2018(e)ko urtarrilaren 8(a), astelehena

Beharra da giltza

http://www.patxisaez.eus/2017/12/beharra-da-giltza.html
Laburpena:

Beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Euskararen bizi-indarra hiztunek euskara erabiltzeko duten behar sozio-funtzionalaren neurri berekoa da. Artikuluak hizkuntza biziberritzeko paradigma berria proposatzen du: Gurdiaren Paradigma. Paradigma horren arabera, hizkuntzaren gurdia mugiarazten duen indarra hiztunek hizkuntza hori komunikaziorako tresna gisa erabiltzeko duten behar naturalaren neurri berekoa da. Behar hori gabeko hizkuntzak, Darwinek iragarri bezala, galbidean dira.

Hitz gakoak: Hizkuntza, beharra, paradigma.


Resumen:

Lo que no es necesario desaparece. Así lo constató Darwin con su teoría de la selección natural. La fuerza vital del euskera es directamente proporcional a la necesidad socio-funcional que tienen sus hablantes de utilizarlo. El artículo propone un nuevo paradigma para la revitalización lingüística: El Paradigma del Carro. A tenor de ese paradigma, la fuerza tractora del carro de la lengua es la necesidad natural que tienen sus hablantes de utilizar esa lengua como instrumento de comunicación. Las lenguas que no generan dicha necesidad natural, como indicó Darwin, se encuentran en vías de extinción.

Palabras clave: Lengua, necesidad, paradigma.


Résumé:

Ce qui n'est pas nécessaire disparaît. C'est ce que constata Darwin avec sa théorie de la sélection naturelle. La force vitale de la langue basque est directement proportionnelle à la nécessité socio-fonctionnelle de son usage ressentie par les locuteurs. Cet article propose un nouveau paradigme pour la revitalisation linguistique: Le Paradigme du Chariot. Selon ce paradigme, la force motrice du chariot de la langue est la nécessité naturelle des locuteurs d'utiliser leur langue comme instrument de communication. Les langues qui ne génèrent pas cette nécessité naturelle, comme le dit Darwin, sont en voie d'extinction.

Mots-clés: Langue, nécessité, paradigme.



Summary:

What it is not necessary disappears. Darwin proved this statement with his theorem of natural selection. The vital force of the Basque language depends on the usage of this in the society. The article suggests a new paradigm for the linguistic revival: The Paradigm of the Cart. According to this paradigm, the force that moves the cart of the language is the natural need of communication. A language without that need, as Darwin predicted, are in the way of extinction.

Key words: Language, need, paradigm.







Beharra da giltza



Zerbait aldatu nahi duenak, lehen-lehenik, aldaketa horren beharra ikusarazi behar du, beharra agerikoa egin behar du. Ondoren, aldaketa hori egiten lagundu dezaketen eragileak behar horretaz jabearazi behar ditu.

Hain zuzen ere, asmo horrekin idatzi nuen Elefantea Ikusi (Saez, 2015) eta asmo horrekintxe joan nintzaion ate joka Andres Urrutia euskaltzainburuari. Gerora ere, Euskaltzaindiak antolatutako Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldira euskarak behar-beharrezkoa duen aldaketa soziala ikusarazteko intentzioarekin bertaratu nintzen (Saez, 2016).

Euskalgintzaren luze-zabalean aski errotua dago ziklo aldaketaren beharrarena. Egindakoetatik egiteke daudenei heltzeko behar gorria antzematen da euskalgintzaren baitan. Aldaketa behar hori, ordea, euskaldunez osatutako gizarte osora zabaltzea da eman beharreko hurrengo urratsa eta Euskaltzaindiak horretan akuilu lan handia egin dezake, izan ere, euskal gizartearen luze-zabalean onarpen handia du euskararen Akademiak eta aitormen betea mugaz bi aldeetako herritar eta erakundeen artean. Euskaltzaindiak bere sorreratik badu egiteko nagusi bat: euskararen herritik hizkuntza arnasberritzeari buruzko arrangurak eta hausnarketak jasotzea eta euskararen herriari ematea, euskararen etengabeko ekinean jarraitzeko. Aurki, 2019an, mendeurrena beteko du Euskaltzaindiak eta euskararen etorkizuna irabazteko beste mugarri bat jar dezake: euskararen estatusean gizarte berrikuntza ekartzeko, Biltzar Nagusi bat antolatzea. Horixe da nire proposamena.

Hizkuntza Planifikazioak, eraginkorra izateko, problema nagusia aurkitu behar du. Joshua A. Fishman soziolinguista handiak ere halatsu esanda utzi digu: «Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe» (Fishman, 1987).

Gaur egungo gazteen % 80k euskara eskolan ikasi du. Gazte horiek erdara dute etxeko hizkuntza eta euskaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen dira erdaraz. Gazte horiek eskolako ibilbidea bukatu eta laneratzen direnean erabat erdarazkoa den mundu batean murgiltzen dira eta lehendik zorroztu gabe daukaten euskara erabat kamusten zaie. Izan ere, hizkuntzak tresnak dira, komunikaziorako tresnak, eta behar ez ditugun tresnak zokoratu eta baztertzen ditugunean, azkenean, herdoilak jaten ditu eta erabiltzeko gauza ez direla geratzen dira. Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzeko erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak galbidean jartzen ditu lan munduak. Horixe dugu gaur egun begi bistan egon arren ikusten ez dugun elefantea.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak «Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2015» txostena aurkeztu zuen 2016ko maiatzean, eta txosten horretan dio lan mundua dela euskara normalizatzeko gakoa. Behatokiaren ustez, «Euskara ez da normalizatuko lan mundua euskalduntzen ez den bitartean». Enpresa batzuetan euskara planak abiatu arren, maiz eskolak euskaldundutakoa lanak «erdalduntzen» duela ohartarazi du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.


Hizkuntzaren oinarrizko beharra: berezko hiztunak


Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezalaxe, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian; hiztunak dira hizkuntzen funtsezko bizigaia. Landarea lurrean sustraituta bizi den bezalaxe, hizkuntzak hiztunengan bizi dira: hizkuntzek, bizirauteko, behar-beharrezkoak dituzte hiztunak, nahitaezko.

Irudika dezagun euskara landare bat dela eta loreontzi batean dugula. Loreontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino %70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren lorratzak ditugu, izan ere, arnasbide dituen hosto batzuk horaildu egin zaizkio (gune euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, galerak antzeman dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun berri horiek ez diote bizi-indarrik ematen.

Zer gertatzen ari da? Euskarak lur berri dituen hiztunak etengabe irabazten dituen arren, zergatik ez du indarrik hartzen euskaldunez osatutako gizartean komunikaziorako tresna gisa? Erantzuna begi bistakoa da: euskararen landareak lur gehiago irabazi duen arren, lur horretan beste bi landare ere badirelako, euskara baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Bi landare horiek sustrai luze eta indartsuak dituzte eta euskarak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landare horiek euskararen funtsezko bizigaia bereganatzen dute: hiztunak bereganatzen dituzte.

Beraz, nahiz eta euskarak azken 30 urteotan %70 lur gehiago izan; nahiz eta elikatzeko %70 aukera gehiago izan, lur hori elikagai potentziala du, baina ez benetakoa. Euskara elika dezakeen lur berri horrek, hiztun berri horiek, ez dute euskara elikatzen, baizik eta, loreontzi berean dauden erdarak elikatzen dituzte. Hiztun horiek horregatik moldatzen dira hobeto erdaraz: bizi-indarra erdarari ematen diotelako, eta ez euskarari. Euskararen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak.

Datuek ere horixe diote: EAEko euskaldunen %44 hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino. Horrela dio 2016ko urrian argitaratu berri den VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituen lokatza.

Euskarak indarberritzeko duen hiztun beharra aldarrikatuz, horrela irakur zitekeen, 2015eko 19. Korrikaren hasieran, Urepelgo herrian etxe baten leihotik zintzilik jarritako banderola edo pankarta batean:

«Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu».

Eta hemendik beste galdera bat sortzen zaigu: Hiztunek nolakoak izan behar dute hizkuntza bati bizi-indarra emateko? Zer hiztun mota behar du hizkuntza batek gero eta indartsuagoa izateko? Nolakoak izan behar dute hizkuntza baten taxuzko hiztunak edo berezko hiztunak, alegia, hizkuntza batek bere-bereak dituen hiztunak?

Bi ezaugarri nagusi izango dituzte berezko hiztun horiek:

1. Ezagutza: Hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko beste edozein hizkuntza erabiltzeko baino erraztasun handiagoa izatea. Hizkuntza horretan pentsatzea.

2. Erabilera: Hiztun aktiboa edo funtzionala izatea: hizkuntza hori erabiltzeko aukera duen komunikazio harreman guztietan, hizkuntza hori aukeratzea. Hizkuntza horretan bizitzea.

Gurdi bereko bi gurpilak dira ezagutza eta erabilera: ibiliz ikasten da oinez, eta hizkuntza, erabiliz. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa lortzen dugu. Erabiltzearen poderioz ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean, hizkuntza erabat gure baitako bihurtu arte. Gurpil bi horiek mugitzeko indarra, berriz, komunikaziorako behar naturala da: hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko daukan behar sozio-funtzionala. Halaxe azaldu nuen, Gurdiaren Paradigma 2016, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016-02-12an (Saez, 2016).

Hizkuntza batek dituen berezko hiztunen artean hiru motatakoak ditugu, bai behintzat, euskararen kasuan: elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak.

Euskaldun elebakarrik ez dago gaur egun, azken euskaldun elebakarra orain hogei urte inguru desagertu zen. Euskaldun elebidunak ere desagertzeko bidean dira, mende honen bukaera iristerako ez da alerik izango. Euskarak iraungo badu, nagusi behar ditugunak berezko hiztun eleaniztunak dira. Horiek sortzen egin behar dugu ahalegina.

Hiztunen batez bestekoari dagokionez, munduan nagusi eta hegemoniko diren hizkuntzek dituzte hiztun elebakar gehien (ingelesak, txinerak, arabierak, gaztelaniak eta errusierak, besteak beste) eta ahuldutako hizkuntzek, aldiz, hiztun elebidun eta eleaniztun gehien.

Honela dio, elebakarrei buruz, Kataluniako Carme Junyent hizkuntzalariak (Junyent, 2016):

«Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako. Orduan, ezinezkoa zen hizkuntza desagerraraztea. Gure amatxik, erratekoz, ez zekien katalanez bertzerik: alferretan zen hari gaztelania inposatzea».

Beraz, hizkuntza bat hiltzeko arriskua hiztun elebidunak sortzetik eta horiek erdalduntzetik dator.

Gaur egun, bospasei urte arteko haur gutxi batzuk ditugu euskaldun elebakar, eta ale bakar. Hain zuzen ere, haur horiei elebidun bihurtzeko halabeharretik sortzen zaie erdalduntzeko arrisku bizia, batez ere, eskualde erdaldun batean bizi badira.

Tolosako Juan Inazio Hartsuaga antropologoak ere idatzi du elebakarrei buruz (Hartsuaga, 2016):

«Bada zerbait, beraz, hizkuntzaren batasuna, euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak eta euskararentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan ere, zenbat iraun du euskarak bere etengabeko atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu zaionean? Mende bat, mende t'erdi, bi mende? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lur eman geniela eta dagoeneko hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen».

Azken batean, euskarak berezko hiztunak behar ditu, bere-bereak dituen hiztunak, komunikazio egoera guztietan euskara lehenetsiko duten hiztunak. Erabileraren bizilegean, euskara bere senetik, bere muinetik, sorberrituko duten hiztunak. Euskaltzale porrokatuak izan gabe, eta izan beharrik gabe, modu naturalean, hizkuntza berezkoa dutelako, euskaraz bizi eta euskaratik pentsatuko duten hiztunak eta, aldi berean, munduari zabalik dauden hiztun eleaniztunak. Izan ere, horrelako hiztunek, eta ez bestelakoek, emango diote bizi-indarra eta iraupena euskarari.


Hiztunaren oinarrizko beharra: komunikaziorako hizkuntza


Hizkuntzak gizakiak komunikaziorako asmatu dituen tresnak dira. Gizateriaren historiaren sokan bizirik iraun duten hizkuntzak hiztunen komunikazio beharretara egokitu izan dira: komunikazioa izan dute molde eta moldatzaile. Eta komunikazio premia horietara moldatu eta egokitzetik etorri zaie hizkuntzei etengabeko aldaketa. Eta etengabeko egokitze eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen garapena eta modernizazioa, baita euskararena ere.

«Hizkuntza gutxituak» bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek menderatzaileak beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako. Hizkuntza gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio beharretarako inongo baliorik ez duenean. Gurean, euskara dugu hizkuntza gutxitua.

Hizkuntza gure kasuan, euskara komunikazio tresna bat da. Beraz, tresna hori komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den beharrezko, erabilera horren araberakoa izango da baita ezagutza ere. Euskara, komunikazio naturalerako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dena, besterako ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago.

Argi eta garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Gaur egun, non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu. Euskaldunak askotan behartuta gaude, ezinbestean, gurea ez den hizkuntza erabili behar izatera lagun hurkoarekin komunikatu ahal izateko.

Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara, bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan. Lluís Vicent Aracil Valentziako soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du: «El euskara subraya la importancia del castellano».


Behar naturala


Euskara normalizatu nahi badugu, euskara gizartearen erdigunean jarri nahi badugu, euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara erabiltzeko behar sozio-funtzionala, edota bestela esanda, komunikazio hizkuntza izateko behar naturala, sorrarazi behar dugu hiztunen artean. Edo, hobeki esan, hizkuntzak berak sorrarazi behar du behar natural hori hiztunen artean.

Egoera normalizatu batean dagoen hizkuntzak hiztunengan eragindako behar hori berezkoa du, naturala. Hizkuntzaren berezko hiztunentzat, batik bat elebidundu gabe daudenentzat, hizkuntzaren beharra ikusezina da: berezko adierazpide duten hizkuntzaren erabilera erabat arrunt eta ohikoa zaie. Ikus dezagun Bernardo Atxaga idazlearen testigantza (Atxaga, 2017):

«Haurtzaroko aldi labur batean hizkuntza erabat arrunta izan zitzaidan euskara. Ez nuen hari buruzko iritzi edo, gerora maiz bezala, kezkarik. Aitari eta amari atta eta ama deitzen nien, euriari ebi edo eguzkiari eguzki deitzen nien bezala, eta horretan erabakitzen zen dena, pertsonak eta gauzak izendatzeko modu "betikoaren" erabileran. Alde horretatik, Irazune nire etxean sortutako ume guztien parekoa nintzen; haiek ere, XX.garren mendean bezala XIX.ean edo XVIII.ean, atta, ama, ebi eta eguzki esan izan baitzieten aitari, amari, euriari eta eguzkiari. Gainera, nire kasua Asteasu herriko beste ume guztiena zen, eta bai halaber Euskal Herriko beste askorena ere. Guztiok ginen euskaldunak, "euskara dunak"».

Gizakia gizaki artean bizi den aldetik, komunikazioa gizakiaren berezko behar naturaletako bat dugu. Baina gizakiak baditu behar natural gehiago eta komunikazioa baino premia handiagoa dutenak bere biziraupenerako. Hain zuzen ere, euskara, gizakiak dituen berezko behar natural horiek asebetetzeko, komunikazio tresna arrunt eta ohiko bihurtzen dugun hein berean jarriko dugu normalizaziorako bidean.

Gizakiak bere gizakitasunetik bi mailatako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari dagozkion oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (arnasa hartu, elikatu, lo egin, bere burua garbitu, jantzi, osasuna zaindu...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, gainontzeko gizakiekin dituen harreman edo gizarte mailako elkarrekintzetatik sortutako beharrak (familia sortu, lagunak izan, maitasuna erdietsi, onarpena izan, estatus bat lortu, prestigioa izan, arrakasta lortu, autoerrealizazioa...). Hain zuzen ere, hizkuntza bat gurean euskara bere hiztunek dituzten beharrizan naturalekin lotuta dagoen neurri berean bihurtuko da komunikaziorako ezinbesteko edo hutsaren hurrengo.


Ikus, Abraham Maslow estatubatuarraren gizakiaren beharren piramidea, (Maslow, 1943):




Hizkuntza batek asetzen duen komunikazio beharrik oinarrizkoena haur jaioberriarena da. Gizakiak dituen beharrik oinarrizkoenak behar fisiologikoak dira, alegia, gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak. Beraz, gizakiaren berezko behar naturalen mailarik oinarrizkoenean, haur jaioberriarena izango genuke. Hil ala bizikoa du haur jaioberriak ama duenari bere behar oinarrizkoen berri ematea. Haurtxo babesgabeak ez du gaitasunik bere kasa elikatzeko, eta amarik gabe ezin du iraun. Lehenengo egun eta hilabeteetan haurrek negarra dute adierazpide eta, hizkuntza ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi duten lehenengo hitza munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: «ama». Gizakiarentzat ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p eta b. Baita a bokal irekia ere. Hitz egiteko saiakeran, haurraren ahotik irten ohi diren lehen soinu horiek, gurasoek beren buruarekin lotzen dituzte eta, horregatik, munduko hizkuntzetan «ama» da hitzik unibertsalena. Horregatik, hain zuzen ere, munduaren bi muturretan, Nepalen eta Euskal Herrian, izen berbera dauka gu guztion sortzaileak: «ama».

Gizakiak, edozein harreman sistematara iristen denean, familia izan, lagunartea izan, lantokia izan edo herri bat izan, ahalegin betea egingo du harreman sare horretan erabiltzen den komunikazio moldea bereganatzeko. Izan ere, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo du, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko behar naturalak betetzen dituen neurrian.

Hizkuntza ororen bizi-indarra antolaketa sozial batean duen funtzionaltasunaren araberakoa da. Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango du sistema sozial horretako kideen artean. Azken batean, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badu antolaketa sozial jakin batean, «behar natural» handia sorraraziko du bertan txertatu nahi duten kide berrien artean.

Ikus dezagun herri mailako antolaketa sozial baten adibidea (Albizu, 2016):

Hilabete batzuk daramatzate Azpeitian bizitzen Valeria Silva brasildarrak eta Veronica Medina espainiarrak. Euskara ikasten ari dira biak, eta egunero joaten dira euskara ikasteko saioetara.

Valeria Silva eta Veronica Medina. Biak emakumeak, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira etorriak. Azpeitiak «harrera ona» egin diela azaldu dute, baina beraiek ere esfortzua egiten ari dira herrira moldatzeko. Iritsi, eta lehen «traba» hizkuntza izan zuten: euskara. Halere, oztopoari aurrez aurre begiratu zioten, eta aukera bat ikusi zuten.

Brasildik etorri zen Euskal Herrira Valeria Silva, duela zazpi hilabete; eta Espainiatik, berriz, Veronica Medina, orain hiru hilabete. Silva amarekin bizitzeko asmoz mugitu zen herrialdez alabarekin; izan ere, Azpeitian bizi da haren ama 2005az geroztik. Medina ere familia kontuengatik dago Azpeitian: senarrarengana etorri da sorterritik. Pakistangoa du bikotekidea, eta herrian bizi da joan den urtetik.

Ez batak, ez besteak, ez zuten uste Azpeitian beharrezko izango zutenik euskara bizitzeko. Brasildarrak ez zuen euskararen berririk; espainiarrak, aldiz, entzuna zuen zerbait hizkuntzaren inguruan, baina ez zuen pentsatzen horrenbeste erabiliko zenik kalean. «Iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, zera pentsatu nuen: zer gaztelania arraro hitz egiten dute hemen?», azaldu du Silvak. Segituan erabaki zuten euskara ikasten hastea.

Espainiarra izanda, Medinak bazekien Euskal Herriak bere hizkuntza zuela, baina ez zekien hain «zabaldua» zegoenik. «Uste nuen gaztelaniaz moldatuko nintzela hemen, baina kalean ibiltzeko eta jendearekin harremantzeko euskara behar dudala ikusi dut».

«Egia da euskara ezin duzula erabili Euskal Herritik kanpo; baina berdin du, garrantzitsua da orain hemen gaudelako. Ogia erosteko behar dut euskara», adierazi du Medinak. Lagunak ere euskaldunak egin dituela esan du; hori dela-eta ematen dio garrantzia hizkuntzari.

«Lagunak egiteko baino gehiago, lanerako ikusten dut garrantzitsua hizkuntza. Hemen gelditzeko etorri naiz, eta hemengo jendeari zerbitzuren bat eman nahi badiot, euskara jakin beharra dago», erantzun dio Silvak.

Valeria Silva brasildarrari eta Veronica Medina espainiarrari gertatu zaien bezala, euskara erabiltzearen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Sistema sozial batean gehiengoak finkatutako arau soziala ez betetzeak gatazka sor dezake eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizatasunetik etengabeko onarpenaren eta integrazioaren bila gabiltzanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemak finkatutako jokabideetara, baita euskaraz egiteko dagoen arau sozialera ere. Euskararen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen eta, azken batean, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio, izan ere, praktika etengabeak ekarriko baitu hizkuntza barneratzea eta erraztasunez erabiltzea.

Getxon itsasoari begira bizi den aulestiar batek (Onaindia, 2017) bere seme nerabearen hizkuntza jokabidea eman digu jakitera:

«Azalduko deutsuet bizi dodan errealidadea. Jatorriz euskera hutsean bizi dan herri batekoa nauzue, arnasgunea deitzen dan horreetarikoa, baina gaur egun euskerea nagusi ez dan herri batean bizi naz. Internet garaian jaio eta hazitako seme nerabea daukat, whatsappa eta bestelako komunikazino bide modernoak eten barik erabilten dituana. Euskera batuan hezi eta hazi dan ikastolako lagunekin mezuak gaztelania hutsean ketan ibilten dira sareotan, baina asteburu eta oporretako atsedenleku dogun nire jaioterriko kuadrilakoekin euskera hutsean: etxeko euskeran bizi-bizi, nahiz eta danak euskera batuan alfabetatuak izan. Guztiek ikasi dabe batuaz eskolan, ez dira euskalkian alfabetatu, baina alkarri mezuak bialtzeko euskalkiaren/ahozkotasunaren freskotasuna bilatzen dabe. Konturatu naz ganera gaztelaniazko forma modernoen ordezkoak topetako arazorik ez dabela».

Bi lagunarte dituen gazte nerabe horrek hizkuntza jokabide bi ditu: gaztelania hutsean egiten du Getxoko kuadrillarekin eta euskara hutsean Aulestiko lagunekin. Bistan da Getxon gaztelaniaren aldeko egoera soziala bizi duela eta Aulestin, berriz, euskararen aldekoa. Gazte nerabe horrek hizkuntza jarrera egokitzailea du, lagunarte bakoitzean ezarrita dagoen hizkuntza araua ez urratzeko eta, azken batean, lagunarte horietatik baztertuta ez gelditzeko. Aulestin euskarak komunikazio hizkuntza gisa eragiten duen behar naturalari lotu zaio gaztea, Getxon, aldiz, gaztelaniak duenari.

Lagunarteko kontuak utzi eta gatozen bikote kontuetara. Nerabezaroan, 15 urterekin, maiteminak elkartu zituen Edurne eta Javi Gipuzkoako Beasainen. Edurnek hasiera-hasieratik garbi utzi zion Javiri euskaraz nahi zuela elkarren arteko harremana. Javik erdara zuen etxeko hizkuntza, baita lagunartekoa ere. Eskolan ere den-dena erdaraz. Javiri maitearen nahia beharrizan bihurtu zitzaion eta buru-belarri jarri zen euskara ikasteko ahaleginean. Gau-eskolan eman zuen izena eta berebiziko eginahala eginda lortu zuen euskara kolkoratzeko zeukan behar hari erantzutea. Edurnek eta Javik ez zuten luzaroan iraun elkarrekin baina Javik euskara bereganatu zuen betiko. Gaur egun, 37 urte geroago, euskaraz egiten du seme-alabekin, lagunekin eta baita lankideekin ere. Nerabezaroko maiteminak euskaradun bihurtu zuen Javi. Edurnek, berriz, Donostiako Niko ezagutu zuen. Niko ere Javiren enbor berekoa zen hizkuntza kontuetan eta Javik bezalaxe, Edurneren guraria betetzeko, ikasi egin zuen eta, gaur egun, euskaraz bizi da Edurnerekin eta elkarrekin izan dituzten hiru semeekin.

Gure gizatasunetik berezkoak ditugun oinarri-oinarrizko beharrak betetzeko, maitasuna kasu, premiazkoak ditugun baliabide guztiak eskuratzen saiatuko gara. Javik eta Nikok euskara behar zuten Edurnerekin zeukaten maitasun harremanarekin aurrera egiteko eta «behar natural» horren indarrak eraman zituen euskara ikastera. Hain zuzen ere, nahiz eta euskararik ez jakin, egoerak sortutako hizkuntza premiara egokitu ziren biak ala biak, eta «behar natural» hori izan zuten euskara ikasteko akuilu.

Azkenburuko adibide bat aipatuko dut. Azken zazpi urteotan, Bikain ziurtagiriaren ebaluatzaile ibili naiz, urtero enpresa banatan. Bikain egiaztagiriak hizkuntza kudeaketaren bikaintasun maila neurtzen du lan erakundeetan. Enpresa guztietan langileekin aurrez aurreko kontraste taldeak antolatzen ditugu eta enpresa guztietan, handik edo hemendik, azkenean, beti antzeko aitormena egiten digute: «Enpresan euskara plana abian jartzearekin berebiziko ezustekoak hartu ditugu. Erdaldun peto-petoak zirela uste genituen langileak euskaraz egiten hasi dira».

Zer gertatu da langile euskaldun horiekin, euskara plana abian jarri arte enpresan euskaraz ez egiteko? Langile horiek, enpresak euskara plana abian jarri duenean, beren burua babestuta ikusi dute euskaraz egiteko, eta orduan hartu dute euskaraz azaltzeko erabakia. «Gatazkaren sindromea» dute eta euskararen alde dauden arren, enpresaren hizkuntza jokaera zalantzan jarri gabe, enpresan gaztelaniak duen nagusitasunera arau sozialera makurtu eta egokitu egin dira. Gaztelaniaz funtzionatzen duen sistema horretan desoreka ez eragiteagatik, gatazka ez eragiteagatik, «jokabide egokitzailea» hartu dute eta gaztelaniaz egitera behartu dute euren burua. Euskaldunok ume-umetatik euskara hizkuntza gatazkatsua dela barneratzen dugu, alegia, euskaraz egiten badugu, gatazka sortzaile izan gaitezkeela. Baina, gaztelaniaz eginez gero, gatazkarik ez dugula sortuko barneratzen dugu. Gaztelaniaz eginez gero, arazorik ez. Euskaraz eginez gero, arazoak nagusi. Bestela esanda, euskara gatazka da eta gaztelania, aldiz, harmonia. Nork nahi du gatazkatik gatazkara ibili, etengabeko liskarrean? Inork ez. Horregatik, euskararen alde egon arren, gatazkarik txikiena sor daitekeela antzematen dutenean, gaztelania erabiltzen dute, sistema sozial horretan gaztelaniaren aldeko arau soziala dagoela antzematen dutelako. Euskaldunek euskaraz egiten dute euskaraz egiteko aukera dagoela dakitenean. Euskaraz egiteko, ziurtasun bila ibili ohi dira euskaldunak. Beraz, euskararen aldeko borondatea izan arren, gatazkaren mehatxuak euskaraz egitea eragozten die euskaldunei, trabarik txikiena antzematen dutenean.

Etxetik euskara jaso eta ikasketa guztiak, oinarrizkoetatik unibertsitatekoetaraino, euskara hutsean egin dituen gaztea, euskaraz erdaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen den gaztea ere, hartu berri duten enpresan gatazka piztaile ez izateagatik gaztelaniaren uztarripean jarriko da, euskararen aldeko borondaterik handiena izanda ere. Gazte euskaldun horri ezin diogu eskatu borroka horretan sar dadin. Bide eman behar zaio, aukera errealak jarri behar dizkiogu euskaraz egiteko. Euskaraz egiteko eremu ziurrak sortu behar ditugu, «ziurtasun linguistikoa» bermatzen duten erabilera eremuak sortu behar ditugu.


Behar naturaletik, ezagutza eta erabilerara



Euskaltzaindiak 2016ko otsailaren 12an antolatu zuen Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian, euskara indarberritzeko paradigma berria proposatu nuen, Gurdiaren Paradigma (Saez, 2016).




Hizkuntzaren gurdiari beharrak egiten dio tira, komunikaziorako behar naturalak, alegia, hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko daukan behar sozio-funtzionalak. Gurdiaren ardatzean, berriz, bi gurpil daude: ezagutza eta erabilera.

Behar naturalaren indarrak hizkuntzaren gurdia mugiarazten duenean, ezagutza eta erabileraren gurpilak jirabiraka hasten dira ondorengo ibilbidea eginez:

1. Ezgaitasun inkontzientea: Ez dakigu eta, gainera, ez dakigu ez dakigula. Ez dakigu eta ez gara jabetzen gure ezjakintasunaz. Ez gara jakitun gure ezjakintasunaz, eta ez gara konturatu ere egiten zer ezagutza eta gaitasun falta ditugun. Haur txikiek ez dakite gidatzen ez dakitela eta, gainera, ez dira jakitun gabezia horretaz. Berdin gertatzen zaie Amazonas ibai emaritsuaren alboko basorik trinkoenaren baitan, sekula auto bat ikusi gabe, bizi direnei. Etorkin askori ere horixe gertatzen zaie euskararekin. Euskal Herrira etorri arte ez dira jabetzen euskara ez dakitela eta gaitasun falta hori dutela.

2. Ezgaitasun kontzientea: Ez dakigu baina badakigu ez dakigula. Zer ez dakigun badakigu eta ikasteko ahalegina egiten hasi behar dugu. Ikasteko geratzen zaigun guztiaren jakitun gara une honetan, eta ikasteko erabakia hartu dugu. Autoeskolara joan gara eta azterketa teorikoa gainditzeko ikasi beharrekoen berri dugu, eta baita azterketa praktikoa egiteko ere zer ikasi behar dugun eta gutxienez zenbat denbora beharko dugun dakigu. Une honetan ez dakigun guztiaren eta ikasi beharrekoaren kontziente gara. Berdin gertatzen zaio euskara ikasteko erabakia hartu duen etorkin horri ere: euskaltegira joan da eta hantxe konturatu da euskara ikasteko, hasieratik bukaera arte, egin beharreko ibilbideaz, ikasi beharreko guztiaz eta beharko duen denboraz.

Ikasketa-prozesuaren bigarren urrats honetan ikasten hasiko gara eta arazoak sortuko zaizkigu. Arreta osoa jarri beharko dugu sortzen zaizkigun arazoak gainditzeko. Deseroso aurkituko gara, baina urrats honetan ikasiko dugu gehien. Ikasketaren unea da.

3. Gaitasun kontzientea: Badakigu eta, gainera, badakigu badakigula. Jakin beharrekoa dakigunean eta egiteko gai garenean, baina, egin ahal izateko, gure arreta eta kontzentrazio osoa behar dugunean. Une honetan ikasitakoaz jabetzen gara baina ikasitakoa ez dugu erraztasunez erabiltzen. Badakigu autoa gidatzen baina arreta eta kontzentrazio osoa jarri behar dugu gidatzeko. Gidatzerakoan eman beharreko urrats bakoitza (ispilutik begiratu, keinukaria jarri, enbragea zapaldu, martxa aldatu, enbragea askatu...) burura ekarri behar dugu eta banan-banan eman behar ditugu baina, oraindik, makal eta baldar gabiltza. Gidatzeak ikaragarri nekatzen gaitu. Euskara ikasten ari denari ere gauza bera gertatzen zaio: esaldi bat ezpainetara ekarri aurretik buruan antolatu beharra dauka, eta esaldia esan nahi duenarekin bat ote datorren neurtuko du etengabe.

Gainera, 3. urrats honetan, ikasitako guztia ez da erraztasun berarekin erabiltzen, izan ere, ikasitakoa barneratzea erabilerari oso lotuta baitago. Beharbada autoa gidatzen txukun samar moldatzen gara, dagoeneko kilometro batzuen batzuk egin ditugulako, baina autoa aparkatzen baldar hutsak gara. Edo gurpila zulatzen bazaigu, gutxitan gertatu zaigulako, trakets ibiliko gara ordezko gurpila aldatzeko. Hizkuntzaren ikasketarekin gauza bera gertatzen zaigu: euskaraz hitz egiten txukun moldatzen gara baina noka edo toka egiteko ez gara ondo moldatzen, oso baldar ikusten dugu gure burua, erabiltzen ez dugulako. «Natzaio», «zeniezadaketen» eta antzeko aditzen erabileran baldar sentitzen gara, oso gutxitan erabiltzen ditugulako.

Urrats honetan, ibiliz ikasten da oinez. Autoan ibiliz ikasten da gidatzen, eta euskara ere hitz eginez ikasten da. Praktika etengabeak ekarriko du ikasitakoa erraztasunez eta jariotasunez erabiltzea.

4. Gaitasun inkontzientea: Badakigu baina ohartu gabe egiten dugu. Pentsatu gabe egiteko gai gara. Ohitura bihurtu dugu. Ikasitako guztia orkestra batek bezalatsu egiten dugu, automatikoki eta pentsatu gabe. Ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean.

33 urte daramatzat etxetik lanerako joan-etorria bide beretik egiten. Bide bihurri samarra da, bihurgune eta gorabehera handikoa, eta maiz aldatu behar izaten dira martxak. Askotan, beldurtu egiten naiz lanera iritsi naizelako eta ez naizelako jabetu halako tokitatik igaro ere egin naizenik. Nire pentsamenduetan murgilduta egiten dut ibilbide osoa, konturatu ere egin gabe nondik ari naizen igarotzen.

Zer behar da ezgaitasun inkontzientetik (1. urratsetik) ezgaitasun kontzientera (2. urratsera) aldatzeko? Kontzientzia hartzea. Eta gaitasun kontzientera (3. urratsera) aldatzeko? Ikastea eta trebatzea. Eta zer behar da gaitasun inkontzientea (4. urratsa) lortzeko? Praktikaren bidez barneratzea eta automatizatzea.

Beraz, beharrak, hiztunek euskara komunikaziorako erabiltzeko duten beharrak, mugiarazten du hizkuntzaren gurdia. Horregatik, euskarak komunikaziorako indar txikia daukan hiztunengan Gurdiaren Paradigmaren gurpilak nekez mugituko dira. Gaur egun euskarak dituen hiztun berri askok ez dituzte Gurdiaren Paradigmaren urrats guztiak betetzen; asko eta asko, gehientsuenak, hirugarren urratsean geratzen dira. Hortik aurrera ez egiteak euskaraz komunikatzeko erraztasuna ez lortzea eragiten die eta, azken batean, komunikaziorako euskara ez lehenestea. Hain zuzen ere, euskaraz egiteko erraztasun falta horregatik hiztun aktibo izateari uko egiten diote eta, ezari-ezarian, euskara ez erabiltzearen ondorioz, hiztun pasibo bihurtzen dira.

Joxe Manuel Odriozolaren hitzetan (Odriozola, 2016), «hizkuntza baten ezagutza erabileraren mendeko kontua da, ez da prozesu autonomo bat, ez da praxirik gabeko jakite teoriko formal bat. Hizkuntza baten jakite maila erabilera osoak, alegia, orotariko sozializazioak, ez eskolakoak bakarrik, determinatzen du. Hizkuntza baten gaitasun komunikatiboa ez da gaitasun kognitiboa, akademikoa eta formala soilik, sozializazio eta erabilera orokorrari esker lortzen den gaitasun integrala da».


Beharra bizilege


Euskara biziberritzeko orain arteko paradigmaren tresna nagusia eskola izan den bezalaxe, ziklo berrian, ondorengo urteetan, euskarak heldu beharreko «elefantea» lan munduan dago. Euskarak ezinbestean zabaldu beharreko ziklo berrian euskara gizartearen erdigunean jartzeko giltza izango da lan mundua.

Joxe Manuel Odriozolak lan mundua hizkuntzaren transmisioren hirugarren zutabea dela dio. Batetik hizkuntzaren transmisio naturala daukagu: funtzio lokalera eta etnikora mugatzen da bere egitekoa. Bestetik, transmisio kulturala, hizkuntza nazionalaren hezkuntzazko eta hedabidezko funtzio kognitibo eta informatiboak bilduko lituzkeena bere baitan. Hirugarren funtzioa funtzio sozioekonomikoa izendatu du Odriozolak. Hain zuzen ere, hizkuntzaren transmisioa etenik gabeko prozesua dugu, gizakiaren bizitza osoan gertatzen dena, gertuko harreman sareetan duena abiapuntua, eskolan duena jarraipena eta garapena lan munduan lortzen duena.

Lanak gizakiaren behar naturalen piramidearen maila guztietan du eragin bete-betekoa: behar fisiologikoak betetzeko, familiari eusteko eta, besteak beste, estatusa, prestigioa eta autoerrealizazioa lortzeko.

Gizakia, gizaki denetik, bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko, elikatzeko, beharrean ibili da, dabil eta hala ibili beharko du gizaki den artean ere. Lana izan da gizakien zeregin nagusia historiaren sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia. Haitzuloetako urrutiko garai haietan, auzokide eta, askotan, elikagai zituen basapiztiek bezalaxe, gizakiek ere bere denboraren zatirik handiena elikagai bila pasatzen zuten.

Elefanteaz ari garenez, ba al dakizue elefante batek zenbat denbora behar duen egunean elikatzeko? Elefante batek egunean 16 ordu pasatzen ditu jaten. Izan ere, elefante bakar batek egunean 220 kilo janari sartzen baitu urdailean.

Gaur egungo gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren erdia, askotan gehiago, lanean igarotzen dugu. Lana dugu gizakioi bizitzako urte gehien eramaten digun jarduera (40-45 urte).

Gainerako izaki bizidunek ez bezala, lana edo beharra gizakiak berezkoa duen jarduera da. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu ditu. Lanak arrazoian du oinarria, eta gizakiak hori du bereizgarri gainerako piztiengandik.

Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizarte modernoa, historiaurrekoa bezalaxe, lanaren gainean dago egituratuta. Gaur egungo gizarte aurreratu guztiek lana dute ardatz. Lana eginez lantegien emaitzak lortzen dira, lantegien emaitzekin ekonomia indartu egiten da eta, hain zuzen ere, ekonomiari begira dugu antolatuta gure gaurko mundua. Ekonomiak huts egiten badu, lanak huts egiten badu, gure mundua goitik behera dator, erabateko deskalabrua eraginez.

Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan ere aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago. Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du. Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako, ezinbestekoa du lana edo beharra.

Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere.

Historiaurrean bezalaxe, gaur egun ere, lana taldeko jarduera da, jarduera soziala. Jarduera soziala den aldetik gizon-emakumeen arteko elkarrekintza etengabea gertatzen da laneko eremuan eta harreman horiek eragin betea dute etxean, familian eta lagunartean. Estatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik, esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanetan eta, elkarbizitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere.

Lan mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta taberna zuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude, eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie. Hain zuzen ere, lan mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil, auzoan eta herrian, ditugun zerbitzuetan eta, azken batean, dinamika horrek herritarren gertuko euskarazko harreman sareen trinkotzea ekarriko luke.

Azken batean, nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?


(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).


  • Estreinakoz Euskaltzaindiaren EUSKERA aldizkariaren 61-2 ikerketa zenbakian argitaratua 2017ko azaroan, 439-460 orr.

https://drive.google.com/open?id=18xLjxL-MQJihhR6Yx_w8yoy--0y1cygT






BIBLIOGRAFIA


ALBIZU, E. (2016) «Sorterritik, euskararen herrira», Urola-Kostako Hitza egunkaria, 2016-03-18.

ATXAGA, B. (2017) «Nire lehen hizkuntza», www.atxaga.eus, 2017-02-16.

BAZTARRIKA, P. eta ERIZE, X. (2016) «Eta hemendik aurrera zer?», www.euskara.euskadi.eus, 2016-05-03.

Behatokia (2016) «Hizkuntza eskubideen egoera 2015» txostena, www.behatokia.eus 95-96 orr., 2016-05-17.

Eusko Jaurlaritza (2016) «Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarriak». Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. 2016-02-04.

Eusko Jaurlaritza (2016) «VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Euskal Autonomia Erkidegoa», www.irekia.euskadi.eus/ 2016-10-14.

FISHMAN, J. (1987) «Joshua Fishman», Zutabe aldizkaria 85-101 orr.

GOIKOETXEA, G. (2016) Euskara irabazteko bidean, Berria, Elkar, Jakin argitaratzaileak

HARTSUAGA, J. (2016) «Euskarak mendez mende iraun du. Benetan?» Zuzeu orainkaria, www.zuzeu.eus 2016-06-08.

JUNYENT, C. (2016) «Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak» Argia astekaria, 2.525. zenb., 26-29 orr. 2016-10-16.

MASLOW, A. (1943) «A Theory of Human Motivation» Psychological Rewiew, 50. zenb., 370-396 orr.

MASLOW, A. (1998) El hombre autorrealizado: Hacia una psicología del ser. Bartzelona: Kairós argitaletxea.

ODRIOZOLA, J. (2016) «Elefantea gidari ona da», www.patxisaez.eus 2016-02-24.

ONAINDIA, J. (2017) «Euskerea, Gazteak, Erabilerea, Ahalduntzea». Uriola agerkaria, uriola.eus 2017-01-30.

ORTEGA, A., AMORRORTU, E., GOIRIGOLZARRI, J. eta URLA, J. (2016) Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea. BizkaiLab.

SAEZ, P. (2015) «Elefantea ikusi», www.erabili.eus, 2015-11-13.

SAEZ, P. (2016) «Elefantearen paradigma ikusi», www.patxisaez.eus, 2016-02-12.

SAEZ, P. (2016) «Berezko hiztunak», www.patxisaez.eus, 2016-12-01.

SANCHEZ CARRIÓN, J.M. «Txepetx» (1987) Un futuro para nuestro pasado, Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las lenguas. Donostia: Elkar.




Hausnarketa hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:





iruzkinik ez: