2016(e)ko abenduaren 11(a), igandea

Euskara Irabazteko Bidean




Euskarak aldaketa soziala lortzeko bizi duen une historikoaren nondik norakoak jaso ditu 2016ko Durangoko Azokan aurkeztu den Euskara Irabazteko Bidean liburuak.

Garikoitz Goikoetxea Berriako kazetariak euskararen munduarekin lotutako 100 laguni egindako elkarrizketak dira liburuaren oinarria, «Horietako asko bi ordutik gorako elkarrizketak dira; bakoitzari bere espezialitatean esateko duena atera nahi izan diogu» dio egileak.

Liburuak, batetik, azken hamarkadetan euskarak egindako aurrerabidearen balantzea jasotzen du. Bestetik, euskararen aldaketa soziala lortzeko zabaldu beharreko ziklo berriari buruzko gogoetak biltzen ditu. Eta, azkenik, hemendik aurrerakoei begira jartzen da.

Liburuak hezur-mamitzen duenaren erakusgarri lan munduari eskainitako atalaren hasiera ekarri dizuet hona:


Euskaraz hezitako langileak ari dira enpresetara sartzen gero eta gehiago. Salto horretan galerak nabari dira, ordea. Etena. «Bai, eta batzuetan etena erabatekoa da. Eskolak irabazitakoa maiz aski galbidean jartzen du lan munduak». Patxi Saez soziolinguista mintzo da; maiz nabarmendu du lan munduak euskararen biziberritzean duen garrantzia. Galera horri buruzko ikerketak badira han-hemen; Lanbide Heziketako ikasleekin eginak, adibidez. Hezkuntza euskalduntzeko bidean beltzune nagusietako bat da Lanbide Heziketa: aurreko ikastaldietan baino portzentaje txikiagoa da euskaraz ari diren ikasleena.

Kontua da euskaraz ikasten duten ikasle horiekin ere zer gertatzen den enpresetara joatean. Fermin Lazkano Elgoibarko (Gipuzkoa) IMH Makina Erramintaren Insititutuko irakaslea da. Aztertu du zer gertatzen den praktika garaian. «Lehenik gure eskolako egoera aztertu genuen. Ehun lagunetik gora joaten dira D eredutik praktiketara, eta konturatu ginen gehienak erdaraz ari zirela lanean. Nahiz eta batzuk inguru euskaldunetara joan». Aztertu zuten egoera zehatzago, eta baieztatu zuten horrela zela: inguru euskaldunetan egonda ere, enpresan jende euskalduna egonda ere, gaztelaniaz egiten zuten.

Ikerketa zabaldu egin zuten Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta erdararen nagusitasuna bistan geratu zen. Baita euskaldunen artean ere. «Harreragile euskaldunen erdiek erdaraz hartzen zituzten. Tutore euskaldun gehienek ere erdaraz egiten zuten lana». Hori, euskaldunak ziren kasuetan. Enpresa gehienetan ez zuten euskara planik, praktika garaiko tutorea erdalduna zen… «Harrigarriena zen tutore eta harreragile euskaldunek zer begirune gutxi zioten hizkuntzari. Horrek adierazten du lan giroa zeharo erdalduna dela, eta lanaz berba egiteko erdara dela nagusi, nahiz eta jendea euskalduna izan».

Euskara biziberritzeko bidean lan munduaren garrantzia berealdikoa dela uste du Saezek. Artikulu bat plazaratu zuen 2015ean, eta euskalgintzako hainbat adituri helarazi: Elefantea ikusi. Haren ustez, galgarri da gaurko lan mundua: euskarak irabazitako hiztun gehienek gaztelania dute lehen hizkuntza, eskolan ikasi dute euskara bigarren hizkuntza gisa, eta lanean galdu egiten dute: «Gazte horiek, eskolako ibilbidea bukatu eta laneratzen direnean, erabat erdarazkoa den mundu batean murgiltzen dira, eta lehendik erabat zorroztua ez daukaten euskara erabat kamusten zaie. Belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak galbidean jartzen ditu lan munduak. Horixe dugu gaur egun begi bistan egon arren ikusten ez dugun elefantea». Planteamenduan bertan ikusten du hutsunea Saezek: «Orain arte euskararen sozializazioan egindako ahalegin guztiak herritarren lehen 20-23 urteei begirakoak dira. Hortik aurrera ez dago jarraipenik. Ahaztu egiten dugu lana dela gizakion jarduerarik garrantzitsuena».

  • EUSKARA IRABAZTEKO BIDEAN (Berria-Jakin-Elkar, 2016)



iruzkinik ez: