2016(e)ko martxoaren 23(a), asteazkena

«Kostatzen zaigu euskararen aldeko lan sindikala antolatzea»

Euskarak lan arloan aurrera egin behar duela ohartarazten ari dira gero eta eragile gehiago. Sindikatuak harremanetan ari direla jakinarazi du Larrañagak. «Uste dut luze gabe ikusiko ditugula hainbat fruitu».

Edurne Larrañaga LAB sindikatuko Euskara idazkaria. Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS


Lan mundua euskalduntzeko bidean langileak aintzat hartzen ez direla ari ohartarazi du LAB sindikatuak. Langileek «subjektu» izan behar dutela nabarmendu zuen atzo Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, Donostian egindako agerraldi batean. LABeko Euskara idazkaria da Edurne Larrañaga (Oiartzun, Gipuzkoa, 1982). Lan munduko egoeraz eta akordiorako bideaz aritu da elkarrizketan.

Lan mundua euskalduntzeaz gero eta gehiago hitz egiten da. Zuek ere sumatu duzue. Bigarren mailan egon da orain arte?

Bigarren mailan, edo mailarik gabe. Ziurrenik, arrazoiak egongo dira soziolinguistika aldetik. Baina hutsune nabarmena sentitu izan dugu instituzioetatik; herri ekimenak ere ez du oso presente izan lan arloa. LABen, euskaltzale izanik ere, barne euskalduntzean urrats sendo batzuk egin ez ditugun arte, kanpora begirako ildoa ere ez dugu era horretan egituratu. Lan mundua inoren erantzukizuna ez balitz bezala egon da. Orain ohartu gara horren garrantziaz.

Sindikatuen arteko harremanetan, euskara badago agendan?

LABen eduki dugu, negoziazio kolektiboaren eremuan, klausula zehatzekin. Sindikatuen artean, bere horretan mahai gainean dago, premia edo hutsunea dagoelako. Egia da kostatzen zaigula, bakoitzak ditugun ikuspegi ezberdinak direla medio, euskararen aldeko lan sindikala antolatzea. Ahaleginak etengabeak dira, eta uste dut luze gabe ikusiko ditugula hainbat fruitu. Elkarlan prozesuak egon ziren —Akordio Soziopolitikoa, Lanhitz...—, eta apalduta daude. Paradigma berriez hitz egiten da, eta tentsiora eramaten gaitu horrek: laguntzen du akordioak lortzeko baldintzak sortzen. Sindikatu abertzaleok gauza izan beharko ginateke gai horri elkarrekin aurre egiteko.

Akordioak aipatu dituzue. Harremanik badago horri begira?

Harremana etengabekoa da. Beste baldintza batzuk sortzen ari gara. Harremanak badaude urrats berriak egiteko. Horra arte.

Negoziazio kolektiboan euskarari buruzko atalak sar zitezkeen. Orain zailtasun gehiago du enpresaz enpresa joan beharrak?

Noski. Sektoreko itunen alde jarraitzen dugu, horrek babesa ematen digulako. Euskararen eremua juridikoki erabat babesgabe dugu, eta kolektibotasunak indarra ematen digu. Dena den, ez ditugu baztertzen enpresaz enpresa egin daitezkeen hobekuntzak eta konpromisoak. Euskalduntze planak sektoretik blinda daitezke, baina enpresa bakoitzean ezarri behar dira. Garrantzitsua da langileekin partekatzea. Krisiak euskarara ere ekarri ditu prekaritatea eta murrizketak. Baina aukera berriak ere sortu dira: ageriagoan geratu da erabakiak hemen hartu behar direla. Horrek euskalduntzeari begira erabakiak hartzea erraztuko du.

Borondatea aipatu duzue: enpresentzat borondatezkoa dela euskara aintzat hartzea. Lege esparru bat behar da helburu, obligazio, laguntza edo zigorrekin?

Lan munduaren euskalduntzea prozesu gisa ulertu behar dugu. Prozesu adostu, arautu, ordenatu eta progresibo bat. Arautzea, zigor gisa baino gehiago, betebehar gisa ulertuta. Betebehar horrek eskubide batzuk ditu atzetik. Oso garrantzitsua da ulertzea hizkuntza eskubideak langile guztioi dagozkigula: euskaldunari eta euskaldundu gabeari. Eskubide horri zor zaio betebehar bat. Langileen parte hartzea ezinbestekoa da. Helburuak progresiboki betetzen joan behar dira. Bi premisa ikusten ditugu. Batetik, euskarak lan munduan duen egoeraren azterketa egitea, ez dugulako azterketa orokorrik; bestetik, normalizazioak babes juridikoa izatea. Lan hitzarmenak eskaintzen du, baina zabaldu behar da. Erabakiak hartu behar dira borondatean ez erortzeko. Gakoa da prozesua nola egiten den, inposizioa ez izateko, edo betebehar hutsa, edo langileei soilik bideratutako neurriak.

EAEko kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua da adibidea. Ezarri zuen enpresek betebeharra zutela zerbitzua euskaraz eskaintzeko. PSOEren gobernuak zigorren atala kendu zuen —guk jarraipenarena esaten diogu—, eta legea ez da betetzen. Zigorraren gaiari buelta batzuk eman behar dizkiogu. Gehiago joko genuke sustapen, motibazio, laguntza gisara. Betebehar gisa. Langileekin ere lan egin beharko da. Ez soilik euskaraz dakitenekin.

Administrazioa da lantoki langile askorentzat. Hizkuntza eskakizunekin kritiko agertu zarete...

Erabilerak izan behar du euskalduntze prozesuen ardatz. Une batean gaitasuna neurtu behar da, eta ulertuko genuke hizkuntza eskakizunak tresna gisa baliatzea. Kontua da eskakizunekin ikuspegi perbertso bat dagoela: prozesua hizkuntza eskakizunetara mugatzea. Alegia, langileok hizkuntza eskakizunak baldin baditugu, erakunde hori euskaldundua dagoela, eta ez baditugu, gure errua dela erakunde hori ez euskalduntzea. Ikuspegi hori gainditu nahi dugu. Gaitasuna da kontuan hartu beharrekoa. Neurtu behar da, baina horretarako era asko daude, titulu bat erakusteaz gain. Horrekin gara kritiko. Gainera, derrigortasun datak-eta ez dira betetzen, ez dago inolako kontrolik.

Bigarren perbertsio bat ere badago: langileen bizkar uzten da erakundeen euskalduntzea, eta horretara mugatzen da. Erakundearen funtzionamendua euskaldundu behar da. Euskara izan behar da lan eta komunikazio hizkuntza. Erakundeari eman behar zaio helburua, eta gero erakundearen bitartekoak egokitu behar dira; hor daude langileak. Osagai asko daude hizkuntza eskakizunez gain: hizkuntza paisaia, programa informatikoak, lan harremanak... Horregatik gara kritikoak. Sindikatuan hausnarketa hori egiten ari gara, eta proposamen zehatz bat ere egin nahi dugu.

Sabaiak agertu direla aipatu duzue. Zertan nabari da, adibidez?

Hizkuntza politikek ez dute helburua bete, eta hori bada nahiko argudio beste era bateko politiketan pentsatzen hasteko. Norabideak berbera izaten jarraitzen du. Galgatutako prozesu bat da. Elebitasun orekatua jarri izan da helburu gisa, eta gaur egungo jendartean ez dugu ulertzen: herritar eleaniztuna da gehiengo zabal bat —ez frantsesari eta gaztelaniari dagokionez bakarrik; migrazio prozesuak ere izan dira—. Egokitu beharko litzateke oraingo errealitatera. Elebitasun orekatua ezinezkoa dela uste dugu; hizkuntza batean funtzionatzen du edozein enpresak edo pertsonak, nahiz eta biak erabiltzeko gaitasuna izan. Lan munduari dagokionez, sabaia jo dute politikek, azpitik: lan mundua ez da euskalduna, erdaraz eraiki da, eta kapitalaren asmoa da erdaraz jarraitzea. Horregatik, herri honen alde gaudenon lana da horri buelta ematea.


  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-03-23an. 

iruzkinik ez: