Jose Mari Pastor. |
Nola esaten da «defendatu nuen» katalanez? Eta espainieraz? Lehen galderaren erantzuna oso ondo daki Carles Puigdemontek; bigarrenaren erantzuna ote dakien beste kontu bat da. Jakin badakiela esango nuke, gaztelera lehen hizkuntza ez badu ere. Nabari da. Puigdemont okertu egiten da tarteka. Espainolez, gehienetan. Katalanez, gutxitan.
Generalitateko presidenteari elkarrizketa egin zion igandean Ana Pastorrek. La Sexta telebista kateko kazetaria Bartzelonara joan zen harekin kameren aurrean solastatzeko, zuzenean. Hor hasi da Puigdemont hizketan. Defensar esan du defender esan beharrean; no he estat, no he sido-ren ordez; conduciera, condujera barik. Eta, haiga, haiga barkaezin hori! Ana Pastorren belarriak odolusten daude, Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrenean halakoak entzunda. Ezin eutsi, eta Puigdemont zuzendu du, presidenteak huts egin duen hurrengoan: «Yo defensé...»; «defendí, president, defendí», moztu du kazetariak.
Berdin egingo ote zion Pastorrek Espainiaz kanpoko estatuburu bati, oso gaztelera ona duenari, noizean behin kale egiten duen arren? Sarri ikusten ditugu kirolariak, zinema izarrak eta abar telebistan, Puigdemont baino askoz okerrago espainolez, eta inork ez die kargu hartzen. Baina Puigdemont ez da kanpoko estatuburu bat, espainiar pasaportea duen politikari katalana baizik. Ofizialki espainiarra den bitartean, euren hizkuntzaz dotore mintzatzea exijituko diote espainiarrek. Ingeles baten ahoan barkagarriak diren hutsak onartezinak izango dira katalan edo euskaldun baten ezpainetan. Agerian uzten dute oraindik erabat lortu ez den asimilazio kultural eta linguistikoa.
Hobe denok primeran moldatuko bagina erabiltzen ditugun hizkuntza guztietan. Hala ere, beste erremediorik ez balego, zer aukeratuko genuke euskaldunok? Erdara bikaina eta euskara ez hain bikaina —ez dut traketsa esango— ala alderantziz? Galdera korapilatsua izan daiteke. Beste modu batez formulatuta: zerk lotsarazten gaitu euskaldunok jende aurrean: haiga-k ala apurtutak daude-k? ¿Quién ha venido? galderari naide erantzuteak ala nor etorri da? galderari inor erantzuteak, inor ez erantzun beharrean? Huts mota diferenteak dira, noski. Naide horrek ia analfabetoen pare jartzen du hizlaria, batez ere gaztelera badu lehen hizkuntza. Espainolek ez diote barrerik egingo Andaluzian bizi den ingeles bati, hark naide esaten badu. Hala mintzo den euskaldun bati, aldiz, bai, erdara bere lehen hizkuntza izan ez arren. Euskaldun askok ere gogotik egurtuko dute euskaldun hori, nahiz apurtutak edo inor horiek barkatuko lizkioketen.
Euskara dotoreak ez du erdarari ematen diogun garrantzia. Gure bihurtu dugu erdara. Gurea eta gutarra da. Ederra jasoko luke gure lehendakari batek defentsar edo si yo tendría una escoba esango balu telebista espainiar bateko zuzeneko elkarrizketa batean. Euskaraz eginiko hutsak, aldiz, anekdotikoak. Espainiako Legebiltzarrean dauden euskal politikariak eta katalanak entzun, eta konparatu. Euskaldunak, salbuespenak salbuespen —izan badira—, dotore asko mintzo dira erdaraz. Espainiako kazetariei galdetu nortzuk diren kongresuko hizlari finenak, eta ez harritu euskal politikariak onenen artean sartzen badituzte. Gorteetan dauden katalan askok, ostera, ezin ukatu zein duten eguneroko hizkuntza.
Zer esatea nahi duzue, ba? Gure politikari gehienak erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direla? Gizartearen isla baino ez dira. Euskara etxean ibiltzeko dute, eta ez beti. Are okerragoak dira euskaraz jakin edo moldatu ez, eta kanpotarrei euskara exijitzen dietenak. Javier de Andres jauna, kasurako. Bost urtean gaztelera edo euskara ikasten ez duen etorkinari laguntzak ukatzearen alde dago PPko burua. Ziri ederra: badaki lan egiteko erdara dela ezinbestekoa, euskara ez. Enpresa bat balu, igboa eta euskara baizik ez dakizkien langile nigeriar bat kontratatuko lukeela sinetsarazi nahi digu, akaso, De Andresek? Bai, baita zera ere.
(JOSE MARI PASTOR GONZALEZ kazetaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)
- Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-04-23an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina