2016(e)ko maiatzaren 2(a), astelehena

Hizkuntz eskubideak lanbide heziketan

2014-15 ikasturteko datuen arabera autonomia erkidegoan 34.552 ikasle egon dira lanbide heziketako zikloetan matrikulatuta, horietariko % 70etik gorako proportzioan gaztelaniaz egin dute. Eta bitxia iruditzen zaigu derrigorrezko hezkuntzarekiko konparaketa, derrigorrezkoan alderantzizko proportzioa topatzen baitugu, ikasleen % 70 baino gehiagok D ereduan ikasten dute. Beraz, Hizkuntz Eskubideen behatokiak agerian utzi duen moduan, derrigorrezko eskolaldia D ereduan egin duten ikasleek lanbide heziketako ikasketak euskaraz jarraitzeko aukera murritza da, oso.

http://www.patxisaez.eus/2016/05/hizkuntz-eskubideak-lanbide-heziketan.html

Araban bereziki kezkagarriak dira datuak lanbide heziketako ikasleen % 90 inguruk gaztelaniaz ikasten baitu, eta lurraldez lurralde lanbide heziketako A ereduaren hedapenean ezberdintasun handiak egonda ere, Gipuzkoan % 50 inguru eta Bizkaian berriz % 80 baino gehiago, oso agerikoa da euskarazko lanbide heziketako zikloen eskaintzak ez dituela gutxienekoak bermatu ere egiten.
  
Auzi honetan, hezkuntza sailak lanbide heziketarako erabiltzen duen matrikulazio-prozedurak zerikusia duelakoan gaude:

Alde batetik, kasurik onenean, aurre-matrikula garaian zikloa hiru hizkuntz eredutan eskaintzen da, A, B eta D, nahiz eta jakin talde baterako edota bitarako baino ez dagoela tokirik zentroan. Beraz,  aukera asko daude, Araban eta Bizkaian behintzat, eskaera gutxien egon den hizkuntz ereduaren eskaintza ez gauzatzeko, edota orain arte talde misto bihurtzeko, non ikasleek ikasgai gutxi batzuk euskaraz emateko aukera baino ez dute izan.

Bestetik, matrikularako jarraitzen diren baremazio irizpideek ez dute ikasleen hizkuntza-hautua bermatzen, eta hainbatetan, esaten zaie, zentroetatik bertatik, D ereduko eskaintza ez dela gauzatuko eta kalean geratu nahi ez badute gaztelaniaz matrikulatzeko. Jendetsuena den hizkuntz ereduan matrikulatzen den ikasleari lehentasuna ematen zaio barematzeko orduan.

Gogoeta bat egin nahi dugu honetan, bi talde sortuz gero, ikasle guztiek hizkuntz eskubideak bermatuta edukiko lituzkete, eta gaur egun, ziklo berdina bi hizkuntzetan eman ahal izateko, ez da arazorik egongo, lanbide heziketako matrikula eskaera dezente handitu baita.

Ikasturte honetarako, hezkuntza sailak B ereduko eskaintza hedatzeko asmoa erakutsi du. Hau ikusita, hainbat institutuko zuzendaritza taldeek talde mistoak A eredu bihurtu nahi dituzte, euskaraz ikasteko aukerak are gehiago murriztuz.

Horren aurrean, bi ondorio topatzen ditugu: irakasleen lanpostuei begira, talde mistoetan hizkuntzaren araberako bikoizketak egiteko orain arte eman diren orduak galduko lirateke; eta ikasleek ikasteko duten aukerei begira, ikasle euskaldunaren hautua are gehiago murrizten da.
  
Nafarroan, Kontseiluak euskararen egoera normalizatzeko egiturazko 13 neurri zehaztu ditu, horien artean: Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskaldundu: Hezkuntza maila horietan ere ikasketak gehiago euskaldundu. Nafarroan bakarrik ez, gurean ere, hainbat arlotan, euskarak bide luzea dauka gaztelaniarekiko parekotasun egoeran dagoela esan ahal izateko.

Autonomi elkartearen Euskararen erabilpenaren legeak, 82koa, zehazten duen moduan: Ikasle guztiei, hezkuntza maila berezietan ere, eskolak euskaraz hartzeko eskubidea onartzen zaie. Gaur egun eskubide hau ez dugu bermatuta ez lanbide heziketan, ez oinarrizko lanbide heziketan, ez helduen hezkuntzan, ezta urrutiko hezkuntzan ere.
  
Puntu honetan hauxe da salatu nahi duguna:
  
Araban eta Bizkaian euskaraz burutzen den lanbide heziketako eskaintza urria ikusita, hezkuntza sailak ikasleen hizkuntz eskubideak bermatzeko orduan duen ardura falta agerikoa dela uste dugu. Hainbatetan eskaintza hori benetan gauzatzen bada, zentroetan dauden langileen ardurari esker da.

Bereziki deigarria da hainbat zentroetan, salbuespenak salbuespen, zabaltzen den euskarazko eskaintza are urriagoa dela. Bada garaia, hezkuntza sailaren aldetik ez bakarrik baliabideak eskaintzeko, baizik eta baliabide horiekin batera ardurak ere eskatzeko. Izan ere,  hainbat zuzendaritza taldeek orain arteko euskarazko eskaintza urria, are gehiago murriztea ez da onargarria. Nork hartuko du hizkuntz eskubidea bermearen ardura?
  
Aurre-matrikularako zein matrikularako irizpideak zehatzak eta idatziak ez badira, ezin dira adostu eragile sozialekin, noski. Eta ikasturte honetan aurre-matrikularako irizpideak zeintzuk diren, toki baten baino gehiagotan eskatu badugu ere, erantzun bat eta bakarra topatu dugu beti: ez dago ezer idatzia. Zer arazo mota dauka hezkuntza saila honek lanbide heziketako matrikula irizpideak idatzi ahal izateko?

Euskararen alde eta euskal ikasleen eskubideen alde aurrerapausoak eman beharrean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta kultura Sailak atzera egiten duela ikusten dugu. Badira lanbide heziketa ziklo asko lurralde osoan euskaraz ikasi ezin direnak. Hemen euskaraz ikasterik ez badago, non matrikulatu beharko da ikasle euskalduna?
  
Argi izan dezagun, Araba bezalako lurralde batean, ikasleek euskaraz ikasten jarraitzen ez badute, euskararen esparrua zabaltzeko ordura arte egindako ahaleginak galdu daitezkeela, ikasle horiek euskara galdu baitezakete.
Hortaz, laburbilduz honakoa eskatzera gatoz:

Hezkuntza Sailari Lanbide Heziketako ikasleek euskaraz ikasteko aukera izateko bermatzea, zikloko D ereduko matrikula kopurua handia ala txikia den  kontutan hartu gabe. Ikasle euskaldunen kopurua geroz eta handiagoa izanda, euskarazko eskaintza ere handiagoa izan beharko luke eta inola ez are txikiagoa.

Eta zuri, ikasle euskaldunari, lurraldeko ordezkaritzara joatea, eta lanbide heziketako teknikariari euskaraz ikasteko nahia eta topatzen dituzun zailtasunak jakinaraztea kexa baten bidez. Eta kexa horren jarraipena egin ahal izateko korreo honetara bidaltzea eskatzen dizugu: deredualh@gmail.com


(MERTXE NABARIDAS SANTOS Langile Abertzaleen Batasuna -LAB- sindikatuaren Irakaskuntza ataleko kide da)
  • Estreinakoz naiz agerkarian argitaratua 2016-04-27an.
 

iruzkinik ez: