2026(e)ko irailaren 19(a), larunbata

Eta bihar, zer neurtuko du PISA azterketak?


Bazterrak aztoratuta ditugu hezkuntza arloko azken PISA azterketaren txostenak erakutsitako emaitzekin. Irakurmenean etorri omen da hondamendia. Gure gazteak ez omen dira gai elkarren segidako 400 hitz ulertzeko. Euskaraz ere ez. Eta, hara zein egin duten ezin ulertu horren erantzule: adimen artifiziala. Bera omen dugu gertatutako makurraren eragile.

Baina, teknologiaren kontu hori ez da gaur goizekoa, kate luzekoa baizik. Gizakia gizaki denetik betidanikoa da teknologiarekin duen lotura hori. Ildo beretik, ez da gaurkoa teknologia baten aurrean adimena eta giza trebetasuna galtzeko beldur haizea. Antzinako Grezian, idazkeraren asmaketa zabaltzen hasi zenean, Platonek bere Fedro elkarrizketan kontatzen duenez, Sokratesek berak gogor kritikatu zuen asmakizun berria. Haren ustez, gogoan atxikitakoak paperean idazteak gizakiaren memoria suntsituko zuen; burua nekatzeari utziko genion jakituria paperean lagata, eta gazteak ezjakin harroak bihurtuko ziren, benetan ezer jakin gabe dena zekitela pentsatuko zutelako.

Irakurtzeko beharra ere teknologiak eragindakoa eta hedatutakoa dugu. Gizateriaren historian teknologia-molde berrietara egokitzeko ahalegina hizkuntzek ez ezik, garaian garaiko gizarteko gizon-emakumeek ere egin behar izan dute. Gutenberg jaunak orain 600 urte inprenta asmatu zuenean, asmakuntza berrira egokitu ahal izateko, hizkuntzek estandarizatu eta idatzizko kodera moldatu behar izan zuten. Era berean, gizarte hartako gizon-emakumeei, eta ondorengoei ere, irakurtzen eta idazten ikasteko, alfabetatzeko ahalegina eskatu zien komunikazio-molde berriak. Eta irakurtzen ikasteko ahalegin horretan jarraitu dugu gaur egunera arte, belaunez belauneko katean. Inprentak ekarritako iraultza hark argi erakusten du, beraz, teknologia berrietara egokitzeko gaitasuna dela hizkuntza baten zein gizarte oso baten aurrerabiderako funtsezko gakoa.

Baina teknologiak bi alderdi ditu: ikastea eta ahaztea. Batetik, berrikuntza hori erabiltzen ikasi beharra dagoelako eta, bestetik, tresna berriak, neurri batean, ordura arteko jakinduria atzentzea ere ekarri ohi duelako. Inprentari esker, belaunez belaun ahoz aho jasotako jakituria idatzita gorde eta hedatu zen han-hemenka, mundu zabalean; handik aurrera, irakurtzen jakitea nahikoa zen kode idatzian zegoen ondare haren jabe egiteko. Gizateriaren oroimenean jasotzeko ahalegina ez zen beharrezkoa, jakintza idatziz gordeta zegoelako eta, irakurtzen ikasita eskuragarri zegoelako edozeinentzat inprentari esker.

XX. mendearen bigarren erdian ere berdin gertatu zitzaigun Texas Instruments lehen patrikako kalkulagailuaren asmakuntzarekin. Eragiketa matematikoak egiten ikasten genuen eskolan: batetik, oinarrizko eragiketak —batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak— eta, bestetik, eragiketa eratorri konplexuak —berreketak, erroketak, logaritmoak eta eragiketa trigonometrikoak, besteak beste—. Ikasi eta ahaztu; izan ere, kalkulagailuarekin egiteak burua ez nekatzea zekarren, eta burua ez nekatzeak ahaztea. Kalkulagailua geneukan orduan eta dugu gaur egun lan horretarako eta kalkulagailurik gabe ez dakigu egiten.

Geroago, XX. mendearen amaieran, testu-prozesadoreak eta ortografia-zuzentzaileak etorri ziren. Paperean eskuz idaztea eta hiztegiak arakatzea albo batera utzi, eta pantaila aurrean teklak sakatzen hasi ginen. Teknologia berriak akatsak gorriz markatzen zizkigunez, ortografia-arauak buruz ikasteari utzi genion; softwareak egiten baitzuen lan hori gure ordez. Idazkera mekanizatzeak erosotasuna ekarri zigun, bai, baina gure ortografia eta kaligrafia kamustu egin ziren eta paperean eskuz idazteko abiadura moteldu egin zitzaigun.

Gure gazteei berdin gertatzen zaie adimen artifizialarekin. Testua ulertzeko ariketa teknologiari egiteko eskatzen diote; batik bat, testu luzeen mamia eta laburpena eskatzen dizkiote, eta, teknologia hori erabiliz, ez dute burua nekatzen. Berdin gertatzen da idazmenarekin ere: testuak teknologiak idazten ditu, gure gazteen alferkeria kognitiboa sustatuz. Ez dugu urruti teknologiari aginduak ahoz emateko eguna; beharbada, orduko belaunaldiek ez dute irakurtzen eta idazten ikasteko premiarik izango. Zer neurtuko ote du etorkizuneko PISA azterketak?

Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko, komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren ondorioz, hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara egokitu dira. Eta, jakina, bizirik jarraitzeko, hizkuntzak teknologia berrietara ere egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena; hitz bakarrean esanda, modernizazioa. Euskarak ere, euskaldunon komunikazio beharretarako tresna eraginkorra den neurrian iraungo du bizirik eta osasuntsu. Hemen eta orain, oraindik, hortxe gaude. Zorionez. 


(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)

 

 

 

 

 

iruzkinik ez: