Patxi Saez Beloki soziolinguistak
ondorengo 20-30 urteetan euskara indarberritzeko “Gurdiaren
Paradigma (2016)” aurkeztu du joan den ostiralean, 2016-02-12an,
Euskaltzaindiak “Euskara biziberritzen jarraitzeko” antolatutako
jardunaldian.
Argazkia: JM Martinez, Deia
|
Saezek hitzaldiaren hasieran euskararen gaur egungo egoera deskribatu zuen: “Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian, hizkuntzak hiztunengan bizi baitira. Irudika dezagun euskara landare bat dela eta lorontzi batean dagoela. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin baitzaizkio. Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu baina hiztun horiek ez diote bizi-indarrik ematen”.
Patxi Saez soziolinguistak Euskaltzaindiaren egoitza nagusian euskararen erabilera sozio-funtzionalerako proposatu zuen paradigmaren bidez, gaur egun euskara bigarren hizkuntza duten gazte euskaldunberri askok euskara zergatik erabiltzen ez duten azaldu zuen Maslow psikologo eta ikertzaile estatubatuarraren teoriak erabiliz.Patxi Saez Beloki soziolinguistak euskararen gizarte normalizazioa lortzeko paradigma berri bat aurkeztu du Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldian
Saezen arabera, “Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balore-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta”.
Patxi Saezek Euskaltzaindiaren “Euskara biziberritzen jarraitzeko” jardunaldian emandako hitzaldia bere webgunean jarri du.
- Albiste hau estreinakoz Zuzeu agerkarian argitaratu zen 2016-02-13an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina