2016(e)ko otsaila 27, larunbata

Exotismo kontrolatua

Nerea Ibarzabal Salegi
Interesgarria da aztertzea zein jarrera hartzen ditugun pertsonok gure herrialdeetan ez gaudenean. Gure habitatean egin ezin dezakeguna egitea da aukeretako bat, gure habitatean egiten ez duguna egiten dugula esatea beste bat, eta gure habitatekoak garela ezkutatzea edo gure habitatean sentitzen ez dugun gure habitatarekiko maitasun esajeratua erakustea ere ohikoak dira. Erasmusen ezagutu ditut une oro bella ciao kantatzen zuten italiarrak, beraien azentua disimulatzen saiatzen ziren frantsesak, leku guztietara berandu iristen hasi ziren alemanak… baina bereziki zortedun sentitzen naiz azkenaldian bere burua desagertzeko arriskuan ikusten duen espezie bat gertutik aztertzeko aukera izan dudalako: Euskal Herrian bizi den erdaldun elebakarra.

Jarrera deigarri asko identifikatu ditut espezie honen migrazio prozesuan, baina beharbada sinestezinena zera da, gainerako hizkuntzekiko errespetua eta (adi!) interesa erakusten dituela kanpoan dagoenean. Hizkuntza bakarra jakitea bi jakitearen maila berean dagoela dioen horrek klase partikular asko ordaindu osteko ingeles perfektua darabil jendaurrean, eta turkierazko hitzak apuntatzen hasi da koadernoan lehenengo astetik, bertakoekin haien hizkuntzan aritzeko, errespetuagatik.

Interesgarria, era berean, injustiziak detektatzeko eta kritikatzeko garatzen duen bat-bateko gaitasuna (berari eragiten ez diotenean ere bai). Kazetarien atxiloketak, biolentzia poliziala, estatu totalitario baten ekintza bidegabeak, kurduenganako zapalkuntza… denak salatzeko gai da, justifikazio saiakerarik gabe.

Migrazio aldian Euskal Herriko erdaldun elebakarra euskaldun elebidunarekin batera sailkatzen dute espainolek los vascos azpitaldean, noski. Eta, zer diren gauzak, horrek ez du erdaldun elebakarra mintzen, alderantziz, euskarazko hitz solteak esatera ausartzen da maiz, gure jatorri ezezaguneko hizkuntza exotikoaz harro. Eta zein politak diren baserritar jantziak, eta ze ona 8 apellidos vascos eta gure Idiazabalgo gazta, eta, benga, kanta dezagun euskal kanturen bat! Oso kukia baita gure kultura, folklorera, kondairetara eta galtzen ari den hizkuntza zahar bat mirestera mugatzen den bitartean.

Baina amaitu da migrazioa, eta erdaldun elebakarra itzuli da bere habitatera. Lehen azpitalde berean batzen gintuenak banandu egiten gaitu orain. Exotismoa bai, baina kontrolatua. Izututa sumatzen dut sare sozialetan “inposatu” eta “behartu” bezalako hitzak erabiltzen, euskara mendi puntetako herri basatietatik hiriko eskoletara jaisten hasi delako, gaztelaniaren eskubide berak eskatzera ausartu delako, ez duelako Ken Zazpiren Ilargia-ra mugatu nahi.


(NEREA IBARZABAL SALEGI kazetaria eta bertsolaria da)


  • Estreinakoz, Bizkaiko Hitza astekarian argitaratua, 2016-02-26an.

iruzkinik ez: