2016(e)ko martxoaren 31(a), osteguna

Zein puntutaraino?

Eneko Gorri.
Azken hilabeteetan, bizpahirutan irakurri ahal izan dut Eneko Bidegainen eskutik idatzitako iritzi artikuluetan, biziki zuzena iruditzen zaidan metafora bat. Hain egokia, non idazki administratibo batzuetan berriz erabili dudala aitortu behar dudan publikoki. Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan obratzen den hizkuntza politika publikoa aipatzerakoan, «artatze paliatibo» aipamena erabiltzen du, eta horren inguruko gogoeta bat eraman nahi nuke.


Gaur egun, ezin ukatua da tokiko erakunde publiko gehienak euskararen aldeko dinamiketan engaiatuak direla. Desberdintasunak desberdintasun, baina bidea irekia da. Duela 10 urte (jada?) Departamendua, Eskualdea, Estatua... EEP sortzeko mahai beraren inguruan bildu izana ez da gauza gutxi ere. Ados. Hori aitortzea gutxienekoa da; baina ez dela aski erratea, ezinbestekoa. Proiekzio ariketen arabera, 2030ean euskaldunen kopurua uzkurki %15era iritsiko da. Mende bateko linguizidioa ez da hamar urtez berriz harrapatzen.
Zein faktore da hobendun? Neurrien intentsitate apalegia edo zehaztugabeko helmugarena? Medikuntzara itzultzeko, erreanimazio orgatxoa erabili beharrean, pazientea artatze paliatiboetan ezarri dutela dirudi. Alta, bi logika eta bi sendatze protokolo kontrajarri dira. Ondorioa ere desberdina da: batean, biziberri daiteke; bestean, sufrimendu handirik gabe hiltzen laguntzen da.

Hizkuntza politika publikoa sortua den momentutik, inportantea iruditzen zait finalitatearen eztabaida hau plaza publikora eramatea. Azkenean, gutxi entzuten baitira kargudun politikoak euskararen etorkizunaz mintzatzen. Guk argi dugu. Baina haiek? Epe ertain-luzean, zer-nolako lurraldea lortzeko lanetan ari dira gaur? Hori argitzean, baliabideak helburuen araberakoak diren argi agertuko da. Funtsean, galdera ez da zein puntutaraino euskarari atxikiak diren, baina zein puntutaraino joateko prest diren.


(ENEKO GORRI Miarritzeko euskara teknikaria da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-03-30ean.

 

iruzkinik ez: