'Zer egin dezakegu desberdin eraginkorrago izateko?' galderari erantzun nahi dion 2015-2019 Plan Estrategikoa aurkeztu du Foru Aldundiak, «hizkuntzen alorrean ere ezberdintasun ahalik eta txikienak» izateko
Markel Olano diputatu nagusia eta Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. |
Gipuzkoa «hizkuntzen esparruan ere, ezberdintasun ahalik eta txikienak dituen lurraldea» izan dadin, hurrengo lau urteotarako Plan Estrategikoa atondu du Foru Aldundiak Hizkuntz Berdintasuneko zuzendaritzaren bidez. Dokumentua bera ez da egongo eskuragarri datorren astelehenera arte, baina horren ildo nagusiak aurkeztu dituzte Markel Olano diputatu nagusiak eta Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak.
2019ra arte, etxe barrura begira «lan ildo nagusiena izango da hizkuntzen gaia ondo txertatzea Aldundia ezartzen hasi den kudeaketa eredu berrian, hizkuntzen ardura sar dadin normaltasunez arduradun arrunten eginkizunen artean». Ikuspegi berri hori dela eta, «Aldundiaren gobernantza eredu berrian» txertatuko dira «esperientzia berriaren» ondorioak, eta gaia euskara izanagatik ere ardura ez dute bakarrik izango euskararen ingurukoez arduratzen direnek, Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza baizik. Modernizazio Zuzendaritzak ere esku-hartze zuzena du bederatzi hilabetez ondu duten jardunbide berri honen diseinuan eta kudeaketan.
Kanpora begira, zubiak sendotu nahi ditu Foru Aldundiak «udalekin, hizkuntza sektorearekin eta lurraldeko eragile nagusiekin», «berebiziko garrantzia» duelarik «euskalgintzarekin garatu beharreko lankidetzak». Zubi horiek atzerabegirakoak ere badira, Mikel Irizarrek adierazi duenez xedea «lana metatzea» baita, aurrekoena ere aprobetxatuz haien lanaren arrastoak ezabatu eta hutsetik abiatu beharrean.
«Esperimentala eta bidegilea»
Mikel Irizarrek ez du zehaztu zein izango den «legealdian zehar iraungo duen prozesuaren» mekanika konkretua, baina adibide bezala jarri du, esaterako, euskalgintzak «UTE filosofiarekin funtzionatu» eta «beste esparru batzuetara salto» egiteko aukera izan dezakeela, ohiko eremuan itxita geratu gabe. Horrek ekar lezake, adibidez, «beste deialdi batzuetan txertatzea» euskararen aldagaia. Gauzak egiteko modu «aitzindari, esperimental eta bidegile» honek aurrekontuetan eragin zuzena izango duenez, eta Foru Aldundiaren aurrekontua kontu serioa denez, abian jarri berri den prozesuak «lehen balidazio bat» izango du ekainean, eta hurrengo bat irailean, 2017ko aurrekontuetan isla izan dezaten gogoetaren ondorioek.
Norabideak aztertu
Gipuzkoa, bada, bere urrats propioak egiteko prest dago, badituelako, lurraldeko agintari nagusiaren hitzetan, horretarako «aitzindaritza, bokazioa eta baldintzak». «Euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dago eta, ekimen honekin, gizarte eragileekin lankidetzan hartu ditzakegun norabideak aztertu nahi ditugu», esan du diputatu nagusiak.
Gogoratu behar da euskararen artxipelagoan uharte berezia dela Gipuzkoa, denetan euskaldunena herritarren hizkuntza gaitasunari dagokionez. 2011ko datuetan oinarritutako V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, elebidunak ziren urte hartan gipuzkoarren %49,9, eskualdeen eta udalerrien arteko aldeak nabarmenak baziren ere. Are handiagoa zen aldea, hala ere, Bizkaiko %25,4ko elebidun portzentajearekin, Arabako %16,8arekin eta Euskal Herri osoari dagokion %27ko batez bestekoarekin.
Entitate txikiagoei erreparatu zien Soziolingustika Klusterreko Iñaki Iurrebasok egindako 'Udalerri euskaldunak EAEn: egoera eta bilakaera 1981-2011' lanak, eta erakutsi zuen 2011an EAEn zeuden 126 udalerri euskaldunetako gehienak, 88, Gipuzkoan zeudela edo, «datuak bestela irakurrita, EAEko udalerri euskaldunetan bizi diren 335.729 herritarretatik, bi herenak (%67,0)» bizi zirela Gipuzkoa. Argitu behar da ikerketa horretan udalerri bat euskalduntzat jotzeko UEMAren 'euskararen indizea' erabili zela. Udalerri horretan bizi diren hiztunen artean euskaldunek osatzen duten ehunekoa eta ia-euskaldunek osatzen duten ehunekoaren erdiaren batuta ateratzen da indizea. Indizeak %70eko balioa gainditzen badu, euskalduntzat jotzen da udalerria.
Foru Aldundia bera ere berezia da euskararen ikuspegitik, beste erakunde batzuekin alderatzen bada. Mikel Irizarrek gogoratu duenez, erakundeak dituen 1.800 inguru langileen %85ek betetzen dituzte lanpostuari dagozkion hizkuntza eskakizunak. 20 puntu altuagoa da hori legeak eskatzen duena baino. «Horrek aukera handiak eskaintzen ditu, eta aukera horiek guztiak aprobetxatzeko estrategia bat badugu orain», esan dute. Gipuzkoak, alegia, desberdin jardungo du, neurri batean desberdina delako.
«Etorriko da momentua»
«Denak jarri gara gaiari buruz pentsatzen», onartu du Mikel Irizarrek, gaiari buruz galdetuta, eta esan du momentuz ez dagoela aurreikusita abian diren prozesu guztien arteko sinkronizazioa. Hala ere, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariaren ustez «bermatuta dago foroen arteko komunikazioa», batez ere pertsona berdinak dabiltzalako batzuetan eta besteetan. «Etorriko da momentua, eta isuriko da denen emaitza foro batean», aurreratu du. Markel Olanoren ustez, alegia, kontua da «maila instituzionalean oinarrizko adostasuna lantzea».
Foru Aldundiari dagokionez, «hizkuntzen arteko oreka» lortzeko bidean, Aldundiaren jardunean euskarak izango duela lehentasuna adierazi du Olanok. «Hori bera sustatuko dugu lurraldeko beste eragileengan», gehitu du. Horrela dago jasota legealdi honetan foru erakundearen gobernu jarduna gidatzen duen Kudeaketa Plan Estrategikoan, eta xede horren isla da Hizkuntza Berdintasuneko 2015-2019 Plan Estrategikoa.
Honekin guztiarekin batera, ikerketaren esparrua indartuko da, duela hiru aste Soziolinguistika Klusterrarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bitartez gauzatuko dena batik bat. Akordioak euskararen erabilera sustatzeko politiken eraginkortasuna areagotzea du jomuga eta norabide berrien hausnarketa elikatuko du.
- Estreinakoz Diario Vasco egunkarian argitaratua 2016-04-08an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina