2016(e)ko apirila 12, asteartea

Hizkuntz politikaren porrota eta euskararen etorkizuna


Jose Mari Pastor.



















Euskara sustatu beharra dugu. Nola, ordea? Zeren bidez? Borondate hutsez ikusi dugu nolako emaitzak lotu ditugun eta lortzen ari garen. Legez, dekretuz? Hori ondo dago, baina uste dut kohesio eta bake soziala gogoan jarri diren politikek muga jo dutela. Agian, garai batean komenigarriak izan zirela esango dute. Dena den, gaur egun badakigu zer eman duten eta zer ez. Agortu egin dira.

Lan munduan euskararen beharra piztea aipatzen duzu zeure artikuluan. Horixe, hala egin beharko genuke. Hala ere, nahikoa izango litzateke hori? Euskal administrazioan euskara beharrezkoa da zenbait postutan jarduteko, baina hizkuntza eskakizunek ez diete enplegatu guztiei berdin eragiten. Den-denak, lan merkatuak hala behartuta, euskaldunduko balira, ederto. Orduan edozein bulego edo egoitza publikotara joan –berdin dio Osakidetza edo Industria saila– eta euskaraz egiteko aukera izango genuke. Baina hortik aurrera, zer? Funtzionario horrek, behin bulegotik irten eta gero, nola jokatuko luke? Beharbada erdaraz egingo liguke lanetik kanpo, euskararen beharrezkotasunaren zamatik aske.

Kontua da: euskara ikasi eta gero, nola lortu, nola motibatu, bultzatu pertsona hori gurekin kalean ere euskaraz egitera? Zer elementu emozional garatu edo txertatu behar da langile horrek euskararen eremura salto egin dezan? Horixe izango litzateke egoera onena, idilikoa. Beno, lanean euskaraz jarduten badu, nahikoa lortu dugu. Dena den, ez da nahikoa. Gero pertsona horrek egingo duen hizkuntza aukerak gure komunikazio eremuari eragingo dio, eta hori, ahal dela, euskararen alde izan dadila lortu beharko genuke. Nola, baina?

Hemen ageri da zuk aipatzen duzun gatazka kontzeptu hori. Izan ere, erdaldun edo euskaldun bat Alemaniara edo AEBetara badoa lan egitera, logikotzat jotzen du bertako hizkuntza ikasi beharra, derrigorrezkotasuna, lan egiten hasteko. Eta behin hori lortuta, ez du arazorik lankideekin, lagunekin eta kaleko jendearekin hizkuntza horretaz segitzeko. Ez du hizkuntza hori mespretxatzen, “inposatu” egin dioten arren. Ez du hizkuntza hori gorrotatzen. Behar-beharrezkoa du, biziraupen kontua da, eta azkenean horretara egokitu, moldatu beharrean dago. Hemen, ordea, hutsaren hurrena da euskara, plus bat, zama bat, askoren iritziz. UPNko morroi horren antzean pentsatzen dute herritar askok. Zertarako ikasi euskara, komunikazioa denok menperatzen dugun lehen hizkuntzan bermatuta badugu aldez aurretik? Inork ez du zalantzarik lana aurkitzeko ingelesa behar dela, eta gustura asko hartzen dute hura derrigorrez izatea. Baina euskara…

Hemen gazte batzuk daude, euskara gustatzen ez zaiela esaten dutenak. Entzun egin diet. "Ez zait gustatzen", diote. Zergatik ez? Eskolarekin, derrigorrezkotasunarekin, nota batekin lotuta doazelako? Edo euskara bera delako, euskarari buruzko pertzeptzioagatik, euskararen beharra ez dutelako, erdara badutelako komunikazio tresna nagusi? Oraindik ez diot entzun etorkin marokoarren edo bulgariarren umeari "erdara ez zait gustatzen" edo "erdara gorrotatzen dut". Eta agian gorrotatu egiten dute, baina ikasi ere bai, beste erremediorik ez dutelako sozializatzeko, lagunekin hitz egiteko, lana aurkitzeko.

Zer egin horren kontra? Burua makurtu? Bai, askotan horra garamatzate. Nekagarria da han eta hemen euskaraz egiten hastea, aurrekoak nola erantzungo dizun jakin gabe. Etsigarria batzuetan. Goizeko bederatzietan hasi behar duzu borrokan, “gatazka bila”, autobus gidariari euskaraz zerbait galdetu, eta hark igoal modu txarrean erantzungo dizulako? Ez da atsegina. Baina beste kontu batzuk esan eta egin daitezke, jendeak, erakundeak eta enpresak ikus dezaten. Esaterako: Donostiako jatetxe batean karta ematen dizute. Espainolez, ingelesez eta frantsesez idatzita dago. Eta begirunez galde daiteke –nik egin izan dut, ez beti hori ere egia da–. “Aizu, hau euskaraz ez duzue? Eta hemengo jendeak ez du karta euskaraz irakurtzeko modurik?” –'eskubide' hitza esanez gero, erne bazterrak, 'zapaltzailea' deitu diozu, gatazka bila ari zara eta! –. Eta orduan hark zer erantzuten duen, zeuk duzu azken hitza. Beraiek libreak dira kanpoko turistaren hizkuntzari hemengo berezko hizkuntzari eta hiztunei baino errespetu handiagoa izateko eta erakusteko. Era berean, norbera libre da, gu ere libreak gara kanpoko bezeroei bertokoei baino errespetu handiagoa dien bertoko dendari edo tabernariari dirua emateko edo ez. Baina, jakina, gu halakoak egiten hasten bagara, geu gara liskartiak, erasotzaileak. Mezu hori saldu digute, eta guk irentsi.

Euskararen beharra sentitu eta sentiarazi egin behar diogu gizarteari. Kanpaina instituzionalak ondo daude, baina ez dira nahikoa. Beste alde batetik, badago beste kontu bat, kezkaz erreparatzen diodana. Zenbait abertzale eta independentistaren artean gero eta gehiago hedatzen ari den ikuspuntua: euskararen ezagutzaren erlatibizazioa. Orain, kontsentsu bila joan behar dugu, zubiak eraiki, independentzia lortuko badugu. Euskarak ez omen luke oztopoa izan behar independentziarantz abiatzeko bla, bla, bla. Malgutasuna, errespetua, begirunea. Eta nik neure buruari galdetzen diot: “Inoiz baztertu dugu inor euskal gizartean, kuadrillan, herrian, euskaraz ez jakiteagatik?”. Alderantziz. Eta zer lortu dugu buenismo horrekin? Besoak zabalik hartu dugu pertsona hori, eta berak erdaraz dantzan jarri gaitu. Haietako asko hemengoak dira, hemen jaioak, baina ez dira konturatu edo ez dute konturatu nahi izan hemengo egoera linguistikoaz. Batzuk 'de paso' daude, baina azkenean bikotekidea aurkituko dute hemen eta Markinara joango dira bizitzera. Eta etxeko bizilagunen administrazio bileretan erdaraz egiteko eskatuko dute, haiek 'de paso' daudelako. 'De paso' beti, Eta guk, tonto txepel legez, erdaraz egingo diegu, erdaraz egingo dugu geure artean, kulpa sentimendua, gatazka konplexua barneratuak ditugulako.  Zenbateko garrantzia ematen diogu, benetan, euskarari?

Izan ere, orain euskara gure lehen, goreneko lehentasunen artean ez jartzeko eskatzen hasi zaizkigu. Jarrera edo eskaera hori tranpa galanta izan daitekeela uste dut. Zintzoak izanda, inoiz egon da, inoiz jarri dugu euskara eguneroko praxian lehen postuan? Teorian bai, baina gero txakurraren putza –salbuespenak salbuespen, jakina, eta salbuespen horiek taliban linguistikotzat jotzen ditugu, ez soilik erdaldunek, euskaldun askok ere bai–. Orduan, nire galdera da: besterik egin behar dugu? Malgutasun, tolerantzia, errespetu ekintza eta jokabide gehiago? Orain artekoekin zer lortu dugun ikusita… Baina tira, kopla horrekin datozkigu azkenaldi honetan.

Bide luzea dugu, baina ez dugu etsi behar. Hala ere, ukaezina da batzuetan nekagarria izaten dela. Toledo edo Amiens-ekoak izango bagina, espainolez edo frantsesez hitz egingo genuke modurik naturalenean, berez, besterik gabe, geure buruari galdetu gabe hizkuntza behar adina maite dugun edo ez; haren alde zer egin dezakegun pentsatu gabe. Hitz egin besterik ez genuke egingo, azalpenik eman gabe. Eta gurera etorritako batek edo hemengo batek gure hizkuntza ikasi nahi ez badu, hor konpon, ez genuke kontzientzia kargurik izango hari espainolez edo frantsesez egiten  segitzeagatik, gu errudun sentitu beharrean. Gainera, egoera irreala izango litzateke. Espainola edo frantsesa ikasiko ez zuen lagun hori baztertuta egongo litzateke gizartean. Hizkuntza horren beharra izango luke bizitzeko, lan egiteko, komunikatzeko. Baina hemengoak gara eta hemen bizi gara.

Tira, ez naiz gehiago luzatuko. Hausnarketa eskatu didazu eta hementxe duzu, ba. Esan bezala, bide luzea dugu aurrean. Ruperrek ondo azaltzen du: “Euskaldun izatea zein nekeza den”.

Besterik ez. Animo eta eutsi horri.

Besarkada bat, eta hurrengo batera arte, Patxi.

(JOSE MARI PASTOR GONZALEZ kazetaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)


iruzkinik ez: