2016(e)ko urtarrilaren 17(a), igandea

“Eta hemendik aurrera zer?” HPSren dokumentuari egindako iruzkinak

Bittor Zarrabeitia Gernika-Lumoko Udaleko euskara teknikari eta adiskideak hausnarketa bat igorri dit, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ondorengo urteetara begira prestatu duen "Eta hemendik aurrera zer?" txostenari buruzkoa. Hausnarketa irakurri nahi baduzue, hemen daukazue:



Sarrera gisa

Oraintsu eskuratua dugu Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak “eta orain, 15-20 urteko prespektiban, zer?” galderari erantzun bat eman nahi dion txostena. Txosten horren abiaburutzat “ESEP ildo estrategikoen AMIA proposamenak” (2014ko abendua) dokumentua hartu da eta, hori guztia, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren diagnostikoan sakontzeko Euskara 21 Batzordeak izandako eztabaidaren ondorio dugu.

Aspaldi honetan euskalgintza eta euskararen normalizazioaren norabidea argitzeko sortzen ari diren izpien artean, honako dokumentua eztabaidagai izatea ere aberasgarria da benetan. Dena dela, aurretik esan nahi dut dokumentu horretan “ofizialtasuna”-ren aipamena modu arinean azaltzen dela, zeren paperean bai, baina errealitatean ez da horren xinplea.

Jakina, euskaldunon borondatea ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako edo euskararen sendotze-bidea egonkortzeko. Baina, ezagutzaren igoeraren parean erabileraren porrotak adierazten digu beste bariable asko daudela eragiten dutenak eta, nire uste apalean, estatus berdintasunaren falta da nabarmenena, geroago azalduko ditudan arrazoiengatik.

Badago beste akats bat. Egoera soziolinguistikoaren analisiak egiterakoan, ia guztiak kanpotiko bariableetan oinarritzen dira (etorkinak ugaltzea, hemendik kanpora doazen gazteen kasua, IKTak,..) eta euskaldun kopuruaren bilakaerari begirakoak dira (zenbat euskaldun pasibo, elebidun, hartzaile,… bilkaera demografikoa,…). Ezin da ukatu horien eragina hikuntzaren berrrindartze prozesuan, BAINA hizkuntza politikaren eta hizkuntza biziraupenaren ARDATZA hizkuntza eskubideak bermatzean datza, euskaldunenak noski, erdaldunenak bermaturik/ziurtaturik dauden neurri berean. Geureak ditugun indar endogenoetan erreparatu beharko genuke gehiago.


Zer sustapena eta zer zutabea

Gauza bat da euskararen erabilpena areagotzeko sustapen lana, baina horrek eskatzen du aldez aurretiko zutabe bat: EUSKARA ETA GAZTELANIA MAILA BEREAN ERABILTZEKO BALDINTZAK FINKATZEA.
Hori bat dator dokumentuan egiten den aipamen honekin: HIZKUNTZEN ARTEKO ELKARBIZITZA LORTU NAHI BADA EZINBESTEKOA DA ESTATUS BERDINTASUNEAN EGOTEA. Bada, egoera horretan ez gaude. Ez ditugu hona ekarriko epaitegietan izan diren gora-behera asko Udal erakundeen akta edo hainbat agiri euskara hutsean izateagatik. Zalantza egoera da nagusi, zalantzak edo gabeziak dituen moduan EAEko Udal Legearen proiektuak; adibidez, estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzako euskara merezimendutzat agertzen da eta ez ezinbesteko eskakizun gisa. Esandako honek, dokumentuaren 13. Orrialdean “lege estatusa”-ri buruz aipatzen denari eransteko ere balio du.

Aurreko paragrafoarekin lotuta, euskaldunok gizarte honetan euskaraz bizi ahal izateko ditugun zailtasunak zerrenda luze amaigabean leudeke. Esparru publikoan arreta euskaraz edozein zerbitzu edo lekutan ziurtatzeko gabeziak badira (osakidetzan, ertzaintzan eta udaltzaingoan, ur partzuergoetan, gizarte zerbitzuetan, ogasunean, erregimen erdi publikoa duten kirol federazioetan,...), are zailagoa gertatzen da maila pribatuan (lan-munduan, zerbitzu-enpresen esparruan, merkataritzan, ..)


Erronkak

Erronkak zehazteko orduan, bi galdera hartzen dira abiapuntutzat dokumentuan:

1).- “Zergatik euskara biziberritu?”.- Euskal gizarteak uste dut dilema hori gaindituta daukala, beste gai askorekin denboraz gertatu den moduan. Hori ez da gaur egun eztabaidagarri, ez den bezala onargarria “arrazakeria”, “autoritarismoa” edo generoa zein sexua oinarri bazterkeriarik izatea. Beraz, dilema ikusten dut bizirik dagoela oraindik “agintaritza politikoan”, ez dituelako behar beste neurri hartu estatus berdintasunaren ildotik (ausardia falta, beldurra, asertibitate eza,…).

Euskara biziberritzearen kontua “exigentzia etiko eta demokratikoa” dela onartuta ere, ez da nahikoa. Horrek beste maila bateko zutabea behar du, LEGEARENA, gizartearen inertzia bera nahikoa ez delako izan euskal hiztunen eskubideak bermatzeko orduan. Urte asko pasa dira Euskararen Legea kaleratu zenetik eta lege-marko orokor horrek ez du administrazioaren gainerako arau eta funtzio multzoan behar beste garapenik izan (adib.: edozein biztanlek Osakidetzan arreta euskaraz izateko eskubidea izatea, gune soziolinguistikoa dena delakoa izan) eta administrazioaren adarren batek ukitzen gaitu uneoro.

2).- “Zer etorkizun nahi dugu euskararentzat?”.- Euskararen etorkizunean euskal hiztunen borondateak eta askatasunak aginduko du eta ez horrenbeste gure analisiak (dikotomia, Fishmanen mailetako bat lortzea, euskara eskluientea ez izatea, estrategia intentsiboa, estentsiboa,…); estrategiak soberan ez, baina bigarren mailan geratuko lirateke estatus berdintasuna benetakoa balitz.

Hizkuntza politikaren gakoa

Egia da adostasuna behar-beharrezkoa dela hizkuntzen arteko desoreka eta berdintasun eza gainditzeko politika eraginkorra garatu nahi bada, baina indarberritze horretarako aipatzen diren oinarri nagusiak iraungo 30 urteetako berberak dira. Aipamenak aipamen geratu dira eta eurak gauzatzeko behar diren neurriak erabakitzeke.

Hona hemen:

1).- Lehenengo oinarria: “bizikidetza, aukera berdintasuna, demokrazia, askatasuna…, eskubide eta obligazioen dialektikan bakarrik garatu daitezke…” (9. Orrialdea). Bat nator aipamen horrekin, noski, baina ahaztu barik paragrafo berean esaten den honekin: “Horrek eskatzen du, hizkuntzen aukera berdintasunerako politika positiboak egitea ahulenaren alde, euskararen alde…”.

Nire ustez egiteke dagoena ez da “politika positiboa”, baizik eta aukera berdintasunerako oinarrizko baldintzak ezartzea arestian esandako arrazoiengatik. Hortxe dago gakoa. Onartezina da administrazio publikoko edozein lanpostutan lan egiteko derrigorrezkoa ez izatea Euskal Autonomia Elkargoan ofizialak diren bi hizkuntzak menperatzea, euskaldunek berdintasunean bizi daitezen Karrantzara, Busturialdera, Bilbora, Donostira zein Tolosara joan.

2).- Bigarren oinarria: “hizkuntza bizia, adin nagusiduna izatea da euskararentzat nahi dugun etorkizuna”…”euskal hiztunen komunitatea trinkotzea”. Bai. Gaztelania hizkuntza bizia den bezala, euskarari ere hedapen funtzional eta geografiko osoa eskaini behar diogu, politikakeria baztertuz.

Baina ez ditugu erratu behar “politikakeria” eta “administrazioaren egin beharra” eta hortxe dago euskaldunon konplexurik handiena; beldur izaten gara ez ote dugun hizkuntza baten alde egitearekin bestea baztertzen eta ez ote den hori euskara politikarekin lotzea. Ez. Hizkuntzen eta hiztunen eskubideen trataeraz ari garenean, hizkuntza ofizial biak hartu behar ditugu kontuan, BAINA BIAK, maila berean, eta ez dago eztabaida etikorik edo demokratikorik hori oztopa dezakeenik. Euskara eztabaida politikotik atera behar da eta administrazioak, era berean, dituen obligazioak bete behar ditu.

Hasteko, koherentzi eta eredu izan

Esandako guztiak lotura zuzena dauka dokumentuaren 11. orrialdean esandakoarekin. Hor defendatzen da “hizkuntza politika zehar lerrotzat hartzea herri erakundeetan”, baina euskara teknikariok beti aldarrikatu izan dugunari kasu gutxi egin zaio, edo apenas. Areago, asuntu honetan atzerabidea izan da. Gogoan daukat Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Lehendakaritzaren menpe zegoen sasoia, Mari Karmen Garmendia buru; gaur egun, Kulturaren magalean kokatzen da, Sailordetza gisa, non eta Herri Erakundeetako txokotxo batean. Hor dauka Admnistrazioan agintean dagoenak lehenengo eginbeharra eta horren atzetik etorriko dira beste pausu guztiak.

Eta amaitzeko, dokumentuak berak adierazia aipatu nahi dut: “euskara erdigune politikoan jarri behar da”. Bada, neurri handi batean bere buruaren jabe den euskal administrazioak bere buruari agintzen diona bete ezean, jai daukagu. Defenda dezagun hizkuntza ofizial bien trabsbertsalitatea, biak dira komunikatzeko tresna, zerbitzua eskaini eta lan egiteko elementu, bazter ditzagun konplexuak eta politikakeriak. Orduan bai, euskarak gaztelaniaren indar bera izan ez arren, estatus berdina izango du eta une horretan bai esan ahal izan dugu euskal hiztunen esku dagoela euskararen etorkizuna. Horrela ezean, ez dago berdintasunerako baldintzarik, errealitatean gaztelaniaren inposaketa nagusituko da eta euskararen etorkizunaren zama euskal hiztunon bizkarrera botatzen jarraituko dugu. Euskarak etika eta demokrazia bere alde izango ditu, baina euskaldunok eskubide eta babes berdinik ez eta bidea oztopoz beterik.


Bittor Zarrabeitia Bengoa
Hizkuntza Normalizaziorako Teknikaria
Gernika-Lumoko Udala
Data: 2016-I-5


iruzkinik ez: