2016(e)ko martxoaren 12(a), larunbata

«Falta zaigu euskalgintzak elkar hartuta bere egiteko estrategikoan sinestea»

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasoko du gaur Torrealdaik. Euskararen eta euskal kulturaren alde «erreferente» eta «eredugarri» izan delako saritu dute.

Juan Mari Torrealdai. Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS


«Esker onez, eta lotsa pixka batekin ere bai». Hala jasoko du Manuel Lekuona saria Joan Mari Torrealdaik (Forua, Bizkaia, 1942). «Sari partekatua» izango dela iragarri du. Eusko Ikaskuntzaren saria Martin Ugalde kultur parkean jasotzea erabaki du. Torrealdairentzat ikurra da kultur parkea. «Herri ekimenak egindako gunea da. Geuk geure indar soilez egindakoa. Beti instituzioen dependentzian egon partez, horrelako egiturak sortuko bagenitu, beste oilar batek joko liguke».

Euskalgintzan luze aritu zara. Nola ikusten duzu haren egoera?

Oso askotarikoa da, aberatsa. Errealitate egonkortu bat. Falta zaigu elkar hartuta euskalgintzak bere egiteko estrategikoan sinestea. Nahiko multzoka goaz. Hizkuntza politikan, ikusleak gara, ez aktoreak. Instituzioei emango diegu errua, gurekin ez dutelako kontatzen. Baina guk zergatik ez dugu bat egiten? Trinkotzea zergatik ez dugu gure artean egiten? Gizarte zibila garen aldetik —Katalunian pentsatzen ari naiz—, esan besteei nola jokatu behar luketen, aurrelan hori egin? Hor ikusten dut iritsi gabeko une bat. Kontzientzia hartu behar dugu indarrak bildu behar ditugula, gure mundu sinbolikoa eta erreferentziak guk sortu behar ditugula.

Beste egoera politiko batean —esaterako, armak isilduta—, aldatzeko aukera ikusten duzu?

Premia ikusten dut. Borroka armatuarena aitzakia izan da. Hemen kulturako jende gutxi egon da bateko eta besteko indar armatuen zerbitzuan. Politikak indar gehiegi dauka; irentsi egiten du gizartea. Politika partidistaz ari naiz. Gure indarren diagnosi bat egin behar dugu, eta bat egin. Guk sortu alternatibak, proposamenak, estrategiak. Hurrengo salto kualitatibo handia hori izango da.

Salatzetik proposatzera jotzea?

Etorkizunaren guraso baino gehiago, iraganaren haur gara. Instituzio prozesua euskalgintzarekiko liskar batean sortu zen. Hasieran egon zen sustituzio fase bat ere. Gauzak ez ziren ondo joan. Asko sentitu ginen mespretxatuak, aintzat hartu gabeak, urteetan lan egin ostean. Instituzioen aurretik sortua da euskara batua, alfabetatzea, ikastolak... Ez da ondo egin lotura. Hori jasaten ari gara oraindik. Beste planteamendu bat behar dugu; lehengo estrategiek ez dute balio. Aitzakiak aitzakia, beste fase batera pasatu behar dugu.

Zer rol duzu Euskaltzaindian?

Euskaltzaindia bi gauza izan da hasieratik, Iker eta Jagon: corpusean lan egiten duena, baina estatusaren alde ere jokatzen duena. Instituzioak etorri zirenean, Euskaltzaindiak corpusaren alderdia indartu zuen. Zuzendaritza berria ohartu zen corpusa ez dela %100, estatusak ere lekua behar duela, eta euskalgintzarekiko loturak. Neure burua Jagonen gehiago ikusten dut.

Oraintsu jardunaldi batzuk egin ditu Euskaltzaindiak, euskara biziberritzeaz. Bada jendea dioena hori ez dela haren egitekoa.

Niretzat, bada. Akademia da, baina hizkuntza minorizatu batena. Haren leku naturala euskalgintza da. Ez da akademia klasiko bakartu bat. Badakit horrela pentsatzen dutela batzuek. Nik esaten dut Euskaltzaindiak jatorritik dauzkala Iker eta Jagon. Bi beso dauzkagunean, bati zergatik egin behar diogu uko? Ezin dugu estatusarena instituzioen esku bakarrik utzi. Guk ere zeresana dugu, Euskaltzaindiak eta euskalgintzak.

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-03-12an. Elkarrizketa osoa, HEMEN.




iruzkinik ez: