2016(e)ko martxoaren 13(a), igandea

«Euskalgintzarekin esfortzu bat egin behar dugu bidea adosteko»

Bidegurutzearen ideiari heldu dio Olanok: «Normalizazioaren estrategiak mugak azaldu ditu, eta gainditu beharrak dauzkagu». EAJri begira ere jarri da: «Besteek ere egin behar dute esfortzua, baina guk ere bai».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Hizkuntza politikan aldaketak egin dituzue: zuzendaritzaren izena aldatu, eta euskalgintzan bide luzea duen pertsona bat izendatu duzue, Mikel Irizar. Zure apustu pertsonala ere bada?

Hala da. Nirea ere bada. Politikan sartzen garenean, norberak du bere motorra: nireak hizkuntzaren normalizazioa eta euskal kultura dira. Ez dut neure burua abertzaletzat jotzen ez badaukat agenda finko bat euskararen normalizazioan. Ez nintzateke neure buruarekin koherente izango, eta ez nioke ardurari eutsiko. Bidegurutzean gaude. Normalizazioaren estrategiak bere mugak azaldu ditu, eta gainditu beharrak dauzkagu. Kontsentsu zabalak behar ditugu, eta normalizazioa liskar politikotik atera. Anbizioz jokatzeko erabakia hartu behar dugu. Badaukat sentsazioa apustu berriak egiterakoan laborategi puntu bat eduki dezakeela Gipuzkoak. Esperantza handia dut bide egokia hartuko dugula: euskara behar duen tokian izango duen gizarte baterantz, eta ez Irlandara.

Abadia sarietan EAJri begiratu zenion, bidegurutzearena «barneratzeko» eskatuz. Azal ezazu.

Liskar politikoa aipatzen denean, norberak mahai gainean jarri behar du bere konpromisoa euskara horretarako ez erabiltzeko. Kontua ez da besteei eskatzea: zuk ere konpromisoa azaldu behar duzu. Horrekin batera, anbizioz jokatzeko determinazioa etxe barruan ere landu behar da. EAJn euskarari buruz ikuspegi aurreratuagoa edo konpromiso berezia duen kolektiboak —ni hor jartzen naiz— ahalegin bat egin behar du alderdi osoa inplikatzeko. Besteek ere egin behar dute esfortzua, baina guk ere bai.

Euskalgintzarekiko lotura aipatu duzu. Bizkar emanda egon dira?

Ez. Konfiantza behar adinakoa ez da egon. Arriskua egon da agenda paraleloak egoteko, eta bateratu egin behar ditugu. Esfortzua egin behar dugu bidea adosteko eta bidea elkarrekin lantzeko.

Euskalgintzak zer rol?

Batetik, ezagutza dago. Guztioi falta zaigu argitzea zein den bidea. Gerta daitezkeen liskar politikoak gainditzeko behar dugu gune autonomo bat Euskal Herrian, euskararen normalizazioari lehentasuna emango dion gune bat. Akuilu lana egin behar du, pizgarri lana, presioa zentzu onean. Esfortzuak egin behar dituzunean, hitz politak ez dira nahikoa; urratsak exijitu behar dira. Hor akuilu lana oso ondo etorriko zaigu guztioi.

Nolako egitura autonomoa?

Ez dut ikusten horrenbeste konfigurazio formal bat. Pixkanaka ari da osatzen jende multzo bat. Bakoitzak dauka bere kokaleku profesional edo politikoa, eta espazio horretan lehentasun nagusia ematen zaio euskararen normalizazio prozesuari. Geroz eta jende gehiago ikusten dut espazio horretan. Eta jende hori ez da inorekin ezkontzen. Hori oso ona da.

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua 2016-03-13an. Elkarrizketa osoa, HEMEN.

     

iruzkinik ez: