2016(e)ko apirilaren 7(a), osteguna

«Tus padres son un poco pesaos con eso del euskera ¿no?»

Amelia Barquín Lopez. Argazkia: hiruka.

Anek (12 urte, Gasteizen, bere amari):

Ama, gauza bat esan behar dizut. Nik badakit etxean euskaraz hitz egin behar dudala eta ondo iruditzen zait, baina nire lagunekin beti hitz egiten dut gazteleraz, eta gure etxera etortzen direnean, nire lagunekin euskaraz hitz egin behar dudala esaten didazuenez, roilo bat da niretzat. Denbora osoan nago “euskaraz mesedez”, “euskara mesedez”, eta nire lagunek esaten dute “jope, apur bat astuna zara euskararekin, ezta?” edo esaten didate “zure gurasoak apur bat astunak dira euskararen kontu horrekin, ezta?”. Ama, benetan, roilo bat da.


Amak:

Bai, ulertzen dut, kuttuna. Dilema ederra daukazu. Lagunen gustura jokatu behar duzun ala etxeko nagusion gustura. Egia esan, nik ez dut ondo eramaten zuri gure etxean lagun euskaldunekin gaztelaniaz entzutea. Nik badakit zure lagunei gure etxera jolastera etortzea gustatzen zaiela eta nik beti pentsatu dut hemen euskaraz egiteko eskatzea ez zela gehiegizkoa, onuragarria zela haientzat. Haietako batzuek eskolan bakarrik entzuten dute, eta euskarak beste zerbaitetarako balio duela konturatzea eta erabiltzea ondo etortzen zaie haiei eta euskarari.

Anek:

Ja, nahi duzun guztia, baina nire lagunentzat eta niretzat roilo bat da. Azken aldi honetan ez ditut ekarri nahi.


Amak:

Bai, ulertzen dut ze zaila izan behar den. Izan ere, momentu honetan, niri ez zait konponbiderik bururatzen.


Amak pentsatzen eta esaten ez duena:

Datorren urtean ez duzu zailtasunik izango, lasai egon. Institutura joango zara eta, zure neba nagusiari gertatu zitzaion bezala, han ere euskara ez da gelatik aterako, baina berari bezala, zuri ere ez dizu jada inportako gure iritziak edo aurpegi txarrak, kalean edo etxean zure lagunekin gaztelaniaz entzungo zaitugunean. Bake gehiago izango duzu. Bestalde, interesatzen zaizkizun komikiak, telebistako programak, interneteko telesailak, bideoklip gehienak… ez dira euskaraz aspaldidanik.

Etxeko nagusiok ohituko gara eta halabeharrez amore emango dugu, garai hobeen esperoan (talde batean militantziak, lagun jakin batzuen eraginak, lanpostu jakin baten exijentziak, ume bat hazteko beharrak, noizbait garatutako kontzientziak… egunen batean euskarara berriro ekarriko zaituelakoan).

Jakinda, hala ere, irakaslearekin eta gurekin egiten duzuna alde batera utzita, zure euskara lozorroan egongo dela, eta euskal elebiduna izatetik erdal elebiduna izatera pasatzen ari zarela, pixkanaka.


(AMELIA BARQUÍN LOPEZ Mondragon Unibertsitateko HUEZI fakultateko irakaslea da)
  • Estreinakoz Kinka blogean argitaratua 2016-04-6an.

iruzkinik ez: