2016(e)ko apirila 26, asteartea

Euskara, askatasun eta berdintasun auzia: Liberté, égalité

Gizarte elebidun baten auzia, lehen-lehenik askatasun auzia da. Hizkuntza bat hautatu ahal izateko, lehen-lehenik hautatzeko askatasuna izan behar da. Elebakarrek ez dute hautatzeko askatasunik hizkuntza bakarra dakitelako. Elebidunek elebakarrekin aritu behar dutenean ere ez dute hizkuntza hautatzeko askatasunik, elebakarrek askatasun hori zapuzten dietelako. Beraz, bi hizkuntzak dakizkienak bakarrik izango du hizkuntza bat hautatzeko askatasuna alde batetik, eta, bestetik, ez die askatasun hori ukatuko askatasun horren jabe diren gainontzeko herritarrei. Beraz, laburbilduz, jakiteak bakarrik ematen du askatasuna.

Berdintasunarekin ere lepo beretik dugu burua: erdaldunek ez bezala, euskaldunek ez dute nonahi eta noiznahi euskara erabiltzeko aukera berdinik. Erdaldunek euskaldunekin erdaraz egiteko aukera dute baina ez, ordea, euskaldunek erdaldunekin euskaraz egiteko aukera berdina. Hizkuntzak erabiltzeko aukeretan herritar euskaldun elebidunentzat ez dago berdintasunik. Berdintasuna, askatasuna bezalaxe, jakiteak bakarrik ematen du.

Euskal Herria zatituta daukaten bi estatuen lege antolamenduaren gailurrean daude askatasuna eta berdintasuna. Eskubide unibertsalak, lagaezinak, zatiezinak eta kenduezinak dira. Herri erakundeek bermatu egin behar dizkiete herritar guztiei bortsaezinak diren eskubide horiek. Gerta liteke, ordea, herritarrik izatea, bere elebakartasunetik, hizkuntza hautatzeko askatasunari uko egiteko prest. Euskara ikasi nahi ez duen herritar elebakarrak ezin dio bere askatasunari uko egin, irakurtzen eta idazten ikasteari uko egiterik ez duen bezalaxe. Gaur egungo gizartean alfabetatu gabea elkarbizitzarako mugatuta, aukera berdinik gabe eta askatasun galeran dagoen bezalaxe, muga, gabezia eta galera berean dago elebakarra euskara ez jakitearekin. Ez jakiteak mugatu egiten du elebakarra eta askatasuna galarazten dio. Eta bere buruari askatasuna galarazi ez ezik herritar elebidun euskaldunari ere galera bera dakarkio. Izan ere, elebakartasunetik galarazi egiten zaio euskaldunari euskara hautatzeko eta erabiltzeko askatasuna. Beraz, elebakarraren ukaziotik bikoitza litzateke sortutako galera eta kaltea.

Herri erakundeek herritarrek hizkuntza bat edo bestea hautatzeko daukaten askatasuna eta berdintasuna (Liberté, égalité) herritar guztiak elebidun bihurtzetik bakarrik berma dezakete. Horretarako, herritarren askatasunean eta berdintasunean oinarritutako erabakiak eta neurriak hartu behar dira botere publikotik euskararen elebitasuna (askatasuna eta berdintasuna, azken batean) herritar guztiengana zabaltzeko.



iruzkinik ez: