2026(e)ko urriaren 15(a), osteguna

Irakasleen C2 maila (XIII)


Euskadiko Eskola Kontseiluak irakasleek euskarazko C2 maila izatea funtsezkoa dela adierazi du. Horrek izua erein du estatus linguistikoaren zaindarien artean.

Lehen-lehenik, asmo zital horren burugabekeria eta bideraezintasuna nabarmendu dute datuen gordina bere horretan azalpenik gabe plazaratuz: Euskadin 10.707 lagun bakarrik dira euskarazko C2 maila ofizialaren jabe; hezkuntza-sistemak, ordea, sare publikoaren eta itunpekoaren artean, 40.000 irakasle inguru ditu. Gaur egun, irakasleen % 90ek baino gehiagok C1 maila dauka egiaztatuta. Zertarako maila handiagoa? Ez al da nahikoa egungoa? Zer premia dago horretarako? Hauteskunde atari honetan, irakasleen botoak galtzeko mehatxua eta beldurra astinduz, euskararen aurrerabidearen oztopatzaile eta mugatzaile jokatu nahi dute. Baina ez dezagun ahaztu nondik gatozen: 1976-77an, Euskal Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzaren sektore publikoan, irakasleen % 5 bakarrik zen euskalduna eta, jakina, euskararen jabe zirenetatik inork ez zuen C1 maila egiaztatuta. Ezina ekinez egina leloa ere euskarazko irakaskuntzaren hasiera hartako egoera zail hartatik datorkigu.

Ildo beretik, gure hezkuntza-sistemaren porrot linguistikoa ikusarazteko ahaleginean dabiltza, beste behin ere: Euskadiko Hezkuntza Legeak DBH amaitzean euskarazko B2 maila izatea eskatzen du. Hala ere, lau ikasletik bakarrak lortzen du maila hori, eta eremu erdaldunetako euskarazko murgiltze ereduan (D ereduan) ikasleen % 40k oinarrizko maila besterik ez du lortzen Bigarren Hezkuntzaren amaieran. Lehenik eta behin, esan beharra dago datu horiek etengabeko gorabidean ditugula. 
EAEn 20 urtetik beherakoen artean, % 85 baino gehiago dira euskaldunak 2021eko VII. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, eta duela 40 urte ez ziren % 20ra iristen. Lorpen horretan eskolak zerikusi handia du. Hori azpimarratuta, hauxe aitor dezagun: D ereduko eremu erdaldunetako ikasleen % 40k lortzen duen oinarrizko maila hori komunikazio beterako oztopotzaile bihurtzen da, eta ikasle horiek gaztelania lehenesteko joera eta jokaera dute. Ikasle horiek, hezkuntza-sistemaren baitako beste guztiek bezalaxe, irakasleak dituzte hizkuntza eredu. Horregatik, irakasleak kalitatezko eta erregistro aberatseko eredua izatea funtsezkoa da ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko, batez ere eremu erdaldunenetan eskolaz kanpoko euskararen ezerezean bizi diren ikasle horientzat. Eskolarekin bakarrik ez dugu lortuko, baina eskolarik gabe inola ere ez. Eskolaren araberakoa izango dugu euskararen geroa: hiztun bikainenak behar ditugu eskolan irakasle, ahalik eta hiztun hoberenak lortzeko, eta hiztun bikain horiek, inon aurkitzekotan, C2 mailan aurkituko ditugu.

Europan barrena ere, herrialde gehienetan, arau orokorra da tokian tokiko irakaskuntzako hizkuntza ofizialean C2 gaitasun maila eskatzea irakasleei. Frantzia, Alemania, Italia, herrialde nordikoak, Grezia edo Katalunia bera hartzen baditugu adibide, eskolak emango dituen irakasleari bertako hezkuntza-sistemaren hizkuntza ofizialaren C2 maila legez bermatzea eskatzen zaio, baita s
arbide-proba eta unibertsitate-tituluen bidez ere. Alemanian eta Italian, adibide baterako, estatu-azterketa oso gogorrak jartzen dituzte irakasle izateko (Staatsexamen Alemanian, edo Concorso Scuola Italian). Katalunian, esate baterako, C2 eskatzeko araua indarrean dagoen arren, Kataluniako Hezkuntza Sailak moratoria edo behin-behineko atzerapenak ezarri behar izan ditu ordezkapenak egiteko irakasle faltagatik. Beraz, C2 maila eskatzen da, baina tituludun nahikorik ez dagoen bitartean, C1 duten irakasleak ere onartzen dituzte behin-behineko irakasle moduan lan egiteko, ez, ordea, behin betiko funtzionario bihurtzeko.

Datozen asteetan Euskadiko Eskola Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartu behar du formalki irakasleei C2 maila eskatu behar zaiela dioen txostenaren zirriborroa. Txostena onartzearen aurkakoak zera azpimarratzen ari dira: dokumentua ez dela indarrean jarri beharrekoa (ez dela loteslea), beraz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela eskaera hori bere gain hartzeko legezko betebeharrik. Ildo beretik, azpimarratzen dutenez, 2023ko abenduko Hezkuntza Legearen izapidetzean eztabaidatu zen eskakizun hori handitzea, baina azkenean, 17/2023 legearen testuak C2 mailara hurbiltzeko «irakasleen prestakuntza sustatuko dela» besterik ez zuen jaso, derrigorrezko baldintza gisa ezarri gabe. 
Eskola Kontseiluaren txostenaren aurkako indarrak pozik leudeke oraingo honetan ere Eusko Jaurlaritzak jarrera epel berarekin jokatuko balu. Hezkuntza sailburuak egin berri dituen adierazpenei erreparatuz gero, badirudi oraingoan ere euskararen aurrerabidean urrats bat aitzina egiteko aukerari ihes egiten utziko diotela (Naiz irratia, 2026-10-14): «Irakasleei C2 maila egiaztatzeko eskatzea ez dago mahai gainean. Bai, ordea, prestakuntza berriak eskaintzea maila horretara hurbiltzeko».

Beraz, momentuz, estatus linguistikoaren jagoleak bultzatzen ari direna eztabaida teorikoa eta estrategikoa baino ez da, baina horrek, aldi berean, euskarazko hezkuntza-ereduaren etorkizunari buruzko partida non jokatzen ari den guztiz agerian uzten du. Espainolismo linguistikotik esaerak dioen bezala jokatzen ari dira: «Gero egon ez dadin negarrik, egin dezagun lehenik». Eta buru-belarri ari dira ekinean, euskararen aurrerabidea handik eta hemendik oztopatzeko.


(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)

 

Hausnarketa honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak:


iruzkinik ez: