Patxi Saez Beloki. |
Lehenik eta behin, hasteko, aitormen bat egin behar dizuet: Gaur hona zoritxarrak ekarri nau. Hobeki esan, zorritxarretik ateratako ausardiak ekarri nau hona. Joan den martxoaren hasieran, Joshua A. Fishman soziolinguista handia zendu berritan, jaso nuen zoritxarreko minbiziaren berria. Eta, nire burua, bizitzak jartzen dizkigun bidegurutze horietako batean aurkitu nuen. Une hartan ez nekien bizitzaren partidaren bigarren zatia jokatzen jarraituko nuen, luzapenean nengoen edo deskontuko minutuetan. Xabier Letek Habanera kantan esaten duen bezala «Jaio ginen, bizi gara...». Jaio ginen, bizi gara eta hiltzea zor dugu; eta denok, horretan zordun jarraitu nahi dugu. Ahalik eta urte gehien igaro nahi ditugu jaio ginenetik dugun zorra ordaindu gabe. Jon Sarasua ere ni pasatzen ari naizenetik pasatutakoa da eta berak ohartarazi zidan "minbizi" hitzak bere baitan duela "bizimina" eta, ni ere, horri atxiki nintzaion hasiera-hasieratik.
Horrelako egoeretan egin ohi den bezala, bizitzari eta bizipenei begirada bat bota eta nire eguneroko lan-ardura dudan Euskara nirearen antzeko bidegurutze batean dugula ohartu nintzen, hobeki esan, aspaldian nengoen ohartuta euskararen abeleraz, eta nire aletxoa jartzea otu zitzaidan. Nire hasierako helburua xumea zen: arazoaz ohartaraztea, arazoa ikustaraztea, horregatik jarri nion "Elefantea Ikusi" izenburua idatzi nuen artikuluari.
Elefantea nire gaixotasunaren terapia gisa erabili dudala ere esango dizuet. Jaso ditudan erantzunak eta animoak aurrera egiten lagundu didate, indarra eman didate aurrera egiteko. Ilusio bat.
Elefantearen artikulua idatzi nuenean ez zitzaidan burutik pasatu, ezta ametsetan ere, gaur hemen zuen aurrean egon behar nuenik. Baina bizitzak behin bakarrik ematen duen aukera horietako bat da gaurko hau. Ni, gaur, hona, barruak aginduta etorri naiz, egin beharreko zerbait egitera etorri naiz. Ez dakit noraino iritsiko den gaurko hau baina, bizitza “momentu hura” bizitzea ere badenez, nik, gaurtik aurrera, nire buruari esango diot: Patxi, egin beharrekoa egin huen! Mark Twain, Mississippi ibaiaren ertzean jaiotako Amerikako Estatu Batuetako idazleak esan ohi zuen, 20 urteko tartea igarotakoan, atzera begira jarritakoan, egindakoek baino damu handiagoa eragiten dutela egin gabe utzitakoek. Nik, behintzat, gaurkoaren damurik ez dut izango.
Albert Einsteinek, berriz, zioen “Sekula huts egin ez duenak ez du inoiz berrikuntzarik egin”. Ni arrain txikia naiz eta gaur ur handitan igeri egitera etorri naiz. Ea hutsegite handirik egiten ez dudan eta onik ateratzen naizen gaurko ausardia honetatik!
Ni gaur, hemen, dena ematera nator. Nik galtzeko gutxi daukat baina euskarak irabazteko asko du. Bizitza honetara ezer gabe etorri ginen eta ezer gabe joango gara, eta tartean jaso eta eman egiten dugu. Ni, gaur, ematera etorri naiz.
Gaur nire buruari jarri diodan erronka baten berri ere eman nahi dizuet. Nire betaurrekoekin bizi dugun egoera soziolinguistikoa nola ikusten dudan azaltzen ahaleginduko naiz gaur, eta, azalpen hori, Oihanek, nire 15 urteko alabak, ulertzeko erronka jarri diot nire buruari. Maite ditut esaldi burutsuak, hitz gutxitan jakinduria handia dutela iruditzen baitzait. Twitter harreman sarean jarraitzaile zaituztedanok jakin badakizue, goizero-goizero, goizeko 07:30ean “Eguneko Erranairua” argitaratzen dudala. Gustoko ditudan esaldien artean badago bat, nire-nirea dena gainera, eta horrelaxe dio: “Hitzak dortokak dira, adibideak erbi”. Gaur, elkarren arteko ulerbideak errazteko erbi asko askatuko ditut eta zuek ehiztari lanak egin beharko dituze. Ea ehiza oparoa den!
Gaur, hemen, zuen artean izateko jaso dudan gomitak Kike Amonarrizek, Abbadia saria jaso zuen egunean, Euskaren Egunaren bezperan, esandakoari erantzuten diola uste dut. Ni, behintzat, uste horrekin etorri naiz gaur zuen aurrera: «Lehen pausoa eman dugu: bidegurutzera iritsi garela ohartzea». Eta Charles Franklin Kettering Ohioko asmatzaile Estatu Batuarrak esan zuen bezala, «Arazoari heltzen badiozu, konponbidearen erdia egina duzu». Gizon horrek asko zekien arazoak konpontzeari buruz, izan ere 140 asmakuntza patentatu baitzituen. Eta gaurko saioaren hasiera-hasieran gaudela probestuz, esango dizuet orain 145 urte jaiotako asmatzaile honek autoak abiarazteko motor elektrikoa asmatu zuela. Jakingo duzuen bezala, motor elektrikoa asmatu arte kotxeak eskuz abiarazten ziren biradera handi bati jira eta bira eraginez. Beraz, piztu dezagun gure motorra eta ekin diezaogun gaurko bideari.
Txerra Rodriguez soziolinguista aurreko abenduan Jakin aldizkarian nire “Elefanteari” buruz aritu zen:
“Patxi Saezek artikulu nagusia prestatu eta hainbat euskaltzaleri eskatu dio haren gaineko iritzia. Momentuz 50 pertsonatik gora eman dio erantzuna eta aspaldiko iritzi truke errespetuzko bezain dibergentea piztu da euskalgintzan. Eta, gainera, aldeak alde, ia erantzun dugun guztiok bat gatoz kontu batekin: ziklo bat amaitu da euskalgintzan eta euskararen biziberritzean. Eta ziklo berria amesten, zirriborratzen eta egiten hasi beharrean gaude. Astiro, baina tinko”.
Han-hemenka berba asko erabili dira euskarak egun bizi duen une historikoaren berri emateko: "apalaldia", “motelaldia”, "geldialdia", "impassea", "ziklo baten amaiera", "etorkizun-ikuspegiaren ilunaldia", "estrategien lausoaldia", "etapa aldaketa" eta nik neuk "elefantea" deitu diot egoera nabarmena delako eta, bere handitasunean, begi bistan dugulako.
Esan bezala, "Elefantea ikusi" artikulua idazteko helburu nagusia euskarak bizi duen ataka estua ikusaraztea zen eta ikusaraztearekin batera nondik hel diezaiokegun erabakitzea, edo hobeki esan, heldulekua non egon daitekeen aurkitzen laguntzea. Baina, gerora ohartu naiz kale-kalean oso bizirik dagoela euskararen kinkari buruzko kezka. Adibide baterako, Araban argitaratzen den “Aiaraldea” hamabostekariak Euskararen Egunean argitaratu zuen alea ekarri dizuet. Azalean, hauxe du izenburu nagusia: "Euskara, pieza mugitu beharra".
Eta barruko orrialdeetan horrelakoa du sarrera albiste horrek:
"Impass" batean dago euskararen aldeko borroka Aiaraldean, ez aurrera ez atzera. Hori diote euskararekin erlazionatutako zenbait eragile eta norbanakok. Ziklo berriak ireki behar direla uste dute batzuek, eta euskara ikasteko motibazio berriak sortu behar direla besteek. Gako nagusia, baina, ezagutzatik erabilerara eman beharreko saltoan dago. Nork mugituko du hurrengo pieza?
Ikus dezagun, albiste horretan, aipatutako eragileek zer dioten, nola azaltzen duten euskarak bizi duen kinka:
«Euskara ‘impass’ batean dago, ez atzera ez aurrera, kantitateari dagokionez, eta kalitateari dagokionez, atzera doa, dudarik gabe”, baieztatu du Anuntxi Arana antropologoak.
Mikel Ayllonentzat ere okertzen ari den egoera da euskararena. Mundua aldatu egin dela uste du idazle laudioarrak, eta euskalgintzak ez duela jakin izan bere mezua egokitzen. “Eta okerrena da arazoa begien aurrean dugula eta ez diogula begiratu nahi, pasillo erdian dagoen elefantea bailitzan”. Hainbat galdera planteatu ditu Ayllonek argudio gisa: “Zenbat jendek irakurtzen du euskaraz? Zenbat jendek ikusten du telebista euskaraz? Zenbat jendek gozatzen du euskaraz? Zenbat jendek negar egiten du euskaraz? Zenbat jende maitemintzen da euskaraz? Funtsean, zenbat jende bizi da euskaraz?”.
Juanjo Respaldiza bertsolari orozkoarrak, berriz, zera dio: “Edozeinek ikusteko modukoa da ziklo baten amaiera bizitzen ari garela, eta ez soilik euskararen arloan”.
Hogeitalau euskara elkarteko kidea den Joseba Llanorentzat, berriz, argi dago “ziklo baten amaiera” iritsi zaiola euskalgintzari. “Frankismotik ateratzean egitasmo batzuk jarri ziren martxan, eta gaur egun nabaritzen dira horren emaitzak; euskararen ezagutza mailari begira batez ere”.
Basalarrina Euskal Topaguneko kide den Toño Vallesek, bere aldetik, hezkuntzan jarri du begirada. “Hezkuntzan planteatu ziren helburuak bete egin dira”. Baina gaineratu du ez dela helburu gehiagorik markatu, eta euskara “komunikazio alorretik” gutxiagora doala».
Goldean
Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezalaxe, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian, hiztunak dira hizkuntzen funtsezko bizigaia, hizkuntzak hiztunengan bizi baitira.
Irudika dezagun euskara landare bat dela eta
lorontzi batean dagoela. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte
baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio
landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da
indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena
dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin baitzaizkio. Horixe dugu euskararen gaur
egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu baina
hiztun horiek ez diote bizi-indarrik ematen.
Aiaraldeko
lagun hauek dioten bezalaxe, azkenengo 50 urteotan euskararen
normalizazioaren paradigma eskolan oinarritu dugu, batez ere. Eta,
eskolak, dezakeena egin du, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Eskolak,
gazteen artean batik bat, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa
ekarri du. Ez, ordea, erabileraren nonahiko zabalkundea.
Euskararen batasunarekin batera euskarazko eskolaren sorrera etorri zen. Euskara batuaren sorrerak eskolaren lana ikaragarri erraztu zuen, euskara bat eta bakarra irakastea ahalbidetu zuelako. Zalantzarik gabe, euskarazko irakaskuntza izan da azken 50 urteotan euskararen berreskurapenaren tresnarik garrantzitsuena. Azken 30 urteotan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu. Horietatik guztietatik eskolak 200.000 lortu ditu, eta gainontzeko 100.000ak helduen euskalduntzetik etorri dira. Gaur egun, EAEn 20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak, eta duela 30 urte ez ziren %20ra iristen. Gainera, gazteen gehiengoak euskara ez du etxean ikasi, eskolan baizik: EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute.
Erabilera, ordea, geldialdian dugu: euskarak, azken 20 urteotan, ia % 70 (67,3) hiztun gehiago irabazi du, baina erabilerak bere horretan jarraitzen du azken 15 urteotan (2011n euskararen kale-erabilera % 13,3koa zen).
Oso zabaldua dago gaur egungo gizartean euskarak duen erronka nagusia erabileran dugula. Egia da erronketako bat erabileran dugula, baina ez nagusia.
Inork gutxik aipatzen du eta azpimarratzen du, eta horixe egin behar dut nik hemen eta orain, euskararen belaunez belauneko jarraipena mehatxatua dugula.
Ikerketen arabera, azken 15 urteotan kale erabilerak bere horretan jarraitzen du. Baina inork gutxik erreparatu dio euskara etxean jaso duten euskaldunen kopurua ez dela mugitu azken 20 urteotan.
Hizkuntza
soziologiaren jakintza arloan luze-zabal onartua da ahuldutako
hizkuntza indarberritzeko oinarri-oinarrizko ekinbidea dugula
belaunez belauneko jarraipena segurtatzea lehenbizi eta indartzea
ondoren.
Goren mailako lau euskaltzain ditugu XX. mendean barrena, hizkuntza indarberritzearen ardatza belaunez belauneko iraupen bideetan jarri dutenak: Seber Altube, Koldo Mitxelena, Joshua Fishman eta Mikel Zalbide. Ikasbide hori utzi digute behin eta berriro ahoz eta idatziz. Hor dugula lehentasuna eta ez beste inon. Hori babestu eta indartu behar dugula, lehen lehenik.
Euskararen belaunez belauneko jarraipen bideak mehatxupean ditugu, xake jokoan erregea abelera gaiztoan gertatzen denean bezalaxe. Hizkuntza indarberritzearen partidan xake taulako pieza batzuk ondorengo urteetan egiten dituzten mugimenduei arreta berezia jarri beharko diegu. Arretaz begiratu beharko dugu pieza horiek erregea babesteko mugimenduak egingo dituzten edo bat ere babesik gabe utziko duten. Lehen hizkuntza erdara duten euskaldunek ondorengo urteetan etxeko hizkuntza transmisioan nola jokatuko duten funtsezkoa izango da hizkuntza indarberritzearen partidan euskarari xake materik gerta ez dakion.
Euskararen belaunez belauneko jarraipena bere horretan dago azkenengo 20-25 urteotan. Gainera, beheranzko joera kezkagarri bat erakusten du hainbat arnasgunetan. Esate baterako, euskararentzat Azpeitia bezalako erreferentziazko arnasgunean, gaur egun, euskara lehen hizkuntza duten euskaldunak orain 25 urte baino % 8 gutxiago dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan, adin talde guztietako euskaldunen artean, gehienak euskara lehen hizkuntza izatetik, 40 urtetik beherako euskaldunik gehienak (% 54,8) lehen hizkuntza gaztelania dutenak izatera pasa dira. Alegia, euskara ez dute etxetik jaso. Euskara eskolan edo euskaltegian ikasi dute.
Hortxe jarri behar dugu arreta. Bidegurutze horretan gaude: belaunez belauneko katean, lehen hizkuntza erdara duten euskaldunek euskararen transmisioa nola egingo duten ondorengo urteetan. Horri jarraipena egin beharko diogu, ikerketak egin beharko ditugu nagusituko diren jokabideak eta joerak aurreikusteko eta horien araberako ekinbideak erabakitzeko.
Beraz, ondorengo 20-30 urteetako lehenengo erronka hor jarri behar dugu.
Gainera, lehenengo erronka hau bigarrenarekin estu-estu lotuta dago: lehen hizkuntza euskara izateak lotura zuzena du euskaraz egiteko erraztasunarekin, eta batak eta besteak eragin handia dute erabileran.
Elebidun gazteen artean, euskara gehiago ez erabiltzeko arrazoi nagusiak hauek dira: lehen hizkuntza erdara izatea, euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa izatea, eta gehienak gune erdaldunetan bizitzea.
Euskal Herriko biztaleria osoaren % 70 inguru, ezagutza % 25 baino txikiagoa den eremuan bizi da. Erabilera % 3 ingurukoa da eremu horretan.
Egilea: Beñat Arregi, 2016 |
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean, euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira.
Egilea: Beñat Arregi, 2016 |
Joan gaitezen berriro Euskararen Eguneko “Aiaraldea” hamabostekarira:
«Kalera Salto
Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren arteko distantzian kokatu dute arazoaren muina elkarrizketatu gehienek. “Gure erronka euskara eskolako eremutik ateratzea izan behar da, herriko kaleetara eramateko” aldarrikatu du Sonia Abeziak.
Aiaraldean sortu berri den Hezkuntza Foroko kidea da bera eta Lanbide Heziketan zikloak euskaraz eskaintzea ere “ezinbestekotzat” du.
Aresketa Ikastolako Koldo Rodriguezen ustez "zama guztia" jarri da Hezkuntzako erakundeetan, "jakinda gainera ez dela hezkuntzaren gain erortzen den arazo bat soilik". Euskarak "ikastetxeen hormak zeharkatu" behar dituela aldarrikatu du Rodriguezek, "eta eremu gehiago konkistatu: kirola, merkataritza, administrazioak, garraioa, osasuna…"».
Futbol-eskolan ikasitakoarekin bakarrik ikas al daiteke futbolean jokatzen? Joko zelaian futbol partidarik jokatu gabe, lehiatu gabe, ikas al daiteke futbolean jokatzen? Futbola, hizkuntza bezalaxe, taldeko jokoa da eta taldeko elkarrekintza horretatik aberasten dira kide guztiak. Nola nahi ditugu futbolariak sortu futbol zelairik gabe? Nola nahi ditugu hiztunak sortu joko zelairik edo erabilera-eremurik ez badute? Euskarazko harreman-sarerik ez badute? Nik euskararen “joko zelai” bataiatu dudanak lehendik ere baditu hainbat izen: erabilera-eremuak, eremu funtzionalak, erabilera-esparruak, arnasgune sozio-funtzionalak, harreman-sareak, ... bizitzako hartu-emanetan, komunikazioan, euskara erabiltzeko aukerak, azken batean.
Ikasketa hizkuntza dugu euskara, batez ere, ingurune erdaldunetan, eta bizitzako hizketa izatera ekartzea dugu ezinbesteko erronka. Ingurune erdaldunetako neska-mutilek ez daukate hiztun komunitaterik hiztun oso baten komunikaziorako hizkuntza gaitasun guztiak garatzeko, euskara bigarren hizkuntza dute eta komunikaziorako gaitasun mugatua lortzen dute, eskola dutelako beraien euskalduntasuna garatzeko gune bakarra.
Eta hortxe egin dugu huts handia. Pentsatu dugu norbanakoak euskaldunduta berez hasiko zirela euskaraz egiten. Ez dugu kontuan hartu komunikazioa gizataldeko elkarrekintza dela eta hizkuntza oro komunikaziorako tresna den aldetik komunikazio egoera ezberdinetan erabiliz ikasten dela nola erabili. Norberak erabiliz baina, batez ere, lagun hurkoak nola erabiltzen duen ohartuz eta eredu egokiak kolkoratuz. Eta, jakina, euskara komunikazio egoera ezberdinetan nola erabiltzen den erakutsiko dizun harreman-sarerik gabe, hiztun komunitaterik gabe, ezin da komunikazio beterako euskararik ikasi.
Elebidun hauek euskararen eta gaztelaniaren arteko erabateko desorekan bizi dira eta, desoreka hori, daukaten komunikazio gaitasunean ere islatzen da: askoz erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz egiteko. Eta, egoera horretan dauden elebidun desorekatu guztiek, komunikaziorako tresnarik azkarrena eta eraginkorrena aukeratzen dute, izan ere, etxeko garajean Mister Bean jaunaren Minimorrisa baldin badago eta, ondoan, Sebastian Vettel Bat formulako gidariaren Ferraria, zein aukeratuko dute gure gazteek lagunekin ibiltzeko?
Beraz, eta laburbilduz, ondorengo 20-30 urteetarako bi erronka aipatu ditugu orain arte: belaunez belauneko jarraipena eta erabilera. Goazen orain hirugarrenarekin, eta azkena izanagatik ez dugu errazena gainera: estatusa.
Ondorengo 20-30 urteetan euskararen estatusean eragin beharra dago euskara gizarteko bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera igaro dadin, euskarak eta gaztelaniak gizartean estatus berbera izan dezaten. Erronkarik zailena hau dugu, zalantzarik gabe. Horretarako, orain arteko paradigma aldatu beharra dago, estrategiak aldatu egin behar dira; izan ere, Albert Einsteinek zioen bezala, ezinezkoa da emaitza ezberdinak lortzea beti berdina eginez.
Goldatu beharreko lurra nolakoa den ikusi dugu. Orain, berriz, goldaketan ibiltzeko behar-beharrezko ditugun tresnak aurkeztuko ditugu.
Elefantearen paradigma proposamena.
Euskararen
gizarteratzean, sozializazioan, bide luzea egin dugu, eta, bidez
bide, orain gauden bidegurutzera iritsi gara. Eta, orain, nondik jo
behar dugu? Euskararen gizarte normalizazioan aurrerapausoak ematen
jarraitzeko, hemendik aurrera, zein ereduri heldu behar diogu? Zein
paradigma jarraitu behar dugu?
Has gaitezen
Elefanteak egiten duen proposamenetik. Zer proposatzen du Elefanteak?
Zer eskatzen du Elefanteak?
Azken
hilabeteotan han-hemenka asko idatzi da Elefanteari buruz, baina
idatzi diren artikulu guztien artean, etxe honetako Azkue
Bibliotekako eta Artxiboko zuzendariak, Pruden Gartzia Isasti jaunak,
2015eko azaroaren 11n, San Martin egunean, Berria egunkarian
argitaratutakoak ezin argiago azaltzen du Elefanteak proposatu eta
eskatu nahi duena. Nik neuk ezingo nuke hobeto azaldu. Artikuluaren
izenburua ere oso adierazkorra da: “Iraultza zientifiko bat behar
dugu”, izan ere, iraultzeak azpikoz gora jartzea esan nahi du eta
lurra lantzen ibili den edozeinek badaki, iraulitako lurra beti dela
emankorra. Iraulitako lurrean ereindako hazia indar handiagoz
ernetzen eta hazten da.
Berria,
2015-11-11, “Iraultza zientifiko bat behar dugu”:
“Zeren
Patxi Saezek eskatzen duena, funtsean, paradigma aldaketa bat da,
alegia, eta betiko adibidea erabilita, garai batean Fisika Newtonek
sortutako paradigmatik ikusten genuen, gero (XX. mende hasieran)
iraultza zientifiko bat gertatu zen eta paradigma aldatu zen, hortik
aurrera Fisika Einsteinek sortutako paradigmatik hasi ginen ikusten
(erlatibitatearen teoria). Esan nahi ote du horrek Newton oker
zegoela eta Einstein zuzen? Newtonek deskribaturiko legeak okerrak
eta zentzugabeak zirela? Ez, jaun-andreok, paradigma aldaketa bat ez
da hori, beste hau baizik: Einsteinek ez zuen Newton desegin,
gainditu bai ordea, Fisika ulertzeko modu berri bat eskaini, zeinaren
bidez aurrerakada zientifiko itzelak gertatu ziren. Zeren, funtsean,
Newtonen paradigma agortua zegoen, eman beharrekoa emanda, elkortua,
bizigabetua. Hitz batean, ordurako hila eta fosiltzen hasia.
Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da.”
Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da.”
Gure
errealitate soziolinguistikoa ulertzeko eta aztertzeko, Jose Maria
Sanchez Carrion, Txepetx, soziolinguista handiaren paradigma erabili
izan dugu 1987an “UN FUTURO PARA NUESTRO PASADO, claves de la
recuperación del euskera y teoria social de las lenguas”
liburua argitaratu zuenetik, ia azkenengo 30 urteotan. Hizkuntzaren
ikasketa-prozesua honela azaldu zigun Txepetxek: 3 urrats baina 2
ibilbide. 2 ibilbide baina zirkuitu bat.
Koldo Zuazo
hizkuntzalari eta euskaltzain urgazleari aurtengo 2016ko urtarrileko
Errege egunaren bezperan Berria egunkarian irakurri diot: «Hizkuntza
aldatzen bada, bizirik dagoen seinale». Gizateriaren historiaren
sokan bizirik iraun duten hizkuntzak -gurean euskara- hiztunen
komunikazio beharretara egokitu izan dira, komunikazioa izan dute
molde eta moldatzaile. Eta komunikazio premia horietara moldatu eta
egokitzetik etorri zaie hizkuntzei etengabeko aldaketa. Eta
etengabeko egokitze eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen
garapena eta modernizazioa, baita euskararena ere.
Komunikazio-molde
berrietara egokitzeko ahalegina hizkuntzek ez ezik, garaian garaiko
gizarte horietako gizon-emakumeek ere egin behar izan dute. Gutemberg
jaunak inprenta asmatu zuenean, esate baterako, asmakuntza berrira
egokitu ahal izateko, hizkuntzek estandarizatu eta idatzizkora
moldatu behar izan zuten. Era berean, gizarte hartako gizon-emakumeei
ere irakurtzen eta idazten ikasteko, alfabetatzeko, ahalegina eskatu
zien komunikazio-molde berriak.
Azken
batean, erabiliz, komunikaziorako erabiliz, zorrozten eta aberasten
dira hizkuntzak eta erabilera ezak kamusten eta hilarazten ditu.
Beraz, hizkuntzak tresnak direla baiezta dezakegu, komunikaziorako
tresnak. Eta hauxe da, hain zuzen ere, proposatu nahi dudan paradigma
berriaren oinarri-oinarrizko axioma, hizkuntzak komunikaziorako
tresnak direla, alegia.
«Hizkuntza
gutxituak», berriz, bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak
betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek -menderatzaileak- beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu
dituelako (hauxe litzateke «hizkuntza gutxituaren» nire
definizioa). Egoera hau, hizkuntza gutxituaren eta hizkuntza
menderatzailearen arteko harreman hau, etengabeko elkarrekintza da. Izan ere,
neurriak hartzen ez badira, denboran zehar, hizkuntza
menderatzaileak, hizkuntza gutxituaren komunikazio-eremu eta funtzio
gehiago beregana baititzake.
Hizkuntza
gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere
komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta
hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio-beharretarako inongo
baliorik ez duenean.
Paradigma
berria azaltzeko irudi indartsu baten bila ibili naiz eta, azkenean,
orain 15.000 urteko tresna bat, Neolito garaiko tresna bat aurkitu
dut paradigma berria irudikatzeko: gurdia edo orga. Hitzaren
etimologiari erreparatzen badiogu, gurdi
hitzetik dator gurpil, gurdi+bil,
gurdiaren gauza biribila.
Gaur
egun daukagun gurpilik zaharrenak 3.500 urte inguru ditu eta
Esloveniako hiriburuan, Liublianan, aurkitu zuten 2003ko otsailean,
zingira batzuetan. Gurpila lizar egurrez egina dago eta ardatza
egur gogorragoarekin egina dauka, haritzarekin.
Gurpilak
lotura zuzena du gaur egungo lan-munduarekin, euskararen
elefantearekin, izan ere, ezinezkoa litzateke gaur egungo gizarte
industrializatua gurpilik gabe. Zalantzarik gabe, gurpila, gizakiaren
asmakizun handienen artean dago.
Paradigmaren
ardatzean, gurdiaren ardatzean, alegia, gurpil bi ditugu: ezagutza
eta erabilera. Hizkuntzaren gurdiak komunikazioaren bidean arin-arin
eta arazorik gabe aurrera egiteko, bi gurpilen jirabira aldi berekoa
behar du. Gurpiletako bat kateatuko balitz, gurdia arrastaka eramango
genuke, horrek sortzen dituen neke eta ezinekin.
Ezagutza
eta erabilera, hizkuntzen ikasketa-prozesuaren ardatz
Abraham
Maslow New York hiriko Brooklyn auzoan sortu zen 1908an eta 1970ean
zendu zen. Gurasoak errusiar etorkinak zituen. Psikologia
humanistaren aitatasuna aitortzen zaio. Eta psikologiaren arloan
ezaguna gizakiaren beharrak sailkatzeagatik baldin bada, Maslow
piramidea izeneko teoriarekin, gizakiaren ikasketa-prozesua ere
azaldu zuen.
Maslow
jaunak ikasketa-prozesua lau urrats edo mailatan banatu zuen:
1.
Ezgaitasun inkontzientea: Ez dakigu eta,
gainera, ez dakigu ez dakigula. Ez dakigu eta ez gara jabetzen gure
ezjakintasunaz. Ez gara jakitun gure ezjakintasunaz eta ez gara
konturatu ere egiten zer ezagutza eta gaitasun falta ditugun. Haur
txikiek ez dakite gidatzen ez dakitela eta, gainera, ez dira jakitun
gabezia horretaz. Berdin gertatzen zaie, Amazonaseko basorik
trinkoenaren baitan, sekula auto bat ikusi gabe, bizi diren indiarrei.
Etorkin askori ere horixe gertatzen zaie euskararekin. Euskal Herrira
etorri arte ez dira jabetzen euskara ez dakitela eta gaitasun falta
hori dutela.
2.
Ezgaitasun kontzientea: Ez dakigu baina
badakigu ez dakigula. Zer ez dakigun badakigu eta ikasteko ahalegina
egiten hasi behar dugu. Ikasteko geratzen zaigun guztiaren jakitun
gara une honetan, eta ikasteko erabakia hartu dugu. Autoeskolara joan
gara eta azterketa teorikoa gainditzeko ikasi beharrekoen berri dugu
eta baita azterketa praktikoa egiteko ere zer ikasi behar dugun eta
gutxienez zenbat denbora beharko dugun dakigu. Une honetan ez dakigun
guztiaren eta ikasi beharrekoaren kontziente gara. Berdin gertatzen
zaio euskara ikasteko erabakia hartu duen etorkin horri ere:
euskaltegira joan da eta hantxe konturatu da euskara ikasteko,
hasieratik bukaera arte, egin beharreko ibilbideaz, ikasi beharreko
guztiaz eta beharko duen denboraz.
Ikasketa-prozesuaren
2. urrats honetan ikasten hasiko gara eta arazoak sortuko zaizkigu.
Arreta osoa jarri beharko dugu sortzen zaizkigun arazoak gainditzeko.
Deseroso aurkituko gara baina urrats honetan ikasiko dugu gehien.
Ikasketaren unea da.
Erbi bat
(adibide bat): Autoeskolan gertatu zitzaidan, auto bat lehenengo
aldiz hartu nuen egunean. Irakasleak autoa abiarazteko zer egin behar
nuen azaldu zidan eta nik esandakoa egin nuen zintzo-zintzo. Bidera
ateratzeko esan eta nik autoa bidera atera nuen. Kilometro batzuk
egin ondoren, denbora guztian hanka azeleragailuaren gainean
neramala, hara non esaten didan keinukaria jarri, abiadura gutxitu
eta martxa aldatzeko, bidegurutzean sartu behar genuelako. Une hartan
etorri zitzaidan izu-ikara oraindik gogoan dut. Une hartantxe jabetu
nintzen ez nekiela zer egin behar nuen irakaslearen agindua betetzeko.
Eta garraisi batean esan nion: “Eztakit!”.
3.
Gaitasun kontzientea: Badakigu eta, gainera,
badakigu badakigula. Jakin beharrekoa dakigunean eta egiteko gai
garenean, baina, egin ahal izateko, gure arreta eta kontzentrazio
osoa behar dugunean. Une honetan ikasitakoaz jabetzen gara baina
ikasitakoa ez dugu erraztasunez erabiltzen. Badakigu autoa gidatzen
baina arreta eta kontzentrazio osoa jarri behar dugu gidatzeko.
Gidatzerakoan eman beharreko urrats bakoitza (ispilutik begiratu,
keinukaria jarri, enbragea zapaldu, martxa aldatu, enbragea
askatu...) burura ekarri behar dugu eta banan-banan eman behar ditugu
baina, oraindik, makal eta baldar gabiltza. Gidatzeak ikaragarri
nekarazten gaitu. Euskara ikasten ari denari ere gauza bera gertatzen
zaio: esaldi bat ezpainetara ekarri aurretik buruan antolatu beharra
dauka eta esaldia esan nahi duenarekin bat ote datorren neurtuko du
etengabe.
Gainera, 3.
urrats honetan, ikasitako guztia ez da erraztasun berdinarekin
erabiltzen, izan ere, ikasitakoa barneratzea erabilerari oso lotuta
baitago. Beharbada autoa gidatzen txukun samar moldatzen gara,
honezkero kilometro batzu-batzuk egin ditugulako, baina kotxea
aparkatzen baldar hutsak gara. Edo gurpila zulatzen bazaigu, gutxitan
gertatu zaigulako, trakets ibiliko gara ordezko gurpila aldatzeko.
Hizkuntzaren ikasketarekin berdin gertatzen zaigu: euskaraz hitz
egiten txukun moldatzen gara baina noka edo toka egiteko ez gara ondo
moldatzen, oso baldar ikusten dugu gure burua, erabiltzen ez
dugulako. “Natzaio”, “zeniezadaketen” eta antzeko
aditzen erabileran baldar sentitzen gara, oso gutxitan erabiltzen
ditugulako.
Urrats
honetan ibiliz ikasten da oinez. Autoan ibiliz ikasten da gidatzen,
eta euskara ere hitz eginez ikasten da. Praktika etengabeak ekarriko
du ikasitakoa erraztasunez eta jariotasunez erabiltzea.
4.
Gaitasun inkontzientea: Badakigu baina ohartu
gabe egiten dugu. Pentsatu gabe egiteko gai gara. Ohitura bihurtu
dugu. Ikasitako guztia orkestra batek bezalatsu egiten dugu,
automatikoki eta pentsatu gabe. Ikasitakoa praktikan jartzen dugu
modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean.
Adibidea: 31
urte daramatzat etxetik lanerako joan-etorria bide beretik egiten.
Bide bihurri samarra da bihurgune eta gora-behera handikoa, eta maiz
aldatu behar izaten dira martxak. Askotan, beldurtu egiten naiz
lanera iritsi naizelako eta ez naizelako jabetu halako tokitatik
igaro ere egin naizenik. Nire pentsamenduetan murgilduta egiten dut
ibilbide osoa, konturatu ere egin gabe nondik ari naizen igarotzen.
- Zer behar da ezgaitasun inkontzientetik (1) ezgaitasun kontzientera (2) aldatzeko? Kontzientzia hartzea.
- Eta gaitasun kontzientera (3) aldatzeko? Ikastea eta trebatzea.
- Eta zer behar da gaitasun inkontzientea (4) lortzeko? Praktikaren bidez barneratzea eta automatizatzea.
Maslow
jaunak azaldutakoa, 2.000 urte lehenago, beste hitz batzuekin
adierazita utzi zuen Txinako Konfuzio pentsalariak: «Esan zidaten
eta ahaztu egin nuen; ikusi nuen eta ulertu egin nuen; egin nuen eta
ikasi egin nuen».
Aristoteles
filosofoak ere halatsu esanda utzi zigun: «Egiten
ikasi behar duguna, eginez ikasiko dugu».
Albert
Einsteinek ere horrelaxe zioen: «Ikastea
esperientzia izatea da, gainontzeko guztia informazioa izatea da».
Beraz
ezagutza eta erabilera estu-estu lotuta daude gaitasun osoa lortzeko.
Ikerketek ere hala baieztatzen dute:
Bi asteren
buruan honako hau gogoratuko dugu:
- Irakurtzen dugunaren % 10
- Entzuten dugunaren % 20
- Ikusten dugunaren % 30
- Entzuten eta ikusten dugunaren % 50
- Esaten dugunaren % 70
- Esaten eta egiten dugunaren % 90
NTL
Estatu Batuetako institutuaren irakaskuntzaren piramidea
Erabilitako
irakaskuntza metodoaren arabera, buruan jasotakoa aldatu egiten da.
Eskola bat
eman eta 24 orduren buruan zer gogoratzen dugun jasotzen du
piramideak:
- Eskola magistrala/ Hitzaldia: % 5
- Irakurketa: % 10
- Ikus-entzunekoa: % 20
- Frogaketa edo demostrazioa: % 30
- Taldean ikastea (talde-eztabaidak/ talde-lana): % 50
- Lan praktikoa, eginez ikastea: % 75
- Ikasitakoa besteei irakastea: % 90
Finlandiak
munduko irakaskuntzarik onena izatearen ospea du. Hezkuntza arloan
2016. urtetik aurrera Finlandian irakaskuntzak aldaketa handia izango
duela jakinarazi dute. Ikasgaiak desagertu eta “eginez ikastea”
(gaikako proiektuak) izango da hemendik aurrerako
irakaskuntza-metodologiaren ardatza. Oraingoan ere ikasteko metodorik
eraginkorrena hautatu dute.
Euskara
beharrezko bihurtu.
Gaur egun
indarrean dugun paradigmari begiratzen badiogu (Txepetx, 1987) zein
dugu ezagutza eta erabilerarekin batera paradigman azaltzen den 3.
urratsa: motibazioa.
Motibazioa,
nahia edota borondatea, hizkuntza politikaren erdigunean jarri ditugu
azken 30 urteotan. Gaur egun ere, erdigune horretan darraite.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskararen Aholku batzordeari
txosten bat aurkeztu berri dio joan den 2015eko azaroaren 11n, Eta
hemendik aurrera zer? izenburu duena, XXI.
mende hasierako hizkuntza politikaren estrategiaren ildo nagusiak
azaltzeko. Datozen bi hamarkadatako hizkuntza politikaren oinarri eta
lehentasunei buruzko markoa finkatzen du txosten horrek, eta
ohartarazten du herritarren «nahia»
izango dela «enborra».
Motibazioari buruz luze eta zabal dihardu Jaurlaritzaren txostenak:
“Motibazioak
-bai, motibazioak pluralean, motibazio berriak- lantzeko garaia da.
Arauak bai, zalantzarik gabe, baina motibaziorik gabe alferrik dira
arauak, eta motibazioak ere ezin du izan soilik politikoa. Motibazio
berriak behar ditugu, ziurrenik elkarbizitzari eta prestigioari oso
lotuak, beste zenbaiten artean euskara jakin eta erabiltzearen
harrotasunari lotuak. Eguneroko jarduna da benetan erabakigarria dena
hizkuntzaren bizi-indarrerako, eta motibazioak ere eguneroko
jardunari lotuak izan behar dira. Ahantzi gabe, eguneroko euskarazko
jarduna testuinguru eleaniztunean, baliagarritasun eta prestigio
handiko hizkuntzen ondoan gertatuko dela, hots, gisa horretako
hizkuntzen artean egin behar dela euskararen hautua egunerokoan”.
Ikus dezagun
gure “Aiaraldea” berripaperak zer dioen honi buruz:
“Ezagutzaren
datuak asko aldatu dira azken hamarkada honetan“, aipatu du Angela
Ricok, “baina tamalez, euskararen kinka ikusirik, esango nuke
euskaraz hitz egitea eta batez ere euskaraz bizitzea ez dagoela
jendearen lehentasunen artean, ez da beharrezkoa ikusten, eta hau da
gakoa”.
Beraz, gure
gurdia mugiaraziko duen indarra “beharra” da. Euskara
komunikaziorako behar badugu, tresna den aldetik, beti izango dugu
behar bezala olioztatuta erabiltzeko prest. Baina komunikaziorako
behar ez badugu, ez dugu erabiliko eta, denboraren joanarekin, tresna
guztiei gertatzen zaien bezala, herdoilak jango du.
Esan dut,
arestian, Gurdiaren Paradigmaren lehen axioma edo oinarrizko axioma
zein den: hizkuntza, gure kasuan euskara, komunikazio tresna bat da.
Beraz, tresna hori komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den
beharrezko, erabilera horren araberakoa izango da (baita ezagutza
ere). Euskara, komunikaziorako, gero eta beharrezkoago bada, orduan
eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako
dena, besterako ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa
izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago.
Hizkuntza
batek asetzen duen komunikazio beharrik oinarrizkoena haur
jaioberriarena da. Abraham Maslow jaunak gizakiaren beharrak ere
sailkatu zituen bere piramide ezagunean eta piramidearen
oinarri-oinarrian behar fisiologikoak jarri zituen, alegia, gizakiak
bizirik irauteko oinarrizkoenak direnak. Beraz, gizakiaren
komunikazio beharraren mailarik oinarrizkoenean, haur jaioberria
izango genuke. Hil ala bizikoa du haur jaioberriak ama duenari bere
behar oinarrizkoen berri ematea. Haurtxo babesgabeak ez du gaitasunik
bere kasa elikatzeko eta amarik gabe ezin du iraun. Lehenengo egun
eta hilabeteetan haurrek negarra dute adierazbide eta, hizkuntza
ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi duten lehenengo hitza
munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: “ama”. Gizakiarentzat
ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p
eta b. Baita
a bokal irekia ere. Hitz egiteko
saiakeran, haurraren ahotik irten ohi diren lehen soinu horiek,
gurasoek beren buruarekin lotzen dituzte eta, horregatik, munduko
hizkuntzetan “ama” da izenik unibertsalena.
Honekin
guztiarekin azpimarratu nahi dut hizkuntzaren erabileraren oinarrizko
akuilua komunikaziorako beharra dela. Gizakiak hizkuntza
oinarri-oinarrian komunikatzeko behar du, hori baita bere funtsezko
eginkizuna. «Komunikaziorako beharretik» sortzen da hizkuntza bat
ikasi eta erabiltzearen motibazioa, nahia, edo borondatea. Baina
nekez izango da motibazioa, nahia edo borondatea hizkuntza baten
«komunikazio beharraren» sorburu. Beharretik sortzen da motibazioa
eta ez batekoz beste. Nire ustez, motibazioa, nahia eta borondatea,
hizkuntzaren erabileran, bigarren mailako eragileak dira. Lehen
mailakoa, ezbairik gabe, komunikaziorako beharra dugu.
Borondatea,
gainera, ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzeko: joan den 2015eko
azaroan argitara eman zen ikerketa baten arabera, galesa hitz egiten
duten nerabeen % 75 galesa “hizkuntza bizia” izatearen aldekoak
dira. Oso aldeko borondatea dute galesarekin. Baina
eskolatik kanpo ez dute ia galesa erabiltzen (% 5ak erabiltzen du
interneten, % 9ak irakurtzen ditu liburuak edo aldizkariak galesez;
eta telebista edo irratia % 17ak bakarrik ikusten edo entzuten du).
Gainera, galesa hitz
egiten duten nerabe horien % 55ak ez du uste heldutan galesa erabili
beharko duenik.
Euskararen
aldeko borondatea izateak ez du euskaraz egitea eragiten. Azken bost
urteotan, Bikain ziurtagiriaren ebaluatzaile ibili naiz, urteko
enpresa banatan. Enpresa guztietan langileekin aurrez aurreko
kontraste taldeak antolatzen genituen eta enpresa guztietan, handik
edo hemendik, azkenean, beti antzeko aitormena egiten ziguten:
“enpresan euskara plana abian jartzearekin berebiziko ezustekoak
hartu ditugu. Erdaldun peto-petoak zirela uste genuen langileak,
euskaraz egiten hasi dira”.
Zer gertatu
da langile euskaldun horiekin, euskara plana abian jarri arte
enpresan euskaraz ez egiteko? Enpresak euskara plana abian jarri
duenean, beren burua babestuta ikusi dute euskaraz egiteko, eta
orduan hartu dute euskaraz azaltzeko erabakia. Gatazkaren
sindromea dute eta euskararen alde dauden arren, enpresaren
hizkuntza jokaera zalantzan jarri gabe, enpresan gaztelaniak duen
nagusitasunera makurtu eta egokitu egin dira. Euskaldunok ume-umetatik euskara
hizkuntza gatazkatsua dela barneratzen dugu, alegia, euskaraz
egiten badugu, gatazka sortzaile izan gaitezkeela. Baina, gaztelaniaz
eginez gero, gatazkarik ez dugula sortuko barneratzen dugu.
Gaztelaniaz eginez gero, arazorik ez. Euskaraz eginez gero, dena da
arazo. Bestela esanda, euskara gatazka da eta gaztelania, aldiz,
harmonia. Nork nahi du gatazkatik gatazkara ibili, etengabeko
liskarrean? Inork ez. Horregatik, euskararen alde egon arren,
gatazkarik txikiena sor daitekeela antzematen dutenean gaztelania
erabiltzen dute euskaldun gehienek, liskarrik ez sortzeko.
Euskaldunek euskaraz egiten dute euskaraz egiteko aukera dagoela
dakitenean. Ez dakitenean, ez dute egiten. Euskaraz egiteko,
ziurtasun bila ibili ohi dira euskaldunak. Beraz, euskararen aldeko
borondatea izan arren, gatazkaren sindromeak euskaraz egitea
eragozten die.
Etxetik
euskara jaso eta ikasketa guztiak, oinarrizkoetatik
unibertsitatekoetaraino, euskara hutsean egin dituen gaztea, euskaraz
erdaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen den gaztea ere, hartu
berri duten enpresan gatazka piztaile ez izateagatik gaztelaniaren
uztarripean jarriko da, euskararen aldeko borondaterik handiena
izanda ere. Gazte euskaldun horri ezin diogu eskatu borroka horretan
sar dadin. Bide eman behar zaio, aukera errealak jarri behar dizkiogu
euskaraz egiteko. Euskaraz egiteko eremu ziurrak sortu behar ditugu
(ziurtasun linguistikoa), eta horretan ere, batez ere
horretan, arreta jarri beharko dugu paradigma berria garatzeko
garaian.
Pello
Jauregi soziologo eta EHUko irakasleak dio: “Motibazio pertsonal
sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira”. Pello
Jauregiren arabera, “Indar handiagoa dauka gure jokaera sozialak
gure borondateak baino”. Gaur egun, egoera sozial gehienak
erdararen alde daude makurtuta, baina, jokaera sozialak ezinbestean
euskaraz egitea eskatzen badu, “jokabide egokitzailea” hartuko du
egoera sozial horretan murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto
moldatu, euskaraz funtzionatzen duen sistema horretan desoreka ez
eragiteagatik. Beraz, euskaraz egin beste erremediorik ez duten
egoerak sortu behar dira; izan ere, jende gehienak aldaketa egingo du
ez motibazioagatik, ez kontzientziagatik, baizik eta daukaten giro
sozialera egokitu behar duelako. Euskararen aldeko egoera sozial
batean murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz
egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen,
euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio (Maslowen ez gaitasun kontzientetik gaitasun inkontzientera iritsiko da). Jarrera aldatu egingo du
jokaera egokitzaile bat eduki behar izan duelako, ez nahi zuelako.
Laburbilduz hauxe da gakoa: Nola sortu inertzia edo jokabide sozialak
euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko, arau sozial bihurtzeko?
Euskararen paradigma berria aplikatzeko, burua horretan ere jarri
beharko dugu. Jon Sarasuak bere “Hiztunpolisa” liburuan esaten
duen bezala: “Euskal
hiztun izateak eskatuko ditu baliabide arrazoibidezkoak,
psikologikoak...”.
Eusko Jaurlaritzak ere “Hemendik aurrera zer?” txotenean ere
halaxe dio: “Faktore
objektiboek ez ezik, subjektiboek ere erabileran modu erabakigarrian
eragiten dute. Faktore subjektiboei buruz, ordea, gutxiago dakigu
faktore objetiboei buruz baino, eta uste dugu ematen zaien garrantzia
baino handiagoa eman beharko zaiela datozen urteotan”.
Argi eta
garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da.
Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren
teoriarekin. Non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu
funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez.
Gure
hizkuntzaren etsaiek ere ahuleziarik handiena dagoen tokira zuzendu
ohi dituzte erasoak: Carlos Salvador UPN alderdiko diputatuak bere
Twitterreko kontutik hauxe zioen joan den urtarrilaren 15ean:
“Obligar a aprender un
segundo idioma para poder hablar con los mismos -ni uno más- con los
que ya te comunicas con el primero ¿Es necesidad?”
Honela belarriratuko genuke, gurera ekarrita: “Bigarren hizkuntza
bat ikastera behartzea, berdin-berdinekin hitz egiteko, -bakar bat
gehiagorekin ez- aurreneko hizkuntzarekin komunikatzen zarenean,
beharrezkoa al da?”. Jacinto Benavente antzerkigile eta
literaturako Nobel saridunak zera esaten zuen: “Nire etsaien beldur
naiz, bakar-bakarrik, arrazoi dutenean”.
Batek baino
gehiagok esango du, euskarari dagokionez, beti begiratzen diogula
gure ahulari, ez gure ahalari. Baina hasierako esanera nator berriro:
“arazoari heltzen badiozu, konponbidearen erdia egina duzu”.
Gaur egun,
erabilera-esparrurik hurbilekoenean, intimoenean ere euskara ez da
beharrezko. Euskal Herriko etxe eta sukaldeetan euskara ez dugu
komunikaziorako beharrezko. Orain 100 urte, joan den mendearen
hasieran, etxe askotan eta baserri gehienetan zen ezinbesteko euskara
etxeko kideen arteko harremanetarako. Orain 100 urte, gaur ez bezala,
euskaldun elebakarrak zeuden, ez gutxi gainera, Euskal Herriko etxe
eta baserrietan. Gaur egun, aldiz, Euskal Herri osoan, etxeko kide
guztiek dakite erdaraz mintzatzen: gaztelaniaz hegoaldean eta
frantsesez iparraldean. Hala ere, beti horrela ez dela aitortu behar
dizuet: gogoan dut gure alaba, 5-6 urte zituela, nola etorri zen
behin eskolatik negar batean. Zer zuen galdetuta hauxe aurpegiratu
zigun negar-zotinka: “Gaur, lehenengo aldiz, gaztelera izan dugu
eta den-denek zekiten, zergatik ez didazue erakutsi?”. Beraz, 5-6
urte arteko haur batzuk ditugu gaur egungo euskaldun elebakar eta ale
bakar.
Euskaraz
mintzo diren etxe gehienetan, euskaraz egiten dute gurasokrazia
dagoelako. Eguneroko otorduetan zein janari plantatuko den bezalaxe,
gurasoek erabakitzen dutelako zein hizkuntzatan mintzatuko diren
etxeko kide guztiak. Otorduetan menua hautatzeko aukerarik ez dagoen
bezala, ez dago aukerarik erdaraz egiteko. Gainera, etxe askotan,
autoritatea halamoduzkoa izan ohi da: haurrei euskaraz egiteko
agindu, baina gurasoen artean erdaraz jo eta su. Izan ere, guraso
asko (eta haur asko ere bai), hobeto, erraztasun handiagoz, moldatzen
dira erdaraz; naturalago egiten dute Cervantesen edo Julio Verneren
hizkuntzan. Zenbat denbora iraun dezake gurasokrazia horrek etxe
horietan? Zenbat denbora iraungo du gurasoen aginte eredu linguistiko
horrek?
Familia
giroa dugu diglosiaren azkenetako gordelekua, azkena ez bada. Euskal
Herriko etxeetan diglosiak gero eta arrakala eta pitzadura handiagoak
ditu, gero eta itogin gehiago, erdara leiho guztietatik sartzen
baitzaigu, batik bat, digitaletatik eta ikus-entzunezkoetatik.
Gainera, datu soziolinguistikoek ere ez dute alaitasunerako aukerarik
ematen: 1991n, EAEko euskaldunen %63 etxe guztiz euskaldunetan bizi
ziren, alegia, kide guztiek euskaraz egiten zuten etxeetan. 20 urte
geroago, %40ra jaitsi da kopuru hori. Etxe mistoetan
bizi diren biztanleen kopurua hazi egin da, eta, beraz, etxean
euskaraz aritzeko aukerak murriztu egin dira. Diglosia ezari-ezarian
desagertzen ari da euskararen babesleku den azken esparru
sozio-funtzionaletik, eguzkitan lurmentzen den elurra bezala. Hori du
arriskuetan nagusiena hizkuntza gutxitu orok: azken gotorlekua den
familia esparrutik diglosia desagertzea.
Mikel
Zalbide soziolinguista eta euskaltzainak 2015eko urriaren 30ean,
Koldo Mitxelenaren gorazarretan Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru
Aldundian antolatutako ekitaldian, Mitxelenak euskara biziberritzeko
zein bide ikusten zuen izan zuen aipagai bere hitzaldian. Honela
zioen hitzez hitz: “ Aukera bakarra gelditzen da: diglosia bai,
elebitasuna bai. Ez behinolako diglosi molde zaharra, azken hatsa
gure begien aurrean ematen ari dena. Bai, ordea, luze-zabaleko
konpartimentazio sozio-funtzional (eta, agian, territorial) argiz
euskarari ingurumen jakinetan bere lekua segurtatuko diona, euskaldun
jendearen belaunez belauneko jarraipena segurtatzeko gai izango dena
eta, hortik abiatuz, bestelako zabalkunde-lanari oinarri argirik
eskainiko diona”. Eta honela jarraitzen du Mikel Zalbidek: “Aukera
hori ez da batere erraza, hainbat motiborengatik. “Benetan
funtzionatuko duen” konpartimentazio-sistema berria zein ardatz
kontzeptualen gainean eraiki behar da?”
Zalbidek
berak, neurri batean, aitortzen du diglosiaren amaiera (“Azken
hatsa gure begien aurrean ematen ari dena”) eta
“konpartimentazio-sistema berria” deitzen dio
diglosiaren ondoren euskara biziberritzeko sortzea komeni den
sistemari.
Nire uste
apalez, “konpartimentazio-sistema” berria Beharraren edo
Gurdiaren paradigman oinarritu behar dugu.
Konpartimentazio-sistema berria sortzeko (euskararentzat gune
hegemonikoak sortzeko), euskara erabiltzearen aldeko jokabide
sozialak eta inertziak sortu behar ditugu, euskararen erabilera arau
sozial bihurtuz, euskararen erabilera ezinbesteko bilakatzeko.
Cañaveral
edo Kennedy lurmuturretik espaziora jaurtitzen dituzten
espazio-ontziek energiarik handiena atmosfera igarotzeko behar dute.
Behin atmosfera gainditutakoan inertzia indarra nagusitzen da. Horixe
egin behar dugu guk geuk ere euskararekin. Euskararen erabilera arau
sozial bihurtzeko helburuari begira jarri behar dugu gure
iparrorratza, euskararentzat konpartimentazio sozio-funtzional edo
gune hegemoniko ahalik eta gehienak irabaziz, euskararen benetako
hiztun interaktiboei ziurtasun linguistikoa eskainita. Izan
ere, horrela, euskaraz egin beharreko egoerak sortuta, eta ez
bestela, etorriko da gaur egun gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz
baino erraztasun handiagoa duten euskaldun berrien jokabide
egokitzailea, alde batetik, eta, euskara etxekotzea, bestetik.
Euskaldun
berriak euskaldun herria bihurtu behar ditugu. Euskararen belaunez
belauneko iraupen-bidean euskara etxetik kanpo ikasi dutenek euskara
etxeko bihur dezaten izango dugu ondorengo 50 urteetako jomugetako
bat. Beste jomuga bat, eta ez apalagoa, erdaraz euskaraz baino
erraztasun handiagoz moldatzen diren euskaldunak euskarazko jokabidea
gailentzen den bizibidera ekarri behar ditugu. Baina aurreko bi
helburu horiek lortzeko euskararen estatusean aldaketa ezinbesteko
bat eragin behar dugu: euskara beharrezko bihurtzea, komunikaziorako
beharrezko bihurtzea.
Euskararen
aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen
periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza
izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken
batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez,
Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi
handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu:
euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako
beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara,
bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren
begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta
frantsesaren ondoan. Lluís Vicent Aracil Valentziako
soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren
garrantzia eta beharra are eta nabarmengoa egiten du: “El euskara
subraya la importancia del castellano”.
Beharra
bizilege
Orain arteko
paradigmaren tresna nagusia eskola izan den bezalaxe, “Elefantea
ikusi” artikuluak ziklo berrian garatu beharreko paradigmaren
tresnarik eraginkorrena lan-munduan ikusten du.
Gizakia
gizaki denetik bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko,
elikatzeko, beharrean ibili da, badabil eta hala ibili beharko du
gizaki den artean ere. Lana izan da gizakien zeregin nagusia historiaren
sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia.
Haitzuloetako urrutiko garai haietan, auzokide eta, askotan, elikagai
zituen basapiztiek bezalaxe, gizakiek ere bere denboraren zatirik
handiena elikagai bila pasatzen zuten.
Elefanteaz
ari garenez, ba al dakizue elefante batek zenbat denbora behar duen
egunean elikatzeko? Elefante batek egunean 16 ordu pasatzen ditu
jaten. Izan ere, elefante bakar batek egunean 220 kilo janari sartzen
baititu urdailean.
Gaur egungo
gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren erdia, askotan
gehiago, lanean igarotzen dugu. Lana dugu gizakioi bizitzako urte
gehien eramaten digun jarduera (40-45 urte).
Gainerako
izaki bizidunek ez bezala, lana edo beharra gizakiak berezkoa duen
jarduera da. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera,
egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena
garatu du. Lanak arrazoian du oinarria eta gizakiak hori du
bereizgarri gainerako piztiengandik.
Lana da gure
gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizarte modernoa,
historiaurrekoa bezalaxe, lanaren gainean dago egituratuta. Gaur
egungo gizarte aurreratu guztiek lana dute ardatz. Lana eginez
lantegien emaitzak lortzen dira, lantegien emaitzekin ekonomia
indartu egiten da eta, hain zuzen ere, ekonomiari begira dugu
antolatuta gure gaurko mundua. Ekonomiak huts egiten badu, lanak huts
egiten badu, gure mundua goitik behera dator, erabateko deskalabroa
eraginez.
Lanaren
garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan ere
aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak
berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago.
Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du.
Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako, ezinbestekoa du lana
edo beharra.
Psikologiaren
arloan ere lana funtsezko jarduera da gizakiaren autorrealizaziorako.
Maslow jaunaren piramideak gizakiaren premiak bost mailatan
sailkatzen ditu. Lana maila guztietan funtsezko jarduera dugu
gizakiaren beharrak asebetetzeko. 1. maila: fisiologikoa (jan, edan,
jantzi, garbitu, lo egin); 2. maila: Segurtasuna (segurtasun
ekonomikoa, baliabideak, osasuna); 3.a: Harremanak/gizakidetasuna
(kidetasuna, familia, adiskideak, lagunak, maitasuna); 4.a:
Estimazioa/ aitormena (estatusa, prestigioa, errespetua...); 5.a:
Autoerrealizazioa.
Eusko
Jaurlaritzak aurreko astean (2016-02-4), "Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa" (EGOD) egitasmoaren berri eman zuen eta herritarren artean
adostasunik handiena duten 21 ideien zerrenda aurkeztu zuen. Ideia
horien guztien artean, herritarren artean adostasun handiena duena,
eta aurkeztutako ideia zerrenda horren lehenengo tokian dagoena, %
96ko adostasunarekin, hauxe da: “Haurrek ingelesa jakitearen
garrantzia”. Hain zuzen ere euskal herritarrentzat garrantzitsuena
lan-mundua da eta oso barneratuta dute ingelesa behar-beharrezkoa
dela. Horregatik, gure hizkuntzari, hortik ere hainbat eraso etorri
zaizkio. Carlos Salvador UPN alderdiko gure lagunak hauxe idatzi zuen
2016-01-15ean twitterreko bere kontuan: “Estudiar
euskera no es una necesidad educativa. Garantizar el dominio del
inglés ofrece más posibilidades para encontrar trabajo. Fácil”.
Gaur egungo
gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu.
Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa
oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina
da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere.
Historiaurrean bezalaxe, gaur egun ere, lana taldeko jarduera da, jarduera soziala.
Jarduera soziala den aldetik gizon-emakumeen arteko elkarrekintza
etengabea gertatzen da laneko eremuan eta harreman horiek eragin
betea dute etxean, familian eta lagunartean. Estatistikoki, lantokia
da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko
harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik, esna igarotzen ditugun
ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan,
bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun,
lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta
hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako
hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote
harremanean eta, elkarbitzitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko
hizkuntza ohituretan ere.
Lan-mundua
euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea
izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari
dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min
hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan.
Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude, eta lantoki horietatik
herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie.
Beraz,
euskarak gizartean garrantzia eta zentralitatea irabazteko giltza
lan-mundua dugu.
Goldaketa
lanak amaitu ditut eta, honenbestez, amaiera emango diot gaurko
jardunari. Horretarako Txerra Rodriguez soziolinguistak argitaratu
berri duen liburutik (“Sutondoko kontuak”) hartutako ideia
batekin amaituko dut: estalagmita bat egiteko tanta guztiak
beharrezkoak diren bezalaxe dira beharrezko hizkuntza baten hiztunak.
Ea nire gaurko tanta honek zerbaitetarako balio duen. MILA ESKER
euskara maitatzeagatik.
- Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian emandako hitzaldia 2016-02-12an.
_________________________________________________________________________________________________
Elefantea, autoritatea, zorua eta beste.
2016-02-21 / 08:24 / Alex Vadillo
Elefantea.
Iruditzen zait puntu horretan gaudela. Aurrean elefante bat dugula adostu dugu. Elefante nolakoa den adostea falta da. Bada horretarako lana.
Paradigma berria.
Alex Vadillo Otxoa |
Autoritatea
Lidergo-kontuak zailak dira Euskal Herrian. Euskaltzaindiaren antza izango duen zerbait eskatzen da, edota Euskaltzaindiak berak lidergoa izatea. Ez dakit, bada. Manex Agirrek arrazoi du: «Euskaltzaindiaren antza izatekotan izan dezala, autoritate-izaeran, eta ez lan-metodologian eta dinamismoan». Kritika gogorxeagoak ere entzun dira (dinosaurioak, gerontokrazia…). Euskaltzaindia aldatu da garai batetik hona, baina onartuko didazue, oraindik ere, baduela elitismo kutsu nabarmen bat.
Iruditzen zait autoritateari beste zentzu bat eman behar diogula, edo bestelako autoritate mota bat eraiki. Kike Amonarrizek “lidergo partekatuaz” hitz egin zuen: ados. Euskararen munduan “lidergo eraldatzaileaz” ere hitz egin izan da: aktibazioa bilatzen duen lidergoa; nork bere ardura hartzera animatzen duena; prozesuak abian jarri eta prozesuei eutsi egiten dien autoritatea, prozesu horien emaitza baldintzatu gabe. Horrelako zerbait behar dugu. Ez inork gogoeta burutsua egin, eta gero horren berri ematea, baizik eta gogoeta prozesu kolektiboa: euskara elkarteetan, euskara zerbitzuetan, enpresetan… Imajinatzen duzue? Kolosala litzateke.
Zoru komuna
Topalabeko kideen arabera, zoru komuna da “izaera anitzeko euskaltzaleok maila kolektiboan partekatzen dugun konpromiso-esparrua, non euskaldunontzat eremu komun eta eroso bat egongo den, bizitzeko, elkarrekin lan egiteko, eta etorkizun-proiektu bat partekatzeko”. Hortaz, zoru komuna ezin da izan alde bateko eta besteko jarreren arteko zatitzaile komun handiena (iritzi guztien % 80, mutur bateko eta besteko % 10 kendu ostean). Bi gauza ezberdin dira, ezta?
(ALEX VADILLO OTXOA Euskara teknikaria eta Allartean soziolinguistika blogaren sortzailea da)
- Estreinakoz Allartean blogean argitaratua 2016-02-21ean.
_________________________________________________________________________________________________
Egundoko ekarpena.
2016-02-22 / 21:00 / Arkaitz Zarraga
Arkaizt Zarraga Azurmendi |
Bestela, zure
hitzaldiaz esan behar dizut erabat ados nagoela aipatzen duzunarekin. Erabilera
indartzea, belaunaldiz belaunaldiko jarraipena edo ondorengoetaratzea eta
estatusean aurreratzea, zalantzarik gabe erronka nagusiak dira. Estatusarena zentzu
zabalean, hau da, lege estatusetik gizarte mailako prestigiora. Hor kokatzen da
lan munduaren garrantzia, jakina. Ondo osatuta dago publikotik egindako lehen
ekarpenean (Elefantearen testuari egindako ekarpenetan bezala) komunikabideak
(ETB) eta Internet aipatzean.
Agian piska bat
zehaztea falta da paradigma bera iraultza zientifikoan datzala esatean zertaz
ari zaren, Zein zientziatik edan behar dugun. Nik oso argi dut, adibidez,
egundoko inbertsioa egin behar dugula hizkuntzaren irakaskuntzan. Batez ere
Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokionez. Izan ere, hortxe prestatuko
ditugu pertsonak lanean aritzeko, baina gainera, euskaltegietatik irtenda,
lan-munduko plangintzak garatzen jarriko bagenitu euskaltegiak, egun
euskaltegietara hurbiltzen ez diren euskaldungaiengan eragiteaz gain, “euskaldundu”
direnengan ere eragingo genuke, testuinguruan eragingo genuke, erabileran
zuzenki eragingo genuke... Horretarako egokia da HABEren curriculuma,
zientziatik egoki edan baitu, baina oso testu puntakoa izateak ez du ezertarako
balio gerora aplikatzen ez badakigu, langileak inork trebatzen ez baditu...
Aipatzen duzun
DALEren piramidea sarritan erabili dut nire ikastaroetan. Oso baliagarria
iruditzen zait erakusteko ze gaizki ari garen Hizkuntza Eskakizunen diktadura
pean Euskalduntze Alfabetatzean eta zelan testuinguruen baitan irakatsita askoz
eraginkorragoak izango ginatekeen. Maslowren bigarren mailatik hirugarrenerako
bidean dauden horiei laguntzeko bide horietan sakondu beharko genuke
zalantzarik gabe.
Tira, hortik doa
nire harrikada (harrikadetako bat), baina zure paradigman oso egoki kokatuta
ikusten dut. Horregatik sentitzen dut erabateko sintonia azken aldian entzuten
diren zenbait joerekin. Kontua da ez dakidala zer egin behar dugun behingoz
eztabaidatik neurri jakinetara pasa ahal izateko!
Patxi, nirekin
konta dezakezu bide honetan sakontzeko. Galderak badituzu bota lasai, ekarpen
jakinen bat nahi izanez gero, eskatu. Eta, batez ere, jakin ezazu bide onetik
zoazela uste dudala eta kriston ekarpena egin duzula iruditzen zaidala. Espero
dut minbizi madarikatu hori gainditzea eta gerora eskerrak ematea “bitxoari”
eman dizun adore eta bultzadagatik.
Bejondeizula eta
nahi duzun arte.
(ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI Basauriko euskaltegiko irakaslea da, trebatzaile lanetan)
_________________________________________________________________________________________________
Elefantea gidari ona da.
2016-02-24 / 08:57 / Joxe Manuel Odriozola
Joxe Manuel Odriozola |
Berria
egunkarian argitaratu zenuen "Euskara, beharra da gakoa"
artikulura mugatuko naiz nire hausnarketa labur honetan. Horko
pasarte batzuk oso mamitsuak direnez, badago zer pentsatua zuk
formulatutakoaren hariari tiraka.
Besteak
beste, diozu, hizkuntza minorizatuak “beren hiztunek dituzten
komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak” direla,
“beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru
eta funtzioak bereganatu dituela”. Ez da abiapuntu txarra zurea:
zer egin behar dugun jakiteko, zer egin diguten jakitea baino gauza
hoberik ez dago. Estatuaren hizkuntza nazional hegemonikoak goitik
behera hizkuntza menderatuaren funtzioak irentsi ditu, azken honek
bere-bereak zituen funtzio arruntak ere zurrupatu arte. Ondorio
adierazgarria: hizkuntza menderatzaileak hizkuntza menderatuaren
funtzioak blokeatu eta are ordezkatu egiten ditu funtzioen
botere-hierarkia dela medio. Patxi, funtzio kultural eta
sozioekonomikoak gutxietsiz euskararen funtzio arruntak indartu nahi
dituztenei ohar txit argigarria egin diezu hor.
Zure
bigarren ohartarazpenari ere argitasunaren txinparta dario.
Lehendabizi diozu hizkuntzaren erabileraren araberakoa izango dela
ezagutza. Eta ondoren, galdetzen duzu gaur egun non den beharrezkoa
euskara. “Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon
ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu”. Honako hitzokin
bukatzen duzu pasartea: “euskararen ahuleziak gaztelaniaren
garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du”.
Mamitsuak
dira, mamitsuak direnez, zure hitzen mezuak. Zure lehendabiziko
ideiak maiz pentsatu izan dudan burutaziora narama: alegia, hizkuntza
baten ezagutza erabileraren mendeko kontua dela, ez dela prozesu
autonomo bat, ez dela praxirik gabeko jakite teoriko formal bat.
Hizkuntza baten jakite maila erabilera osoak, alegia, orotariko
sozializazioak, ez eskolakoak bakarrik, determinatzen duela.
Hizkuntza baten gaitasun komunikatiboa ez da gaitasun kognitiboa,
akademikoa eta formala soilik, sozializazio eta erabilera orokorrari
esker lortzen den gaitasun integrala dela.
Pasarteko
bigarren puntuaren bukaeratik hasita, gutxitan azpimarratzen den
ideia bat jo duzu begiz: hau da, euskararen egoera zinez zertan den
jakin nahi duenak, ezin dio euskarari soilik begiratu, erdararen
estatus soziolinguistikoari ere so egin behar dio. Bi hizkuntzen
arteko dialektika soziolinguistikoaz eta politikoaz mintzo ez zaigun
diskurtsoa ez da sinesgarria. Engainagarria da erabat. Eta diskurtso
mota horrek bizi giatu inoiz baino gehiago gaur. Diskurtso
aldaketaren izenean, diskurtso euskaltzalea gero eta otzanagoa
bihurtzen ari da. Itxurak itxura, diskurtso ofizialaren
aldaera-trazak hartzen ari da egunetik egunera.
Hizkuntzaren
beharrezkotasunaz, berriz, zer esango dizut nik? Zerorrek ondo baino
hobeto diozu: bigarren mailako hizkuntzak bigarren mailako herritar
egiten gaitu, gure euskalduntasuna ez da giza duintasunari dagokion
neurrikoa. Duintasunaren neurria zer den jakin nahi duenak, berriz,
azter beza erdaldunaren estatus soziolinguistikoa, hor aurkituko du
hitzaren neurriko egoera. Beharrezkoa ez den hizkuntzak ez gaitu
gizaki oso egiten, eta, horregatik, euskarak ez gaitu euskaldun
egiten. Eta norbaitek sinetsarazi nahi badigu beste hizkuntza batekin
edo batzuekin batera egiten gaituela herritar euskaldun, ez sinetsi.
Gainerako hizkuntzak ez ditugu behar ezertarako euskaldun izateko.
Hizkuntza horiek behar ditugu nazio-hizkuntzaz haraindi dauden
funtzio komunikatiboak asetzeko. Ez bestetarako. Izan ere, euskaraz
bizitzea ezin da izan bigarren mailako hizkuntza batean bizi eta
erdara menderatzaileak euskara menderatuak bete behar lituzkeen
funtzioak betez euskaldunon duintasuna osatzea. Bigarren edo
hirugarren hizkuntza osagarria eta aberasgarria izango zaigu axioma
soziolinguistiko hau betetzen den neurrian: hau da, euskarak nazio
euskaldunaren funtzio komunikatiboak bete beharko ditu, zeren eta
hori gertatu ezean, gure euskalduntasuna euskalduntasun diglosikoa
(ohiko zentzuan, ez jatorrizkoan), etnikoa, artifiziala eta marjinala
izango da.
“Lana
da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena”: horra zure
beste iritzi bat. Bete-betean asmatu duzu gai horretan ere:
“sozializazioaren faktorerik garrantzitsuena lana da”, dio
batetik Andre Gortzek. Eta bestetik: “kohesioa eta herritartasuna
oinarritzen diren lana” ezin da murriztu nolanahiko ‘lana’
kontzeptura, zeren eta “lana kategoria antropologikoa izateaz gain,
gizakiaren bizi-iraupena bermatzen duen beharrizana da”
(“Metamorfosis del trabajo”, 1995). Labur-zurrean: lanak bizi du
gizakia beste ezerk baino areago.
Oker
ez banago, esan izan duzu hezkuntza sistemak euskalduntzen duena
lantegi erdaldunak zapuzten duela. Ez dakit zure hitzak horiek diren,
baina zure aburua hor nonbait ibiliko da. Zure pertzepzio
soziolinguistiko zolia euskarari buruz egiten diren azterketa,
inkesta eta neurketa guztiak baino fidagarriago da. Lanaren mundua
indar soziolinguistiko erdaldunen esku dagoen bitartean, D ereduaren
inguruan guztiz zabaldua eta onartua dagoen ilusioa iruzur bat
besterik ez da arnasguneak salbuetsita. Jadanik ez da nahikoa eskolak
ez duela euskalduntzen esatea, bada ordua zera eransteko ere: alegia,
D ereduak ez duela euskalduntzen gaurko baldintza
soziolinguistikoetan, euskalduntzea gaitasun komunikatiboa eskuratzea
baldin bada. Eta ezin da besterik izan. Gure agintari autonomikoei
ahantzi egin zaie nonbait, hizkuntzak ikasi baino errazago ahaztu
egiten direla, eta eskolan ikasitakoa, jarraipenik ezean, erdal
itsasoan itota ahanzten dela.
D
ereduak ez du euskalduntzen, berez ezin duelako halako helbururik
erdietsi. Ez al dugu bada gorago berretsi honako axioma honen
zuzentasuna: hots, euskaldundu, sozializazioaren kate-harreman osoak
bakarrik euskaldun dezake, ez pertsonaren bizitzako aro eta molde
jakin batek. Euskaraz bizi ezean ez dago euskaldun izaterik. Euskaraz
bizitzeak bakarrik ahalbidetzen duelako ahoz eta idatziz behar
adineko erabilera eta motibazioa garatzea, eta, ondorioz, gaitasun
komunikatibo nahikoaren jabe izatea.
Zure
proposamenak hirugarren transmisiora garamatza. Batetik, hizkuntzaren
transmisio naturala daukagu: nolabait esateko, funtzio lokalera eta
etnikora mugatzen da bere egitekoa. Bestetik, transmisio kulturala,
hizkuntza nazionalaren hezkuntzazko eta hedabidezko funtzio kognitibo
eta informatiboak bilduko lituzke bere baitan. Hirugarren funtzioa
funtzio sozioekonomikoa izenda dezakegu, zure eskariaren zentzuari
jarraiki. Bizitza sozioekonomikoaren oinarri eta egitura material,
teknologiko eta pragmatikoak ehuntzen eta gauzatzen dituen jarduera
mota, hain zuzen.
Lanaren
eta hizkuntzaren arteko harremanez ari garenez, zilegi bekit
harreman horren ikuspegi filosofikoaz hitz erdi bat hemen landatzea.
“Lanaren eskutik eta lanaren bidez sortu zen hizkuntza (Marx eta
Engelsen ustea zen hau), eta auzi horri buruz dagoen azalpen zuzen
bakarra horixe da. (…) Lehendabizi lana, eta gero, horrekin batera,
hitza: horra hor bi akuilu nagusiak”. Beharbada ez zebiltzan oso
oker marxismoaren sortzaileak. Lana baitu gizakiak oina-oinarrizko
beharrei erantzuteko baliabide-iturria, beste ezer baino lehen ase
beharrekoa. Eta beharrizan hori baldin bazegoen hizkuntzaren
sorrerako zioetan, oraingo gizakiaren beharrak ere lanaren bidez
asetzen dira orduan bezala ez bada ere. Guztiz zentzuzkoa da, beraz,
zuk baietsi duzuna: lana da pertsonaren bizitzako “jarduera
garrantzitsuena”, jarduera garrantzitsurik baldin bada.
“Lanerako
edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean”
euskarak ez du etorkizunik zure ustez. Nik erantsiko nuke kultura
soziolinguistikoaren oinarrizko printzipio bat ezarri duzula
euskararen aldeko borroka-leku ideologikoan eta politikoan. Hizkuntza
plangintzan eta glotopolitikan lehentasunik baldin badago, lanaren
eremuari zor zaio lehentasun hori. Eta arrazoia begien bistan dago:
botere-gune estrategikoa da ekonomiaren sistema, eta sistema
estrategiko horretatik kanpo dagoen komunitate linguistikoa hotzak
akabatzen dago. Bizitza materialaren, sozialaren eta kulturalaren
erreprodukzioan esku hartzen ez duten hiztunak eta hizkuntzak ezin
dira produzitu eta erreproduzitu bere baitako erregulazio
mekanismoetan. Zerraldoa edo bizi-iraupen artifiziala: horra zer
daukaten zein atarian. Euskarari bigarrena opa dio botere-sistema
autonomoak Hegoaldean, aurrenekoa Frantziak Iparraldean.
(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR gizarte-hizkuntzalaria da)
_________________________________________________________________________________________________
2016-02-28 / 11:03 / Mikel Irizar Intxausti
Paradigma berriaren osagai funtsezko batzuk.
2016-02-28 / 11:03 / Mikel Irizar Intxausti
Mikel Irizar Intxausti |
Kaixo Patxi!
Irakurri diat hire artikulu mardula eta, nabardurak gorabehera, bere horretan osorik egiten diat nire. Zorionak horrenbeste hari mutur hain ondo harilkatzeagatik!
- Euskararen normalizazioa prozesu bat da (ez estatus bat) eta euskaltzaleon erronka da bere adierazle oinarrizkoek hazkunde erritmo jarraitu bat erakustea.
- Euskararen normalizazioan ez dago helburu finalista bermatzaile bat, inertziak beti izango ditu kontra, Beraz, beti beharko du hiztunen eta erakundeen konpromisoa, hobe dugu agoniak baztertzea.
- Euskararen normalizazioa gauzatuko da esparru eta funtzio garrantzitsu batzuetan -ahalik eta gehienetan, ez dira inoiz guztiak izango- euskaraz egitea ohiko edo ez egitea arazo bihurtzen direnean.
- Euskararen normalizazioan onartu beharko dira higadura esanguratsuak isolamenduaren ondorioz sortu ziren arnasguneetan; euskara nonahi eta beti egongo da beste hizkuntzaren batekin igurtzian.
- Euskararen kalitatean edo jatortasunean ere onartu beharko dira higadura handiak, hizkuntzaren hedapena eremu gero eta 'arrotzago'etan gauzatuko bai da.
- Euskararen posizio soziala izango da hiztunon posizio sozialaren araberakoa; euskaltzaleok hegemoniko garen esparruetan euskara hegemoniko izango da ("pintan vascos" esaten dik nire lagun batek).
- Euskarak aurrera egin dezan euskaltzaletasuna auspotzea bezain baliotsua da kontrakotasuna desaktibatzea. Horretarako eraiki behar dira diskurtso inklusiboak (askatasuna, berdintasuna, justizia), helburu partekatuak (hizkuntza berdintasuna), tarteko esparruak (hizkuntza simetria), autoritate zientifikoak (Soziolinguistika Institutua), praktika erraztaileak (ulermena berariaz lantzea)...
- Gurea bezalako gizarte konplexuak polizentrikoak dira eta ez dute amets bakarra partekatzen, baizik eta amets ezberdinez osatutako konstelazio bat. Euskaltzaleon egitekoa da euskara ondo kokatzea konstelazio horretan.
- Euskararen aldeko dinamikan jauzi handia egin liteke ikuspegi edo paradigma partekatu baten inguruan adostasun sozio-politiko zabala sortzen bada, horrek sortuko lukeen ilusioari esker
Beno, horiek batzuk dituk (eta eztabaidatzekoak) nire eguneroko esperientziatik atera eta bapatean zerrendatuta.
Oro har, oso baikor sentitzen nauk. Umiltasun handia zagok alde ia guztietan, bai ekonomikoa (murrizketen eraginez) eta bai intelektuala (zalantza partekatua) eta aspaldi ez bezala errespetuz hartzen diagu elkar. Orain behar ditiagu eztabaidarako eta gogoetarako foroak, eta iritziak partekatzeko sareak. Zentzu horretan, oso estimagarria eta txalogarria duk hire ekarpena, Patxi, mila esker.
Besarkada bat eta animo!
(MIKEL IRIZAR INTXAUSTI Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria da Gipuzkoako Foru Aldundian).
_________________________________________________________________________________________________
2016-02-29 / 17:11 / Karmelo Aiesta
_________________________________________________________________________________________________
Badakit aurretiaz jorratu ditugula alderdi biak, baina utzidazue segitzen.
Bilbon nabarmen azaldu zen moduan, euskara beharrezkoa den neurrian egingo dugu aurrera. Lan esparruan ere, euskara halaxe bermatu da, lanlekuak eta enpresak non euskararen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoak diren: horixe da ardatz bertikala: goitik beherako ezarpena. Ez gara horretan beraz hutsetik abiatzen. Baina horretan sakondu nahi bada noizbait heldu beharko gara euskaraz bakarrik bete daitezkeen funtzioetara. Gure harridurarako, lan esparruari gagozkiolarik hori aspaldi egiten da testuinguru eleaniztunetan murgiltzen diren korporazioetan; hau da, modu bertikalean arautzen da ahoz eta idatziz zein hizkuntzetan egingo den komunikazio bakoitza, eta azkenean horrek bermatzen ditu hizkuntza horien ezagutzarako exijentzia eta erabilera. Gure inguruan ostera, eta hezkuntza mundua alde batera utzita, euskararen erabilera ia bakarrik arautu da sektore publikoan, eta gehien bat hedapen handiko komunikazioetan (Administrazioaren kasuan) betiere herritarren hizkuntza eskubideak aintzako. Eta noski, euskara ofiziala ez den lurraldeetan hori ere ez. Era berean badira, sektore pribatuko enpresa ugari, borondatez, euskara planak ezarri dituztenak euren erakundeetan eta ari direnak komunikazioak euskaraz ere egiten. Baina harrigarria bada ere, lan eremuaren potentzialtasuna askozaz handiagoa da; erabat legezkoa baita eginkizun bakoitza ze hizkuntzatan jorratuko den arautzea: batean, bestean edota batean baino gehiagotan lan egiteko agintzea, alegia. Are gehiago, harritu beharko gintuzkeena egungo egoera da, non elebitasun orekatuaren kasu askotan hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua langileen esku geratzen den. Ohartuko zinetenez, bertikala deritzot ardatz honi aginpidea eskatzen duelako. Baina betikora bueltatzen gara: noraino heltzen da hizkuntza politikaren borondatea? Euskararen ezagutza eta erabilera arautuz gero, jakinik erdara biek ezagutza unibertsala dutela, zelan erreakzionatuko luke gizarteak? Ba, hain zuzen zalantza horiek garamatzate bigarren ardatzera.
Bigarren ardatzari horizontala deritzot eta aurreko iritzi-txandan ere aipatu nuen zelanbait. Kontua da epe ertainean, behintzat, inguruko hizkuntzen estatus juridikoa ez dela aurreikusten aldatzerik; hori horrela, Euskal Herrian berba egiten diren erdarek jarraituko dute euren ezagutza unibertsala bermaturik izaten eta euskarak, ostera, borondatezkoa izaten segituko du. Arestiko paragrafoan genioen euskara erabiltzen dela beharrezkoa den eremu eta egoeretan, baina gutxitan erreparatzen diogu euskararen mirariari. Hau da, hainbeste kezka eta zalantza dugu ikustean gehien bat jendeak ez duela euskaraz hitz egiten, baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari euskaraz bizitzea erabaki dutenek zergatik hartu duten bide hori. Oker ez banago antzeko zerbait planteatzen zuen Dabid Anautek aspaldi Leitza inguruko gazteen hizkuntza jokaerak aztertzean. Kontua da, beharrezkoa izan barik, baditugula euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak ia Euskal Herri osoan, eta ez dira hain gutxi euskarak presentzia ahula duen eskualde eta hirietan. Nire ustez ikertu beharko genituzke hautu horretara daramatzaten argudioak, hain zuzen, euskararen aldeko argumentu multzoa, ideologia, ikuskera eta abar ezagutzeko eta hizkuntza transmititzeko zentroetan txertatzeko, baita euskalgintzaren eragileen bidez gizarteratzeko ere. Izan ere, aurreko artikuluan aipatzen nuen Txepetxen eskemaren hiru puntuetan nik oker gehien motibazioan ikusten nituela, hots, hizkuntza transmititzeko baditugu plangintzaldi, epe eta profesional egokiak, baina nire ustez huts egiten dugu sistematikoki hizkuntzarekiko fideltasuna eta ardura transmititzean. Iritzia dut horren inguruko ideologia ezagutzeak, biltzeak eta egituratzeak lagundu dezakeela horren gizarteratzean azkenean, instituzioen esku ez ezik, herritarron esku ere badagoelako euskara beharrezko bihurtzea. Era berean, arlo instituzionalean mugitzen den euskalgintzak ere bere argudioak eguneratzeko beharrizana badu eta aspaldi ohartu ginen bestelako diskurtsoak behar ditugula jende berria erakartzeko euskararen erabilerara.
Magma handi horri ardatz horizontala deitzen diot, beraz; eta gorago aipatzen duen ardatz bertikalaren osagarria delakoan nago. Orain, euskalgintza osoaren bateratasuna beharko genuke ardatz bietan urratsak ematen hasteko, kolore politikoa gorabehera, sektore publikoan zein pribatuan, hezkuntza sisteman zein helduak euskalduntzeko ikasgu sarean urratsak emateko.
Une egokia izan daiteke euskalgintzak hurrengo urratsak emateko
2016-02-29 / 17:11 / Karmelo Aiesta
Euskararen
normalizazioak gizarte-eraldaketa galanta eskatzen du.
Eraldatze-prozesuak arrakastatsuak izan daitezen, ezinbestekoa da
aldatzeko premia-sentimentua indartzea eta erdigunean kokatzea
arazoaren eztabaida. Zalantza barik, eragin handia izan duzu zuk eman
duzun lehen urrats horretan. Eskertzekoa da. Aurrena, elefantearen eztabaida piztu zenuen. Uste dut zure hasierako helburua gainditu
egin zela, ekarpenak ez baitziren “elefantea”ri buruzkoak
bakarrik izan, euskalduntze-prozesu osoaren gainekoak baizik.
Ez dakit
lan-munduaren euskalduntzea den elefante nagusia, baina, zalantzarik
gabe, nagusietako bat bai. Bat nator zure iritziarekin. Batzuetan ez
dugu ikusten noraino heltzen den lan-esparrua. Aisialdian ere,
inguruan dugu, ia beti, lanean ari den norbait: pintxo-potean
gabiltzanean, tabernariak; frontoian, pilotariak eta apostulariak;
telebista ikusten ari garenean, aurkezleak; zinean, atezainak;
Urbiako fondan, tabernariak... Euskarak aurrera egingo badu, nahitaez
bereganatu behar du lan-eremua. Beste modu batean esanda, euskal
hiztunok erdaldunen hizkuntz eskubide eta aukera berdinak izateko,
ezinbestekoa da lan-mundua euskalduntzea. Bestalde, agerikoa da
hezkuntza-sistemak euskalduntzen duena erdaldundu egiten duela lanak.
JM Pastorrek azaldu zituen Berrian EHUko erdarazko graduko ikasleen
artean eginiko inkesta baten emaitzak: D eta B ereduko ikasleek
gradua erdaraz aukeratzeko lehen arrazoia da uste dutela
lan-merkatuan erabilgarriagoa izango dela erdaraz ikastea.
Ezinbestekoa, hortaz, lan-mundua euskalduntzea.
Autoritate
eta lidergoaren gaian ados nago Alex Vadillok idatzi duenarekin.
Euskal Herrian dugun antolaketa oso konplexua da, eta erakunde bakar
batek ezin du eraldaketa soziala gidatu. Kike Amonarrizek aipatutako
“lidergo partekatua” edo “lidergo
eraldatzailea” izan daiteke aukerarik
eraginkorrena. Alexek dioen bezala, “aktibazioa bilatzen duen
lidergoa; nork bere ardura hartzera animatzen duena; prozesuak abian
jarri eta prozesuei eusten dien autoritatea, prozesu horien emaitza
baldintzatu gabe”. Nire iritzian, Euskaltzaindiak betekizun
garrantzitsua du lidergo partekatu horretan, eta beste eragile
batzuek ere bai.
Euskararen
beharrezkotasunaz, berriz, guztiz ados: bigarren mailako hizkuntzak
bigarren mailako herritar egiten gaitu, eta hori ez da ez bidezkoa ez
onargarria. Beharrezkoa al da erdara gurean? Bai, legez. Bada,
euskarak egoera berean egon behar luke bigarren hizkuntza ez izateko.
Urrun gaude oraindik egoera horretatik.
Diskurtsoaren
mailan, uste dut arriskutsua izan daitekeela euskara
batez ere beharra
hitzarekin lotzea, batzuek bi era gaiztotan erabiltzen baitute lotura
hori. Alde batetik, euskara inposatu nahi dela esateko; bestetik,
esateko herritarrek ez dutela euskara erabili nahi, eta horregatik
nahi dutela batzuek beharrezko izatea. Nire iritzian, diskurtso
horiei aurre egiteko, komeni da beste lotura bat ere egitea: euskara,
eskubidea, eta nahia. Hau da, biztanle guztion eskubidea da euskara
erabiltzea, biztanleok horrela nahi dugulako; eta eskubide hori
bermatzeko, biztanle guztiok dugu gure betebeharra. Gainerako
eskubide guztiekin ere gauza bera gertatzen da.
Motibazioari
dagokionez, funtsezkoa da motibazio pragmatikoa, eta beharrak eragin
handia dauka horretan. Aldi berean, komeni da beste motibazio-mota
batzuk ere jagotea, eta euskara emozioekin, bihotzarekin, balioekin,
eta gogoarekin ere lotzea. Beharrean bakarrik oinarritutako erabilera
ez da naturala, eta hil daiteke beharra desagertu bezain laster,
esaterako, ikasleek klasetik irten eta jolas-ordua heldu bezain
laster. Beharrak bakarrik ez du euskararen erabilera bermatuko;
borondate hutsak ere ez. Gogoa eta beharra, biak indartu behar dira
euskara biziberritzeko, eta koktel hori zuk proposatutako “euskaraz
egiteko ziurtasun-eremuetan” egon daiteke.
Amaitzeko,
eredugarria eta txalogarria da bultzatu duzun eztabaida irekia eta
anitza. Aditu askoren iritziak batzen lagundu duzu eta ikusi da
sintonia handia dagoela aditu askoren artean. Une egokia izan daiteke
euskalgintzak hurrengo urratsak emateko, lidergo partekatu eta
eraldatzailearen gidaritzapean.
Besarkada
bat eta eutsi!
(KARMELO AIESTA ingeniaria eta euskaltzalea da)
- Kamelo Aiesta «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuaren egilea da. Ikus, HEMEN
Euskararen errota
2016-03-01 / 09:14 / Aitor Esteban Etxebarria
Aitor Esteban Etxebarria |
Pozgarria da ikustea hasitako eztabaidak badarraiela martxan eta geroz eta jende gehiagok hartzen duela parte. Deus baino lehen, zorionak Bilboko jardunaldiaren antolatzaile, berbalari eta entzuleoi; ni tamalez, lan kontuak tarteko ezin izan nintzen bertan izan. Hori horrela, Berriak plazaratutako kronika hartu dut abiapuntu eta modu artezean erantzun nahiko nioke artikuluaren amaieran airean lotzen den galderari:
Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?
Arotzaren kantan lez, ur handi eta
astunak dira galdera horrek planteatzen dizkigunak, eta askoren artean
erantzun beharko genukeelakoan, ni iritzi bat ematen ausartuko naiz
eztabaida aberaste aldera. Kantaren istorioari tiraka, esango nuke
itsaso zakar eta haize bortitz dabilzkigun honetan, errota baten premian
gaudela indar horiek bideratu ditzagun. Errota orok bezala, gureak
ardatz biko mekanismoak beharko luke:
- Bertikala: euskara beharrezko bihurtuko duena,
- Horizontala: euskara erakargarri bilakatu duena.
Badakit aurretiaz jorratu ditugula alderdi biak, baina utzidazue segitzen.
Bilbon nabarmen azaldu zen moduan, euskara beharrezkoa den neurrian egingo dugu aurrera. Lan esparruan ere, euskara halaxe bermatu da, lanlekuak eta enpresak non euskararen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoak diren: horixe da ardatz bertikala: goitik beherako ezarpena. Ez gara horretan beraz hutsetik abiatzen. Baina horretan sakondu nahi bada noizbait heldu beharko gara euskaraz bakarrik bete daitezkeen funtzioetara. Gure harridurarako, lan esparruari gagozkiolarik hori aspaldi egiten da testuinguru eleaniztunetan murgiltzen diren korporazioetan; hau da, modu bertikalean arautzen da ahoz eta idatziz zein hizkuntzetan egingo den komunikazio bakoitza, eta azkenean horrek bermatzen ditu hizkuntza horien ezagutzarako exijentzia eta erabilera. Gure inguruan ostera, eta hezkuntza mundua alde batera utzita, euskararen erabilera ia bakarrik arautu da sektore publikoan, eta gehien bat hedapen handiko komunikazioetan (Administrazioaren kasuan) betiere herritarren hizkuntza eskubideak aintzako. Eta noski, euskara ofiziala ez den lurraldeetan hori ere ez. Era berean badira, sektore pribatuko enpresa ugari, borondatez, euskara planak ezarri dituztenak euren erakundeetan eta ari direnak komunikazioak euskaraz ere egiten. Baina harrigarria bada ere, lan eremuaren potentzialtasuna askozaz handiagoa da; erabat legezkoa baita eginkizun bakoitza ze hizkuntzatan jorratuko den arautzea: batean, bestean edota batean baino gehiagotan lan egiteko agintzea, alegia. Are gehiago, harritu beharko gintuzkeena egungo egoera da, non elebitasun orekatuaren kasu askotan hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua langileen esku geratzen den. Ohartuko zinetenez, bertikala deritzot ardatz honi aginpidea eskatzen duelako. Baina betikora bueltatzen gara: noraino heltzen da hizkuntza politikaren borondatea? Euskararen ezagutza eta erabilera arautuz gero, jakinik erdara biek ezagutza unibertsala dutela, zelan erreakzionatuko luke gizarteak? Ba, hain zuzen zalantza horiek garamatzate bigarren ardatzera.
Bigarren ardatzari horizontala deritzot eta aurreko iritzi-txandan ere aipatu nuen zelanbait. Kontua da epe ertainean, behintzat, inguruko hizkuntzen estatus juridikoa ez dela aurreikusten aldatzerik; hori horrela, Euskal Herrian berba egiten diren erdarek jarraituko dute euren ezagutza unibertsala bermaturik izaten eta euskarak, ostera, borondatezkoa izaten segituko du. Arestiko paragrafoan genioen euskara erabiltzen dela beharrezkoa den eremu eta egoeretan, baina gutxitan erreparatzen diogu euskararen mirariari. Hau da, hainbeste kezka eta zalantza dugu ikustean gehien bat jendeak ez duela euskaraz hitz egiten, baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari euskaraz bizitzea erabaki dutenek zergatik hartu duten bide hori. Oker ez banago antzeko zerbait planteatzen zuen Dabid Anautek aspaldi Leitza inguruko gazteen hizkuntza jokaerak aztertzean. Kontua da, beharrezkoa izan barik, baditugula euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak ia Euskal Herri osoan, eta ez dira hain gutxi euskarak presentzia ahula duen eskualde eta hirietan. Nire ustez ikertu beharko genituzke hautu horretara daramatzaten argudioak, hain zuzen, euskararen aldeko argumentu multzoa, ideologia, ikuskera eta abar ezagutzeko eta hizkuntza transmititzeko zentroetan txertatzeko, baita euskalgintzaren eragileen bidez gizarteratzeko ere. Izan ere, aurreko artikuluan aipatzen nuen Txepetxen eskemaren hiru puntuetan nik oker gehien motibazioan ikusten nituela, hots, hizkuntza transmititzeko baditugu plangintzaldi, epe eta profesional egokiak, baina nire ustez huts egiten dugu sistematikoki hizkuntzarekiko fideltasuna eta ardura transmititzean. Iritzia dut horren inguruko ideologia ezagutzeak, biltzeak eta egituratzeak lagundu dezakeela horren gizarteratzean azkenean, instituzioen esku ez ezik, herritarron esku ere badagoelako euskara beharrezko bihurtzea. Era berean, arlo instituzionalean mugitzen den euskalgintzak ere bere argudioak eguneratzeko beharrizana badu eta aspaldi ohartu ginen bestelako diskurtsoak behar ditugula jende berria erakartzeko euskararen erabilerara.
Magma handi horri ardatz horizontala deitzen diot, beraz; eta gorago aipatzen duen ardatz bertikalaren osagarria delakoan nago. Orain, euskalgintza osoaren bateratasuna beharko genuke ardatz bietan urratsak ematen hasteko, kolore politikoa gorabehera, sektore publikoan zein pribatuan, hezkuntza sisteman zein helduak euskalduntzeko ikasgu sarean urratsak emateko.
(AITOR ESTEBAN ETXEBARRIA hizkuntza normalizatzeko teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)
_________________________________________________________________________________________________
Zutabeek etxeari eutsi gabe teilaturik ez, edo lan-munduaren garrantziaz
2016-03-03 / 17:44 / Roberto Manjon Lozoya
Roberto Manjon Lozoya |
Zer eta nola antolatzen
da gizakion mundua? hori da benetako gakoa
Euskaldunei, hots,
mundu errealari beldurrik gabe begiratuz gero, perspektiba aldatuko
da. Nire ustez lanaren mundua, horixe da, esparru bat, ez eragile,
eta halatan, bere balioa azalekoa da, handia bada ere, ez sakona.
Benetako eragilea boterea da, energia edo harremanezko jaidura,
bulka, oldar, joaira –ez zait erraza zer den hitz gutxitan
definitzen−, zerbait anizkuna, hedatua bai baina gune batzuetan
kontzentratuagoa (1): gizateriaren indar antolatzailea eta
egituratzailea. Baldin eta behar den botere-maila behar den guneetan
ez baduzu, ez duzu aurrera egingo, ezin ezer normalizatu, zer ere
egiten baituzu, ekimenik iaio, bipil eta doituenak izanik ere.
Boterea aurpegi anitzeko poliedro bat izanik, nolabait, normalizazio
berba botere
berbaren ideiari tinko lotzen zaio: botereak egiten du munduan
normala den oro normal.
Eta, jakina, ez nabil
Jaurlaritza, foru-aldundi, estatuko gobernu eta udal-batzari buruz,
horiek guztiak ideiaren baitan sartzen baditut ere, ezpada
botere-gune guztiei buruz, asko erabakigarriagoak instituzioak baino.
Jakina, lan-munduan bada botere-gunerik asko, baina sare anitzetan
gizartea antolatzen dute beste gune askorekin harremanetan, eta eten
gabe elkarri eragiten. Sare eta gune horien arteko antolakuntzazko
harremanak hierarkikoak dira, indar eragilea ez dute neurri berean.
Ez ote dira finantza-munduko sareak boteretsuagoak eta
eragingarriagoak lan-mundukoak baino? Gainera, bigarren maila batean,
baina ez hutsaren hurrengo, ez dira gutxietsi behar pentsamenduari
sotilki baina irmoki eragiten dioten, kontsumo-sareak,
banaketa-sareak, sare kultur sortzaileak eta banaketakoak, hala nola
unibertsitateak, argitaletxeak, hedabide mota guztiak.
Normalizazioaren
konponbide mirarizkoetan barna
Izan ere, kontuan
harturik ezen euskaldunak mendeetan zehar arian-arian sare horietatik
erauziak eta jaurtiak izan garela gaurko eremu malkar honetara, non
ia erabat kanporatua baikaude, euskaldunak biziberritzeko miraria
izango bada, nolabaiteko inflexio-une bat jazo behar litzateke mundu
mentalean, halakoa non euskaldunak berriro gizarte-sare eta
botere-guneen inguruan elkarrengana biltzera joko baikenuke. Miraria
diot, horixe baita behar duguna, edo mirarik izan ezik, munduaren
antolakuntza erabat eralduko lukeen katastrofe-kate bat –barbaroek
erromar inperioa eraitsi zuten gisan, hots, duela bi mila urte
euskaldunak salbatu zituen katastrofea−.
Jakina, ez dugu katastroferik
nahi, gure munduan ausiabartzarik. Hala ere, nago azken hamarkadotan
katastrofe baten zantzuak ageri direla zeru-ertzean, inoiz jazoko
balira, ez dut uste bizirik helduko ginatekeenik haien osteko mundu
berritura, eta noski, ailegatzekotan ere, nork daki gaurko munduaren
hondamendiak nola eragingo ligukeen. Ez dirudi katastrofeei itxarotea
oso hautu zentzuzkoa denik.
Nolanahi ere den, naturalista
naizenez, ez idealista, ez dut mirarietan sinisten, eta, zoritxarrez,
urri nabil itxaropenez. Zernahi gisaz, hondamendiei ezin agindu
diegula, dautsogun, eutsi, itxaropenaren errainuari, hots, mirariari.
Halatan, demagun munduari begiratzeko eta ulertzeko moduan, gure
pentsamenduan, ehun eta laurogei graduko bira bat egiteko gai garela,
hori gabe ezinezkoa bailitzateke aspaldian galduriko botere-guneak
berreskuratzen hastea. Zertan datza bira hori? Euskaldunen
kontzientzia nazionala sortzeko ahaleginean.
Lehenengo miraria:
kontzientzia nazioala sortzen hastea
Euskaldunok, nazio gisa
jokatu ezik, ez dugu benetan aurrera egingo, aurrean dugun atazak
talde-kontzientzia handia eskatzen duenez. Gaur egun kontzientzia
nazionala ezinbesteko eskakizuna da esfortzuak euskaldunen etorkizuna
bermatzera egokiro eta artoski bideratzeko.
Ez gara nazioa, are gehiago,
harrapaturik gaude erdal nazionalismoaren aramuan, Espainia zale
nahiz euskotarra izan. Nonbait esana dut, eta oso mingarri egin zaie
batzuei, ezen euskalgintzan badela dinamika zoro bat, pisu handikoa,
non bizkarrezurra gobernuen aurrean aldarrikapenik aldarrikapen
ibiltzea den, eta era berean esan dut jokabide hori, asmo onekoa bada
ere, ez dela euskotar nazionalismoaren joputza besterik. Bitartean,
euskal gizartegintzan pauso ganorazkorik ez (2). Euskotar
nazionalismoak eta haren sostengu intelektualek, zintzoki modernoa,
hots, demokrata, berdintzaile, feminista, ekologista,
internazionalista, solidario, bakezale… izan nahi dutenez gero,
alegia, borroka politikoan interesatzen zaien diskurtsoa sustatzen
baitute, muga ideologiko estuak ezartzen dizkiete euskaldunen aldeko
ekimen instituzionalari nahiz herritarrari, muga politikoez gainera,
eta zaildu egiten dute euskaldunen nazio-kontzientzia kimatzea.
Zentzu batean nazioa bagara
oraindik, antzinako erregimenean ulertzen zen gisan: jatorri komun
bat duen jendea, halakotzat ulerturik hizkuntza-kultura partekatua
izatea. Baina ez gara nazio zentzu modernoan, hots boterea eskuan
duen edo eskuratu nahi duen lurralde bateko gisa-talde bat. “nahi”
hitza da gakoa, hots, kontzientzia politikoa, botereaz jabe izateko
nahia. Euskaldunok ez dugu kontzientzia politiko beregainik, eta
talde nazionalista ezberdinek gaituzte mendean eta zerbitzari.
Mendekotasun horri jaregin behar diogu nahitaez botereagatik lehiatu
nahi badugu.
Kontzientzia nazionalaren
eragile historiko nagusietatik bat, ezinbestekoa, gerla izan da (3),
talka belikoak. Euskal Herrian kontzientzia nazionala, epika
nazionala, heroiak, gu versus besteak, eratu dituzten gerlek, batez
ere espainiar eta frantses kontzientzia nazionalak mamitzeko balio
izan dute. Ordea, XIX-XX. mendeetan Espainian izan diren borrokek
hein apalago batean, Euskadiren nazionalismoa, alegia, euskotarrena
ernaldu, hazi eta elikatu dute: “Euskadi es la patria de los
vascos”. Gogoratu bestela ezker abertzalearen epika bainoi lehen
zein izan diren bertoko nazionalismoaren oinarri epikoak: godo,
franko eta islamiarren aurkako erresistentzia, XIX.mendeko kondaira
erromantiko belizistak, ororen buru Sabino Aranak hainbeste maite
zuen Jaun Zuriaren eta Arrigorriako gudaren kondaira, gerla karlisten
inguruko narrazioak …
Gerletan garaile ateratzea
izaten da onena nazioa eraikitzeko, baiki, ez beti ordea, zeren
galtzea ez baita nahitaez galgarria izaten kontzientzia nazionala
sortzeko, eta sarritan, aitzitik, eraikitzaile izaten da, eta
gainera, gogoratu dezagun Joxe Azurmendik esandakoa: historiaren
perspektiban nekez atzeman daiteke, luzera begira, galtzaile edo
garaile nor den, sarritan, bata bestea bihurtzen baita. Euskal
Herrian igaro den azken gerlatxoa ere, alde bakar bateko sueten
mugagabean arestian amaitu den horiez da, berez, euskaldunen gerla
izan, betiko modura nahasturik ibili garen arren —nola ez?
Hizkuntzazko erkidegoa ez da erkidego bakarra, eta haren mugak
zehar-lerrokoak dira beste erkidego batzuekin, kasu, erkidego
politiko eta ideologikoekin—. Kontua da, galdutako azken gerlak,
frankismoaren ostekoak, euskotarren kontzientzia nazionalari biziki
eragin badio ere, ez du ekarpen handirik egin euskaldunen
kontzientzia nazionalaren eraikuntzaz den bezainbatean.
Kontzientzia
nazionalaren sorreran eta euskarrietan badago balio eta printzipio
funtzional bat: norberaren aldeko desberdintasuna, desderdintasun
garailea bestela esanda, hots besteen berdinak ez izatea ez ezik,
besteak baino hobeak izatea. Agian norbaitek higuin du hori, baina
gustuak alde batera utzita, mundu lehiakor honetan (mundu bakarra),
desberdintasunak abantaila eman behar dizu, irudizkoa bada ere, eta
ez oztopatu, bestela, desberdintasunari muzin egin eta abantaila
ematen dizun identitateari atxikitzen gatzaizkio: egunero eta nonahi
dakusagu hori. Herri guztiak berdinak garela dioen leloa, argiro
faltsua izateaz gainera, aldarrikapen etiko bezala ez da baliagarria
herri ahulari eusten laguntzeko, hasieran kontrakoa badirudi ere, eta
azken finean, aldarrikapen etikoak ez dira irudimenezkoak besterik
(Tractatus,
Wittgenstein): gure interesen alde funtzionatzen badute ondo.
Alderantziz, talde
lehiatzaileen aldean nolabait nagusi izatearen kontzientzia hori beti
garrantzitsua bada, funtsezkoa izan da minorien biziraupenean
—minoriek bere indar eta kemenez dirautenean—, adibidez,
motzaileen kasuan: ijitoek argi daukate, hala edo hola, gehiago
direla besteak baino. Euskaldunok, berriz, maldan behera goaz gure
euskarri mitikoetan ere, narrazio historiko positibista
sasi-zientifikoaren eta globalizazioaren garaian, gero eta gutxiago
sinisten baitugu auzokoak baina txairoagoak garela. Hain zuzen ere,
mundu global-teknologiko honetan, jada ez gara gai mito zaharrei
iraunarazteko ez eta berriez ordezkatzeko: gero eta gutxiago uste
dugu Europako herririk zaharrena garenik, herririk sotilena, xaloena,
aitonen semeak, aratzenak… Gure auzokide, espainiar, frantses,
anglo-saxoi, germaniar ete enparauek zalantza gutxi dute bere
gailentasunaren gainean.
Laburbilduz
Guretzako moduko gerlarik ez
dugu izan, eta ez dirudi hodeiertzean dukegunik, are hitsago, ez
dirudi gerlarik nahi dugunik, galduko dugun beldurrez eta
erosotasunaren amoreagatik, baina, aldiz, ederretsiko genuke patuak
Zeruko mana bezala etorkizun amoltsu bat balekarkigu, hots, boterea,
beti ere borrokan atseginik hartu gabe. Ondarroan esaten denez,
koruan eta aldarean aldi berean egon nahi dugu, modernoak izan,
ederto kontsumitu, patrika bete diruz, zintzo izan, normalak eta
euskaldunak, orain eta luzaroan, baina badakigu gero eta erdaldunago
garela, gero eta zailagoa zaigula euskaldun izan eta irautea.
Ulertzeko modukoa da hori, ez dago ezer kritikatzeko, denok gezurtxo
batzuk behar ditugu kalitate minimo batez bizitzeko, baina analisi
serioak egiterakoan, argi izan behar genuke dena ezin dela eduki:
garena gara. Tautologiak ez du informaziorik ematen, baina
kontraesana non dagoen erakusten digu: ni beste bat naiz.
Eta, hala, mirariaren
itxaropena geratzen zaigu: nazioa sortzeko nahia, jarrera noraezekoa
botere-guneez jabetzeko. Horixe da, nik uste, lehentasunik behinena;
euskal inteligentziak hausnarketa horri ekin behar lioke (agian egina
da, eta etsipenez utzia), argitzen joan gaitezen nazioa sortzeko
abiaburuak, baldintzak, lanabesak, lehentasunak eta prozesuak zein
izan daitezkeen. Eta argi dakusat ez dagoela zertan ibilbide hori eta
beste batzuk denborazko katebegiak izatea, hots , bata amaitu ondoren
bestea hastea, alegia, hein batean aldi berekoak izan daitezkeela.
Baina ezin dira lehentasun berekoak izan, bestela, nork egingo ditu
urratsak lan-mundua, finantzarioa … euskalduntzeko? Subjektu
kolektibo bat behar dugu, kontzientzia duena, euskal nazioa. Ez
gaitezen eldarnioen saski-naski eta berbaroan alferrik ahitu.
Horiek guztiak horrela
esanda, baliteke lan-mundua eta finantza-, teorian bederen,
biziberritzearen giltzarri izatea, nihil
obstat, baina naziogintza delarik euskal
gizartegintzaren sostengu ideologikoa. Halaber, zeren euskaldunak
baitira errealak eta ez euskara, euskal gizartegintza da gizartean
bultzatu behar den prozesua, orain arteko euskalgintza gainditurik.
Ez dakit naziogintza nola
egin behar den –talde-lana da hori guztia argituz joatea−, eta ni
baino gehiago dakiten aditu asko daude gizartegintzaren oinarriak
xehatzeko, baina tamalez ez dugu premia horiek ikusten, eta ez gara
abiatzen. Dakusdana da euskalgintzaren ekintza eta jarduera askok ez
garamatzatela bidegurutze horretara, energia handia alferrik xahutzen
dela erakundeen aurreko etengabeko protesta eta aldarrikapenetan,
nolabait, euskaldunen etorkizunari begira onurarik gabe, atzeko
atetik eta ustekabean joko politikoan sartzen garela.
Noski, Administrazioak badu
zereginik, bere baitatik hasita, baina oso dudazkoa iruditzen zait
lehentasuneko eremuetatik bat ote den, lantoki gisa hartu ezik eta
inguru euskaldunak salbu. Jakina, Administrazioetako planak asko
aldatu behar dira, nire eskarmentuz nekez funtzionatu eta berdintzen
baitute haiengatik egiten den ahalegina; aldatu, eraberritu, zuzendu,
egokitu…, bai, baina ez arrapaladan tentuz eta artoski baizik, eta
ez agian eskakizun eta helburu gogorrago eta zorrotzagoekin, baizik
eta arrazionalagoak izan daitezen, eta zorrotzagoak euskaldunek
zorroztasun handiagoa behar duten bailaretan: gutxitan, ez gaitezen
tronpatu eta kartetan bakar-jokoan geure buruari trikimailuak egin.
(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da)
Oin-oharrak
(1)
Ez naiz luzatuko boterea ikusten dudan bezala definitzen, baina hauxe
esan nuen Jakin aldizkarian:
Hizkuntza-normalizazioa zer den
Asko hitz egiten dugu hizkuntzaren normalizazioaren gainean, hizkuntza-politikak, diseinatzen ditugun planak hizpide. Eta gehienetan zapuztuta ateratzen gara, espero genuen hartatik urrun geratzen baitira emaitzak. Euskara-planak bazterretatik egiten ditugu eta bazterretarako, inoren agindutara. Agintariak diosku egizu txoko (honetan) euskara normalizatzeko plana; ez da gehiago ukitu behar, ez inon ez inoiz. Agian bera ere miopea baita: eta ez daude, urriko gau hotz batean, neguko jauregiaren aurrean.
Hizkuntza-normalizazioaren
gainean oso kontzeptu murritza darabilgu. Planak txoko batzuetarako
egiten dira, muga jakinen gainean. Haratago ezin joan, zoramena eta
debekua. Agintariak ez dira boltxebikeak, baina agian asmo onez
jokatzen dute planak horma artean itxita nahi dituztenean. Programa
betetzen dute, euskararen alde zerbait egitea, ameskeriak alde batera
utzita. Zer da hesitik landa ukitu behar ez dena? Ikuspegi orokor eta
zabalago batetik, hizkuntza-iraultza da normalizazioa, eta izari
horretan datza gure ezintasuna eta agintarien beldurra. Euskararen
erabilera normalizatzeak aldaketa sakona eskatzen du ohituretan,
bizimoduan, harremanetan, balioetan. Aldaketa soziala, eta aldi
berean, kulturala, politikoa eta ekonomikoa. Aldaketa konplexua,
beraz.
Aldaketa
gertatu, gertatzen ari da noski, globalizazioa deritzo, historian
jazo diren antzeko eraldakuntzen ildo beretik, ez euskaldunen alde.
Hizkuntza-iraultza linboan hezurmamitzea nahi dute agintariek eta,
oro har, erdaldunek, ez dadin iraultza izan. Are gehiago, gehienok
ere horixe nahi dugula dirudi: bakoitzak bere bizitza bizi dezala.
Ikuspegi horrek harrapatuta gaude euskaldunak.
Hiztun-herri
euskalduna herri ororen baldintzen mendean bizi da, antolakuntza
ekonomiko, politiko eta sozialen esanetara, eta horiei hertsiki
loturiko sistema eta sare teknologikoek, azpiegiturek eta
lurralde-antolamenduak azpiratuta. Horregatik,
hizkuntza-desplazamenduak, ordezkapenak, berreskurapenak
—biziberritzea diogu goxo-goxo— arlo horietako higidurekin batera
gertatzen dira. Itauna, beraz, hau da: zer mugitu behar da politikan,
ekonomian, gizartean, kulturan, euskarak bizirik iraun dezan eta
normalizatu dadin? Hizkuntza-normalizazioari ez ote diogu gehiegi
eskatzen eta gutxiegi eskaintzen?
Izan
ere, Joxe Manuel Odriozolak (1998: 21-32) azpimarratzen duenez,
hizkuntzen arteko interakzioan gizarte osoa da partaide, erabilera
bera gizartearen osotasun-agerpena da eta. Gizarteak erabakitzen du
egoera diglosiko batean zein diren hizkuntza-erabilera legitimoak,
gizartea eratzen duten hegemonien eta harreman hierarkikoen arabera.
Halatan, lotura zuzena dago hizkuntza-erabileraren eta gizartea
egituratzen duten botereen artean. Badakigu, jakin,
hizkuntza-erkidego desberdinetako hiztunen arteko harreman
diglosikoak menderatze-harremanak direla, eta beste menderakuntza
batzuen bidelagun, eta, hala ere, boterearen gaia normalizaziotik
kanpo uzten dugu beti.
Normaltasuna
eta boterea
Zer
harreman dago normalizazioaren eta gizartearen botere-egituraren
artean? Zer dago normalizazioaren hezurduran? Galdera, berez,
zabalagoa da, sorburura jotzen badugu behintzat. Esangura
estatistikotik landa, zer da normala? Gizarteko botere-sistema
hegemonikoek halakotzat daukatena, kontrolatzen dutena, eta anormala,
arau horretatik kanpo dagoena, ondo egokitzen ez zaiona. Normaltasuna
botereak sortzen du, boterea da, berez, normalizatzailea. Botereak
egiten gaitu. Itaunak, beraz, argitu beharreko arazo baten aurrean
jartzen gaitu. Zer da boterea?
Alboratu
behar genuke boterearen gaineko ikuspegi sinplista, haren alderdi
errepresiboa bakarrik ikustera garamatzana. Boterearen izaera
errepresiboa ez da ohikoena. Boterea —botereak— indar
eraikitzailea da. Zapaldu ez ezik, ekoiztu ere egiten du,
antolakuntza, gozamena, ezagutza, diskurtsoak. Boterea, berez,
gizarte osoa zeharkatzen duen indar ekoizle bat da, beraz (Morey,
1986: 243-244). Ez dago toki jakin batera mugatuta, une oro espazio
guztietan baitago. Ostera, ez da dentsitate berean azaltzen: gune edo
nodulu batzuetan gehiago kontzentratzen da. Gune edo noduluen arteko
harremanek, gizarte-sareak ehunduz, gizartea antolatzen dute, mundu
fisikoan masa handiek grabitatearen indarraz txikiagoak erakartzen
dituzten bezalatsu, nahiz eta kargadun atomoekin gertatzen den legez,
aldarapen-ondorioak ere ohikoak izan.
Mundu
fisikoaren metaforarekin jarraituz, esan dezadan botere-sareek
orografia eta geografia ere badituztela. Sareen egituraketa,
horizontala ez ezik, bertikala ere bada, estratifikatua. Paisaiek
osagaiak (zuhaitzak, ibaiak, landak...) proportzio desberdinetan
dituzten bezala, hala botere-mota ere (ekonomikoa, espirituala,
kulturala, politikoa, linguistikoa...) proportzio desberdinetan
agertzen dira sareko gune edo erretikula desberdinetan. Normalean,
guneek zenbat eta botere-dentsitate handiagoa eduki, orduan eta
proportzio handiagoan izaten dituzte botere-mota gehienak, edo
erabakigarrienak behintzat. Izan ere, izari ekonomiko markatuagoa
duten sareetako erretikulek botere-dentsitate handiagoa ere bai, eta,
orobat, guneek, sarean zenbat eta maila goragoko batean egon, orduan
eta botere-dentsitate handiagoa dute.
Boterea
ez da pertsonala, ez dagokio subjektu bati, zerbait organikoa denez.
Horrela, gizarte-sistema eratzen duten sareetatik bakoitzean,
boterearen indarra gune jakin bakoitzaren posizioak determinatzen du;
boterearen izaera, berriz, sarearen nolakotasunak ematen du.
Horregatik, oso ohikoa da gobernu bateko lehendakariak, politika
errepresibo gogorrak ezarri arren, inolako gaitasunik ez izatea
munduko finantza-botereen aurrean; edo ospitale bateko gerente arraro
batek, zintzoki eta gogotik euskaldunen alde egin nahi badu ere,
benetan gutxi egin ahal izatea. Kontua da euskal hiztun-herria,
nolabaiteko erkidegoa denez, erretikula ahulenetan egituratuta
dagoela, bai dentsitatearen aldetik bai botere-moten aldetik. Euskal
hiztun-herria, herri gutxiagotu guztien antzera, botereaz
desjabetutako herri bat da.
Logosa:
hitzaren boterea
Zein
da boterearen izaera funtzionala? Botereak gizartea, gizakiak,
erregulatzen ditu, gizartea, herria... sortzen du. Izan ere, boterea
ahalmen bat da, zerbaitek beste zerbaiten gainean aldaketa eragiteko
gaitasuna, zerbait egitekoa. Giza harremanak boterez blai daude,
hegemonien eta hierarkien bidez antolaturik. Bestalde, boterearen
tresnak, armada eta polizia ez ezik, askotarikoak dira, egoera edo
baldintzen arabera, batzuk besteak baino egokiagoak. Une honetan bat
interesatzen zaigu oroz gain: logosa, hitza, edo nahi izanez gero,
hitz-pentsamendua.
Aspaldikoa
da boterearen baliabide horren gaineko gogoeta. Antzinateko filosofo
sofistek (K.a. V. eta VI. mendea) argi ikusi zuten hitza boterea
dela:
Eta, Tisias eta Gorgias lotan utziko al ditugu, egiazkoak baino
gehiago egiantzekoak balioetsi behar direla ikusi zutenak, eta hitzen
indarraz gauza txikiak handi eta handiak txiki agerrarazten
dituztenak, berriak modu zaharrean eta aurkakoak modu berrian, eta
edozeri buruz hitzaldi laburrak eta luzera mugagabeak asmatu
zituztenak? (Platon, Fedro, 455).
Gure
garaian ere asko idatzi da horri buruz. Francis Bacon dugu aro
modernoaren hasierako paradigma (Sabine, 1995: 336), oso argi ikusi
baitzuen ezagutza boterea dela eta gizakiok geure buruari ezarri
diogun egitaraua ezagutzaren bidez mundua —beste gizakiak barne—
menderatzea dela. Horkheimerrek eta Adornok (2009: 12-13) azaldu
zutenez, Logosa mundua menderatzeko giza tresna da sorreratik
bertatik, alegia, Homeroren mundu mitikotik hasita. Botereak gizakiok
ere objektu bihurtzen gaitu:
Ezagutzak, boterea denez, ez du mugarik, ezta izakiak esklabo
bihurtzen edo munduko jaunei atsegin egiten ere. [...] Gizakiok
naturatik ikasi nahi duguna, bera baliatuz, natura bera guztiz
menderatzeko modua da, ez natura bakarrik, baita gizakiak ere. [...]
Boterea eta ezagutza sinonimoak dira. Ezagutza hutsak ematen duen
zoriontasuna antzua da eta lizuna da bai Baconentzat bai
Luterorentzat. Gizakiek egia deritzotenak ez du ardura, eragiketak
baizik, prozesura eraginkorrak (Horkheimer, Adorno, 2009: 60-61).
Homerogandik
gaur arte, Logosaren garapena eta Ilustrazioaren bidea bat izan dira,
eta gizakia menderatzeko eta ustiatzeko modu asko eta sofistikatuak
eman ditu. Menderatzeko joera hori dela-eta, biziki interesatzen
zaigu Logosaren beste ezaugarri bat: sistema koherenteak maite ditu,
eta munduko desberdintasun oro gorrotatu. Burgesia nagusitutakoan
finkatu den sistemak, Kapitalismoak, Ilustrazioaren umea izanik,
argiro erakutsi du joera hori. Nekez onartzen den baino urrunago joan
da desberdintasun oro ezabatu nahian, teorian hainbeste maite duen
gizabanakoa ere ez deus bihurtu duenez. Horregatik, Liberalismoaren
muin ideologikoan omen dauden askatasun indibidualak, giza banakoaren
errespetua..., lasto fitsa baizik ez dira:
Merkatuak trukean dabilen subjektuari bere jatorriaz ez galdetzeko
mesedea egiten dio. Mesede hori, berriz, bere jatorritik dituen
nolakotasunez ordaindu du subjektuak, nolakotasunok merkatuko
salgaien ekoizpenaren mendean jarriz hain zuzen. Gizakiei zu zeu bat
eman zaie, beraiena bakarrik, besteena ez bezalakoa, baina besteen
berdina bihurtuko dela hobeto ziurtatzeko. Alabaina, zu zeu hori
inoiz ez denez guztiz asimilatua izan, Ilustrazioak hertsapena
atsegin izan du beti, baita liberal izan den aldian ere. Manipulatuta
dagoen kolektiboaren batasunak banako singular bakoitzaren ukapena
eskatzen du (Horkheimer, Adorno, 2009: 68).
Kapitalismoak
euskalduntasuna gizabanako baten ezaugarri gisa ere ez du babestuko,
ezta hizkuntza-eskubide indibidual den heinean ere.
Michel
Foucault frantses filosofoak ere hitz egin digu boterearen alderdi
horri buruz (Morey, 1986: 64-66). Botereak eta ezagutzak bat egiten
dute; lotura estua dago haien artean. Ezagutzak xede bat du,
zerbaiten jabe egitea, menderatzea, kontrola. Egia bera botereak
sortua da, boterearen diskurtsoaz eratua, bere ezagutzaren emaitza.
Botereak diskurtsoak sortzen baititu (ezagutza) eta, alderantziz,
beste diskurtsoen ekoizpena oztopatu edo galarazten du (kontrola),
adibidez, euskaldunen hitza.
Baina
zein da ifrentzua? Botere-sarearen dentsitate handiko guneetatik
baztertuta dauden hiztun-herriek, klaseek, herritarrek..., hitz
batean, ahulek, hitz murritza dute, diskurtso eskasa, etenez betea,
ezagutza txikia, kontzeptualizazio- eta abstrakzio-maila baxua,
informazio gutxi, pentsamendu laburra. Katearen azken muturrean
mututasuna dago, irudi baterako, aparteko txoko batean isolaturik
geratu den erdi galdutako etnia bateko artzainaren antzera, erantzun
bortitza hizkera posible bakarra duen hura.
Aitzitik,
botere-gunetan kokatuta dauden politikariek, ideologoek,
intelektualek, kudeatzaileek diskurtso sendoa dute, aberatsa, oparoa,
hobeto artikulatua, koherenteagoa... Zergatik? Gizarte-sare osoaren
lanketa intelektualetik edaten dutelako, eta horrela, informazio
gehiago izateaz gainera, diskurtso ondo egituratu, konplexu eta
mamitsu baten euskarria dagoelako euren jardunaren azpian.
Gizarte-jarduera orok errutinak behar ditu, besterik gabe onartzen
diren aurreiritziak, topikoak, balioespenak, jokabideak. Hori guztia
dute beren alde intelektual, teknikari, politikari, kazetari eta
ideologia ofizialek; hori guztia dute kontra alternatiboek. Horrela,
horiek, sarritan, kondenaturik geratzen dira sistemaren
ogi-apurretatik jatera (kristau-balioak, giza-eskubideak,
berdintasuna, demokrazia, aurrerapena, ongizatea, razionalismoa...),
apaingarrietatik diskurtsoa eraiki eta sistemaren kontraesanak
agerian uztearren, baina beti ere, gutxi-asko, diskurtsoan bertan
harrapaturik, botere-gune indartsuen logosaren mendean.
Euskaldunak,
gero eta ahalmen txikiagoa duen nazioa mundua, sortzeko, eratzeko,
antolatzeko, besteei eragiteko, baldintzatzeko, haietaz elikatzeko;
gero eta diskurtso murritzagoa duen hiztun-herria, gero eta mutuagoa.
Eta mutuaren bortizkeria ez da zilegi, horrek ere normaltasun jakin
bat eskatzen duelako, diskurtsoa, boterea. Mundu anormala eta urria
euskaldunena. Gogora ekar dezagun positibista logikoek emandako
ikasgaia, hizkuntza eta mundua lotzen dituena (Wittgenstein, 1990:
123-124):
5.6. Ene hizkuntzaren mugek nere munduaren mugak adierazten dituzte.
5.621. Mundua eta bizitza bat dira. 5.63. Neure mundua naiz ni
(Mikrokosmoa.)
Hizkuntzak
mundua sortzen du, berbalizatuz. Hitza ez duenari mundua murrizten
zaio, txikiagotu, mundu soziala behinik behin.
Normalizazioa,
boterea berreskuratzea
Eta
horixe da, hain zuzen, hitza galdutako hiztun-herriei gertatzen
zaiguna, hizkuntzaren arloan bezala, baita ideien arloan ere.
Hizkuntzaren soziologiatik maiz deskribatu denez,
ordezkatze-prozesuan dagoen hiztun-herriak gero eta hizkuntza
txiroagoa du (errepertorioa), ahalmen edo gaitasun eskasagoa, hala
lexikoaren aldetik nola egituren aldetik ere, jakina, gizarteko
funtzioak galtzearen ondorioz.
Esan
gabe doa, funtzio-ordezkatze horrekin batera hiztun eta lurraldearen
galera ere gertatzen direla, bai eta sakabanaketa demografikoa ere,
indar zentrifugoek arian-arian zentripetoak gainditzen dituztelako,
ez baitago hiztun-herriaren batasunari eusteko moduko botere
nahikorik, botere-dentsitate sozio-politiko, sozio-ekonomiko eta
kulturalik. Horrela, gero eta hiztun gehiagok isolaturik eta mutu
ikusiko du bere burua, gero eta lurralde eta gizarte-eremu
gehiagotan, sarritan hizkuntza bereko beste hiztun mutu batzuk ondoan
dituela. Horixe geratzen zaigu Administrazioan, Osakidetzan, azalera
handiko dendetan, unibertsitatean, tabernetan, lagunartean;
horregatik ez dugu esparru horietan euskararen erabilera
normalizatzeko bidean pauso argirik ez nahikorik ematen, asmo handiko
nahiz txikiko planez, agintarien laguntzaz nahiz gabe. Normalizazioa
duela hogeita bost urte uste genuen baino xede latzagoa da, bistan
denez.
Nekez
egiten dugu aurrera, legeek eta dekretuek ezarri eta aitortutako
guztiagatik ere. Ezagutzaren datuak ez dira behar bezain magikoak.
Bildu dugun eskarmentuarekin, ondo dakigu euskaldunen
hizkuntza-eskubideak ez direla errealak, gehienetan, asmo onen
adierazpenak baizik, eta Administrazioko hizkuntza-eskakizunen
sistemak ez du kontrakoa erakusten. Thomas Hobbes-ek, XVII. mendeko
ingeles filosofo ospetsuak, azpimarratu zuen eskubide politikoak
botere subiranotik zetozela. Ziur aski, gehiegizkoa izan zen
baieztapen hura, baina hein egoki batean, ez zaio arrazoirik falta:
aginterik gabe eskubiderik ez. Eta agintariek azken bolada honetan
aldarrikatzen duten hizkuntza-askatasuna, euskara askatasunez alegia,
ahaltsuen eskubideak bermatzera zuzenduta dago eta: erdal espainiar
nazioarenak.
Falta
zaizkigun botere-guneak eta motak, gure sareari dentsitatea emango
lioketenenak, ez dira Txepetxen gune sinbolikoaren bat bera (Sánchez
Carrión, 1981: 27-37), gune sinbolikoa bere baitan biltzen duten
arren. Gune sinbolikoa, berriz, haien efektua da,
kultura-hizkuntzazko izari edo eremuan. Hizkuntzaren normalizazioak
hiztun-herriaren normalizazioa ezinbestekoa du, funtsezko izari
guztietan: sozio-politikoan, sozio-ekonomikoan eta kulturalean.
Euskaldunok boterearen izari horiek berreskuratu ezik, ez dugu
lortuko bat etortzea boterezko dentsitate nahikoa duten
sare-erretikulekin.
Hizkuntzazko
boterea, hortaz, hiztun-herriak bere mundua eratzeko eta gauzatzeko
duen ahalmena da, beste ahalmen batzuekin elkarreraginean: Neure
mundua naiz ni; nire mundua nire bizitza da; nire hizkuntzaren mugak
nire munduaren mugak dira. Zer da normalizazioa azken finean?
Hiztun-herriak boterea berreskuratzea, hizkuntzazkoa noski, baina,
aldi berean, beste batzuk ere bai, bestela hitza ezin baita sortu.
Beraz, normalizazioa, zentzu zabalean, alde anitzekoa eta konplexua
da, botere-banaketa eta antolamenduari egindako erronka bat, edo
bestela, folklorea, itxura, propaganda. Funtsean, ez da borondate
onak konpondu beharreko zerbait, ez giza-eskubideekin edo
berdintasunarekin lotutakoa, ez eta demokrazia, justizia, aurrerapen,
ongizatearekin ere, nahiz eta gai horien eztabaidari ezin itzuri
egin.
Normalizazioak,
moda postmodernoaren aurka, boterearen arazoari adorez heltzea
eskatzen du, gai hori saihestea orokortzen ari den garai batean.
Botere erdalduna nonahi zalantzatan jarri gabe, baita euskal
gizartearen barruan ere, ezinezkoa izango da aurrera egitea.
Eztabaida politikoa ere bada, noski. Horiek horrela, modaren kontra,
euskal hiztun-herriak euskal nazio bilakatu eta izaera horrekin
jokatu beharko du, gutxiengo gisa, anitza, aldakorra eta gero eta
abstraktuagoa den mundu batean. Euskal herria ez da oraindik behar
beste identifikatu euskal nazioarekin, ez du behar beste kontzientzia
politikorik. Nazioaren proiektua ez da gero eta hegemonikoagoak diren
ideologia ahulen egitasmoen eremukoa.
JAKIN,
“Administrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat
Osakidetzako Planaren ebaluaziotik”
(2)
Honetaz jardun nuen artikulu honetan:
Euskalgintzatik euskal gizartegintzara
Medikuntzako
euskal ikasleek ia urtero adierazpen bat egin dute, zenbait
aldarrikapenen ondotik. Begi onez dakusat ikasle euskaldunak aktiboak
izatea, eta ez bakarrik euskaragatik: ikasle aktiboengandik
profesional aktiboak datoz, eta halatan, normalean, profesional onak.
Bozkarioz diot profesional euskaldunak onak izaten direla, batez ere
lanbidean nahiz euskalgintzan aktiboak direnean, eta komunzki, biak
elkarrekin etortzen dira.
Baina
arranguraz ere dakusat urteroko gertakari hori. Argitu dezadan.
Medikuntzako ikasleok ohiko aldarrikapenez haratago, badute
fakultatetik irten eta elkarren arteko loturari eusteko asmorik?
Medikuntzan erkidego bezala jarraitzeko edo nolabaiteko erkidego
medikorik sortzeko xederik? Eta klinika euskaldunik edo euskal
medikuen elkarterik? Unamuno beti baitago sapan gure artean,
darabildan orain berak jaurti zigun metafora euskal herria
historiatik bazihoala adierazteko: ibaiak itsasora nola, hala
medikuntzako euskal ikasleak ere, goi-mailako euskal ikasketadun
gehien-gehienen antzera, isuriko ote dira erdal munduaren itsaso
zabalera eta bertan aienatuko? Horixe jazo da orain arte; goititu
ezin dugun patua ote?
Nora
ote goaz betiko arazoei betiko erantzun antzuak emanez? Nahikoa
izaten dugu aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzearekin, norbaiten
kontra, gobernua dela, administrazioa dela, ez dakit zein alderdi
dela, zein marka komertzial dela. Alabaina, oso gutxitan elkartzen
gara bilgune nahiz sareak eraikitzearren, egitasmo komunak sortu,
euskal mundua bilbatze aldera, hala nola euskal gune profesionalak,
elkarren artean estekatu, amarauna ehundu… Arazoa ez da, bere
baitan, hizkuntzazkoa —hizkuntza, berez, ez da ezer—,
hiztun-herriarena baizik, hots, sozio-kulturala, sozio-ekonomikoa,
soziopolitikoa, baina, gure osin beltzetik erantzun idealistak baizik
ez dugu ikusten, hezkuntzazkoak, ideologikoak.
Euskal
gizarte mota bat ia joan da, industria-iraultzaren aurrekoa, eta
haren kultura ere hurrean dugu hiltamuzko arnasa estuetatik. Euskal
gizartea bortxaz ebatsi digute, ordea, ez gakizkio, ekin, haren
hausterretatik berriro hezur-mamitzeko lanari. Ia guriak egin du,
badegu zeinek agindu izan zen Xenpelarren auhena, artean euskal
gizarteak zutik zirauelarik, Axularrek, berriz, esango zukeen gisan:
gure hemengo aldia egin hurran dugu. Ba ote da bigarren aldirik?
Mundu honetan ez behintzat. Tronpatzen gara, geure burua eldarnioez
nahastu nahi dugu. Lehenengoz, gure hutsuneak ezagutu behar ditugu,
diagnostiko zorrotz eta oro hartzaile bat, serioa, benetakoa, eta
estrategia egokia diseinatu: euskal gizartegintzarantz.
Alta,
zer nahi dugu, benetan? Euskadi, euskotarren aberri —ez
euskaldunena — independentea?, nondik ere baitator, erdal kulturaz
gozatzen jarraitzea?, erdaldun lankide, senide, emazte, adiskide,
tabernari, saltzaile, gogaide, ohaide… atsegin edo desatseginen
artean bizi?, eta gero gure eguneroko patu narrasa aldiroko ekintza
erritualez estaltzeko plantak? Hizkuntza baten azken fasea
erritualizazioa omen da, pankartetan ikusten dugunez. Hein handi
batean horixe da elkarte humanistek, ekologistek, internazionalistek,
feministek eta X-ista ia guztiek inguru erdaldunetan egiten dutena.
Testu erritualak, maizegi itzulpen eskasak, askoz kaltegarriagoak
erdara hutsean argitaratzen direnak baino.
Ogi
gogorrari haginak zorrotz ez da gure esaera kutunetatik bat,
aitzitik, nahigo dugu negarrari eman esanez leku guztietan txakurrak
ortozik dabiltzala, alegia, munduan bost mila hizkuntza desagertzear
daudela, gizateriak altxor berreskura ezin bat galtzear dagoela,
aberastasun ezinbesteko bat, sufrimendua dagoela… eta antzeko
aieneak. Euskararen Egunetatik Egunetara bizi gara, urteroko
ikastolen egunen artean, errudunak bilatzen, eraikitzeko kemen eta
gogorik gabe. Gure konponbideak inori eskatzean dautza, gobernuei,
erdaldunei, arerioei, eta eskatzen diegun hori beraiek euskalduntzen
jardutea da. Ordea, hutsetik ez da ezer ateratzen, erdal gizartetik
euskal gizartea. Gure egoeran, politika hedatzaileek —euskalduntzeak—
huts egiten dute, erdal gizartean euskaldun estatistikoak sortuz, eta
haien euskalki aizuna, erdara, estatistikera. Euskal mamia ments
dugu.
Alferrik
gabiltza liluraturik, eta lagun ditugu politikari eta sindikatuko
kide asko ez ezik, baita frankotiratzaileak ere, hots, bakarrik
diharduten horiek. Gustuko dituzte halakoak euskal hedabideek.
Medikuntzan bada alerik. Ukendu magikoak eskaintzen dizkigute
osasungintzan euskal mundua hutsetik sortzeko, hala nola historia
klinikoa euskaraz jartzea, osasun-kudeaketaren sistema informatikoak
(Osabide) euskalduntzea… Lourdesko Andra Mari ere hor dugu gertu.
Beharrik. Hamaika arao ikusita gaude, eta ondo dakigu horiek, berez,
ez garamatzatela inora, gure gabeziak, sozio-estrukturalak direlarik,
larriegiak baitira perla horiei dirdira ateratzeko. Administrazioan
hamaika inprimaki eta aplikazio elebidun ikusita gaudelarik, ondo
dakigu hortik ez dugula euskal gizartegintzan aurrera egiten.
Alferreko gastu handiak, ez dugun denbora xahutzea.
Geuk
atera behar dugu ateka honetatik, eta ondo etorri laguntzei.
Funtsezkoena, norabidea aldatzea da, zuhaitz ia ihartuaren kimu
berriak ez daitezen alferrik gal, belaunaldi berriak tai gabe gesaldu
diren bezala. Medikuntza-fakultateko kimu berriak, urtero, ia ezdeus
bihurtzen dira unibertsitateko aldia burutu eta atoan. Hainbat
goi-mailako profesional euskaldun erdal munduan mutu, urtu eta
ezkutaturik! Hor dugu gure arazoaren benetako neurria. Utikan
eldarnioak, atzipe eta ziriak! Euskalgintzak ezin du horrela
jarraitu, inflexio-puntua behar du. Euskal gizartea berreraikitzeko
balio ez duenak ez du balio: horra hor neurria.
Erabili.com,
2015-02-10 / 07:00
Estreinakoz
Berria egunkarian argitaratua, 2015-02-05ean.
(3)
Gai honetaz artikulu honetan jardun nuen:
Inkisizio
berria
Bibliak
hilketa-andana batez ematen dio hasiera zibilizazioari: Kainek eta
ondorengoek hiriak eraiki eta industriak garatu ei zituzten, hainbat
gerla zirela bide. Neolitikoan gaude. Arkeologiak eta arteak berretsi
dute hasiera hori: herriak eta baliabideak, boterea bera, bortxaren
bidez kontzentratu dira, halako moldez non konkistatu eta
menderatzeko eskubidetik sortu baitira estatuak, inperioak eta
zuzenbidea. Ondoren botere-antolakuntzaren diskurtso legitimatzaileak
datoz, eta mundu guztia behaturik dago diskurtsoa sinestera, bizirik
iraun edo gizartearen etengabeko lehian aurrera egingo badu. Botereak
askotariko aldeak ditu, baina bortxa da eragingarrienetariko bat.
Norbaitek, bortxaren boterea galtzen duenean, ziur mendeko bat sortu
dela, banako nahiz erkidego izan.
Heraklitoren
aburuz (k.a.VI-V), gerla gauza guztien iturburua da, eta ahoberokeria
gorabehera, ez dirudi sobera tronpatu zenik. Bortxa, boterea denez
gero, eraikitzaile eta antolatzailea da, haustura eta jauzi
historikoak eragin, indarrak desorekatu, indar berriak askatu,
bilbatu eta trenkatu. Bortxa, eiki, sakratua da, legearen hasierako
eta azken buruko bermea, bera gabe gizartea desegiten delako (Hobbes,
XVII). Horrela, agintaritzaren diskurtsoak erlijio-kutsua du
eskuarki, jainko txiki bat denez gero. Berari aurre egitea, delitua
ez ezik, bekatua da, Elizak beti gogoratu digunez, eta larriena
bortxaz eginez gero, jainkozko ahalmenik behinena sekularizatzen
baitu. Agerian edo gibelean, botere politiko-ekonomikoak bortxa non
datzan erakutsi behar izaten du (si vis pacem para belum).
Gerlak
historian izan duen balio fundatzaile-eraldatzailea hizpide izan da
garai guztietako pentsalarietan. Hegelek (XVIII-XIX) esaldi batean
laburtu zuen: gerla historiaren emagina da. Eta denboraz zein tokiz
hurbilago, horra hor Ortega y Gasseten (La rebelión de las masas)
zenbait iritzi, gerlaren balio historiko eta herri indartsuen
eskubideari buruz. Hala irudi du ezen bortxa higuin zaion moralistak,
historiaren irakasbideari badarraio, ehiztari fruitu-bilatzaileen
gizataldeekin egin behar duela amets, gizartea sortu aitzinekoaz hain
zuzen. Bortxa historiaren arragoa. Arranoa hegaldaka doa gure
gainetik, agintari nahiz herritar xehe, denok nolabait baikara ahul
edo indartsu, erasotzaile eta biktima, noizbait eta nonbait, beti
baitugu norbait ustiatzeko edo menderatzeko.
Nazioen
emagina bortxa delarik, gerla artean hasi eta mamitzen da.
Aurkariaren aurkako borroka du mito fundatzailerik behinena,
antzinako herrietan natura, nazio modernoetan, izterbegia. Horrela,
oroimen historikoak oinarrizko elkartasuna sortzen du: arbasoen
guduak eta isuririko odola independentzia jadetsi eta eusteko,
heroi-martirrek sinbolizaturik (J.Aranzadi, El escudo de Arquiloco).
Beraz, nazioak atxikipen heroikoa galdatzen du, sinbolikoki bederen,
halako moduan non armada baita nazioaren sinbolorik behinenetariko
bat. Halatan, nazioa bera sakratua da, sinestunen erkidegoa,
gizabanakoa lotu eta mito heroikoekiko identitatez transzenditzen
duena. Elizaren sakrotasuna nazioari transferitzen zaio, odolezko
liturgiaz batera, itxuraz asko ateoak diren arren. Horregatik,
Frantzian babesturik dago Mahoma terrorista deituz milioika pertsona
gogor iraintzea, frantses islamiar anitz, baina delitu larria da
frantses bandera destainaz erabiltzea; Espainian berdintsu. Eta, hala
ere, espainiar hainbat intelektualek lotsagabeki gaitzesten dute
eusko nazioaren erlijiozko oinarri odoltsua.
Herri
baketsu honek, bere eraikuntza nazional gorabeheratsuan, bost gerla
ezagutu ditu laurogei urteko epean, nondik etorri baita Euskal Herri
arrakalatu, zatitu eta sakabanatua, maizenik arerio edo arrotz agitu
baikara: Konbentzioko gerla (Gipuzkoa eta Iparraldea gainerakoen
etsai), Napoleonen Frantsestea (Iparraldea versus Hegoaldea),
Karlistadak (Hegoalde osoa baturik, Iparraldea urrun), 1914ko
Europako gerla (Iparraldea frantsestu, besteak arrotz), 1936ko gerla
(Nafarroa eta besteak buruz buru). Karlistadak izan dira, bada,
naziorako urrats bakarra, gainerakoak, ordea, gehiago lerratu dira
Frantzia eta Espainiaren alde. Frankismoan, berriz, ezker abertzaleak
eutsi dio jaidura nazio-eraikitzaileari, eta eusko nazionalismoa
zatitu den arren, oro har, abertzaletasuna indarturik jalgi da.
Espainiar estatuari bidezko bortxa legitimoa ukatuz beste gune
sinboliko eta legitimitate bat eragin du (Aranzadi, 2001), halakoa
non eusko nazioa mamituz joan baita.
Zorionez,
abertzaleak ohartu dira sarri bortxa ez dela egokia, are gutxiago
edozein modutakoa, eta hartara tokia eskatu dute sistema politiko
zindoan. Noski, bidean ez lukete eragozpenik kausitu behar, zeren,
teoria politiko modernoan, estatu demokratiko batean legeari
atxikitzea nahikoa baita jokoan partaide izateko; itxuraz, edonori
aitortzen zaio erlijio- eta kontzientzia-askatasuna, fedea eta etika
gai pribatuak direnez geroztik. Demokrazian betebehar bakarra arauak
betetzea omen da. Alabaina, hara non abertzaleei etika, fede,
erlijiozko oinarri jakin bat eskatzen zaien, Eliza batean edo Erdi
Aroan bageunde legez: damua erakutsi, barkamen-eskea, kaltea aitortu,
zoru etikoa… Etika kantiarraren ustiapen makurra, erlijio-airez
ezinbestez, etsaia harrika erabiltzeko mozorroa. Ultramontanismo eta
prakmatismo falta hori hagitz espainiarra da, txaranga eta panderoa
bezala. Ostera, ez dirudi azalpen horrek Inkisizioaren berpiztea
osoki argitzen duenik.
Gobernuko
alderdiak ez bide du epe laburreko onurarik abertzaleen
integraziotik, are gutxiago hauteskundeei begira, berak elikatutatiko
muturreko eskumaren presiopean. Inguruabar horietan aukera hobea
dirudi esku gogorrez abertzaleen zatiketa eragiteak ezen ez
norberarena. Alta, badagoke interes sakonago bat, denak ez baitira
itsu Espainiako zerupean. Izana ere, Estatuak presoak direla medio
lortuko balu eusko zutabe heroikoa deabrutzea, abertzaletasunaren
ardatz sinbolikoa eraitsiko luke, eta ez luke iraungo espainiar
eraikuntza heroiko-sinbolikoak besterik (Pelayo, Cid, Errege
Katolikoak, txapel okerrak, La Roja, martir berriak). Triskantza
mitiko-sinboliko hori kaltegarri liteke jelkideetan eusko
nazionalista direnentzat ere.
Inkisizioak
eusko nazionalismoa sutara bota nahi du, autofede nazional batean
horditurik. Nolanahi ere, suzko joko hori apustu handinahi bezain
arriskutsu dateke. Abertzaleek Frankismoan erakutsiriko trebetasunaz
jokatzen balekite, eta horrela, judoaren gisara, erasotzailearen
mugimenduari eutsi eta baliatu bera erorarazteko, indarturik ilki
litezke berriro ere, eusko konplexu sinbolikoa arnasberriturik.
Berria,
2014/3/30
_________________________________________________________________________________________________
Euskararen biribilgunean
2016-04-08/ 08:44 / Joxemari Iraola Aranzadi
Joxemari Iraola |
Tira, behin gonbidapena
onartuta, Patxik berak egindako
ekarpenak sortutako hausnarketetatik
hasi beharko da. Bi sentimendu kontrajarri. Lehen
sentimendua,
ur freskoa
lehorte garaitan.
Ez euskalgintzan,
ez hizkuntz
soziologian/soziolinguistikan
ez nituen aspaldian ez
ideia berririk,
ez planteamendu berritzailerik
ezagutu. Gustura irakurri ditut Patxi Saezek
elefantearen metafora erabiliz, euskararen normalizazio prozesua
bidegurutze batera iritsia omen den honetan, etorkizunerako
proposamenak hausnarketa serioen gainean aurkeztuta. Bere
proposamena (asko) laburbilduz
bere “Elefantearen
paradigma ikusi” testuan
egileak berak jasotzen du
Pruden Gartziak aipatutakoa berridatziz: “Patxi
Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea
eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi
Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da”.
Orain arte esandakoaren gainean bi kontzeptuk pizten dute nire interesa: bata bidegurutzea, bestea paradigma. Lehenengoari dagokionean, eta metaforen erabilerekin jarraituz, nik bidegurutzearena baino biribilgunearen irudia erabiliko nuke. Biribilgune oso konplexu batean sartuta gaudela irudikatzen dut. Ez dut azpiko irudia umore toke bat emateko asmoarekin jartzen, baizik egungo hizkuntz egoerak (eta ziurrenik beste normalizatu beharreko hainbat gizarte fenomeno ere) aurrera egingo badu(te) hurrengo urratsak zeintzuk diren pentsatzerakoan sentitzen dudana adierazteko baizik; hau da egoeraren konplexutasuna. Saiatuko naiz aurrerago sakontzen ideia honetan.
Orain arte esandakoaren gainean bi kontzeptuk pizten dute nire interesa: bata bidegurutzea, bestea paradigma. Lehenengoari dagokionean, eta metaforen erabilerekin jarraituz, nik bidegurutzearena baino biribilgunearen irudia erabiliko nuke. Biribilgune oso konplexu batean sartuta gaudela irudikatzen dut. Ez dut azpiko irudia umore toke bat emateko asmoarekin jartzen, baizik egungo hizkuntz egoerak (eta ziurrenik beste normalizatu beharreko hainbat gizarte fenomeno ere) aurrera egingo badu(te) hurrengo urratsak zeintzuk diren pentsatzerakoan sentitzen dudana adierazteko baizik; hau da egoeraren konplexutasuna. Saiatuko naiz aurrerago sakontzen ideia honetan.
Bigarren kontzeptuari, paradigmari
dagokionez, magnitude handiko
gaia jartzen da mahai gainean.
Sistema oso bat ikusteko eta
aztertzeko, oinarriaz
eta moduaz aritzea suposatzen
du. Alde horretatik, eta
bi kontzeptuak elkarrekin lotzeko saiakera egin nahiaz,
biribilgunearen irudia egokiago
deritzot bidegurutzearena
baino paradigmen dimentsioa
duen gaiaz aritu behar bada, konplexutasuna
hobeto islatzen duela pentsatzen
dut. Hau
da, behin paradigma aldatu
beharra ikusten
bada, errealitate konplexuago batek
aurkezten digun egoerari
erantzuteko izan dadila. Dena
dela, paradigma kontzeptuari dagokionez, hau aldatzeko garaia
iritsi dela esaten denean planteamendu
egokia dela aitortu behar da.
Laburbilduz, batetik, egungo gizarte
oso konplexuan euskara biribilgune korapilatsuan sartua dago eta
irteera egokiarekin asmatu nahi bada ongi pentsatu eta planifikatu
behar da. Orain arte, bidegurutzera iristen ginen bakoitzean
ezker-eskuin (paradigma zaharra) begiratzen genuen. Paradigma aldatuz
helburua ongi planifikatzea bada, biribilgunea
goitik behera (eta
ez ezker-eskuin) begiratu
beharko da.
Gure
biribilgunearen
grafikoaren nondik
norakoak ulertzeko
goitik ez bada, zaila izango da osotasuna behar bezala ikustea eta
norabide egokiari dagokion irteerarekin asmatzea.
Horraino ados.
Loturarik
aurkitzea zail egiten zaidana
ordea, paradigmaren aldaketa eta
hizkuntzaren eremu funtzional
bat (lan munduarekin) elkarrekin
harremanetan jartzea da.
Berriro ere, ezker-eskuin begiratzen ari garela iruditzen zait eta
nik paradigma aldatzea esan ohi denean, zientzian behintzat,
perspektibaz gain, ikuspegiaz gain, begiratzeko modua ere aldatzea
ulertu izan dut. Beste
hitz batzuetan
esanda, hizkuntzaren
normalizazioari aurre egiteko paradigma aldaketaren beharra
aldarrikatzea
eta hortik
ondorioztatzea lanaren
eremu funtzionalera begira
jarri behar dugula, iruditzen
zait
terminoen
adierazten duten mailen arteko
inkongruentzia dela.
Paradigma
aldaketaz
ari garenean eremu
funtzional guztiek osatzen duten sistema osoaren
aldaketaz
ari garela ulertzen
dudala, esango
nuke.
Patxi Saezek
egin eta eragindako ekarpenek bi
sentimendu
kontrajarri sortzen
dizkidala aipatu dut arestian eta
ez naiz ahaztu bigarrenaz.
Bigarren honi dagokionez,
testuaren irakurketak,
euskararen inguruko hizkuntz
soziologian/soziolinguistikan
testu asko
irakurritakoan
sentitu izan dudan ikuspegi globalago eta
diziplinarteko baten faltaren
sentsazioa sortarazi dit.
Hizkuntz normalizazioaz ari garenean,
hizkuntz politikaz ari gara eta hizkuntz politika horiek, gizarte
eremu eta subjektu guztiei
eragiteaz ari gara. Horrek
beste modu batean esanda aldaketa/transformazio
soziala eragin
beharraz
hitz egiten ari garela esan nahi du eta
ezinbestean aldaketa sozial horiek hizkuntzari berari dagozkion
faktoreez gain, beste gizarte faktoreak ere kontuan hartu beharko
lituzke. Askotan hitz egiten da euskararen normalizazioaz edo
hizkuntzak presentzia duen eremu funtzionalez, baina gizarteko beste
faktoreengandik bereizita baleude bezala.
Euskararen etorkizuna aurreikusteko
eta planifikatzeko saiakerak ezin ditu alde batera utzi egun
gizartean eragiten ari diren beste hainbat faktore eta prozesu.
Adibide batzuk burura etorri
ahala jarriz: merkatuaren
zentralitatea gizartearen eta politikaren antolaketan, lan
harremanen aldaketak, gizarte
egituraketa berria (famili
formen aldaketak,
klase ertainen murriztea,...),
norbanakoen identitateak sortzeko iturri ezberdin eta ugariak,
gizarte fragmentazioa,
indibidualizazioa, nazioarteko harremanen ondorioak (modu ez hain
leungarrian
esanda migrazioa, populazio
mugimenduak), komunikaziorako
teknologia berrien ondorioak gizakien
arteko harremanen eraketan...
Ez du imajinazio asko behar
irudikatzeko hizkuntzaren eremu funtzionala bat (irakaskuntza),
migrazio prozesuekin (etorkinak) nahastu eta komunikazioaren
teknologia berria bezalako gaiak edo identitatearenak elkarrekin
jartzen direnean, eta ikastetxe (edota ikastetxe mota) arteko
konparaketa egiten badugu, horietatik ondorioztatuko diren ikasleen
hizkuntz gaitasunak oso modu ezberdinekoak izango direla, gainera
zuzenean erabileran eragingo dutenak. Ariketa bera egin daiteke lan
munduarekin ere edo beste eremu funtzionalekin ere.
Ziurrenik
oso ikuspuntu orokorra da, baina iruditzen zait iraultza
zientifikoaz,
paradigma berriaz, bidegurutzeez/biribilguneez eta prozesuez ari
bagara magnitude bereko begirada dagokiola. Aipatutako
guzti honengatik jarri dut goian biribilgune konplexuaren irudia,
goitik begiratuta oso garai
aldakor eta lainotsuak ikusten ditudalako. Laino asko eta haize
indartsuek
eraginda azkar mugitzen direnak.
Patxi
Saezen proposamenera (lan
munduaren eremu funtzionalera) bueltatuta,
kalkulu
ariketa
bat egitea bururatu zait.
Egia
baita gure gizartea lanaren inguruan oinarritua dagoela eta balio
kualitatibo
handia duela, baina ez da gure elefantea gizarte
bizitzan
lirudikeen bezain handia.
Nire
estimazioen baitan EAE1ko
biztanle guztiek
urtean
bizi dituzten
100 ordutatik2
15
(puntu
pare bat gora-behera) inguru
zuzentzen dira lan mundura. Kontuan
izan, EUSTATen 2015eko
datuen arabera, populazio aktiboaren (1.0272.000) %12,9a langabezian
zegoela eta pasiboak (EAEko biztanleriaren
%52,7ak) ez zuela lan egiten.
Langile
horiei
administrazioan eta irakaskuntzan (lehen eta bigarren hezkuntzan) lan
egiten dutenak kendu beharko litzaizkieke
eremu funtzional horietan euren hizkuntz planak abian dituztelako
(edo
besterik gabe euskaldunduta daudelako) bere
urteko lan jardunean. Beraz,
elefantea
sinbolizatuz aipatzen den eremu funtzionalaren urteko lan orduen
pisua hori da ez gehiago, ez gutxiago (egia
den
arren
kualitatiboki
eremu funtsezkoetako bat dela). Ez dut hau aipatzen lan eremua
lehentasunezkoa ez dela baieztatzeko, soilik hizkuntzaren eremu
funtzional horretan ziurtasun linguistikoa
eskuratzearen bidez
lortu asmo den hizkuntzaren
beharrezkotasuna
oraindik ere oso motz geratuko liratekeelako
baizik.
Ondorioz,
EAEko
biztanle
guztiek urtean bizitzen dituzten ordu guztien %15a lan munduan
egindakoak
badira,
zertan
betetzen dituzte gainontzeko
ordu guztiak? Hau da, EAEko biztanleek urtean bizi dituzten ordu
guztien %85a zertan ematen dituzte? Nire
ustez paradigma berriak galdera horri erantzuteko gai izan beharko
luke, errealitatearen irakurketa osatu bat nahi izanez gero,
gerta
baitaiteke aldi berean eremu funtzional bat baino gehiagotan aritzea
nahasita/batera.
Bestalde,
orain
arte gizarte faktoreez, eremu funtzionalez, paradigmez, eta
abarretakoaz
aritu gara, baina badago beste puntu bat orain arte aipatu ez den
arren, garrantzi itzela
duena:
agente
sozialak.
Horiek,
metaforarekin jarraituz, biribilgunearen barruan dauden beste
gidariak eta autoritateak (araua
egin eta betearazteko
gaitasuna
dutenak) dira,
goitik
begiratuta dinamikotasuna ematen
diotenak egoerei.
Gaian
sakontzea
saihestuz,
baina aipatu gabe ez uztearren, alde
batetik hiztunak/hizkuntz
komunitatea ikusten
dut eta, bestetik,
(gure
kasuan zinez definitzen zailak diren) erakundeak
(agintea/boterea/estatua). Horietaz
jabetzea eta hizkuntz politikak eta horiek bideratzeko planetan nola
txertatzen
eta konbinatzean
asmatzeak ere balio beharko luke errealitateari
aurre egiteko. Horra
hor, beraz,
nire
ustez, paradigma berriak eskaini beharko
ligukena.
Amaitzeko,
esandako guzti
honetatik ateratzen ditudan ondorioak oso
modu sinplifikatuan ondokoak dira: batetik,
gizarteak aro oso aldakorrak bizi dituela eta horietan eragina duten
hizkuntzaz gaindiko faktore
eta prozesuak kontuan hartu behar direla hizkuntz normalizazioak
eskatzen duen adinako gizarte aldaketa eragin nahi badugu.
Bigarrenik,
hizkuntz normalizazioaren definizio berria
egin beharra
sumatzen dut, paradigma berriak mahai gainean jarriko dizkigun
galderei erantzun bat aurkitu nahi badiegu. Ziurrenik
onartu beharko da hizkuntz guztiak ez direla berdinak, eta eremu
funtzional guztiak
berreskuratzea
zaila edo ezinezkoan izango dela.
Azkenik, ez da nire asmoa mezu
negatiborik ematea,
baina bai prozesu
mantsoa izango
dela ikusaraztea.
Egungo
errealitatea,
arrisku eta aukera berriekin
ikusten ditut eta horiei aurre egiteko Patxi Saezek sortu duen
ezinegon intelektual hau guzti horren onerako baino ez dut ulertzen.
Amaitu
aurretik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Euskaltzaindiak euskara biziberritzeari buruzko gogoetari jarraipena emateko lantaldea sortu izanak poz handia eragin didala eta handik plazaratzen diren berri, ideia eta eztabaidagaiak jada irakurtzeko zain nagoela.
Animo Patxi eta mila esker elur bola hau aldapa behera bultzatzeagatik!
(JOXEMARI IRAOLA ARANZADI Lezoko Udalaren euskara arloko arduradun teknikoa da)
Oin-oharrak:
2.- Kalkulua horrela eginda: EAEko Biztanle guztiak bider 16 ordu (lo egiteko 8 ordu kenduta), bider 365 egun (urte bat). Urteko lanorduak kontabilizatzeko berriz, populazioa aktiboa bider 2.000 ordu, normalean lan hitzarmenak ordu gutxiagoak izan arren.
_________________________________________________________________________________________________
Hizkuntz politikaren porrota eta euskararen etorkizuna
2016-04-11 / 12:14 / Jose Mari Pastor Gonzalez
Jose Mari Pastor |
Lan munduan euskararen beharra piztea aipatzen duzu zeure artikuluan. Horixe, hala egin beharko genuke. Hala ere, nahikoa izango litzateke hori? Euskal administrazioan euskara beharrezkoa da zenbait postutan jarduteko, baina hizkuntza eskakizunek ez diete enplegatu guztiei berdin eragiten. Den-denak, lan merkatuak hala behartuta, euskaldunduko balira, ederto. Orduan edozein bulego edo egoitza publikotara joan –berdin dio Osakidetza edo Industria saila– eta euskaraz egiteko aukera izango genuke. Baina hortik aurrera, zer? Funtzionario horrek, behin bulegotik irten eta gero, nola jokatuko luke? Beharbada erdaraz egingo liguke lanetik kanpo, euskararen beharrezkotasunaren zamatik aske.
Kontua da: euskara ikasi eta gero, nola lortu, nola motibatu, bultzatu pertsona hori gurekin kalean ere euskaraz egitera? Zer elementu emozional garatu edo txertatu behar da langile horrek euskararen eremura salto egin dezan? Horixe izango litzateke egoera onena, idilikoa. Beno, lanean euskaraz jarduten badu, nahikoa lortu dugu. Dena den, ez da nahikoa. Gero pertsona horrek egingo duen hizkuntza aukerak gure komunikazio eremuari eragingo dio, eta hori, ahal dela, euskararen alde izan dadila lortu beharko genuke. Nola, baina?
Hemen ageri da zuk aipatzen duzun gatazka kontzeptu hori. Izan ere, erdaldun edo euskaldun bat Alemaniara edo AEBetara badoa lan egitera, logikotzat jotzen du bertako hizkuntza ikasi beharra, derrigorrezkotasuna, lan egiten hasteko. Eta behin hori lortuta, ez du arazorik lankideekin, lagunekin eta kaleko jendearekin hizkuntza horretaz segitzeko. Ez du hizkuntza hori mespretxatzen, “inposatu” egin dioten arren. Ez du hizkuntza hori gorrotatzen. Behar-beharrezkoa du, biziraupen kontua da, eta azkenean horretara egokitu, moldatu beharrean dago. Hemen, ordea, hutsaren hurrena da euskara, plus bat, zama bat, askoren iritziz. UPNko morroi horren antzean pentsatzen dute herritar askok. Zertarako ikasi euskara, komunikazioa denok menperatzen dugun lehen hizkuntzan bermatuta badugu aldez aurretik? Inork ez du zalantzarik lana aurkitzeko ingelesa behar dela, eta gustura asko hartzen dute hura derrigorrez izatea. Baina euskara…
Hemen gazte batzuk daude, euskara gustatzen ez zaiela esaten dutenak. Entzun egin diet. "Ez zait gustatzen", diote. Zergatik ez? Eskolarekin, derrigorrezkotasunarekin, nota batekin lotuta doazelako? Edo euskara bera delako, euskarari buruzko pertzeptzioagatik, euskararen beharra ez dutelako, erdara badutelako komunikazio tresna nagusi? Oraindik ez diot entzun etorkin marokoarren edo bulgariarren umeari "erdara ez zait gustatzen" edo "erdara gorrotatzen dut". Eta agian gorrotatu egiten dute, baina ikasi ere bai, beste erremediorik ez dutelako sozializatzeko, lagunekin hitz egiteko, lana aurkitzeko.
Zer egin horren kontra? Burua makurtu? Bai, askotan horra garamatzate. Nekagarria da han eta hemen euskaraz egiten hastea, aurrekoak nola erantzungo dizun jakin gabe. Etsigarria batzuetan. Goizeko bederatzietan hasi behar duzu borrokan, “gatazka bila”, autobus gidariari euskaraz zerbait galdetu, eta hark igoal modu txarrean erantzungo dizulako? Ez da atsegina. Baina beste kontu batzuk esan eta egin daitezke, jendeak, erakundeak eta enpresak ikus dezaten. Esaterako: Donostiako jatetxe batean karta ematen dizute. Espainolez, ingelesez eta frantsesez idatzita dago. Eta begirunez galde daiteke –nik egin izan dut, ez beti hori ere egia da–. “Aizu, hau euskaraz ez duzue? Eta hemengo jendeak ez du karta euskaraz irakurtzeko modurik?” –'eskubide' hitza esanez gero, erne bazterrak, 'zapaltzailea' deitu diozu, gatazka bila ari zara eta! –. Eta orduan hark zer erantzuten duen, zeuk duzu azken hitza. Beraiek libreak dira kanpoko turistaren hizkuntzari hemengo berezko hizkuntzari eta hiztunei baino errespetu handiagoa izateko eta erakusteko. Era berean, norbera libre da, gu ere libreak gara kanpoko bezeroei bertokoei baino errespetu handiagoa dien bertoko dendari edo tabernariari dirua emateko edo ez. Baina, jakina, gu halakoak egiten hasten bagara, geu gara liskartiak, erasotzaileak. Mezu hori saldu digute, eta guk irentsi.
Euskararen beharra sentitu eta sentiarazi egin behar diogu gizarteari. Kanpaina instituzionalak ondo daude, baina ez dira nahikoa. Beste alde batetik, badago beste kontu bat, kezkaz erreparatzen diodana. Zenbait abertzale eta independentistaren artean gero eta gehiago hedatzen ari den ikuspuntua: euskararen ezagutzaren erlatibizazioa. Orain, kontsentsu bila joan behar dugu, zubiak eraiki, independentzia lortuko badugu. Euskarak ez omen luke oztopoa izan behar independentziarantz abiatzeko bla, bla, bla. Malgutasuna, errespetua, begirunea. Eta nik neure buruari galdetzen diot: “Inoiz baztertu dugu inor euskal gizartean, kuadrillan, herrian, euskaraz ez jakiteagatik?”. Alderantziz. Eta zer lortu dugu buenismo horrekin? Besoak zabalik hartu dugu pertsona hori, eta berak erdaraz dantzan jarri gaitu. Haietako asko hemengoak dira, hemen jaioak, baina ez dira konturatu edo ez dute konturatu nahi izan hemengo egoera linguistikoaz. Batzuk 'de paso' daude, baina azkenean bikotekidea aurkituko dute hemen eta Markinara joango dira bizitzera. Eta etxeko bizilagunen administrazio bileretan erdaraz egiteko eskatuko dute, haiek 'de paso' daudelako. 'De paso' beti, Eta guk, tonto txepel legez, erdaraz egingo diegu, erdaraz egingo dugu geure artean, kulpa sentimendua, gatazka konplexua barneratuak ditugulako. Zenbateko garrantzia ematen diogu, benetan, euskarari?
Izan ere, orain euskara gure lehen, goreneko lehentasunen artean ez jartzeko eskatzen hasi zaizkigu. Jarrera edo eskaera hori tranpa galanta izan daitekeela uste dut. Zintzoak izanda, inoiz egon da, inoiz jarri dugu euskara eguneroko praxian lehen postuan? Teorian bai, baina gero txakurraren putza –salbuespenak salbuespen, jakina, eta salbuespen horiek taliban linguistikotzat jotzen ditugu, ez soilik erdaldunek, euskaldun askok ere bai–. Orduan, nire galdera da: besterik egin behar dugu? Malgutasun, tolerantzia, errespetu ekintza eta jokabide gehiago? Orain artekoekin zer lortu dugun ikusita… Baina tira, kopla horrekin datozkigu azkenaldi honetan.
Bide luzea dugu, baina ez dugu etsi behar. Hala ere, ukaezina da batzuetan nekagarria izaten dela. Toledo edo Amiens-ekoak izango bagina, espainolez edo frantsesez hitz egingo genuke modurik naturalenean, berez, besterik gabe, geure buruari galdetu gabe hizkuntza behar adina maite dugun edo ez; haren alde zer egin dezakegun pentsatu gabe. Hitz egin besterik ez genuke egingo, azalpenik eman gabe. Eta gurera etorritako batek edo hemengo batek gure hizkuntza ikasi nahi ez badu, hor konpon, ez genuke kontzientzia kargurik izango hari espainolez edo frantsesez egiten segitzeagatik, gu errudun sentitu beharrean. Gainera, egoera irreala izango litzateke. Espainola edo frantsesa ikasiko ez zuen lagun hori baztertuta egongo litzateke gizartean. Hizkuntza horren beharra izango luke bizitzeko, lan egiteko, komunikatzeko. Baina hemengoak gara eta hemen bizi gara.
Tira, ez naiz gehiago luzatuko. Hausnarketa eskatu didazu eta hementxe duzu, ba. Esan bezala, bide luzea dugu aurrean. Ruperrek ondo azaltzen du: “Euskaldun izatea zein nekeza den”.
Besterik ez. Animo eta eutsi horri.
Besarkada bat, eta hurrengo batera arte, Patxi.
(JOSE MARI PASTOR GONZALEZ kazetaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina