Sistema sozial orok
antolaketa jakin bat du berekin. Gizarte antolaketa hori herritarren
gainetik jartzen da. Herritarrari ikustarazten zaio ahalmen edo
botere txikia duela antolaketa hori aldatzeko, oso zail eta neketsu
gertatuko zaiola sistema aldatzea. Neke eta zailtasun horien aurrean
gizarte antolaketa gehienek herritarraren jarrera pasiboa eragiten
dute. Jarrera pasibo horrek amore ematea dakar berekin eta antolaketa
horretara egokitzea eta moldatzea.
Azken batean,
sistema "horrela" antolatuta dagoelako antolaketa horren menpeko
bihurtzen gara eta gizarte egituren morrontzan erortzen gara.
Herritarren jarrera
pasiboak, gizartearen han-hemengo antolaketek sortarazitako jarrera
pasiboak, eragin betea du euskararen erabileran. Ikus dezagun adibide
bat:
Imanolek aspaldi eskatu zion Osakidetzari euskarazko arreta nahi duela. Osakidetzak
familia medikua euskalduna jarri zion baina, behin baino gehiagotan
gertatu izan zaio, medikuarenera joan beharra gertatu zaionean,
ordezko medikua erdalduna izatea. Horrelakoetan, berak nahiz eta mila
bider nahiago duen euskarazko arreta, amore ematen du eta medikuari
esan beharrekoak erdaraz esaten dizkio.
Eta zergatik egiten
du hori? Une horretan antolaketa horrek erakusten dio oso zail eta
neketsua gertatuko zaiola ezer aldatzea eta une horretan euskarazko
arreta lortzea. Eskatzen hasita, onenean, zain egon beharra gertatuko zaio (luzaroan) beste mediku euskaldun batek artatu arte edo beste egun
batean etorri beharko du berriro. Baina hemen eta orain ezinezkoa du
ezer lortzea. Beraz, sistemaren antolaketak Imanolen jarrera pasiboa
eragiten du: amore ematen du, egokitu egiten da eta erdaraz moldatzen
da medikuarekin.
Beraz, herritarren hizkuntza eskubideei erreparatzen ez dien gizarte antolaketak euskararen ukazioa eragiten du.
Beraz, herritarren hizkuntza eskubideei erreparatzen ez dien gizarte antolaketak euskararen ukazioa eragiten du.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina