Roberto Manjon Lozoya |
Zer eta nola antolatzen
da gizakion mundua? hori da benetako gakoa
Euskaldunei, hots,
mundu errealari beldurrik gabe begiratuz gero, perspektiba aldatuko
da. Nire ustez lanaren mundua, horixe da, esparru bat, ez eragile,
eta halatan, bere balioa azalekoa da, handia bada ere, ez sakona.
Benetako eragilea boterea da, energia edo harremanezko jaidura,
bulka, oldar, joaira –ez zait erraza zer den hitz gutxitan
definitzen−, zerbait anizkuna, hedatua bai baina gune batzuetan
kontzentratuagoa (1): gizateriaren indar antolatzailea eta
egituratzailea. Baldin eta behar den botere-maila behar den guneetan
ez baduzu, ez duzu aurrera egingo, ezin ezer normalizatu, zer ere
egiten baituzu, ekimenik iaio, bipil eta doituenak izanik ere.
Boterea aurpegi anitzeko poliedro bat izanik, nolabait, normalizazio
berba botere
berbaren ideiari tinko lotzen zaio: botereak egiten du munduan
normala den oro normal.
Eta, jakina, ez nabil
Jaurlaritza, foru-aldundi, estatuko gobernu eta udal-batzari buruz,
horiek guztiak ideiaren baitan sartzen baditut ere, ezpada
botere-gune guztiei buruz, asko erabakigarriagoak instituzioak baino.
Jakina, lan-munduan bada botere-gunerik asko, baina sare anitzetan
gizartea antolatzen dute beste gune askorekin harremanetan, eta eten
gabe elkarri eragiten. Sare eta gune horien arteko antolakuntzazko
harremanak hierarkikoak dira, indar eragilea ez dute neurri berean.
Ez ote dira finantza-munduko sareak boteretsuagoak eta
eragingarriagoak lan-mundukoak baino? Gainera, bigarren maila batean,
baina ez hutsaren hurrengo, ez dira gutxietsi behar pentsamenduari
sotilki baina irmoki eragiten dioten, kontsumo-sareak,
banaketa-sareak, sare kultur sortzaileak eta banaketakoak, hala nola
unibertsitateak, argitaletxeak, hedabide mota guztiak.
Normalizazioaren
konponbide mirarizkoetan barna
Izan ere, kontuan
harturik ezen euskaldunak mendeetan zehar arian-arian sare horietatik
erauziak eta jaurtiak izan garela gaurko eremu malkar honetara, non
ia erabat kanporatua baikaude, euskaldunak biziberritzeko miraria
izango bada, nolabaiteko inflexio-une bat jazo behar litzateke mundu
mentalean, halakoa non euskaldunak berriro gizarte-sare eta
botere-guneen inguruan elkarrengana biltzera joko baikenuke. Miraria
diot, horixe baita behar duguna, edo mirarik izan ezik, munduaren
antolakuntza erabat eralduko lukeen katastrofe-kate bat –barbaroek
erromar inperioa eraitsi zuten gisan, hots, duela bi mila urte
euskaldunak salbatu zituen katastrofea−.
Jakina, ez dugu katastroferik
nahi, gure munduan ausiabartzarik. Hala ere, nago azken hamarkadotan
katastrofe baten zantzuak ageri direla zeru-ertzean, inoiz jazoko
balira, ez dut uste bizirik helduko ginatekeenik haien osteko mundu
berritura, eta noski, ailegatzekotan ere, nork daki gaurko munduaren
hondamendiak nola eragingo ligukeen. Ez dirudi katastrofeei itxarotea
oso hautu zentzuzkoa denik.
Nolanahi ere den, naturalista
naizenez, ez idealista, ez dut mirarietan sinisten, eta, zoritxarrez,
urri nabil itxaropenez. Zernahi gisaz, hondamendiei ezin agindu
diegula, dautsogun, eutsi, itxaropenaren errainuari, hots, mirariari.
Halatan, demagun munduari begiratzeko eta ulertzeko moduan, gure
pentsamenduan, ehun eta laurogei graduko bira bat egiteko gai garela,
hori gabe ezinezkoa bailitzateke aspaldian galduriko botere-guneak
berreskuratzen hastea. Zertan datza bira hori? Euskaldunen
kontzientzia nazionala sortzeko ahaleginean.
Lehenengo miraria:
kontzientzia nazioala sortzen hastea
Euskaldunok, nazio gisa
jokatu ezik, ez dugu benetan aurrera egingo, aurrean dugun atazak
talde-kontzientzia handia eskatzen duenez. Gaur egun kontzientzia
nazionala ezinbesteko eskakizuna da esfortzuak euskaldunen etorkizuna
bermatzera egokiro eta artoski bideratzeko.
Ez gara nazioa, are gehiago,
harrapaturik gaude erdal nazionalismoaren aramuan, Espainia zale
nahiz euskotarra izan. Nonbait esana dut, eta oso mingarri egin zaie
batzuei, ezen euskalgintzan badela dinamika zoro bat, pisu handikoa,
non bizkarrezurra gobernuen aurrean aldarrikapenik aldarrikapen
ibiltzea den, eta era berean esan dut jokabide hori, asmo onekoa bada
ere, ez dela euskotar nazionalismoaren joputza besterik. Bitartean,
euskal gizartegintzan pauso ganorazkorik ez (2). Euskotar
nazionalismoak eta haren sostengu intelektualek, zintzoki modernoa,
hots, demokrata, berdintzaile, feminista, ekologista,
internazionalista, solidario, bakezale… izan nahi dutenez gero,
alegia, borroka politikoan interesatzen zaien diskurtsoa sustatzen
baitute, muga ideologiko estuak ezartzen dizkiete euskaldunen aldeko
ekimen instituzionalari nahiz herritarrari, muga politikoez gainera,
eta zaildu egiten dute euskaldunen nazio-kontzientzia kimatzea.
Zentzu batean nazioa bagara
oraindik, antzinako erregimenean ulertzen zen gisan: jatorri komun
bat duen jendea, halakotzat ulerturik hizkuntza-kultura partekatua
izatea. Baina ez gara nazio zentzu modernoan, hots boterea eskuan
duen edo eskuratu nahi duen lurralde bateko gisa-talde bat. “nahi”
hitza da gakoa, hots, kontzientzia politikoa, botereaz jabe izateko
nahia. Euskaldunok ez dugu kontzientzia politiko beregainik, eta
talde nazionalista ezberdinek gaituzte mendean eta zerbitzari.
Mendekotasun horri jaregin behar diogu nahitaez botereagatik lehiatu
nahi badugu.
Kontzientzia nazionalaren
eragile historiko nagusietatik bat, ezinbestekoa, gerla izan da (3),
talka belikoak. Euskal Herrian kontzientzia nazionala, epika
nazionala, heroiak, gu versus besteak, eratu dituzten gerlek, batez
ere espainiar eta frantses kontzientzia nazionalak mamitzeko balio
izan dute. Ordea, XIX-XX. mendeetan Espainian izan diren borrokek
hein apalago batean, Euskadiren nazionalismoa, alegia, euskotarrena
ernaldu, hazi eta elikatu dute: “Euskadi es la patria de los
vascos”. Gogoratu bestela ezker abertzalearen epika bainoi lehen
zein izan diren bertoko nazionalismoaren oinarri epikoak: godo,
franko eta islamiarren aurkako erresistentzia, XIX.mendeko kondaira
erromantiko belizistak, ororen buru Sabino Aranak hainbeste maite
zuen Jaun Zuriaren eta Arrigorriako gudaren kondaira, gerla karlisten
inguruko narrazioak …
Gerletan garaile ateratzea
izaten da onena nazioa eraikitzeko, baiki, ez beti ordea, zeren
galtzea ez baita nahitaez galgarria izaten kontzientzia nazionala
sortzeko, eta sarritan, aitzitik, eraikitzaile izaten da, eta
gainera, gogoratu dezagun Joxe Azurmendik esandakoa: historiaren
perspektiban nekez atzeman daiteke, luzera begira, galtzaile edo
garaile nor den, sarritan, bata bestea bihurtzen baita. Euskal
Herrian igaro den azken gerlatxoa ere, alde bakar bateko sueten
mugagabean arestian amaitu den horiez da, berez, euskaldunen gerla
izan, betiko modura nahasturik ibili garen arren —nola ez?
Hizkuntzazko erkidegoa ez da erkidego bakarra, eta haren mugak
zehar-lerrokoak dira beste erkidego batzuekin, kasu, erkidego
politiko eta ideologikoekin—. Kontua da, galdutako azken gerlak,
frankismoaren ostekoak, euskotarren kontzientzia nazionalari biziki
eragin badio ere, ez du ekarpen handirik egin euskaldunen
kontzientzia nazionalaren eraikuntzaz den bezainbatean.
Kontzientzia
nazionalaren sorreran eta euskarrietan badago balio eta printzipio
funtzional bat: norberaren aldeko desberdintasuna, desderdintasun
garailea bestela esanda, hots besteen berdinak ez izatea ez ezik,
besteak baino hobeak izatea. Agian norbaitek higuin du hori, baina
gustuak alde batera utzita, mundu lehiakor honetan (mundu bakarra),
desberdintasunak abantaila eman behar dizu, irudizkoa bada ere, eta
ez oztopatu, bestela, desberdintasunari muzin egin eta abantaila
ematen dizun identitateari atxikitzen gatzaizkio: egunero eta nonahi
dakusagu hori. Herri guztiak berdinak garela dioen leloa, argiro
faltsua izateaz gainera, aldarrikapen etiko bezala ez da baliagarria
herri ahulari eusten laguntzeko, hasieran kontrakoa badirudi ere, eta
azken finean, aldarrikapen etikoak ez dira irudimenezkoak besterik
(Tractatus,
Wittgenstein): gure interesen alde funtzionatzen badute ondo.
Alderantziz, talde
lehiatzaileen aldean nolabait nagusi izatearen kontzientzia hori beti
garrantzitsua bada, funtsezkoa izan da minorien biziraupenean
—minoriek bere indar eta kemenez dirautenean—, adibidez,
motzaileen kasuan: ijitoek argi daukate, hala edo hola, gehiago
direla besteak baino. Euskaldunok, berriz, maldan behera goaz gure
euskarri mitikoetan ere, narrazio historiko positibista
sasi-zientifikoaren eta globalizazioaren garaian, gero eta gutxiago
sinisten baitugu auzokoak baina txairoagoak garela. Hain zuzen ere,
mundu global-teknologiko honetan, jada ez gara gai mito zaharrei
iraunarazteko ez eta berriez ordezkatzeko: gero eta gutxiago uste
dugu Europako herririk zaharrena garenik, herririk sotilena, xaloena,
aitonen semeak, aratzenak… Gure auzokide, espainiar, frantses,
anglo-saxoi, germaniar ete enparauek zalantza gutxi dute bere
gailentasunaren gainean.
Laburbilduz
Guretzako moduko gerlarik ez
dugu izan, eta ez dirudi hodeiertzean dukegunik, are hitsago, ez
dirudi gerlarik nahi dugunik, galduko dugun beldurrez eta
erosotasunaren amoreagatik, baina, aldiz, ederretsiko genuke patuak
Zeruko mana bezala etorkizun amoltsu bat balekarkigu, hots, boterea,
beti ere borrokan atseginik hartu gabe. Ondarroan esaten denez,
koruan eta aldarean aldi berean egon nahi dugu, modernoak izan,
ederto kontsumitu, patrika bete diruz, zintzo izan, normalak eta
euskaldunak, orain eta luzaroan, baina badakigu gero eta erdaldunago
garela, gero eta zailagoa zaigula euskaldun izan eta irautea.
Ulertzeko modukoa da hori, ez dago ezer kritikatzeko, denok gezurtxo
batzuk behar ditugu kalitate minimo batez bizitzeko, baina analisi
serioak egiterakoan, argi izan behar genuke dena ezin dela eduki:
garena gara. Tautologiak ez du informaziorik ematen, baina
kontraesana non dagoen erakusten digu: ni beste bat naiz.
Eta, hala, mirariaren
itxaropena geratzen zaigu: nazioa sortzeko nahia, jarrera noraezekoa
botere-guneez jabetzeko. Horixe da, nik uste, lehentasunik behinena;
euskal inteligentziak hausnarketa horri ekin behar lioke (agian egina
da, eta etsipenez utzia), argitzen joan gaitezen nazioa sortzeko
abiaburuak, baldintzak, lanabesak, lehentasunak eta prozesuak zein
izan daitezkeen. Eta argi dakusat ez dagoela zertan ibilbide hori eta
beste batzuk denborazko katebegiak izatea, hots , bata amaitu ondoren
bestea hastea, alegia, hein batean aldi berekoak izan daitezkeela.
Baina ezin dira lehentasun berekoak izan, bestela, nork egingo ditu
urratsak lan-mundua, finantzarioa … euskalduntzeko? Subjektu
kolektibo bat behar dugu, kontzientzia duena, euskal nazioa. Ez
gaitezen eldarnioen saski-naski eta berbaroan alferrik ahitu.
Horiek guztiak horrela
esanda, baliteke lan-mundua eta finantza-, teorian bederen,
biziberritzearen giltzarri izatea, nihil
obstat, baina naziogintza delarik euskal
gizartegintzaren sostengu ideologikoa. Halaber, zeren euskaldunak
baitira errealak eta ez euskara, euskal gizartegintza da gizartean
bultzatu behar den prozesua, orain arteko euskalgintza gainditurik.
Ez dakit naziogintza nola
egin behar den –talde-lana da hori guztia argituz joatea−, eta ni
baino gehiago dakiten aditu asko daude gizartegintzaren oinarriak
xehatzeko, baina tamalez ez dugu premia horiek ikusten, eta ez gara
abiatzen. Dakusdana da euskalgintzaren ekintza eta jarduera askok ez
garamatzatela bidegurutze horretara, energia handia alferrik xahutzen
dela erakundeen aurreko etengabeko protesta eta aldarrikapenetan,
nolabait, euskaldunen etorkizunari begira onurarik gabe, atzeko
atetik eta ustekabean joko politikoan sartzen garela.
Noski, Administrazioak badu
zereginik, bere baitatik hasita, baina oso dudazkoa iruditzen zait
lehentasuneko eremuetatik bat ote den, lantoki gisa hartu ezik eta
inguru euskaldunak salbu. Jakina, Administrazioetako planak asko
aldatu behar dira, nire eskarmentuz nekez funtzionatu eta berdintzen
baitute haiengatik egiten den ahalegina; aldatu, eraberritu, zuzendu,
egokitu…, bai, baina ez arrapaladan tentuz eta artoski baizik, eta
ez agian eskakizun eta helburu gogorrago eta zorrotzagoekin, baizik
eta arrazionalagoak izan daitezen, eta zorrotzagoak euskaldunek
zorroztasun handiagoa behar duten bailaretan: gutxitan, ez gaitezen
tronpatu eta kartetan bakar-jokoan geure buruari trikimailuak egin.
(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da)
Oin-oharrak
Hizkuntza-normalizazioa zer den
Asko hitz egiten dugu hizkuntzaren normalizazioaren gainean, hizkuntza-politikak, diseinatzen ditugun planak hizpide. Eta gehienetan zapuztuta ateratzen gara, espero genuen hartatik urrun geratzen baitira emaitzak. Euskara-planak bazterretatik egiten ditugu eta bazterretarako, inoren agindutara. Agintariak diosku egizu txoko (honetan) euskara normalizatzeko plana; ez da gehiago ukitu behar, ez inon ez inoiz. Agian bera ere miopea baita: eta ez daude, urriko gau hotz batean, neguko jauregiaren aurrean.
Euskalgintzatik euskal gizartegintzara
(1)
Ez naiz luzatuko boterea ikusten dudan bezala definitzen, baina hauxe
esan nuen Jakin aldizkarian:
Hizkuntza-normalizazioa zer den
Asko hitz egiten dugu hizkuntzaren normalizazioaren gainean, hizkuntza-politikak, diseinatzen ditugun planak hizpide. Eta gehienetan zapuztuta ateratzen gara, espero genuen hartatik urrun geratzen baitira emaitzak. Euskara-planak bazterretatik egiten ditugu eta bazterretarako, inoren agindutara. Agintariak diosku egizu txoko (honetan) euskara normalizatzeko plana; ez da gehiago ukitu behar, ez inon ez inoiz. Agian bera ere miopea baita: eta ez daude, urriko gau hotz batean, neguko jauregiaren aurrean.
Hizkuntza-normalizazioaren
gainean oso kontzeptu murritza darabilgu. Planak txoko batzuetarako
egiten dira, muga jakinen gainean. Haratago ezin joan, zoramena eta
debekua. Agintariak ez dira boltxebikeak, baina agian asmo onez
jokatzen dute planak horma artean itxita nahi dituztenean. Programa
betetzen dute, euskararen alde zerbait egitea, ameskeriak alde batera
utzita. Zer da hesitik landa ukitu behar ez dena? Ikuspegi orokor eta
zabalago batetik, hizkuntza-iraultza da normalizazioa, eta izari
horretan datza gure ezintasuna eta agintarien beldurra. Euskararen
erabilera normalizatzeak aldaketa sakona eskatzen du ohituretan,
bizimoduan, harremanetan, balioetan. Aldaketa soziala, eta aldi
berean, kulturala, politikoa eta ekonomikoa. Aldaketa konplexua,
beraz.
Aldaketa
gertatu, gertatzen ari da noski, globalizazioa deritzo, historian
jazo diren antzeko eraldakuntzen ildo beretik, ez euskaldunen alde.
Hizkuntza-iraultza linboan hezurmamitzea nahi dute agintariek eta,
oro har, erdaldunek, ez dadin iraultza izan. Are gehiago, gehienok
ere horixe nahi dugula dirudi: bakoitzak bere bizitza bizi dezala.
Ikuspegi horrek harrapatuta gaude euskaldunak.
Hiztun-herri
euskalduna herri ororen baldintzen mendean bizi da, antolakuntza
ekonomiko, politiko eta sozialen esanetara, eta horiei hertsiki
loturiko sistema eta sare teknologikoek, azpiegiturek eta
lurralde-antolamenduak azpiratuta. Horregatik,
hizkuntza-desplazamenduak, ordezkapenak, berreskurapenak
—biziberritzea diogu goxo-goxo— arlo horietako higidurekin batera
gertatzen dira. Itauna, beraz, hau da: zer mugitu behar da politikan,
ekonomian, gizartean, kulturan, euskarak bizirik iraun dezan eta
normalizatu dadin? Hizkuntza-normalizazioari ez ote diogu gehiegi
eskatzen eta gutxiegi eskaintzen?
Izan
ere, Joxe Manuel Odriozolak (1998: 21-32) azpimarratzen duenez,
hizkuntzen arteko interakzioan gizarte osoa da partaide, erabilera
bera gizartearen osotasun-agerpena da eta. Gizarteak erabakitzen du
egoera diglosiko batean zein diren hizkuntza-erabilera legitimoak,
gizartea eratzen duten hegemonien eta harreman hierarkikoen arabera.
Halatan, lotura zuzena dago hizkuntza-erabileraren eta gizartea
egituratzen duten botereen artean. Badakigu, jakin,
hizkuntza-erkidego desberdinetako hiztunen arteko harreman
diglosikoak menderatze-harremanak direla, eta beste menderakuntza
batzuen bidelagun, eta, hala ere, boterearen gaia normalizaziotik
kanpo uzten dugu beti.
Normaltasuna
eta boterea
Zer
harreman dago normalizazioaren eta gizartearen botere-egituraren
artean? Zer dago normalizazioaren hezurduran? Galdera, berez,
zabalagoa da, sorburura jotzen badugu behintzat. Esangura
estatistikotik landa, zer da normala? Gizarteko botere-sistema
hegemonikoek halakotzat daukatena, kontrolatzen dutena, eta anormala,
arau horretatik kanpo dagoena, ondo egokitzen ez zaiona. Normaltasuna
botereak sortzen du, boterea da, berez, normalizatzailea. Botereak
egiten gaitu. Itaunak, beraz, argitu beharreko arazo baten aurrean
jartzen gaitu. Zer da boterea?
Alboratu
behar genuke boterearen gaineko ikuspegi sinplista, haren alderdi
errepresiboa bakarrik ikustera garamatzana. Boterearen izaera
errepresiboa ez da ohikoena. Boterea —botereak— indar
eraikitzailea da. Zapaldu ez ezik, ekoiztu ere egiten du,
antolakuntza, gozamena, ezagutza, diskurtsoak. Boterea, berez,
gizarte osoa zeharkatzen duen indar ekoizle bat da, beraz (Morey,
1986: 243-244). Ez dago toki jakin batera mugatuta, une oro espazio
guztietan baitago. Ostera, ez da dentsitate berean azaltzen: gune edo
nodulu batzuetan gehiago kontzentratzen da. Gune edo noduluen arteko
harremanek, gizarte-sareak ehunduz, gizartea antolatzen dute, mundu
fisikoan masa handiek grabitatearen indarraz txikiagoak erakartzen
dituzten bezalatsu, nahiz eta kargadun atomoekin gertatzen den legez,
aldarapen-ondorioak ere ohikoak izan.
Mundu
fisikoaren metaforarekin jarraituz, esan dezadan botere-sareek
orografia eta geografia ere badituztela. Sareen egituraketa,
horizontala ez ezik, bertikala ere bada, estratifikatua. Paisaiek
osagaiak (zuhaitzak, ibaiak, landak...) proportzio desberdinetan
dituzten bezala, hala botere-mota ere (ekonomikoa, espirituala,
kulturala, politikoa, linguistikoa...) proportzio desberdinetan
agertzen dira sareko gune edo erretikula desberdinetan. Normalean,
guneek zenbat eta botere-dentsitate handiagoa eduki, orduan eta
proportzio handiagoan izaten dituzte botere-mota gehienak, edo
erabakigarrienak behintzat. Izan ere, izari ekonomiko markatuagoa
duten sareetako erretikulek botere-dentsitate handiagoa ere bai, eta,
orobat, guneek, sarean zenbat eta maila goragoko batean egon, orduan
eta botere-dentsitate handiagoa dute.
Boterea
ez da pertsonala, ez dagokio subjektu bati, zerbait organikoa denez.
Horrela, gizarte-sistema eratzen duten sareetatik bakoitzean,
boterearen indarra gune jakin bakoitzaren posizioak determinatzen du;
boterearen izaera, berriz, sarearen nolakotasunak ematen du.
Horregatik, oso ohikoa da gobernu bateko lehendakariak, politika
errepresibo gogorrak ezarri arren, inolako gaitasunik ez izatea
munduko finantza-botereen aurrean; edo ospitale bateko gerente arraro
batek, zintzoki eta gogotik euskaldunen alde egin nahi badu ere,
benetan gutxi egin ahal izatea. Kontua da euskal hiztun-herria,
nolabaiteko erkidegoa denez, erretikula ahulenetan egituratuta
dagoela, bai dentsitatearen aldetik bai botere-moten aldetik. Euskal
hiztun-herria, herri gutxiagotu guztien antzera, botereaz
desjabetutako herri bat da.
Logosa:
hitzaren boterea
Zein
da boterearen izaera funtzionala? Botereak gizartea, gizakiak,
erregulatzen ditu, gizartea, herria... sortzen du. Izan ere, boterea
ahalmen bat da, zerbaitek beste zerbaiten gainean aldaketa eragiteko
gaitasuna, zerbait egitekoa. Giza harremanak boterez blai daude,
hegemonien eta hierarkien bidez antolaturik. Bestalde, boterearen
tresnak, armada eta polizia ez ezik, askotarikoak dira, egoera edo
baldintzen arabera, batzuk besteak baino egokiagoak. Une honetan bat
interesatzen zaigu oroz gain: logosa, hitza, edo nahi izanez gero,
hitz-pentsamendua.
Aspaldikoa
da boterearen baliabide horren gaineko gogoeta. Antzinateko filosofo
sofistek (K.a. V. eta VI. mendea) argi ikusi zuten hitza boterea
dela:
Eta, Tisias eta Gorgias lotan utziko al ditugu, egiazkoak baino
gehiago egiantzekoak balioetsi behar direla ikusi zutenak, eta hitzen
indarraz gauza txikiak handi eta handiak txiki agerrarazten
dituztenak, berriak modu zaharrean eta aurkakoak modu berrian, eta
edozeri buruz hitzaldi laburrak eta luzera mugagabeak asmatu
zituztenak? (Platon, Fedro, 455).
Gure
garaian ere asko idatzi da horri buruz. Francis Bacon dugu aro
modernoaren hasierako paradigma (Sabine, 1995: 336), oso argi ikusi
baitzuen ezagutza boterea dela eta gizakiok geure buruari ezarri
diogun egitaraua ezagutzaren bidez mundua —beste gizakiak barne—
menderatzea dela. Horkheimerrek eta Adornok (2009: 12-13) azaldu
zutenez, Logosa mundua menderatzeko giza tresna da sorreratik
bertatik, alegia, Homeroren mundu mitikotik hasita. Botereak gizakiok
ere objektu bihurtzen gaitu:
Ezagutzak, boterea denez, ez du mugarik, ezta izakiak esklabo
bihurtzen edo munduko jaunei atsegin egiten ere. [...] Gizakiok
naturatik ikasi nahi duguna, bera baliatuz, natura bera guztiz
menderatzeko modua da, ez natura bakarrik, baita gizakiak ere. [...]
Boterea eta ezagutza sinonimoak dira. Ezagutza hutsak ematen duen
zoriontasuna antzua da eta lizuna da bai Baconentzat bai
Luterorentzat. Gizakiek egia deritzotenak ez du ardura, eragiketak
baizik, prozesura eraginkorrak (Horkheimer, Adorno, 2009: 60-61).
Homerogandik
gaur arte, Logosaren garapena eta Ilustrazioaren bidea bat izan dira,
eta gizakia menderatzeko eta ustiatzeko modu asko eta sofistikatuak
eman ditu. Menderatzeko joera hori dela-eta, biziki interesatzen
zaigu Logosaren beste ezaugarri bat: sistema koherenteak maite ditu,
eta munduko desberdintasun oro gorrotatu. Burgesia nagusitutakoan
finkatu den sistemak, Kapitalismoak, Ilustrazioaren umea izanik,
argiro erakutsi du joera hori. Nekez onartzen den baino urrunago joan
da desberdintasun oro ezabatu nahian, teorian hainbeste maite duen
gizabanakoa ere ez deus bihurtu duenez. Horregatik, Liberalismoaren
muin ideologikoan omen dauden askatasun indibidualak, giza banakoaren
errespetua..., lasto fitsa baizik ez dira:
Merkatuak trukean dabilen subjektuari bere jatorriaz ez galdetzeko
mesedea egiten dio. Mesede hori, berriz, bere jatorritik dituen
nolakotasunez ordaindu du subjektuak, nolakotasunok merkatuko
salgaien ekoizpenaren mendean jarriz hain zuzen. Gizakiei zu zeu bat
eman zaie, beraiena bakarrik, besteena ez bezalakoa, baina besteen
berdina bihurtuko dela hobeto ziurtatzeko. Alabaina, zu zeu hori
inoiz ez denez guztiz asimilatua izan, Ilustrazioak hertsapena
atsegin izan du beti, baita liberal izan den aldian ere. Manipulatuta
dagoen kolektiboaren batasunak banako singular bakoitzaren ukapena
eskatzen du (Horkheimer, Adorno, 2009: 68).
Kapitalismoak
euskalduntasuna gizabanako baten ezaugarri gisa ere ez du babestuko,
ezta hizkuntza-eskubide indibidual den heinean ere.
Michel
Foucault frantses filosofoak ere hitz egin digu boterearen alderdi
horri buruz (Morey, 1986: 64-66). Botereak eta ezagutzak bat egiten
dute; lotura estua dago haien artean. Ezagutzak xede bat du,
zerbaiten jabe egitea, menderatzea, kontrola. Egia bera botereak
sortua da, boterearen diskurtsoaz eratua, bere ezagutzaren emaitza.
Botereak diskurtsoak sortzen baititu (ezagutza) eta, alderantziz,
beste diskurtsoen ekoizpena oztopatu edo galarazten du (kontrola),
adibidez, euskaldunen hitza.
Baina
zein da ifrentzua? Botere-sarearen dentsitate handiko guneetatik
baztertuta dauden hiztun-herriek, klaseek, herritarrek..., hitz
batean, ahulek, hitz murritza dute, diskurtso eskasa, etenez betea,
ezagutza txikia, kontzeptualizazio- eta abstrakzio-maila baxua,
informazio gutxi, pentsamendu laburra. Katearen azken muturrean
mututasuna dago, irudi baterako, aparteko txoko batean isolaturik
geratu den erdi galdutako etnia bateko artzainaren antzera, erantzun
bortitza hizkera posible bakarra duen hura.
Aitzitik,
botere-gunetan kokatuta dauden politikariek, ideologoek,
intelektualek, kudeatzaileek diskurtso sendoa dute, aberatsa, oparoa,
hobeto artikulatua, koherenteagoa... Zergatik? Gizarte-sare osoaren
lanketa intelektualetik edaten dutelako, eta horrela, informazio
gehiago izateaz gainera, diskurtso ondo egituratu, konplexu eta
mamitsu baten euskarria dagoelako euren jardunaren azpian.
Gizarte-jarduera orok errutinak behar ditu, besterik gabe onartzen
diren aurreiritziak, topikoak, balioespenak, jokabideak. Hori guztia
dute beren alde intelektual, teknikari, politikari, kazetari eta
ideologia ofizialek; hori guztia dute kontra alternatiboek. Horrela,
horiek, sarritan, kondenaturik geratzen dira sistemaren
ogi-apurretatik jatera (kristau-balioak, giza-eskubideak,
berdintasuna, demokrazia, aurrerapena, ongizatea, razionalismoa...),
apaingarrietatik diskurtsoa eraiki eta sistemaren kontraesanak
agerian uztearren, baina beti ere, gutxi-asko, diskurtsoan bertan
harrapaturik, botere-gune indartsuen logosaren mendean.
Euskaldunak,
gero eta ahalmen txikiagoa duen nazioa mundua, sortzeko, eratzeko,
antolatzeko, besteei eragiteko, baldintzatzeko, haietaz elikatzeko;
gero eta diskurtso murritzagoa duen hiztun-herria, gero eta mutuagoa.
Eta mutuaren bortizkeria ez da zilegi, horrek ere normaltasun jakin
bat eskatzen duelako, diskurtsoa, boterea. Mundu anormala eta urria
euskaldunena. Gogora ekar dezagun positibista logikoek emandako
ikasgaia, hizkuntza eta mundua lotzen dituena (Wittgenstein, 1990:
123-124):
5.6. Ene hizkuntzaren mugek nere munduaren mugak adierazten dituzte.
5.621. Mundua eta bizitza bat dira. 5.63. Neure mundua naiz ni
(Mikrokosmoa.)
Hizkuntzak
mundua sortzen du, berbalizatuz. Hitza ez duenari mundua murrizten
zaio, txikiagotu, mundu soziala behinik behin.
Normalizazioa,
boterea berreskuratzea
Eta
horixe da, hain zuzen, hitza galdutako hiztun-herriei gertatzen
zaiguna, hizkuntzaren arloan bezala, baita ideien arloan ere.
Hizkuntzaren soziologiatik maiz deskribatu denez,
ordezkatze-prozesuan dagoen hiztun-herriak gero eta hizkuntza
txiroagoa du (errepertorioa), ahalmen edo gaitasun eskasagoa, hala
lexikoaren aldetik nola egituren aldetik ere, jakina, gizarteko
funtzioak galtzearen ondorioz.
Esan
gabe doa, funtzio-ordezkatze horrekin batera hiztun eta lurraldearen
galera ere gertatzen direla, bai eta sakabanaketa demografikoa ere,
indar zentrifugoek arian-arian zentripetoak gainditzen dituztelako,
ez baitago hiztun-herriaren batasunari eusteko moduko botere
nahikorik, botere-dentsitate sozio-politiko, sozio-ekonomiko eta
kulturalik. Horrela, gero eta hiztun gehiagok isolaturik eta mutu
ikusiko du bere burua, gero eta lurralde eta gizarte-eremu
gehiagotan, sarritan hizkuntza bereko beste hiztun mutu batzuk ondoan
dituela. Horixe geratzen zaigu Administrazioan, Osakidetzan, azalera
handiko dendetan, unibertsitatean, tabernetan, lagunartean;
horregatik ez dugu esparru horietan euskararen erabilera
normalizatzeko bidean pauso argirik ez nahikorik ematen, asmo handiko
nahiz txikiko planez, agintarien laguntzaz nahiz gabe. Normalizazioa
duela hogeita bost urte uste genuen baino xede latzagoa da, bistan
denez.
Nekez
egiten dugu aurrera, legeek eta dekretuek ezarri eta aitortutako
guztiagatik ere. Ezagutzaren datuak ez dira behar bezain magikoak.
Bildu dugun eskarmentuarekin, ondo dakigu euskaldunen
hizkuntza-eskubideak ez direla errealak, gehienetan, asmo onen
adierazpenak baizik, eta Administrazioko hizkuntza-eskakizunen
sistemak ez du kontrakoa erakusten. Thomas Hobbes-ek, XVII. mendeko
ingeles filosofo ospetsuak, azpimarratu zuen eskubide politikoak
botere subiranotik zetozela. Ziur aski, gehiegizkoa izan zen
baieztapen hura, baina hein egoki batean, ez zaio arrazoirik falta:
aginterik gabe eskubiderik ez. Eta agintariek azken bolada honetan
aldarrikatzen duten hizkuntza-askatasuna, euskara askatasunez alegia,
ahaltsuen eskubideak bermatzera zuzenduta dago eta: erdal espainiar
nazioarenak.
Falta
zaizkigun botere-guneak eta motak, gure sareari dentsitatea emango
lioketenenak, ez dira Txepetxen gune sinbolikoaren bat bera (Sánchez
Carrión, 1981: 27-37), gune sinbolikoa bere baitan biltzen duten
arren. Gune sinbolikoa, berriz, haien efektua da,
kultura-hizkuntzazko izari edo eremuan. Hizkuntzaren normalizazioak
hiztun-herriaren normalizazioa ezinbestekoa du, funtsezko izari
guztietan: sozio-politikoan, sozio-ekonomikoan eta kulturalean.
Euskaldunok boterearen izari horiek berreskuratu ezik, ez dugu
lortuko bat etortzea boterezko dentsitate nahikoa duten
sare-erretikulekin.
Hizkuntzazko
boterea, hortaz, hiztun-herriak bere mundua eratzeko eta gauzatzeko
duen ahalmena da, beste ahalmen batzuekin elkarreraginean: Neure
mundua naiz ni; nire mundua nire bizitza da; nire hizkuntzaren mugak
nire munduaren mugak dira. Zer da normalizazioa azken finean?
Hiztun-herriak boterea berreskuratzea, hizkuntzazkoa noski, baina,
aldi berean, beste batzuk ere bai, bestela hitza ezin baita sortu.
Beraz, normalizazioa, zentzu zabalean, alde anitzekoa eta konplexua
da, botere-banaketa eta antolamenduari egindako erronka bat, edo
bestela, folklorea, itxura, propaganda. Funtsean, ez da borondate
onak konpondu beharreko zerbait, ez giza-eskubideekin edo
berdintasunarekin lotutakoa, ez eta demokrazia, justizia, aurrerapen,
ongizatearekin ere, nahiz eta gai horien eztabaidari ezin itzuri
egin.
Normalizazioak,
moda postmodernoaren aurka, boterearen arazoari adorez heltzea
eskatzen du, gai hori saihestea orokortzen ari den garai batean.
Botere erdalduna nonahi zalantzatan jarri gabe, baita euskal
gizartearen barruan ere, ezinezkoa izango da aurrera egitea.
Eztabaida politikoa ere bada, noski. Horiek horrela, modaren kontra,
euskal hiztun-herriak euskal nazio bilakatu eta izaera horrekin
jokatu beharko du, gutxiengo gisa, anitza, aldakorra eta gero eta
abstraktuagoa den mundu batean. Euskal herria ez da oraindik behar
beste identifikatu euskal nazioarekin, ez du behar beste kontzientzia
politikorik. Nazioaren proiektua ez da gero eta hegemonikoagoak diren
ideologia ahulen egitasmoen eremukoa.
JAKIN,
“Administrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat
Osakidetzako Planaren ebaluaziotik”
(2)
Honetaz jardun nuen artikulu honetan:
Euskalgintzatik euskal gizartegintzara
Medikuntzako
euskal ikasleek ia urtero adierazpen bat egin dute, zenbait
aldarrikapenen ondotik. Begi onez dakusat ikasle euskaldunak aktiboak
izatea, eta ez bakarrik euskaragatik: ikasle aktiboengandik
profesional aktiboak datoz, eta halatan, normalean, profesional onak.
Bozkarioz diot profesional euskaldunak onak izaten direla, batez ere
lanbidean nahiz euskalgintzan aktiboak direnean, eta komunzki, biak
elkarrekin etortzen dira.
Baina
arranguraz ere dakusat urteroko gertakari hori. Argitu dezadan.
Medikuntzako ikasleok ohiko aldarrikapenez haratago, badute
fakultatetik irten eta elkarren arteko loturari eusteko asmorik?
Medikuntzan erkidego bezala jarraitzeko edo nolabaiteko erkidego
medikorik sortzeko xederik? Eta klinika euskaldunik edo euskal
medikuen elkarterik? Unamuno beti baitago sapan gure artean,
darabildan orain berak jaurti zigun metafora euskal herria
historiatik bazihoala adierazteko: ibaiak itsasora nola, hala
medikuntzako euskal ikasleak ere, goi-mailako euskal ikasketadun
gehien-gehienen antzera, isuriko ote dira erdal munduaren itsaso
zabalera eta bertan aienatuko? Horixe jazo da orain arte; goititu
ezin dugun patua ote?
Nora
ote goaz betiko arazoei betiko erantzun antzuak emanez? Nahikoa
izaten dugu aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzearekin, norbaiten
kontra, gobernua dela, administrazioa dela, ez dakit zein alderdi
dela, zein marka komertzial dela. Alabaina, oso gutxitan elkartzen
gara bilgune nahiz sareak eraikitzearren, egitasmo komunak sortu,
euskal mundua bilbatze aldera, hala nola euskal gune profesionalak,
elkarren artean estekatu, amarauna ehundu… Arazoa ez da, bere
baitan, hizkuntzazkoa —hizkuntza, berez, ez da ezer—,
hiztun-herriarena baizik, hots, sozio-kulturala, sozio-ekonomikoa,
soziopolitikoa, baina, gure osin beltzetik erantzun idealistak baizik
ez dugu ikusten, hezkuntzazkoak, ideologikoak.
Euskal
gizarte mota bat ia joan da, industria-iraultzaren aurrekoa, eta
haren kultura ere hurrean dugu hiltamuzko arnasa estuetatik. Euskal
gizartea bortxaz ebatsi digute, ordea, ez gakizkio, ekin, haren
hausterretatik berriro hezur-mamitzeko lanari. Ia guriak egin du,
badegu zeinek agindu izan zen Xenpelarren auhena, artean euskal
gizarteak zutik zirauelarik, Axularrek, berriz, esango zukeen gisan:
gure hemengo aldia egin hurran dugu. Ba ote da bigarren aldirik?
Mundu honetan ez behintzat. Tronpatzen gara, geure burua eldarnioez
nahastu nahi dugu. Lehenengoz, gure hutsuneak ezagutu behar ditugu,
diagnostiko zorrotz eta oro hartzaile bat, serioa, benetakoa, eta
estrategia egokia diseinatu: euskal gizartegintzarantz.
Alta,
zer nahi dugu, benetan? Euskadi, euskotarren aberri —ez
euskaldunena — independentea?, nondik ere baitator, erdal kulturaz
gozatzen jarraitzea?, erdaldun lankide, senide, emazte, adiskide,
tabernari, saltzaile, gogaide, ohaide… atsegin edo desatseginen
artean bizi?, eta gero gure eguneroko patu narrasa aldiroko ekintza
erritualez estaltzeko plantak? Hizkuntza baten azken fasea
erritualizazioa omen da, pankartetan ikusten dugunez. Hein handi
batean horixe da elkarte humanistek, ekologistek, internazionalistek,
feministek eta X-ista ia guztiek inguru erdaldunetan egiten dutena.
Testu erritualak, maizegi itzulpen eskasak, askoz kaltegarriagoak
erdara hutsean argitaratzen direnak baino.
Ogi
gogorrari haginak zorrotz ez da gure esaera kutunetatik bat,
aitzitik, nahigo dugu negarrari eman esanez leku guztietan txakurrak
ortozik dabiltzala, alegia, munduan bost mila hizkuntza desagertzear
daudela, gizateriak altxor berreskura ezin bat galtzear dagoela,
aberastasun ezinbesteko bat, sufrimendua dagoela… eta antzeko
aieneak. Euskararen Egunetatik Egunetara bizi gara, urteroko
ikastolen egunen artean, errudunak bilatzen, eraikitzeko kemen eta
gogorik gabe. Gure konponbideak inori eskatzean dautza, gobernuei,
erdaldunei, arerioei, eta eskatzen diegun hori beraiek euskalduntzen
jardutea da. Ordea, hutsetik ez da ezer ateratzen, erdal gizartetik
euskal gizartea. Gure egoeran, politika hedatzaileek —euskalduntzeak—
huts egiten dute, erdal gizartean euskaldun estatistikoak sortuz, eta
haien euskalki aizuna, erdara, estatistikera. Euskal mamia ments
dugu.
Alferrik
gabiltza liluraturik, eta lagun ditugu politikari eta sindikatuko
kide asko ez ezik, baita frankotiratzaileak ere, hots, bakarrik
diharduten horiek. Gustuko dituzte halakoak euskal hedabideek.
Medikuntzan bada alerik. Ukendu magikoak eskaintzen dizkigute
osasungintzan euskal mundua hutsetik sortzeko, hala nola historia
klinikoa euskaraz jartzea, osasun-kudeaketaren sistema informatikoak
(Osabide) euskalduntzea… Lourdesko Andra Mari ere hor dugu gertu.
Beharrik. Hamaika arao ikusita gaude, eta ondo dakigu horiek, berez,
ez garamatzatela inora, gure gabeziak, sozio-estrukturalak direlarik,
larriegiak baitira perla horiei dirdira ateratzeko. Administrazioan
hamaika inprimaki eta aplikazio elebidun ikusita gaudelarik, ondo
dakigu hortik ez dugula euskal gizartegintzan aurrera egiten.
Alferreko gastu handiak, ez dugun denbora xahutzea.
Geuk
atera behar dugu ateka honetatik, eta ondo etorri laguntzei.
Funtsezkoena, norabidea aldatzea da, zuhaitz ia ihartuaren kimu
berriak ez daitezen alferrik gal, belaunaldi berriak tai gabe gesaldu
diren bezala. Medikuntza-fakultateko kimu berriak, urtero, ia ezdeus
bihurtzen dira unibertsitateko aldia burutu eta atoan. Hainbat
goi-mailako profesional euskaldun erdal munduan mutu, urtu eta
ezkutaturik! Hor dugu gure arazoaren benetako neurria. Utikan
eldarnioak, atzipe eta ziriak! Euskalgintzak ezin du horrela
jarraitu, inflexio-puntua behar du. Euskal gizartea berreraikitzeko
balio ez duenak ez du balio: horra hor neurria.
Erabili.com,
2015-02-10 / 07:00
Estreinakoz
Berria egunkarian argitaratua, 2015-02-05ean.
(3)
Gai honetaz artikulu honetan jardun nuen:
Inkisizio
berria
Bibliak
hilketa-andana batez ematen dio hasiera zibilizazioari: Kainek eta
ondorengoek hiriak eraiki eta industriak garatu ei zituzten, hainbat
gerla zirela bide. Neolitikoan gaude. Arkeologiak eta arteak berretsi
dute hasiera hori: herriak eta baliabideak, boterea bera, bortxaren
bidez kontzentratu dira, halako moldez non konkistatu eta
menderatzeko eskubidetik sortu baitira estatuak, inperioak eta
zuzenbidea. Ondoren botere-antolakuntzaren diskurtso legitimatzaileak
datoz, eta mundu guztia behaturik dago diskurtsoa sinestera, bizirik
iraun edo gizartearen etengabeko lehian aurrera egingo badu. Botereak
askotariko aldeak ditu, baina bortxa da eragingarrienetariko bat.
Norbaitek, bortxaren boterea galtzen duenean, ziur mendeko bat sortu
dela, banako nahiz erkidego izan.
Heraklitoren
aburuz (k.a.VI-V), gerla gauza guztien iturburua da, eta ahoberokeria
gorabehera, ez dirudi sobera tronpatu zenik. Bortxa, boterea denez
gero, eraikitzaile eta antolatzailea da, haustura eta jauzi
historikoak eragin, indarrak desorekatu, indar berriak askatu,
bilbatu eta trenkatu. Bortxa, eiki, sakratua da, legearen hasierako
eta azken buruko bermea, bera gabe gizartea desegiten delako (Hobbes,
XVII). Horrela, agintaritzaren diskurtsoak erlijio-kutsua du
eskuarki, jainko txiki bat denez gero. Berari aurre egitea, delitua
ez ezik, bekatua da, Elizak beti gogoratu digunez, eta larriena
bortxaz eginez gero, jainkozko ahalmenik behinena sekularizatzen
baitu. Agerian edo gibelean, botere politiko-ekonomikoak bortxa non
datzan erakutsi behar izaten du (si vis pacem para belum).
Gerlak
historian izan duen balio fundatzaile-eraldatzailea hizpide izan da
garai guztietako pentsalarietan. Hegelek (XVIII-XIX) esaldi batean
laburtu zuen: gerla historiaren emagina da. Eta denboraz zein tokiz
hurbilago, horra hor Ortega y Gasseten (La rebelión de las masas)
zenbait iritzi, gerlaren balio historiko eta herri indartsuen
eskubideari buruz. Hala irudi du ezen bortxa higuin zaion moralistak,
historiaren irakasbideari badarraio, ehiztari fruitu-bilatzaileen
gizataldeekin egin behar duela amets, gizartea sortu aitzinekoaz hain
zuzen. Bortxa historiaren arragoa. Arranoa hegaldaka doa gure
gainetik, agintari nahiz herritar xehe, denok nolabait baikara ahul
edo indartsu, erasotzaile eta biktima, noizbait eta nonbait, beti
baitugu norbait ustiatzeko edo menderatzeko.
Nazioen
emagina bortxa delarik, gerla artean hasi eta mamitzen da.
Aurkariaren aurkako borroka du mito fundatzailerik behinena,
antzinako herrietan natura, nazio modernoetan, izterbegia. Horrela,
oroimen historikoak oinarrizko elkartasuna sortzen du: arbasoen
guduak eta isuririko odola independentzia jadetsi eta eusteko,
heroi-martirrek sinbolizaturik (J.Aranzadi, El escudo de Arquiloco).
Beraz, nazioak atxikipen heroikoa galdatzen du, sinbolikoki bederen,
halako moduan non armada baita nazioaren sinbolorik behinenetariko
bat. Halatan, nazioa bera sakratua da, sinestunen erkidegoa,
gizabanakoa lotu eta mito heroikoekiko identitatez transzenditzen
duena. Elizaren sakrotasuna nazioari transferitzen zaio, odolezko
liturgiaz batera, itxuraz asko ateoak diren arren. Horregatik,
Frantzian babesturik dago Mahoma terrorista deituz milioika pertsona
gogor iraintzea, frantses islamiar anitz, baina delitu larria da
frantses bandera destainaz erabiltzea; Espainian berdintsu. Eta, hala
ere, espainiar hainbat intelektualek lotsagabeki gaitzesten dute
eusko nazioaren erlijiozko oinarri odoltsua.
Herri
baketsu honek, bere eraikuntza nazional gorabeheratsuan, bost gerla
ezagutu ditu laurogei urteko epean, nondik etorri baita Euskal Herri
arrakalatu, zatitu eta sakabanatua, maizenik arerio edo arrotz agitu
baikara: Konbentzioko gerla (Gipuzkoa eta Iparraldea gainerakoen
etsai), Napoleonen Frantsestea (Iparraldea versus Hegoaldea),
Karlistadak (Hegoalde osoa baturik, Iparraldea urrun), 1914ko
Europako gerla (Iparraldea frantsestu, besteak arrotz), 1936ko gerla
(Nafarroa eta besteak buruz buru). Karlistadak izan dira, bada,
naziorako urrats bakarra, gainerakoak, ordea, gehiago lerratu dira
Frantzia eta Espainiaren alde. Frankismoan, berriz, ezker abertzaleak
eutsi dio jaidura nazio-eraikitzaileari, eta eusko nazionalismoa
zatitu den arren, oro har, abertzaletasuna indarturik jalgi da.
Espainiar estatuari bidezko bortxa legitimoa ukatuz beste gune
sinboliko eta legitimitate bat eragin du (Aranzadi, 2001), halakoa
non eusko nazioa mamituz joan baita.
Zorionez,
abertzaleak ohartu dira sarri bortxa ez dela egokia, are gutxiago
edozein modutakoa, eta hartara tokia eskatu dute sistema politiko
zindoan. Noski, bidean ez lukete eragozpenik kausitu behar, zeren,
teoria politiko modernoan, estatu demokratiko batean legeari
atxikitzea nahikoa baita jokoan partaide izateko; itxuraz, edonori
aitortzen zaio erlijio- eta kontzientzia-askatasuna, fedea eta etika
gai pribatuak direnez geroztik. Demokrazian betebehar bakarra arauak
betetzea omen da. Alabaina, hara non abertzaleei etika, fede,
erlijiozko oinarri jakin bat eskatzen zaien, Eliza batean edo Erdi
Aroan bageunde legez: damua erakutsi, barkamen-eskea, kaltea aitortu,
zoru etikoa… Etika kantiarraren ustiapen makurra, erlijio-airez
ezinbestez, etsaia harrika erabiltzeko mozorroa. Ultramontanismo eta
prakmatismo falta hori hagitz espainiarra da, txaranga eta panderoa
bezala. Ostera, ez dirudi azalpen horrek Inkisizioaren berpiztea
osoki argitzen duenik.
Gobernuko
alderdiak ez bide du epe laburreko onurarik abertzaleen
integraziotik, are gutxiago hauteskundeei begira, berak elikatutatiko
muturreko eskumaren presiopean. Inguruabar horietan aukera hobea
dirudi esku gogorrez abertzaleen zatiketa eragiteak ezen ez
norberarena. Alta, badagoke interes sakonago bat, denak ez baitira
itsu Espainiako zerupean. Izana ere, Estatuak presoak direla medio
lortuko balu eusko zutabe heroikoa deabrutzea, abertzaletasunaren
ardatz sinbolikoa eraitsiko luke, eta ez luke iraungo espainiar
eraikuntza heroiko-sinbolikoak besterik (Pelayo, Cid, Errege
Katolikoak, txapel okerrak, La Roja, martir berriak). Triskantza
mitiko-sinboliko hori kaltegarri liteke jelkideetan eusko
nazionalista direnentzat ere.
Inkisizioak
eusko nazionalismoa sutara bota nahi du, autofede nazional batean
horditurik. Nolanahi ere, suzko joko hori apustu handinahi bezain
arriskutsu dateke. Abertzaleek Frankismoan erakutsiriko trebetasunaz
jokatzen balekite, eta horrela, judoaren gisara, erasotzailearen
mugimenduari eutsi eta baliatu bera erorarazteko, indarturik ilki
litezke berriro ere, eusko konplexu sinbolikoa arnasberriturik.
Berria,
2014/3/30
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina