Altxor
asko eta handiak ditu euskarak. Bada kopla bat, orain 80 urte haur izan
zirenek beraien gurasoengandik ikasi ohi zutena. Gaur egun, kopla
horren ahoz ahoko eta belaunez belauneko transmisioa eten egin da edo,
kasurik onenean, hil hurren dago. Hona hemen kopla hori:
Kopla horrek hainbat galdera sortzen dizkigu:
|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Urte zahar, urte berri2003-12-15 / 07:00 / Bernardo AtxagaKopla txiki hau nik ez dakit noizkoa den, baina ene iritzirako oso zaharra da eta guk denok umetan ikasi izan dugu. Askok eta askok kantatua izango dute beren haurtzaroan. Nik esan nahi dizuedana da kopla hau oso lotuta dagoela gauden urte garaiarekin, urtearen bukaerarekin. Eta esango didazue: zergatik dago lotuta kopla hau urtearen bukaerarekin? Txantxangorria txantxate, birigarroa alkate, xoxoa dela mediante, txepetxa preso sartu dute. Ez dirudi zerikusirik izan dezakeenik urte bukaerarekin. Bai, badu eta hori esplikatzera noa. Ikusten duzue azaltzen direla lau txori baina bereziki niretzat kopla honetan funtsezkoak edo garrantzizkoak direnak bi besterik ez dira, txantxangorria eta txepetxa, hain zuzen. Txantxangorriaren inguruan -ostera ere ume kontuekin hasi beharko nuke- denok izan ditugu mila istorio. Horrela, kolpetik gogoratzen zaidan bat esateko, txikitan zioten ezin zela txantxangorri bat hil, txantxangorriak arantzak kendu zizkiolako Jesukristori gurutzean zegoenean. Orduan, horregatik, txori aski sakratua zela eta ez genuela halakorik hil behar. Noski, gure herri aldrebes horietan ez pentsa kasu handirik egiten zitzaionik istorio honi, baina txantxangorriaz hori esaten zen. Txepetxaz, berriz, gauza asko esan dira. Txantxangorriak ere badie sinpatia bat gizakiei edo neska-mutilei: ez da beldurtzen gizakiaren inguruarekin. Eta txepetxa ere oso laguna da gizakiarena. Esango nuke nik nolakoa den txepetxa baina hobe horretarako Pedro Mari Otañok egin zituen bertsoetara jotzea:
Ikusten duzue piska bat panparroia ere badela gure txepetxa; hala ere, oso txori sinpatikoa. Badira, ordea, bertso horietan azaltzen ez diren xehetasun batzuk txori honi buruz. Esate baterako, txepetxa beti ibiltzen da jende artean, beti ibiltzen da ikusteko moduan urtearen sasoirik zabalenetan: ibiltzen da udaberrian, udan, udazkenean. Ikus liteke txepetxa edozein txokotan edo ikus zitekeen, behintzat, Euskal Herrian txoriak zeuden garai aspaldiko haietan. Hala ere, txepetxak urte garai honetan, ia urtea bukatzear dagoenean, negu gorrian, basorako joera du, ezkutatu egiten da. Eta inork aurkitu nahi izango balu, sastraka eta baso ezkutuetara jo beharko luke. Han nonbait, txokoren batean, ezkutatuta egongo da txepetxa. Horretan txantxangorriaren bestaldekoa da. Txantxangorriak erabat bestalde jokatzen du. Txantxangorria ez da azaltzen udaberrian, oso gutxi udaran, udazkenean pixka bat eta, azaldu-azaldu esaten dena, abendu aldera azaltzen da ikaragarri, eta kantatu ere hor egiten du. Orain erreparatu diezaiogun, berriz ere, koplari: "Txantxangorria txantxate". Hori da txantxangorriaren kantua, txantxanekoa da. Ez da txio-txiokakoa, txantxanekoa baizik. Orduan txantxangorriak "txantxate" kantatu egiten du, eta koplaren azken lerroan, berriz, "txepetxa preso" sartzen dute. Ari gara pixkanaka inguratzen. Ari gara inguratzen koplak eta urtearen sasoi honek duten harreman horretara. Baina oraindik ere ezingo duzue kopla txiki hori erabat konprenitu, nik ere konprenitzen ez nuen bezala, eta ez nuen ezer jakin izango honetaz, baldin eta ez banu irakurri izan Robert Gravesen liburu bat: "Jainkosa Zuria". Hala deituko dute itzultzen denean. "Jainkosa Zuri" horretan Robert Gravesek oso ohitura bitxi bat kontatzen digu Greziari buruz aurrena eta gero Gales herrialdeari buruz. Hau dio: "Urtea bukatzear zegoenean, Grezia Zaharrean, orain dela ez dakit zenbat mendeko Grezia Zahar hartan, txepetxa harrapatu eta kristalezko kaiola batean sartzen zuten. Kristalezko kaiola hark zintak izaten zituen eta, orduan, prozesioan segidan eramaten zuten. Behin aldare batera heldu eta hil egiten zuten txepetxa". Eta gauza bitxia, izan ere, txepetxa orduan bakarrik hiltzen baitzuten; beste urte garai guztietan, nolabait esateko, txori sakratua zen. Galesen, berriz, kontatzen digu Gravesek, ez naiz itzultzen ari, baizik eta buruz ari naiz esaten: "Galesen, berriz, eguberriak heltzear daudenean, mutil koxkorrak hartu lizar-makilak eta txepetx bila abiatzen dira txepetxa hiltzeko. Hain zuzen, Grezian bezala, bakar-bakarrik urte sasoi horretan hil liteke txepetxa. Bestela ezin liteke hil. Eta Gales horretan txantxangorria goratzen dute". Beraz, txepetxa hil egiten dute lizar-makilekin eta, hori egin bitartean, Galesko mutil koxkorrek kantuak egiten dizkiote txantxangorriari. Orduan, jakina, konturatu nintzen gauza bera zela Grezia Zaharreko ohitura, nola Galeskoa, nola Euskal Herriko kopla horretan azaltzen dena, gauza berberaz mintzatzen zirela. Grezian bezala, euskal koplan ere preso hartzen dute txepetxa eta, Galesen bezala, txantxangorria nolabait garaile ateratzen da, txantxate, kantari. Robert Gravesek ematen du esplikazio zuzena eta dio: "nola txantxangorria urtea bukatzear dagoela azaltzen den, eta nola txepetxa urtea bukatzear ezkutatzen den, txantxangorria bihurtu zen urte berriaren sinbolo eta txepetxa urte zaharraren sinbolo". Zer egiten dio urte berriak urte zaharrari? Hil. Jaio denak beste baten lekua hartu behar du, noski. Urte berriak zaharra hiltzen duen moduan hiltzen du urtero-urtero txantxangorriak txepetxa. Eta zergatik uste zenuen, bada, txantxangorriak duela papar gorri hori? Bada, hainbeste aldiz hiltzen du txepetxa eta hil du txepetxa, non txepetxaren odolak gorritu egin dion gorputzaren parte hori. Kopla, beraz, ez da urte sasoien bilakaera baino. Ez ditut egin konprobazioak, baina egingo ditut, noski, eta orduan kontatuko dizuet, baina ene iritzirako bai xoxuak bai birigarroak beste urte sasoi batzuk adierazten dituzte, hain zuzen erdikoak, eta seguru asko, bi pizti horiek erdiko sasoi horietan kantatzen dutelako. Orduan, zer da kopla txiki hori? Azken finean kalendario txiki bat da eta, baita ere, nola esan? metafora zahar bat. Esan nahiz edo esanez, zaharra eraberritu egiten dela eta eraberritzean hil egiten dela, baina hil egiten dela berriro sortzeko. (JOSE IRAZU GARMENDIA "Bernardo Atxaga" idazlea da)
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Birigarroa alkate2003-12-15 / 07:00 / erabili.comTxantxangorria eta txepetxak jendartean ibiltzeko erreparorik ez duten bezalaxe, birigarroa, aldiz, oso txori izuti eta bakartia da. Baina kantuan hasiz gero, birigarroaren aldamenean beste txori guztiek ez dute zer eginik: mutu uzten ditu birigarroak bere kantu saio ederrekin. Hain zuzen ere, euskal kopla horretan horixe adierazi nahi da "birigarroa alkate" esaten denean, alegia, birigarroa kantuan garaile dela, txapeldun dela. Amerikako Irokiar indioek ere kontakizun ederra dute birigarroak kantuan nola ikasi zuen azaltzeko. Hona hemen kontakizun eder hori: "Aintzina aintzinako garaietan, gauzak oraindik zertarako ziren ere ikasten ari ziren garai zahar haietan, txoriek ez zuten artean abestirik. Izpiritu Ona horretaz jabetu zen eta munduko hegazti guztiei Biltzar Handirako deia egin zien: lurrean ibiltzen direnei, aintzira eta itsasoetan igerian ibiltzen direnei, lorerik lore, adarrik adar jauzika ibiltzen direnei, zeruan eguzkiari aurpegi ematen diotenei eta gauaren ilunean begiak zabaldu eta ikusten dakitenei. Denak bildu ziren biltzarrera: hurren eta urrunekoak, paraje beroetakoak eta hotzetakoak, habia belarretan egiten dutenak eta haitzik garaienean egiten dutenak. Hango zalaparta baretu eta isildu zirenean, Izpiritu Onak abestirik nahi al zuten galdetu zien txoriei. Eta txoriek baietz, nahi zutela: "Bai, bai". Orduan, hauxe esan zien Izpiritu Onak: "Zatozte bihar goizean eta eguzkiaren lehen ile gorriak azaldu orduko, hegan izan behar duzue denok zeruan. Ahal bezain gora luzatu behar duzue zuen hegada. Eta gorago ezin duzuenean, hatsik gabe eta indarrik gabe zaretenean, han aurkituko duzue nork bere abestia. Zenbat eta gorago egin, orduan eta abesti ederragoa". Hurrengo goizean, txoriak prest zeuden eguzkia azaldu baino askoz lehenagotik. Txori guztien artean bat bakarra zegoen bere ezinean etsita, hegoak astindu gabe geldi-geldi: birigarroa. Arranoa zuen aurrez aurre eta honela zioen bere golkorako birigarroak: "Zer egin behar dut, bada, nik, horren ondoan? hain ttattarra naiz!. Etsipenezko burutazio ilun horietan ari zela argia piztu zitzaion: "Arrano horrek, dagoen bezain urduri dagoela, ez nau igarri ere egingo". Eta tximista baino azkarrago arranoaren lumapean ezkutatu zen. Azaldu zen azkenean eguzkia eta haizatu ziren txori guztiak. Denbora luzean aritu ziren txoriak gora eta gora. Geroxeago, ordea, nekearen ordainez, hatsa estutu ahala, beheraka abiatu ziren ahulen eta txikienak. Txoriek ahal zuten bezain gora iristen saiatzen ziren indar guztiak ahitu artean eta, lehertuta zeudenean, beherako bidea hartu ahala, entzuten zuen nork bere abestia, eta lurrera orduko buruz ikasten zuten, betiko eta sekulako. Indarrak ahitu ahala, txoriak bata bestearen atzetik lurreratu ziren. Azkenean, arranoa hegalari bakar gelditu zen, nagusietan nagusi, zeruko sabaitik hurbil. Birigarroa, aldiz, lotan egona zen hegaldi osoan, luma artean ezkutaturik. Arranoak beherako bidea hartzear zegoela esnatu zen eta jauzi egin zuen haren lumapetik eta zeruan gora-gora, txiki-txiki egin arte jarraitu zuen hegada bizian. Zeru-sabaiko zulotik igaro zen eta Izpiritu Zoriontsuen herriraino iritsi zen; eta bertan abestirik ederrenetan ederrena entzun zuen. Doinu hura ondo ikasi zuenean, Izpiritu Zoriontsuen herria utzi eta lurrera abiatu zen berriro. Ezin izan zuen lurrera iritsi arte itxaron, ezin izan zuen etsi bere abesti ederra entzutera eman gabe. Baina lurreratu orduko, kolpetik ilundu zitzaion birigarroari barnean zeraman poza. Gainerako txori guztiak isil-isilik eta begira-begira ikusi zituenean, berehala antzeman zien bazekitela bere abesti eder hura nola zuen lortua. Ihesi joan zen, beraz, isil eta uzkur, sastrakarik ezkutuenera, hostajerik itsuenera: han gordeko zuen bere lotsa. Zeraman tristurarekin, ez zuen nahi inoren bistara azaltzerik ere. Eta hantxe omen dago oraindik. Bere azpikeriak lotsaturik omen dauka oraindik. Noizik eta behin, ordea, bestela ezin etsi eta, abesten du bere kantu zerutiar ozena. Eta ekiten dionean, derrepente isiltzen dituzte beren kantuak gainerako txoriek; ondotxo baitakite, beren txio eta txilioak hutsaren hurrengo direla birigarroaren abestiaren aldean. Horrexegatik da birigarroa horren izuti eta bakartia: baina txoriek inoiz izan duten kanturik ederrena du". | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
ADUNA-n (Gipuzkoa)2003-12-15 / 09:52 / Gregorio Olasagasti ArzallusNik honela ikasi nuen ADUNAn (attonagandik eta amagandik):
======================= Honen harira burutazio txiki bat: bada Adunan TXANTXANE izeneko baserri bat. SANTXO-ENE bezala idatzita ikusi berri dut udalak ateratako herriko baserrien izendategian; ez du ba zerikusirik izango txantxangorriaren kantuarekin? | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
MUTILOA-n (Gipuzkoa)2003-12-15 / 12:14 / Maite Murgiondo EtxanizGure Aita Mutillon jaioa da 1922an eta hark erakutsi digu guri eta gure aitari gure amonak erakutsi zion. Hona hemen gure etxean nola kantatzen den kopla hori:
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
BERGARA-n (Gipuzkoa)2003-12-16 / 22:41 / Egoitz Unamuno (Soraluze)Nire amona (80 urte inguru) Bergarako Osintxu auzoko baserri batean jaioa da eta Bergarako Angiozar auzoko baserri batera ezkondu zen. Oso zalea da kantu, ahokorapilo, ipuin eta gertakizunak kontatzen eta tartean eskuartean darabilgun kopla hau ere kantatzen edo errezitatzen du. Modu honetantxe:
Kontuak kontu, ze ederra den aiton amonen ahozkotasuna, ahozko literatura hori eta darabilkiten imaginarioa, dios! BIDANIA-n (Gipuzkoa)2003-12-18 / 10:18 / Luis Beloki ArsuagaGure Aita zena Bidanin jaio zen eta gaur bizi izan balitz 75 urte izango zituen. Nik harengadik ikasi nuen kopla hau gure etxean, Bidanin:
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
ATAUN-en (Gipuzkoa)2003-12-18 / 21:55 / Jaime AltunaKopla eta emandako azalpenak ederrak iruditu zaizkit. NIk neuk ez nuen ezagutzen, hala ere aitak (Ataungoa) askotan aipatu digu txantxangorria txori sakratua dela. Atxagak aipatzen duen istorio "kristaua" (txikitan zioten ezin zela txantxangorri bat hil, txantxangorriak arantzak kendu zizkiolako Jesukristori gurutzean zegoenean), aitak beste modu batean kontatu digu eta aipatzekoa da txantxagorriaz gain txepetxa agertzen dela: Jesukristori txepetxak kendu zizkion arantzak, mokoa horretarako oso aproposa baitu, eta azpian zegoen txantxangorria odol tanta batez busti zen. | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
BERANGO-n (Bizkaia)2003-12-26 / 18:32 / Gabi BasañezTxindor bat mendian ikusi genuela, duela urtebete inguru, neure aitaginarrebak -Bizkaiko Berango herriko semea den larogei urteko Dionisio Barrenetxeak- zera esan zidan, txindorra (txantxangorria) ez dela hil behar esaten zietela beraien gurasoek. Horrexegatik, edurtzeak zirenean txoritan joaten zirela, baina txindorrak beti aske uzten zituztela. Ia erlijio kontuak ete ziren galdetu nionean, ez zuela uste erantzun zidan, bera elizara joandakoa zela eta holakoren aipurik ez zuela egundo ere entzun elizan eta beraz kristautasun aurrekoa izan behar zuela bere ustez. Zur eta lur gelditu nintzen ordura arte hori entzunbakoa nintzelako eta zantzuen bila ibili naiz. Gaur hona sartzean arrazoirik ez zaiola falta ikusi ahal izan dut. Eskerrik asko laguntzagatik. Amaitzeko, kopla zahar horretan oinarria duen beste bertso hau oso zabalik egon zen Bizkaiko Uribe Kosta aldean pasa den mendeko 70. hamarkadaren amaieran. Gaur ere kantatzen ohi da:
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Urte zahar, urte berri eta Zakilixut2003-12-31 / 08:38 / Antton Olariaga | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
ERNIALDE-n (Gipuzkoa)2004-02-04 / 00:13 / Antton GarroEpaiketa egoera bat azaltzen dute. Txantxangorria informatzailea, salatzailea, akusatzailea izango litzateke; Birigarrua, alkate, epaile; Xoxua alguazila izango litzateke eta txepetxa preso hartu eta kartzelaratuko duten epaitua. Zuen bertsio bera ikasi izan dut. Nire aitarengandik jasoa daukat. Ni Tolosarra izan arren, bera jaiotzez Ernialdekoa da. | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Txepetxaren habiak bi zulo2004-12-31 / 07:01 / Antton Olariaga |
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Erregetxoa eta txepetxa.2015-01-18 / 14:00 / Anuntxi AranaLuiaondon entzuna dudanez, han ere lehengo zaharren ustez, kontrajarriak ziren txantxangorria (matxin deitzen zuten erdaraz) eta txepetxa (hala deitzen dute erdaraz orain ere). Hemen aipatu diren Jesusen koroako arantzak direla eta, matxina zori onekoa zen eta txepetxa zori txarrekoa. Txepetxa bidera ateratzen zitzaienean beldurtzen ziren nahigaberen bat ez ote zitzaien gertatuko, gurdia uzkaili edo horrelako zerbait (“Me ha salido la epetxa” esaten zuten). Alderantziz, matxin bat aurrean ikustea seinale ona zen: “Me ha salido el matxin” (“Matxinak urten daust” esango zuten lehenago). Frantziako folklorea aztertu zuen Sébillot-ek txantxangorri / erregetxo bikotea aipatzen du (erregetxoa eta txepetxa maiz nahasten dira, biek dute txori txikiena izateko uzia), baina ez ditu zorion edo zoritxarrarekin lotzen – Luiaondokoa bakarrik ez ahal da izango! Urte hasierako ohiduraren berri ere ematen du Sébillot-ek, erregetxoak Errege egunarekin zerikusia duelako. Carcasonan, txori ehizatzera joaten ziren haurrak basora eta harrapatzen zuena "Errege txiki” koroatzen zuten; gero Errege egunean, erregetxo hila mezara eraman eta, agintarien etxeetara jotzen zuten diru biltzen. Irudiz, Iraultza handiarekin amaitu zen ohidura. Berrikiago, erregetxoa bizirik harrapatu eta elizan askatzen zutela irakurri dut sarean nonbait. Violet Alford-ek Irlandan topatu zuen erregetxoa. Han ere, Errege egunean, eske egiten zuten haurrek, erregetxo hila haga batetik dilindan eta "Emaguzue dirua erregetxoaren ehortzeko" kantatuz. Eta Frazer-en esanetan erregetxoa hiltzeko eta ehortzeko usadioa oso zabaldua zen Ingalaterran eta Frantzian.
|
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina