Etzi beteko dira ehun urte Euskaltzaindiak lehen bilkura egin zuela. Mendeurrena etorri berritan, Euskaltzaindiak hemendik aurrera dituen errokei buruz, Berria egunkariak, Euskaltzaindiko bost kideen iritziarekin, gaur, 2019-10-06, argitaratu duen erreportajea hezurmamitzeko Garikoitz Goikoetxea kazetariak joan den irailaren hasmentan egin zizkidan galderei emandako erantzunak oso-osorik dituzue, hemen:
- Ehun urte bete ditu Euskaltzaindiak. Urteotan bide bat egin du
araugintzaren esparruan. Zure ustez, zein izan beharko lirateke datozen
urteetako ardatz nagusiak, lehentasunak?
Joandako
aldiak bezalaxe, Euskaltzaindiaren etorkizunekoak ere eraikitzailea izan behar
du euskararentzat. Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko
eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko,
komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren
haritik hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara
egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu
eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena, hitz
bakarrean esanda, modernizazioa. Euskarak ere, euskaldunon komunikazio
beharretarako tresna eraginkorra den neurrian iraungo du bizirik eta osasuntsu.
Orain arteko iraultza teknologiko horrek ondorengo urteetan zein gizarte
aldaketa ekarriko dizkigun ez dakigu baina, dakarrena dakarrela, euskararentzat
ondorengo urteetako lehentasunek orain artekoen ildotik jarraitu behar dute.
Komunikaziorako euskara ardatz izango duen gizartea eraiki behar dugu. Barre
eta negar euskaraz egingo duten euskaldunekin osatutako gizartea eraiki behar
dugu. Oroimenean gordetako bizipenak euskaraz dituzten euskaldunekin osatutako
gizartea. Atsekabean barrua euskaraz hustuko duten euskaldunekin osatutako
gizartea eta, atsegin betean, pozak eta alaitasunak euskaraz biziko dituen
gizarte euskalduna izan behar dugu jomuga.
- Orain urte batzuk proposamen bat egin zenion Euskaltzaindiari;
besteak beste, adierazi zenuen Euskaltzaindiak lan esparrua “zabaldu eta
berritu” egin behar duela. Zertan zabaldu eta berritu?
Euskara
Batua da Euskaltzaindiak azken berrogeita hamar urteotan egin duen lanik
garrantzitsuena eta erraldoiena. Orain berrogeita hamar urte euskara euskalki
eta azpi euskalkitan zatikatuta egoteak ezinezkoa egiten zuen euskarazko
irakaskuntzari heltzea, izan ere, eskolako liburuak horrenbeste euskalkitan argitaratzeko
ikaragarrizko dirutza behar baitzen, eta hori ez zen inolaz ere egingarria.
Irakasleak ere euskara bakarrean irakasteko prestatu behar ziren eta ez Euskal
Herriko euskara guztietan, hori ezinezkoa baitzen. Administrazioarentzat ere
euskara bakar bat behar zen, ezinezkoa baitzen herri erakunde eta udal bakoitza
bere euskaran aritzea. Prentsa idatzian ere euskara bakarra behar zen
euskalkitan sakabanatutako irakurlegoa biltzeko eta euskarazko prentsa sendoa
eraikitzeko. Hizkuntza galbidetik garabidera ekartzeko ezinbestekoa zen
euskararen estandarizazioa. Izan ere, estandarizazioarekin euskara gizartearen
behar berrietara egokitu baitzen eta egokitzapen hori nahitaezkoa izan zuen
euskarak bizirik irauteko. Aldatu ala hil, hori da hizkuntza ororen bizilegea.
Azken
berrogeita hamar urteotan, batik bat eskolaren bidez, berebiziko zabalkundea
izan du euskararen ezagutzak. Gaur egungo belaunaldi berriek euskaraz ikasi
dute eta euskaraz ikasitakoarekin laneratzen dira. Gaur egungo lan munduak,
ordea, salbuespenak salbuespen, erabat baztertzen du euskara. Belaunaldi
berriak euskalduntzeko euskal gizarteak egiten duen ahalegina zapuztu egiten du
lan munduak. Gizakiak historiaren sokan eratu dituen gizarte antolaketa guztiak
lanean ardaztu ditu, bizidun den aldetik hortik lortu baitu asetzea elikatzeko
duen beharrik funtsezkoena. Lana edo beharra du gizakiak bizirik irauteko funtsezko
jardunbide edo bizibide. Gaur egungo gizartea lanean ardaztuta dago. Lanaren
garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan aitortzen da,
oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere
izanari, bere gizatasunari lotuta dago. Gizakiak, bere garapen pertsonalerako,
duintasunez bizi ahal izateko, funtsezko jarduera du lana. Lanaren garrantzi
soziala ukaezina da, toki bat ematen baitio gizakiari txertatuta dagoen
gizartean eta, kasu askotan, gizarteko kideek balio sozial eta aitormen
handiagoa edo txikiagoa dute betetzen duten lanaren arabera.
Azken
berrogeita hamar urteotan euskara eskolan sartzea izan da euskalgintzaren
erronka nagusia eta zalantza izpirik gabe ondorengo urteetako eginkizun nagusia
euskara laneratzea izango da, ezinezkoa baita euskaldunez osatutako gizartean
euskara gizarte horretako hizkuntza nagusi bihurtzea lanerako baliorik ez duen
bitartean. Datozen bi hamarraldietako euskalgintzaren ekinbide nagusia bihurtu
behar du lana euskaraz egiteak euskal gizarteko lan arlo guztietan. Horixe izan
behar du euskalgintzaren apustu estrategikoa eta horretan Euskaltzaindiak
bultzada eta laguntza handia eman dezake Jagon Sailetik, euskararen
sustapenerako duen egituratik.
- Euskaltzaindiak Iker eta Jagon arloak izan ditu. Jagon-ek izan
beharko luke ardatza datozen urteetan?
Euskararen
azken berrogeita hamar urteko premiarik handienak Iker Sailean zeuden, Euskara
Batua eraikitzen. Eta horretan egin du Euskaltzaindiak ahaleginik handiena.
Funtsezko premia hori gaur-gaurkoz aserik dagoenez eta ondorengo urteetako
jarraipena ere neurri handi batean bideratuta dagoenez, Jagon Sailetik egin
beharreko hizkuntzaren sustapen lanei indar handiagoz heltzeko garaia heldu
zaio Akademiari. Euskaltzaindia horretaz jabetuta dago, eta hala adierazi du
Andres Urrutia euskaltzainburuak mendeurreneko ekitaldietan, alegia, ondorengo
urteetan Jagon Sailak gaur egun baino indar handiagoa izan behar duela.
Euskaltzaindiak ekin dio bide horri eta horren erakusgarri da aurtengo
azaroaren 14an eta 15ean antolatu behar duen Jagon Jardunaldia, osoki lan arloari
bideratua. Jagon Jardunaldia bi egunetan egiteak Euskaltzaindiak gaiari ematen
dion garrantziaren berri ematen du.
- Euskalgintzan badira sustapen arloan ari diren eragile ugari
(euskara elkarteak, Kontseiluan bilduta dauden erakundeak...), eta
erakundeek dituzte eskumenak. Beraz, zein da Euskaltzaindiaren zeregin
zehatza arlo horretan?
Euskaltzaindiak
beti adierazi du gizarte zibiletik sortu dela eta gizarte zibilarekin batera
lan egin nahi duela, gizarte zibil hori euskararen ikuspegitik planteatzen ari
den premiei erantzuten laguntzeko. Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak
dira ondorengoak: «Ez
gatoz inoren lekua betetzera, ez gatoz inoren aurka, gogoeta guneak eskaintzera
baizik, gure jagon lana egitera, gaurko baliabideekin eta gaurko
euskalgintzaren barruan». Euskaltzaindia hor izan da beti euskararen historiako
ekintzailetzan: ikastolen sorreran, euskalduntze-alfabetatzea antolatzen, Euskal
Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera eramaten, euskararen lehenengo gaitasun
agiriak banatzen… eta zalantzarik ez dut euskarak lan arloa irabazteko dituen
premiei erantzuten ere hor izango dugula Euskaltzaindia.
- Gizartearen aurrean duen itzalari dagokionez, nola ikusten duzu Euskaltzaindia?
Euskal Herri osoan ez dago euskalgintzako erakunderik gizarte osoaren
aldetik Euskaltzaindiak duen onespen eta aitormen zabala duenik.
Euskaltzaindiak duen aitormena Frantziako eta Espainiako estatuetara hedatzen
da, izan ere, mugaz bi aldeetan du aitortza ofiziala euskararen Akademia gisa
eta irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eta, hain zuzen ere, aitormen horren adierazgarri
dugu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak orain gutxi Euskaltzaindiari eginiko
bisita. Euskaltzaindiak euskal gizartean badu, urte askotako lanaren bidez,
lortzen oso zaila den altxorra, autoritatea, alegia. Eta autoritatea izateak
sinesgarritasuna eta itzala izatea du berekin. Esate baterako, autoritate hori
dela eta, hartzen dira aintzakotzat Euskaltzaindiak emandako hizkuntza arauak.
6. Garai berriei erantzuteko, aldaketarik egin behar ote da erakundearen funtzionamenduan, esate baterako, euskaltzainen hautaketan? Belaunaldi aldaketa bat behar da?
Euskaltzaindiari
ere bete-betean eragin dio azken ehun urteotan gertatu den iraultza zientifiko
eta teknologikoak. Euskaltzaindiak lan egiteko metodoak eta baliabideak
etengabe aldatu eta egokitu ditu bere ibilbide akademikoan. Esate baterako,
kontu jakina da Koldo Mitxelena euskaltzain eta hizkuntzalari handiak
euskarazko hiztegia osatzeko hitzen fitxak zapata kaxatan gordetzen zituela
bere etxeko armairuetan. Euskaltzaindiak zapata kaxetatik atera du euskara eta
interneteko plaza zabalean jarri du. Gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegia
sakelan dugu esku-eskura. Barne funtzionamenduan ere aldaketa bat baino gehiago
egin du Euskaltzaindiak orain ehun urteko sorrera hartatik. Adibide baterako,
orain dela urte batzuk arte, euskaltzainen izendapenak hil artekoak ziren; gaur
egun, aldiz, euskaltzain osoek 75 urte betetzen dituztenean, ohorezko
euskaltzain bihurtzen dira eta beste euskaltzain gazteago batek hartzen du
beren tokia. Euskaltzaindia, erakunde bizia den aldetik, etengabe egokitzen da
sortzen zaizkion premietara euskararen aurrerabiderako tresnarik eraginkorrena
bihurtze aldera. Beti izango da hobekuntza non egin eta ahalegin horretan dabil
Euskaltzaindia eta ibili beharko du aurrerantzean ere.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).
Hausnarketa hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:
- Zuzeu: Zer izan behar du Euskaltzaindiak datozen urteetan, zein da haren egitekoa?
- Sustatu: Zer izan behar du Euskaltzaindiak datozen urteetan, zein da haren egitekoa?
- Berria: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Enbata: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Goierriko Hitza: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Deia: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Noticias de Gipuzkoa: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Noticias de Alava: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Gara: Euskaltzainda: herri gogoa, berri gogoa.
- Elinberri: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- El Diario Vasco: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- El Correo: Euskaltzaindia, ekin eta jarrai.
- Noticias de Navarra: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
- Lea-Artibai eta Mutrikuko hitza: Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina