2016(e)ko martxoaren 3(a), osteguna

Zutabeek etxeari eutsi gabe teilaturik ez, edo lan-munduaren garrantziaz



Roberto Manjon Lozoya
Azken boladan honetan asko hitz egin da lan-munduak dukeen zeregin nagusiaz euskararen normalizazioan; biltzarretan ere horretaz mintzatu da, gaia sakondu nahirik. Ez dut nik esango gako bat ez denik, eta baliteke euskararen balizko normalizazioan ardatza izatea, beti ere, hasteko, ulertzen badugu euskara ez dela ezer, metafora bat ez besterik, hizkuntzaren trikimailu bat, zeren benetan direnak euskaldunak baitira, ez euskara.

Zer eta nola antolatzen da gizakion mundua? hori da benetako gakoa

Euskaldunei, hots, mundu errealari beldurrik gabe begiratuz gero, perspektiba aldatuko da. Nire ustez lanaren mundua, horixe da, esparru bat, ez eragile, eta halatan, bere balioa azalekoa da, handia bada ere, ez sakona. Benetako eragilea boterea da, energia edo harremanezko jaidura, bulka, oldar, joaira –ez zait erraza zer den hitz gutxitan definitzen−, zerbait anizkuna, hedatua bai baina gune batzuetan kontzentratuagoa (1): gizateriaren indar antolatzailea eta egituratzailea. Baldin eta behar den botere-maila behar den guneetan ez baduzu, ez duzu aurrera egingo, ezin ezer normalizatu, zer ere egiten baituzu, ekimenik iaio, bipil eta doituenak izanik ere. Boterea aurpegi anitzeko poliedro bat izanik, nolabait, normalizazio berba botere berbaren ideiari tinko lotzen zaio: botereak egiten du munduan normala den oro normal.

Eta, jakina, ez nabil Jaurlaritza, foru-aldundi, estatuko gobernu eta udal-batzari buruz, horiek guztiak ideiaren baitan sartzen baditut ere, ezpada botere-gune guztiei buruz, asko erabakigarriagoak instituzioak baino. Jakina, lan-munduan bada botere-gunerik asko, baina sare anitzetan gizartea antolatzen dute beste gune askorekin harremanetan, eta eten gabe elkarri eragiten. Sare eta gune horien arteko antolakuntzazko harremanak hierarkikoak dira, indar eragilea ez dute neurri berean. Ez ote dira finantza-munduko sareak boteretsuagoak eta eragingarriagoak lan-mundukoak baino? Gainera, bigarren maila batean, baina ez hutsaren hurrengo, ez dira gutxietsi behar pentsamenduari sotilki baina irmoki eragiten dioten, kontsumo-sareak, banaketa-sareak, sare kultur sortzaileak eta banaketakoak, hala nola unibertsitateak, argitaletxeak, hedabide mota guztiak.

Normalizazioaren konponbide mirarizkoetan barna

Izan ere, kontuan harturik ezen euskaldunak mendeetan zehar arian-arian sare horietatik erauziak eta jaurtiak izan garela gaurko eremu malkar honetara, non ia erabat kanporatua baikaude, euskaldunak biziberritzeko miraria izango bada, nolabaiteko inflexio-une bat jazo behar litzateke mundu mentalean, halakoa non euskaldunak berriro gizarte-sare eta botere-guneen inguruan elkarrengana biltzera joko baikenuke. Miraria diot, horixe baita behar duguna, edo mirarik izan ezik, munduaren antolakuntza erabat eralduko lukeen katastrofe-kate bat –barbaroek erromar inperioa eraitsi zuten gisan, hots, duela bi mila urte euskaldunak salbatu zituen katastrofea−.

Jakina, ez dugu katastroferik nahi, gure munduan ausiabartzarik. Hala ere, nago azken hamarkadotan katastrofe baten zantzuak ageri direla zeru-ertzean, inoiz jazoko balira, ez dut uste bizirik helduko ginatekeenik haien osteko mundu berritura, eta noski, ailegatzekotan ere, nork daki gaurko munduaren hondamendiak nola eragingo ligukeen. Ez dirudi katastrofeei itxarotea oso hautu zentzuzkoa denik.

Nolanahi ere den, naturalista naizenez, ez idealista, ez dut mirarietan sinisten, eta, zoritxarrez, urri nabil itxaropenez. Zernahi gisaz, hondamendiei ezin agindu diegula, dautsogun, eutsi, itxaropenaren errainuari, hots, mirariari. Halatan, demagun munduari begiratzeko eta ulertzeko moduan, gure pentsamenduan, ehun eta laurogei graduko bira bat egiteko gai garela, hori gabe ezinezkoa bailitzateke aspaldian galduriko botere-guneak berreskuratzen hastea. Zertan datza bira hori? Euskaldunen kontzientzia nazionala sortzeko ahaleginean.

Lehenengo miraria: kontzientzia nazioala sortzen hastea

Euskaldunok, nazio gisa jokatu ezik, ez dugu benetan aurrera egingo, aurrean dugun atazak talde-kontzientzia handia eskatzen duenez. Gaur egun kontzientzia nazionala ezinbesteko eskakizuna da esfortzuak euskaldunen etorkizuna bermatzera egokiro eta artoski bideratzeko.

Ez gara nazioa, are gehiago, harrapaturik gaude erdal nazionalismoaren aramuan, Espainia zale nahiz euskotarra izan. Nonbait esana dut, eta oso mingarri egin zaie batzuei, ezen euskalgintzan badela dinamika zoro bat, pisu handikoa, non bizkarrezurra gobernuen aurrean aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzea den, eta era berean esan dut jokabide hori, asmo onekoa bada ere, ez dela euskotar nazionalismoaren joputza besterik. Bitartean, euskal gizartegintzan pauso ganorazkorik ez (2). Euskotar nazionalismoak eta haren sostengu intelektualek, zintzoki modernoa, hots, demokrata, berdintzaile, feminista, ekologista, internazionalista, solidario, bakezale… izan nahi dutenez gero, alegia, borroka politikoan interesatzen zaien diskurtsoa sustatzen baitute, muga ideologiko estuak ezartzen dizkiete euskaldunen aldeko ekimen instituzionalari nahiz herritarrari, muga politikoez gainera, eta zaildu egiten dute euskaldunen nazio-kontzientzia kimatzea.

Zentzu batean nazioa bagara oraindik, antzinako erregimenean ulertzen zen gisan: jatorri komun bat duen jendea, halakotzat ulerturik hizkuntza-kultura partekatua izatea. Baina ez gara nazio zentzu modernoan, hots boterea eskuan duen edo eskuratu nahi duen lurralde bateko gisa-talde bat. “nahi” hitza da gakoa, hots, kontzientzia politikoa, botereaz jabe izateko nahia. Euskaldunok ez dugu kontzientzia politiko beregainik, eta talde nazionalista ezberdinek gaituzte mendean eta zerbitzari. Mendekotasun horri jaregin behar diogu nahitaez botereagatik lehiatu nahi badugu.

Kontzientzia nazionalaren eragile historiko nagusietatik bat, ezinbestekoa, gerla izan da (3), talka belikoak. Euskal Herrian kontzientzia nazionala, epika nazionala, heroiak, gu versus besteak, eratu dituzten gerlek, batez ere espainiar eta frantses kontzientzia nazionalak mamitzeko balio izan dute. Ordea, XIX-XX. mendeetan Espainian izan diren borrokek hein apalago batean, Euskadiren nazionalismoa, alegia, euskotarrena ernaldu, hazi eta elikatu dute: “Euskadi es la patria de los vascos”. Gogoratu bestela ezker abertzalearen epika bainoi lehen zein izan diren bertoko nazionalismoaren oinarri epikoak: godo, franko eta islamiarren aurkako erresistentzia, XIX.mendeko kondaira erromantiko belizistak, ororen buru Sabino Aranak hainbeste maite zuen Jaun Zuriaren eta Arrigorriako gudaren kondaira, gerla karlisten inguruko narrazioak …

Gerletan garaile ateratzea izaten da onena nazioa eraikitzeko, baiki, ez beti ordea, zeren galtzea ez baita nahitaez galgarria izaten kontzientzia nazionala sortzeko, eta sarritan, aitzitik, eraikitzaile izaten da, eta gainera, gogoratu dezagun Joxe Azurmendik esandakoa: historiaren perspektiban nekez atzeman daiteke, luzera begira, galtzaile edo garaile nor den, sarritan, bata bestea bihurtzen baita. Euskal Herrian igaro den azken gerlatxoa ere, alde bakar bateko sueten mugagabean arestian amaitu den horiez da, berez, euskaldunen gerla izan, betiko modura nahasturik ibili garen arren —nola ez? Hizkuntzazko erkidegoa ez da erkidego bakarra, eta haren mugak zehar-lerrokoak dira beste erkidego batzuekin, kasu, erkidego politiko eta ideologikoekin—. Kontua da, galdutako azken gerlak, frankismoaren ostekoak, euskotarren kontzientzia nazionalari biziki eragin badio ere, ez du ekarpen handirik egin euskaldunen kontzientzia nazionalaren eraikuntzaz den bezainbatean.

Kontzientzia nazionalaren sorreran eta euskarrietan badago balio eta printzipio funtzional bat: norberaren aldeko desberdintasuna, desderdintasun garailea bestela esanda, hots besteen berdinak ez izatea ez ezik, besteak baino hobeak izatea. Agian norbaitek higuin du hori, baina gustuak alde batera utzita, mundu lehiakor honetan (mundu bakarra), desberdintasunak abantaila eman behar dizu, irudizkoa bada ere, eta ez oztopatu, bestela, desberdintasunari muzin egin eta abantaila ematen dizun identitateari atxikitzen gatzaizkio: egunero eta nonahi dakusagu hori. Herri guztiak berdinak garela dioen leloa, argiro faltsua izateaz gainera, aldarrikapen etiko bezala ez da baliagarria herri ahulari eusten laguntzeko, hasieran kontrakoa badirudi ere, eta azken finean, aldarrikapen etikoak ez dira irudimenezkoak besterik (Tractatus, Wittgenstein): gure interesen alde funtzionatzen badute ondo.

Alderantziz, talde lehiatzaileen aldean nolabait nagusi izatearen kontzientzia hori beti garrantzitsua bada, funtsezkoa izan da minorien biziraupenean —minoriek bere indar eta kemenez dirautenean—, adibidez, motzaileen kasuan: ijitoek argi daukate, hala edo hola, gehiago direla besteak baino. Euskaldunok, berriz, maldan behera goaz gure euskarri mitikoetan ere, narrazio historiko positibista sasi-zientifikoaren eta globalizazioaren garaian, gero eta gutxiago sinisten baitugu auzokoak baina txairoagoak garela. Hain zuzen ere, mundu global-teknologiko honetan, jada ez gara gai mito zaharrei iraunarazteko ez eta berriez ordezkatzeko: gero eta gutxiago uste dugu Europako herririk zaharrena garenik, herririk sotilena, xaloena, aitonen semeak, aratzenak… Gure auzokide, espainiar, frantses, anglo-saxoi, germaniar ete enparauek zalantza gutxi dute bere gailentasunaren gainean.

Laburbilduz

Guretzako moduko gerlarik ez dugu izan, eta ez dirudi hodeiertzean dukegunik, are hitsago, ez dirudi gerlarik nahi dugunik, galduko dugun beldurrez eta erosotasunaren amoreagatik, baina, aldiz, ederretsiko genuke patuak Zeruko mana bezala etorkizun amoltsu bat balekarkigu, hots, boterea, beti ere borrokan atseginik hartu gabe. Ondarroan esaten denez, koruan eta aldarean aldi berean egon nahi dugu, modernoak izan, ederto kontsumitu, patrika bete diruz, zintzo izan, normalak eta euskaldunak, orain eta luzaroan, baina badakigu gero eta erdaldunago garela, gero eta zailagoa zaigula euskaldun izan eta irautea. Ulertzeko modukoa da hori, ez dago ezer kritikatzeko, denok gezurtxo batzuk behar ditugu kalitate minimo batez bizitzeko, baina analisi serioak egiterakoan, argi izan behar genuke dena ezin dela eduki: garena gara. Tautologiak ez du informaziorik ematen, baina kontraesana non dagoen erakusten digu: ni beste bat naiz.

Eta, hala, mirariaren itxaropena geratzen zaigu: nazioa sortzeko nahia, jarrera noraezekoa botere-guneez jabetzeko. Horixe da, nik uste, lehentasunik behinena; euskal inteligentziak hausnarketa horri ekin behar lioke (agian egina da, eta etsipenez utzia), argitzen joan gaitezen nazioa sortzeko abiaburuak, baldintzak, lanabesak, lehentasunak eta prozesuak zein izan daitezkeen. Eta argi dakusat ez dagoela zertan ibilbide hori eta beste batzuk denborazko katebegiak izatea, hots , bata amaitu ondoren bestea hastea, alegia, hein batean aldi berekoak izan daitezkeela. Baina ezin dira lehentasun berekoak izan, bestela, nork egingo ditu urratsak lan-mundua, finantzarioa … euskalduntzeko? Subjektu kolektibo bat behar dugu, kontzientzia duena, euskal nazioa. Ez gaitezen eldarnioen saski-naski eta berbaroan alferrik ahitu.

Horiek guztiak horrela esanda, baliteke lan-mundua eta finantza-, teorian bederen, biziberritzearen giltzarri izatea, nihil obstat, baina naziogintza delarik euskal gizartegintzaren sostengu ideologikoa. Halaber, zeren euskaldunak baitira errealak eta ez euskara, euskal gizartegintza da gizartean bultzatu behar den prozesua, orain arteko euskalgintza gainditurik.

Ez dakit naziogintza nola egin behar den –talde-lana da hori guztia argituz joatea−, eta ni baino gehiago dakiten aditu asko daude gizartegintzaren oinarriak xehatzeko, baina tamalez ez dugu premia horiek ikusten, eta ez gara abiatzen. Dakusdana da euskalgintzaren ekintza eta jarduera askok ez garamatzatela bidegurutze horretara, energia handia alferrik xahutzen dela erakundeen aurreko etengabeko protesta eta aldarrikapenetan, nolabait, euskaldunen etorkizunari begira onurarik gabe, atzeko atetik eta ustekabean joko politikoan sartzen garela.

Noski, Administrazioak badu zereginik, bere baitatik hasita, baina oso dudazkoa iruditzen zait lehentasuneko eremuetatik bat ote den, lantoki gisa hartu ezik eta inguru euskaldunak salbu. Jakina, Administrazioetako planak asko aldatu behar dira, nire eskarmentuz nekez funtzionatu eta berdintzen baitute haiengatik egiten den ahalegina; aldatu, eraberritu, zuzendu, egokitu…, bai, baina ez arrapaladan tentuz eta artoski baizik, eta ez agian eskakizun eta helburu gogorrago eta zorrotzagoekin, baizik eta arrazionalagoak izan daitezen, eta zorrotzagoak euskaldunek zorroztasun handiagoa behar duten bailaretan: gutxitan, ez gaitezen tronpatu eta kartetan bakar-jokoan geure buruari trikimailuak egin. 

  
(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da)



Oin-oharrak



(1) Ez naiz luzatuko boterea ikusten dudan bezala definitzen, baina hauxe esan nuen Jakin aldizkarian:


Hizkuntza-normalizazioa zer den

Asko hitz egiten dugu hizkuntzaren normalizazioaren gainean, hizkuntza-politikak, diseinatzen ditugun planak hizpide. Eta gehienetan zapuztuta ateratzen gara, espero genuen hartatik urrun geratzen baitira emaitzak. Euskara-planak bazterretatik egiten ditugu eta bazterretarako, inoren agindutara. Agintariak diosku egizu txoko (honetan) euskara normalizatzeko plana; ez da gehiago ukitu behar, ez inon ez inoiz. Agian bera ere miopea baita: eta ez daude, urriko gau hotz batean, neguko jauregiaren aurrean.

Hizkuntza-normalizazioaren gainean oso kontzeptu murritza darabilgu. Planak txoko batzuetarako egiten dira, muga jakinen gainean. Haratago ezin joan, zoramena eta debekua. Agintariak ez dira boltxebikeak, baina agian asmo onez jokatzen dute planak horma artean itxita nahi dituztenean. Programa betetzen dute, euskararen alde zerbait egitea, ameskeriak alde batera utzita. Zer da hesitik landa ukitu behar ez dena? Ikuspegi orokor eta zabalago batetik, hizkuntza-iraultza da normalizazioa, eta izari horretan datza gure ezintasuna eta agintarien beldurra. Euskararen erabilera normalizatzeak aldaketa sakona eskatzen du ohituretan, bizimoduan, harremanetan, balioetan. Aldaketa soziala, eta aldi berean, kulturala, politikoa eta ekonomikoa. Aldaketa konplexua, beraz.

Aldaketa gertatu, gertatzen ari da noski, globalizazioa deritzo, historian jazo diren antzeko eraldakuntzen ildo beretik, ez euskaldunen alde. Hizkuntza-iraultza linboan hezurmamitzea nahi dute agintariek eta, oro har, erdaldunek, ez dadin iraultza izan. Are gehiago, gehienok ere horixe nahi dugula dirudi: bakoitzak bere bizitza bizi dezala. Ikuspegi horrek harrapatuta gaude euskaldunak.

Hiztun-herri euskalduna herri ororen baldintzen mendean bizi da, antolakuntza ekonomiko, politiko eta sozialen esanetara, eta horiei hertsiki loturiko sistema eta sare teknologikoek, azpiegiturek eta lurralde-antolamenduak azpiratuta. Horregatik, hizkuntza-desplazamenduak, ordezkapenak, berreskurapenak —biziberritzea diogu goxo-goxo— arlo horietako higidurekin batera gertatzen dira. Itauna, beraz, hau da: zer mugitu behar da politikan, ekonomian, gizartean, kulturan, euskarak bizirik iraun dezan eta normalizatu dadin? Hizkuntza-normalizazioari ez ote diogu gehiegi eskatzen eta gutxiegi eskaintzen?

Izan ere, Joxe Manuel Odriozolak (1998: 21-32) azpimarratzen duenez, hizkuntzen arteko interakzioan gizarte osoa da partaide, erabilera bera gizartearen osotasun-agerpena da eta. Gizarteak erabakitzen du egoera diglosiko batean zein diren hizkuntza-erabilera legitimoak, gizartea eratzen duten hegemonien eta harreman hierarkikoen arabera. Halatan, lotura zuzena dago hizkuntza-erabileraren eta gizartea egituratzen duten botereen artean. Badakigu, jakin, hizkuntza-erkidego desberdinetako hiztunen arteko harreman diglosikoak menderatze-harremanak direla, eta beste menderakuntza batzuen bidelagun, eta, hala ere, boterearen gaia normalizaziotik kanpo uzten dugu beti.

Normaltasuna eta boterea

Zer harreman dago normalizazioaren eta gizartearen botere-egituraren artean? Zer dago normalizazioaren hezurduran? Galdera, berez, zabalagoa da, sorburura jotzen badugu behintzat. Esangura estatistikotik landa, zer da normala? Gizarteko botere-sistema hegemonikoek halakotzat daukatena, kontrolatzen dutena, eta anormala, arau horretatik kanpo dagoena, ondo egokitzen ez zaiona. Normaltasuna botereak sortzen du, boterea da, berez, normalizatzailea. Botereak egiten gaitu. Itaunak, beraz, argitu beharreko arazo baten aurrean jartzen gaitu. Zer da boterea?

Alboratu behar genuke boterearen gaineko ikuspegi sinplista, haren alderdi errepresiboa bakarrik ikustera garamatzana. Boterearen izaera errepresiboa ez da ohikoena. Boterea —botereak— indar eraikitzailea da. Zapaldu ez ezik, ekoiztu ere egiten du, antolakuntza, gozamena, ezagutza, diskurtsoak. Boterea, berez, gizarte osoa zeharkatzen duen indar ekoizle bat da, beraz (Morey, 1986: 243-244). Ez dago toki jakin batera mugatuta, une oro espazio guztietan baitago. Ostera, ez da dentsitate berean azaltzen: gune edo nodulu batzuetan gehiago kontzentratzen da. Gune edo noduluen arteko harremanek, gizarte-sareak ehunduz, gizartea antolatzen dute, mundu fisikoan masa handiek grabitatearen indarraz txikiagoak erakartzen dituzten bezalatsu, nahiz eta kargadun atomoekin gertatzen den legez, aldarapen-ondorioak ere ohikoak izan.

Mundu fisikoaren metaforarekin jarraituz, esan dezadan botere-sareek orografia eta geografia ere badituztela. Sareen egituraketa, horizontala ez ezik, bertikala ere bada, estratifikatua. Paisaiek osagaiak (zuhaitzak, ibaiak, landak...) proportzio desberdinetan dituzten bezala, hala botere-mota ere (ekonomikoa, espirituala, kulturala, politikoa, linguistikoa...) proportzio desberdinetan agertzen dira sareko gune edo erretikula desberdinetan. Normalean, guneek zenbat eta botere-dentsitate handiagoa eduki, orduan eta proportzio handiagoan izaten dituzte botere-mota gehienak, edo erabakigarrienak behintzat. Izan ere, izari ekonomiko markatuagoa duten sareetako erretikulek botere-dentsitate handiagoa ere bai, eta, orobat, guneek, sarean zenbat eta maila goragoko batean egon, orduan eta botere-dentsitate handiagoa dute.

Boterea ez da pertsonala, ez dagokio subjektu bati, zerbait organikoa denez. Horrela, gizarte-sistema eratzen duten sareetatik bakoitzean, boterearen indarra gune jakin bakoitzaren posizioak determinatzen du; boterearen izaera, berriz, sarearen nolakotasunak ematen du. Horregatik, oso ohikoa da gobernu bateko lehendakariak, politika errepresibo gogorrak ezarri arren, inolako gaitasunik ez izatea munduko finantza-botereen aurrean; edo ospitale bateko gerente arraro batek, zintzoki eta gogotik euskaldunen alde egin nahi badu ere, benetan gutxi egin ahal izatea. Kontua da euskal hiztun-herria, nolabaiteko erkidegoa denez, erretikula ahulenetan egituratuta dagoela, bai dentsitatearen aldetik bai botere-moten aldetik. Euskal hiztun-herria, herri gutxiagotu guztien antzera, botereaz desjabetutako herri bat da.

Logosa: hitzaren boterea

Zein da boterearen izaera funtzionala? Botereak gizartea, gizakiak, erregulatzen ditu, gizartea, herria... sortzen du. Izan ere, boterea ahalmen bat da, zerbaitek beste zerbaiten gainean aldaketa eragiteko gaitasuna, zerbait egitekoa. Giza harremanak boterez blai daude, hegemonien eta hierarkien bidez antolaturik. Bestalde, boterearen tresnak, armada eta polizia ez ezik, askotarikoak dira, egoera edo baldintzen arabera, batzuk besteak baino egokiagoak. Une honetan bat interesatzen zaigu oroz gain: logosa, hitza, edo nahi izanez gero, hitz-pentsamendua.

Aspaldikoa da boterearen baliabide horren gaineko gogoeta. Antzinateko filosofo sofistek (K.a. V. eta VI. mendea) argi ikusi zuten hitza boterea dela:

Eta, Tisias eta Gorgias lotan utziko al ditugu, egiazkoak baino gehiago egiantzekoak balioetsi behar direla ikusi zutenak, eta hitzen indarraz gauza txikiak handi eta handiak txiki agerrarazten dituztenak, berriak modu zaharrean eta aurkakoak modu berrian, eta edozeri buruz hitzaldi laburrak eta luzera mugagabeak asmatu zituztenak? (Platon, Fedro, 455).

Gure garaian ere asko idatzi da horri buruz. Francis Bacon dugu aro modernoaren hasierako paradigma (Sabine, 1995: 336), oso argi ikusi baitzuen ezagutza boterea dela eta gizakiok geure buruari ezarri diogun egitaraua ezagutzaren bidez mundua —beste gizakiak barne— menderatzea dela. Horkheimerrek eta Adornok (2009: 12-13) azaldu zutenez, Logosa mundua menderatzeko giza tresna da sorreratik bertatik, alegia, Homeroren mundu mitikotik hasita. Botereak gizakiok ere objektu bihurtzen gaitu:

Ezagutzak, boterea denez, ez du mugarik, ezta izakiak esklabo bihurtzen edo munduko jaunei atsegin egiten ere. [...] Gizakiok naturatik ikasi nahi duguna, bera baliatuz, natura bera guztiz menderatzeko modua da, ez natura bakarrik, baita gizakiak ere. [...] Boterea eta ezagutza sinonimoak dira. Ezagutza hutsak ematen duen zoriontasuna antzua da eta lizuna da bai Baconentzat bai Luterorentzat. Gizakiek egia deritzotenak ez du ardura, eragiketak baizik, prozesura eraginkorrak (Horkheimer, Adorno, 2009: 60-61).

Homerogandik gaur arte, Logosaren garapena eta Ilustrazioaren bidea bat izan dira, eta gizakia menderatzeko eta ustiatzeko modu asko eta sofistikatuak eman ditu. Menderatzeko joera hori dela-eta, biziki interesatzen zaigu Logosaren beste ezaugarri bat: sistema koherenteak maite ditu, eta munduko desberdintasun oro gorrotatu. Burgesia nagusitutakoan finkatu den sistemak, Kapitalismoak, Ilustrazioaren umea izanik, argiro erakutsi du joera hori. Nekez onartzen den baino urrunago joan da desberdintasun oro ezabatu nahian, teorian hainbeste maite duen gizabanakoa ere ez deus bihurtu duenez. Horregatik, Liberalismoaren muin ideologikoan omen dauden askatasun indibidualak, giza banakoaren errespetua..., lasto fitsa baizik ez dira:

Merkatuak trukean dabilen subjektuari bere jatorriaz ez galdetzeko mesedea egiten dio. Mesede hori, berriz, bere jatorritik dituen nolakotasunez ordaindu du subjektuak, nolakotasunok merkatuko salgaien ekoizpenaren mendean jarriz hain zuzen. Gizakiei zu zeu bat eman zaie, beraiena bakarrik, besteena ez bezalakoa, baina besteen berdina bihurtuko dela hobeto ziurtatzeko. Alabaina, zu zeu hori inoiz ez denez guztiz asimilatua izan, Ilustrazioak hertsapena atsegin izan du beti, baita liberal izan den aldian ere. Manipulatuta dagoen kolektiboaren batasunak banako singular bakoitzaren ukapena eskatzen du (Horkheimer, Adorno, 2009: 68).

Kapitalismoak euskalduntasuna gizabanako baten ezaugarri gisa ere ez du babestuko, ezta hizkuntza-eskubide indibidual den heinean ere.

Michel Foucault frantses filosofoak ere hitz egin digu boterearen alderdi horri buruz (Morey, 1986: 64-66). Botereak eta ezagutzak bat egiten dute; lotura estua dago haien artean. Ezagutzak xede bat du, zerbaiten jabe egitea, menderatzea, kontrola. Egia bera botereak sortua da, boterearen diskurtsoaz eratua, bere ezagutzaren emaitza. Botereak diskurtsoak sortzen baititu (ezagutza) eta, alderantziz, beste diskurtsoen ekoizpena oztopatu edo galarazten du (kontrola), adibidez, euskaldunen hitza.

Baina zein da ifrentzua? Botere-sarearen dentsitate handiko guneetatik baztertuta dauden hiztun-herriek, klaseek, herritarrek..., hitz batean, ahulek, hitz murritza dute, diskurtso eskasa, etenez betea, ezagutza txikia, kontzeptualizazio- eta abstrakzio-maila baxua, informazio gutxi, pentsamendu laburra. Katearen azken muturrean mututasuna dago, irudi baterako, aparteko txoko batean isolaturik geratu den erdi galdutako etnia bateko artzainaren antzera, erantzun bortitza hizkera posible bakarra duen hura.

Aitzitik, botere-gunetan kokatuta dauden politikariek, ideologoek, intelektualek, kudeatzaileek diskurtso sendoa dute, aberatsa, oparoa, hobeto artikulatua, koherenteagoa... Zergatik? Gizarte-sare osoaren lanketa intelektualetik edaten dutelako, eta horrela, informazio gehiago izateaz gainera, diskurtso ondo egituratu, konplexu eta mamitsu baten euskarria dagoelako euren jardunaren azpian. Gizarte-jarduera orok errutinak behar ditu, besterik gabe onartzen diren aurreiritziak, topikoak, balioespenak, jokabideak. Hori guztia dute beren alde intelektual, teknikari, politikari, kazetari eta ideologia ofizialek; hori guztia dute kontra alternatiboek. Horrela, horiek, sarritan, kondenaturik geratzen dira sistemaren ogi-apurretatik jatera (kristau-balioak, giza-eskubideak, berdintasuna, demokrazia, aurrerapena, ongizatea, razionalismoa...), apaingarrietatik diskurtsoa eraiki eta sistemaren kontraesanak agerian uztearren, baina beti ere, gutxi-asko, diskurtsoan bertan harrapaturik, botere-gune indartsuen logosaren mendean.

Euskaldunak, gero eta ahalmen txikiagoa duen nazioa mundua, sortzeko, eratzeko, antolatzeko, besteei eragiteko, baldintzatzeko, haietaz elikatzeko; gero eta diskurtso murritzagoa duen hiztun-herria, gero eta mutuagoa. Eta mutuaren bortizkeria ez da zilegi, horrek ere normaltasun jakin bat eskatzen duelako, diskurtsoa, boterea. Mundu anormala eta urria euskaldunena. Gogora ekar dezagun positibista logikoek emandako ikasgaia, hizkuntza eta mundua lotzen dituena (Wittgenstein, 1990: 123-124):

5.6. Ene hizkuntzaren mugek nere munduaren mugak adierazten dituzte. 5.621. Mundua eta bizitza bat dira. 5.63. Neure mundua naiz ni (Mikrokosmoa.)

Hizkuntzak mundua sortzen du, berbalizatuz. Hitza ez duenari mundua murrizten zaio, txikiagotu, mundu soziala behinik behin.

Normalizazioa, boterea berreskuratzea

Eta horixe da, hain zuzen, hitza galdutako hiztun-herriei gertatzen zaiguna, hizkuntzaren arloan bezala, baita ideien arloan ere. Hizkuntzaren soziologiatik maiz deskribatu denez, ordezkatze-prozesuan dagoen hiztun-herriak gero eta hizkuntza txiroagoa du (errepertorioa), ahalmen edo gaitasun eskasagoa, hala lexikoaren aldetik nola egituren aldetik ere, jakina, gizarteko funtzioak galtzearen ondorioz.

Esan gabe doa, funtzio-ordezkatze horrekin batera hiztun eta lurraldearen galera ere gertatzen direla, bai eta sakabanaketa demografikoa ere, indar zentrifugoek arian-arian zentripetoak gainditzen dituztelako, ez baitago hiztun-herriaren batasunari eusteko moduko botere nahikorik, botere-dentsitate sozio-politiko, sozio-ekonomiko eta kulturalik. Horrela, gero eta hiztun gehiagok isolaturik eta mutu ikusiko du bere burua, gero eta lurralde eta gizarte-eremu gehiagotan, sarritan hizkuntza bereko beste hiztun mutu batzuk ondoan dituela. Horixe geratzen zaigu Administrazioan, Osakidetzan, azalera handiko dendetan, unibertsitatean, tabernetan, lagunartean; horregatik ez dugu esparru horietan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pauso argirik ez nahikorik ematen, asmo handiko nahiz txikiko planez, agintarien laguntzaz nahiz gabe. Normalizazioa duela hogeita bost urte uste genuen baino xede latzagoa da, bistan denez.

Nekez egiten dugu aurrera, legeek eta dekretuek ezarri eta aitortutako guztiagatik ere. Ezagutzaren datuak ez dira behar bezain magikoak. Bildu dugun eskarmentuarekin, ondo dakigu euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez direla errealak, gehienetan, asmo onen adierazpenak baizik, eta Administrazioko hizkuntza-eskakizunen sistemak ez du kontrakoa erakusten. Thomas Hobbes-ek, XVII. mendeko ingeles filosofo ospetsuak, azpimarratu zuen eskubide politikoak botere subiranotik zetozela. Ziur aski, gehiegizkoa izan zen baieztapen hura, baina hein egoki batean, ez zaio arrazoirik falta: aginterik gabe eskubiderik ez. Eta agintariek azken bolada honetan aldarrikatzen duten hizkuntza-askatasuna, euskara askatasunez alegia, ahaltsuen eskubideak bermatzera zuzenduta dago eta: erdal espainiar nazioarenak.

Falta zaizkigun botere-guneak eta motak, gure sareari dentsitatea emango lioketenenak, ez dira Txepetxen gune sinbolikoaren bat bera (Sánchez Carrión, 1981: 27-37), gune sinbolikoa bere baitan biltzen duten arren. Gune sinbolikoa, berriz, haien efektua da, kultura-hizkuntzazko izari edo eremuan. Hizkuntzaren normalizazioak hiztun-herriaren normalizazioa ezinbestekoa du, funtsezko izari guztietan: sozio-politikoan, sozio-ekonomikoan eta kulturalean. Euskaldunok boterearen izari horiek berreskuratu ezik, ez dugu lortuko bat etortzea boterezko dentsitate nahikoa duten sare-erretikulekin.

Hizkuntzazko boterea, hortaz, hiztun-herriak bere mundua eratzeko eta gauzatzeko duen ahalmena da, beste ahalmen batzuekin elkarreraginean: Neure mundua naiz ni; nire mundua nire bizitza da; nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira. Zer da normalizazioa azken finean? Hiztun-herriak boterea berreskuratzea, hizkuntzazkoa noski, baina, aldi berean, beste batzuk ere bai, bestela hitza ezin baita sortu. Beraz, normalizazioa, zentzu zabalean, alde anitzekoa eta konplexua da, botere-banaketa eta antolamenduari egindako erronka bat, edo bestela, folklorea, itxura, propaganda. Funtsean, ez da borondate onak konpondu beharreko zerbait, ez giza-eskubideekin edo berdintasunarekin lotutakoa, ez eta demokrazia, justizia, aurrerapen, ongizatearekin ere, nahiz eta gai horien eztabaidari ezin itzuri egin.

Normalizazioak, moda postmodernoaren aurka, boterearen arazoari adorez heltzea eskatzen du, gai hori saihestea orokortzen ari den garai batean. Botere erdalduna nonahi zalantzatan jarri gabe, baita euskal gizartearen barruan ere, ezinezkoa izango da aurrera egitea. Eztabaida politikoa ere bada, noski. Horiek horrela, modaren kontra, euskal hiztun-herriak euskal nazio bilakatu eta izaera horrekin jokatu beharko du, gutxiengo gisa, anitza, aldakorra eta gero eta abstraktuagoa den mundu batean. Euskal herria ez da oraindik behar beste identifikatu euskal nazioarekin, ez du behar beste kontzientzia politikorik. Nazioaren proiektua ez da gero eta hegemonikoagoak diren ideologia ahulen egitasmoen eremukoa.

JAKIN, “Administrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat Osakidetzako Planaren ebaluaziotik”


(2) Honetaz jardun nuen artikulu honetan:


Euskalgintzatik euskal gizartegintzara

Medikuntzako euskal ikasleek ia urtero adierazpen bat egin dute, zenbait aldarrikapenen ondotik. Begi onez dakusat ikasle euskaldunak aktiboak izatea, eta ez bakarrik euskaragatik: ikasle aktiboengandik profesional aktiboak datoz, eta halatan, normalean, profesional onak. Bozkarioz diot profesional euskaldunak onak izaten direla, batez ere lanbidean nahiz euskalgintzan aktiboak direnean, eta komunzki, biak elkarrekin etortzen dira.

Baina arranguraz ere dakusat urteroko gertakari hori. Argitu dezadan. Medikuntzako ikasleok ohiko aldarrikapenez haratago, badute fakultatetik irten eta elkarren arteko loturari eusteko asmorik? Medikuntzan erkidego bezala jarraitzeko edo nolabaiteko erkidego medikorik sortzeko xederik? Eta klinika euskaldunik edo euskal medikuen elkarterik? Unamuno beti baitago sapan gure artean, darabildan orain berak jaurti zigun metafora euskal herria historiatik bazihoala adierazteko: ibaiak itsasora nola, hala medikuntzako euskal ikasleak ere, goi-mailako euskal ikasketadun gehien-gehienen antzera, isuriko ote dira erdal munduaren itsaso zabalera eta bertan aienatuko? Horixe jazo da orain arte; goititu ezin dugun patua ote?

Nora ote goaz betiko arazoei betiko erantzun antzuak emanez? Nahikoa izaten dugu aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzearekin, norbaiten kontra, gobernua dela, administrazioa dela, ez dakit zein alderdi dela, zein marka komertzial dela. Alabaina, oso gutxitan elkartzen gara bilgune nahiz sareak eraikitzearren, egitasmo komunak sortu, euskal mundua bilbatze aldera, hala nola euskal gune profesionalak, elkarren artean estekatu, amarauna ehundu… Arazoa ez da, bere baitan, hizkuntzazkoa —hizkuntza, berez, ez da ezer—, hiztun-herriarena baizik, hots, sozio-kulturala, sozio-ekonomikoa, soziopolitikoa, baina, gure osin beltzetik erantzun idealistak baizik ez dugu ikusten, hezkuntzazkoak, ideologikoak.

Euskal gizarte mota bat ia joan da, industria-iraultzaren aurrekoa, eta haren kultura ere hurrean dugu hiltamuzko arnasa estuetatik. Euskal gizartea bortxaz ebatsi digute, ordea, ez gakizkio, ekin, haren hausterretatik berriro hezur-mamitzeko lanari. Ia guriak egin du, badegu zeinek agindu izan zen Xenpelarren auhena, artean euskal gizarteak zutik zirauelarik, Axularrek, berriz, esango zukeen gisan: gure hemengo aldia egin hurran dugu. Ba ote da bigarren aldirik? Mundu honetan ez behintzat. Tronpatzen gara, geure burua eldarnioez nahastu nahi dugu. Lehenengoz, gure hutsuneak ezagutu behar ditugu, diagnostiko zorrotz eta oro hartzaile bat, serioa, benetakoa, eta estrategia egokia diseinatu: euskal gizartegintzarantz.

Alta, zer nahi dugu, benetan? Euskadi, euskotarren aberri —ez euskaldunena — independentea?, nondik ere baitator, erdal kulturaz gozatzen jarraitzea?, erdaldun lankide, senide, emazte, adiskide, tabernari, saltzaile, gogaide, ohaide… atsegin edo desatseginen artean bizi?, eta gero gure eguneroko patu narrasa aldiroko ekintza erritualez estaltzeko plantak? Hizkuntza baten azken fasea erritualizazioa omen da, pankartetan ikusten dugunez. Hein handi batean horixe da elkarte humanistek, ekologistek, internazionalistek, feministek eta X-ista ia guztiek inguru erdaldunetan egiten dutena. Testu erritualak, maizegi itzulpen eskasak, askoz kaltegarriagoak erdara hutsean argitaratzen direnak baino.

Ogi gogorrari haginak zorrotz ez da gure esaera kutunetatik bat, aitzitik, nahigo dugu negarrari eman esanez leku guztietan txakurrak ortozik dabiltzala, alegia, munduan bost mila hizkuntza desagertzear daudela, gizateriak altxor berreskura ezin bat galtzear dagoela, aberastasun ezinbesteko bat, sufrimendua dagoela… eta antzeko aieneak. Euskararen Egunetatik Egunetara bizi gara, urteroko ikastolen egunen artean, errudunak bilatzen, eraikitzeko kemen eta gogorik gabe. Gure konponbideak inori eskatzean dautza, gobernuei, erdaldunei, arerioei, eta eskatzen diegun hori beraiek euskalduntzen jardutea da. Ordea, hutsetik ez da ezer ateratzen, erdal gizartetik euskal gizartea. Gure egoeran, politika hedatzaileek —euskalduntzeak— huts egiten dute, erdal gizartean euskaldun estatistikoak sortuz, eta haien euskalki aizuna, erdara, estatistikera. Euskal mamia ments dugu.

Alferrik gabiltza liluraturik, eta lagun ditugu politikari eta sindikatuko kide asko ez ezik, baita frankotiratzaileak ere, hots, bakarrik diharduten horiek. Gustuko dituzte halakoak euskal hedabideek. Medikuntzan bada alerik. Ukendu magikoak eskaintzen dizkigute osasungintzan euskal mundua hutsetik sortzeko, hala nola historia klinikoa euskaraz jartzea, osasun-kudeaketaren sistema informatikoak (Osabide) euskalduntzea… Lourdesko Andra Mari ere hor dugu gertu. Beharrik. Hamaika arao ikusita gaude, eta ondo dakigu horiek, berez, ez garamatzatela inora, gure gabeziak, sozio-estrukturalak direlarik, larriegiak baitira perla horiei dirdira ateratzeko. Administrazioan hamaika inprimaki eta aplikazio elebidun ikusita gaudelarik, ondo dakigu hortik ez dugula euskal gizartegintzan aurrera egiten. Alferreko gastu handiak, ez dugun denbora xahutzea.

Geuk atera behar dugu ateka honetatik, eta ondo etorri laguntzei. Funtsezkoena, norabidea aldatzea da, zuhaitz ia ihartuaren kimu berriak ez daitezen alferrik gal, belaunaldi berriak tai gabe gesaldu diren bezala. Medikuntza-fakultateko kimu berriak, urtero, ia ezdeus bihurtzen dira unibertsitateko aldia burutu eta atoan. Hainbat goi-mailako profesional euskaldun erdal munduan mutu, urtu eta ezkutaturik! Hor dugu gure arazoaren benetako neurria. Utikan eldarnioak, atzipe eta ziriak! Euskalgintzak ezin du horrela jarraitu, inflexio-puntua behar du. Euskal gizartea berreraikitzeko balio ez duenak ez du balio: horra hor neurria.




Erabili.com, 2015-02-10 / 07:00

Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2015-02-05ean.





(3) Gai honetaz artikulu honetan jardun nuen:

Inkisizio berria

Bibliak hilketa-andana batez ematen dio hasiera zibilizazioari: Kainek eta ondorengoek hiriak eraiki eta industriak garatu ei zituzten, hainbat gerla zirela bide. Neolitikoan gaude. Arkeologiak eta arteak berretsi dute hasiera hori: herriak eta baliabideak, boterea bera, bortxaren bidez kontzentratu dira, halako moldez non konkistatu eta menderatzeko eskubidetik sortu baitira estatuak, inperioak eta zuzenbidea. Ondoren botere-antolakuntzaren diskurtso legitimatzaileak datoz, eta mundu guztia behaturik dago diskurtsoa sinestera, bizirik iraun edo gizartearen etengabeko lehian aurrera egingo badu. Botereak askotariko aldeak ditu, baina bortxa da eragingarrienetariko bat. Norbaitek, bortxaren boterea galtzen duenean, ziur mendeko bat sortu dela, banako nahiz erkidego izan.

Heraklitoren aburuz (k.a.VI-V), gerla gauza guztien iturburua da, eta ahoberokeria gorabehera, ez dirudi sobera tronpatu zenik. Bortxa, boterea denez gero, eraikitzaile eta antolatzailea da, haustura eta jauzi historikoak eragin, indarrak desorekatu, indar berriak askatu, bilbatu eta trenkatu. Bortxa, eiki, sakratua da, legearen hasierako eta azken buruko bermea, bera gabe gizartea desegiten delako (Hobbes, XVII). Horrela, agintaritzaren diskurtsoak erlijio-kutsua du eskuarki, jainko txiki bat denez gero. Berari aurre egitea, delitua ez ezik, bekatua da, Elizak beti gogoratu digunez, eta larriena bortxaz eginez gero, jainkozko ahalmenik behinena sekularizatzen baitu. Agerian edo gibelean, botere politiko-ekonomikoak bortxa non datzan erakutsi behar izaten du (si vis pacem para belum).

Gerlak historian izan duen balio fundatzaile-eraldatzailea hizpide izan da garai guztietako pentsalarietan. Hegelek (XVIII-XIX) esaldi batean laburtu zuen: gerla historiaren emagina da. Eta denboraz zein tokiz hurbilago, horra hor Ortega y Gasseten (La rebelión de las masas) zenbait iritzi, gerlaren balio historiko eta herri indartsuen eskubideari buruz. Hala irudi du ezen bortxa higuin zaion moralistak, historiaren irakasbideari badarraio, ehiztari fruitu-bilatzaileen gizataldeekin egin behar duela amets, gizartea sortu aitzinekoaz hain zuzen. Bortxa historiaren arragoa. Arranoa hegaldaka doa gure gainetik, agintari nahiz herritar xehe, denok nolabait baikara ahul edo indartsu, erasotzaile eta biktima, noizbait eta nonbait, beti baitugu norbait ustiatzeko edo menderatzeko.

Nazioen emagina bortxa delarik, gerla artean hasi eta mamitzen da. Aurkariaren aurkako borroka du mito fundatzailerik behinena, antzinako herrietan natura, nazio modernoetan, izterbegia. Horrela, oroimen historikoak oinarrizko elkartasuna sortzen du: arbasoen guduak eta isuririko odola independentzia jadetsi eta eusteko, heroi-martirrek sinbolizaturik (J.Aranzadi, El escudo de Arquiloco). Beraz, nazioak atxikipen heroikoa galdatzen du, sinbolikoki bederen, halako moduan non armada baita nazioaren sinbolorik behinenetariko bat. Halatan, nazioa bera sakratua da, sinestunen erkidegoa, gizabanakoa lotu eta mito heroikoekiko identitatez transzenditzen duena. Elizaren sakrotasuna nazioari transferitzen zaio, odolezko liturgiaz batera, itxuraz asko ateoak diren arren. Horregatik, Frantzian babesturik dago Mahoma terrorista deituz milioika pertsona gogor iraintzea, frantses islamiar anitz, baina delitu larria da frantses bandera destainaz erabiltzea; Espainian berdintsu. Eta, hala ere, espainiar hainbat intelektualek lotsagabeki gaitzesten dute eusko nazioaren erlijiozko oinarri odoltsua.

Herri baketsu honek, bere eraikuntza nazional gorabeheratsuan, bost gerla ezagutu ditu laurogei urteko epean, nondik etorri baita Euskal Herri arrakalatu, zatitu eta sakabanatua, maizenik arerio edo arrotz agitu baikara: Konbentzioko gerla (Gipuzkoa eta Iparraldea gainerakoen etsai), Napoleonen Frantsestea (Iparraldea versus Hegoaldea), Karlistadak (Hegoalde osoa baturik, Iparraldea urrun), 1914ko Europako gerla (Iparraldea frantsestu, besteak arrotz), 1936ko gerla (Nafarroa eta besteak buruz buru). Karlistadak izan dira, bada, naziorako urrats bakarra, gainerakoak, ordea, gehiago lerratu dira Frantzia eta Espainiaren alde. Frankismoan, berriz, ezker abertzaleak eutsi dio jaidura nazio-eraikitzaileari, eta eusko nazionalismoa zatitu den arren, oro har, abertzaletasuna indarturik jalgi da. Espainiar estatuari bidezko bortxa legitimoa ukatuz beste gune sinboliko eta legitimitate bat eragin du (Aranzadi, 2001), halakoa non eusko nazioa mamituz joan baita.

Zorionez, abertzaleak ohartu dira sarri bortxa ez dela egokia, are gutxiago edozein modutakoa, eta hartara tokia eskatu dute sistema politiko zindoan. Noski, bidean ez lukete eragozpenik kausitu behar, zeren, teoria politiko modernoan, estatu demokratiko batean legeari atxikitzea nahikoa baita jokoan partaide izateko; itxuraz, edonori aitortzen zaio erlijio- eta kontzientzia-askatasuna, fedea eta etika gai pribatuak direnez geroztik. Demokrazian betebehar bakarra arauak betetzea omen da. Alabaina, hara non abertzaleei etika, fede, erlijiozko oinarri jakin bat eskatzen zaien, Eliza batean edo Erdi Aroan bageunde legez: damua erakutsi, barkamen-eskea, kaltea aitortu, zoru etikoa… Etika kantiarraren ustiapen makurra, erlijio-airez ezinbestez, etsaia harrika erabiltzeko mozorroa. Ultramontanismo eta prakmatismo falta hori hagitz espainiarra da, txaranga eta panderoa bezala. Ostera, ez dirudi azalpen horrek Inkisizioaren berpiztea osoki argitzen duenik.

Gobernuko alderdiak ez bide du epe laburreko onurarik abertzaleen integraziotik, are gutxiago hauteskundeei begira, berak elikatutatiko muturreko eskumaren presiopean. Inguruabar horietan aukera hobea dirudi esku gogorrez abertzaleen zatiketa eragiteak ezen ez norberarena. Alta, badagoke interes sakonago bat, denak ez baitira itsu Espainiako zerupean. Izana ere, Estatuak presoak direla medio lortuko balu eusko zutabe heroikoa deabrutzea, abertzaletasunaren ardatz sinbolikoa eraitsiko luke, eta ez luke iraungo espainiar eraikuntza heroiko-sinbolikoak besterik (Pelayo, Cid, Errege Katolikoak, txapel okerrak, La Roja, martir berriak). Triskantza mitiko-sinboliko hori kaltegarri liteke jelkideetan eusko nazionalista direnentzat ere.

Inkisizioak eusko nazionalismoa sutara bota nahi du, autofede nazional batean horditurik. Nolanahi ere, suzko joko hori apustu handinahi bezain arriskutsu dateke. Abertzaleek Frankismoan erakutsiriko trebetasunaz jokatzen balekite, eta horrela, judoaren gisara, erasotzailearen mugimenduari eutsi eta baliatu bera erorarazteko, indarturik ilki litezke berriro ere, eusko konplexu sinbolikoa arnasberriturik.



Berria, 2014/3/30


iruzkinik ez: