2016(e)ko apirilaren 21(a), osteguna

Udalek euskara sustatzeko legezko ahalmena dute lehenengo aldiz

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek euskararen erabilera sustatzeko legezko ahalmena dute lehenengo aldiz Euskadiko Udal Legearen bidez.


Joan den 2016ko apirilaren 15ean sartu zen indarrean Euskal Autonomia Erkidedogoko (EAE) Udalen Legea. Lege hau indarrean sartu arte, udalek ez dute eskumenik izan euskara sustatzeko. Eskumen hutsune horretaz baliaturik, Carlos Urkijo Espainiako gobernuak EAEn duen ordezakariak, azken urteotan, ehundik gora udal auzibidean jarri ditu. Baina hori guztia aldatu egingo da Eusko Jaurlaritzaren Udal Legeak udalei euskara sustatzeko eman dien legezko babesarekin.

Euskadiko Udal Legeak bere izatearen zioak edo arrazoiak azaltzerakoan, euskararen sustapenari dagokionez, honela dio hitzez hitz:

"Bistakoa da tokiko politikaren kalitate instituzionala hobetu beharra dagoela udal-gobernuek beren legitimitatea indar dezaten, zerbitzu-zorro iraunkor eta efizientea garatuz. Izan ere, udalak dira herritarrek arazoak konpontzeko jotzen duten lehendabiziko atea, eta udalen legitimazio instituzionalaren oinarria da, neurri handi batean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea eta herritarrei bizi-kalitate egokia eskaintzea, eskubide guztiak baliatzeko aukera bermatuta; horien artean, gainera, hizkuntza-eskubideak.

Hala islatzen da legeak toki-harremanetan kultura- eta hizkuntza-eredu propio baten alde egin duen aukera garbian ere, apustu sendoa egiten baitu euskararen iraunarazpen, finkapen eta garapenaren alde, amorez eta euskal toki-administrazioa benetan euskalduna izan ahal dadin, horrek berarekin dakarrekin guztiarekin, hala nola den euskara laneko ohiko hizkuntza izan ahal izatea, euskara jakitea mugatu gabe, askotan gertatzen denez, tokiko enplegu publikora iristeko eskakizun formal huts izatera. Horregatik, toki-administrazioak etsenplu eta gidari izan behar du euskara erabat berreskuratzearen arloan, eta horretarako beharrezkoa da administrazio horrek apustu argi bat egitea bere jarduna gero eta gehiago euskalduntzen joateko.

Horregatik, euskara babestu eta normalizatzeko lana, Euskal Herriaren hizkuntza berezkoa eta komuna denez, lehenik, euskal botere publiko guztiei dagokie, baina euskal udalak bide-erakusle izan behar dira eginkizun horretan. Ondorioz, lege honen asmoa da aitzindari izatea prozesu batean non botere publiko guztiek apustu irmoa egin behar baitute euskararen alde, haren normalizazio desiratua eta erabateko garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak erauziz. Hala, lege honek, zeinak uneoro errespetatzen baitu toki-araubidea, aldezten du, kasuan kasuko toki-erakundeak hala erabakitzen badu, euskara erakunde horretako lan-hizkuntza izatea. Era berean, modu berariazko, funtsezko eta zuzenean aurreikusten du udalek eskumenak edukitzea euskararen erabilerari eta normalizazioari buruzko planen arloan, bai «ad extra», hau da, beraien jardunaren lurralde-eremuan, bai «ad intra», hau da, toki-erakundean bertan artikulatzeko antolamendu bakoitzak erabakitzen dituen jasotzaileekin.

Halaber, amorez eta hizkuntza-normalizazioko prozesuek gainditu dezaten toki-erakundeen lanpostuetarako hautaketa- edo horniketa-prozesuetan gaitasun hori egiaztatzearen estadioa, aurreikusten dira ere zinegotziek hizkuntza-gaitasunak eskuratu eta hobetzeko lagundu dezaketen neurriak, zeren eta bi errealitateak, bai enplegatu publikoei dagokiena eta bai politikaren eremuari dagokiona, uztarturik joan behar baitira, euskararen erabileran benetako normalizazioa lortzeko, hau da, esan den bezala euskara laneko ohiko hizkuntza bihurtu dadin euskal toki-erakundeetan.

Alabaina, hori esan ondoren, adierazi behar da ere, alde batetik, euskal toki-administrazioaren euskalduntzearen aldeko apustu irmo horrek ezin dituela inola ere ahaztu herritarren hizkuntza-eskubideak, herritarrek uneoro izango baitute hautatzen duten hizkuntza ofizialean artatuak izateko eskubidea eta bi hizkuntza ofizialetakoren bat ez jakiteagatik inolako babesgabetasunik ez nozitzeko eskubidea. Eta beste alde batetik, toki-agintarien jardunak eskatuko du neurri bereziak hartzea euskararen alde, egoera kaxkarragoan dagoen hizkuntza ofiziala baita. Izan ere, euskara faboratzeak bilatzen duena da, hain zuzen, herritarren artean benetako berdintasuna sustatzea, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartaren 7.2 artikuluan jasotakoaren zentzuan –karta hori 1992ko azaroaren 5ean onetsi zen Estrasburgon eta indarrean dago gure ordenamendu juridikoan, 2001eko otsailaren 2an berretsia izan ondoren–, non bere helburu eta printzipioen artean esaten duen ezen «hizkuntza erregionalen edo gutxituen alde neurri bereziak hartzea, hizkuntza horien hiztunen eta gainerako biztanleen artean berdintasuna sustatzera zuzenduta daudenak eta beraien egoera berezia kontuan izatea bilatzen dutenak, hori ez da hartuko hizkuntza hedatuagoen hiztunekiko diskriminazio-egintzatzat»".



Euskadiko Udal Legeak EAEko udalei euskara arloan aitortzen dizkien eskumenak bi artikuluetan daude garatuta eta honela diote hitzez hitz:




6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala.
  
1.– Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da. Edonola ere, bermatu beharko da herritarrek benetan egikaritu ahal izatea toki-erakundeekin harremanak izateko orduan hizkuntza ofiziala hautatzeko duten eskubidea eta, hortaz toki-erakundeek hizkuntza horretan artatzeko duten betebeharra, hartarako behar diren neurriak harturik.

Euskarari eta gaztelaniari aitortutako ofizialtasunaren arabera, bai euskara toki-erakundeen ekintzetan erabiltzea, bai gaztelania ekintza horietan erabiltzea, balio juridiko osokoak izango dira, betiere eragotzi gabe toki-erakundeek bermatu beharra daukatela, partikularrekiko harremanetan, horiek hautatu duten hizkuntza ofiziala erabiltzea.

2.– Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira. Ahalmen hori baliatu ahal izango da –aipatu berri diren kasuetan–, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe. Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak edo laburpenak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari eta Estatukoari, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriari jarraituz.

3.– Toki-erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, –erakunde barruko, beste edozein administrazio publikorekiko edo, are, partikularrekiko harremanetan– bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera gorabehera, behar diren mekanismoak sortu beharko dituzte, herritarrek karga edo betebeharrik eragingo dieten inolako formaltasun eta baldintzarik gabe baliatu ahal izan dezaten komunikazioak beste hizkuntzan jasotzeko daukaten eskubidea.

7. artikulua.– Toki-erakundeen eta udalen eskumenak euskararen erabilerari dagokionez.
  
1.– Udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, izendatuta dauzkaten arloetako zerbitzu eta jardueretan euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko eskumena. Eskumen hori egikaritu ahal izateko, udal bakoitzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu eta euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatuko ditu, kontuan izanik instituzio komunetatik eta indarrean dagoen legeriatik euskararen erabilerari dagokionez eratorritako planifikazio eta erregulazio-irizpideak.

2.– Era berean, udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, hartatik eratortzen diren ahalmen eta funtzioekin, beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena, horretarako zerbitzuak eta jarduerak zuzenean antolatuz, edo beste pertsona edo erakunde batzuek euskara sustatu eta dinamizatze aldera burutzen dituzten jardueren finantzaketan lagunduz.

3.– Udalerriei dagokie, halaber, beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea eta, oro har, toponimoen eta leku geografikoen gaineko prozedura arautu eta haiek onartzea, horrek ezertan galarazi gabe Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikuluan eta aplikatu beharrekoa den gainerako legerian ezarritakoa. Izen horien idazkeraz den bezainbatean, dagokion hizkuntzaren arau akademikoak errespetatuko dira, eta euskararen kasuan, Euskaltzaindiak ezarrita indarrean dauden hizkuntza-arauak.

4.– Udalerriek euskararen erabileraren eremuan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izango dituzte ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak onartuz.
  
5.– Toki-erakundeek euskararen arloan aitortuak dituzten eskumenak baliatzeko, hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte; mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute, eta elkarlanerako beste modu batzuetara jo ahal izango dute, erakunde publiko eta pribatuekin.

6.– Toki-erakundeek beren arteko harremanetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekiko harremanetan euskara gero eta gehiago erabil dadin sustatuko dute; horretarako, adostasuna bilatuko dute, eta, edonola ere, hizkuntza ofizial bat nahiz bestea erabili ahal izango dute, beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe.

7.– Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira.

8.– Herritarren hizkuntza-eskubideei eta euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeari dagokienez trabarik gertatu ez     dadin indarreko legeriak onartzen dituen zehar-kudeaketa moduetako baten bitartez zerbitzua emateagatik, toki-erakundeek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira, hirugarren batzuek egikaritzen dituzten zerbitzu publikoetan helburu hauek bermatze aldera:

a) Kontratuaren xedeak bete dezala bere izaeragatik eta zerbitzuaren titularra den toki-erakundearen ezaugarriengatik aplikagarria zaion hizkuntza-legeria.
   
b) Herritarrak artatuak izan daitezela berek hautatzen duten hizkuntza ofizialean.

c) Zerbitzua eman dadila, hizkuntza-baldintzei dagokienez, zerbitzuaren administrazio titularrari exijitu ahal zaizkion baldintza beretan.


iruzkinik ez: