2016(e)ko azaroa 5, larunbata

Euskararen zubigileak

Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARP.

Berriki EGA azterketa (C1) egitera joandako ikasleen artean fortunatu naiz. Azterlekuaren atarian EGA azterketa egin zain zeudela, gehientsuenak, nire ingurumarian nituenak bai behintzat, elkarren artean gaztelaniaz ari ziren jo eta su. Azterketa egitera zetorren gazte batek ere horrela galdetu zion nire alboan zegoen mutil bati: «¿Es aquĆ­ donde se hace el examen de euskera?» eta egindako galderari erantzuteko, zalantza izan zuen mutilak erdaraz edo euskaraz ihardetsi, baina, azkenean, euskaraz erantzun zion, baietz, han zela.

Begibistakoa zen gaztelaniaz ari ziren gazte haiei guztiei euskara elkarrekin hitz egiteko arrotz zitzaiela. Azterketa egiteko zeukaten euskara, horretarako bakarrik. Eta, une horretan, gure semeak ingeleseko C1 edo Advanced azterketa egin zuenekoarekin gogoratu nintzen. Han ere, azterlekuaren atarian, inork ez zuen ingelesez egiten. Han ere, arrotz zitzaien ingelesa buruz buruko solasaldirako. Horratx euskara eta ingelesa uztarri berean, elkarren ispilu bihurtuta.


Gaur egungo erdal elebidun gehienek euskara D ereduan ikasi arren, arnasguneetan bizi ez badira, eskolatik kanpo ez dute ia inoiz erabiltzen, eta eskolan ere ikasgela barruan eta irakasleen aurrean bakar-bakarrik. Asko eta asko lehenengo euskaldunak dira beren familietan eta etxekoen artean euskaraz egingo dien inor ez dute. Euskaraz maitatuko dituen inor ez daukate. Euskararena gurasoek aukeratutako kontua dute. Eskolako kontua.

Erdara nagusi izan den eta oraindik nagusitasun hori galdu ez duen egoera soziolinguistiko baten seme-alabak dira, gaztelania nagusi den basamortuko euskararen lehen loreak. Suediako unibertsitate batean egindako ikerketa batek egiaztatu duenez, guraso bihurtzen direnean, % 73k euskaraz hitz egiten diete seme-alabei, eta % 23k bi hizkuntzetan; gaztelaniaz % 4k besterik ez.

Beraz, guraso bihurtutakoan euskararen zubigile bihurtzen dira, belaunaldien arteko zubigile. Ea zubigintza horretatik euskara poliki-poliki nagusituko den egoera soziolinguistikora iristen garen eta beraien seme-alaben seme-alabek euskaraz suelto egiten duten, baita EGA azterketa egin zain daudela ere.




Hausnarketa hau ondorengo hedabideek ere argitaratu dute:




iruzkinik ez: