2016(e)ko apirilaren 4(a), astelehena

Zer diogu boterea diogunean


Pako Aristi.


Sekuentzia azkarra izan zen, eta biziki argigarria. Iragan urriaren 24an manifestazio bat antolatu zen Baionan, Ipar Euskal Herriarentzat eta euskararentzat estatus bat aldarrikatzeko. Lau egun lehenago, Paul Bilbao Kontseiluko presidenteak euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar zaigula eskatzen zuen Berrian. Halere, horretarako botere propio bat exijitu edo desiratu ordez, eskaria egiten zien botere publikoei, gu euskaraz duintasunez bizitzeko tresnak jar zitzaten. Frantziari haratago jotzera dei egiten zion, ofizialtasuna ematera euskarari, arkitektura juridiko egokia eraikitzera, hizkuntza plangintzak abian jartzera eta abar.

Alabaina, berak errefusatzen zituen hitzok ondoko paragrafoan, oroituz Frantziak berak ukatu ziola Uztaritzeko udalari euskara ofizial izendatzea, institutuetan euskara arriskuan jarriko duen erreforma abiatuko zuela, ea. Frantziako instituzioek gure zinezko nahiei entzungor egiten dietela salatu ondoren, zioen guk ere argizaria behar dugula belarrietan haien matrakak desanimatu ez gaitzaten.

Hara non gauden, hartara, bi giza talde elkarrekiko entzungor. Arazorik ez, gu haien mende ez bageunde; izan ere, Humpty Dumpty-k aspaldi ezarri zuen arrazoia Aliziaren liburuan: «Kontua da nork agintzen duen». Lau egun ere ez ziren igaro manifestaziotik, titularra irakurri genuenean: «Frantziako senatuak atea itxi dio Euroituna berresteari».

Urtarrilean, Euroitunaren Europako taldeak arrazoi eman zien Behatokiari eta Kontseiluari, Espainiako estatuan euskaraz jarduteko oztopoek bere hartan segitzen dutela berretsiz. Espainiak 2001ean sinatu zuen Ituna, baina konpromisoak betetzeari uko egin ere bai. Paul Bilbaok «harrigarria» zeritzon egoerari. Baina nire gogoan berriro Humpty Dumpty zebilen kantuan. Boteredunak soilik dauka interesatzen ez zaizkion arauak ez betetzeko prerrogatiba.

Izan ere, garenak gara gure aurka erabili den boterearen ondorioz. Biolentzia kopuru edo ahalmen gehiena pilatzen duenarena da boterea politikan, eta euskararen aurka sei biolentzia mota erabili izan dira: linguistikoa, fisikoa, penala, ekonomikoa, psikologikoa eta morala. Aski ezagunak zaizkigu guztiak. Eta «Euskaraz bizi nahi dut» esaten dugun tokian, badugu ordua «Euskaraz bizitzeko boterea nahi dut» esateko, «bizi nahi» horrek berorrek erakusten baitu badagoela norbait uzten ez dizuna bizitzen. Guillem Calaforrak dioen bezala, «botererik gabe ez dago minorizazioa gainditzerik, eta hau gainditu gabe ez dago berdintasunik talde linguistikoen artean: eta talde linguistiko batek bere iraupena bermatu nahi badu, ezinbesteko du botere kopuru bat erabiltzea, zenbat eta handiagoa hobe». Munduan diren 5.346 hizkuntza bakoitzak atzean duen boterearen neurriko garrantzia dauka. Ez gehiago, ez gutxiago.

Diskurtso berri bat sortu behar dugu gure hizkuntzarentzat, munduan bere lekua aitortuko diona, anbiguetaterik gabeko politika bat, hizkuntza ez-alienatua garatzeko, mendeetan bere suntsiketa bilatu duen boterean ez-integratua, dominazioa lausotzen kolaboratuko ez duena, «mestizaia» eta gisako sinonimoetatik at, mestizaia ez baita menperatuari eskaintzen zaion morrontza baizik, onura mozorropean. Herrialde hegemonikoek ez dute onartzen mestizaiarik, erruz gorroto dute, eurak dira eta mestizaiaz kutsatzen dituztenak besteak.

Euskararen aurka erabili den biolentziak ere eskatzen du bere justizia, erreparazioa, eta egia aitortzea. Baina hori botere propioa daukazunean soilik gertatzen da, botereak boterea soilik ezagutzen baitu interlokutore bakartzat; menperaturik zaudenean ez dago indartsuaren aldetik inongo aitortzarik, zure eskasian ez duzu irabazi halakorik, paperean geratzen den desio hutsen zerrenda triste bat baino ez zara. Errezetak egiteko aplikazio berria espainolez jarri omen du Osakidetzak; gaur bertan Jon Darpon Osasun Sailburuak barkamenak eskatu beharko lizkieke euskaldun guztiei, eta uko egin berehala aplikazioa aplikatzeari.

Zer da boterea? Michale Mann-en hitzetan, gure helburu propioak gauzatzeko ahalmena, eta aurkariei inpotentzia eragiteko indarra. Gu inpotentziaren administratzaile bihurtu gara, gure gainean ezarritako botereak ukatzen digulako gure hizkuntza propioaren derrigortasuna ezartzea. Boterea menderakuntza sozialaren antolaketa da, klase hegemonikoak darabilen indar antolatua bere interesentzat egokia izango den ordena soziala sortzeko.

Baina hau ezin da egin hierarkia politikoaren gailurrean zure erakunde propioak eduki gabe, guri gertatzen zaigun legez. Soilik Gasteizko Jaurlaritzaren gainetik daude, gutxienez, beste lau erakunde inpotentzia eragile. Gailurra zurea denean, orduan ez duzu beste mugarik, ez bada beste estatuen muga geografikoak, edo ekonomikoak. Baina inor ez da sartzen, ezin du sartu, zure hizkuntza politikan. Botereak bere esku dauka, baita ere, integrazio eta marjinazio sistema, eta piramide sozialean gora egiteko lehenetsiko du hizkuntza bat, eta baztertuko bestea, hartara, bai bertako biztanleek, bai kanpotik datozenek oso modu naturalean ikus dezaten zein hizkuntza ikasi, edo haurrei irakatsi. Zergatik diote, bestela, «Alemanian bizitzeko, lan egiteko alemaniera ikasi behar da», eta ez «Euskal Herrian lana bilatzeko euskara jakin behar da»?

Inpotentziaren diskurtsoek amaitu egin behar dute, estatuei hau eta hura eskatuz ibili gabe. Sor dezagun estatu propioa, erein dezagun estatu horren desira. Koldo Izagirrek argi zioen: «Euskarak estatu bat ez duen bitartean euskal literatura ez da iritsiko mundura». Eta Pau Vidal filologo kataluniarrak: «Espainiak ez du inoiz utziko Katalunian katalanak, Euskal Herrian euskarak edo Galizian galegoak lehentasuna izatea gazteleraren gainetik.Legea soilik aldatu liteke estatu berri batetik. Hizkuntzak, bizirik irauteko, beharrezko du estatu bat».

Zer egin boterea lortzen dugun bitartean? Boterea lortzearen onura eta beharra azpimarratuko duten mezuak zabaldu gizartean, boterearen desira eta gosea pizteko jendearengan, herri batek etorkizuna beregain antolatzeko daukan boterea beharraren determinazio argia izan dezan; besterik ez da herri baten autodeterminazioa, inoren baimenik gabe eta aginduko dion inor gabe eraikiko duen botere egitura propioa edukitzea.


(PAKO ARISTI URTUZAGA idazlea da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-04-03an.

iruzkinik ez: