Bazterrak aztoratuta ditugu hezkuntza arloko azken PISA azterketaren txostenak erakutsitako emaitzekin. Irakurmenean etorri omen da hondamendia. Gure gazteak ez omen dira gai elkarren segidako 400 hitz ulertzeko. Euskaraz ere ez. Eta, hara zein egin duten ezin ulertu horren erantzule: euskara bera eta adimen artifiziala. Biak omen ditugu gertatutako makurraren eragile.
Espainolismo linguistikotik betiko lepotik eta usteletik egin dute: PISA azterketako emaitza txarrak ama hizkuntza gaztelania duten ikasleek azterketa euskaraz egin dutelako gertatu omen dira. Hortik antolatu dute erasoa.
Teknologiaren kontu hori, berriz, ez da gaur goizekoa, kate luzekoa baizik. Gizakia gizaki denetik betidanikoa da teknologiarekin duen lotura hori. Ildo beretik, ez da gaurkoa teknologia baten aurrean adimena eta giza trebetasuna galtzeko beldur haizea. Antzinako Grezian, idazkeraren asmaketa zabaltzen hasi zenean, Platonek bere Fedro elkarrizketan kontatzen duenez, Sokratesek berak gogor kritikatu zuen asmakizun berria. Haren ustez, gogoan atxikitakoak idazteak gizakiaren memoria suntsituko zuen; burua nekatzeari utziko genion jakituria idatziz lagata, eta gazteak ezjakin harro bihurtuko ziren, benetan ezer jakin gabe dena zekitela pentsatuko zutelako.
Irakurtzeko beharra ere teknologiak eragindakoa eta hedatutakoa dugu. Gizateriaren historian teknologia-molde berrietara egokitzeko ahalegina hizkuntzek ez ezik, garaian garaiko gizarteko gizon-emakumeek ere egin behar izan dute. Gutenberg jaunak orain 600 urte inprenta asmatu zuenean, asmakuntza berrira egokitu ahal izateko, hizkuntzek estandarizatu eta idatzizko kodera moldatu behar izan zuten. Era berean, gizarte hartako gizon-emakumeei, eta ondorengoei ere, irakurtzen eta idazten ikasteko, alfabetatzeko ahalegina eskatu zien komunikazio-molde berriak. Eta irakurtzen ikasteko ahalegin horretan jarraitu dugu gaur egunera arte, belaunez belauneko katean. Inprentak ekarritako iraultza hark argi erakusten du, beraz, teknologia berrietara egokitzeko gaitasuna dela hizkuntza baten zein gizarte oso baten aurrerabiderako funtsezko gakoa.
Baina teknologiak bi alderdi ditu: ikastea eta ahaztea. Batetik, berrikuntza hori erabiltzen ikasi beharra dagoelako eta, bestetik, tresna berriak, neurri batean, ordura arteko jakitea atzentzea edo lausotzea ere ekarri ohi duelako. Inprentari esker, belaunez belaun ahoz aho jasotako jakituria idatzita gorde eta hedatu zen han-hemenka, mundu zabalean; handik aurrera, irakurtzen jakitea nahikoa zen kode idatzian zegoen ondare haren jabe egiteko. Gizateriaren oroimenean jasotzeko ahalegina ez zen beharrezkoa, jakintza idatziz gordeta zegoelako eta, irakurtzen ikasita eskuragarri zegoelako edozeinentzat inprentari esker.
XX. mendearen bigarren erdian ere berdin gertatu zitzaigun Texas Instruments lehen patrikako kalkulagailuaren asmakuntzarekin. Eragiketa matematikoak egiten ikasten genuen eskolan: batetik, oinarrizko eragiketak —batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak— eta, bestetik, eragiketa eratorri konplexuak —berreketak, erroketak, logaritmoak eta eragiketa trigonometrikoak, besteak beste—. Ikasi eta ahaztu; izan ere, kalkulagailuarekin egiteak burua ez nekatzea zekarren, eta burua ez nekatzeak ahaztea. Kalkulagailua geneukan orduan eta dugu gaur egun lan horretarako eta kalkulagailurik gabe ez dakigu egiten.
Geroago, XX. mendearen amaieran, ordenagailuarekin batera, testu-prozesadoreak eta ortografia-zuzentzaileak etorri ziren. Paperean eskuz idaztea eta hiztegiak arakatzea albo batera utzi, eta pantaila aurrean teklak sakatzen hasi ginen. Teknologia berriak akatsak gorriz markatzen zizkigunez, ortografia-arauak buruz ikasteari utzi genion; softwareak egiten baitzuen lan hori gure ordez. Idazkera mekanizatzeak erosotasuna ekarri zigun, bai, baina gure kaligrafia eta ortografia kamustu egin ziren eta paperean eskuz idazteko abiadura moteldu egin zitzaigun.
Gure gazteei berdin gertatzen zaie adimen artifizialarekin. Testua ulertzeko ariketa teknologiari egiteko eskatzen diote; batik bat, testu luzeen mamia aletzeko eta laburpena egiteko; eta, teknologia hori erabiliz, ez dute burua nekatzen eta garuna gaitasungabetzen dute, giza pentsamendu autonomoa teknologiarekin ordezkatuz. Berdin gertatzen da idazmenarekin ere: testuak teknologiak idazten ditu, gure gazteen alferkeria eta morrontza kognitiboa sustatuz. Ez dugu urruti teknologiari aginduak ahoz emateko eguna; beharbada, orduko belaunaldiek ez dute irakurtzen eta idazten ikasteko premiarik izango. Zer neurtuko ote du etorkizuneko PISA azterketak?
Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko, komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren ondorioz, hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara egokitu dira. Eta, jakina, bizirik jarraitzeko, hizkuntzak teknologia berrietara ere egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena; hitz bakarrean esanda, modernizazioa. Euskarak ere, euskaldunon komunikazio beharretarako tresna eraginkorra den neurrian iraungo du bizirik eta osasuntsu. Hemen eta orain, oraindik, hortxe gaude. Zorionez.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)
Hausnarketa honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak:
- Hizkuntzakeria (I)
- Hizkuntzakeriaren jokoa (II)
- Lingua Navarrorum eta hizkuntzakeria (III)
- Hizkuntzakeriaren arrautza (IV)
- Hizkuntzakeriaren piztijendea (V)
- Euskara: makila guztien zahagia (VI)
- Euskara gara (VII)
- Elebakartasun funtzionala (VIII)
- Etxekalte (IX)
- Euskararekin bat? (X)
- Justizia Soziolinguistikoa (XI)
- Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak? (XII)
Hausnarketa hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:
- Goiena: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Busturialdeko Hitza: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Irutxuloko Hitza: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Berria: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Zuzeu: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- El Correo: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Naiz: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Elinberri: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Noticias de Gipuzkoa: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Noticias de Alava: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Deia: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Argia: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Nòs Diario: E mañá, que avaliará PISA?
- El Diario Vasco: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Goierriko Hitza: Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?
- Información: Y mañana ¿qué evaluará el examen PISA?

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina