2016(e)ko martxoaren 20(a), igandea

Presioa

Presioa magnitude fisikoa da, azalera baten aurkako indar perpendikularra neurtzen duena. Baina presioa izan daiteke, hiztegien arabera, indar morala erabiltzea norbaiten jokabidea aldarazteko.

Asier Irizar Mezo.


Aurreko batean, gurean izan ziren Euskal Herriko bost alkate euskaldun. Nork bere ingurunearen berri eman zuen, eta azaldu zuten, batetik, nolako harremana izan duten euskararekin (ez alferrik bostetik hiruk bigarren hizkuntza dute euskara), eta, bestetik, zein asmo zituzten etorkizunera begira. Guztiek erakutsi zuten beren hitzetan badutela euskararekiko atxikimendua.

Alkate horien haurtzaro/gaztaroan sortu zen, eta hirietan bereziki, nolabaiteko presioa euskara ikasteko, euskaraz jarduteko. Bazirudien euskararik gabe ez zela bizimodurik izango. Administrazio publikoan lanean jarduteko, euskaraz jakin beharko zen; irakasle izateko, euskarako titulua atera beharko zen... gizarte giroak ere bultzatzen zuen euskara ikastera, euskara erabiltzera.

2011ko Arrue proiektuaren harira idatzi genuen ikasle gehienek euskaraz egiten jakin arren, ez erabiltzeagatik euren euskara kamusten joan dela, eta horren ondorioz, errazago moldatzen direla gaztelaniaz euskaraz baino. Hori dela eta, gaztelaniaren aldeko apustua egiten dute beren eguneroko jardun eta harremanetan, euskara ikasgelara mugatzen den lan-hizkuntza huts bihurtzeraino. Gurpil zoroa da.

Ebaluazio diagnostikoa tresna bat da, tresna guztiak bezala tentuz erabili behar dena. Nolanahi ere, ebaluatzen du euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, baina mapa osoa edukiko badugu, beste zenbait iturritatik jasotako datuz ere osatu beharko da ebaluazioa. Izan ere, komunikazio-konpetentzia ezin da eskola-esparrura mugatu. Beste zerbait ere beharko dute ikasleek arlo hori gara dezaten.

Euskal Herriko haur eta nerabeek badute presioa, inon ageri ez dena, gaztelaniaz bizi izateko. Baita eremu euskaldunetakoek ere. Bada indarrik, inork aipatu nahi ez duena, euskararekiko atxikimendua barregarri utzi nahi duena, eta etiketatzen duena, jokabideak aldarazteraino.

Gure fakultatean berrehun bat ikasle hartzen ditugu urtero lehenengo mailan. Den-denak dira euskaldun, ezinbestean. Eta aspaldi dugu kezka gai honen inguruan. Hainbat ikerketa dauzkagu abiarazita, eta badira zantzu batzuk erakusten digutenak badirela zenbait aldagai landu beharrekoak euskarazko komunikazio konpetentzia hobetzeko. Hizkuntza-lidergoaz ari naiz, kultura identitateaz ere bai; gogoetaz eta motibazioaz, zer esanik ez.

Egituraz eta baliabidez hornituta gaude, lehengo garaien aldean. Ezagutza ere inoizko handiena da. Tarteka-marteka azaltzen diren datuek, ordea, asaldatuta uzten gaituzte, eta hizpide eman ere bai, baina ez da benetako gogoetarik egiten datuetatik haratago. Hizkuntzaren komunikazio-konpetentzia ebaluatuko bada, ezinbestekoa da aurretik gogoeta sakona egitea.

Erabilerak ekarriko du hobekuntza, eta hezkuntza eragile guztiek hartu behar dute parte erabilera areagotzeko estrategietan. Euskararen erabilera areagotze aldera portaerak motibatzeko, ez da komunitatearen bulkada (irakur bedi PRESIO) bezalakorik.


(ASIER IRIZAR MEZO Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko -HUHEZI- irakaslea da

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-03-20an.

iruzkinik ez: