Aspalditik dakigu euskalduna dugula euskararen etsairik handiena, batik bat, euskaraz egiteko aukera izan eta, etxekalte jokatuz, erdaraz egiten duenean.
Orain, berriki, futboleko Errege Kopa lortu dute txuri-urdinek Sevillan eta han lortutakoa hemen ospatzera etorri direnean, ikusi dugu, beste behin ere, euskarari ekar dakiokeen kaltebidea norainokoa izan daitekeen. Kopa erakustera eta ospatzera Donostiako udaletxeko balkoira irten direnean, hitza hartu dutenek, Oyarzabal kapitainak eta, orain lau hilabete eskas, New Jerseytik gurera etorritako Matarazzo entrenatzaileak, biak ala biak, txalo artean, euskaraz egin dute, hasi eta buka. Une horretan, hori ikustean, baina, batez ere, hori entzutean, une horretan berean, Gipuzkoako ikastetxeetan lanean diren makina bat irakaslek hurrengo egunean ikasleei esan beharrekoa erabaki zuten beren kolkorako: «Ikusi al zenuten atzo nola egin zuten zuen bihotzeko Errealekoek? Eta zuek, berriz, jo eta su erdaraz!!!». Baina irakasle horien guztien asmoa zapuztuta geratu zen Aritz Elustondok gure euskarari bihotzaren erdi-erdian, labanarik zorrotzenarekin, eman zion sastakadarekin: «barkatu, baina erdaraz egingo dut denek ulertzeko».
Baina Aritz Elustondok gure euskarari emandako labankadaren parekoa da, euskaldun orok, zuk ere bai irakurle, euskaraz egiteko aukera duzun bakoitzean, baina ez egitea erabakitzen duzun guztietan, euskarari sortzen diozun kalte eta galera.
Aritzek handian edo makroan egindakoa, mikroan, geure txikian, egiten dugu euskaldun guztiok, kontsultara sartutakoan, mediku berriari, hartzen diogun tankeragatik, erdaraz egiten diogunean. Edo, denda arrotz horretan, estres linguistikorik ez pairatzeko, lehen hitza erdaraz egiten dugunean. Edo, lehen hitza erdaraz egin digunari erdaraz erantzuten diogunean, nahiz eta, euskaraz jakingo duenaren tankera hartu diogun. Edo, trafiko kontrol batean gelditu gaituen ertzainari autoko leihoa jaitsi eta zuzenean gaztelaniaz egiten diogunean. Eta, zer esanik ez, nortasun agiria edota pasaportea berritzera joan eta Polizia Nazionalarekin erdaraz egiten dugunean. Edo, larrialdi batean 112 telefonora deitu eta azalpenak ematen erdaraz hasten garenean. Edo, lehen hitza euskaraz egiten dugunean eta solaskideak ulertzen duenean, baina erderaz erantzuten digunean, eta guk, orduan, bigarren hitza erdaraz egiten diogunean. Edo, gure lagun kuadrillan euskara gutxi-asko denek ulertzen dutela dakigun arren, lagunartean erdaraz egiten dugunean, koadrillako batzuk beti erdaraz egiten dutelako. Edo, tabernariari kafea euskaraz eskatzean, aurpegi iluna jarri digulako, erdaraz errepikatzen diogunean. Edo, ikastetxeko guraso bileran, hizkuntza dinamika ez aldatzeko, aurreko guraso guztiek hitza hartu dutenean erdaraz egin dutelako, erdaraz egiten dugunean. Euskaraz egiteko aukerari uko egiten diogun guztietan, gure euskararen etxeko teilatuari harrika ari gara, euskara heriotz bidean jartzen ari gara, izan ere, euskararik okerrena, egiten ez dena baita.
Hizkuntza baten hiztunek daukaten jokabidea funtsezkoa da hizkuntza horren aurrerabiderako edo atzerabiderako. Altxa beza eskua euskaraz aritzeko aukerari behin ere uko egin ez dionak, edota ahal izan duen guztietan euskarari zintzo eutsi dionak. Ez dut eskurik altxatuta ikusten.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)
Hausnarketa honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak:

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina