2016(e)ko otsaila 27, larunbata

Erdaraz, 'de paso'

Jose Mari Pastor Gonzalez
Erdarak balio soziala du. Beharrezkoa da. Eta derrigorrezkoa. Euskara, berriz, borondatezkoa dugu, aukerazkoa, kontsentsuaren eremukoa. Erdaldun elebakarren apeten eta euskaldun elebidunen aldarrikapenen arteko adostasun hauskorraren menpekoa. Gainera, euskarak oraindik ez du guztiz uxatu boronoen mintzaeraren itzala, ezta zenbait euskaldunen artean ere.

EHUko erdarazko graduko ikasleen artean eginiko inkesta baten emaitzetan ageri da pentsamolde hori. Hainbat galdera egin zaizkie lehen ikasturteko gazteei. D eta B ereduetako ikasleei hau itaundu zaie: «Ikasketak D edo B ereduan egin badituzu, zergatik erabaki duzu gradua erdarazko talde batean egitea?». Nagusitu diren hiru aukerak ez dira pozteko modukoak. Lehena: «Uste dut lan merkatuan erabilgarriagoa izango dela erdaraz ikastea» (erantzunen %43). Bigarrena: «Nire euskara maila ez da gradua ikasteko nahikoa» (%20). Hirugarrena: «Uste dut erdaraz graduak kalitate handiagoa duela» (%15).

Erdarazko graduan matrikulatutako euskaldunen ia erdiek argi dute espainieraz behar bezala jakitea ezinbestekoa dela lana aurkitzeko. Bestetik, %20k argudiatzen du euskara maila eskasa duela. Nork agindu zigun D eta B ereduek euskalduntzea bermatuko zutela? Hirugarren ondorioa ere ez da gozoa: erdarazko adarreko ikasle euskaldunen %15en arabera, erdarazko graduak euskarazkoak baino kalitate hobea du. Euren hizkuntzari lotutako aurreiritzia da, zeren euskaraz ematen duten irakasle gehienek erdaraz ere jarduten baitute. Ikasle horien aburuz, edo irakasleek ez dakite euskaraz erdaraz bezain ongi, edo kalitatearen bermea erdarazko eskolen edukiek dute —euskarazkoek ez—. Baliteke ikasleak bi iritziekin bat etortzea.

Hegoaldeko ikasleek badakite erdara bai baina euskara ez dutela jakin behar lana aurkitzeko, ezagutzak batzuetan bidea erraztuko badie ere. Ikasle erdaldunei ez zaie burutik pasatu ere egingo euskara primeran menperatzea unibertsitatean euskaraz ikasten segitzeko, graduak kalitate hobea izan dezakeelako. Ingelesezko karrerak agian bai, baina euskarazkoak? Nolatan izango du kalitate handiagoa baserritarren hizkuntzaz emaniko graduak?

Inkestaren beste emaitza bitxi bat: gure Euskadi autonomikoan ikasitako ikasle horien %10ek erdara hutsez egin dute unibertsitaterainoko bidea. Euskararen arrastorik ez, ezta ikasgai moduan ere —azken hori A ereduan gertatzen da—. Poliziaren, Guardia Zibilaren, Armadaren, hau da, indar okupatzaile militarren seme-alabak? Espainiaren okupazio kulturalaren ordezkari gorenen umeak? Multinazionaletako ibiltarienak? Kontua da guraso horiek zilegi dutela esatea «ez dut euskararekin ezer jakin nahi». De paso daudela esango dute. Baina de paso luzean, seme-alabek unibertsitatean segitzen baitute. Masterra ere gurean egingo dute, de paso? Legeak aukera hori ematen die. X eredua da. Guri, aldiz, ez zaigu hau esatea onartzen: «Eskolan ez dut ezer jakin nahi erdararekin; nahikoa dut kalean entzuten dudanarekin». Eta aukera hori izan behar genuke, diskriminaziorik ez izateko.

Izan ere, zoritxarrez, zenbait euskaldun alde egiten hasi dira hemendik, lan bila. Haientzat egokia izango litzateke eskolan E eredua sortzea. Euskara eta English. Euskaldun batek bere bizitzako kontratua lortu badu, eta datorren urtean Nebraskara joatekoa bada lan egitera, zergatik ikasi behar du haren ume txikiak derrigor espainiera eskolan? Zergatik ez erdara kendu, eta ingelesa ikasi; edo dena ingelesez eman, XE ereduan? Era berean, Lea Artibai, Urolalde edo Goierriko zenbait herritako ikasleek espainiera baztertu eta ingelesa aukeratzeko eskubidea izan beharko lukete, laster batean AEBetara, Erresuma Batura edo Europara mediku, ingeniari, pilotari edo kantari joan nahi badute —edo Australiara gigolo edo escort. Norberak jakingo du nola irabazten duen ogia. Lanik eman ez eta, gainera, pontifikatzen hasiko gatzaizkie?—. Izan ere, haiek ere de paso daude. De paso, bai. De paso euren sorterrian.

(JOSE MARI PASTOR GONZALEZ kazetaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)
  •  Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2016-02-27an.

iruzkinik ez: