Arkaitz Zarraga Azurmendi |
Euskaltzaindiaren
hautuaz, bozka ere eman dut. Egungo Euskaltzaindiaren ezaugarriak ezagututa zalantzak sartzen zaizkit, baina oro har proposamena egokia, aproposa
eta bizi dugun unean “oportunoa” iruditzen zait. Denok dakigu gure herrian
administrazioa-herrigintza dagoen dikotomia horrek sokatira baten antza hartzen
duela. Ni neu argi kokatzen naiz sokamutur batean bereziki, baina argi daukat
gainditu beharreko ezinikusi, gaizkibegiratu eta elkartrabatze asko daudela. Zentzu
horretan, eta Sagrariok adierazten duen bezala, historia oparoa du Euskaltzaindiak.
Jagon sailak berriro ere protagonismoa hartu behar du. Sagrariok aipatutako
guztiez gain, nik EUskararen liburu zuria ere aipatuko nuke. Baina gainera, etxe
santu horretan ere aldaketa baten beharra dago. Corpusari hainbeste begiratu
barik, estatusari begiratzeko unea du, filologiatik urrundu eta soziolinguistika,
hizkuntzaren soziologia, antropologia, hizkuntza politika, pragmatika...
gehiago behar da. Berdin ere unibertsitatean, baina hori ere beste baterako
utziko dugu.
Bestela, zure
hitzaldiaz esan behar dizut erabat ados nagoela aipatzen duzunarekin. Erabilera
indartzea, belaunaldiz belaunaldiko jarraipena edo ondorengoetaratzea eta
estatusean aurreratzea, zalantzarik gabe erronka nagusiak dira. Estatusarena zentzu
zabalean, hau da, lege estatusetik gizarte mailako prestigiora. Hor kokatzen da
lan munduaren garrantzia, jakina. Ondo osatuta dago publikotik egindako lehen
ekarpenean (Elefantearen testuari egindako ekarpenetan bezala) komunikabideak
(ETB) eta Internet aipatzean.
Agian piska bat
zehaztea falta da paradigma bera iraultza zientifikoan datzala esatean zertaz
ari zaren, Zein zientziatik edan behar dugun. Nik oso argi dut, adibidez,
egundoko inbertsioa egin behar dugula hizkuntzaren irakaskuntzan. Batez ere
Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokionez. Izan ere, hortxe prestatuko
ditugu pertsonak lanean aritzeko, baina gainera, euskaltegietatik irtenda,
lan-munduko plangintzak garatzen jarriko bagenitu euskaltegiak, egun
euskaltegietara hurbiltzen ez diren euskaldungaiengan eragiteaz gain, “euskaldundu”
direnengan ere eragingo genuke, testuinguruan eragingo genuke, erabileran
zuzenki eragingo genuke... Horretarako egokia da HABEren curriculuma,
zientziatik egoki edan baitu, baina oso testu puntakoa izateak ez du ezertarako
balio gerora aplikatzen ez badakigu, langileak inork trebatzen ez baditu...
Aipatzen duzun
DALEren piramidea sarritan erabili dut nire ikastaroetan. Oso baliagarria
iruditzen zait erakusteko ze gaizki ari garen Hizkuntza Eskakizunen diktadura
pean Euskalduntze Alfabetatzean eta zelan testuinguruen baitan irakatsita askoz
eraginkorragoak izango ginatekeen. Maslowren bigarren mailatik hirugarrenerako
bidean dauden horiei laguntzeko bide horietan sakondu beharko genuke
zalantzarik gabe.
Tira, hortik doa
nire harrikada (harrikadetako bat), baina zure paradigman oso egoki kokatuta
ikusten dut. Horregatik sentitzen dut erabateko sintonia azken aldian entzuten
diren zenbait joerekin. Kontua da ez dakidala zer egin behar dugun behingoz
eztabaidatik neurri jakinetara pasa ahal izateko!
Patxi, nirekin
konta dezakezu bide honetan sakontzeko. Galderak badituzu bota lasai, ekarpen
jakinen bat nahi izanez gero, eskatu. Eta, batez ere, jakin ezazu bide onetik
zoazela uste dudala eta kriston ekarpena egin duzula iruditzen zaidala. Espero
dut minbizi madarikatu hori gainditzea eta gerora eskerrak ematea “bitxoari”
eman dizun adore eta bultzadagatik.
Bejondeizula eta
nahi duzun arte.
(ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI Basauriko euskaltegiko irakaslea da, trebatzaile lanetan)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina