Elkarrizketa eta argazkia: Ugaitz Agirre. |
2015eko urrian argitaratu zuen Elefantea ikusi artikulua Patxi Saezek (Beasain, 1964), soziolinguistak. Bertan, euskararen eta euskalgintzaren ajeei buruz hitz egiten zuen, argudiatuz itsututa jarraitzen zuela nolabait arazo txikietan, hau da, zorrietan; eta aldiz, arazo nagusiak, elefanteak, ez dituela identifikatu.
Lan-munduaren euskalduntzea aurrera eraman behar zela proposatzen zuen. Alferrikakoak ikusten zituen hezkuntzan egiten ziren inbertsioak, gero lan-munduak deuseztatzen bazituen. Hala, Euskaltzaindia ikusten zuen lan hori gidatzeko erakunde aproposa, indar-metaketaren gidari gisa. Otsailean, Euskaltzaindiak euskara biziberritzeko erronkei buruzko mintegia antolatu zuen, Saezen proposamenari tiraka.
Euskararen munduan, oraindik zorriak ikusten gabiltza ala identifikatu dugu elefantea?
Hemen, gakoa da euskara proiektu kolektibo bihurtzea. Jabetu behar dugu euskararen arazoa ez dela euskaldunen arazo bat bakarrik, baita erdaldunena ere. Duela 50 urte baino hobeto gaude; proiektu hori gero eta kolektiboagoa da, baina oraindik ez da guztiz kolektiboa. Bide horretan, aferak eta erresistentziak egongo dira, dudarik gabe. Proiektua kolektibo bihurtzen den heinean, oztopoak eta trabak gaindituko dira. Adostasun minimoak bilatu behar dira horrela euskarak aurrera egin dezan. Egiten diren hitzarmen kolektiboen barnean, hitzarmen ekonomikoak, hitzarmen sozialak, hitzarmen ekologikoak eta hitzarmen linguistikoak ere egin behar dira.
Nola dagoela uste duzu euskalgintza gaur egun?
Euskalgintzak rol garrantzitsua izan zuen hasierako urteetan. Orduko lanak gabe, ez ginateke gauden tokian egongo. Bide horretan, hainbat erakunde sortu dira, eta erakunde horien artean adostasunetara iritsi behar da bidea zehazteko. Bidegurutze batean gaude, edo, batzuek esaten duten moduan, biribilgune batean, bueltaka eta bueltaka. Adostasun batera iritsi artean, eta norabidea zein izango den finkatu arte, bertan jarraituko dugu. Baina, norabidea zehaztuta, errazagoa izango da euskararen zabalkundean aurrera egitea. Eta euskalgintzak zerikusi erabatekoa du horretan. Euskaltzaindiak otsailean euskararen erronken inguruko mintegia antolatu zuen, baina garbi utzi zuen berak ez zuela gidatuko proiektu hori, baizik eta bilgune moduan jardungo zuela. Sentsibilitate guztiak biltzeko prest agertzen da, eta batzorde bat ere eratu da, ni neu bertako kide naizena. Ondorengo pausoak identifikatzen gabiltza oraintxe bertan. Uste dut orain arteko pausoak irakaskuntzaren eta ezagutzaren esparruan eman diren bezala, orain erabileraren aldeko pausoak emateko garaia dela.
Lan-munduari begira, aurrerapausoak eman al dira euskara sustatzeko?
Poliki-poliki, euskararen behar naturala zabaltzen ari da lan-munduan. Egia da bultzada bat ere behar duela. Gakoetako bat lantegietan dauden botere-harremanak dira. Nik deitzen diot hizkuntza-gatazkaren sindromea. Definituta dut, eta euskara-plan bat lantegi batean jartzen den guztietan gertatzen da. Planak euskara erabiltzera behartzen ditu, eta orduan asko konturatzen dira urteetan erdaraz jardun duten lankideak euskaraz dakiela. Hizkuntza-jokabide hegemonikoa gaztelera zen orain arte, eta orain euskararen planak abian jartzen direnean, ezkutuan zeuden hizkuntza-jokabideak azaleratzen dira babes instituzional baten pean. Baina hor dagoena barne-gatazkak dira, eta euskara-planek gatazka horiek konpontzeko erronka dutela ulertu behar da.
Zer-nolako ezberdintasunak ikusten dituzu sektore pribatuaren eta publikoaren artean?
Sistema publikoa gizarte baten beharrak asetzeko sistema da, gizartetik sortua baita. Eta sistema horren barnean dauden erakundeek behar horiek ase behar dituzte. Aldi berean, bertako langileak sistemaren tresnak dira, eta gizartearen beharretarako daude dauden tokian. Baina, beste hizkuntzekin gertatzen ez den bezala, euskararekin halako laguntza gehigarri bat eskatzen da. Diru-laguntzak eskatzen dira, ordezkapenak eskatzen dira... Sektore pribatuan beste era batera funtzionatzen da. Uste dut pertsonarengandik atera behar duela euskararenganako grinak, euskaldunak oso gutxirekin konformatzen gara. Eta, gainera, erakundearen beraren antolakuntzak etsipena sorrarazten du euskaldunarengan. Imajinatu Osakidetzan mediku erdaldun bat egokitzen zaizula, nahiz eta zuk euskarazko arreta aukeratuta izan. Orduan pentsatzen jartzen zara ea aldatuko duzun, baina, aldatzen badut, auskalo noiz arte itxaron beharko dudan... Eta azkenean gatazka publikoa barne-gatazka bihurtzen da.
Osakidetzan kokatuta: nola ikusten duzu euskara osasun-sisteman?
Uste dut egoera asko daudela. Eskualdeen arabera aldatzen da. Batzuetan hiztun-kopurua handiagoa da, eta besteetan txikiagoa. Eta bertako langileena ere antzerakoa da. Batetik, gizartearen joera linguistikoak islatzen dira eskualdeko osasun-sisteman. Eta, bestetik, lan-munduan bakarrik ere ez dago arazoa: hezkuntza-sisteman ere, medikuen formazio-bidean, hizkuntzaren arazo asko daude. Nahiz eta medikua euskaldun peto-petoa izan, formazio-prozesua gazteleraz izan denean, oso zaila da kontzeptu zein hizkera teknikoa euskaraz egitea, formakuntza-prozesuan bertan ez baitira ikasiak izan. Eta horrek, hein batean, erdadarako joerak sor ditzake lan-munduan.
Gaur egun, belaunaldi euskaldunena gazteen artean dago, eta lan-munduan integratzen ari dira. Euskarari ateak zabaldu behar zaizkio lan-munduan belaunaldi euskaldun horrek erabiltzen jarrai dezan bere bizitzako arlo guztietan.
Instituzio politikoen aldetik euskara-planek babesa izan behar dute, orduan.
Babesa badago. Instituzio publiko guztiak behartuta daude euskara-planak martxan jartzera. Pentsatzen dut indarrik handiena udaletan egin dela, tamainarengatik seguruenik. Baina Osakidetza bera, oraintxe, bere bigarren planean murgilduta dago 2019. urtera arte. Prozesua hasi berria dago, eta gainera luzeak eta mantsoak izan ohi dira. Baina hor gakoa zera da: zuzendaritza eta erdi-mailako agintean dauden langileak inplikatzea eta horiek sustatzaile nagusi moduan jartzea. Hein batean, horien pean dauden langileek beren jokabideak hartuko baitituzte. Langilearen borondatearekin bakarrik nekez egingo du euskarak aurrera. Azken finean, denaren ardatza adostasunak lortzean datza.
- Estreinakoz, Osatuberri aldizkarian argitaratua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina