2016(e)ko urtarrilaren 17(a), igandea

Egungo gazteek ez dute euskara erabiltzen

“Egungo gazteek ez dute euskara erabiltzen”. Askotan entzun ditut nire belaunaldikoak horrelako sententziak botatzen. Gure gaztaroko konpromisoa eta militantzia goraipatzen ditugu eta egungo gazteen arduragabekeria salatzen dugu. Baina Kike Amonarrizek gogorarazten digun moduan, gure gaztaroan, gehienok ez genuen akatsik egiten euskaraz, gaztelera hutsean aritzen ginelako.

Erantzukizuna norberak hartu ala egoeraren ardura kanpokoari egotzi; bi aukera horiek izaten ditugu maiz. Errazena da errua, ardura eta erantzukizuna beste batzuei pasatzea, eta egiten dutenaz kexatzea; baina ez da hauturik onena euskara indartzeko. Ardura besteei egozteak indargabetu egiten gaitu, eta kexatzeak aspergarri egiten gaitu gazteen aurrean.

Egungo gazteek nire belaunaldikook baino gehiago erabiltzen dute euskara. Estatistikak erakusten du 16-24 adin tarteko gazteak direla euskaraz maizen egiten dutenak, nire adineko jendeak baino askoz gehiago.

Goizegi delegatu nahi ditugu euskara biziberritzeko ardura eta erantzukizuna. Aitak 83 urte ditu; batzuetan zaharra dela esaten du, eta erantzuten diot oraindik baduela zuzenbide-ikasketak egin eta Italiako presidente izateko astirik, Giorgio Napolitano 90 urterekin izan baita Italiako presidente.

Etorkizuna gazteena izango da, baina oraina? Oraina gizon adinduen esku dago. Urkulluk eta Obamak 54 urte dute, Raxoik 60, Hollandek 61, Txinako presidenteak, Xi Jinpingek, 62, Putinek 63, Europako Banku Zentraleko presidenteak, Mario Draghik, 68 eta Francisco Aita Santuak 79. Adina aitzakia ahula da gure ardurak zuritzeko eta gazteei kargu hartzeko. Izan ere, gazteei zor diegu, askotan, euskara erabiltzeko motibazioa.

Hilabete honetako bi pasadizo datozkit gogora. Euskararen egunean Tolosan izan nintzen, mintzalagun talde batzuekin. Mintzalagun gehienak ni baino zaharragoak ziren, batzuk nire gurasoen belaunaldikoak. Euskara lantzeko motibazioa nondik zetorkion galdetu nion andre bati. Bilobak esan omen zion: “amama, zergatik ez didazu euskaraz hitz egiten?”; eta mintzalagun taldean sartu zen andrea. Bigarren pasadizoa kuadrillako batek kontatu dit. Urtebetetzerako zer nahi zuen galdetu zion semeari; “Ama, lo que más ilusión me haría es que me hables en euskara” erantzun zion semeak.

Duela 30 urte erabaki genuen gure seme-alabek euskaraz ikas zezaten, baina zaila egiten zaie oraindik euskara erabiltzea. Ez dugu behar beste erraztu euskararen sozializazioa. Gutxi aldatu ditugu gizarteko jokaera-arauak azken hiru hamarkadetan. Oraindik ere leku askotan arraroa da euskara erabiltzea eta beste batzuetan ezinezkoa; anomalia bat da, Eduardo Apodakak esango lukeen moduan. Hizkuntz askatasuna bermatu nahi bada, ezin da nekezago egin euskara erabiltzea erdara erabiltzea baino. Gure ardura eta erantzukizuna da egoera hori lehenbailehen aldatzea. Gizarte osasuntsuetan, bermatu egiten dira aniztasuna, berdintasuna eta hiztun ezberdinen arteko errespetua. Posible da gure gizartea horrelakoa bilakatzea, sitanoka egiteari utzi eta, geure burua zuritu beharrean, elkarlanari ekiten badiogu. Kike Amonarrizek esango lukeen moduan, “otxenteroek” badugu zer eginik! Gazteei zor diegu.

(KARMELO AYESTA ingeniaria eta euskaltzale ekintzailea da)
  • Estreinakoz, Info7 irratiko GureazBlai saioan uhineratua, 2015-12-18an.

iruzkinik ez: