2016(e)ko martxoa 18, ostirala

Aldaketa soziala euskararen behar naturaletik

Euskara gizartearen erdigunean jarri nahi badugu, euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskaldunok euskaraz «natual-natual» eginez, euskararen beharra, behar naturala, sorrarazi behar dugu.

Herritarren gizarte bizitzan euskara komunikaziorako beharrezko bihurtuta lortuko dugu euskara komunikaziorako tresna eraginkor bilakatzea. Euskara erabiltzearen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta borondatea duelako ere, baizik eta, jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik.

Gizakiok ditugun oinarri-oinarrizko beharren artean gure ingurukoen onarpena dago. Sistema sozial batean gehiengoak finkatutako arau soziala ez betetzeak gatazka sor dezake eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizakitasunetik etengabeko onarpenaren eta integrazioaren bila gabiltzanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemak finkatutako jokabideetara, baita euskaraz egiteko dagoen arau sozialera ere. Adibide baterako Urola-Kostako Hitza egunkarian 2016-03-18an argitaratutako testigantza hauek dituzue:

Veronica Medina eta Valeria Silva. Argazkia eta testua: Eneritz Albizu.

Sorterritik, euskararen herrira


Hilabete batzuk daramatzate Azpeitian bizitzen Valeria Silva brasildarrak eta Veronica Medina espainiarrak. Euskara ikasten ari dira biak, eta astero joaten dira Auzoko-ko saioetara.

Valeria Silva eta Veronica Medina. Biak emakumeak, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira etorriak. Azpeitiak “harrera ona” egin dietela azaldu dute, baina beraiek ere esfortzua egiten ari dira herrira moldatzeko. Iritsi, eta lehen “traba” hizkuntza izan zuten: euskara. Halere, oztopoari aurrez aurre begiratu zioten, eta aukera bat ikusi zuten. Ikasten ari dira, eta Auzoko egitasmoko parte dira biak. Iluntzeetan ere, Whatsapp bidez elkarri hitz berriak bidaltzen aritzen direla esan dute.

Brasildik etorri zen Euskal Herrira Valeria Silva, duela zazpi hilabete; eta Espainiatik, berriz, Veronica Medina, urte amaieran. Silva amarekin bizitzeko asmoz mugitu zen herrialdez alabarekin; izan ere, Azpeitian bizi da haren ama 2005az geroztik. Medina ere famili kontuengatik dago Azpeitian: senarrarengana etorri da sorterritik. Pakistangoa du bikotekidea, eta herrian bizi da joan den urtetik.

Ez batak, ez besteak, ez zuten uste Azpeitian beharrezko izango zutenik euskara bizitzeko. Brasildarrak ez zuen euskararen berririk; espainiarrak, aldiz, entzuna zuen zerbait hizkuntzaren inguruan, baina ez zuen pentsatzen horrenbeste erabiliko zenik kalean. “Iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, zera pentsatu nuen: zer gaztelania arraro hitz egiten dute hemen?”, azaldu du Silvak. Segituan erabaki zuten euskara ikasten hastea.

Silva euskaltegian, helduen eskolan, Mintzalagun egitasmoan eta Auzokon ibiltzen da euskara ikasten eta praktikatzen. “Hizkuntza ikasteko beharrezkoa da jarraikortasuna; bestela, ahaztu egiten da ikasitakoa”, nabarmendu du hark. Bi urteko alaba du, eta harekin ere trukatzen ditu hitz batzuk euskaraz.

Espainiarra izanda, Medinak bazekien Euskal Herriak bere hizkuntza zuela, baina ez zekien halako “zabaldua” zegoenik. “Uste nuen gaztelaniaz moldatuko nintzela hemen, baina kalean ibiltzeko eta jendearekin harremantzeko euskara behar dudala ikusi dut”, azaldu du. Auzoko egitasmoan parte hartzen du Medinak. Euskarazko eskola gehiago hartu nahi baditu ere, ezinezkoa zaio, osasun tratamendu batengatik buelta asko egiten dituelako ospitalera. “Pena” sentitzen du espainiarrak: “Ordubete edo ordu eta erdi pasatzen dugu astean, eta oso aberasgarria da; baina, gero, ez dut aukerarik hori lantzen jarraitzeko”. Hark esan du guztiek ez dutela aukera egunero eskolak hartzeko; horregatik iruditzen zaio garrantzitsua Auzokoko topaketak mantentzea.

Astearteetan, 15:15ean, biltzen dira guztiak Sanagustin kulturgunean. Jolas eta elkarrizketen bidez euskara ikastea dute xede.

Hizkuntzaren balioa

 

“Egia da euskara ezin duzula erabili Euskal Herritik kanpo; baina berdin du, garrantzitsua da orain hemen gaudelako. Ogia erosteko behar dut euskara”, adierazi du Medinak. Lagunak ere euskaldunak egin dituela esan du; hori dela-eta ematen dio garrantzia hizkuntzari.

“Lagunak egiteko baino gehiago, lanerako ikusten dut garrantzitsua hizkuntza. Hemen gelditzeko etorri naiz, eta hemengo jendeari zerbitzuren bat eman nahi badiot, euskara jakin beharra dago”, erantzun dio Silvak.
Ikasterako garrantzitsutzat jotzen dute Auzoko bezalako egitasmoak egotea. Izan ere, “bakoitzak bere erritmoan” ikasi eta hitz egiten du bertan: “Gelditu egiten gara, berriro hasi, eroso gaude, eta laguntzeko bakarrik dugu begiralea”.

  • Estreinakoz Urola-Kostako Hitza egunkarian argitaratua, 2016-03-18an.

iruzkinik ez: