegietara etorri diren irakasleei? Ba nagusiki iritzi artikuluak eta alkateei gutunak idazten. Gero ahozko gaitasun komunikatiborik ez dutela kexatu gara!!
Gaur egun klaseetara joaten diren %80tik gora euskara lanerako beharko dutelako bertaratzen dira. Baina euskaldun horiek euren testuingurua kontuan hartu gabe “euskaratzen” dira. Titulu baten bila joaten dira eta horretara begirako ikas-prozesua bilatzen dute. Baina, “Perfilek”, nola eragin diote irakaskuntzari? nolako euskaldunak sortu ditugu, nolako motibazioa dute? Sarritan azterketak eta euskaltegi aspergarriak dira hizkuntzaren irudia (euskara=perfila). Hori da, batez ere, zonalde erdaldunetako jendeari eman dioguna.
Beraz, kontua da testuinguruak euskalduntzea, norbanakoak horren baitan hartuta. Testuinguruak lurraldeak zein arloak izan daitezke. Baina euskaltegiak ez dira horretara jarri. Ikasgeletan ikasleen zain jarraitzen dute nagusiki. Bada garaia txip hori aldatu eta testuinguruetan presentzia handitzeko. Aipatu izan da zenbait enpresatan eta administraziotan teknikari ibili direnek ezagutza ere metatu dutela plangintzen garapenetan. Baina, askoz plangintza gehiagori erantzuteko nahikoa langile badago Elhuyar, Emun, Artez eta antzekoetan? Euskaltegietan bai, ordea. Irakasle ejerzito bat badugu eraginkorki aritzeko prestatu eta doitu beharko litzatekeena. Hori bai, lan handia dago doikuntza horretan.
Euskaltegien egitekoak enpresetan, komunikabideetan, aisialdian zein lurraldekako politiketan eragitera bideratu beharko lirateke. Aspaldi ari gara batzuk hori aldarrikatzen, bai eta perfilen lokarritik askatzea ere. Uda honetan ere horretaz aritu gara Baionan, UEUk antolatutako udako ikastaroen baitan.
Baina, jakina, horrek eraldaketa sakona eskatuko luke euskaltegien antolaketa moduetan, prestakuntzan eta ebaluazio sistemetan. Argitaratu berri den HEOC (Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma) ondo interpretatzen badugu, ezin tresna hobea dugu horretarako. Bertako ikuspegi didaktikoa testuinguruak interpretatzera begira jartzen gaitu eta ikasleak testuinguru horien erdigunean jartzera, helburu jakinei erantzuteko euskalduntzera.
Baina gainera, euskaltegietako irakasleek eragin zuzena izango genuke hizkuntza paisaian, dokumentuak euskaratzen eta egokitzen, hizkuntza bera lantzen… Eta garrantzitsuena dena, gure presentziak euskararen erabileran eragin zuzena izaten du. Beraz, pentsa beharko genuke irakasle izatetik eragile izatera pasatu beharko ginatekeela. Eskolak eman bai, baina bestelako lanak ere bai.
Horrela jarduteak, gainera, beste alde positibo bat ere badu. Ikasleak plangintzaren baitan trebatzeak abantaila ugari izaten du. Euskalduntzen ari diren horiek eraldaketaren protagonistak sentituz gero, motibazio egokia izaten dute, modu signifikatiboan ikasten dute eta gaitasun handiagoa garatu. Euskararen aldeko diskurtsoek ere sarbidea izaten dute esparru horietan guztietan eta erresistentziak neutralizatzeko aukera izaten da. Gerora, gure ikasleak herri euskaldun batera joaten direnean erosoago sentitzen dira eta, batez ere, ez dira euskaraz bizitzeko oztopo izaten.
(ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI Basauriko euskaltegiko irakaslea, trebatzaile lanetan)
Godzilla
2015-10-27 / 10:10 / Karlos Gorrindo Etxeandia
Ez dakit non bizi naizen, Indian edo Afrikan, Panyapen edo Nakurun. Euskal Herrian, behintzat, ez. Etxe arrunt eta lehen munduko batean bizi beharrean ere, Nakuruko egurrezko etxola batean bizi naizela dirudi.
Etxetik bertatik ere elefanteak ikusten baititut. Txiki-txikiak, kasu honetan, baina patariak, azken finean. Kalera atera eta, dedio! Hau da sabana luze-zabala hau! Aurrera-atzera eta alboetara begiratu eta den dena elefantea. Tamaina guztietakoak daude, egon ere. Baina handiak dira nagusi, eta elefante barik, mamut dirudite. Ez dago bat eta bakarra, ezta inondik ere! Asko dira gure herrian aurrera-atzera dabiltzanak eroso, ezelako gupida eta lotsaizunik gabe. Solte-solte dabiltzanak gune nagusi hauetan dihardute barrabaskeriak egiten (esaten). Badakit Gernika-Lumo Gernika-Lumo dela, baina ez nenbilke oker hemen ematen diren datuak estrapolatuko banitu Euskal Herri guztira, entzunak entzun eta zenbakiak zenbaki. Datu estatistiko argigarri bat baino ez. Klusterrak 2011n egindako azken azterlan soziolinguistikoaren arabera, Gernika-Lumon % 48,9k darabil euskara. Eustaten (2006) datuen arabera, %67,87 ginen euskaradun-euskaradun garai hartan.
Datu aseptiko hutsak baino ez dira. Eta uste dut errealitatea ezkutatzen dutela. Degenerazio profesionala izango da, pertsekuzio mania, neurosi obsesiboa edota tripalak, baina nik entzuten dudana kalean ez dator bat estatistikekin.
Baina gatozen harira eta has gaitzen eremuak zehazten.
- Irakaskuntza: aurrerakada nabarmena eman da urteetan zehar zalantzarik gabe, baina gaur da eguna ikastetxeetako lau hormetatik kanpo liberatuta ikusten dutela beren burua ikasleek euskara erabili behar izatearen zama neketsutik, eta gaztelaniaren sendabidea hartzen dute, mundu guztiak darabilen hizkuntza berba egiten ere badakitelako. Eta ahoko mihia hitz arrotzek trabatu barik, eroso-eroso entzuten zaie gaztelania mordoiloan. Eta zoritxarrez, gaztelaniaz hasten diren adina gero eta txikiagoa da. Garai batean 14 urterekin hasten ziren. Eta gaur da eguna 5-6 urterekin duten zaletasuna beldurtzeko modukoa dela (ikastolako datuak dira).
- Lan mundua: egia erdi berdaderoa da dioenean Patxik irakaskuntzan bildutako indarrak indargetzen direla lan mundu erdaldunera jauzi egitean. Baina ez dakit bada, Patxi, erdararako hautua lan munduan murgildu orduko ematen ez ote den. Ikastetxea utzi eta kale zabal askea zapaltzen dutenetik ez ote den gainbehera hasten.
- Aisia eta kirola: bai, badakit, gure umeak eta nagusiak enpresa pribatu baterako lehen urratsa eman eta enpresa horretako arduradunek sentsibilitate txikiena ere ez dutenean euskararekiko, joera normala dela gure haurrak eta nagusiak erdararen amaraun sarean erortzea, hain dira eragingarri eta moldagarri. Jakin badakite euskararik, baina nekez erabili. Udal kiroldegian eta klub pribatu kontzertatuan jasotako datu pertsonalak baino ez dira. Kezkagarriak benetan.
- Kalea: hauxe da nire ustez plantigradorik handien eta izugarriena, haiek ikusi eta begiratu soilak praketan kaka eginarazten dizutenak. Kalea librea da, loturarik gabekoa, norbanakoaren kontzientziaren eta aukera askearen gunea, inposaketarik onartzen ez duena, eta eroso eta airoso sentiarazten zaituena. Eta norberaren askatasunaren aurrean, libre albedrioaren aurrean, norberaren autonomia eta soberania dago. Eta kasu honetan pizgarriak eta lege babesa baino zerbait gehiago behar delakoan nago erabilera normalizatua zabal dadin zoko-moko guztietara.
Baina argi daukat gauza bat eta honetan bat nator Patxirekin: Euskaltzaindia eta Eusko Jaurlaritza beharrezko dira auzi honetan euskarari birikietan geratzen zaion haize poxia indartuko badiogu. Eta bat nator Mikel Irizarrekin ere: Estatu (gabeko) arazotzat hartu behar da euskararen auzia; bestela, Irlanda bis bilakatzeko arriskua du Euskal Herriak denbora gutxi barru.
(KARLOS GORRINDO ETXEANDIA Gernika-Lumoko euskara teknikaria da)
Nor gara, egiten duguna izateko?
2015-10-30 / 15:04 / Manex Agirre
Patxi Saezek, Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak, ariketa interesgarria egin du sarean. Artikulu bat idatzi, euskalgintzan erreferentzia diren hainbat laguni bidali, eta joan-etorriko mezu sorta osoa jarri du erabili.eus atarian, brausta. Lan munduari adarretatik heltzea proposatzen du, funtsean. Baina beste hainbat gauza ere: tartean, euskalgintzak bizi omen duen bidegurutze-egoeraren errudun nagusienetako bat, hau da, egitura-lidergoaren eta erreferentzialtasunaren gaia.
Patxik Euskaltzaindiari jaurtitzen dio hordagoa, zuzen: zuena da, bai euskaltzaleen eta bai euskaltzale ez direnen artean, historikoki prestigio eta autoritate handiena duen erakundea, beraz, orain arte euskararen corpusa planifikatzen egindako lanarekin batera, hartu estatusa planifikatzeko lana ere. Eskaera zuzena da, ausarta. Inguruka ibiltzen eta teorizatzen espezialista gara herri honetan: eskertzen da publikoki era horretako adierazpenak egitea, “boutade”tzat hartzeko beldurrik gabe.
Egiten duguna garela onartzen goaz, apurka. Baina nor gara, egiten duguna izateko? Ondo artikulatuta eta egituratuta al gaude? Asmo komunak baditugula dirudi, baina ba al dago asmo horiek gauzatzeko organo komunik? Badugu “nukleo gogor” bat?
Hara non, euskararen arloko hamar lagunek idatzitako Berrikasi eta berrikusi agiria zabaldu den, Patxi Saezen artikuluaren garaitsuan. Eta, hara non, “euskaltzaindiaren pareko” egitura baten beharra aldarrikatu den bertan ere, corpusean egindakoa estatusean ere egiteko eskatuz. Zerbait badabil, beraz.
Interesatzen zait gaia, batez ere, azken hamarkadetan euskararen estatusaren planifikazioan erreferentzia izan ditugun egiturek gaur egun duten papera kuestionatzen duelako. Bi aipatuko ditut, gehiago ere badauden arren. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza dago, batetik, hau da: euskararen normalizazioaren ardura duen erakunde publiko gorena. Euskararen kontseilua dago bestetik, gutxi-asko, euskararen aldeko herri-mugimenduaren bozgorailu nazional nagusia. Biek ala biek, zoritxarrez, dituzten xedeak lortzeko muga handiegiak dituzte gaur egun; lehenengoak, “sailburuordetza” izaeraren zentzu literala guztiz bereganatuta duelako; bigarrenak, sortze-momentuan zuen hauspoa galdu duelako.
Nor izan behar dugu, beraz, egiten duguna izateko? Nik argi dut. Herri-mugimendutik sortutako egitura erreferentzial indartsu bat behar dugu, independentea eta ahalik eta kontsentsurik zabalenean oinarritua, eta eskumen juridiko eta publikoak izango dituena. Hau da, Euskaltzaindiaren pareko zerbait, bai. Baina, mesedez: Euskaltzaindiaren antza izatekotan, izan dezala soilik autoritate-izaeran, eta ez lan-metodologian eta dinamismoan.
(MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA Euskara teknikaria da Zuiako Kuadrillan eta Arabako 2015eko Bertso Txapelketako bertsolari txapelduna)
- Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-10-30ean.
Zergatik asmatu behar dugu asmatuta dagoena?
2015-10-31 / 00:58 / Patxi Saez Beloki
Manex:
Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu: herri ekimena, orain baino lehen, Euskaltzaindiaren babesean ibilita dago, besteak beste, ikastolen sorrera hartan eta euskaltegien aurrekari izan ziren gaueskola haietan ere. Zergatik ez orain?
Gaur gaurkoz, nire uste apalez, Euskaltzaindiak euskal gizartean duen itzalak ez du parekorik. Zergatik asmatu behar dugu asmatuta dagoena? Hobetu dezagun Euskaltzaindia eta egokitu dezagun behar berrietarako.
Gainera, Euskaltzaindiak mendeurrena bete behar duen honetan, beste mugarri bat jar daiteke euskararentzat, Estatusaren Biltzarrarekin.
- Estreinakoz, Twitter harreman sarean argitaratua, 2015-11-31n.
Beharra da agerikoa
2015-10-31 / 08:50 / Manex AgirrePatxi:
Oro har, ados. Egia esan, berdin dit zeinen barruan/zeinekin. Beharra da agerikoa.
- Estreinakoz, Twitter harreman sarean argitaratua, 2015-10-31n.
Patxi Saezen "Elefantea ikusi" artikulua dela eta
2015-11-04 / 12:00 / Kike Amonarriz
Martxo amaieran heldu zitzaidan Patxi Saez euskaltzale fin eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariaren emaila eskaera honekin: "euskararen gizarteratzearekin lotutako artikulu bat idatzi dut eta zure iritzi-iruzkina nahi nuke".
“Elefantea ikusi” du izenburutzat urriaren 13an erabili.eus-en argitaratu duen artikuluak: Euskararen aurrerabidea ziklo berri baten beharrean ikusten du Saezek. Horren gainean egindako hausnarketa eta proposamenak zabaldu ditu, bat nabarmenduz: euskararen elefantea, batez ere, lan-munduan dagoela eta hor eragin behar dela. Eta Euskaltzaindiari eskatu dio euskarak behar duen aro berri horren "gidaritza eta buruzagitza" hartzeko.
Patxik gainera, aitorpen pertsonal bat egin digu: bizitzaren bidegurutze batean dago gaixotasun bat dela medio eta bere burua plazara atera beharrean ikusi du. Jaso duen erantzuna ez da nolanahikoa izan: alor desberdinetako 50 bat euskaltzale izan gara Patxiren artikulu mamitsua iruzkindu dugunak, hizkuntza politikaren inguruko hausnarketa poliedriko eta aberatsa eraginez. Egin zaizkion oharrak gainera, komentatu eta erantzun egin ditu Saezek, halako hausnarketa jarraitua sortuz. Ez daukak animo makala Patxi!
Iruzkinean aipatu dudan bezala, ongi definitu du unea Patxi adiskideak: “Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra”. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan etapa aldaketa baten erdian gaudela esango nuke, eta horren adierazpiderik nagusiena, Saezek dioen bezala, “lehendabiziko hiztun osoen belaunaldia” da. Belaunaldi gazte honek, aurreko belaunaldi euskaldunen aldean oso ezaugarri bereziak ditu: gehienek D ereduan ikasi dute, jatorriz erdaldunak dira, euskaraz alfabetatuak, batuarekin eta euskal telebistarekin jaio dira, askok ez dute euskalkirik, euskararen erabilera ofiziala ezagutu dute (hala den eremuetan), sare sozialak eta Internet euskaraz erabiltzeko aukera izan dute… baina denok dakigun bezala, askorentzat euskara ikasgela barruko edo erabilera sinboliko-ofizialetako hizkuntza da.
Hiztun osoen belaunaldi hau bestalde, lan munduan sartzen eta guraso izaten hasi da. Eta beraien hizkuntza portaerek eta praktikek erabakiko dute hein handi batean euskararen garapena eta norabidea: estatu-hizkuntza normalizatuen egoerara hurbilduko gara edo Irlandako gaelikoaren ghetizazio bidea hartuko dugu? Egiten duten hautu praktikoaren araberako norabidea utziko diote oinordetzan oraindik jaio ez den belaunaldiari.
Izan ere, hizkuntza egoera guztiak dinamikoak dira. Horregatik da kezkagarria hainbat esparrutan euskararen bilakaerak ageri duen “impasse” moduko egoera: kale neuketetan edo etxeko erabileran hobekuntza nabarmenik ez, euskarazko hedabideen kontsumo datuak, hainbat ikastetxe eta unibertsitateren ezintasuna erabilera sustatzeko, herrietan dinamika indartsu berri gutxi, etab. Jon Sarasuak “Hiztunpolisa” liburuan dioen bezala, euskararen “botilak zuloak ditu, betetze-erritmo jakin batetik behera ibiliz gero gehiago hustera egiten dutenak”. Alarmarik ez, baina kasu, beraz!
Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zait hurrengo 25-30 urteetara begira, euskararen normalizazio prozesuari bulkada estrategiko berri bat ematea eta urte hauetan guztietan administrazioan eta euskalgintzan sortu diren inertziak astintzea. Euskarak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak behar ditu: ezagupenetik erabilerara, periferiatik erdigunera, irakaskuntzatik lan mundura, gelatik kalera, ohikotik berrira, 2. hizkuntzatik 1. hizkuntzara, gune euskaltzaletatik gizarte osora. Zentralitatea eta lehentasuna behar ditu, bai agenda politikoetan eta baita eragile desberdinen egitasmoetan.
Horretarako klabe nagusi batzuk aipatzen ditu Patxik: ”botere-egituren erabakiak, agintari politikoen arteko adostasuna, eliteen aldaketa...” Eta lan-munduan jartzen du arreta nagusia “horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Saezek artikuluan aipatu dituen puntu gehienekin ados banator ere, ñabardura garrantzitsua egin behar dut baieztapen honen inguruan: Problema nagusia baino, problema nagusietako bat dela esango nuke. Irakaskuntzarekin batera, hiru eremu estrategiko ikusten baititut: erabilera ez formalari dagokion eremu zabala (etxea, eskolorduz kanpoko jarduerak, aisia…), kulturgintza eta hedabideak (sorkuntza, eskaintza, kontsumoa, sare-sozialak…) eta Patxik dioen bezala lan-mundua. Artikuluak eragin duen eztabaidan, hauxe izan da, hain zuzen ere, eztabaidatu den puntu nagusienetako bat.
Eta hortik aurrerakoak jakin nahi badituzue, Patxi Saezen “Elefantea ikusi” artikulua irakurri eta animatuz gero, iruzkinak egin. erabili.eus web gunean. Mila esker, Patxi. Besarkada bero bat eta eutsi goiari!
(KIKE AMONARRIZ GORRIA soziolinguista eta komunikatzailea da)
- Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-11-04an.
Egungo gazteak, euskal hiztun osoak?
2015-11-11 / 10:34 / JJ Agirre
Kaixo, Kike:
Patxiren ekimenak eta Erabilik berak patxadazko eztabaidarako aukera paregabea eskaintzen digute, eta probestuko dut.
"Lehendabiziko hiztun osoen belaunaldia da. Belaunaldi gazte honek,... gehienek D ereduan ikasi dute, jatorriz erdaldunak dira, euskaraz alfabetatuak, batuarekin eta euskal telebistarekin jaio dira, askok ez dute euskalkirik, euskararen erabilera ofiziala ezagutu dute (hala den eremuetan), sare sozialak eta Internet euskaraz erabiltzeko aukera izan dute… baina denok dakigun bezala, askorentzat euskara ikasgela barruko edo erabilera sinboliko-ofizialetako hizkuntza da" diozu.
Bada, nire ustez, egungo gazteena (euskal) hiztun osoen belaunaldia dela esatea, asko esatea da. Erdal hiztun osoak badira, hori bai, baina euskal hiztun osoak? Beharbada herri/eskualde oraindik nagusiki euskaldunetan bai, baina geien-gehienetan, hots, herri/eskualde erdaldunduetan, gazteak ere ez dira euskal hiztun osoak, salbuespenak salbu.
Gertuko adibide bat jarriko dizut: nire seme-alabena, Altsasun, eremu ustez baskofonoan txertatutako herri zeharo erdaldundu batean. Gure txikiak erdara ondo menderatu gabe (etxean euskaraz bizi gara ahal den neurrian) bidali genituen ikastolara (D eredu publikoarekin alderatuta, Altsasun, eskola giroa dezente euskaldunagoa delako). Lehen ikasturtea amaituta, hobeto zekiten erdaraz euskaraz baino (nire desesperaziorako, jejejej). Altsasuko ikastolan (eta beste askotan ere bai) haurrek erdaraz egiten dute euren artean gelaz kanpo... eta gela barruan ere bai. Ez naiz luzatuko honetan, baina neurtuta ere badago (zabalduta ez, ordea). Areago, alabaren gela ikastolako "euskaldunenetakoa" omen (irakasleek dixit), baina ia-ia guztiek ("ia-ia" ez dakit zergatik jarri dudan...) hobeto menderatzen dute erdara euskara baino, eta gutxi batzuk baizik ez dira euskarari eusten saiatzen direnak. Hiztun osoak izatekotan, erdaraz askoz osoagoak dira euskaraz baino. Eta erdaraz bizi dira oso nagusiki, ez gurasoek (oro har), ez herriko kultur eta aisialdi eskaintzak, ez hedabideek,ez gizarte arauak,... ez dietelako euskarazko helduleku nahikorik eskaintzen.
Semearen gela, alabarena baino askoz erdaldunagoa da (gurasoen ezaugarriak tarteko), beraz, ez naiz luzatuko berearekin. Erdaldun osoa eta konpletoa da, etxekoekin ez bada. Bere gelakide ia-ia guztien antzera (gehien-gehienen kasuan, etxean ere erdara besterik ez dute).
Eta nire seme-alaben eredua da ohikoena, alde handiz, Euskal (ohi) Herrian.
Beste ezaugarri batzuk ere badituzte, belaunaldihautarrok:
- Guraso gehienetatik ez dute jaso euskaraz bizitzearen garrantziaz, ez txaparik, ez eredurik ere.
- Euskara derrigortasunarekin eta ikastetxearekin lotzen dute ezinbestean. Gozamenerako eta mundura zabaltzeko erdarak dauzkate.
Diskurtso politikoki "zuzenak" heda eta heda ari da, erdarak eta euskara, guztiak direla "gure" hizkuntzak. Hala izanik, zertarako nahi dugu hizkuntza txikitu, zatitu, eremu motzekoa eta erdarak baino nekezago menderatzen duguna?
Kezka horiek denak sortzen zaizkit ba....
Besarkada bat!
(JONJO AGIRRE MARTINEZ Hizkuntza normalizaziorako teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)
Euskaldun osoen belaunaldia
2015-11-12 / 00:19 / Kike Amonarriz
Kaixo Jonjo:
Erabilitako terminologia egokia den ala ez alde batera utzita, uste dut, oinarrizko kezkak eta irakurketak partekatzen ditugula. Euskararen ezagupena orokortu egin da, nahiz eta jakin badakigun, gehienek erdaraz euskaraz baino hobeto egiten dutela, eta artikuluan aipatzen genuen bezala eta zuk berresten duzun bezala gutxi direla euskaraz egiten dutenak eskolatik kanpo.
Horregatik aipatzen dugu fase aldaketarena; hobeto edo okerrago, euskaraz dakien belaunaldi horren hizkuntza praktikak markatuko duelako euskararen etorkizuneko dinamikaren norabidea, eta etorkizun hori gaur eta hemen jokatzen delako.
Horregatik da ezinbestekoa euskararen gaiak erabateko zentraltasuna eta lehentasuna hartzea, gure diskurtsoak eta praktikak egoera eta aukera berrietara egokitzea eta atxikimendu soziala indartzea.
Hau dena motzean eta azkar erantzunda!
besarkada bat
(KIKE AMONARRIZ GORRIA soziolinguista eta komunikatzailea da)
Denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko neurriak erabaki eta aplikatzeko
2015-11-09 / 12:00 / Rober Gutiérrez
Lan munduaren euskalduntzea bizkortzeko hainbat ekimen eta hausnarketa aurkezten eta bideratzen ari dira azken asteotan. Lan munduaren espazioetan eragitearen beharra azpimarratzen ari da… Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere 47. artikuluan dioen bezala, hizkuntza komunitate orok eskubidea baitauka bere hizkuntzaren erabilera xedatzeko bere lurraldearen barruko jarduera sozioekonomiko guztietan.
Euskaraz lan egiteko, euskaraz saldu eta erosteko eta, azken batean, euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko, pertsonak ez ezik, lan munduaren espazioak ere euskalduntzea (kasu honetan enpresak, komertzioak, etab.) ezinbestekoa da. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure eguneroko bizimoduan eta gure hizkuntza-jardueran.
Gutako asko euskaraz ere formatu gara. Belaunaldi berriak euskaraz formatzen ari gara, baina lana erdaraz egin behar bada kasu gehienetan, zein funtzio bete behar du euskarak? Lanerako euskaraz (ere) trebatu eta gero, lan munduan euskarak lekurik ez badu, zertan ari gara?
Eragin beharra dago. Alor sozioekonomikoan, gure herri eta hirietako bizitza sozialean eragin behar dugu (egoera soziolinguistikoak oso desberdinak direla ahaztu gabe). Erronkari aurre egin behar diogu, erantzukizunez. Helburuak argi, ausardiaz, bidea urratu behar dugu. Ideiak eta egitasmoak behar ditugu. Joko arauak. Sustapena eta laguntzak. Epeak ezartzea, segimendua eta ebaluazioak... Koherentzia. Aitorpena, babesa, elkarlana eta lankidetza. Konplizitatea. Aurreko guztia pentsatuko eta garatuko duten aktoreak behar ditugu eta horien arteko nahitaezko artikulazioa.
Administrazioa ez ezik, enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileen elkarteak, euskararen sustapenean ari diren erakundeak… denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko:
- Normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz.
- Hizkuntza-politiken eta arauen funtzioaz.
- Enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez edota laguntzez.
- Bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz…
Elkarlana bideratu beharko litzateke orain arte egon diren zailtasunak gaindituta. Badakigu zer egin dugun eta zer lortu dugun… Jakin beharko genuke urte hauetako lorpenak, ikasgaiak eta metatutako aberastasuna babesten eta etorkizunerako baliatzen. Hurkoak egindakoa balioetsi beharko genuke, besteek egindako lana sistematikoki ezkutatzeko eta kontuan ez hartzeko joera atzean utzita. Horretarako, formula eraberrituak behar ditugu, egiteko modu berri eragingarriak… Eta akordioak. Akordio sozio-politikoa behar da, ondoren hizkuntza politika eraikitzeko. Fishman-ek esaten zuen bezala, akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe. Zenbat eta adostasun falta handiagoa, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak.
Adibide xume batekin bukatuko dut. Araban Euskara Lanean proiektua garatzen ari gara aurtengo martxotik. Bertan, izaera desberdineko entitateak ari gara parte hartzen (administrazioa, enpresak, euskararen inguruko erakundeak, lanbide heziketarekin lotutakoak, etab.) eta proposamenak adosten ari gara, kasu batzuetan bakoitzak bere eremuan lantzekoak eta beste batzuetan lankidetzan bideratzekoak. Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin ari gara denok lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, osagarritasuna bilatzen eta guztion arteko elkarlana bideratzen. Ez da erronka makala!
(ROBER GUTIÉRREZ Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria da)
- Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-11-09an.
Lan munduaren euskalduntzea, aukera bat da euskalgintzarentzat ere bai
2015-11-11 / 12:00 / Petra Elser
Azken garaian euskara inguruko eztabaidan bi artikulu asko komentatu dira eta sare sozialetan jarraipen handia izan dute:
Bat, Patxi Saezen Elefantea ikusi – lan munduaren euskalduntze beharrari buruz mintzatzen dena, eta bestea Leire Narbaizaren Euskaltegiaren heriotza – euskaltegien egoera eta mugak aztertzen dituena.
Bi gai hauek elkarrekin lotzea interesgarria iruditzen zait, aipatzen dituzten egoeren aurrean bide berriak bilatzeko asmoz.
Lan munduaren euskalduntzeak, euskara hornitzaileei eta euskalgintzari oro har, enpresak eta langileen mundua hurbilago ezagutzeko aukera ematen die. Izan ere, enpresen mundutik ikasi ahal dugu gure eskaintza beraien beharretara egokitzen balio handiagoa eman ahal izateko.
Enpresek bezero ezberdinak, zerbitzu edo produktu ezberdinak behar dituzte. Hori multinazionalek ondo dakite, baita autonomo eta enpresa txikiek ere. Bakoitzak daukan abantailarekin jokatzen saiatzen da. Bat produktu ezberdin ugari eskaintzen, bestea, aldiz, malgutasuna, erantzun azkar eta pertsonalizazioarekin. Bien kasuan beraien eskaintza etengabe berritzea eta egokitzea da kontua. Lan mundu pribatuak ere euskara irakasten dutenei aukera berri asko eskaini ahal dizkie. Sektore pribatuan ez da azterketarik gainditu behar. Beharrak askoz zuzenagoak dira. Erabilerari zuzendua dago hizkuntza, bestela inbertsioak ez du zentzurik. Hizkuntzaren eskaintza eta erabilera fruituak emateko bideratu behar dira: bezeroak konkistatzeko, bezero gehiago lortzeko, konfidantzazko erlazioak zabaltzeko, lantaldeak erosoagoak izateko edo enpresak nortasuna eta kokapena aurkitzeko.
Enpresen beharrak antzemateaz gain, langileen ikuspegia ezagutzea ere berrikuntzaren iturri bat da. Nola ikasi nahi dute langileek erabili behar duten euskara? Zenbat ikasi nahi dute? Noiz?
Duela gutxi polemika sortu duen Donostiako autobus gidarien hizkuntza eskakizunaren gaian, inork galdetu al die langileei nola ikusten duten hori? Agian ez dute azterketarik egin nahi, baina bai eskertuko lituzkete baliabideak. Beraien lanean zentratutako formazio trinko bat, bezeroekin euskaraz hitzegin ahal izateko. Ba al daude halako eskaintzak, eta iristen al dira langile eta enpresengana? Ondo azaltzen al diogu enpresari horren balio erantsia eta zorrozten al dugu gure eskaintza? Nire ustez hauek dira euskara hornitzaileok ditugun erronkak, hor daude bide berriak zabaltzeko eta eskaintza egokitzeko aukera.
Lan munduaren euskalduntzea ez da soilik enpresa eta langileak euskara ikas dezaten edo erabil dezaten konbentzitzea. Lan munduaren euskalduntzea baita ere aukera bat da. Euskalgintza eta euskararen irakaskuntza, gizarte errealitate handiago bat ezagutzea aukera bat da eta lan munduaren beharrei – enpresari eta langileari– egokitzeko aukera. Bide honengatik apustu egiteak gu ere behartzen gaitu, gure zerbitzuak, produktuak, formatuak eta eskaintzak etengabe hobetzera.
(PETRA ELSER Banaiz Bagara Elkarteko zuzendaria da)
- Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-11-11n.
Iraultza zientifiko bat behar dugu
2015-11-11 / 07:00 / Pruden Gartzia
Oso deigarria egin zait Patxi Saezek euskararen arazoa aurkezteko hautatu duen modua, alegia, esaten digu elefante bat daukagula etxeko egongelan eta hari erreparatu ordez nahiago dugula ezikusiarena egitea. Elefanteak kristonetako enbarazua egiten du, traba galanta da, baina geu hura existituko ez balitz bezala saiatzen gara bizitzen. Eta ezin da.
Euskarak ez du aurrera egiten, hori da egia, hutsa, gordina, osoa. Eta ez, ez gaitezen hasi esaten botila erdi hutsik ikusi daitekeela, edo erdi beteta. Duela hamar urte hori egia zen, apika, gaur egun ez, gaur egun ez da. Gaur egun euskarak ez du aurrera egiten eta laster, ziur aski, atzeraka hasiko da. Hori ez ikustea, ikusi nahi ez izatea, etxeko salako elefantea ikusi nahi ez izatea bezalakoa da. Horra.
Irakurle maitea, mila eta bat adibide jar daitezke egia desatsegin hori oinarritzeko edo gezurtatzeko, eztabaidatzeko, zalantzan jartzeko nahigo baduzu. Jende trebea dugu herri honetan, Soziolinguistikan ongi formatua, eta mila ez, hamar mila taula eta grafiko aterako dizkizute, datuak, katarata bat datu, uholde bibliko bat, beti ere botilarena errepikatzen bukatzeko, beti ohi duten bezala. Baina Patxi Saezek badaki hori ez dela egia. Eta zeuk ere bai. Bai, zeuk ere bai.
Baina nik neuk gaztetan Historia ikasi nuenez gero, joera izaten dut kontu guztiak termino historikotan esplikatzeko eta, beharbada, bada ordua elefantearena nire hitz propioekin azaltzeko: iraultza baten atarian gaude. Edo, agian zintzoago esanda, nahi nuke iraultza baten atarian egotea, eta ez inboluzio baten abiapuntuan. Oraindik ere esperantza baitut herri honen gizon eta emakumeen sormenean.
Zehaztapen garrantzitsu bat: iraultza zientifiko batez ari naiz, ez iraultza sozialaz edo politikoaz. Zeuri ere, Historia edo Filosofia ikasia bazara ezaguna egingo zaizu Thomas S. Khun eta bere liburu enblematikoa, Elhuyarrek 1990ean euskaraz argitaratu zuena: Iraultza zientifikoen egitura (itzultzaileak, Jesus Arrizabalaga eta Ester Mugertza). Edo izena ezaguna egiten ez bazaizu, ziur baduzula paradigma aldaketaren aditzea, edo komunitate zientifikoarena. Biak Khunek sortu edo zirkulazioan jarritako kontzeptuak dira, egun hitzetik hortzera erabiltzen direnak zientziaren alor ugarietan. Biak oso garrantzitsuak eta harira datozenak.
Zeren Patxi Saezek eskatzen duena, funtsean, paradigma aldaketa bat da, alegia, eta betiko adibidea erabilita, garai batean Fisika Newtonek sortutako paradigmatik ikusten genuen, gero (XX. mende hasieran) iraultza zientifiko bat gertatu zen eta paradigma aldatu zen, hortik aurrera Fisika Einsteinek sortutako paradigmatik hasi ginen ikusten (erlatibitatearen teoria). Esan nahi ote du horrek Newton oker zegoela eta Einstein zuzen? Newtonek deskribaturiko legeak okerrak eta zentzugabeak zirela? Ez, jaun-andreok, paradigma aldaketa bat ez da hori, beste hau baizik: Einsteinek ez zuen Newton desegin, gainditu bai ordea, Fisika ulertzeko modu berri bat eskaini, zeinaren bidez aurrerakada zientifiko itzelak gertatu ziren. Zeren, funtsean, Newtonen paradigma agortua zegoen, eman beharrekoa emanda, elkortua, bizigabetua. Hitz batean, ordurako hila eta fosiltzen hasia.
Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da.
Nik neuk ere ekarri nahi nuke nire alea, agian ez garrantzitsuena, baina aipagarria. Eta elefantea, nire begietan, administrazio publikoaren euskalduntzearen porrota da, zehatzago esanda, hizkuntza-eskakizunen sistemaren agortzea. Euskarak aurrerakada itzelak egin ditu hezkuntza-sisteman baina porrot ikusgarria administrazio publikoan. Galdera baten bidez azal dezagun: bihar, bat-batean, euskaraz lan egiten duten, ez euskarazko titulua duten, baizik eta euskaraz lan egiten duten langile guztiak lanera joango ez balira, zer gertatuko litzateke? Hezkuntza-sistemaren kolapso osoa, edo ia-ia. Eta Eusko Jaurlaritzan, ordea, zertan igarriko litzateke? Ba ote da adorerik galdera horri erantzuteko?
Zergatik hezkuntza-sisteman izan dugu hain arrakasta handia eta administrazio publikoan hain porrot mingarria? Erantzuna oso erraza da: batean hizkuntza-eskakizuna atera behar zelako eta ondoren euskaraz lan egin; bestean, aldiz, hizkuntza-eskakizuna atera eta gero gaztela-niaz egin lana. Hori da azalpena, funtsean.
Hain zaila, benetan hain zaila litzateke erabakitzea hobe dela gure indarrak administrazioaren atal zehatz batzuen euskalduntze osoan kontzentratzea, adibidez, Hezkuntza eta Kultura saila, guztietan sakabanatuta izan beharrean emaitza positibo argirik ez erdiesteko, itzulpen-bilduma itzel bat kenduta? Konpaktazioa, esaten zuen Txepetxek, konpaktazioa. Eta amore eman behar badugu beste dozena bat sailetan, haien hizkuntza-eskakizun guztiak kenduta ere, nik pozik eta zoriontsu egingo nuke sail oso baten euskalduntzearen prezioan. Etorriko dira besteak. Etorriko dira enpresa pribatuak ere. Denboraz.
Eta bai, badakit, sinplifikazio onartezina edo, areago, sinplekeria galanta irudituko zaio bati baino gehiagori. Eta jira eta buelta inkesta, grafiko eta estatistikei. Txostenak. Hitzaldiak. Jardunaldiak. Masterrak. Ezetz, jaun-andreok, ez dela hori. Iraultza zientifiko bat dela behar duguna. Elefantea ikusi. Hortxe dago eta.
(PRUDEN GARTZIA ISASTI Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendaria eta euskaltzain urgazlea da)
- Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2015-11-11n.
Euskaltzaindiak euskara biziberritzeko erronkak aztertuko ditu otsailean egingo duen mintegi batean
2015-12-11 / 14:12 / Euskaltzaindia
2016ko otsailaren 12an, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak.
Izan ere, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat komunikabidetan argitaratutako gutun irekia bidali dio Saezek Euskaltzaindiari eta estrategia berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, prozesu horretan lidergoa hartzeko eskatu dio Akademiari.
Hala, bada, mintegia otsailaren 12an egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Era berean, mintegi horretan parte hartzeko deia egin nahi die elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Hori dela eta, ekarpenak egiteko aldia zabalduko du Euskaltzaindiak: urtarrilaren 16ra arteko epea egongo da, nahi duen orok hitzaldi, komunikazio edota iradokizunak egin ditzan.
Horren ostean, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak mintegiaren egitaraua prestatuko du eta urtarrilaren azken astean ezagutaraziko du. Esan bezala, mintegia otsailaren 12an egingo da.
Ekarpenak info@euskaltzaindia.eus helbidera bidal daitezke.
Mintegiaren aurrekariak
Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak urrian argitara eman zuen Elefantea ikusi izenburuko artikulua. Bertan, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dagoela aldarrikatu du eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindiari.Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzari bidali zizkion artikulu bera eta gutun bat ere. Zuzendaritzak gaia bideratzeko ardura Sustapen batzordeari eman zion eta batzordeak mintegia antolatzeko aukera aurreikusi zuen gaia aztertzeko egin zuen bileran.
Hurrengo pausua eman zuen Saezek eta Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan “Euskaltzaindiari proposamena eta eskutitz irekia” argitaratu zuen.
Bertan euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta euskaltzainburuari egiten dio proposamena: “Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena”.
Euskaltzaindiak mendeurrena betetzear dagoela eta, honela esaten dio Patxi Saezek: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko”.
Eta honela amaitzen du: “Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu”.
Bestalde, bere proposamena “gizarteratzeko helburuarekin”, inkesta bat ere bultzatu du Patxi Saezek, jendearen iritziak jasotzeko. Inkesta ehunka lagunek erantzun dute.
% 80 baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados
2015-12-15 / 07:00 / erabili.eus
Euskaltzaindiari buruzko inkesta erantzun dutenen artean % 82,8 ados dago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin, euskararen gizarte erabilera bideratzeko. Eta Euskaltzaindiak lehenengo pausoa eman du: 2016ko otsailean mintegi bat antolatu du "Euskara biziberritzeko erronkak aztertzeko" eta dei egin die parte hartzeko elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere.
Patxi Saez Beloki soziolinguistak Euskararen Egunean Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen eta hainbat hedabidetan Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia ere argitaratu zuen Euskaltzaindiari eskari zehatz bat eginez: azken 50 urteotan euskararen normalizazioa lortzeko jarraitu den paradigma berritzeko eta, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko. Euskaltzaindiak, aldiz, ohar ofizial bat argitaratu du Patxi Saezek egindako eskari horri erantzunez: "2016ko otsailaren 12an, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak".
Inkesta
Patxi Saezek 2015eko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen bi galderarekin. Inkestak 554 erantzun izan ditu (datu hau 2015-12-14koa da, 09:03).- 2015-12-03, 10:56. "Hain galdera konplexuak, ñabardurarik batere gabe, eta argudiatzeko aukerarik eman gabe, pausatzeak ez du ez hanka eta ez buru. Balirudike erantzun jakin bat lortzeko formulatuak daudela. Gainera mezua anonimoa da, ez dakigu norekin ari garen, ezta gure erantzunak publiko egingo diren, edo inon erabiliko diren, gure izenarekin edo gabe. Ez nago ados gauzak horrela planteatzerekin, ez da serioa. Eta horrenbestez ez dut erantzungo".
- 2015-12-03, 10:59. "Berriro ni. Barka, oraintxe ohartu naiz nondik datorren eskaera. Beraz horren inguruan esana erretiratzen dut. Baina segitzen dut pentsatzen galdera seerioegiak direla bai/ez batekin erantzuteko".
- 2015-12-03, 11:10. "Egunon, beheko bi galderekin funtsean ados nago, bainan Euskaltzaindiak zihurtatu beharko luke, euskera arloko herri mugimendu, administrazio, eta euskal lurralde guztien partehartze orekatua. Bestalde euskeraren aurrera begirako erabilera eta lan mundura zabaltzearenaz aparte, erabilerari buruzko pare bat atalek, hildoak markatzea behar dutelakoan nago, nire inguruan behintzat: bata euskalkien erabilera, euskera idatziari dagokionean batik bat, eta bestea erdal hizkuntzetaik sartzen ari geran hitzei buruzkoa".
- 2015-12-03, 13:20. "Eta EZ DAKIT erantzun ahal izateko? Ez duzue kontuan hartu?".
- 2015-12-03, 18:31. "Kaixo, erantzunak behean, baina biei baiezkoa eman diedala esatea besterik ez. Bazuan garaia, motel. Azken batean, helburu orokor horretarako ezinbestekoa diagu Euskaltzaindia, eta gaur egun hedatzen ari diren hamaika erabilera oker eta larri zuzentzeko ere bai. Eutsi beraz!"
- 2015-12-10, 07:32. "Euskaltzaindiari buruzko inkesta iritsi zaigu, eta mezu bidez erantzutea egokiagoa iruditu zait, nire iritzia argi azaldu ahal izateko. Inkesta horretan galdetu da ea Euskaltzaindiak hartu beharko lukeen euskararen erabilera zabaltzearen gidaritza, eta BAI eta EZ dira erantzun posible bakarrak, ezezkoa aukeratuz gero oharrik idazteko aukerarik eman gabe. Horregatik erabaki dut mezu bidez erantzutea inkestari. Nire ustez, Euskaltzaindiak ez luke hartu beharko gidaritza, baina prozesu horretako partaide izan beharko luke, partaide garrantzitsu, gainera. Nire iritzi xumean, erabileraren zabalkundea kide anitzeko talde batek hartu beharko luke bere gain, erakunde publiko, gizarte eragile eta gaian zeresana izan dezaketen banako zein agente pribatuek osatutako talde batek, eta, noski, Euskaltzaindiak talde horretan egon beharko luke. Iruditzen zait euskararen erabilera zabaltzeko zereginak hainbat alderdi ukitu behar dituela, eta hori ezin duela erakunde bakarrak erdietsi".
- 2015-12-14, 08:18. "Egun on Patxi: horra hor nire iritzia eta erantzun zintzoa, ez diat uste Euskaltzaindia nor denik hori bideratzeko, arrazoia ematen diat bera baino hoberik ez dudala sumatzen inguruan, baina hausnarketa horixe bera dek falta zaiguna, nork bideratu prozesu hau, eta ez erabakitzea une honetan nork egin dezakeen. Beraz, saia gaitezen beste bide batetik, nahiko aditu, elkarte eta instituzio publiko eta pribatu bazaudek eta horretarako. agian prozesu honetan nork zer noiz aportatu eta nola norekin gidatu erabakitzea falta dek?"
Eskutitza
Patxi Saezek aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean gutun bat ere argitaratu zuen Euskal Herriko hainbat hedabidetan:
- Berria: Euskaltzaindiari proposamena.
- Noticias de Gipuzkoa Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Noticias de Navarra Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Noticias de Alava: Euskaltzaindiari proposamen irekia.
- Deia: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Urola-Kostako Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia
- "Goierriko Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Busturialdeko Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Irutxuloko Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Tolosaldeko Ataria: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Goiena: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Bizkaie: Patxi Saezen gutuna Euskaltzaindiari, euskerearen geroaren gidaritzea hartu daian.
- Naiz: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Sustatu: Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari.
- Uztarria: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
- Zuzeu: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.
Gutunak ere irakurleen erantzuna izan du:
- Zuzeu: "Handiegia gelditzen zaio eginkizuna Euskaltzaindiari. Egia da bi estatuetara eta hiru administrazioetara iristen den erakunde euskaldun bakarra dela, eta batez ere Iparraldean, dinamizatzaile-funtzioa joka lezakeela. Baina elefantiasiak jota du gorputza: hizkuntzaren inguruko hankaren bat puztuegia, besteren bat sendo samar, eta zeharo ahulduta gainerako guztia (jatorrizko “Jagon” hura, batik bat). Eskertzekoa Patxi Saezen iradokizuna, batez ere erakusten duen sentsibilitateagatik, baina, ezin da ahaztu Euskararen iraupena ziurtatu behar dutenak erakunde publikoak direla, haiena baita erantzukizuna: hizkuntz eskubideak bermatzeko erantzukizuna, planifikatzeko eratzukizuna, neurriak eta aurrekontuak bideratzekoa, erabakiak betearaztekoa, sariztatzekoa, zigortzekoa… Eta Nafarroan sartu berria den gobernuak duen moduan, Eusko Jaurlaritzak du EAEn erantzukizun hori. Kriseilua Euskaltzaindiari pasatu nahi izatea, EAJri eta Baztarrikari aurpegi serioko txepelkeriatan segitzeko baimena ematea baino ez litzateke izango. Eta dagoeneko ez gaude horretarako. Erantzukizun politiko erabakiorrena Gobernuarena da. Hemendik 3.500 kilometrora dugun estatu batek (inkorrekzio politikoa ohi da haren izena aipatzea) ongi asko bideratu zuen hizkuntzaren arazoa, iraupen eta erabilera barne. Beste gauza batzuetan eredu, horretan, justu behar genukeen horretan, ez. Euskal Gizarteak ere badu zeresanik, jakina. Eta hitzik. Baina ez ahaztu politikaren esparruetan egiten direla legeak eta moldatzen dela gizartearen funtzionamendua. Eta hizkuntzena, noski".
Euskaltzaindiaren erantzuna
Patxi Saezek egindako eskariari erantzunez eta gaia sakonago aztertzeko helburuarekin Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu du otsailaren 12an "Euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko". Honela dio Euskaltzaindiaren ohar ofizialak hitzez hitz:
"2016ko otsailean, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak.
Izan ere, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat komunikabidetan argitaratutako gutun irekia bidali dio Saezek Euskaltzaindiari eta estrategia berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, prozesu horretan lidergoa hartzeko eskatu dio Akademiari.
Hala, bada, mintegia otsailaren 12an egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Era berean, mintegi horretan parte hartzeko deia egin nahi die elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Hori dela eta, ekarpenak egiteko aldia zabalduko du Euskaltzaindiak: urtarrilaren 16ra arteko epea egongo da, nahi duen orok hitzaldi, komunikazio edota iradokizunak egin ditzan.
Horren ostean, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak mintegiaren egitaraua prestatuko du eta urtarrilaren azken astean ezagutaraziko du. Esan bezala, mintegia otsailaren 12an egingo da.
Ekarpenak info@euskaltzaindia.eus helbidera bidal daitezke.
Mintegiaren aurrekariak
Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak urrian argitara eman zuen Elefantea ikusi izenburuko artikulua. Bertan, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dagoela aldarrikatu du eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindiari.
Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzari bidali zizkion artikulu bera eta gutun bat ere. Zuzendaritzak gaia bideratzeko ardura Sustapen batzordeari eman zion eta batzordeak mintegia antolatzeko aukera aurreikusi zuen gaia aztertzeko egin zuen bileran.
Hurrengo pausua eman zuen Saezek eta Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan "Euskaltzaindiari proposamena eta eskutitz irekia" argitaratu zuen.
Bertan euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta euskaltzainburuari egiten dio proposamena: “Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena”.
Euskaltzaindiak mendeurrena betetzear dagoela eta, honela esaten dio Patxi Saezek: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko”.
Eta honela amaitzen du: “Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu”.
Bestalde, bere proposamena “gizarteratzeko helburuarekin”, inkesta bat ere bultzatu du Patxi Saezek, jendearen iritziak jasotzeko. Inkesta ehunka lagunek erantzun dute".
Albiste honekin zuzen-zuzenean lotutakoak (Ikusteko gainean sakatu).
- Elefantea ikusi.
- Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari
Elefantea(k)
2015-12-16 / 11:15 / Txerra Rodriguez
Jakinen aurreko zenbakian esaten nuen sarri gogoratzen garela etorkizunaz. Eta hala da. Horren seinale Patxi Saez Belokik www.erabili.eus agerkarian argitaratu duen artikulua: "Euskararen elefantea ikusi". Patxik hurrengo 30 urteetako euskalgintzaren zikloa zeharkatu behar duen estrategia marraztu eta zirriborratu gura izan du.
Izan ere, Joshua Fishman soziolinguistaren berba batzuetatik abiatu du bere analisia: «Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe». Eta Patxik euskararen elefantea hemen ikusten du:
Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia.
Patxi Saezek artikulu nagusia prestatu eta hainbat euskaltzaleri eskatu dio haren gaineko iritzia. Momentuz 50 pertsonatik gorak eman dio erantzuna eta aspaldiko iritzi truke errespetuzko bezain dibergentea piztu da euskalgintzan. Eta, gainera, aldeak alde, ia erantzun dugun guztiok bat gatoz kontu batekin: ziklo bat amaitu da euskalgintzan eta euskararen biziberritzean. Eta ziklo berria amesten, zirriborratzen eta egiten hasi beharrean gaude. Astiro, baina tinko.
Hala ere, euskararen elefantearen diagnostikoan ez datoz bat erantzun dutenak. Gehienek ñabardura ohargarriak egin dizkiote Patxi Saezen planteamenduari. Iritziak iritzi, eta laburtzeko (eta, beraz, orokortzeko eta, beraz, hein batean, gezurra esateko) elefantea barik, elefanteak ikusi dituzte guztiek, edo Mikel Zalbideren berbetan esanda, arazoa multifaktoriala dela konturatu dira.
Diagnostikoan bat ez etortzeaz aparte, etorkizunean segitu beharreko lehentasunak (eta bigarrentasunak eta, seguruenik, azkentasunak) zehazten ere ez dira bat etorri artikuluaren jira-biran dantzan ibilitakoak. Etorkizuneko hariekin sokasaltoan estropezu ez egiteko proposatutako irtenbideak askotarikoak (eta, kasu batzuetan, kontrajarriak) dira. Hala ere, gehienak ari dira, nire ustez, dekretuen (edo legeen, edo behartzearen) eta kapital emozionalaren (edo sedukzioaren, edo erraztearen, edo motibazioaren) arteko dialektikan: batzuk batetik gertuago eta bestetzuk bestetik. Ana Urkizak, kasurako, honako hau dio: «Baina, nago, hizkuntzak ez direla legez irabazten. Bai, zalantza gabe, zaintzen eta babesten. Baina ez, irabazten».
Eskertzekoa da, benetan, Patxi Saezek egin duen ahalegina, batez ere hainbat eta hainbat adituren iritziak batu eta txirikordatzeko egin duen ahalegina. Etorkizuneko sintesia oraindik egiteke dugu. Saiakera batzuk egin izan dira, kasurako, Jon Sarasuak Hiztunpolisa liburuan, Argia-ren Larrun hilabetekariaren 197. zenbakian (Euskalgintza. Berritu ala hil) edo Patxi Baztarrikak Babeli gorazarre liburuan (sokaren alde bietan egon daitezkeen iritziak plazaratuz). Eta Patxi Saezena bide horretan beste ekarpen bat izan da. Mamitsua, gainera.
(TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ soziolinguista da)
- Estreinakoz, Jakin.eus agerkarian argitaratua, 2015-12-10ean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina