2016(e)ko martxoa 30, asteazkena

24 orduak euskaraz

Elixabete Garmendia Lasa.
Izenburu horixe izan zuen 1976ko martxoaren 27an gauzatu zen egun beteko jardunak. Zapatu hartan —gauerditik gauerdira— etenik gabe- euskaraz emititu zuten Loiolako, Donostiako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek. Maratoi haren barruan, dozena bat mahai-inguru egin ziren, elkarrizketak, kronikak Euskal Herri osoko hainbat tokitatik, bertsolarien saioak... eta Euskaltzaindiaren bilera eman zen, zuzen-zuzenean.

Garai hartan Donostiako Herri Irratian ziharduen Joxe Ramon Belokik zuzendu zuen egitasmoa. Lantalde gidaria Donostiako eta Loiolako Herri Irratietako profesionalek osatzen zuten: «Eskarmentu handiko ekipoa dago egitasmoaren atzean: Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Otermin, Joxe Ramon Beloki, Karmelo Otaegi, Txaro Arteaga, Iñaki Zubizarreta, Nikolas Aldai...». Hala aipatzen ditu Iñigo Aranbarrik Argia-k 1999an kaleratutako Gure Mendea, Ehun Urte Euskal Kulturan liburuan. Parte-hartzaileei dagokienez, han egon ziren garaiko euskal intelligentsia-ko izenik sonatuenak.


Hori dena borobiltzeko, jaialdia ospatu zen Donostiako Belodromoan. Iñigo Aranbarriren kronikaren arabera: «Hamaika mila lagunen gorek eta oihuek behin eta berriz eteten dituzte Laboaren, Leteren, Knörren kantuak. Ikurrinak ateratzen dira jakapetik deiadarren gainean astintzeko, globoak dabiltza harmailetan gora eta behera... Hegoaldeak Jean Mixel Bedaxagarren artea ezagutzen du... Ordutegi aldaketak ere erantsi dio anekdota politik. Baten beharrean bi egunez luzatu diren 24 ordu izan dira».

Egia esan, harrigarria gertatzen da nola ekitaldi hartatik berrogei urte bete diren honetan efemerideak ez duen oihartzunik izan. Lau hamarkada joan dira, bai, euskalgintzan mugarri izan zen performance hartatik; denboran atzera eginez, Francoren agintaldiak iraun zuen bezainbat urte. Hain zuzen ere, 24 orduak ospatu baino lau hilabete lehenago hila zen diktadorea. Euskal munduak presa zeukan itzalpetik ateratzeko: urtarrilean Euskal Prentsaren Urtea izendatua zuten jada, 1976koa, Anaitasuna, Goiz Argi eta Zeruko Argia aldizkariek; segidan etorri zen 24 orduak euskaraz, Zumetaren kartel zoragarri batek iragarria.

Berrogei urteotan euskararen ezagutzan eta erabileran, euskarazko ekoizpenean eta horren zabalkundean izandako aurrerapen eskergari zipitzik ere kendu gabe, 24 orduetan euskaraz bizi nahi duenak harri koskor galantak topatzen ditu oraindik bidean. Anekdota bat lagin: joan da Ertzaintzaren komisariara, kalean, gauez, lapurreta egiteko asmoz eraso dioten emakume bat, eta, salaketa euskaraz jarri nahi duela esatean, erantzun diote goizeko zazpiak arte ez dela posible, orduan etorriko dela agente euskalduna. Eta hori, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako arduradunek euskarak aurrera egin dezan herritarren borondatean jartzen dutenean beti azpimarra —eta zama—.

Bada beste muturreko kasurik. Andoni Egañak igandeko BERRIA-n, Topo eginez artikuluan honela aurkezten zuen bat: «Nik... ehuneko laurogeita hamarra gazteleraz bizi dela badakidan baten balkoian eskegita sumatu dut 'Euskaraz bizi nahi dut' zapia».

Euskarako teknikari, zuzendari eta soziolinguisten artean badabil eztabaida kate interesgarri bat Patxi Saez Belokik piztua (patxisaez.eus), euskarak aurrez aurre dituen erronken inguruan: ezagutza eta erabileraren arteko proportziorik eza, transmisioaren apaltzea, beharrezkotasunaren ezartzea... Ziklo baten amaieran omen dago euskararen auzia. Hari horretatik, Euskaltzaindiak osatu berri du euskararen aldeko aldaketa soziala bideratzeko lantaldea. Desio bat: agonismotik at jardun dezatela, nahiz eta oraindik iraungitze datarik ez daukan duela berrogei urteko aldarriak.

(ELIXABETE GARMENDIA LASA kazetaria da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2016-03-30ean.

iruzkinik ez: