Antzuolako Elay enpresan erabaki garrantzitsua hartu zuten orain
hogeita bost urte, langileen asanbladak majo babestuta: euskaraz lan
egingo dugu. Bidea ez da samurra izan, baina asmatu dute pausoak egoki
ematen eta badira hiru urte eta erdi euskara planik ez dutela. Ez dute
behar, erabat euskaraz lan egiten dutelako.
Antzuolako Elay enpresan euskaraz lan egin nahi zutela erabaki zuten
duela hogeita bost urte. Apustu garrantzitsua egin zuten eta pauso
sendoz egin dute bidea. 2013ko uztailean ospatu zuten euskara planak
helburuak bete dituela, egunerokoan euskaraz lan egitea lortu dutelako.
Dagoeneko ez dute euskara planik behar.
Arrakastaren gakoetako batzuk ulertu nahian elkartu ditugu mahaiaren
bueltan duela hogeita bost urte euskara planaren metxa piztu zutenetako
batzuk eta geroztik bidaide izan diren beste batzuk.
Elayk 1990eko hamarkada hasieran jarri zuen martxan euskara plana,
baina ardagaia dezente lehenagokoa da. «Historia kontatzen hasita, 70eko
hamarkadan hasi behar da ezinbestean. Garai hartan euskaldunok euskara
familian, lagunartean, herritarrekin... erabiltzen genuen, baina inolaz
ere ez bestelako egoeretan, ez eskolan ez beste inon. Hasieran
euskaldunok gure burua prestatu behar genuen eskolatik-eta genekizkien
gauzak euskaraz esateko. Bigarren arazoa izan zen hori transmititzea.
Baina, nori? Aurreneko alfabetatze teknikoko ikastaroak irakasleentzat
izan ziren. Hurrengo pausoa lantegi batzuekin hastea izan zen, batez ere
kutxekin. Filosofia hauxe zen: jendeari euskara irakatsiko diogu, eta,
baldin badaki, erabiliko du. Bistan da horrek ez duela funtzionatzen.
Konturatu ginen enpresetan berariaz egindako plangintzak behar zirela
euskara lanean txertatzeko», hasi da bidea errepasatzen Andoni Sagarna.
Duela hogeita bost urte Euskararen Aholku Batzordeko kide zen Sagarna
eta indar handia egin zuen enpresetan euskara planak abiatzeko.
Aholku Batzordearen aldetik bazen gogo bat, gogoeta bat eta nahi bat.
Eta, Elay enpresan, zer esanik ez. «1987aren bueltan ikusten genuen
gure tailerrean bazirela euskaraz bakarrik egiten zuten langileak, baina
ikusten genuen hori galtzera zihoala. Eskoletan erdaraz jaso genuen
formakuntza osoa eta euskara arriskuan ikusten genuen. Zeozer egin nahi
genuen, baina ez genekien zer. Etxetik ibiltzeko moduko plan bat
geneukan, baina nora gindoazen oso ondo jakin gabe. Une hartan Aholku
Batzordean zegoen nahia eta gurea elkartu egin ziren nolabait, eta
martxan jarri ginen. Aholku Batzordeak esperimentu bat jarri nahi zuen
martxan, norbait behar zuen esperimentatzeko, eta gu azaldu ginen»,
azaldu du Anaje Narbaizak, Elayko langile eta bertako euskara planaren
arduradunak.
Euskararen Aholku Batzordeak garbi zeukan enpresetan euskara planak
martxan jartzen hasi beharra zegoela. «Oso garbi geneukan: lehen
enpresan huts egiten badugu, akabo. Eta aurretik bageneuzkan
esperientzia txarrak, plangintza handirik gabe eta borondate hutsez
abiatutako bideak. Esperientzia horiek ez ziren ondo atera eta horrek
gure bidea zapuztu zuen urte batzuetan. Horregatik garbi geneukan oso
ondo aukeratu behar genuela enpresa, arrakasta segurua nahi genuelako.
Batetik, euskaldunen kopuru garrantzitsua zuen enpresa bat behar genuen,
eta, bestetik, enpresaren jabeak jarrera ona izan behar zuen
euskararekiko. Ez dakit nondik nora, baina norbaitek Elay aipatu zuen.
Eta Elay aukeratu zen arrakasta segurua nahi zelako», segitu du
Sagarnak.
«Euskaraz lan egin nahi genuen»
Jose Luis Elkorok, Elayko sortzaile eta jabeak, parte handia dauka
bere enpresak egin duen bidean. «Enpresa euskaldundu nahi genuen,
euskaraz lan egin nahi genuen. Eta horretan ari ginela, bidean, Eusko
Jaurlaritza, Elhuyar eta besteak agertu ziren. Baina asmoa, gogoa eta
ekimena Elayn bertan sortu ziren. Ezinbestekoa izan zen enpresan bertan
sortu zen gogoeta; enpresa eta langileak ados jarri ziren Elay
euskaldundu egin behar zela erabakitzerakoan. Bide bat ibiltzeko nahia
hor zegoen eta horretarako artzain bat behar zen. Anajek egin du artzain
lana. Eta bidea elikatu ere egin behar zen, eta hor egon dira Eusko
Jaurlaritza eta Elhuyar, bidea elikatzen».
Jose Luis Elkoro Bergarako alkate zen 1976. urteaz geroztik eta asko
sufritzen zuen euskarak bizi zuen egoerarekin. «Idazkaria bidali ziguten
Burgostik eta udaletxean inork ez zuen euskaraz egiten. Pentsa,
irakasle bat kontratatu nuen aktak euskaratzen laguntzeko. Sekulako
ardura neukan euskararekin eta baita sekulako sufrimendua ere, bizi zuen
egoera ikusita. Euskararekiko ardura hori beti neraman soinean».
Horregatik, Elay martxan jarri zutenean, oso garbi izan zuten hasieratik
euskarari bere tokia eman behar ziotela lantegian.
Enpresa eta langileak bat etorri ziren erronka horretan. «Hori izan
da proiektuaren bihotza, hain bide luzea eta oparoa egiteko motorra»,
iritzi dio Anaje Narbaizak. Eta Elayn bertan zegoen giro horri batu
zitzaizkion Euskararen Aholku Batzordearen erronka eta Elhuyarren
laguntza, gidaritza. «Dena parean tokatu zen».
Borondatea bazegoen, baina borondate hori bideratzeko plangintza
behar zen, bidea egiteko zegoen. «Elhuyar etorri zen gure etxera eta
forma eman zion gure nahiari. Gu hasiak ginen mugitzen, baina seguru ez
genekien nora gindoazen. Eta Elhuyarrek bidean gidatu gintuen».
Maddi Etxebarria Elhuyar Aholkularitzako arduradunaren ustez, garai
hartan oso salto garrantzitsu bat eman zen. «Ordura arte pentsatu izan
zen euskara jakinda, berez etorriko zela erabilera. Baina ordurako
konturatuak hasiak ziren ezagutzarekin ez zela nahikoa, gehiago egin
beharra zegoela erabilera bultzatzeko. Eta hori modu antolatu baten
bidez egin zitekeela ikusten zen: eratu dezagun sistema bat, sor dezagun
metodologia bat. Horretarako esperientzia pilotu bat martxan jartzea
erabaki zen eta Elay aukeratu zen, arrakastatsua izateko baldintza
batzuk ematen zirelako. Gaur egungo euskara planen hazia, oinarria,
orduan finkatu zen: ezagutzak eta erabilerak eskutik joan behar dute,
antolatu egin behar da, enpresaren jardunean txertatu behar da, alde
sozialak eta jabetzak bat egin behar dute, akordioak bilatu behar dira,
jendeak bere sentitu behar du... Euskara planak arrakasta izan dezaten
osagaiak garai hartan zehaztu ziren. Hogeita bost urtean gauzak asko
aldatu dira, baita lan egiteko moduak ere, baina oinarri haiek
garrantzitsuak izaten jarraitzen dute».
Andoni Sagarnak gogoratu du garai hartan beste zenbait enpresa ere
gerturatu zirela Aholku Batzordera, euskara planak martxan jarri nahi
zituztela-eta. Eta askori ezetza eman zietela, baldintza egokiak ez
zirelako ematen. «Batzuk haserretu ere egin ziren gurekin. Baina garai
hartan ez genuen akatsik egin nahi, ez genuen hanka sartu nahi, eta
kontu handiz ibili ginen. Oso garrantzitsua zen ondo ateratzea. Jokoan
zegoen aurrera segitzea edo bertan geratzea».
«Lan egiteko hizkuntza aldatu daiteke». Hori zen, Etxebarriaren
ustez, duela hogeita bost urte euskara planek demostratu behar zutena.
Euskara plana martxan jarri aurretik zeuden Elayn kalitate zirkuluak,
enpresaren funtzionamendurako espresuki sorturiko tresna. «Arazo baten
aurrean, jendea elkartu, arazoa aztertu eta denon artean irtenbideak
bilatzea zen kalitate zirkuluen helburua. Tresna hori bazegoen enpresan
eta hori bera baliatu genuen euskara plana martxan jartzeko ere. Ez
ginen Finlandiara joan eredu bila, tailerrean bertan genuen tresna
baliatu genuen», agertu du Anaje Narbaizak. Izan ere, hasieratik garbi
samar izan zuten euskara klaseak eskaintzea ez zela nahikoa izango.
«Klaseak eskaintzeaz gain, egunerokoan sortzen ziren arazoak kalitate
zirkuluetan konpontzen genituen. Helburua ez zen bakarrik langile
guztiek euskara ikastea; helburua zen ikastea lanean erabiltzeko. Eta
erabileran sortzen ziren arazoak, etengabe gainera», segitu du.
Maddi Etxebarriak nabarmendu duenez, «gaur egun parte hartzeaz asko
hitz egiten da eta formula desberdinak erabiltzen dira. Baina garai
hartan Elayn erabili zituzten parte hartze moduak, kalitate zirkuluak,
denen iritzia eta sentipenak partekatzeko erak, oso berritzaileak izan
ziren eta horiek ere parte handia izan dute arrakastan».
Langileen tratu pertsonalizatua
Anaje Narbaizak Elhuyarren ekarpena gogorarazi du. «Elhuyarrek
ekarpen garrantzitsua egin zuen. Alde batetik, Marije Jauregik eta Tere
Barrenetxeak tratu pertsonalizatua bultzatu zuten. Hasieran egin zen
diagnosian banaka-banaka hitz egin zen langile guztiekin, denengana
heldu ginen eta hori ezinbestekoa izan zen. Planaren beste puntu
garrantzitsu bat enpresako kide guztiak –goi-agintariak, agintari
ertainak eta langileak– klaseetara joan izana izan zen. Horrek euskara
planaren garrantzia nabarmendu zuen, enpresako kide guztien indarra
behar zuela nabarmendu zen, denon ardura zela. Beti pertsonak erdigunean
jarri ziren eta garai hartan sekulako perspektiba izan zen hori.
Ikuspegi berri bat izan zen, berritzailea garai hartarako».
Langileen asanbladak erabakia
Euskara planaren lehen urratsa diagnostiko bat egitea izan zen. Garai
hartan Elayk 150 langile zituen eta %35ek ez zekiten euskaraz. Euskaraz
alfabetatuak %10 baino gutxiago ziren eta laneko kontuez euskaraz
idazteko eta irakurtzeko gai zirenak %2 baino gutxiago ziren.
«Klabea enpresaren jabeen eta langileen artean eman zen uztarketa
izan zen. Asanblada bat egin genuen euskara plana martxan jarri edo ez
erabakitzeko eta langileen %90etik gorak baiezkoa eman zuen. Hori
oinarrizkoa izan zen. Sekulako apustua izan zen gaia asanbladara
eramatea. Pentsa, kontrakoa atera izan balitz... Baina aurretik
sukaldeko lana ondo egina zegoen; horregatik eman zuen langileen
asanbladak baiezkoa. Horrez gain, Anaje bezalako pertsona bat egotea ere
oinarrizkoa izan da, ezinbestekoa. Hori garbi esan behar da»,
nabarmendu du Jose Luis Elkorok.
«Asanbladaren aurretik egin zen lana eta langile bakoitzari eman
zitzaion tratu pertsonalizatua oso garrantzitsuak izan ziren. Asanblada
egiterako, jendeak bazekien zeri buruz ari ginen hizketan eta norberak
bazekien ez zela baztertuta geratuko, bere egoera pertsonala kontuan
hartuko zela. Langileak bazekien ez ginela bere eskubide pertsonalen
gainetik pasatuko, etorkizuna ari ginela eraikitzen. Jendea oso lasai
joan zen asanbladara, oso garbi zuen zer egin nahi genuen, eta hori izan
zen euskara planaren tranpolina», jarraitu du Narbaizak.
Eta helburua ez zen euskaraz ikastea, euskaraz lan egitea baizik.
Ikasitakoa lantokira ekartzea. Maddi Etxebarriaren ustez, arrakastaren
klabea izan da ezagutzatik erabilerara pasatzen asmatu dutela. «Askotan
pentsatu izan da berez etorriko zela erabilera, ikasi ahala. Baina
ohitura batzuk oso errotuta daude eta zailak dira aldatzen. Askok esan
izan dute ‘lasai, belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute eta horiek
etortzean euskaldunduko da enpresa’. Baina hori ez da gertatzen,
belaunaldi berri horiek etortzerako lan ohiturak oso errotuta daudelako,
gehienetan gazteleraz lan egiten delako eta hori aldatzea oso zaila
delako. Baina Elayn asmatu zuten erabilera sustatzen. Horretan gakoa da
erabakiak hartzea eta enpresak eta langileek bat egitea erabaki
horietan».
«Giro oso ederra sortu zen, oso baikorra. Batak bestea animatzen zuen
langileen artean, klasean ikasitakoa lanean erabiltzeko. Dinamika
ederra sortu zen. Klasera denok joaten ginen, ni barne. Denok sentitzen
ginen proiektu horren parte», gogoratu du Jose Luis Elkorok.
Nola lortu zuten ikastetik lanean erabiltzera salto egitea? «Inguruko
langileen bitartez sustatu genuen erabilera. Lanean zaudela
aldamenekoarekin partekatu behar duzu lan hori, beti sortzen dira
harremanak. Hasieran oso zaila zen, ordura arte dena gazteleraz egiten
baitzen. Horregatik kalitate zirkuluak oso garrantzitsuak izan ziren,
euskaraz ulertzen ez zutenen arazoa konpontzeko bideak sortu zirelako.
Baina behin lehenengo saltoa eginda, jendeak bidea ikusi zuen eta bide
horretan aurrerago joatea bihurtu zen helburua. Baina egia da hasiera
nekeza egin zitzaigula. Lehenengoan ez zen lortu agian, baina
bigarrenean bai. Jendeak ikusten zuenean gero eta gehiago ulertzen
zuela, gero eta gehiago motibatzen zen», azaldu du Anaje Narbaizak.
Langilearen ilusioa, etekin onena
Hasiera hartako 150 langiletik gaur egungo 200 langilera pasatu da
Elay urterik urte. Eta bide horretan atzerapausorik egon ez zedin beste
erabaki garrantzitsu bat hartu zuen enpresak: kontratatzen diren
langileek euskaldunak izan behar dute eta euskaraz lan egiteko
konpromisoa hartu behar dute. «Ez da nahikoa pertsona euskalduna
kontratatzea. Euskaraz lan egingo duen pertsona kontratatzea da gakoa,
lana euskaraz eskatzea alegia», esan du Narbaizak.
Elkorok ere garbi dauka hori erabaki oso garrantzitsua izan dela.
«Guk beti exijitzen dugu euskaraz lan egiteko baldintza. Behin pertsona
bat kontratatu nahi genuen, bere curriculumagatik. Baina ez zekien
euskaraz. Urtebete egon zen liberatua euskara ikasteko, soldatarekin.
Eta ikasi zuenean hasi zen gurekin lanean. Gure konpromisoa sendoa izan
da eta apustu garrantzitsuak egin ditugu».
Elkorok, enpresa gizona den aldetik, garbi dauka euskarak etekin oso
aberatsak eskaintzen dituela. «Langilea aberasten du eta ilusioa ematen
dio. Ilusioa duen langile bat da enpresa batek izan dezakeen etekinik
handiena. Horrek enpresa asko aberasten du».
Euskara planaren ibilbidean, gainera, taldeko lana sortzen da, elkar
animatzen duten lankideak sortzen dira, erronka bati taldean aurre
egiteko dinamika bultzatzen da. «Dinamika hori izugarria da eta
enpresaren mesedetan da zalantzarik gabe. Langilea gero eta
ilusionatuago eta gusturago egon, hobe doa enpresa», segitu du Elkorok.
Enpresan ez ezik, Antzuolako herrian ere izan du eragina aipatu
enpresako euskara planak. «Antzuolako kaleetan lehen baino askoz gehiago
erabiltzen da euskara. Hiru enpresa gaude Antzuolan eta hirurak euskara
bultzatzen ari gara, maila onean gainera. Eta herrian igarri egiten da.
Langileak eguneko denbora gehiena lanean ematen du eta bere laneko
hizkuntza euskara baldin bada, kalera ere eramango du euskara»,
nabarmendu du Jose Luis Elkorok.
Andoni Sagarnak gogorarazi du duela hogeita bost urte enpresetan
euskara planak bultzatzeko berak zerabilen argudio indartsuenetakoa
horixe zela. «Aholku Batzordearen aurrean fikziozko ariketa bat
proposatzen nuen. Demagun badaukagula satelite bat Euskal Herriaren
gainetik pasatzen dena. Norbait euskaraz ari bada, argi bat pizten da.
Egunean zehar nola ikusiko luke satelite horrek Euskal Herria? Gauez,
argi ia denak itzalita. Goizeko zortziak aldean segur aski etxe giroko
argiak piztuko dira; haurrak eskolara eramateko garaia... Eta
zortzietatik aurrera, segur aski, argi horiek itzali egingo dira. Eguna
pasa eta gero, berriz piztuko dira arratsean, afal ordua inguratzen
denean, berriro etxe giroan edo poteo giroan. Horrek esan nahi du
eguneko ia ordu guztietan itzalita egongo direla argi horiek eta laneko
orduetatik kanpo bakarrik piztuko direla. Zortzi ordu lotan eta zortzi
ordu lanean, ez zaigu geratzen euskaraz egiteko denborarik. Hori esaten
nuen nik duela 25 urte behin eta berriz».
Hartara, enpresak euskalduntzeak asko lagun dezake jendarte
euskaldunago bat eraikitzerako orduan. «Alferrik gabiltza eskoletan
euskara ikasten, unibertsitateetan euskara ikasten, doktoretzak euskaraz
egiten, gero lan mundura iritsi eta ez badu ezertarako balio. Ikasketa
guztiak euskaraz egin dituen gaztea ‘errealitatera’, lan mundura,
iristen denean konturatzen baldin bada ezin duela euskaraz lan egin,
zertan ibili da ordura arte? Horrek desmotibazioa ekar dezake», segitu
du Sagarnak.
Funtzionamenduan txertatuta
Andoni Sagarnaren ustez, kasuan-kasuan garrantzitsua da enpresaren
funtzionamenduaren neurriko metodologia jostea. «Euskara ez da aparteko
gauza bat. Batzuetan badirudi ez duela zerikusirik enpresaren eguneroko
funtzionamenduarekin. Hori, gainera, ez da euskararekin bakarrik
gertatzen, orokorrean hizkuntzekin gertatzen da. Erosi edozein
hizkuntzetan eros daiteke, baina saldu bezeroaren hizkuntzan egin behar
da. Alegia, hizkuntzak ez dira aparteko gauza bat, enpresaren
funtzionamenduan txertatu behar duzu hizkuntzen arazoa; dokumentazioa
prestatzerakoan, barneko komunikazioan, bezeroarekin harremanetan, beste
enpresekin komunikatu behar duzunean... Enpresen bizimoduan sartu behar
da hizkuntzen arazoa, kudeaketaren barruan. Hizkuntza guztiena,
gainera. Erraza da esatea ‘internazionalizatu egingo naiz’. Oso ondo.
Kalkulatu al duzu zenbat hizkuntzatan aritu beharko duzun? Euskarazko
plangintzetan lan egiten duten enpresek abantaila handi bat daukate,
hori irentsita daukatelako, hizkuntzen kontua enpresaren antolaketan
txertatuta daukatelako».
Elayn, adibidez, makinek ere euskaraz egiten dute. «Makina gehienak
Suitzakoak ditugu, eta, besteak, alemaniarrak. Ba makina horiek ekartzen
duten informazio guztia euskaraz dago. Hemendik bidaltzen dizkiegu datu
guztiak eta haiek makinak prestatzen dituzte euskaraz funtziona
dezaten», agertu du Elkorok.
Euskara planari esker asko ikasi dute Antzuolako lantegian. «Guri
lagundu egin digu pausoak ematen norabide guzti-guztietan. Euskara
ezustekoz betetako ate bat da. Zabaldu eta beti ematen ditu ezusteko
onak. Gure ibilbidean eman dugun azken urratsa, duela lauzpabost urte,
euskaratik ikasitakoak beste hizkuntzetara eramateko saiakera izan da,
eta horretan ere bidelagun izan dugu Elhuyar. Gaur egun Mexikon eta
Txinan ere ari gara lanean. Gure filosofiatik abiatuta herrialde
horiekin nola harremandu zehazten duen proiektua egin dugu eta oso garbi
izan dugu tokian tokiko hizkuntza errespetatu behar dugula. Hau da, ez
ditugu txinatarrak euskara ikasten jarriko, ezta mexikarrak ere;
bertakoei bertako hizkuntzan egiteko ahalegina egingo dugu. Antzuolan
euskaraz egingo dugu eta toki bakoitzean bertako hizkuntza erabiltzen
saiatuko gara, erdiko hizkuntza bat inposatu gabe. Tokian tokiko
hizkuntza errespetatzea da gure lehentasuna, hori erakutsi digu egindako
ibilbideak. Eta horretarako tresna batzuk garatu ditugu», azaldu
Narbaizak.
«Mexikarrekin ez daukagu arazorik eta txinatarrekin, oraingoz,
ingelesa baliatzen dugu. Baina gure erronka da gure jendeak txinera
ikastea haiei beraien hizkuntzan egiteko. Oraintxe hasi gara Txinarekin
lanean, baina buruan daukagu hizkuntzarena», gaineratu du Jose Luis
Elkorok.
Txinara edo Mexikora joan gabe, Euskal Herriko beste enpresa
batzuekin dituzten harremanetan euskara lehenesten saiatzen dira beti.
«Ahozkoan dezente ematen da. Egin ditugun neurketen arabera, beste
enpresekin ditugun ahozko harremanen %60 euskaraz dira. Azken urteotan
goraka egin du datu horrek eta hori da, oraingoz, lortu duguna.
Pentsatzen dugu hortik gorako zenbakiak lortzeko gizartean aldaketa
batzuk eman behar direla euskararen erabilerari dagokionez», azaldu du
Narbaizak.
Eta leherketa hori gertatzeko dago oraindik. Enpresak euskarari
lotzea eta lotura horretatik leherketa jendarte osora zabaltzea,
gertatzeko dago. Baina, gertatuz gero, sekulakoa litzatekeela oso garbi
dauka Narbaizak, «enpresetan euskaraz egiten bada, Euskal Herrian askoz
gehiago erabiliko da euskara».
Antzuolako Elayn 1992an abiatu zuten euskara plana. Bost urteren
buruan, 1997an, asanblada orokor batean emandako pausoen balorazio
bikaina egin zuten, «euskarak lortutako sendotasuna eta
sinesgarritasuna» nabarmenduz. Baina jada garai hartan, duela hogei
urte, garbi jasotzen zen asanbladako aktan: «Aurrerapausoak emateko
ezinbestekoa da beste enpresak bide honetara batzea, bestela nekez
egingo dugu aurrera. Guztiok daukagu guztion premia. Jakina da proiektu
hau ondo ateratzea beste batzuek ere ibilbide berdina hartzea
litzatekeela, enpresa euskaldunen arteko harremana sendotzeko. Zergatik
ez euskara erabili? Emaitzak harritu egingo gaitu, orain arteko emaitzak
harritu gaituen bezala».
Esanguratsua da duela hogei urteko gogoetak oraindik daukan zentzua.
«Enpresatik kanpora egin behar da, leherketa bat gertatu behar da.
Enpresetako euskara planek benetan funtzionatuko dute gizartera
zabaltzea lortzen baldin badugu», iritzi dio Narbaizak.
Elhuyarko Maddi Etxebarriak egunero egiten du lan enpresekin eta
badaki ez dela batere erraza enpresak euskararen norabidean mugitzea.
«Azken urteotan saiakerak egin dira, baina azken hogeita bost urtean
euskararen inguruan mugitu diren enpresak beti berdinak dira.
‘Internazionalizazioa’ hitzetik hortzera dabilen honetan, euskara
planetan aritu diren enpresek abantaila dezente dituzte hizkuntzen
kudeaketari dagokionez. Hizkuntzak nola landu hausnartuta eta pentsatuta
daukate eta badakite hizkuntza bat baino gehiago kudeatzen. Gainera,
euskara ikasteko erabili dituzten tresnak beste hizkuntza batzuk
ikasteko erabil ditzakete. Euskaratik ekarritako praktika on horiek
beste hizkuntzetara ekar ditzakete».
Lehen begiratuan ikusten ez diren gauza asko ere ekartzen ditu
euskarak enpresaren egunerokora: kohesioa, indarra, ilusioa. «Azkenean
pozik eta gustura dagoen pertsona batek hobeto lan egingo du, beste giro
bat sortuko da...», nabarmendu du Etxebarriak.
Administrazioaren bultzadaz
Aipatu azken hogeita bost urtean, 500 bat enpresa ibili dira
joan-etorrian euskara planen bueltan. «Garrantzitsua da enpresak nahi
bat izatea. Eta, hain juxtu, nahi hori izan duten enpresak dira aurrera
egin dutenak. Azken urteetan, baina, gehiago dira bestelako arrazoiak
tarteko gerturatzen diren enpresak. Batez ere administraziotik etorri
diren hizkuntza betekizunak direla-eta gerturatzen dira gugana.
Administrazioaren lehiaketa publikoetan euskarak puntuak ematen
dituelako gerturatu dira asko. Bestelako zerbitzu enpresa batzuk ere
hurbildu dira, haurrekin dabiltzanak, nerabeekin, adinekoekin,
Osakidetzaren inguruan dabiltzanak... Asko gerturatu dira
administrazioak baldintza hori jarri duelako. Eta egia da gero eta
gutxiago direla langileen eta enpresaren borondateagatik gerturatzen
direnak guregana», kontatu du Elhuyarko arduradunak.
Administrazioaren bultzada garrantzitsua izan daiteke, baina horrekin
bakarrik zaila izango du euskarak aurrera egitea. «Administrazioaren
eskakizunez gain, borondatea ere beharko da. Enpresa bakoitzak bere
erritmora eta bere ezaugarrien arabera, baina bidea egin behar du.
Aldaketa bat eman daiteke eta laneko hizkuntza ohiturak alda daitezke.
Euskaraz lan egin daiteke», garbi dauka Etxebarriak.
Jose Luis Elkororen azken gogoetak, berriz, zer pentsa asko ematen
du. «Nik duela hogeita bost urte pentsatzen nuen euskara gaur egun askoz
egoera hobean egongo zela. Baina ikusten dut asko galdu dela bidean. Ni
konbentzituta nengoen gaur egun administrazio osoan euskaraz egingo
zela, eta begira non gauden. Uste dut aukera asko galdu ditugula bidean.
Tristura handia ematen dit euskararen kontrako jarrerak ikusten
ditudanean. Euskararen kontrako eraso asko ikusi ditut urteetan barna,
baina, hala ere, mina egiten didate oraindik ere».
- Estreinakoz, Gara egunkarian argitaratua, 2017-01-07an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina