2016(e)ko apirilaren 5(a), asteartea

'Euskaldun berriaren' etiketak

Euskara etxean jaso ez duten euskaldunak gero eta gehiago dira. 34 urte baino gutxiagoko euskal hiztunen artean, erdiak baino gehiago. Haien pertzepzioak aztertu dituzte, eta desberdintasunak agertu dira adinaren eta gaitasunaren arabera. 'Euskaldun berri' kontzeptuaren erabileran ere bai.

Testua: GARIKOITZ GOIKOETXEA. Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Euskara biziberritzeko bidean ezinbesteko ekarpena egin dute hiztun berriek, euskara familiatik kanpo eskuratu dutenek —umetan eskolan edo heldutan euskaltegian—. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetan, hona: 1986an baino 275.600 euskaldun gehiago ziren 2011n, eta hazkunde horren %96 dagokie euskara etxean jaso ez dutenei —264.000 hiztun gehiago dira horiek—. Datu zehatzik ez da, baina kalkulu batzuek diote bi heren eskolan euskaldunduak direla, eta euskaltegietan heren bat. Hiztun horien identitateari buruz ikerketa bat egin dute Deustuko Unibertsitatean, eta desberdintasunak azaleratu dituzte. Ikuspegi ezberdintasun horretan, euskaldun berri kontzeptua ere ageri da.

Erabat amaitu gabe dago azterketa —liburu batean argitaratuko dute datozen hilabeteetan—, baina emaitza nagusiak bildu dituzte jadanik. Lau irakasle jardun dira azterketan: Esti Amorrortu, Jone Goirigolzarri, Ane Ortega eta Jacqueline Urla. Ikerketa egiteko, bi eredu erabili dituzte: batetik, datu kuantitatiboak —inkestak egin dituzte euskara etxean jaso ez dutenen artean—; bestetik, kualitatiboak, hiztun horiekin elkarrizketak eta taldeko eztabaidak eginez.

Ez da talde homogeneoa hiztun berriak kontzeptuaren pean jaso dutena —hori erabili dute ikerketan—. Bi talde berezi dituzte. Bat, 35-40 urtetik gorakoena: heldutan ikasi dute. «Motibazioa izan dute: identitarioa, integratzailea, instrumentala... Eurek erabaki dute euskara ikastea», azaldu du Amorrortuk. Bestea, gazteagoena: eskolan ikasi dute. «Ez dute eurek erabaki, gurasoek baino».

Euskararekiko motibazioa ez da berbera bi talde horietan. «Ez guztien kasuan, baina gazteen artean askotan ez dago kontzientzia handirik euskara zelako egoeran dagoen. Batzuentzat, beste barik egindako zeozer da euskara ikastea». Garai aldaketaren ispilua da hori, azkenean. «1960-70eko hamarkadetan edo 1980koan, mugimendu bizi bat egon zen euskara ikasteko, eta hor kontzientzia oso inportantea zen». Orain, eskolan euskaraz ikastea ohikoa da. «Beste zerbait ikasi duten eran».

Hizkuntza 'muda'

Amorrortuk ohartarazi du ikerketan euskaraz aritzeko gaitasuna duten hiztunekin jardun direla. «Arazoa ez da euskaraz ez dakitela. Ez ditugu sartu honezkero euskara galdu dutenak, zeren horrelakoak ere badaude. Kontua da nahiko gaitasun handia izanda ere kontzientziarik ez edukitzea».

Euskararen erabilerak kezka eragin du azken urteetan: ezagutzak gora egin du, euskaraz badakitenen kopurua gero eta handiagoa da, baina erabileraren datuak geldirik daude, oro har —eta jaitsi ere egin dira aldagai batzuetan—.

Hiztun berrien erabilerarekin lotuta, muda kontzeptua aztertu dute ikerketan. Finean, hiztun aktibo bihurtzea da. «Familian ikasi ez duzun hizkuntza, euskara kasu honetan, zure errepertorioan sartzea. Ez du esan nahi gaztelania erabat baztertzea, baina bai euskara benetan erabiltzea». Beste pauso bat da hori, ikasitako hizkuntza normaltasunez erabiltzea. Egoera horrekiko ere jarrera desberdinak sumatu dituzte. Batzuek saminez bizi dute euskaraz ez mintzatzea. «Nahi lukete, eta txarto sentitzen dira. Frustrazioa dute, ez dutelako aukerarik, eta errua ere bai, aukerak izan arren ez dutelako ohiturarik hartzen». Beste batzuek ez dute horrelako sentimendurik. «Euskara modu aktiboan erabiltzea ez da lehentasuna haientzat. Igual nahi lukete, modu idealistan, baina ez daukate jarrera proaktiborik». Talde hori «indartsua» dela ohartarazi du Amorrortuk. Batez ere gazteen artean eta tokirik erdaldunenetan.

Sareak sortzen

Euskaraz egiteko aukeretan zerikusi zuzena du bizilekuak —beste faktore giltzarria gaitasuna da, euskaraz jarduteko erraztasuna—. Inguruari dagokionez, zenbat eta dentsitate handiagoa izan euskaldunena, erabilera ere handiagoa da, jarduteko aukera gehiago dago eta. Kontua da gero eta euskaldun gehiago bizi direla lehen eta bigarren gune soziolinguistikoetan —euskaldunak erdiak baino gutxiago diren herrietan—, hiztun berriak direla gehienak, eta sare erdaldunak dituztela oro har.

Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, 34 urtetik beherako euskaldunen artean, gehienak dira euskara etxean ikasi ez dutenak. Gehienek eskolan jaso dute euskara, eta euskaldun dentsitate baxuko tokietan bizi dira.

Ahalegin indartsuagoa eskatzen die horrek hiztun berriei, Amorrortuk ohartarazi duenez. «Testuinguru oso euskaldunean bizi direnek ez dute aparteko ahaleginik egin behar izan: jarrera erreaktiboa izanda ere, testuinguruak bultzatzen ditu. Baina testuinguru oso erdaldunetan bizi direnek jarrera proaktibo oso argia izan behar dute; ez dute lortzen bestela». Elkarrizketak egin dituztenean atera dira hiztun berriek euskara erabiltzeko aukera izateko dituzten estrategia batzuk. «Kafe Antzokiaren moduko lekuetara joaten dira, kultur arloan euskarazko bertsioetara jotzen saiatzen dira, euskaldunak zein dendatan dauden jakinda horren arabera kontsumitzen...». Sareak osatzen, azken finean. Bide beretik, hiztun berrien erabilera leku gisa, gero eta zeresan handiagoa hartzen ari dira mintzalagunen gisako egitasmoak herri askotan.

Nolako euskara egiten dute, ordea, hiztun berriek? Euskalkien gaia elkarrizketetan hizpide izan dutela azaldu du irakasleak. «Oso ohikoa da esatea: 'Nik leku bateko euskara jakin nahi nuke' edo 'Nik nahi nuke hitz egin horiek bezala'. Euren euskara batu hori liburukoa dela sentitzen dute, eta ez dute sentitzen hori nahikoa denik hiztun legitimo izateko». Izatez, ahalegintzen dira euskalkiekin. «Hiztun aktibo bihurtu direnen artean nahiko ohikoa da euskalkira hurbiltzea. Leku oso euskaldunean bizi badira, euskaldun zaharrek bezala hitz egiten dute, batez ere gazteek». Leku erdaldunagoetan zailagoa da aukera hori.

Hiztun berrien autopertzepzioan eragina du horrek. «Ez bagara ondo sentitzen gure euskararekin, horrek ez du erabilera errazten. Kontrakoa». Sentimendu ezkorrak ere azaltzen dira hortik tiraka. «Inbidia, lotsa... Askotan».

Umetan nahiz heldutan ikasiak izan, bi taldeetan topatu dute sentimendu hori. «Niretzat tristeagoa da gazteen artean sentitzea». Eskolaren rola. «Asko egin du eskolak, eta ezin du dena egin. Baina uste dut gogoeta bat egin behar dugula. Eskolak hizkuntza estandarra erabiltzen du, normala da. Baina badaude akademikoak ez diren espazio batzuk, eta ahalegin bat egin beharko litzateke beste aldaera batzuetara hurbiltzeko».

'Euskaldun berri' nor den

Gaitasunak, euskaraz jarduteko erosotasunak zerikusia du hiztun horien autopertzepzioan. Euskara etxean ikasten ez dutenek nola definitzen dute beren burua? Hiru kontzeptu jarri dituzte mahai gainean: euskaldun, euskaldun berri eta euskaldun zahar. «Asko dira beren burua euskaldun berritzat hartzen dutenak. Legitimitate kontua izaten da normalean. Batek bere burua benetako hiztun gisa ikusten badu, eroso sentitzen bada, euskaldun sentituko da; gabeziak ikusten dituenak, berriz, euskaldun berri erabiltzen du. Baita euskaldun berri-berri ere». Beraz, euskaldun berri kontzeptuak badauka kutsu ezkorra. «Euskaldun kontzeptuak ez du karga negatiborik. Aurkakoa: positiboa da. Baina euskaldun berri kontzeptuak gabezia adierazten du, ez direla benetako hiztunak».

Inkesta eginda, hiztun berrien %43k jo dute beren burua euskaldun berri gisa; %47 euskaldun sentitzen dira. Dezente gutxiago dira euskaldun zahar kontzeptua erabiltzen dutenak beren buruaz hitz egiterakoan: %7. «Horrela galdetuta, gehienek esaten dute ez direla euskaldun zaharrak. Ama hizkuntzaren ideologia oso barneratua daukagu gizartean. Baina berbetan hastean, batzuek esaten dute: 'Nik igual ez nuke esango, baina barne-barnean horrela sentitzen naiz. Zergatik ez? Besteen modukoa naiz ni ere'».

Nola jokatu euskaldunek

Handitu egin da euskaldun berri esapidearen aurkako joera, hiztunak sailkatzea dakarrelakoan eta kutsu ezkorra duelakoan. «Gizartean pauso batzuk eman dira kontzeptu hori alde batera uzteko eta euskaldun direla defendatzeko. Hortik jo beharko genuke», dio Amorrortuk. Baina ez da aski. Hamar hiztun berritik lauk euskaldun berritzat dute beren burua. «Eroso senti daitezen egin behar ditugu beste gauza batzuk, hiztun legitimo senti daitezen».

Horretan zer egin dezakete gainerako euskaldunek? Lehena, traba ez izatea. «Batzuek esan digute erabilerari begira oztopo bat euskaldunok garela», ohartarazi du Amorrortuk. «Batzuetan konturatzen garenean pertsona bati kosta egiten zaiola euskaraz egitea, segituan gaztelaniara pasatzen gara. Kexu hori entzun dugu: 'Ni saiatzen naiz, jo eta ke nabil, eta zuek, inongo arazo barik egiten duzuenok, pasatzen zarete gaztelaniara'». Bigarren pausoa da hiztun berriari laguntzea. «Pazientzia edukitzea, barre ez egitea...». Nolanahi ere, azterketako emaitzen arabera, alde horretatik jarrera ona agertzen dute euskaldunek. Hiztun berriek hori adierazi dute: «Gehien-gehienek esan digute normalean euskaldunek lagundu egiten dutela, eta ez dutela barrerik egiten. Edo barre egiten baldin badute, jarrera onarekin izaten dela, txantxa artean».

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2016-04-05ean. 

iruzkinik ez: