2016(e)ko apirila 18, astelehena

Talibanak

Tamara Velte.

Bitxia da Kataluniakoa: hizkuntza gutxitu bati irudika diezaiokegun nagusitasun maila handiena izan arren, susmo txarrak pizten ditu hura hizkuntza ofizial bakar gisa proposatzeak.

Independentismoaren sektore nagusiak propio baztertuta eduki du gaia luzaroan, indarrak pilatzeko traba zela argudiatuta. Orain Koine manifestuak eragin du ezinbesteko eztabaida, katalana konstituzio berrian «ardatz integratzailea» izan dadin proposatuta.

Esperientziak erakutsi die gizarte elebidunaren ametsa ez dela erreala, are gutxiago bi hizkuntzetako bat gaztelania bada. Ofizial bakarra katalana izateak emango lioke falta zaion arnasgunea, eta ziurrenik ez lituzke herritarren eguneroko ohiturak askorik aldatuko. Baina elebakarra oso erraz sentitzen da baztertua, eta manifestuaren sinatzaileei ere berehala egotzi diete arrazistak izatea.

Hemen ere sumatzen da halako izu bat hizkuntzaren gaiari heltzeko, horrek botoak galarazten dituelakoan-edo. Politikak saihestu egiten du euskarari buruzko eztabaida, eta nahiago luke hizkuntz aukera eremu pertsonalera zokoratu: erabil dezala nahi duenak eta ez dadila talibanegi jarri. Ardura kolektibo gisa ikusiko bagenu, euskara guztiona izango litzateke, baita ez dakitenena ere; baina, martxa honetan, inorena ez izaten amaituko du.


(SAMARA VELTE MORAN kazetaria da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-04-17an.

iruzkinik ez: