2016(e)ko otsailaren 28(a), igandea

Paradigma berriaren osagai funtsezko batzuk

Mikel Irizar Intxausti

Kaixo Patxi!

Irakurri diat hire artikulu mardula eta, nabardurak gorabehera, bere horretan osorik egiten diat nire. Zorionak horrenbeste hari mutur hain ondo harilkatzeagatik!

Beste kontu bat duk ea hire artikuluan egiten dituan azpimarrak eta proposatzen dituan metaforak paradigma berri bat osatzera iristen diren, nik esango nikek oraindik ezetz. Berez paradigma hitzak adiera ezberdinak ditik, eta lehenik horretan jarri beharko gintzakek ados. Ni ez nauk teorikoa, baina praxi oso interesgarria bizitzen ari nauk azken boladan. Eta hortik ikusten diat euskararen inguruan eraikitzen ari den paradigma berriaren osagai funtsezko batzuk ondokoak direla:

  • Euskararen normalizazioa prozesu bat da (ez estatus bat) eta euskaltzaleon erronka da bere adierazle oinarrizkoek hazkunde erritmo jarraitu bat erakustea.
  • Euskararen normalizazioan ez dago helburu finalista bermatzaile bat, inertziak beti izango ditu kontra, Beraz, beti beharko du hiztunen eta erakundeen konpromisoa, hobe dugu agoniak baztertzea.
  • Euskararen normalizazioa gauzatuko da esparru eta funtzio garrantzitsu batzuetan -ahalik eta gehienetan, ez dira inoiz guztiak izango- euskaraz egitea ohiko edo ez egitea arazo bihurtzen direnean.
  • Euskararen normalizazioan onartu beharko dira higadura esanguratsuak isolamenduaren ondorioz sortu ziren arnasguneetan; euskara nonahi eta beti egongo da beste hizkuntzaren batekin igurtzian.
  • Euskararen kalitatean edo jatortasunean ere onartu beharko dira higadura handiak, hizkuntzaren hedapena eremu gero eta 'arrotzago'etan gauzatuko bai da. 
  • Euskararen posizio soziala izango da hiztunon posizio sozialaren araberakoa; euskaltzaleok hegemoniko garen esparruetan euskara hegemoniko izango da ("pintan vascos" esaten dik nire lagun batek).
  • Euskarak aurrera egin dezan euskaltzaletasuna auspotzea bezain baliotsua da kontrakotasuna desaktibatzea. Horretarako eraiki behar dira diskurtso inklusiboak (askatasuna, berdintasuna, justizia), helburu partekatuak (hizkuntza berdintasuna), tarteko esparruak (hizkuntza simetria), autoritate zientifikoak (Soziolinguistika Institutua), praktika erraztaileak (ulermena berariaz lantzea)...
  • Gurea bezalako gizarte konplexuak polizentrikoak dira eta ez dute amets bakarra partekatzen, baizik eta amets ezberdinez osatutako konstelazio bat. Euskaltzaleon egitekoa da euskara ondo kokatzea konstelazio horretan.
  • Euskararen aldeko dinamikan jauzi handia egin liteke ikuspegi edo paradigma partekatu baten inguruan adostasun sozio-politiko zabala sortzen bada, horrek sortuko lukeen ilusioari esker

Beno, horiek batzuk dituk (eta eztabaidatzekoak) nire eguneroko esperientziatik atera eta bapatean zerrendatuta.

Oro har, oso baikor sentitzen nauk. Umiltasun handia zagok alde ia guztietan, bai ekonomikoa (murrizketen eraginez) eta bai intelektuala (zalantza partekatua) eta aspaldi ez bezala errespetuz hartzen diagu elkar. Orain behar ditiagu eztabaidarako eta gogoetarako foroak, eta iritziak partekatzeko sareak. Zentzu horretan, oso estimagarria eta txalogarria duk hire ekarpena, Patxi, mila esker.

Besarkada bat eta animo!


(MIKEL IRIZAR INTXAUSTI Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria da Gipuzkoako Foru Aldundian).

iruzkinik ez: