Euskararen gurdiak bi gurpil dauzka, ezagutza eta erabilera, baina ez aurrera ez atzera geldituko da beharrak tiratzen ez badu. Euskara behar sozial bihurtu ezean, jai daukagu, eta horretarako lan munduaren euskalduntzea gakoa da. Patxi Saezek ELA euskal langileen sindikatuaren XIV. kongresuaren atarikoan, Donostian, 2017ko ekainaren 2an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 180 ordezkari sindikalen aurrean, «Elefantea bidegurutzean» hitzaldia eman zuen. Hitzaldiaren audioa duzu hemen, transkripzio txiki batekin batera.
Euskara bidegurutzean dago. Hiztun berriak dauzka, baina ez da indarberritzen, hiztun berri horiek errazago moldatzen direlako erdaraz. Esan dezakegu, euskararen ezagutzak tribuko kide egiten gaituela, eta horrekin konformatzen garela. Baina egiten dugunak egiten gaitu; ezagutza ez da nahikoa, erabilera ere behar da.
Euskararen gurdiak, beraz, bi gurpil ditu: ezagutza eta erabilera. Baina zerk egingo dio tira gurdiari? beharrak. Gizakia animalia soziala da, elkarrekintzarekin asetzen ditu bere behar naturalak, eta hor ezinbestekoak dira komunikazioa eta hizkuntza. Gizakiak antolaketa sozialera egokitzeko ahalegina egingo du, egokitu egingo da, dauzkan behar naturalak ase gabe ez gelditzeko. Euskara behar naturalekin lotu behar da.
Behar sozial hori sortzeko zentraltasun osoa du lan munduak. Lana euskaldunduko bagenu, izugarrizko potentziala izango genuke euskara biziberritzeko.
Hiztun berriak euskararen zubigileak dira, hurrengo
belaunaldiak euskalduntzen dituztelako. Lan mundutik euskarara eta
euskaratik lan mundura zubia eraikitzea falta zaigu. Nola bihurtuko dugu
euskara gure gizarteko hizkuntza nagusi, lanerako inongo baliorik ez
duen bitartean?
Norabide berri bat behar dugu, bide berri bat. Pizkunde edo iraultza bat. Azpikoz gora iraulitako lurra da emankorrena. Beraz, lan munduaren goldea behar dugu, euskarak duen lur berri hori iraultzeko eta euskararen landareari indar gehiago emateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina