Karmelo Aiesta. |
Kaixo,
Patxi!
Euskararen
normalizazioak gizarte-eraldaketa galanta eskatzen du.
Eraldatze-prozesuak arrakastatsuak izan daitezen, ezinbestekoa da
aldatzeko premia-sentimentua indartzea eta erdigunean kokatzea
arazoaren eztabaida. Zalantza barik, eragin handia izan duzu zuk eman
duzun lehen urrats horretan. Eskertzekoa da. Aurrena, elefantearen eztabaida piztu zenuen. Uste dut zure hasierako helburua gainditu
egin zela, ekarpenak ez baitziren “elefantea”ri buruzkoak
bakarrik izan, euskalduntze-prozesu osoaren gainekoak baizik.
Ez dakit
lan-munduaren euskalduntzea den elefante nagusia, baina, zalantzarik
gabe, nagusietako bat bai. Bat nator zure iritziarekin. Batzuetan ez
dugu ikusten noraino heltzen den lan-esparrua. Aisialdian ere,
inguruan dugu, ia beti, lanean ari den norbait: pintxo-potean
gabiltzanean, tabernariak; frontoian, pilotariak eta apostulariak;
telebista ikusten ari garenean, aurkezleak; zinean, atezainak;
Urbiako fondan, tabernariak... Euskarak aurrera egingo badu, nahitaez
bereganatu behar du lan-eremua. Beste modu batean esanda, euskal
hiztunok erdaldunen hizkuntz eskubide eta aukera berdinak izateko,
ezinbestekoa da lan-mundua euskalduntzea. Bestalde, agerikoa da
hezkuntza-sistemak euskalduntzen duena erdaldundu egiten duela lanak.
JM Pastorrek azaldu zituen Berrian EHUko erdarazko graduko ikasleen
artean eginiko inkesta baten emaitzak: D eta B ereduko ikasleek
gradua erdaraz aukeratzeko lehen arrazoia da uste dutela
lan-merkatuan erabilgarriagoa izango dela erdaraz ikastea.
Ezinbestekoa, hortaz, lan-mundua euskalduntzea.
Autoritate
eta lidergoaren gaian ados nago Alex Vadillok idatzi duenarekin.
Euskal Herrian dugun antolaketa oso konplexua da, eta erakunde bakar
batek ezin du eraldaketa soziala gidatu. Kike Amonarrizek aipatutako
“lidergo partekatua” edo “lidergo
eraldatzailea” izan daiteke aukerarik
eraginkorrena. Alexek dioen bezala, “aktibazioa bilatzen duen
lidergoa; nork bere ardura hartzera animatzen duena; prozesuak abian
jarri eta prozesuei eusten dien autoritatea, prozesu horien emaitza
baldintzatu gabe”. Nire iritzian, Euskaltzaindiak betekizun
garrantzitsua du lidergo partekatu horretan, eta beste eragile
batzuek ere bai.
Euskararen
beharrezkotasunaz, berriz, guztiz ados: bigarren mailako hizkuntzak
bigarren mailako herritar egiten gaitu, eta hori ez da ez bidezkoa ez
onargarria. Beharrezkoa al da erdara gurean? Bai, legez. Bada,
euskarak egoera berean egon behar luke bigarren hizkuntza ez izateko.
Urrun gaude oraindik egoera horretatik.
Diskurtsoaren
mailan, uste dut arriskutsua izan daitekeela euskara
batez ere beharra
hitzarekin lotzea, batzuek bi era gaiztotan erabiltzen baitute lotura
hori. Alde batetik, euskara inposatu nahi dela esateko; bestetik,
esateko herritarrek ez dutela euskara erabili nahi, eta horregatik
nahi dutela batzuek beharrezko izatea. Nire iritzian, diskurtso
horiei aurre egiteko, komeni da beste lotura bat ere egitea: euskara,
eskubidea, eta nahia. Hau da, biztanle guztion eskubidea da euskara
erabiltzea, biztanleok horrela nahi dugulako; eta eskubide hori
bermatzeko, biztanle guztiok dugu gure betebeharra. Gainerako
eskubide guztiekin ere gauza bera gertatzen da.
Motibazioari
dagokionez, funtsezkoa da motibazio pragmatikoa, eta beharrak eragin
handia dauka horretan. Aldi berean, komeni da beste motibazio-mota
batzuk ere jagotea, eta euskara emozioekin, bihotzarekin, balioekin,
eta gogoarekin ere lotzea. Beharrean bakarrik oinarritutako erabilera
ez da naturala, eta hil daiteke beharra desagertu bezain laster,
esaterako, ikasleek klasetik irten eta jolas-ordua heldu bezain
laster. Beharrak bakarrik ez du euskararen erabilera bermatuko;
borondate hutsak ere ez. Gogoa eta beharra, biak indartu behar dira
euskara biziberritzeko, eta koktel hori zuk proposatutako “euskaraz
egiteko ziurtasun-eremuetan” egon daiteke.
Amaitzeko,
eredugarria eta txalogarria da bultzatu duzun eztabaida irekia eta
anitza. Aditu askoren iritziak batzen lagundu duzu eta ikusi da
sintonia handia dagoela aditu askoren artean. Une egokia izan daiteke
euskalgintzak hurrengo urratsak emateko, lidergo partekatu eta
eraldatzailearen gidaritzapean.
Besarkada
bat eta eutsi!
(KARMELO AIESTA ingeniaria eta euskaltzalea da)
- Kamelo Aiesta «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuaren egilea da. Ikus, HEMEN
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina