2016(e)ko maiatzaren 16(a), astelehena

Tentsio baikor baten alde

Manex Agirre



















Eta hemendik aurrera zer? dokumentuari ertzetatik tira egiteko lizentziarik inori eskatu gabe ariko naiz. Jakinda, gainera, egon zela, bere garaian, Euskara 21 Batzordeko kide ez izanik ere, dokumentuaz eztabaidatu eta ekarpenak egiteko aukera, eta ez nuela halakorik egin. Eztabaida lurperatzeak probetxu gutxi duelakoan, beraz, segi dezala.

Behar ditugu arnas luzeko diagnostikoak eta helburuak. Prospekzioek, gainera, ez dute zertan ekimenaren eta konpromisoaren ahultzerik ekarri behar. Begirada bakoitzak izan behar du bere lekua prozesuan. Iparrorratzak gero eta kontsentsu handiagoa izan, gero eta gehiago balioko du, gainera. Dena dela, kontsentsu politikoa eta soziala, gure herri honetan, zer den ondoegi argitu gabe dagoela iruditzen zait. Edo benetako kontsentsu-maila onargarriaren maila non dagoen zehaztea falta zaigula oraindik.

Azpimarratzeko modukoen artean, ezagutzaren unibertsalizazioaren aldeko apustua (dirudiena) dago: erabilera-faltaren erostarekin berriz ere tematu beharrean, bizikidetzaren oinarri gizartearen gehiengoak euskarazko gaitasuna izan behar duela ezinbestean, horixe aipatzen du dokumentuak. Ezin du hizkuntza-hauturik bermatu, hizkuntza hori ez dakienak. Horrez gain, ezagutza soila baino, gaitasun komunikatiboa aipatzen da sarri: kontzeptu konplexuagoa, baina errealistagoa, dudarik gabe. Bestetik, hizkuntza-politikaren alde eta politikakeriaren kontra ere badu aipamena, azkenaldiko eztabaidaren bati erantzun egokia ematen diona, baina, kontsentsu-mailaren auziarekin bezala, «politika egitearen» auzia ere nahasi samar dagoela iruditzen zait, ez soilik hizkuntz-normalizazioaren esparruan.

Aurrera begirakoa da dokumentua. Eskertzekoa da, adibidez, insatisfakzioaren mamuaren (immobilismorako aitzakia zoragarria den horren) aurrean ekinbidea proposatzea, aurrera egiteko nahia. Aurrera nola egin, ordea. Hor hasten dira zalantzak.

«Bizikidetza harmoniatsua» helburu, hemendik aurrera egin beharreko bidean aldaketak eman behar direla dio, politika positiboen bidez, joera uniformizatzaileak alboratuta. Hor dator zalantza: joera horiek nola alboratzen dira? Ez Baionan, ez Oionen, kalearen beste ertzeko espaloira pasata ez diozu hizkuntza hegemonikoari itzuri egingo. Egoera aldatu nahi bada, aurre egin behar zaio. Eta horrek tentsioa dakar. Tentsioa: dokumentuan proposatzen den framing berrian lekurik nekez izango duen kontzeptua. Argi dago arrazoia: «tentsioak» ez du saltzen, ez du erakartzen; «aldaketak» saldu dezake agian, baina aldaketa eskatzen duenarentzat bakarrik. Gai labainkorra dela aitortu behar da, batez ere euskaratik urrun dauden sektoreei begira.

Euskararen erabilera legitimatu behar dela ere badio dokumentuak. Egian ikusi dugu, eta laster AƱorgan eta azaroan Agurainen ikusiko dugu legitimazio hori modu kolektiboan praktikara eramateko azkenaldian izan den ahaleginik ausartena, eraginkorrena. Aldebakartasunez. Egin(go) dutenei galdetu beharko zaie, baina seguru tentsioa presente egon(go) dela ekimenean, hasieratik bukaeraraino. Eta txarra al da hori? Azkenaldian hainbeste aipatu den «beharra sortzearena», egin daiteke tentsiorik sortu gabe?

Hizkuntza-politikagintzaren diskurtsoa penduluaren itxuran dabil, azken urteotan. Garai gogorrak bizi izan ditugu, konfrontazio beteko garaiak (nondik begiratzen zaion, oraindik ere badiraute). Arlo instituzionaletik agerikoa eta aspaldikoa da diskurtso berri bati, inolako gatazka-kutsurik izango ez duenari, heltzeko joera. Tentsio baikor bat aldarrikatzea ez al da zilegi? («Aldarrikatu» gustuko ez duenak, irakur beza «sustatu»).


(MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA Euskara teknikaria da Arabako Zuiako Kuadrillan)
  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2016-05-15ean.

iruzkinik ez: