2023(e)ko abenduaren 3(a), igandea

Kate motzean

 

 

Kate motzean eta larre motzean nahi dute euskara eta nahi gaituzte euskaldunak, batez ere Administrazio Publikoan. Hamabost baino gehiago dira, azken hiru urteotan, Espainiako epaitegietatik Administrazio Publikoan euskararen zabalkundearen aurka plazaratutako sententziak. Gehienak udal-administrazioaren aurkakoak izan dira, herritarrengandik gertuen dagoen herri erakundearen aurkakoak, herritarrei harrera egiterakoan aurrez aurreko harremanean egin beharreko lehen hizkuntza euskara izatea ukatzeraino. Zer kalte egiten du egun on batek? 

Gizakiak bere gizakitasunetik bi mailatako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari dagozkion oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (elikatu, jantzi, lo egin, libratu, bere burua garbitu, osasuna zaindu...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, gainontzeko gizakiekin dituen harreman edo gizarte mailako elkarrekintzetatik sortutako beharrak (segurtasuna, familia sortu, lagunak izan, onarpen soziala eta estatus bat lortu, prestigioa izan, arrakasta lortu, autoerrealizazioa...). Hain zuzen ere, hizkuntza bat —gurean euskara— bere hiztunek dituzten beharrizan naturalekin lotuta dagoen neurri berean bihurtuko da komunikaziorako ezinbesteko edo hutsaren hurrengo. Eta hor Administrazio Publikoaren jarduna erabakigarria da, izan ere, Administrazio Publikoa baita gizakiaren oinarrizko behar natural horien guztien kudeatzaile nagusia.

Izan ere, Administrazio Publikoak gizakiak bizirik irauteko oinarri-oinarrizko dituen beharrak kudeatzen ditu, besteak beste, oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez eta baita gizakiak bere behar fisiologikoak asetzeko janleku, loleku, garbileku, pixaleku, kakaleku, janzleku, pausaleku, egonleku, babesleku, bizileku eta beharleku duen etxebizitza lortzeko programa eta prestazioen bidez ere. Eta zer esanik ez, etxebizitzarekin lotutako notaritza, jabetza erregistro, ogasuneko zerga, ur agentzia, estolderia, zabor bilketa eta abarren kudeaketaren bidez ere. Ildo beretik, Administrazio Publikoa dugu osasungintza eta poliziaren bidez oinarrizko giza segurtasunaren eta osasun arreta unibertsalaren kudeatzaile. Eta, era berean, hezkuntza-sistema nahiz lanbide sustapenaren bidez, ogibidea, bizibidea, estatus soziala eta autoerrealizaioa lortzeko bideak ematen dizkio gizakiari. Horregatik guztiagatik Administrazio Publikoaren jarduna erabakigarria da gizakiak dituen funtsezko beharrizanak kudeatzeko eta euskararen normalizazioa lorbidean jartzeko.

Administrazioak gizarte antolaketaren maila guztietan duen eragina itzela da. Populazioaren % 18ak egiten du lan Europar Batasuneko Administrazio Publikoan (Euskal Herrian kopuru bertsuetan gabiltza) eta Administrazioak duen indar ekonomikoak —Barne Produktu Gordinaren % 20 Administrazioaren kontratazioari dagokio EAEn— traktore lana egin dezake arlo sozioekonomikoak euskara bere ohiko jardueraren komunikazio hizkuntza bihur dezan. Izan ere, lana baita gizarte antolaketaren jarduerarik garrantzitsuena eta gizakion gaztaro eta heldu aroko bizi denborarik gehien eramaten diguna.

Administrazio Publikoa euskararen arnasgune bihurtuko bagenu, euskaraz bizitzeko bidearen tarte handia egina genuke. Baina, ez dezagun ahantz, Euskararen Herriko zazpi lurraldeetako zatirik handiena kudeatzen duten Espainiako eta Frantziako administrazioek ez dute euskaraz egiterik modu ofizialean. Euskara ez da ofiziala Euskal Herri kontinentaleko Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeetan, ezta Euskal Herri penintsularreko Nafarroako lurraldearen zatirik handienean ere eta Arabako lurraldearen barruan kokatuta dagoen Espainiako Gaztela eta Leongo Burgos probintziako administrazioaren kudeaketapeko TrebiƱu Konderriaren lurraldean ere ez. Beraz, XXI. mendearen hasmentan, oraindik ere, Frantziak eta Espainiak kate motzean eta larre motzean nahi dute euskara eta nahi gaituzte euskaldunak, batez ere Administrazio Publikoan.  


(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

 

iruzkinik ez: