2016(e)ko martxoa 2, asteazkena

Euskararen errota


Aitor Esteban Etxebarria
Pozgarria da ikustea hasitako eztabaidak badarraiela martxan eta geroz eta jende gehiagok hartzen duela parte. Deus baino lehen, zorionak Bilboko jardunaldiaren antolatzaile, berbalari eta entzuleoi; ni tamalez, lan kontuak tarteko ezin izan nintzen bertan izan. Hori horrela, Berriak plazaratutako kronika hartu dut abiapuntu eta modu artezean erantzun nahiko nioke artikuluaren amaieran airean lotzen den galderari:

Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?

Arotzaren kantan lez, ur handi eta astunak dira galdera horrek planteatzen dizkigunak, eta askoren artean erantzun beharko genukeelakoan, ni iritzi bat ematen ausartuko naiz eztabaida aberaste aldera. Kantaren istorioari tiraka, esango nuke itsaso zakar eta haize bortitz dabilzkigun honetan, errota baten premian gaudela indar horiek bideratu ditzagun. Errota orok bezala, gureak ardatz biko mekanismoak beharko luke:
  • Bertikala: euskara beharrezko bihurtuko duena,
  • Horizontala: euskara erakargarri bilakatu duena. 

Badakit aurretiaz jorratu ditugula alderdi biak, baina utzidazue segitzen.

Bilbon nabarmen azaldu zen moduan, euskara beharrezkoa den neurrian egingo dugu aurrera. Lan esparruan ere, euskara halaxe bermatu da, lanlekuak eta enpresak non euskararen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoak diren: horixe da ardatz bertikala: goitik beherako ezarpena. Ez gara horretan beraz hutsetik abiatzen. Baina horretan sakondu nahi bada noizbait heldu beharko gara euskaraz bakarrik bete daitezkeen funtzioetara. Gure harridurarako, lan esparruari gagozkiolarik hori aspaldi egiten da testuinguru eleaniztunetan murgiltzen diren korporazioetan; hau da, modu bertikalean arautzen da ahoz eta idatziz zein hizkuntzetan egingo den komunikazio bakoitza, eta azkenean horrek bermatzen ditu hizkuntza horien ezagutzarako exijentzia eta erabilera. Gure inguruan ostera, eta hezkuntza mundua alde batera utzita, euskararen erabilera ia bakarrik arautu da sektore publikoan, eta gehien bat hedapen handiko komunikazioetan (Administrazioaren kasuan) betiere herritarren hizkuntza eskubideak aintzako. Eta noski, euskara ofiziala ez den lurraldeetan hori ere ez. Era berean badira, sektore pribatuko enpresa ugari, borondatez, euskara planak ezarri dituztenak euren erakundeetan eta ari direnak komunikazioak euskaraz ere egiten. Baina harrigarria bada ere, lan eremuaren potentzialtasuna askozaz handiagoa da; erabat legezkoa baita eginkizun bakoitza ze hizkuntzatan jorratuko den arautzea: batean, bestean edota batean baino gehiagotan lan egiteko agintzea, alegia. Are gehiago, harritu beharko gintuzkeena egungo egoera da, non elebitasun orekatuaren kasu askotan hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua langileen esku geratzen den. Ohartuko zinetenez, bertikala deritzot ardatz honi aginpidea eskatzen duelako. Baina betikora bueltatzen gara: noraino heltzen da hizkuntza politikaren borondatea? Euskararen ezagutza eta erabilera arautuz gero, jakinik erdara biek ezagutza unibertsala dutela, zelan erreakzionatuko luke gizarteak? Ba, hain zuzen zalantza horiek garamatzate bigarren ardatzera.

Bigarren ardatzari horizontala deritzot eta aurreko iritzi-txandan ere aipatu nuen zelanbait. Kontua da epe ertainean, behintzat, inguruko hizkuntzen estatus juridikoa ez dela aurreikusten aldatzerik; hori horrela, Euskal Herrian berba egiten diren erdarek jarraituko dute euren ezagutza unibertsala bermaturik izaten eta euskarak, ostera, borondatezkoa izaten segituko du. Arestiko paragrafoan genioen euskara erabiltzen dela beharrezkoa den eremu eta egoeretan, baina gutxitan erreparatzen diogu euskararen mirariari. Hau da, hainbeste kezka eta zalantza dugu ikustean gehien bat jendeak ez duela euskaraz hitz egiten, baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari euskaraz bizitzea erabaki dutenek zergatik hartu duten bide hori. Oker ez banago antzeko zerbait planteatzen zuen Dabid Anautek aspaldi Leitza inguruko gazteen hizkuntza jokaerak aztertzean. Kontua da, beharrezkoa izan barik, baditugula euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak ia Euskal Herri osoan, eta ez dira hain gutxi euskarak presentzia ahula duen eskualde eta hirietan. Nire ustez ikertu beharko genituzke hautu horretara daramatzaten argudioak, hain zuzen, euskararen aldeko argumentu multzoa, ideologia, ikuskera eta abar ezagutzeko eta hizkuntza transmititzeko zentroetan txertatzeko, baita euskalgintzaren eragileen bidez gizarteratzeko ere. Izan ere, aurreko artikuluan aipatzen nuen Txepetxen eskemaren hiru puntuetan nik oker gehien motibazioan ikusten nituela, hots, hizkuntza transmititzeko baditugu plangintzaldi, epe eta profesional egokiak, baina nire ustez huts egiten dugu sistematikoki hizkuntzarekiko fideltasuna eta ardura transmititzean. Iritzia dut horren inguruko ideologia ezagutzeak, biltzeak eta egituratzeak lagundu dezakeela horren gizarteratzean azkenean, instituzioen esku ez ezik, herritarron esku ere badagoelako euskara beharrezko bihurtzea. Era berean, arlo instituzionalean mugitzen den euskalgintzak ere bere argudioak eguneratzeko beharrizana badu eta aspaldi ohartu ginen bestelako diskurtsoak behar ditugula jende berria erakartzeko euskararen erabilerara.

Magma handi horri ardatz horizontala deitzen diot, beraz; eta gorago aipatzen duen ardatz bertikalaren osagarria delakoan nago. Orain, euskalgintza osoaren bateratasuna beharko genuke ardatz bietan urratsak ematen hasteko, kolore politikoa gorabehera, sektore publikoan zein pribatuan, hezkuntza sisteman zein helduak euskalduntzeko ikasgu sarean urratsak emateko.

(AITOR ESTEBAN ETXEBARRIA hizkuntza normalizatzeko teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)

 

iruzkinik ez: