Patxi Saez Beloki |
Hizkuntzak
gizakiak komunikaziorako asmatu dituen tresnak dira. Gizateriaren
historiaren sokan bizirik iraun duten hizkuntzak hiztunen komunikazio
beharretara egokitu izan dira, komunikazioa izan dute molde eta
moldatzaile. Eta komunikazio premia horietara moldatu eta egokitzetik
etorri zaie hizkuntzei etengabeko aldaketa. Eta etengabeko egokitze
eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen garapena eta
modernizazioa, baita euskararena ere.
«Hizkuntza gutxituak», berriz, bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako. Hizkuntza gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio-beharretarako inongo baliorik ez duenean. Gurean, euskara dugu hizkuntza gutxitua.
Hizkuntza,
gure kasuan euskara, komunikazio tresna bat da. Beraz, tresna hori
komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den beharrezko,
erabilera horren araberakoa izango da (baita ezagutza ere). Euskara,
komunikaziorako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera
eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dena, besterako
ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa izan, orduan eta
zokoratuago eta baztertuago.
Argi
eta garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da.
Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren
teoriarekin. Gaur egun, non da beharrezko euskara? Gizarteko zein
eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskara bigarren
mailako hizkuntza dugu. Euskaldunak askotan behartuta gaude,
ezinbestean, gurea ez den hizkuntza erabili behar izatera lagun
urkoarekin komunikatu ahal izateko.
Euskararen
aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen
periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza
izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken
batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez,
Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi handiagoa
irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara
Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako
beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara,
bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren
begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta
frantsesaren ondoan. LluĂs Vicent Aracil Valentziako
soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren
garrantzia eta beharra are eta nabarmengoa egiten du: “El euskara
subraya la importancia del castellano”.
Beharra bizilege
Gizakia
gizaki denetik bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko,
elikatzeko, beharrean ibili da, badabil eta hala ibili beharko du
gizaki den artean ere. Lana izan da gizakiaren zeregin nagusia
historiaren sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia.
Gaur egungo gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren
erdia, askotan gehiago, lanean igarotzen dugu.
Gaur
egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu.
Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa
oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina
da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere.
Lana
da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizakiak
berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago.
Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan
ere aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa.
Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du.
Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan
da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu du. Lanak
arrazoian du oinarria eta gizakiak hori du bereizgarri gainerako
piztiengandik. Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako,
ezinbestekoa du lana edo beharra.
Nola
bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza
nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen
bitartean?
Euskaltzaindiaren
“Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak” jardunaldian
2016-02-12an irakurritako hitzaldiaren laburpena. Hitzaldia
oso-osorik hemen: www.patxisaez.eus
Patxi Saez Beloki
Artikulu hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:
- Berria: Euskara, beharra da gakoa.
- Deia: Euskara, beharra da gakoa.
- Noticias de Gipuzkoa: Euskara, beharra da gakoa.
- Hirutxuloko Hitza: Euskara, beharra da gakoa.
- Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza: Euskara, beharra da gakoa.
- Uztarria: Euskara, beharra da gakoa.
- Sustatu: Euskara, beharra da gakoa.
- Zuzeu: Euskara, beharra da gakoa.
Nafarroako EIBZ-k, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak, Batxilergoko D ereduko ikasleekin materiale didaktiko gisa erabiltzeko aukeratu du Euskara, beharra da gakoa artikulua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina